Iragarkia
102. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 23a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
CASTEJÓN
Ordenantza, animalien ongizateari buruzkoa. Behin betiko onespena
Castejongo Udalak, 2025eko otsailaren 27an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen animalien ongizateari buruzko ordenantza, Castejongo Udalarena.
Hasierako onespena 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 18an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
ANIMALIEN ONGIZATEARI BURUZKO ORDENANTZA
ATARIKOA
Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoa, indarrean sartu zenez geroztik, animaliak babesteko ordenantzak eguneratu behar izan dituzte Nafarroako udalek, lege berri horren arabera egokitzeko eta erantzuna emateko gure gizartean animalien ongizatearen inguruan gero eta zabalduagoa den sentiberatasunari eta kontzientziazioari.
Ordenantza honen artikuluetan arautuko dira, besteak beste, animaliak izateko baldintza orokorrak, osasun eta segurtasun baldintzak, animaliekin lotutako jarduera industrialak, komertzialak edo zerbitzuetakoak, eta halaber, etxeko animalien eta pertsonen arteko interrelazioak eta udal-mugarteko kaleko animalia kolonien eta pertsonen arteko interrelazioak.
Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoak, honako eskumen hauek jartzen ditu udalen eskuetan:
Udalen betebeharrak:
a) Abandonatutako edo galdutako animaliak biltzea, ostatu ematea eta mantentzea, eta katu-koloniak kudeatzea.
b) Baldintzak ezartzea honetarako: lagun egiteko animaliak edukitzeko etxe partikularretan, bizilagunen erkidegoetan eta bide publikoetan.
c) Kontrolatzea eta zaintzea beren udalerrian erroldatutako lagun egiteko animaliak, egiaztatzearren zuzen identifikatuta eta erregistratuta daudela.
d) Lagun egiteko animaliak konfiskatzea, baldin eta haiengan tratu txarren aztarnak detektatzen badira, eraso fisiko baten edo desnutrizioaren sintomak agertzen badituzte edo instalazio desegokietan badaude.
e) Lagun egiteko animalien zentroak zaintzea eta ikuskatzea.
f) Sustatzea animalien babesari buruzko prestakuntza, dibulgazio eta informazio jarduerak.
Betebehar horiek arautuko dira ordenantza hauetan, alde batera utzi gabe honako eskema honetan antolatu diren hainbat alderdi:
–Atariko tituluak ezartzen ditu ordenantza honen xedea, aplikazio-eremua eta salbuespenak, eta ordenantza garatzeko aintzat hartu diren oinarrizko printzipioak eta artikuluetan aplikatzen diren definizioak, ulergarriagoa izan dadin.
–1. tituluak zeinahi animalia udalerrian izateko araubidea ezarriko du, haren funtzioa eta mota edozein direla ere. Arautzen dira, besteak beste, animaliak izateko mugak, mantenuaren eta tratuaren baldintza orokorrak, animalien presentzia eta bizikidetza bide publikoan, eta haiei dagozkien osasun arauak.
–2. tituluak animaliekin jarduten diren establezimendu baimenduen jarduera ekonomikoak arautuko ditu.
–3. tituluak animalia espezifikoen egoeretarako edo taldeetarako xedapen gehigarriak garatuko ditu: lagun egiteko animaliak, zakur potentzialki arriskutsuak, laguntza-zakurrak, ekidoak eta beste kasu batzuk.
–4. tituluak arautzen ditu udalerriko kaleko animalien koloniak.
–5. tituluak ezartzen du ordenantza honen zehapen araubidea: zehazten du zer arau-hauste ekarriko dituzten ez-betetzeek, eta ezartzen ditu zehapenak, bai eta haien graduazioa, preskripzioa eta zehapenak ezartzeko eskumenak ere.
ATARIKO TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. KAPITULUA.–UDAL ORDENANTZAREN XEDEA, ESPARRUA ETA PRINTZIPIO GIDARIAK
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da animalien babesari buruz Europako arautegian eta Estatu nahiz erkidegoetako legedian ezartzen den lege esparrua osatzea, udalaren eskumenetatik eratorriko den arautegia ezarriz, animalien babesa eta haien eta herritarren arteko bizikidetza arautzeko udal-mugartean.
2. artikulua. Esparrua.
Ordenantza honek ezartzen dituen betebeharrak aplikatu beharko dira Castejongo udal-mugarte guztian, eta esparru hori zabaldu ere egin daiteke, udal hau partaide duten mankomunitateekin adostuta, edo udal hau partaide duten bestelako elkarteekin adostuta, elkarteak toki-araubidearen legedian aurreikusitakoak badira eta ordenantza hau aplikagarri bazaie.
3. artikulua. Printzipio gidariak.
Oinarrizko printzipio hauek gidatuko dute ordenantza:
1. Bermatzea lagun egiteko animalien babes eta ongizate mailarik handienak.
2. Bermatzea arduraz edukiko direla.
3. Sustatzea herritarrek animalien defentsan eta babesean duten parte-hartzea.
4. Osasun eta segurtasun baldintza egokiak bermatzea udalerrian.
5. Animaliak dituzten herritarren eta animaliarik ez duten herritarren arteko bizikidetza zuzena bermatzea.
4. artikulua. Herritarrendako informazioa.
Udal agintariek dibulgazio eta heziketa kanpainak egin behar dituzte, herritarren artean honako printzipio hauek sustatzeko eta printzipio horien bete beharraz kontzientziatzeko:
1. Prestakuntza, dibulgazio eta informazio jarduerak, ezagutarazteko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa.
2. Sentsibilizatze eta sustapen kanpainak, animaliak arduraz edukitzeko, aintzat hartuta animalien behar etologiko eta fisiologikoak; dibulgazio kanpainak animaliak txertatzeaz eta identifikatzeaz, eta kontrolik gabeko ugaltzea eta abandonuak saihesteko hartu beharreko neurriez; eta, halaber, sustapen kanpainak, adopzioak harrera zentro baimenduetan egiteko.
3. Ekintzak sustatzea, lankidetzan aritzeko animalien babesean eta defentsan aritzen diren elkarteekin, zehazki deklaratu direnekin Nafarroako Gobernuaren Animalien Ongizaterako Atalaren entitate laguntzaile.
2. KAPITULUA.–DEFINIZIOAK
5. artikulua. Definizioak.
Ordenantza honen ondorioetarako, hona hemen zer diren hauek:
–Animalia basatiak / basa fauna:
Animalia autoktonoak edo ez autoktonoak, basa bizi direnak eta bizirauteko gizakiaren beharrik ez dutenak.
–Etxeko animaliak:
Pertsonekin hazi, ugaldu eta bizi ohi diren espezieetako animaliak, basa faunakoak ez direnak. Mota honetan sartzen dira, halaber, haragi, larru edo gizakiarendako baliagarria den beste produkturen bat emateko abeltegietan hazten diren abereak, nekazaritzan erabiltzen direnak eta zamariak.
a) Lagun egiteko animaliak:
Gizakiek edukitzen dituzten animaliak dira, baldin eta asmoa ez bada animalia horiek kontsumitzea edo horien ekoizpenak aprobetxatzea, edo, oro har, edukitzen ez badira merkataritza-xedeekin edo irabazi-asmoarekin, espeziea edozein dela ere.
Definizio horretan zakur, katu eta hudo guztiak sartzen dira, alde batera utzita zertarako erabiltzen diren edo non bizi diren, bai eta aisiarako edo kirol-xedeetarako erabiltzen diren ekidoak ere, baldin eta haiek edukitzearen xedea kontsumoa edo haien produkzioen aprobetxamendua ez bada.
Definizio horren barruan sartzen dira, halaber, elikagaiak ekoizteko erabiltzen direnez bestelako ugaztunak, ornogabeak (erleak, erlastarrak, moluskuak eta krustazeoak izan ezik), uretako apaintze-animaliak, anfibioak, narrastiak, hegaztiak eta beste edozein animalia-espezie, hala nola legezko jatorria duten basa animaliak edo itxian hazitakoak ere, lagun egiteko animalia gisa edukitzen direnak.
Ez dira lagun egiteko animaliatzat hartuko babes bereziko araubidea duten espezieei, espezie mehatxatuei edo espezie exotiko inbaditzaileei buruz Estatuak edo autonomia erkidegoek egindako zerrenda edo katalogoetan jasota dauden espezieak, baldin eta haien edukitza ez badago legez baimenduta.
b) Lagun egiteko animalia exotikoa:
Basa faunako animalia ez autoktonoak, banaka eta gatibu bizi direnak.
c) Ekoizpenerako animaliak:
Animalia hauek dira hazten eta mantentzen direnak elikagaiak ekoizteko, edo animalia-jatorriko produktuak ekoizteko, edozein industria erabileratarako, edo bestelako merkataritza helburuetarako, edo irabazi amoz.
d) Laguntza-, segurtasun- edo gida-zakurra:
Zakur hauek hezi eta baimendu dira laguntzeko nolabaiteko desgaitasun fisikoa nahiz psikikoa dutenei, edo gaitzen batek jota daudenei, eguneroko zereginetan; orobat, hemen sartzen dira hezi direnak eta edozein administraziok baimendu dituenak laguntza-lanetarako edo segurtasun lanak egiteko, edo substantziak, objektuak nahiz pertsonak bilatzeko.
–Kale-katuak edo katu basatiak:
Kale-katuak edo katu basatiak dira erdi-basa bizi direnak. Etxeko katu abandonatu edo galduak izan ohi dira, egokitu eta aske bizirauten dutenak, eremu publiko nahiz pribatuetan; edo kale-katuen aurreko belaunaldietatik kalean sortu eta hazi diren katuak.
Gizarteratu gabeko katuak izaten dira, oro har gizakiarekiko kontaktua saihesten dutenak, erabat egokituak bizimodu horretara, eta ezin bizi direnak leku itxian, gizakiaren kontrolpean eta lagun egiteko animaliaren gisara. Haien egoera ez da gizakiarengandik guztiz independentea, finkatzeko nahiago izaten baitituzte leku babestuak, aukera ematen dietenak janaria erraz eskuratzeko. Ez dute alde egiten naturara, eta ez dira bizi animalia basatien ehizatik bakarrik.
Katu horiek dira katu-koloniak osatzen dituztenak, eta Udalaren ardura da haiek babestea.
–Etxeko katu herratuak:
Etxebizitza edo leku itxi batean itxiak ez dauden katuak eta, beraz, erdi-aske ibiltzeko aukera dutenak. Hemen sartzen dira bai landa eremu eta baratzeetan edukitzen diren katuak, onuragarriak direlako eduki ere, bai kanpora ateratzeko aukera dutenak, bizi direlako bizitoki eremuetako etxe baxuetan, etxe atxikietan nahiz txaletetan. Animalia horiek hor daude norbaitek hala nahi duelako, eta beraz, haren ardura izanen dira identifikatzea, zaintzea, eta hirugarrenei eragiten dizkieten eragozpenak eta kalteak.
Katu horiek katu-kolonien inguruan ibiltzen dira askotan, baina ez dira koloniakoak.
–Katu galduak:
Jabea duten katuak dira, aske bizi direnak itxita egon diren lekutik alde egin ondoren edo nahi gabe galdu ondoren.
–Katu-kolonia:
Kale-katu edo katu basatiez osatutako taldea; bizi dira hiri edo landa ingurunean, gehienetan leku finko batean, publiko nahiz pribatua, hor topatzen baitituzte babeslekua eta janaria.
–Katu-kolonien zaintzailea:
Pertsona partikularrak edo animalien babeserako elkarteetako kideak, udal agintariek identifikatu eta baimendutakoak, beren borondatez erabakitzen dutenak zaintzea katu basatien kolonia bat edo gehiago, eta hari edo haiei jaten ematea.
–Animalien defentsarako edo babeserako elkarteak:
Elkarte gisako entitateak dira, irabazi asmorik gabeak, legez eratuak eta helburu edo xede nagusia dutenak animalien ongizatea eta babesa.
–Elkarte laguntzaileak:
Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legearen arabera, Nafarroako Gobernutik entitate laguntzaileen aitortza jaso duten elkarteak dira.
–CES:
CES metodoa (euskaraz "Harrapatu/Antzutu/Askatu") da kale-katuen kontrolerako metodoa. Kolonia bateko katuak harrapatzen eta antzutzen dira, eta, ebakuntzaren ondoren suspertuta, berriz askatzen dira haien jatorrizko lekuan, edo kasu bakanen batean, antzeko lekuren batean, animalia itzul ez dadin lehengo leku berera.
–Animalia galduak:
Hauek dira jabea duten lagun egiteko animaliak, ihes egin dutenak edo nahi gabe galdu direnak.
–Animalia abandonatuak:
Hauek dira jabea duten lagun egiteko animaliak, aske dabiltzanak, itxita dauden lekutik ezustean alde egin dutelako edo jabeak aske utzi dituelako, haien desagerpenaren berri eman gabe agintari eskudunei, edo jabeak berreskuratu nahi ez dituenak, harrera zentroetan jaso ondotik.
–Jabea:
Animaliaren jabe den pertsona da, animalia haren izenean behar bezala erregistratu eta erroldatua duena, edo titulartasun ofizialik ezean, inguruabar hori froga dezakeena, titulartasuna eta jabaria frogatzeko zuzenbidean onartutako edozein metodoren bidez.
–Edukitzailea:
Ez da jabea, baina animalia aldi baterako dauka edo eduki ohi du, eta horregatik da animaliaren arduraduna.
–Arduraz edukitzea:
Da animalia edukitzea erantzuna emanda haren behar fisiko, etologiko eta ingurumenekoei, bermatuta haren ongizatea, eta behar diren bitartekoak jarrita prebenitzearren ekar ditzakeen arriskuak, komunitatearendako, beste animaliendako edo ingurunearendako.
–Gune zoologikoa:
Gune zoologikotzat hartuko dira bilduma zoologikoak gordetzen dituzten espazioak, identifikatuak eta baimenduak, apirilaren 12ko 104/2013 Foru Aginduan eta arlo hau arautzen duten bestelako erregelamenduetan araututakoaren arabera.
1. TITULUA.–ANIMALIAK EDUKITZEAREN ARAUBIDE JURIDIKOA
1. KAPITULUA.–EDUKITZEAREN MUGAK
6. artikulua. Animaliak edukitzearen aurretiko baldintzak.
1. Animaliak edukitzeko, oro har, jabeek edo edukitzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Garbitasun, osasun eta ongizate baldintza egokiak izatea animaliak zaintzeko, gobernatzeko eta tratatzeko, eta halaber osasun arriskuak eta auzokoendako eragozpenak saihesteko ere.
b) Animaliak kontrol eta segurtasun neurri egokietan edukitzea, ihes egitea saihesteko eta arrisku egoerarik ez izateko, ez pertsonendako, ez beste animaliendako, ez eta beraiendako ere.
c) Albaitaritza arreta egokia ematea, bermatzeko animaliaren osasun egoera fisiko eta psikologikorik onena.
d) Administrazioak eman beharreko baimenak izatea eta osasun eta segurtasun betebeharrak betetzea, jarraikiz legediak eta agintari eskudunek ezartzen dutenari.
e) Leku fisiko egokia izatea, bermatu dadin bete daitezkeela edukitzeko baldintza horiek.
2. Ordenantza honen 3. tituluan xedatuari jarraikiz arautuko da nola eduki animalia espezifikoak.
7. artikulua. Animaliak dauzkatenen erantzukizuna.
1. Animalia bat daukana da erantzulea (galarazi gabe animaliaren jabearen erantzukizun osagarria) baldin animaliak kaltegalerak eta eragozpenak eragiten badizkie pertsonei, ondasunei eta natur inguruneari, jarraikiz Kode Zibilaren 1905. artikuluari, hark ezartzen baitu honako hau:
"Animaliaren edukitzaileak edo horretaz baliatzen denak erantzukizuna du, animalia horrek eragindako kalteen gain, nahiz eta animaliak ihes egin edo animalia hori galdu. Erantzukizuna amaituko da, kaltea ezinbesteko kasuak eragin duenean, edo kaltea gertatu denean hori jasan duenaren erruz".
2. Animalien jabeen edo edukitzaileen ardura izanen da behar diren neurriak hartzea, animaliak ez daitezen etxeetatik nahiz lokaletatik atera inork eraman gabe.
3. Bizitokitik edo zaintza-tokitik kanpora libre dabiltzan animaliak joko dira galdutzat edo abandonatutzat, eta udal zerbitzuek atzematen ahal dituzte.
8. artikulua. Debekuak.
1. Debekatuta daude apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta haren erregelamenduzko garapenean debekatutzat jotzen diren jardunbideak (foru lege horrek hizpide du lagun egiteko animaliak Nafarroan babestea). Lege horretan ezartzen dira aurrekoak ez betetzearen ondorioak eta dagozkien zehapenak.
2. Debekatuta daude, orobat, udalaren eskumenekoak diren jardunbide hauek:
a) Kaleko animaliak edo basatiak aztoratzea edo atzematea, salbu berariazko baimena bada animalien populazioa kontrolatzeko.
b) Animalia basatiei edo basati bihurtutakoei jaten ematea bide publikoan, salbu eta katu-kolonien zaintzaile direnak, Udalak behar bezala baimenduak eta ziurtatuak, ordenantza honetan aurreikusten denaren arabera.
c) Dirua irabazteko asmoz animaliak erakustea, saltzea edo trukatzea bide eta espazio publikoetan, salbu eta animalia abandonatuak edo galduak ematea, adoptatzea edo harreran hartzea, lagun egiteko animalien harrerako zentroen bidez edo animalien defentsarako eta babeserako entitateen bidez, Udalak eman beharreko baimenarekin.
d) Produktu toxikoak edo sufrea jartzea bide publikoetan edo haien ondoko eraikinetan.
e) Bide publikora atera daitezkeen animaliei pixa egiten uztea jabego pribatuko eraikinetako hormetan eta ateetan.
f) Bide publikora atera daitezkeen animalien gorozkiak ez jasotzea eremu publiko horietatik.
g) Ikuskizunetan animaliak erabiltzen dituzten zirkuak jartzea udalerrian, lursailak pribatuak izan nahiz publikoak izan.
2. KAPITULUA.–ANIMALIAK MANTENTZEKO ETA TRATATZEKO BALDINTZAK
9. artikulua. Animaliak zaintzeko eta mantentzeko gutxieneko baldintzak.
1. Jabeek animaliei eman beharko diete aski janari, ur, aterpe eta leku, aireztatze, hezetasun eta tenperatura egokietan, eta behar diren neurriak hartu beharko dituzte animalien alferrikako sufrimendua saihesteko, haien bizi beharrak asetzeko eta haien ongizate fisiko eta psikikoa bermatzeko, espezie bakoitzaren beharren arabera, eta honako baldintza hauen arabera:
a) Ematea edateko ur garbia eta egoera klimatikotik gordea, eta janari aski eta orekatua, animalia egon dadin nutrizio eta osasun egoera onean. Ur eta janariaren ontziek izan behar dute animaliaren beharrak asetzeko adinakoak.
b) Leku, aireztapen, hezetasun, tenperatura eta argitasun egokiak izatea, animalien bizi beharrak asetzeko eta ongizate fisiko eta psikikoa bermatzeko adinakoak. Animaliaren gordelekuak iragazgaitza izan behar du, eta animaliari lesiorik ez eragiteko moduko materialez egina.
c) Animalien gordelekuak garbi mantentzea, barnean dela haien kakak eta pixak bertatik kentzea egunero.
2. Kasu partikularretan agintari eskudunek ezartzen ahal dutena gutxietsi gabe, animalien gordelekuetarako baldintza hauek ezartzen dira:
a) Animaliaren ohiko bizileku ezin dira izan ibilgailuak, kabina txikiak, argi-patioak, balkoiak, galeriak, azoteak edo aireztatzeko patioak, ez badira animalia aske mugitzeko adinakoak.
b) Animaliak ezin eduki daitezke kaiolan edo leku murritzean, barnean ezin badute mugitu edo mugimendua oso mugatua badute. Leku horiek egokiak izan behar dute animaliaren tamainaren eta pisuaren arabera.
c) Balkoi, terraza eta antzekoetan neurri egokiak hartu behar dira, galarazteko animaliek ihes egitea, eta saihesteko haien gorozkiek eta pixek kaltetzea fatxada edota bide publikoa, edo eragozpenik eragitea inguruko auzokideei, goiko, beheko nahiz ondokoei.
4. Lagun egiteko animalien zaintza espezifikoa ordenantza honen artikulu batean arautuko da, aurrerago.
10. artikulua. Non kokatu, eta aldi baterako eusteko moduak.
Animalien kokapenerako eta lotzeko baldintzak indarra duten araubide desberdinetan ezartzen dira, animalia motaren arabera (etxekoak, lagun egitekoak, ekoizpenekoak, etab.).
Lagun egiteko animalien kasuan, ordenantza honek aurreragoko artikulu batean arautuko ditu haien kokapena eta lotzeko moduak, lagun egiteko animaliendako xedapen espezifiko baten bidez.
3. KAPITULUA.–ANIMALIEN PRESENTZIA ETA BIZIKIDETZA BIDE PUBLIKOAN
11. artikulua. Eragozpenak auzokideei.
1. Animaliak dituzten pertsonek beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte, auzokideei eragozpenik ez eragiteko animaliak gorde edo mantentzearen ondorioz, nahiz animalia etxe barnean egon nahiz egon terrazan, azotean, balkoian, patio edo antzekoetan, finkan edo baratzean, merkataritza lokal, abeltegi edo animalia gordetzeko bestelako edozein lekutan, ordu guztietan, gau eta egun.
2. Animaliek eragozpenak eragiten badituzte modu jarraituan (eskumena duen agintaritzak hala egiaztatuta), zaratengatik, usainengatik nahiz bestelako arrazoiengatik, udal agintaritzak ebazpen bidez hartzen ahalko ditu behar diren neurriak auzokideen lasaitasuna bermatzeko, horretarako baliatuta indarreko arautegietan ematen zaizkion eskumenak, eta neurri horiek nahitaez bete beharko dituzte animalien jabeek edo edukitzaileek.
12. artikulua. Animaliak bide eta espazio publikoetan.
1. Etxeko animalien jabeek edo edukitzaileek une oro galarazi behar dute animaliek kalterik eragitea espazio publikoetan edo horiek zikintzea.
2. Debekatuta dago usoei jaten ematea, salbu Udalak baimendutako janaria.
3. Berariaz debekatuta dago udal-mugartean dauden animaliengana metro bat baino gutxiagora hurbiltzea, haiei jaten ematea, haiek atzematea, ukitzea, haiei gauzak botatzea eta nolanahi den ere eragozpena sortzea, eta egokitutako lekuetan gordetzen diren animaliei bereziki; adibidez, ahate, beltxarga eta antzekoei. Hegaztiak arrautzak txitatzen ari diren garaian, debekatuta dago horretarako egokitutako lekuetara hurbiltzea.
4. Lagun egiteko animalien kasuan, ordenantza honek aurreragoko artikulu batean arautuko ditu haien presentzia eta lotzeko moduak, lagun egiteko animaliendako xedapen espezifiko baten bidez.
5. Ekidoen kasuan, ordenantza honek aurreragoko artikulu batean arautuko ditu haien presentzia bide publikoan, ekidoendako xedapen espezifiko baten bidez.
13. artikulua. Garraioa, eta aldi baterako edukitzea ibilgailu partikularretan.
1. Animaliak ibilgailu partikularretan garraiatzen direnean bete behar dira honako arau hauek:
a. Animaliek leku aski izan behar dute altxatzeko eta etzateko, leku batetik bestera eramaten dituen ibilgailuan.
b. Garraiatzen direnean, animaliek egon behar dute aire zabaletik babesturik eta osasunerako kaltegarri izan daitezkeen egoera klimatikoetatik ere babesturik.
c. Une oro, erabiliko dira trafikoaren arautegian ezarritako lotzeko moduak, beti galarazteko animaliak mugitzea eta, hala, gidariak arreta galtzea, edo eragoztea haren maniobra-gaitasuna edo ikuspena.
d. Animaliak ibilgailuan sartzeko eta ateratzeko unean, behar diren sistemak eta baliabideak erabiliko dira, saihesteko haiei kalte edo sufrimendua eragitea eta haiek ihes egitea.
e. Katuak edo hudoak garraiatzen direnean, une oro egonen dira "transportin" edo garraio-saskian sartuta.
2. Ibilgailua aparkatuta badago, animalia barnean duela, labur eta modu puntualean egonen da aparkatuta, eta itzalpean, bermatzeko animaliak aireztatze eta tenperatuta egokiak dituela, arduraduna kanpoan dagoen bitartean.
3. Debekatuta dago animaliak ibilgailuaren maletategian itxita uztea, salbu eta maletategia bat eginda badago ibilgailuaren bidaiari-tokiarekin.
4. KAPITULUA.–OSASUN ARAUAK
14. artikulua. Xedapen orokorrak.
1. Animalia daukanak une oro bermatu behar du animaliak duen eskubidea garbi, osasuntsu, ongizatez eta seguru bizitzeko, espezie bakoitzaren ezaugarri eta beharren arabera.
2. Albaitaritzako jarraipena egin beharko zaie animaliei, eta gutxienez kontrol bat egin aldian-aldian. Kontrol hori jaso beharko da osasun kartillan edo haren baliokidean. Gutxieneko sendaketek egokiak izan behar dute, bai gaixotasunen prebentzio tratamenduei eta sendaketei dagokienez, bai udal agintaritzak ezartzen dituen osasun neurri prebentiboak aplikatzeari dagokionez. Animaliaren arduradunak bermatu behar ditu tratamendu prebentiboak, sendaketak eta gaixotasunak arintzekoak.
3. Gaixotasun kutsagarrien deklaraziorik egiten bada, animalien jabeek edo edukitzaileek bete beharko dituzte agintari eskudunek indarreko arautegiaren arabera ezartzen dituzten osasun xedapenak.
4. Ordenantza honen artikulu batean arautuko da, aurrerago, lagun egiteko animalien arautegi espezifikoa.
15. artikulua. Albaitarien betebeharrak.
1. Albaitarien jardunbidea arautzen da apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta haien lanbide jarduerari dagokion araubidean (foru lege horrek hizpide du lagun egiteko animaliak Nafarroan babestea), haietan arautzen baitira animalien identifikazioa eta erregistroa, nahitaezko osasun-azterketak, txertaketak, osasun-dokumentazioa eta datu klinikoen fitxategiak, zaintza eta kontrol epidemiologikoak, animalien tratu txarren komunikazioak eta hiltzeko edo eutanasiako protokoloak.
2. Baldin albaitariek eta albaitaritza-klinikek, lanean dihardutela, zoonosi guneen edo kasuen berri badute, Udalaren osasun zerbitzuei komunikatu beharko diete berehala, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarekin bete behar diren osasun beharkizunak.
3. Gainera, albaitarien, albaitaritza-kontsultategien, -kliniken eta -ospitaleen betebeharra da Castejongo Udalari komunikatzea ezagutu dituzten ustezko tratu txarren kasuak.
16. artikulua. Animalien hilotzen kudeaketa.
1. Jabeari dagokio animalia baten hilotzaren kudeaketa, indarreko legediaren arabera, eta haren lege-betebeharra oinarrizko hiru betekizunetan zehazten da:
–Animaliaren hilotza ez abandonatzea.
–Hilotza deuseztatzea, indarreko legediak ezartzen duen bezala.
–Bere gain hartzea aurrekoa betetzeko beharrezkoak diren jarduketek eragindako kostuak.
2. Animalia bat hilik aurkituz gero, haren identifikazioa ezinbestekoa da Administrazioak aurkikuntza jakinaraz diezaion jabeari, eta ondoren hark bere gain har ditzan dagozkion lege betebeharrak. Hala, jabearen betebeharra eta eskubidea ere bada animalia hilaren aurkikuntzaren jakinarazpena jasotzea, eta Udalaren betebeharra da jakinaraztea, jabea identifikatu eta lokalizatu ondoren. Animalia identifikatuta ez badago, haren argazki bat gordeko da, haren balizko identifikazioa egiteko etorkizunean.
3. Establezimendu baimenduetan erraustuko da animalia sakrifikatua, edo arrazoi naturalengatik hildakoa, edo deuseztatzeko beste edozein metodo ere halakoetan gauzatuko da, edo osasun agintariek ezartzen dituzten espezifikazioen arabera.
2. TITULUA.–ANIMALIAK HAZTEA, SALTZEA ETA HAIEKIN BESTELAKO JARDUERAK EGITEA: ARAUBIDE JURIDIKOA
1. KAPITULUA.–JARDUERARAKO LIZENTZIAK
Honako hauek dira ordenantza honi atxikitako industria, merkataritza edo zerbitzu jarduerak:
–Animalien haztegiak.
–Animalien zaindegiak.
–Animaliak salerosteko dendak.
–Animaliendako apaindegi zerbitzuak oro har.
–Animaliendako kontsultategiak, klinikak eta ospitaleak.
–Animalien hilerriak.
–Aipatutako jarduera horietako batzuk batera hartzen dituzten jarduerak, edo beren funtzionamendurako animaliak erabiltzen dituzten jarduerak.
Instalazio eta funtzionamendurako lizentzia izapidetu beharko da jarduera sailkatuen gaineko arauei loturik, galarazi gabe aplikatzekoak diren gainerako xedapenak bete beharra.
2. KAPITULUA.–ANIMALIAK HAZI EDO SALTZEN DITUZTEN ESTABLEZIMENDUAK
Lagun egiteko animaliak merkataritza helburuekin hazten edo saltzen dituzten establezimenduek bete beharko dituzte apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean ezartzen diren baldintzak (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).
3. KAPITULUA.–LAGUN EGITEKO ANIMALIEN ZENTROAK
Lagun egiteko animalien zentroek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak (animalia baten edukitzaileari dagozkion betebeharrez gainera) jaso dira apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea), deusetan ukatu gabe beren sailkapenaren arabera erregelamenduz ezartzen direnak.
4. KAPITULUA.–BESTE JARDUERA BATZUK ANIMALIEKIN
Aldi baterako egiten diren jarduerek, hala leku itxietan nola leku irekietan, beren baimena izan beharko dute, Alkatetzak horretarako emana. Baimen hori eskuratzeko eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Jardueraren deskribapena.
–Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.
–Kokalekua.
–Eskaerako jarduera zenbat denborarako den.
–Jarduerako animalien kopurua eta espezieak.
–Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen denborarako.
–Instalazioen onarpenari eta erregistroari buruzko egiaztagiria, behar den ministerioak emana.
–Instalazio elektrikoen buletina, behin-behineko hargunerako.
Nafarroako Gobernuan animalien osasun, identifikazio eta ongizatearen gaietan eskumena duen departamentuak ebatziko du administrazioaren baimena, animaliekin egiten diren ikuskizunetarako, azoketarako, erakusketetarako, lehiaketetarako, filmazioetarako eta gainerako jardueretarako.
3. TITULUA.–AURREKO TITULUEI BURUZKO XEDAPEN ESPEZIFIKOAK
1. KAPITULUA.–XEDAPEN ESPEZIFIKOAK LAGUN EGITEKO ANIMALIENTZAT
17. artikulua. Lagun egiteko animaliak edukitzea etxebizitza partikularrean.
1. Oro har, lagun egiteko animaliak etxebizitza partikularrean edukitzea baimentzen da, betiere betetzen badira garbitasun eta osasun baldintzak, eta ongizateari eta segurtasunari dagozkionak, animaliarendako eta pertsonendako, bai eta auzokideei eragozpenik ez eragiteari dagozkionak ere, agintaritza eskudunak behar bezala egiaztatuta.
2. Animaliak etxebizitza partikularretan hazteko baldintza izanen da garbitasun, osasun, ongizate eta segurtasun baldintzak betetzea, animaliarendako eta pertsonendako. Animaliak hazteko jarduera ohikoa bada, hazkuntza zentrotzat hartuko da etxea, eta beraz, zentro horiek bete behar dituzten lege baldintza berak betetzea eskatuko zaio. Emearen bizitzan umaldi bat baino gehiago izatea ohiko hazkuntza dela ulertuko da.
3. Etxebizitza batean baimentzen den animalia kopururik handiena, gune zoologikoaren lizentzia lortu ezean, apirilaren 12ko 104/2013 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera, arautegi horretan zehaztutakoaren hurrengo txikiagoa izanen da. Irizpidea da animalia kopuru handiago batek osasun arriskua ekar lezakeela.
4. Animaliak ezin dira zaindu leku batean hertsiak modu iraunkorrean, eta bermatu beharko da kanpora ateratzeko modua dutela, animaliaren behar etologikoek eskatu ahala, non ez den tartean albaitariaren agindurik, edo agintari eskudunen debekurik.
5. Animaliak ez dira modu iraunkorrean lotuta edukiko; aldian-aldian eta denbora batez bakarrik lotzen ahalko dira, arduradunaren begiradapean, eta loturak kalterik egiten ez diela eta mugitzeko, etzateko, elikatzeko, edateko eta gordetzeko aukera dutela bermatuta.
6. Animaliak ezin izanen dira eduki arduradunek gainbegiratze eta kontrol egokia egin ezin duten lekuetan, eta beraz, ezin izanen dira ohituraz bakarrik utzi balkoietan, patioetan, terrazetan edo antzekoetan etxebizitzaren jabea etxean ez dagoenean. Etxebizitzara sartzeko askatasuna izan behar dute, eta beti izan behar dute janaria, ur garbia eta atseden hartzeko gordelekua.
7. Animaliak ezin izanen dira bakarrik utzi etxean bi egunez baino gehiago jarraian, jabearen, edukitzailearen edo zaintzeko eginkizuna bere gain duen pertsonaren arretarik gabe. Eta zakurren kasuan, epe hori ezin daiteke inoiz izan 12 ordutik gorakoa.
18. artikulua. Lagun egiteko animaliak edukitzea bide publikoan.
1. Debekatuta dago animaliak sartzea umeen jolastokietan edo umeen erabilerarako bakarrik diren lorategietan, non ez den berariazko baimenik erakusten Udalak jarritako errotuluetan.
2. Zakurrak bide publiko guztietan, herriko lorategietan, eta herritarrek aisiarako gehienbat erabiltzen dituzten berdeguneetako parkeetan, eta eraikinen sarreretan eta jabetza komuneko tokietan (atariak, eskailerak, igogailuak, eskailburuak, etab.) ibiltzen ahal dira, soil-soilik baldin eta katez edo uhalez loturik badaude eta beraiek kontrolatzeko gauza den inork eramaten baditu.
Aurreko puntuan aipatu eremuetatik kanpora onartuko da animaliak libre ibil daitezen, beren aisialdirako, baina betiere inguruan animaliaz arduratuko den eta kontrolpean izanen duen inor baldin bada.
Nolanahi ere, lehenago noizbait erasorik egin duten zakurrek edota aldez aurretik arriskutsutzat jo daitezkeenek beraiei dagokien berariazko arautegia bete beharko dute.
3. Debekatuta dago animaliendako kaltegarri diren urkatze-lepokoak, lepoko ziridunak eta elektrikoak erabiltzea edo saltzea. Lepoko elektrikoak erabiltzen ahalko dira halakoak beharrezkoak direnean animalia jakin baten trebakuntzan, betiere hala zehazten duenean albaitari batek edo aitortutako trebatzaile batek.
4. Debekatuta daude zakurrari ahoa irekitzea galarazten dioten muturrekoak.
5. Uhal luzagarriak ez luzatzea gomendatzen da jende asko dabilen lekuan, edo espaloian ibiltzean, leku zabalagoetara iritsi arte.
6. Animalien jabeek edo edukitzaileek nahitaez errespetatu behar dituzte inguruko errotulu informatiboetan ageri diren jarraibideak.
7. Debekatuta dago zakurrak garbitzea edo bestelako gorputz-garbitasuneko jarduerak egitea bide eta espazio publikoetan eta iturrietan.
8. Debekatuta dago bide eta espazio publikoetan txakurrak heztea eraso, defentsa, zaintza edo antzekoetarako.
19. artikulua. Zakurren aisialdirako eremuak (ZEC).
1. Castejongo Udalak lagun egiteko animaliendako leku erreserbatuak egokituko ditu, solte ibil daitezen. Behar bezala seinaleztatu, hesitu eta argiztatuko ditu, eta bermatuko ditu garbitasuna eta osasun-kondizioak, animalien aisialdirako, sozializaziorako eta haien behar fisiologikoak egiteko, garbitasun egoera egokian.
2. Eremu horietan animalien eta pertsonen segurtasuna bermatu beharko da, eta egokiak izan beharko dute animalien ihesa edo galtzea prebenitzeko. Animaliak dauzkatenek beren animaliak zaindu beharko dituzte, eta galarazi eragozpenak eragitea eremua darabilten gainerako pertsonei eta animaliei.
3. Zakurren aisialdirako eremuen funtzionamendurako gida bat prestatuko du Castejongo Udalak, instalazioen baldintzak eta haien erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak arautuko dituena.
4. Nolanahi ere, erabilera arau hauek beteko dira:
a) Animalia bat askatzea jabearen edo edukitzailearen ez beste inoren erantzukizuna izanen da; eremu horietarako ezarritako arauak bete beharko dituzte, eta batez ere animalia zaindu, ez galtzeko edo ihes egiteko, eta eragozpenik ez eragiteko eremua partekatzen duten pertsonei nahiz animaliei.
b) Eremu horiek erabiltzen dituzten pertsonen erantzukizuna izanen da beren animaliek gainerako animaliei, pertsonei edo ondasunei eragiten dizkieten kalteei erantzutea.
c) Animaliaren jabeak edo edukitzaileak jasoko ditu animaliaren gorozkiak.
d) Beste animaliekiko borrokak eta liskarrak galaraziko ditu.
e) Animalia lotu gabe ateratzea saihestuko du.
f) Eremua egoera onean mantenduko du.
g) Eremuan ageri diren erabiltzaileendako jarraibideak beteko ditu.
5. Beste eremu publiko batzuetan ere ezar daitezke zakurrak aske ibiltzeko lekuak, ez baldin badira arriskutsuak izan daitezkeen arrazakoak; behar bezala identifikatu eta seinaleztatuko dira, baina ez dute izanen itxiturarik eta ekipamendu espezifikorik, eta horietan zakurrak aske ibiltzen ahalko dira, leku horiei dagozkien arauetan berariaz ezarri bezala.
6. Arriskutsuak izan daitezkeen arrazako zakurren kasuan, aplikatuko da berariazko arautegian xedatutakoa.
20. artikulua. Lagun egiteko animalien presentzia establezimenduetan eta bestelako lekuetan.
1. Berariaz debekaturik dago zakur, katu edo lagun egiteko bestelako animaliak sartzea elikagaiak ekoizteko, biltzeko, garraiatzeko, saltzeko nahiz maneiatzeko era guztietako lokaletan. Establezimendu horien jabeek nahitaez erakutsi beharko dute debeku hori kanpoan, ikusteko moduan.
2. Igerileku publikoetan, erabilera orokorreko eremuetan eta establezimendu turistikoen erabilera pribatuko eremuetan, debekatuta dago zakurrak edo bestelako animaliak ibiltzea edo han egotea, bainuen denboraldian.
3. Debekatuta dago animaliak sartzea kirol, kultura nahiz aisialdiko ikuskizunetako lokaletara, publikoarendako irekita dauden bitartean, non ez diren animalien lehiaketak, sariketak edo kontzentrazioak, edo agintari eskudunak zehazten eta baimentzen dituen bestelakoak.
4. Erabilera publikoko lokalen arduradunek beren irizpideen arabera debekatzen ahalko dute animaliak beren establezimenduetan sartzea eta bertan egotea, eta establezimenduaren sarreran eman beharko dute horren berri edo animaliak onartzearen berri, ikusteko moduko leku batean. Debeku horretatik salbuetsita daude gida-, segurtasun- eta laguntza-zakurrak, eta antzeko eginkizunak dituzten beste batzuk, horretarako baimena dutela erakutsita.
Establezimendu bakoitzean aplikatzen den irizpide orokorra edozein dela ere, jabeek debekatzen ahalko dute animalia baten sarrera, beren tamainagatik, erasokortasunagatik, urduritasunagatik, itxura txarragatik edo bestelako edozein arrazoirengatik, irizten badiote bezeroendako aztoragarriak edo beldurgarriak direla.
Sartzea eta bertan egotea baimenduta ere, animaliek kate edo uhalez lotuta egon behar dute. Hala ere, arriskutsuak izan daitezkeen txakur arriskutsuek beti egon beharko dute uhal ez luzagarri batez edo katez lotuak, eta muturrekoa jarrita, indarrean dagoen legediaren arabera.
5. Castejongo Udalaren erabakia izanen da animaliei sarbidea ematea edo ez ematea Udalaren jabegoko eraikinetara, eta eraikinen sarreran adierazi beharko da animalien sarbidea baimentzen den ala ez.
21. artikulua. Gorozkiak eta pixak.
1. Animalien jabeek edo edukitzaileek saihestuko dute, une oro, animalia horiek kaltetzea edo zikintzea eremu publikoak, kaleak edo fatxadak. Bereziki beteko dira jarraibide hauek:
a. Debekatuta dago zakurren eta beste animalien gorozkiak bide publikoan uztea, edo ibiltariek erabili beharreko lekuetan, batez ere umeen jolastoki eta parkeetan.
b. Animalien gorozkiak berehala jaso beharko dira, ahal bada baliabide iragazgaitz eta estankoak erabiliz, eta zorro edo ontzi horiek dagokien edukiontzian bota beharko dira.
c. Debekatuta dago animaliek pixa egitea eraikinen fatxadetan, hiri-altzarietan eta ibilgailuen gurpiletan.
d. Halakorik gertatuz gero, berehala garbitu beharko da.
2. Arestiko xedapenak betetzen ez badira, udal agintaritzako agenteek animaliaren jabeari edo edukitzaileari eskatzen ahal diote kaltetutako elementuak berehala garbitzeko, galarazi gabe aipatutako arau horiek ez betetzeagatik zehapenak aplikatzea.
22. artikulua. Lagun egiteko animaliak garraio publikoan eramatea.
1. Lagun egiteko animaliak garraio publikoan eramanen dira betiere betez garraio enpresen arautegiak ezartzen duena.
2. Laguntza- eta segurtasun-zakurrak aske ibiltzen ahal dira hiri garraiobide publikoan, betiere jabeak edo pertsona baimenduak lagunduta, eta indarra duen arautegia betetzen badute.
3. Garraiobide publikoen titularrak partikularrak direnean, esaterako, taxian, erabilera baimentzea edo ukatzea beraien erabakia izanen da.
4. Nolanahi ere, animaliek garraiobide publikoetan sarbidea izateko baldintzak izanen dira garbitasun eta osasun egoera onean izatea eta zerbitzuaren erabiltzaileei eragozpenik ez eragitea.
23. artikulua. Lagun egiteko animalien identifikazioa.
1. Lagun egiteko animalien jabeek edo edukitzaileek nahitaez identifikatuta izan behar dute animalia, mikrotxip homologatu eta ezabaezin baten bidez, eta osasun txartel ofizial bat izan behar dute, albaitari batek inskribatu aurretik Lagun egiteko Animalien Nafarroako Erregistroan, jarraikiz apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeari eta hura garatzeko erregelamenduari (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).
2. Animaliaren jabearen datuak aldatzen badira, edo jabe aldaketa izaten bada, edo animalia hiltzen bada, informazio hori eguneratu egin beharko da dagokion erregistroan, albaitari baten bitartez, jarraikiz apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeari eta hura garatzeko erregelamenduari (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).
3. Hala ere, zakurrak beste modu batean identifikatzea eska dezake Castejongo Udalak, alkatearen bando baten bidez, esaterako animaliaren pasaportea edo osasun txartela izatea, jardunbiderako baimena duen albaitari batek emandakoa, eta ondorengo datuak jasoko dituena: animaliaren izena, mikrotxip zenbakia, jaiotze data, espeziea, arraza, sexua, tamaina, kolorea, txertaketak; titularraren datuak, barnean direla helbidea eta kontaktu telefonoa; komeni da, ahal izanez gero, animaliaren argazkia ere eranstea.
4. Gomendatzen da lagun egiteko animaliek une oro eramatea, espazio edo bide publikoetan, identifikazio-plaka bat edo lepokoan egokitutako bestelako edozein euskarri, azalduko dituena animaliaren izena eta edukitzailearen kontaktu telefono bat, hura lokalizatzeko, animalia galduz gero. Neurri hori ez da nahitaezkoa, baina lagungarria izanen da auzokoendako, animaliaren jabea aurkitzeko, jo behar izan gabe Udalaren biltze zerbitzura, eta saihesturik, hala, animalia Udalaren egoitzara eramatea eta arau-hausteak ekar lezakeen zehapena.
24. artikulua. Zer egin pertsonei edo beste animaliei lesiorik eraginez gero.
1. Pertsona bat lesionatzen bada lagun egiteko animaliaren baten erasoaren ondorioz, Udalaren osasun zerbitzuei emanen die horren berri, medikuaren agiria erantsita.
2. Osasun zentroek eta medikuek Udalaren osasun zerbitzuei komunikatu behar dizkiete lagun egiteko animalia baten erasoak eragindako lesioak dituzten pertsonei emandako laguntza medikoa edo kirurgikoa.
3. Udalaren teknikari eskudunek erabakiko dute nolako osasun kontrola egin behar zaion animalia erasotzaileari. Udalaren osasun zerbitzuek hozka egin duen animalia eramanen dute behar den zentrora, eta bertan osasun azterketa eginen diote eta zaintzapean edukiko dute, legediak ezarrita daukan denboran, eta bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.
4. Hozka egin duen zakurraren jabea edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasoa jasan duenari edo haren legezko ordezkariei, bai eta eskatzen dioten agintari eskudunei ere. Gainera, animalia bere ohiko aterpean atxiki beharko du, nahitaez, Udalaren osasun zerbitzuek bildu arte, eta berariaz debekaturik dago animalia inora eramatea edo hiltzea. Haien betebeharra da, halaber, albaitariari komunikatzea animaliaren edonolako osasun edo portaera aldaketa.
5. Animalia erasotzailea alderrai badabil edo inork ezagutzen ez badu, Udalaren zerbitzu eskudunaren ardura izanen da hura bizirik atzematea eta haren osasun azterketa egitea animalien harrera zentroan.
25. artikulua. Lagun egiteko animalia abandonatuak eta galduak.
1. Udal mugartean animalia abandonatu edo galduren bat izanez gero Castejongo Udalari jakinarazi behar zaio. Udalaren ardura izanen da animalia atzematea eta zaintzea, animaliak jasotzeko zerbitzu iraunkor baten bidez; zerbitzua Udalarena nahiz mankomunatua izan daiteke, edo Foru Komunitatearen Administrazioarekin hitzartua, edo tokiko beste erakunderen batekin, animalien defentsa eta babeserako elkarteren batekin, edo horretan aritzen diren pertsona juridiko edo fisikoekin, baldin agintaritza eskudunaren aitortza eta baimena badute.
2. Partikular batek animalia abandonatu edo galdu bat bere kabuz atzematen badu, udal zerbitzuak bertan ez daudelako, eta animaliaren edo pertsonen segurtasun fisikoa arriskuan jartzen duen egoera bat eragozteko, edo premia handiko esku-hartzea eskatzen duen egoera bat dagoelako, animalia hori atzeman izana berehala jakinarazi behar dio udalari. Animalia atzeman duen pertsonak bete egin beharko ditu Udalaren zerbitzuek ematen dizkioten jarraibideak animalia aldi baterako zaintzeko edo Udalaren zerbitzuei edo aterpeei entregatzeko.
26. artikulua. Lagun egiteko animaliak titulartasun publikoko egoitza-zerbitzuetan.
Castejongo Udalak titulartasun publikoko egoitza-zerbitzuak sortzen ahalko ditu, betiere teknikoki eta ekonomikoki posible bada.
1. Egoitza-zerbitzu publikoek, haien ezaugarriek aukera ematen badute, eta modu progresiboan, lagun egiteko animalia bat duten pertsonei bermatuko diete beren animaliarekin egoitza horietan egoteko aukera, jarraikiz apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeari eta hura garatzeko erregelamenduari (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).
2. Castejongo Udalak sentiberatasuna izanen du lagun egiteko animaliek adinekoekin eta behar bereziak dituztenekin duten funtzio sozialaren aurrean.
2. KAPITULUA.–ZAKUR POTENTZIALKI ARRISKUTSUENTZAKO XEDAPENAK
27. artikulua. Araubide orokorra.
Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrei aplikatuko zaizkie, apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean ezarritakoaz gain (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea), animalia mota horretarako onartutako arautegi espezifikoa (50/1999 Legea, abenduaren 23koa, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa, eta hura garatzen duen 287/2002 Errege Dekretua, martxoaren 22koa).
28. artikulua. Animalia arriskutsu bat edukitzeko lizentzia pertsonala.
1. Lizentzia berezi bat izan beharko du arriskutsua izan daitekeen animalia baten jabeak edo edukitzaileak, ordenantza honen sailkapenaren arabera.
Lizentzia eskatu behar da animalia eskuratu aurretik, eta onartua izateko, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunaren onespena beharko du, Arau-hausleen Erregistroan kontsulta egin ondoren.
2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Adin nagusikoa izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.
b) Inoiz kondenatua izan ez izana honako delitu hauetako batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, edo, talde armatu batekin edo droga trafikatzaileekin elkartu izateagatik; eta orobat, zehapenik jaso ez izana arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzearen inguruko arau-hausteengatik.
c) Gaitasun psikologikoaren agiria, udal agintariek aitortutako erakunde ofizial batek emana.
d) Erantzukizun zibileko aseguru bat erakustea, animaliek hirugarrenei eragiten ahal dizkieten kalteengatik, izanen duena gutxienez urtebeteko iraupena eta 120.000 euroko zenbatekoa.
e) Castejongo Udalak onesten duen udal tasa ordaintzea.
3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak, baldin eta udalerrian bizi badira edo udalerrian egiten bada animaliak salerosteko edo trebatzeko jarduera. Era berean, lizentzia hori eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabeek edo edukitzaileek, baldin animaliak hiru hilabetez bederen udalerrian egon behar badu.
Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek edo edukitzaileek betebehar hori izanik ere, herritarrek Udalari komunikatzen ahal diote udalerrian badirela halako animaliak dituztenak, jabeak nahiz edukitzaileak, Udalak eman ditzan legeen arabera bidezkoak diren urratsak.
4. Lizentziak 4 urteko indarraldia izanen du, eta indarrik gal ez dezan, eutsi beharko zaie eskuratzeko behar ziren baldintzei. Aurrekoa gorabehera, Udalak egiazta dezake, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabeak edo edukitzaileak lizentzia eskuratzeko baldintzei eusten ote dien, eta dagokion ikuskapena egin ondotik, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabeak edo edukitzaileak baldintzaren bat betetzen ez duela egiaztatzen bada, animalia edukitzeko lizentziarik ez duela kontsideratuko da, eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.
3. KAPITULUA.–LAGUNTZA-ZAKURRENTZAKO XEDAPENAK
Laguntza-zakurrei aplikatuko zaie apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean xedatutakoa (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea), eta orobat haiei dagokien arautegi espezifikoa, egun jasotzen dena otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legean, hark arautzen baitu desgaitasuna duten pertsonek, laguntza-zakurra berekin dutela, eremu irekietan eta beste eremu mugatu batzuetan sartu, ibili eta egoteko duten askatasuna; edo bestela, hura ordezten duen arauan jasotakoa.
4. KAPITULUA.–AGINTARITZA-AGENTEEN ETA SEGURTASUN ENPRESA BAIMENDUEN JABETZAKOAK DIREN TXAKURRENTZAKO XEDAPENAK
1. Udaltzainen eta baimen ofiziala duten segurtasun enpresen zakurrak, ari direnak agintaritzaren agenteei edo segurtasun langileei laguntza emateko zereginen esparruan, ez daude legean sailkatuta arriskutsu izan daitezkeen zakur gisa.
2. Agintaritzaren agenteei eta segurtasun enpresetako langileei laguntza ematen dieten zakurrek heziketa egokia izan behar dute, eta osasun kontrola ere bai, eta mikrotxip batez identifikatuta egon behar dute. Animalia horien ardura duten pertsonek izan behar dute animalia kontrolatzeko gaitasuna eta trebetasuna, eta galarazi behar dute zaintzaren objektua den eraikinetik ihes egitea edo ateratzea, eta orobat herritarrei eragozpenak edo lesioak eragitea.
3. Leku ikusgarrian iragarri behar da, errotulu batean, badela zaintza-txakur bat, eta arriskutsua izan daitekeela.
5. KAPITULUA.–EKIDOENTZAKO XEDAPENAK
1. Ekido guztiek identifikatuta egon behar dute, eta behar den dokumentazioa izan behar dute, betiere betez espezie horiei dagokien eta indarreko legedian ezarritakoa.
2. Debekatuta dago ekidoek edo animaliek tiratutako ibilgailuak bide publikoan gidatzea, oro har, Udalaren baimenik izan ezean.
3. Bide publikoan dabiltzan ekido guztiek erantzukizun zibileko aseguru baten estaldura izan behar dute, eragin ditzaketen kalteak estaltzeko.
4. Hiri-eremuan, behar den baimena izanez gero, ibilgailu motordunen mugapen berak izanen dituzte, indarra duten zirkulazio erregelamenduen arabera.
5. Animaliak ez dira inolaz ere bide publikoan utziko, hiri altzariei edo finka partikularren osagaiei lotuta, edo zaintzarik gabe.
6. Baimendutako azoka eta ikuskizun publikoek, ekidoak tartean baldin badira, albaitariaren ikuskapena eta ziurtapena behar dituzte, jarraikiz apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeari (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea) eta hura garatzeko erregelamenduari.
7. Baimendutako azokak eta ikuskizun publikoak egiten ari direlarik, bai eta ekidoak bide publikoan barna ibiltzen direlarik ere, debekatuta dago animaliei oinazea eragitea, edo edonolako jardunbiderik egitea edo elementurik erabiltzea baldin arriskua ekar badezakete animaliendako, zaldizkoendako, parte-hartzaileendako edo ikusleendako.
8. Baimendutako azokak eta ikuskizun publikoak egiten ari diren bitartean nahitaezkoa izanen da:
a. Animalia etengabe zaintzea eta kontrolatzea.
b. Segurtasun neurriak erabiltzea parte-hartzaileendako eta ikusleendako, batez ere babes-kaskoa erabiltzea, arautegiak hala ezartzen duen kasuetan.
c. Ekidoendako segurtasunerako eskura dauden neurriak erabiltzea.
9. Antolakuntzako kideek, parte-hartzaileek eta laguntzaileek nahitaezkoa dute baldintza hauek zuzen betetzea, eta animaliek tratu ona izateko behar diren baliabide guztiak erabiltzea.
6. KAPITULUA.–EKOIZPENERAKO ANIMALIENTZAKO XEDAPENAK
Ekoizpenerako animaliei aplikatuko zaizkie arloari dagozkion arautegi espezifikoetan aurreikusten diren betebeharrak eta debekuak.
7. KAPITULUA.–ANIMALIA BASATI ETA EXOTIKOENTZAKO XEDAPENAK
29. artikulua. Debekatutako animaliak edukitzea.
Debekatuta dago edukitzea apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legearen laugarren xedapen gehigarrian erregistratutako animaliak parke zoologiko erregistratuetatik kanpo edo agintaritza eskudunak berariaz baimendutako gune zoologikoetatik kanpo (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).
30. artikulua. Animalia exotikoak edukitzea.
1. Espezie ez autoktonoetako animaliak edukitzeko, bete behar da ezarrita dagoena Espainiako Estatuak sinatutako nazioarteko itun eta hitzarmenetan, Europako arautegietan eta apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).
2. Fauna ez autoktonoko espezie bateko animaliaren jabe direnek, betiere horiek edukitzea baimendua dagoenean, agiri bidez frogatu beharko dute haien legezko jatorria.
3. Animalia horiek une oro egonen dira espezie horretarako egokia den ingurune batean, haien beharrak eta ongizatea bermatzeko.
31. artikulua. Basa animalia autoktonoak edukitzea.
Debekatuta dago espezie autoktonoetako animaliak edukitzea gune zoologikoetan nahiz eremu partikularrean, barnean direla ehiza-espezieak, baldin agintaritza eskudunak berariaz baimendu ez badu, jarraikiz apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeari eta bertan ezartzen diren baldintzei (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).
8. KAPITULUA.–BESTE XEDAPEN BATZUK
32. artikulua. Lagun egiteko animalia gisa sailkatuta ez dauden etxeko animaliak.
1. Etxeko bestelako animaliak edukitzea (untxiak, etxeko hegaztiak, etab.) ez da inoiz izanen osasun publikorako arrisku edo auzokideendako eragozpen iturri.
2. Eraikin bakoitzeko kopuru baimendua zenbatzeko, kontuan hartuko dira animalien ezaugarriak, gordelekua, espazio erabilgarria, garbitasun eta osasun baldintzak, eta auzokideei edo inguruari eragiten ahal dizkieten ondorioak eta eragozpenak.
3. Hasiera batean, ez da hiri eremuan baimenduko esne-behirik izatea (behitegiak), ez animalia handiak edukitzea nahiz haztea (kontsumorako edo aisialdirako izanda ere), ez artzaintza jarduerarik, ez eta artalderik igarotzea ere, berariazko baimenik izan ezean, eta, betiere, baimen horretan jaso beharko lirateke salbuespenaren baldintza espezifikoak.
33. artikulua. Autokontsumorako animaliak edukitzea.
Baldin, familiaren autokontsumorako, etxebizitza partikularretan hazi nahi badira hegaztiak, untxiak, usoak, faisaiak, arkumeak, ahuntzak eta antzeko animaliak, baldintza izanen da betetzea hirigintzako arauak, lurzoruaren erabilerari buruzkoak eta arautegi espezifikoa.
34. artikulua. Gune zoologikoak.
Aplikagarria izanen da 104/2013 Foru Agindua, apirilaren 12koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako gune zoologikoen baimena, sailkapena, erregistroa eta kontrol zoosanitarioa arautzen dituena.
35. artikulua. Abere lehiaketak eta animalien beste bilketa batzuk.
Aplikagarria izanen da 491/2013 Foru Agindua, abenduaren 13koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean abere lehiaketak eta animalien beste bilketa batzuk arautzen dituena.
36. artikulua. Esperimentaziorako animaliak edukitzea.
Esperimentaziorako animaliei aplikatuko zaie 53/2013 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, oinarrizko arau batzuk ezartzen dituena animaliak babesteko, saiakuntzak egiteko eta beste helburu zientifiko batzuetarako, irakaskuntza barne.
4. TITULUA.–UDALERRIKO ANIMALIA-KOLONIEN ARAUBIDE JURIDIKOA
1. KAPITULUA.–JABEEN ERANTZUKIZUNA
Orube edo etxebizitza itxi edo hustuen jabeen betebeharra da behar diren neurriak hartzea bertan ez daitezen finkatu katu herratu edo basati, uso edo bestelako animalien koloniak. Kolonia hori lehendik finkatua badago, saihestu beharko da beste espazio batzuk kolonizatzea, eta handik kendu behar bada, ahal dela, katuen kasuan, animaliak babesteko entitate batek kendu beharko ditu, eta bermatu beharko da lan hori egiten dela animaliak babesteko indarreko arautegiaren arabera, dagokion udal baimenaren bidez.
2. KAPITULUA.–HIRI HEGAZTIEN POPULAZIOEN GAINEKO KONTROLA
1. Udalaren esku dago eremu publikoan animalien populazioen kontrol espezifikoak egitea, haien ugaritasunagatik edo ezaugarriengatik eragiten ahal badituzte osasun arazoak, eragozpenak, edo pertsonendako, ondasunendako, animaliendako edo ingurumenarendako kalteak.
2. Bide publikoan eta Udalaren ekipamenduetan aplikatzen diren izurrite-kontrolek jarraituko diete izurriteen kontrol integratuaren printzipioetan oinarritutako programei, lehentasuna emanez neurri prebentiboei eta animaliei minik edo kalterik eragiten ez dieten metodoei, apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean ezarritakoa betez (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).
3. Hegaztien kasuan, hiriko habitata beretzat mesedegarriena den moduan betetzen dute haiek, eta beraz, bermatzearren arazoa epe ertain-luzera eraginkorki kontrolatzen dela, gakoa da identifikatzea eta kontrolatzea haien janari-iturriak eta habiak egiteko lekuak.
4. Espazio pribatuen (etxebizitzak, eraikinak, orubeak, lursailak, etab.) jabeen erantzukizuna da horiek edukitzea garbitasun eta osasun baldintza egokietan, eta neurriak hartzea beren etxebizitzetan hegaztiak ez daitezen finkatu, ez dezaten habia egin edo ez daitezen ugaldu. Udalak informazioa emanen du jarduteko moduari buruz eta aurrera eraman daitezkeen ekintza zuzenei buruz.
5. Hegazti horien gehiegizko populazioa kontrolatzeko, saihestu behar da hegaztiei jaten ematea eremu publikoetan. Betiere, Udalak debeka dezake zenbait espezie elikatzea, alkatearen bandoa emanez.
6. Jakinez gero badela lekuren bat non usoek eragozpenak eragiten dituzten, komeni da horren berri ematea Udalari; esaterako, eraikin hutsen berri ematea.
3. KAPITULUA.–KATU-KOLONIEN KONTROLA
37. artikulua. Katu-koloniak sortzea.
1. Katu-kolonia bat sortu eta kontrolatzeko, errespetatu beharko dira ordenantza honetan eta animalien ongizateari buruzko foru legea garatzen duen erregelamenduan ezarritako kokapen-baldintzak eta betekizun higieniko eta sanitarioak.
2. Katu-kolonia bat hiri-eremu batean edo landa-eremu batean egon daiteke, baina betiere saihestu behar da animaliak ingurune natural batera sartzea, hala nola ehiza-barrutietara, faunaren aterpeetara, naturagune babestuetara eta/edo Natura 2000 Sarera, ez bada edukitzen ehiza-barruti edo -aterpearen titularraren eta/edo ingurumen-organo eskudunaren baimena, ezertan galarazi gabe beste baimen batzuk.
3. Udalak du koloniaren kokalekua ezartzeko ardura. Koloniak ezin die animaliei kalterik edo arriskurik eragin, ez eta osasun publikoari, animalien osasunari, ingurumenari eta herritarren bizikidetzari ere.
4. Castejongo Udalak sortutako katu-koloniak zaindu eta kudeatuko dira, ahal dela, animaliak babesteko entitate edo elkarteekin lankidetzan, 19/2019 Foru Legearen 17.3 artikuluan araututakoari jarraikiz. Nolanahi ere, albaitariaren laguntza eta prestatutako zaintzaile-elikatzaileak izan beharko dituzte. Ondorio horietarako, aldian-aldian eta horretarako eskaria dagoenean, Udalak prestakuntza ikastaroak antolatuko ditu, gaitasuna emanen dutenak katu-koloniak zaintzeko eta jaten emateko. Ikastaro horiek gainditu dituztela egiaztatzen dutenek soilik izanen dute zaintzaile-elikatzaile izateko identifikazioa eta akreditazioa.
5. Castejongo Udalak ezartzen ahalko du, justifikatutako arrazoiak tarteko, katu-kolonia osatzen duten animalien gehieneko kopuru bat. Kopuru hori gaindituz gero, kolonia osoa edo gehiegizko animaliak birkokatu behar dira, erregelamendu honen 60.6 artikuluan ezarritakoarekin bat.
6. Katu-kolonia bat deuseztatzeko eta haren kokapena aldatzeko, udalaren txostena beharko da, horren justifikazioa eta animaliak birkokatu beharra biltzen dituena, erregelamendu honen 60.6 artikuluan ezarritakoarekin bat.
38. artikulua. CES/R programa.
1. Koloniaren populazioa kontrolatzeko, CES/R programa aplikatuko da (atzematea, esterilizazioa eta jaregitea edo itzulera).
2. CES/R programa aplikatzeko, honako jarduketa hauek egin behar dira:
a) Prestatutako langileek atzeman behar dituzte animaliak, 19/2019 Foru Legean araututakoa betez. Ahal dela, tranpa-kaiolak erabiliko dira, eta horiek etengabe behatuko dira. Ahal den neurrian, ez zaie estresa eraginen animaliei.
b) Animaliak, albaitariaren aholkupean, atzematearen kaiola berean eramanen dira albaitariaren kontsulta edo klinika batera, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko 19/2019 Foru Legearen 6.4 eta 7.19 artikuluetan araututakoa betez.
c) Albaitari batek:
c.1) Animalien egoeraren ebaluazioa eginen du, azterketa fisiko orokor baten bidez, gaixotasunak edo patologiak baztertzeko, edo eme bat ez dagoela haurdun, horrelakoetan esterilizazioa ez baita gomendagarria. Ikusten bada animalia bat ez dagoela behar bezala esterilizatzeko, interbentzioa atzeratuko da oneratu arte.
c.2) Eutanasia aplikatzen ahalko dio animalia bati, hark gaixotasun edo lesio bat baldin badu, eragozten diona animalien ongizatearen gutxieneko parametroekin bateragarria den bizi-kalitatea izatea, sufrimendu larria eta konponezina saihesteko.
c.3) Animaliak esterilizatuko ditu.
c.4) Animaliak mikrotxip bidez identifikatuko ditu, erregelamendu honen I. tituluan araututakoarekin bat.
c.5) Animaliak markatzen ahalko ditu, belarriaren puntan zentimetro bateko zeharkako ebaki bat eginez, erregelamendu honen 62. artikuluan ezarritakoarekin bat, errazago identifikatzeko esterilizatutako katu bat, koloniaren parte dena.
c.6) Erregelamendu honen II. tituluan ezarritako nahitaezko txertoak eta desparasitazioak aplikatuko dizkie animaliei.
c.7) Animalia bakoitzari egindako albaitaritza-jarduera guztiak fitxa kliniko batean erregistratuko ditu, eta fitxa hori animalia hartzen den unean irekiko du.
d) Animaliak non atzeman ziren, hor bertan jareginen dira. Albaitariak, animaliaren egoeraren ebaluazioa egiten duenean, koloniaz arduratzen diren langileen laguntzarekin, uste baldin badu animalia bat adoptatzeko modukoa dela (sozializatutako katuak edo sozializa daitezkeenak), harrera-zentro batera edo harrera-etxe batera eramanen du.
39. artikulua. Katu-kolonien erregistroa.
1. Castejongo Udalak katu-kolonien erregistro publiko bat eramanen du, eta, bertan, gutxienez, honako informazio hau jasoko da, ezertan galarazi gabe datuak babesten dituen araudian ezarritakoa:
a) Koloniaren izena, erregistro-zenbakia, sorrera data eta osatzen duten animalien kopurua.
b) Koloniaren arduradunaren (pertsona fisikoa edo juridikoa izan), zaintzaile-elikatzaileen eta albaitari arduradunaren izena eta NANa edo IFZa, eta horiekin guztiekin harremanetan jartzeko datuak.
c) Instalazioen kokapena, mota eta kopurua: jateko eta edateko askak, etxolak, etab.
d) Animalien identifikazioa, osasun datuak, altak eta bajak.
2. Katu-kolonia bakoitzaren arduradunak jakinarazi beharko ditu datuetan gertatzen diren aldaketak, erregistroa eguneratzeko.
40. artikulua. Kokapeneko baldintzak.
1. Katu-koloniak toki hauetakoren batean egon daitezke:
a) Bide eta espazio publikoak.
b) Udal parkeak eta lorategi-eremuak.
c) Udalaren titulartasuneko orubeak eta eremuak.
d) Jabearen berariazko baimena duen edozein kokaleku pribatu, etxebizitza partikular batean izan ezik.
2. Ezin izanen da koloniarik jarri:
a) Kirol zentroetako instalazioak.
b) Zakurrentzat bereziki egokitutako guneak.
c) Jatetxeetako eta/edo taberna eta kafetegietako terrazak.
d) Osasun zentroetako instalazioak (osasun etxeak, ospitaleak eta klinikak).
e) Zahar-egoitzak eta geriatrikoak.
f) Eskola, institutu edo ikastetxeen instalazioak.
g) Haur parkeak eta haurtzaindegiak.
h) Etxebizitza partikularrak.
i) Abeltzaintzako ustiategiak, elikagaien industriak, giza kontsumorako ez diren animalia-azpiproduktuekin lan egiten duten industriak.
j) Osasun edo ingurumen arloan arriskuak sor ditzaketen beste leku batzuk.
3. Koloniek, gainera, gutxienez 100 metroko distantzia gorde beharko dute hauetatik:
a) Osasun zentroetako instalazioak (osasun etxeak, ospitaleak eta klinikak).
b) Zahar-egoitzak eta geriatrikoak.
c) Eskola, institutu edo ikastetxeen instalazioak.
d) Haur parkeak eta haurtzaindegiak.
e) Ibilgailuen trafiko handiko bideak.
f) Abeltzaintzako ustiategiak, elikagaien industriak, giza kontsumorako ez diren animalia-azpiproduktuekin lan egiten duten industriak eta, animalien osasuna dela-eta, beste batzuk.
g) Lagun egiteko animalien zentroak eta bestelako gune zoologikoak.
4. Aireportu-eremuetan, aplikatu beharreko araudiak une bakoitzean ezartzen dituen distantziak errespetatu beharko dira.
5. Castejongo Udalak du kokaleku jakin batean kolonia bat ezartzeko ardura, artikulu honetan araututakoarekin bat. Aukera ematen ahalko du artikulu honetako 2. eta 3. puntuetan ezarritakoa betetzen ez duten espazioetan edo distantzietan kolonia bat finkatzeko, baldin eta tartean badaude justifikatutako eta egiaztatutako arrazoiak. Beharrezko neurriak hartuko ditu erregelamendu honetako 57. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitakoa betetzen dela ziurtatzeko, bereziki kolonia landa-eremu batean ezartzeko baimena ematen denean.
6. Castejongo Udalak kolonia bateko animaliak birkokatzen ahalko ditu, inguruneko baldintzak ez badira egokiak animaliak bertan egoteko, aldez aurretik justifikazio-txosten bat eginda eta albaitariak gainbegiratuta. Animaliak birkokatzeko, antzeko ezaugarriak dituen beste katu-kolonia bat sortuko da. Animaliak, aldi baterako, baldintza etologikoak errespetatzen dituzten esparru egokituetan egoten ahalko dira, eta ez dira kaioletan isolatuta egonen, albaitari batek berariaz adierazten ez badu.
7. Kolonia kartel baten bidez identifikatuko da eremu publikoan. Kartel horretan, gutxienez, koloniaren erregistro-zenbakia eta kolonia ez errespetatzeak dakartzan zehapenak agertu beharko dira.
41. artikulua. Kolonia mantentzea.
1. Castejongo Udala da katu-kolonien kudeaketaren eta mantentzearen arduraduna, bertako langileen bidez edo hirugarren batekin hitzartutako langileen bidez.
2. Udalak, udalaz gaindiko erakundeak edo eskualdeak berariaz baimendu eta egiaztatutako prestakuntza jaso duten pertsonak izanen dira kolonia bateko animaliak zaintzeko eta elikatzeko arduradunak.
3. Katu-koloniak, gutxienez, honako zuzkidura hauek izan behar ditu:
a) Libratzeko hondartegiak: sarbide errazeko eremuetan jarrita, garbitzeko, baina jendearen pasabideetatik urrun, ahal den guztietan, eragozpenak saihesteko.
b) Jateko eta edateko askak: garbitzeko eta desinfektatzeko material egokikoak. Ahal dela, babestuta egonen dira, zaintzaile-elikatzaileez gain beste inork ez dezan elikagairik utz. Diseinuak, ahal den neurrian, beste animalia-espezie batzuek jatea saihestuko du.
c) Animaliak aterpetzeko lekuak.
4. Animaliei pentsu lehorra baino ez zaie emanen. Pentsu hori egunero izanen dute, eta ez da inoiz lurrean utziko. Kontsumitu gabeko pentsua aldian behin kenduko da. Pentsu hezea animaliak atzemateko edo albaitariak aginduta bakarrik erabiltzen ahalko da.
5. Kolonia osatzen duten animaliak baimendutako eremu eta espazio publikoetan baino ezin dira elikatu. Ahal den neurrian, beste animalia batzuek ez dute elikagaia eskuratuko.
6. Kolonia dagoen lekuak eta inguruneak baldintza higieniko-sanitario egokietan egon behar dute, bereziki jateko eta edateko askak garbitzeari dagokionez. Baldintza higienikoen aldizkako kontrolak egin behar dira, eta agintaritza eskudunaren esku egonen den txosten batean jasoko dira.
42. artikulua. Albaitaritzako jarduerak eta kontrolak.
1. Katu-kolonia bakoitzak albaitaritza-zerbitzu bat izan behar du. Zerbitzu horrek higiene- eta osasun-programa bat ezarri behar du, gutxienez honako hauek zehazteko: esterilizazioa, desparasitazioak, gaixotasunen kontrola, nahitaezko txertaketak eta animalia gaixo edo zaurituen tratamendua. Era berean, osasun neurriak ezarriko ditu, koloniara katu berri bat iristen denean: berrogeialdia, tratamenduak eta txertoak.
2. Koloniako animalia bakoitzak fitxa kliniko bat izan behar du, eta, honako hauek jaso behar dira bertan: animaliaren identifikazioa, osasun datuak, tratamenduak, diagnostikoak eta garrantzitsutzat jotzen den guztia.
3. Animaliak udalaren, udalaz gaindiko erakundearen edo eskualdearen izenean identifikatuko dira, erregelamendu honen I. tituluan katuak identifikatzeko ezarritakoarekin bat. Animalia identifikatzeko pasaportearen ordez edo animalia identifikatzeko agiriaren ordez, aurreko puntuan adierazitako fitxa klinikoa erabil daiteke.
4. Animalien esterilizazioa albaitari profesional batek eginen du, baimendutako instalazioetan eta edozein interbentzio kirurgikoren neurriak errespetatuz. Kolonia bateko katu guztiak, ahal dela, sei hilabete bete aurretik esterilizatuko dira, edo atzematen direnean.
5. Esterilizatutako animaliak belarrian mozketa bat izanda markatzen ahalko dira, erregelamendu honen 58.c artikuluan ezarritakoaren arabera, baldin eta koloniaz arduratzen den albaitariak beharrezkotzat jotzen badu identifikatzeko eta animaliaren onurarako, berriz atzematea eta lekualdatzea eraginen liekeen estresa saihesteko. Marka egiten duen albaitariak horren berri jasoko du ziurtagiri baten bidez edo, zuzenean, animaliaren fitxan.
6. Animaliei txertoa jarriko zaie, ahal den guztietan, lagun egiteko animalien nahitaezko tratamenduei dagokienez erregelamendu honetan araututakoarekin bat. Une horretan parasitoen aurkako barneko eta kanpoko tratamendua eginen da.
7. Koloniaz arduratzen den albaitariak agintaritza eskudunari jakinaraziko dio zein diren nahitaez aitortu beharreko gaixotasunak, 48 orduko gehieneko epean. Amorrua kontrolatzeko kontingentzia-planean ezarritakoa aplikatuko da gaixotasun hori detektatuz gero.
8. Koloniako animaliaren bat hiltzeko edo eutanasia egiteko, 19/2019 Foru Legearen 12. artikuluan zehaztutakoari jarraituko zaio, horretarako ezartzen diren protokoloak betez.
43. artikulua. Ikuskapenak eta kontrolak.
1. Castejongo Udalak kontrolatu behar du betetzen direla katu-koloniak erregulatzen dituen araudian ezarritako baldintzak. Gutxienez, urteko kontrol bat egin behar du, bai eta dagokion txostena ere. Txosten horretan jaso behar da aplikatzekoa den araudia bete dela, koloniaren helburuak zein diren, herritarrekin izandako gorabeherak konpondu direla eta, hala badagokio, zer neurri hartu diren.
2. Castejongo Udalak, agiri bidez egiaztatutako kexa eta gorabeherengatik, neurri espezifikoak ezartzen ahalko ditu detektatutako egoera konpontzeko. Neurri horiek murriztaileagoak izan daitezke katu-kolonietarako oro har aurreikusitakoak baino. Beharrezkoa izanez gero, eta aldez aurretik justifikatuta, aurreikusten ahalko du koloniaren arduradunari baimena errebokatzea ere, eta kudeaketa beste arduradun bati esleitzen ahalko dio.
3. Kolonia baten sorreraren errebokazioa txosten arrazoitu batean oinarritu beharko da. Neurria hilabete lehenago jakinaraziko zaio horren arduradunari, eta kolonia osatzen duten animaliak, ahal dela, udalerri bereko beste kolonia batzuetan banatuko dira, edo kolonia berriak sortuko dira, erregelamendu honen 60.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, betiere albaitari batek gainbegiratuta.
44. artikulua. Sentsibilizazio-protokoloak eta -kanpainak.
1. Udalek, udalaz gaindiko erakundeek edo eskualdeek protokoloak ezarriko dituzte katu-kolonien kudeaketa, kontrola eta jarraipena egiteko, bai eta prestakuntza ere animaliak maneiatzen dituzten langileentzat. Gutxienez, erregelamendu honetan ezarritakoa bete behar da.
2. Udalek, udalaz gaindiko erakundeek edo eskualdeek informazio-kanpainak sustatu beharko dituzte herritarren artean katu-kolonien kudeaketari buruz. Horretarako, erakunde laguntzaileen laguntza jaso dezakete.
45. artikulua. Zerbitzua mankomunatzeko aukera.
Udalak enpresa espezializatu bati enkargatzen ahalko dio zerbitzua, edo beste erakunde batzuekin mankomunatzen ahalko da, zerbitzu hobea emateko.
5. TITULUA.–ANIMALIAK EDUKITZEKO ETA BABESTEKO DIZIPLINA-ARAUBIDEA
1. KAPITULUA.–ANIMALIEN ONGIZATEA ZAINTZEA ETA KONTROLATZEA
1. Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak xedatzen dituen baldintzetan eginen dira Udalaren eskumenekoak diren ikuskapen eta kontrol eginkizun guztiak, barnean direla identifikazioa, kautelazko neurriak eta behin-behinekoak hartzea, esaterako animaliak lekutik kentzea edo/eta dekomisatzea eta animalien zentroen ikuskapena (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).
2. Oztopatzeagatiko arau-hauste administratiboa izan daitezke Udal agintaritzako agenteek egin beharreko ikuskapen, zaintza eta kontrol eginkizunak eragotzi, atzeratu edo galarazten duten ekintzak eta ez egiteak.
3. Pertsona guztien eskubidea eta betebeharra da udalari jakinaraztea ordenantza honetan edo aplikatzekoa den arloko arautegian ezartzen diren arauen arau-hauste administratiboa izan daitekeen gertakaria.
2. KAPITULUA.–ANIMALIAK EDUKITZEKO ETA BABESTEKO ZEHAPEN ARAUBIDEA
Arau-hausteak, zehapenak eta haien mailakatzea, bai eta haien iraungipena eta ekartzen duten erantzukizun penala ere, arautuko dira apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak xedatzen duenaren arabera (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).
Lege horretan ezarritakoaz gain, udal agintaritzako agenteek honako hauek aplikatzen ahalko dituzte:
1. 200 eurotik 1000 eurora bitarteko isuna arau-hauste arin hauengatik:
a) Kaleko animaliak edo basatiak aztoratzea edo atzematea, salbu berariazko baimena bada animalien populazioa kontrolatzeko.
b) Animalia basatiei edo basati bihurtutakoei jaten ematea bide publikoan, salbu eta katu-kolonien zaintzaile direnak, Udalak behar bezala baimenduak eta ziurtatuak, ordenantza honetan aurreikusten denaren arabera.
c) Dirua irabazteko asmoz animaliak erakustea, saltzea edo trukatzea bide eta espazio publikoetan, salbu eta animalia abandonatuak edo galduak ematea, adoptatzea edo harreran hartzea, lagun egiteko animalien harrerako zentroen bidez edo animalien defentsarako eta babeserako entitateen bidez, Udalak eman beharreko baimenarekin.
d) Produktu toxikoak edo sufrea jartzea bide publikoetan edo haien ondoko eraikinetan.
e) Hirigunean zakurrak ibiltzea, salbu katez edo uhalez loturik eta haiek kontrolatzeko gauza den pertsona arduradunak eramanda. Arduradunik gabe dabiltzan zakurrak udal zerbitzuek harrapatuko dituzte eta dagokien gordelekura eramanen dituzte.
f) Bide publikora atera daitezkeen animaliei pixa egiten uztea jabego pribatuko eraikinetako hormetan eta ateetan.
g) Bide publikora atera daitezkeen animalien gorozkiak ez jasotzea eremu publiko horietan.
h) Udalaren errekerimendua betetzea horretarako adierazitako epetik kanpo.
i) Ordenantza honetan ezartzen diren betebeharrak betetzea ezarritako epetik kanpo.
j) Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Erregistroan jabeek egunean ez edukitzea lagun egiteko animalien datuak, eta animalien galera, heriotza, salmenta edo titulartasun-aldaketa ez komunikatzea ezarritako epeetan.
k) Hiri eremu publikoetan txakurrak uhalez edo katez ez eramatea.
l) Hiri eremu publikoak zikintzea eta ez garbitzea lagun egiteko animalien eginkari solido edo likidoekin.
m) Behar diren neurriak ez hartzea norberaren zaintzapean dauden edozein espezietako animaliek egin ditzaketen kalteak saihesteko.
n) Foru lege honetan jasotako aginduen ez-betetzea den edozein egite edo ez-egite, arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat tipifikatuta ez dagoena.
o) Artikulu honen hurrengo apartatuan tipifikatutako arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik arau-hauste astuntzat hartzea merezi ez duenean.
2. 1.001 eurotik 6.000 eurora bitarteko isuna arau-hauste astun hauengatik:
a) Espezie orotako animaliak elikatuta edukitzea nahikoa edo egokia ez den modu batez edo debekatuta dauden elikagaiekin.
b) Espezie orotako animaliak toki edo instalazio desegokietan edukitzea, egoera higieniko eta sanitario onik gabe, dimentsio desegoki batzuen barnean edo, halakoen ezaugarriak, distantzia edo beste edozein arrazoi dela-eta, animaliak egunero egoki kontrolatu eta gainbegiratzeko aukerarik gabe.
c) Edozein espezietako animaliak denbora luzez lotuta edo itxita edukitzea, edo sufrimendu edo kalteak eragin diezazkieten baldintzetan; edo gizakiarengandik edo beste animalia batzuengandik beti isolatuta edukitzea, baldin eta espezie taldekoietakoak badira; eta txakurrak etengabe lotuta edukitzea, hartara foru lege honen 7.5 artikuluan araututakoa urratuz.
d) Lagun egiteko animaliak ez txertatzea edo agintari eskudunek nahitaezkotzat deklaratutako tratamenduak ez egitea, bai eta haiek ez esterilizatzea ere, 16.4 artikuluan ezarritako konpromisoa urratuz edo agintari eskudunek erabakitzen dutenean.
e) Albaitari batek egin ez dituen esterilizatzea, txertatzea, tratamenduak edo edozein ebakuntza kirurgiko, edo halakoak foru lege honetan ezarritako baldintzen eta betekizunen aurka egitea.
f) Foru lege honetan ezarritakoaren arabera edo agintari eskudunak agindutakoari jarraituz, lagun egiteko animaliei albaitari-azterketa ez egitea.
g) Ez betetzea lagun egiteko animalien zentroetarako, gune zoologikoak diren aldetik, ezarritako baldintzak eta betekizunak, arau-hauste arin gisa tipifikatuta ez badago.
h) Lagun egiteko animaliak haztea edo saltzea foru lege honetan ezarritakoa urratuz.
i) Lagun egiteko animaliak laborategi edo klinikei eskualdatzea bete gabe indarreko araudian ezarritako betekizunak.
j) Espezie orotako animaliak dohaintzan ematea, zozketa bidez ematea edo saritzat ematea; edo publizitate-erakargarri moduan, sari moduan edo opari moduan ematea, animalia horien kostu bidezko transakzioak ez diren beste eskuratze batzuen ondorioz.
k) Lagun egiteko animaliak parasitoekin edo gaixorik saltzea, edo albaitariaren ziurtagiria eduki gabe, gaixotasunik ez dutela egiaztatzeko.
l) Albaitaritza-zerbitzu ofizialei ez jakinaraztea nahitaez deklaratzekoak diren gaixotasunak, alerta sanitario bat deklaratu ez denean.
m) Animaliak erabiltzea, edozein espezietakoak, ferietako atrakzio edo karruseletan eta zirkuetan.
n) Animaliak, edozein espezietakoak, modu iraunkorrean edukitzea aparkatutako ibilgailuetan, edo aldi baterako edukitzea ibilgailuetan aireztapenik edo tenperatura egokirik gabe.
o) Animaliak, edozein espezietakoak, abian den ibilgailu motordun bati lotuta eramatea.
p) Urkatze-lepokoak, ziridunak edo elektrikoak erabili eta saltzea, baldin eta lagun egiteko animalientzako kaltegarriak badira, edo haiek erabiltzea foru lege honetan ezarritakoa urratuz.
q) Espezie orotako animaliei ez ematea nahitaezkoak diren albaitaritza tratamenduak, tratamendu aringarriak, prebentzio tratamenduak edo behar dituzten funtsezko tratamendu sendagarriak.
r) Behar diren neurriak ez hartzea lagun egiteko animalien ugalketa ez-kontrolatua saihesteko.
s) Uztea edo ez eragoztea animaliak, edozein espezietakoak, arrisku bat izan daitezen pertsonen eta animalien osasunerako edo segurtasunerako, edo gauzei kalte materiala eragin diezaieten.
t) Lagun egiteko animaliak giza kontsumorako edo animalien kontsumorako erabiltzea.
u) Laguntzarik ez ematea istripua izan duen, zaurituta dagoen edo arriskuan dagoen edozein espezietako animalia bati, laguntza hori norberarendako edo hirugarrenendako arriskurik gabe ematen ahal denean.
v) Albaitari batek eginkizun jakin batzuk betetzea haietarako gaikuntzarik eduki gabe, edo gaituta egonda ere, gaikuntzan ezarritakoa ez betetzea.
w) Lagun egiteko animaliak garraiatzea modu desegokian edo horretarako bereziki egokitu gabeko maletategietan, animaliek kalteak pairatzen badituzte.
x) Hiru urteko epean egitea arau-hauste arin bat baino gehiago, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.
y) Hurrengo apartatuan tipifikatutako arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik arau-hauste oso astuntzat hartzea merezi ez duenean.
3. 6.001 eurotik 100.000 eurora bitarteko isuna, arau-hauste oso astun hauengatik:
a) Espezie orotako animaliei tratu txarrak ematea.
b) Espezie orotako animalien arteko borrokak antolatzea, haiei buruzko publizitatea egitea edo haiek gauzatzea.
c) Edozein espezietako animaliak erabiltzea ikuskizunetan, jai herrikoietan, borroketan, animalien arteko aurrez aurrekoetan, beste animalia batzuen harrapaketan, erasoetan, simulatuta ez dauden eszenen filmazioan edo ankerkeria edo tratu txarra inplikatzen duten beste jarduera batzuetan, edo animaliei sufrimenduak, naturaren aurkako tratamendu edo tratamendu laidogarriak edo heriotza eragin ahal dizkieten jardueretan, 7.13 artikuluan araututakoari jarraituz.
d) Espezie orotako animaliak trebatzea edo heztea beren oldarkortasuna gara dezaten, eta borroketarako prestatzea, borroka egin dezaten akuilatzea, edo lan eginaraztea haien osasunari edo ongizateari kalte egiten dion modu batez.
e) Espezie orotako animaliak abandonatzea.
f) Galdutako edo desagertutako lagun egiteko animaliak ez berreskuratzea horretarako ezarritako epean, 15.3 artikuluan araututakoari jarraituz.
g) Lagun egiteko animalia bat hiltzea foru lege honetan eutanasiarako edo hilketarako araututakoa urratuz.
h) Lagun egiteko animaliei ebakuntza kirurgiko debekatuak egitea, foru lege honetan ezarritako salbuespenekin.
i) Espeziea edozein dela ere, animaliaren sufrimendua edo heriotza eragiten duten edo eragin dezaketen hazkuntza-prozedurak erabiltzea; horren barnean sartzen da ugalketarako erabiltzea gaixotasun hereditario larriak dituzten animaliak, heriotza behar baino lehenago eragin dezaketenak edo ondorioak arintzeko albaitaritza-ebakuntzak behar dituztenak.
j) Edozein espezietako animaliei nahita tiro egitea, foru lege honetan jasotako kasuetan izan ezik eta baimendutako ehiza-jardueretan ehizakiei izan ezik.
k) Espezie orotako animaliei ematea alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak.
l) Espainiako Estatuan indarrean diren nazioarteko itun eta hitzarmenen bidez babestutzat edo desagertzeko arriskuan deklaratutako espezieen kasuan, bai eta aipatu foru legean berariaz debekatutako animalien kasuan edo, kasua bada, lagun egiteko animalia gisa edukitzea baimendutakoen zerrendetan ez daudenen kasuan, debeku da haien espezimen, kume, arrautza edo beste edozein atal edo produktu merkaturatzea, saltzea, edukitzea, erakustea eta naturalizatzea.
m) Aktaz edo administrazio ebazpenez behin-behinean immobilizaturik dauden animaliak garraiatzea, edozein espezietakoak.
n) Lagun egiteko animalia baten osasun kontrolerako neurriak ez hartzea edo ez betetzea, eta agintaritza eskudunari gaixotasun transmitigarri baten kasuak ez jakinaraztea, halakoak susmatzen edo diagnostikatzen direnean, osasun alerta bat deklaratu denean.
o) Foru lege honetan ezarritako eginkizunak betetze aldera agintaritza eskudunak edo haren agenteek eskatutako datuak edo informazioa emateari ezezkoa ematea edo horretarako trabak jartzea, bai eta okerreko informazioa edo dokumentazio faltsua ematea ere.
p) Foru lege honen behin-behineko neurrietatik edozein bete dadin oztopatzea.
q) Hiru urteko epean arau-hauste astun bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.
3. KAPITULUA.–ZEHATZEKO ESKUMENA ETA PROZEDURA EBAZTEKO EPEA
1. Udalaren ardura izanen da instruitzea eta ebaztea udalerrian lagun egiteko animaliekin zerikusia duten arau-hausteek eragindako zehapen-espedienteak. Hala ere, Udalak eskaera arrazoitua aurkezten ahalko du Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren organoen aurrean, eskumen zehatzaile hori modu subsidiarioan gauzatu dezan, Udalak horretarako baliabide material eta humano aski ez duenean.
2. Udalerrian gertatutako arau-hausteren baten inguruan Udalak jasotzen badu Nafarroako Gobernuaren departamentu eskudunaren jakinarazpena, Udalak berariaz adierazi beharko du zehapen-espedientea hasteko asmoa duen, hilabeteko epean, edo berariaz adierazi horri uko egiten diola.
3. Udalak urtebeteko gehieneko epea izanen du zehapen-ebazpena egin eta jakinarazteko, zehapen-prozeduraren hasiera-datatik kontatzen hasita.
4. Ordenantza honi dagozkion arau-hausteen ondoriozko zehapenetatik sor litezkeen diru-sarrerak animaliak babesteko jarduketetarako erabiliko ditu Udalak, betiere erregelamenduz garatzen diren baldintzetan, eta apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak xedatzen duenaren ildotik (19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa).
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Ordenantza honek indarrik gabe uzten du Etxeko animaliak edukitzea arautzen duen Udal Ordenantza, 2005eko martxoaren 9koa (2005eko 48. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, apirilaren 22an).
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
Castejonen, 2025eko apirilaren 30ean.–Alkate udalburua, Noelia Guerra Lafuente.
Iragarkiaren kodea: L2506323
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
