102. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

5E/2025 FORU AGINDUA, apirilaren 28koa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko kideak kargutik kendu eta izendatzen dituena.

Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua kide anitzeko organo aholku-emailea da, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari atxikia, eta haren eginkizunak, osaera eta funtzionamendu-araubidea maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretuan arautuak daude.

Aipatutako 22/2012 Foru Dekretuaren 4.1 artikuluan ezartzen denez, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluak kide hauek izanen ditu: kontseiluko burua, bi buruorde, kontseilukideak eta idazkaria.

Artikuluaren 4.j) letran, berriz, xedatzen da Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko kide izanen direla, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten 4 sindikatuen ordezkari bana. Horretarako, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean, langileen ordezkarien, enpresa batzordeetako kideen edo Administrazio Publikoetako organoetako kideen gutxienez %10 izan behar dute.

6. apartatuan adierazten da, berriz, kontseilukide beren karguagatik ez direnen izendapena eta kargu-uztea, baita ordezkoena ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskuduna den departamentuko titularrak eginen dituela.

Bestalde, foru dekretu horren 7. artikuluko 2. apartatuan jasotzen dira kontseilukide kargua betetzen duten pertsonek kargua uzteko arrazoiak, eta 3. apartatuan, berriz, ezartzen da kargualdia bukatzeaz gaineko arrazoiren batengatik sortzen diren hutsuneak ordezkoak beteko dituela eta hark kargualdia bukatuko duela gainerako kideek bezala.

Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren martxoaren 15eko 2E/2024 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko kide titular izendatu zen María Soledad Vicente Yoldi andrea eta ordezko kide Aroa Celorrio García andrea, UGT sindikatua ordezkatuz, sindikatu hori Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten 4 sindikatuetako bat baita.

Martxoaren 5ean, UGT sindikatuak jakinarazi zuen batzorde eragilearen aldaketa eta ordezkari berrien izendapena, eta, horrenbestez, kontseiluko kideen izendapenak, bai titularrarena bai ordezkoarena, aldatu beharra dago.

Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko kide izendatutakoak kargutik kendu eta izendatzeko proposamena egin du.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Kargutik kentzea María Soledad Vicente Yoldi andrea eta Aroa Celorrio García andrea, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko kideak UGT sindikatua ordezkatuz, entitate horrek hala eskatu baitu.

2. Ayala Puente San Juan andrea Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko kide titular izendatzea eta Eva Azanza Bengoechea andrea ordezko kide, biak ala biak UGT sindikatua ordezkatuz, entitate horrek hala eskatu baitu.

3. Foru agindu honen bitartez izendatutako kontseilukideen agintaldia Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren martxoaren 15eko 2E/2024 Foru Aginduaren bidez izendatutako gainerako kontseilukideentzat ezarritako egunean bukatuko da.

4. Foru agindu hau interesdunei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko apirilaren 28an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2506347