Iragarkia
101. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
1307/2025 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaileen hogeita bost plaza oposizio bidez betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan ari daitezen.
Abenduaren 27ko 307/2023 Foru Dekretuaren bidez (2023ko 269. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 29koan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2023ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokiona. Foru dekretu horretan, besteak beste, ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaileen plaza huts batzuk sartu ziren, funtzionarioen araubidekoak eta B mailakoak.
Abenduaren 27ko 115/2024 Foru Dekretuaren bidez (2023ko 264. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 29koan), 2024ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako, 2024ra luzatutako Estatuaren 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokiona. Foru dekretu horretan, besteak beste, ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaileen plaza huts batzuk sartu ziren, funtzionarioen araubidekoak eta B mailakoak.
Apirilaren 30eko 42/2025 Foru Dekretuaren bidez (2025eko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 8koan), 2025eko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Eskaintza hartan, besteak beste, ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaileen plaza huts batzuk sartu ziren, funtzionarioen araubidekoak eta B mailakoak.
Bestetik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 12ko 1281/2025 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaileen plaza hutsak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko.
Aurrekoa kontuan harturik, bidezko da deialdi bat onestea ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaileen hogeita bost plaza betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzukoak, eta orobat onestea deialdiaren oinarriak. Plazak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.
Horrenbestez, eta erabiliz otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdia eta dagozkion oinarriak onestea ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaileen hogeita bost plaza betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan ari daitezen. Plazak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.
2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Ebazpen hau jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Herritarren Arretarako Bulegoak eta Erregistroak Koordinatzeko Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 13an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.
DEIALDIA, OGASUNEKO KUDEATZAILE ETA IKERTZAILE LAGUNTZAILEEN HOGEITA BOST PLAZA OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO
Honako hauek dira deialdiaren
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaileen hogeita bost plaza oposizio bidez betetzea. Plazak funtzionarioen araubidekoak dira, B mailakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzekoak; zehazki, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 12ko 1281/2025 Ebazpenaren bidez iragarritako lekualdatze-lehiaketaren ondorioz bete gabe gelditzen diren plazak eskainiko dira. Haien plaza zenbakiak, eskakizunak eta destinoak plaza hutsak hautatzeko ekitaldia egin baino lehen zehaztuko dira.
1.2. Hogeita bost plaza huts horiek txanda hauetan banatuko dira:
–10 plaza txanda irekian.
–10 plaza igoera txandan.
–3 plaza %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba txandan.
–2 plaza genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan.
1.3. Igoera txandako plaza hutsen bat bete gabe geldituz gero izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, plaza horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Era berean, desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako plaza hutsak bete gabe geldituz gero izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako, egoki den txandakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera.
Era berean, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan bete gabe gelditzen diren plaza hutsak txanda irekikoei edo igoera txandakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera.
Bestetik, igoera txandan edota desgaitasuna dutenentzako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandetan, txanda horietan eskaintzen diren plaza hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horietan probak gainditu arren plazarik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.
Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.
2.–Betebeharrak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Unibertsitateko gradudun edo diplomadun titulua, ingeniari teknikoarena edo arkitekto teknikoarena, edo balio berekoa den titulu bat edukitzea, edo eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasturteak gaindituak izatea.
Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie izangaiei aplikatuko baldin lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute Europar Batasuneko zuzenbideko xedapenen babesean, lanbide arautuen esparruan.
d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.
2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:
Txanda honetako izangaiek honako betebehar hauek ere bete beharko dituzte, aurreko atalean adierazitakoez gain:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa izatea, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian den pertsona zerbitzuak egiten ari bada –langile finko edo aldi baterako langile gisa– deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu batean.
Aplikatuz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa, Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte har dezakete igoera txandan, baldin betetzen badituzte txanda horretan parte hartzeko gainerako betebeharrak.
b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.
2.1.3. Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaien berariazko betebeharrak:
Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gainera, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna eduki beharko dute, ofizialki aitortua.
2.1.4. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako betebehar espezifikoak:
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, 2.1.1 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gain, genero-indarkeriaren biktima gisa aitortuak izan beharko dute.
2.1.5. Gidabaimena izatea eskatzen duen plaza bat eskuratu nahi izanez gero, B motako gidabaimena edukitzea.
2.1.6. Eskuratu nahi izanez gero Europar Batasuneko hizkuntza bat jakin beharra ezarrita daukan plaza bat, kasuan kasuko maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat edukitzea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberakoa (horiek jaso dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean –2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa–), edo ofizialki baliokidetzat jotako beste titulu bat, edo, bestela, izangaiak behar den hizkuntza maila duela frogatzeko berariaz antolatzen den proba gainditzea.
2.1.7. Euskarazko jakite-maila bat ezarrita duen plaza elebidun bat eskuratu nahi izanez gero, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera maila hori egiaztatzen duten titulu edo ziurtagiri bat izatea (titulu edo ziurtagiri horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen dira, –2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa–), edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.
2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.
2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.
3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.
3.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Herritarrentzako lan deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuz.
Desgaitasuna izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Tasak.
Funtzio publikoan sartzeko eta gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 41,60 euro da.
Telematika bidez ordaindu behar da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.
Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:
a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.
b) Hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik langabe gisa inskribaturik daudenak.
Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu aurreko paragrafoan adierazitako salbuespen egoera egiaztatzeko (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko du, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.
Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:
Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute eta langabezia egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez badute, kasu horretan bakarrik, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.
Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, aurrekoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskaerari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, edo Nafarroako Foru Komunitateari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak.
Hiru.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:
–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Lau.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.
Bost.–Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek izaera hori egiaztatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Genero-indarkeriaren egoerak egiaztatzeko, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web fitxan argitaratzeko aginduko du.
Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen prozeduraren barruko ondorengo jarduketetan ere, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak identifikatzeko gezurrezko izen bat erabiliko da, bakoitzari modu pertsonalean esleituko zaiona, deusetan galarazi gabe publikotasun eta gardentasun printzipioak aplikatzea.
4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute telematika bidez erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Epe hori zenbatzen hasiko da behin-behineko zerrenda Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web fitxan argitaratu eta biharamunetik aitzina. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web fitxan argitaratzeko aginduko du.
4.4. Ez da itzuliko funtzio publikora sartzeko eta gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa, baldin eta izangaiak bazter gelditzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Cristina Lizarbe Bravo andrea, Nafarroako Foru Ogasuneko Hitzarmen Ekonomikoaren, Analisi Fiskalen eta Administrazioaren Zerbitzuko zuzendaria.
–Ordezko epaimahaiburua: Gonzalo Rubio Ezquieta jauna, Nafarroako Foru Ogasuneko Tributuen arloko Aholkularitza, Dokumentazio eta Zabalkunderako Ataleko burua.
–Epaimahaikidea: Iñaki Oroz Zabalza jauna, Nafarroako Foru Ogasuneko ogasuneko teknikaria.
–Ordezko epaimahaikidea: Elena Vera Zarraluqui andrea, Nafarroako Foru Ogasuneko ogasuneko teknikaria.
–Epaimahaikidea: Sofía Faus Ariz andrea, Nafarroako Foru Ogasuneko ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea.
–Ordezko epaimahaikidea: Yohanna Gallo Echarte andrea, Nafarroako Foru Ogasuneko ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea.
–Epaimahaikidea: María Nieves Ekiza Aldabe andrea, Langileen Batzordearen ordezkaria.
–Ordezko epaimahaikidea: Iker Iriarte Ariztimuño jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.
–Epaimahaikide idazkaria: Nuria Villanueva Pérez andrea, Nafarroako Foru Ogasuneko ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea.
–Ordezko epaimahaikide idazkaria: María Araus García andrea, Nafarroako Foru Ogasuneko ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea.
5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizioa nola eginen den.
6.1. Oposizioa 2025eko azarotik aurrera hasiko da.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan emanen ditu argitara hurrengo probetako deialdiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adierazi ere.
Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.
Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat duten izangaientzat, denboraren eta baliabideen aldetik, eskaeran hala eskatu badute.
6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:
6.3.1. Lehenbiziko proba:
Proba teorikoa izanen da. Test motako gehienez ere 80 galderari erantzun beharko zaie idatziz, ebazpen honen I. eranskineko lehen zatian (Nafarroako finantza eta tributu zuzenbidea) agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera egonen dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du; hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.
Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora dagoen proba hau egiteko.
Lehenbiziko proba honetan, gehienez ere, 40 puntu lor daitezke.
Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.
6.3.2. Bigarren proba:
Teorikoa izanen da, eta ausaz hartutako bi gai garatu beharko dira idatziz: gaietako bata, ebazpen honen I. eranskineko gai-zerrendako bigarren zatian daudenetako bat izanen da (Zuzenbide zibila eta merkataritza zuzenbidea), eta, bestea, berriz, ebazpen honen I. eranskineko gai-zerrendako hirugarren zatian daudenetako bat (Administrazio zuzenbidea eta ekonomia).
Proba idatzi hori egiteko 4 ordu izanen dira gehienez.
Bigarren proba honetan, gehienez ere, 30 puntu lor daitezke. Garatu beharreko gai bakoitzak 15 puntuko balorazioa izanen du gehienez.
Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak, bai eta gaietako batean 0 puntuko kalifikazioa dutenak ere.
Proba hau plika sistemaren bidez eginen da.
Proba egiteko, ez daiteke erabili inolako testurik edo dokumentaziorik, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik nahiz bestelako materialik ere, salbu mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza.
6.3.3. Hirugarren proba:
Proba teoriko-praktikoa izanen da. Kasu praktiko batzuk garatu eta ebatzi beharko dira idatziz, epaimahaiak proposatuko dituenak ebazpen honen I. eranskineko laugarren zatian (Kontabilitatea eta matematika finantzarioa) agertzen diren gaiei buruz.
Proba hau egiteko 5 ordu izanen dira gehienez.
Probak egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, salbu kalkulagailu ez-finantzarioak eta mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza.
Proba honetan 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Horietatik, 24 puntu emanen dira kontabilitatearekin loturiko kasuetan, eta 6 puntu, matematika finantzarioarekin loturiko kasuetan.
Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Proba hau plika sistemaren bidez eginen da.
6.4. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus helbidean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.
7.–Oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.
7.1. Hautaprobak bukaturik, gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio-epaimahaiak, oposizioan lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioaren arabera. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, betebeharrak betetzen diren egiaztatzeko, eta egin daitezen plaza hutsak hautatzeko izapideak.
7.2. Puntu berdinketarik gertatuz gero, hirugarren proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehenengo proban eta bigarrenean lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horrexetan.
7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak horretarako eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.
8.–Betebeharrak frogatzea eta plaza hutsak hautatzea.
8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea zabalduko du izangaiek betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:
a) Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.
b) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia, betebehar hori duen plaza bat eskuratu nahi izanez gero.
c) Europar Batasuneko hizkuntzaren bat jakin beharra ezarrita daukan plaza bat eskuratu nahi dutenek eskatutako maila hori egiaztatzen duten titulu edo ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute. Tituluak edo ziurtagiriak bat etorri beharko du Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin, eta agertu beharko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotako tituluen zerrendan (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan beharko da, deialdi honetako 2.1.4 atalean xedatutakoaren arabera.
d) Euskarazko jakite-maila ezarrita duen plaza elebidunen bat eskuratu nahi duten pertsonek eskatutako maila hori egiaztatzen duten titulu edo ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute. Tituluak edo ziurtagiriak bat etorri beharko du Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin, eta agertu beharko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotako tituluen zerrendan (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan, deialdi honen 2.1.6 atalean xedatutakoaren arabera.
8.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak plaza hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen plaza hutsen zerrenda eta hautapen ekitaldirako deitutako izangaien zerrenda (plaza hutsak hautatzeko lehentasun-ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe duten plaza hutsak hautatzeko.
Informazio hori jendaurrean jarriko da, deialdiaren fitxan.
Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, plaza hutsak eskuratzeko.
8.3. Plaza hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.
Desgaitasun aitortua deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.
Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu plaza huts batean edo bestean jarduteko, plazen hautaketa hasi aurretik, haren desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.
Era berean, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, hautapen probak gaindituz gero, lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik plaza hutsak aukeratzeko orduan, deusetan galarazi gabe desgaitasuna duten pertsonentzat ezarritako lehentasun-ordena.
Bestalde, hautaprobak igoera txandatik gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiaren xede diren plaza hutsak aukeratzeko txanda irekiko izangaien aurretik, baina kontuan hartuta, betiere, desgaitasuna dutela egiaztatzen duten izangaientzat eta genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumeentzat ezarritako salbuespena.
9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Behin plaza hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko plaza kopuruan sartzen ahal direnak.
Izendapen proposamen hori deialdiaren fitxan argitaratuko da, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.
9.2. Izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko ditu, Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web fitxan izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:
A.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
B.–Administrazio dei-egileaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, frogatzeko jatorrizko administrazioan jardunean daudela, edo borondatezko eszedentzian daudela eta lanean ari direla deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak, eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak oposizioa gainditu duten izangaien zerrendan –7. oinarrian aipatzen den horretan– hurrengoa den izangaiarekin beteko du plaza, baldin eta hutsik geratu den plazaren betebeharrak betetzen baditu, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.
9.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak beste agiriren bat behar izanez gero bere eskudantziak erabiltzeko, proposaturiko izangaiari eskatuko dio, eta honek aurkeztu beharko du, deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan.
9.6. Ezarritako prozeduraren arabera plaza epe barruan eta behar bezala hautatzen ez bada, hautapen prozesuari uko egiten bazaio, deialdian plaza betetzeko ezarritako baldintzak betetzen ez badira edo eskatutako dokumentazioa ezarritako prozeduraren arabera epe barruan eta behar bezala aurkezten ez bada, plaza hutsen hautaketaren emaitza ez da aldatuko.
Administrazioko organo eskudunak gainditzen dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea.
10.–Izendapena, plaza hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, deialdiko lanpostuan aritzeko. Ebazpen horren bidez, halaber, plaza hutsak esleituko dira.
10.2. Izendapenaren eta plazaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, baldin izendatutakoak afiliaturik badaude Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean, bi aukera izanen dituzte: edo segitzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan, babes harturik martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidea, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean. Hori dena, aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zehazki, bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua).
10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.
Izendatzen diren izangaiek izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko dute plazaz, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.
Aipatutako epean izangairen bat plazaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.4. Baldin funtzionario bihurtutako izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzen duten egunetik beretik, lanpostuan batere aritu gabe eta berek eskatuta, hutsik gelditzen den plaza ere beteko da deialdiaren 9.4 atalean ezarritako moduan, indarreko araudian ezarritako kasuetan.
10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondorioz bete gabe gelditzen diren plazak.
11.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus.
12.–Administrazio Erroaren eremuan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.
12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta plazarik lortzen ez duten izangaiekin:
a) Hautapen prozesua gainditu arren, plaza lortu ez duten izangaien zerrenda.
b) Prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda.
12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira, alde batetik, hautapen prozesua gainditu arren plaza lortu ez duten izangaien zerrenda, eta bestetik, prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda, aplikatu beharreko kudeaketa-arauekin bat.
Berdinketak ebazteko, kontuan hartuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak.
12.3. Izangaiei lanerako deitzeko eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzeko, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.
Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.
Kontrataziorako izangaien zerrendak onetsi baino lehen, kasua bada, epe bat irekitzen ahalko da hizkuntzen maila egiaztatzeko, eta betebehar hori eskatzen hasiko da horretarako emanen den epea bukatu eta gero.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.
13.–Errekurtsoak.
Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
Lehen zatia.–Nafarroako finantza eta tributu zuzenbidea
1. gaia.–Finantza zuzenbidea: kontzeptua eta edukia. Ogasun Publikoa Espainiako Konstituzioan. Aurrekontu zuzenbidea: kontzeptua eta edukia. Aurrekontuei buruzko Lege Orokorra. Estatuko Ogasun Publikoa. Estatuko Aurrekontu Orokorrak.
2. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: alderdi orokorrak. Nafarroako Ogasun Publikoaren araubidea: eskubideak eta betebeharrak. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa. Foru sektore publikoaren kudeaketa ekonomikoaren eta finantzarioaren kontrola. Barne kontrola: kontu-hartzearen aipamen berezia. Kanpo kontrola: Kontuen Ganberaren eskumenaren eremua, funtzioak, antolaketa eta osaera.
3. gaia.–Nafarroako Foru Ogasuna: sorrera, izaera, helburuak, eginkizunak, antolamendua.
4. gaia.–Zerga-zuzenbidea: kontzeptua eta edukia. Iturriak. 13/2000 Foru Lege Orokorra, abenduaren 14koa, Nafarroako Tributuei buruzkoa.
5. gaia.–Tributuak: kontzeptua, xedeak eta motak. Harreman juridiko-tributarioa. Zerga-egitatea. Zergapetua ez egotea eta salbuespena. Sortzapena. Preskripzioa. Tributu-arauaren aplikazioa. Interpretazioa, kalifikazioa eta integrazioa. Analogia zerga-zuzenbidean. Simulazioa.
6. gaia.–Zerga-betebeharrak: zerga-betebehar nagusia, konturako ordainketak egitearen zerga-betebeharra, partikularren arteko zerga-betebeharrak, zerga-betebehar osagarriak, zerga-betebehar formalak eta zerga-betebeharrak elkarren laguntzaren esparruan. Zergapekoen eskubideak. Gizarte-lankidetza tributuen kudeaketan. Zerga arloan eragina duten datuen isilpekotasuna.
7. gaia.–Zergapekoak. Subjektu pasiboak. Zergaduna eta zergadunaren ordezkoa. Oinordekoak. Erantzule solidario eta subsidiarioak. Beste zergapeko batzuk. Zerga arloan jarduteko ahalmena. Ordezkaritza. Egoitza fiskala. Zentsuaren kudeaketa. Fakturatzeko betebeharra.
8. gaia.–Zerga-betebehar nagusiaren eta konturako ordainketak egiteko betebeharraren kuantifikazio elementuak. Zerga-oinarria: kontzeptua eta zehaztapen edo zenbatespen araubideak. Likidazio oinarria. Balioak egiaztatzea. Karga-tasa. Zerga-kuota. Zerga-zorra.
9. gaia.–Zerga-kudeaketa Nafarroan (I). Kontzeptua eta ezaugarriak. Zergapekoari informazioa eta laguntza ematea. Zerga-kontsulta. Identifikazio fiskaleko zenbakia. Froga, jakinarazpenak, ebazteko betebeharra eta ebazteko epea.
10. gaia.–Zerga-kudeaketa Nafarroan (II). Nafarroako zergak kudeatzeko jarduketak eta prozedurak. Hasiera. Aitorpenak. Autolikidazioak. Egiaztatze laburtuko jarduketak. Tributuen likidazioak. Entzute tramitea eta alegazioak. Sarrera bidegabeen itzulketa. Autolikidazioak zuzentzea eta zerga-ondorioak dituzten egintzak eta konturako sarrerak eta atxikipenak aurkaratzea.
11. gaia.–Tributuen bilketa Nafarroan (I): Jarduketak eta prozedurak. Diru-bilketako organoak. Zorren iraungipena: ordainketa eta iraungitzeko beste modu batzuk. Ordaintzera behartuta daudenak. Tributu zorraren bermeak. Geroratzeak eta ordainketa zatikatuak.
12. gaia.–Tributuen bilketa Nafarroan (II): tributuak biltzeko prozedura epe exekutiboan. Premiamendu prozedura. Prozeduraren izaera. Faseak: hasiera, ondasunen eta eskubideen enbargoa, besterentzea eta prozeduraren bukaera. Hirugarrengotza. Erantzuleen eta oinordekoen kontrako prozedurak.
13. gaia.–Tributuen ikuskapena Nafarroan. Organoak. Eginkizunak. Ahalmenak. Betebeharrak. Agiriak aztertzea. Jarduketa motak. Zerga arloan eragina duen informazioa eskuratzeko jarduketak. Argibide eta aholkuak emateko jarduketak.
14. gaia.–Tributuak ikuskatzeko prozedura Nafarroan. Egiaztatzeko eta ikertzeko jarduketak. Prozeduraren hasiera eta garapena. Ikuskapen jarduketen epea, tokia eta ordutegia. Ikuskapen prozedurako kautelazko neurrien ezaugarriak eta motak. Prozeduraren amaiera. Ikuskapen jarduketen gaineko dokumentazioa.
15. gaia.–Arau-hausteak eta zehapenak Nafarroako Zerga Zuzenbidean: araubide orokorra. Zerga arloko arau-hauste arinak eta astunak. Zerga arloko arau-hauste arinengatiko eta astunengatiko zehapenak. Zehapen motak. Zehapenak ezartzeko eskumena duten organoak eta zehapen prozedura. Zehapenen mailaketa. Erantzukizuna azkentzea.
16. gaia.–Ogasun Publikoaren kontrako delituak. Ikuskapen prozedura Nafarroan eta Ogasun Publikoaren kontrako delituak. Ogasun Publikoaren kontrako delituei loturiko likidazioak. Zerga arloari eragiten dieten Estatuko laguntzak berreskuratzea.
17. gaia.–Zergen arloko egintzen berrikuspena administrazio bidean, Nafarroan: Arau komunak. Berrikuspen prozedura bereziak. Berraztertzeko errekurtsoa. Erreklamazio ekonomiko-administratiboak. Aparteko berrikuspen errekurtsoa.
18. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoaren xedapenak Ogasunaren arloan. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko hitzarmen ekonomikoa. Xedapen orokorrak. Tributu-harmonizazioa: arau komunak. Kudeatzeari eta prozedurari buruzko arauak. Toki ogasunak. Arbitraje Batzordea. Ekarpen ekonomikoa zehazteko metodoa. Koordinazio Batzordea.
19. gaia.–Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko hitzarmen ekonomikoa. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga. Ondarearen gaineko zerga. Sozietateen gaineko zerga. Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga. Balio erantsiaren gaineko zerga. Zerga bereziak. Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga. Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zerga. Aseguruetako primen gaineko zergak. Jokoaren gaineko tributuak. Finantza-transakzioen gaineko zerga. Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga.
20. gaia.–Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (I). Zergaren araubide juridikoa, izaera, helburua eta aplikazio eremua. Zerga-egitatearen eremu material eta pertsonala. Errentaren zehaztapena.
21. gaia.–Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (II). Tributu kuota. Zerga-zorra. Baterako tributazioa. Zergaldia eta sortzapena. Zergaren kudeaketa.
22. gaia.–Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Aplikazio eremua. Elementu pertsonalak. Zergapeturik egotea. Establezimendu iraunkorraren bidez lortutako errentak. Establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak. Egoiliar ez diren entitateen ondasun higiezinen gaineko karga berezia.
23. gaia.–Pertsona fisikoen ondarearen gaineko zerga. Araubide juridikoa, izaera, helburua eta aplikazio eremua. Zerga-egitatea. Subjektu pasiboa. Ondare-elementuen eratxikitzea eta egozpena. Zerga-oinarria eta likidazio-oinarria. Sortzapena. Zerga-zorra. Zergaren kudeaketa.
24. gaia.–Sozietateen gaineko zerga (I). Izaera eta aplikazio eremua. Zerga-egitatea. Zergaduna. Zerga-oinarria.
25. gaia.–Sozietateen gaineko zerga (II). Zergaldia eta zergaren sortzapena. Zerga-zorra. Kontsolidazio fiskalaren araubide berezia. Honako hauen araubide berezia: bat-egiteak, zatiketak, aktiboen ekarpenak eta baloreen trukaketak, eta europar sozietate batek edo europar sozietate kooperatibo batek helbide soziala Europar Batasuneko kide den estatu batetik beste batera aldatzea. Definizioak, diruzkoak ez diren ekarpenak eta eskualdatzearen ondoriozko errenten araubidea. Salbuespen partziala duten entitateen araubidea. Zergaren kudeaketa.
26. gaia.–Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga. Xedapen orokorrak. Zerga-egitatea. Salbuespenak. Zergaren subjektu pasibo eta erantzuleak. Zerga-oinarria. Likidazio oinarria. Zerga-zorra. Sortzapena eta preskripzioa. Arau bereziak.
27. gaia.–Balio erantsiaren gaineko zerga (I). Zergaren araubide juridikoa, izaera eta aplikazio eremua. Zergapeko egintzaren zehaztapena. Salbuespenak. Sortzapena. Zerga-oinarria. Subjektu pasiboak.
28. gaia.–Balio erantsiaren gaineko zerga (II). Zerga-tasa. Kenkariak eta itzulketak. Araubide bereziak. Subjektu pasiboen betebeharrak.
29. gaia.–Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga. Izaera, edukia eta printzipio orokorrak. Kostu bidezko ondare eskualdaketak. Sozietate eragiketak. Egintza Juridiko Dokumentatuak. Xedapen komunak: onura fiskalak, balioak egiaztatzea, sortzapena eta preskripzioa.
30. gaia.–Zerga bereziak. Izaera. Fabrikazioaren gaineko zerga bereziak. Hidrokarburoen gaineko zerga. Zenbait garraiobideren gaineko zerga berezia.
31 eredua.–Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zerga. Kreditu entitateen gordailuen gaineko zerga. Saltoki Handien gaineko Zerga. Aseguruetako primen gaineko zergak. Jokoaren gaineko tributuak. Finantza-transakzioen gaineko zerga. Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga. Hondakinak hondakindegietan uztearen eta hondakinen errausketaren eta koerrausketaren gaineko zerga.
32. gaia.–2/2021 Foru Legea, otsailaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzkoa. Xedapen orokorrak. Tasak. Prezio publikoak.
33. gaia.–Udal zergak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean: xedapen orokorrak, lurraren kontribuzioa eta ekonomia-jardueren gaineko zerga. 12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzkoa: xedapen orokorrak.
34. gaia.–Irabazi-asmorik gabeko fundazioen eta beste erakunde batzuen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien zerga-araubidea: 2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa. 9/1994 Foru Legea, ekainaren 21ekoa, Kooperatiben zerga-araubideari buruzkoa.
Bigarren. zatia.–Zuzenbide zibila eta merkataritza zuzenbidea
1. gaia.–Pertsonaren kontzeptua. Pertsona motak. Pertsona fisikoak: jaiotza eta iraungipena. Pertsona juridikoak: kontzeptua, izaera eta motak. Pertsona juridikoen eraketa eta iraungipena. Gaitasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna. Nafarroako Foru Zuzenbide Zibila: pertsona juridikoak eta norbanakoen gaitasuna. Ordezkaritza. Espainiako nazionalitatea eskuratu eta galtzea. Nafarroako foru zuzenbide zibila: Nafarroako forudunaren izaera zibila.
2. gaia.–Ondasunen araubidea bikote ezkonduan Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arabera. Bikote egonkorra Nafarroan. Ondasunen likidazioa bigarren ezkontzan edo ondorengoetan. Elkarri laguntzeko erkidegoak. Dohaintzak familiarentzat eta familia-ondarearen batasunerako eta jarraitutasunerako. Etxea Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioan.
3. gaia.–Eskubide errealak: kontzeptua eta motak. Eskubide errealen eta kreditu-eskubideen arteko diferentziak. Jabetza. Jabetza eskuratu eta galtzeko moduak. Jabetza Erregistroa. Hipotekei buruzko printzipioak.
4. gaia.–Edukitza. Gozamena. Zortasuna. Ondasun-erkidegoa. Arau bereziak Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilean: gauzen edukitzaren eta jabetzaren printzipio orokorrak, gozamena, zortasunak, ondasun eta eskubideen erkidegoak.
5. gaia.–Berme-eskubide errealak: kontzeptua eta sailkapena. Hipoteka. Bahia. Higigarrien hipoteka eta eskualdaketarik gabeko bahitura. Antikresia. Berme errealak Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilean.
6. gaia.–Betebeharrak: kontzeptua eta motak. Betebeharren iturriak. Betebeharren froga. Kredituen pilaketa eta hurrenkera. Betebeharrak azkentzea. Denboraren eragina harreman juridikoetan. Betebeharrak oro har Nafarroako foru zuzenbide zibilean.
7. gaia.–Kontratua: kontzeptua eta motak. Kontratuen osagaiak. Kontratuak sortzea, burutzea eta gauzatzea. Kontratuen eraginkortasunik eza. Kontratuen interpretazioa. Kontratuen forma.
8. gaia.–Salerosketa: kontzeptua eta elementuak. Salerosketaren edukia. Errentamendu-kontratua: kontzeptua eta motak. Hiri finken errentamendua. Landa finken errentamendua. Salerosketa eta errentamendua Nafarroako foru zuzenbide zibilean.
9. gaia.–Dohaintza: kontzeptua eta motak. Dohaintzaren osagaiak. Dohaintzaren ondorioak. Dohaintzak errebokatzea eta murriztea. Inter vivos dohaintza Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilean.
10. gaia.–Mortis causa oinordetza: kontzeptua eta motak. Jaraunspena: kontzeptua eta jaraunspena zein egoeratan egon daitekeen. Jaraunspena onartzea. Jaraunslea eta legatu hartzailea. Gehiagotzeko eskubidea. Testamentu bidezko oinordetza: kontzeptua eta testamentu motak. Nahitaezko oinordetza. Testamenturik gabeko oinordetza.
11. gaia.–Oinordetza Nafarroako foru zuzenbide zibilean: oinarrizko printzipioak. Mortis causa dohaintzak. Oinordetza itunak edo kontratuak. Testamentua eta haren formak. Xedatzeko askatasunaren mugak. Fiduziario-komisarioak. Konfiantzazko jaraunsleak. Legezko oinordetza. Jaraunspena eta beste liberalitate batzuk onartzea eta ukatzea.
12. gaia.–Merkataritzako kontabilitatea. Kontabilitate formala: nahitaezko liburuak. Liburuek bete beharrekoak. Frogatzeko eraginkortasuna. Liburuak erakutsi eta haien berri ematea. Kontabilitate materiala: Urteko kontuak. Egiaztatzea, auditoretza eta kontu gordailua.
13. gaia.–Merkataritza enpresa. Banakako enpresaburua: gaitasuna eta debekuak. Proba, enpresaburuaren izaera eskuratzea eta galtzea. Ezkondutako pertsonak merkataritzan aritzea. Atzerriko enpresaburura. Merkataritzako Erregistroa.
14. gaia.–Merkataritza sozietateak: kontzeptua eta sailkapena. Merkataritza sozietateak eratzeko baldintzak. Sozietate irregularra. Sozietateen nazionalitatea. Sozietate kolektiboak eta komanditarioak. Erantzukizun mugatuko sozietatea: haren araubide juridikoari buruzko alderdi nagusiak.
15. gaia.–Sozietate anonimoa: kontzeptua eta ezaugarriak. Fundazioa. Eskritura soziala eta estatutuak. Akzioak eta obligazioak. Sozietate anonimoaren organoak.
16. gaia.–Merkataritza sozietateak desegitea. Likidazioa eta banaketa. Merkataritza-sozietateen eraldaketa, bat-egitea eta bereizketa.
17. gaia.–Konkurtsoa: aurrekontu subjektiboa eta objektiboa. Konkurtso deklarazioaren autoa. Ondorioak hartzekodunengan, kredituetan eta kontratuetan. Masa aktiboa, masa pasiboa eta masaren kontrako kredituak zenbatestea. Hitzarmena: edukia eta ondorioak. Likidazio fasea irekitzearen ondorioak. Konkurtsoa amaitzeko arrazoiak. Konkurtsoaren kalifikazioa.
18. gaia.–Merkataritzako obligazioak: ezaugarri orokorrak. Merkataritza kontratuak: kontzeptua eta motak. Merkataritzako kontratuen burutzea, forma eta froga. Merkataritza kontratuen inguruabarrak aldatzearen ondorioak. Preskribatzea merkataritza zuzenbidean.
Hirugarren zatia.–Administrazio zuzenbidea eta ekonomia
1. gaia.–Europar Batasuna. Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia. Europar Batasuneko ordenamendu juridikoaren iturriak: sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.
2. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.
3. gaia.–Estatuaren lurralde antolaketa Konstituzioan. Espainiako 1978ko Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarria. 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.
4. gaia.–Administrazio zuzenbidearen iturburuak. Konstituzioa. Legea. Lege maila duten Gobernuaren xedapenak: lege dekretuak eta legegintzako dekretuak. Erregelamendua: kontzeptua, ezaugarriak eta motak. Erregelamenduen mugak. Legez kontrako erregelamenduak.
5. gaia.–Administrazio publikoaren kontzeptua. Estatuko antolaketa administratibo zentrala eta periferikoa. Administrazio organoen sorrera eta eskumenak. Entitate publikoen motak. Zerbitzu publikoak kudeatzeko modua. Legezkotasunaren printzipioa. Administrazioaren autotutoretza. Administrazio Elektronikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan. 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa.
6. gaia.–Administrazio egintza. Kontzeptua eta ezaugarriak. Administrazio egintzen sailkapenak. Administrazio egintzaren elementuak: subjektua, objektua, helburua eta forma. Administrazio egintzen arrazoibidea. Administrazioaren isiltasuna.
7. gaia.–Administrazio egintzen eraginkortasuna. Jakinarazpena eta argitalpena. Administrazio egintzen betearazpena. Administrazio egintzen baliotasuna eta baliogabetasuna. Administrazio egintzen ofiziozko berrikuspena.
8. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. kontratazio publikoaren printzipioak. Aplikazio eremua. Adjudikazio botereak. Kontratistak: ahalmena eta kaudimena. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Adjudikazio prozedurak. Kontratuak adjudikatzea. Exekuzio printzipioak. Kontratu publikoen baliogabetasuna.
9. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ondare-erantzukizuna: araubide indarduna. Kalte-ordaina bidezkoa izan dadin bete beharreko baldintzak. Agintarien eta funtzionarioen erantzukizuna. Erreklamazio epeak eta prozedura.
10. gaia.–Administrazio prozedura. Interesdunak. Herritarren eskubideak administrazio prozeduran. Administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidea eta betebeharra. Administrazio errekurtsoak: kontzeptua eta motak.
11. gaia.–Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa: izaera, hedadura eta mugak. Administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren organoak. Alderdiak, administrazioarekiko auzien prozesuan: ahalmena, legitimazioa eta defentsa. Administrazioarekiko auzien prozesuko alderdi nagusiak. Epaia. Epaien kontrako errekurtsoak.
12. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: Aurrekariak. Parlamentarien hautaketa, eskumenak eta estatutua. Antolaketa eta funtzionamendua. Eginkizunak: bereziki eginkizun legegilea. Nafarroako Kontuen Ganbera. Arartekoa.
13. gaia.–Nafarroako Gobernua. eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantzia eta eskumenak. Funtzionamendua. Erantzukizun politikoa, parlamentuaren kontrola eta Nafarroako Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.
14. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".
15. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.
16. gaia.–Genero berdintasuna. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasun printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.
17. gaia.–Jarduera ekonomikoa. Sistema ekonomikoak. Jarduera ekonomikoa antolatzeko moduak. Sistema ekonomiko baten eginkizunak.
18. gaia.–Errenta nazionala: kontzeptua eta kalkulatzeko metodoak. Kontabilitate nazionala. Izaera eta xedeak. "Input-output" analisia. Sektoreen arteko harremanak.
19. gaia.–Dirua: diruaren kontzeptua eta eginkizunak. Diruaren eskaria eta eskaintza. Interes tasaren sorrera.
20. gaia.–Finantza sistema. Banku Zentrala. Merkataritzako bankuak. Beste finantza bitarteko batzuk.
21. gaia.–Eskariaren teoria. Erabilgarritasunaren kontzeptua. Indiferentzia kurbak. Kontsumitzailearen oreka. Eskariaren kurbak.
22. gaia.–Ekoizpenaren teoria. Ekoizpenaren funtzioak. Produktibitatea. Produkzioaren oreka. Produkzioaren kostuak: kontzeptua eta motak. Kostuen funtzioak. Eskaintzaren kurba. Enpresaren oreka.
23. gaia.–Ekoizpen prozesua. Ekoizpenaren kostuak: egitura. Ekoizpenaren kostua kalkulatzeko alderdi nagusiak. Azpiproduktuen kostua.
24. gaia.–Enpresa, erakundea den aldetik. Esparru instituzionala. Kontzeptua. Errealitate ekonomikoa eta ingurunea. Enpresa motak eta sailkapen irizpideak. Enpresaren helburuak. Zuzendaritza eta kudeaketa sistemak.
25. gaia.–Merkataritzako funtsa: esanahi ekonomikoa. Hura baloratzeko teknika. Abian den enpresaren balorazioa.
26. gaia.–Enpresaren egitura finkoaren finantzaketa: autofinantzaketa. Amortizazio funtsen finantza eginkizuna. Finantza amortizazio edo kapital amortizazio deitutakoak. Oreka, amortizazio teknikoen eta finantza amortizazioen artean.
27. gaia.–Enpresaren errentaren aldaketak: zergatikoen azterketa. Espero den errentagarritasunaren eta benetakoaren arteko konparazioa. Errentagarritasuna, haren neurria. Enpresaren errentagarritasuna eta bertan inbertitutako kapitalaren interesa.
28. gaia.–Finantza analisia. Finantzaketa iturrien egitura. Finantza oreka. Finantza kontrola.
Laugarren zatia.–Kontabilitatea eta finantzetako matematika
Kontabilitatea:
–Finantza Kontabilitatea.
–Kontabilitateko plan orokorra.
–Sozietateen kontabilitatea.
–Finantza egoeren azterketa.
Matematika finantzarioa:
–Kapitalizazio bakuna eta konposatua.
–Errentak, maileguak eta jesapenak.
Iragarkiaren kodea: F2507016
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
