1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
131E/2025 FORU AGINDUA, apirilaren 27koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesten duena Iruñeko Fiteroko Monasterioaren kaleko 1-11 zenbakietako jabe-erkidegorako, Donibane auzoan (PIG 91).
Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.
Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.
Aurrekoarekin bat etorriz, esku-hartze orokorreko proiektu bat onestea eskatu da, Iruñeko atari hauek hartzen dituena:
–Fiteroko Monasterioaren kaleko 1, 3, 5, 7, 9 eta 11 zenbakiak.
Guztira 6 atari eta 60 etxebizitza dira, eta proiektuak Iruñeko 3. poligonoko 297. lurzatia hartzen du, Donibane auzoan.
Eraikin horiek 1972an egin ziren, eta multzo arkitektoniko homogeneo bat osatzen dute, tipologia eta eraikuntza-sistema bera baitute, proiektua partekatu zutelako.
Jarduketa honen bidez, inguratzaile termikoak hobetuko dira. Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren eta Iruñeko Udalaren txostenak jaso dira, non adierazten baita espedientea aztertu dela eta zuzen dagoela: betetzat jotzen dira herritarren parte-hartzearen betebeharra eta Iruñeko Udalaren parte-hartzearen betebeharra, eta proposatutako konponbide teknikoa birgaitzearen arloko jarduketa babesgarri gisa kalifika daiteke behin-behinean.
Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Esku-hartze orokorreko proiektu bat onestea Iruñeko jabe-erkidego honetarako, Donibane auzoan:
–Fiteroko Monasterioaren kaleko 1, 3, 5, 7, 9 eta 11 zenbakiak.
Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da behar diren proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan eta jabe-erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabe-erkidego onuradunek hala eskatuta.
2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
3. Foru agindu hau igortzea jabe-erkidegoari, esku-hartze orokorreko proiektua idatzi duen arkitektura estudioari, Iruñeko Udalari, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (www.etxebizitza.nafarroa.eus), behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko apirilaren 27an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.
Iragarkiaren kodea: F2506281