101. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Hasiera batean onartzea Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko proiekturako (Ibero-Etxauri zatia) desjabetze-espedientea

Iruñerriko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak, 2025eko apirilaren 28an egin zuen saioan, akordio hau hitzartu zuen:

"Nafarroako Gobernuak 2010eko martxoaren 29an hartu zuen akordioaren bidez onartu zen Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala.

2010ean zehar, Iruñerriko Ibai Parkea zenbait zatitan handitzea gauzatzeko proiektuak idatzi ziren, eta zati horietako bat Arga Beherea I zen (Barañain-Etxauri).

Azken hamarkadan, Iruñerriko Mankomunitateak, Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietatearen bidez, Arga Behereari dagokion ibai-pasealekua egin du, bi zatitan, Barañaindik Iberoko Isterria zubiraino (Oltza Zendea). Etxaurirainoko zatia egiteke dago.

2024ko maiatzaren 27an, Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak Iruñerriko Mankomunitatearen eta Etxauriko eta Oltzako udalen arteko hitzarmenaren edukia onartu zuen, "Ibai Pasealekua handitzea Arga Beherea ibai-zatian, Oltzako eta Etxauriko udal-barrutietan (Ibero-Etxauri zatia)" obrarako lursailak eskuratzeko, kontratatzeko eta ondoren obra-proiektua gauzatzeko. Hitzarmen horren bigarren klausulan ezarrita dago Iruñerriko Zerbitzuak SAk "Ibai Pasealekua handitzea Arga Beherea ibai-zatian, Oltzako eta Etxauriko udal-barrutietan (Ibero-Etxauri zatia)" obraren proiekturako kontratazio eta ondorengo gauzatze prozedura egingo duela. Horrez gain, hitzarmen horretan jasota dago eguneratu egingo dela proiektua eta baimenak eta laguntzak izapidetzea, obrak gauzatzea eta ibai-parkean sartzea.

2024ko maiatzaren 30ean, Iruñerriko Zerbitzuak SAko Administrazio Kontseiluak "Iruñerriko Ibai Parkea handitzea, Ibero-Etxauri zatia (PF000018–02). Suspertze, eraldatze eta erresilientzia plana - Europar batasunak finantzatua - NEXT GENERATION EU. Iruñerri Landatarreko Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Plana" obrarako proiektu teknikoa onartu zuen. Hain zuzen, proiektu tekniko horretan lizitazio-aurrekontua 2.015.004,89 eurokoa zen (%21eko BEZa kanpo).

Aipatutako obra-proiektu horretan, Etxauriko garai bateko irin-fabrika eraisteko obren kostua kuantifikatuta zegoen, ibai-parkean sartzeko eraitsi beharra baitzegoen, Nafarroako Gobernuak 2010ean Ibai Parkea handitzeko onartu zuen Udalez gaindiko Plan Sektorialean xedatuta dagoenaren arabera. Hala, Udalez gaindiko Plan Sektorialaren lursail-planoan, lurzati hori ageri zen, identifikazio-datu hauekin:

ET-08: 2. poligonoa 122. lurzatia Azalera: 1.564,57 m².

Egun, irin-fabrikaren lurzatiaren katastroko identifikazioa hau da (2. poligonoa, 646. lurzatia) eta 1.352,23 metro koadroko azalera du.

Etxauriko irin-fabrikaren hondamen-deklarazioarekin eta eraistearekin lotuta, Etxauriko Udalak jarduketa hauek gauzatu ditu:

–Alkatearen ebazpena, 2024ko irailaren 20koa. Irin-fabrikaren hondamena deklaratu zuen eta jabeei jakinarazi zien, 2024ko azaroaren 14an "Estatuko Aldizkari Ofizialean" kaleratutakoaren arabera. Jendaurreko epean, ez zen horren gaineko alegaziorik jaso.

–Alkatearen ondorengo ebazpena. Hondamen arrunteko legezko egoeran zegoen higiezina eraistea deklaratu zuen, hala hondatuta egoteak berekin zekarren arriskuarengatik. 2024ko abenduaren 30ean eman zen argitara "Estatuko Aldizkari Ofizialean". Horrez gain, jabeei eskatu zitzaien higiezina eraisteko, eta ohartarazi zitzaien, ez bazuten betetzen gauzatze-agindua, Administrazioak eraitsiko zuela higiezina, interesdunen kontura. Jabeek ez zuten irin-fabrika eraitsi.

–Alkateak 2025eko otsailaren 5ean emandako ebazpenaren bidez, Etxauriko Udalak eskatu eta agindu zion Iruñerriko Mankomunitateari hondamen-egoeran dagoen higiezina eraisteko eta ukitutako lurzatiak desjabetzeko, ibai-pasealekuan sartuta gelditu daitezen, Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko proiektuan jasota dagoenaren arabera.

Batzorde Iraunkorrak 2025eko otsailaren 24an egin zuen saioan, Etxauriko Udalaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen arteko lankidetza-hitzarmena onartu zen, irin-fabrika eraisteko, lursailak desjabetzeko eta leheneratutako tokia Iruñerriko Ibai Parkean sartzeko. Hitzarmen hori 2025eko martxoaren 28an izenpetu zuten. Hitzarmen horretako klausuletan hau dago ezarrita:

3. Etxauriko Udalak eskatuta, Iruñerriko Mankomunitateak, bera kudeatzeko IZSA sozietatearen bidez, irin-fabrikak okupatutako lursailen desjabetze-prozedura gauzatuko du. Lursail horiek Nafarroako Gobernuak onartu zuen Udalez gaindiko Plan Sektorialaren barnean daude, eta egun "2. poligonoa eta 646. lurzatia" katastroko datuekin identifikatzen dira.

4. Jabeekin elkarren arteko adostasunez eskuratzea ez bada lortzen, azkenean erabakitzen den desjabetzeko balio justuaren zenbatekoa ordaintzea bere gain hartzeko konpromisoa hartzen du Etxauriko Udalak.

5. IZSAk bere izenean eskuratuko ditu lursailak...

Hori dela-eta, egokia da Mankomunitateak dagokion desjabetze-prozedura izapidetzea, haren onuradun Iruñerriko Zerbitzuak SA izanda, eta, horrenbestez, ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda egokia ematen du, lursailen ukipen-eranskinaren barnean.

Kontuan hartuta, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 10. artikuluaren eta Nafarroako Toki Administrazioaren uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 215.2 artikuluaren arabera, Iruñerriko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak obren planei eta tokiko zerbitzuei dagozkien obren proiektuak onartu behar dituela, izan ere, onartzeak inplizitu baitakar erabilera publikokotzat deklaratzea eta haietan jasotako ondasunak okupatu behar izatea, nahitaezko desjabetzearen eraginetarako.

Obra horiek egiteko beharrezkoak diren lursailak desjabetzea beharrezkoa izanik, eta aintzat hartuta, Nafarroako Toki Administrazioaren Foru Legearen 47.4 eta 29. artikuluen, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen Legearen 4.1.d) artikuluaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen Estatutuen 4. artikuluaren arabera, erakunde honek desjabetze-ahalmena gauzatu ahal duela, egokia da desjabetzeko espedientea hastea.

Batzar Nagusiak 2023ko urriaren 19an egin zuen saioan, nahitaezko desjabetzearen espedienteak izapidetzeko Batzar Nagusiaren eskuduntzak Batzorde Iraunkorraren esku uztea onartu zen. Horrenbestez:

HITZARTU DA:

1.–"Iruñerriko Ibai Parkea handitzea, Ibero-Etxauri zatia (PF000018–02). Suspertze, eraldatze eta erresilientzia plana - Europar batasunak finantzatua - NEXT GENERATION EU. Iruñerri Landatarreko Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Plana" proiektua, irin-fabrikari dagokion eranskin teknikoa eta lursailen ukipen-eranskina onartzea, desjabetzeko espedientea hastea eta proiektu horrek ukitzen dituen ondasunen eta eskubideen zerrenda hasiera batean onartzea. Onuraduna Iruñerriko Zerbitzuak SA izango da.

2.–Proiektuak eta bere eranskinak ukitutako ondasunen eta eskubideen onura publikoa eta okupatu beharra aitortzea eta deklaratzea, onarpenari lotuta baitaude.

3.–Nafarroako Gobernuari eskatzea ukitutako ondasunen eta eskubideen okupazioa presakotzat deklaratu dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuta dagoenaren eraginetarako.

4.–Proiektua eta ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean edukitzea hamabost egun baliodunean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean kaleratzen denetik aurrera zenbatuta, beren burua ukitutzat dutenek denbora horretan egokiak iruditzen zaizkien ohar edo alegazio guztiak eta argitaratutako zerrendako okerrak zuzentzeko behar diren datuak ekar ditzaten, idatziz. Idatzia, ahal izanez gero, telematikoki bidali ahal izango dute (https://sedeelectronica.mcp.es/), Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzara (Aduanako Zokoa kalea, 12, 31001, Iruñea, Nafarroa) edo Etxauriko udaletxera. Egoitza horietan, hain zuzen, proiektuaren, irin-fabrikari dagokion eranskin teknikoaren eta lursailen ukipen-eranskinaren kopia bat edukiko dute eskura.

5.–Akordio hau kaleratzea, ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrendarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Iruñerriko Mankomunitateko eta Etxauriko udaletxeko iragarki-oholetan, eta iragarkia jartzea Foru Komunitateko egunkari batean.

6.–Akordio hau jabeei jakinaraztea, eta bai, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 4. artikuluaren arabera, desjabetzekoa izan daitekeen gauzaren gainean zuzeneko interes ekonomikoen eta benetako eskubideen titularrak izan daitezkeenei, Jabetzaren Erregistroan ageri direnei, erabaki hau inpugnatzerik ez dagoela ohartaraziz, administrazio-bidea amaitzen ez duen tramiteko egintza baita. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 44. artikuluak zehazten dituen eraginetarako, kaleratzea egingo da interesdunak ezezagunak direnean, jakinarazpena egiteko tokia jakina ez denean edo, jakinarazten saiatu arren, gauzatzerik egon ez denean.

7.–Akordio hau jakinaraztea Etxauriko Udalari."

Iruñean, 2025eko apirilaren 28an.–Lehendakaria, David Campión Ventura.

UKITUTAKO ONDASUNEN ETA ESKUBIDEEN ZERRENDA

Fasea: proiektua

LANDA-LURZATIAREN DATUAK

JABEAREN DATUAK

UKIPENAK

Erreferentzia

Poligono
Zk.

Lurzati
Zk.

Udalerria

Herria

Lurraren
erabilera

Titularrak

Partaidetza
Ehunekoa

Behin betiko okupazioa

m²

ET-08

2

646

Etxauri

Etxauri

Eraikuntza(*)

Titularrak, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 3. artikulua

MOLINO SANTA EULALIA SOCIEDAD ANÓNIMA

%100,00

1.352,23

Titularrak izan daitezkeenak, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 4. artikulua

RUFINO SÁEZ FERNÁNDEZ DE BARRENA ETA MARÍA ÁNGELES LÓPEZ DE ABERASTURI RUIZ DE ARCAUTE

CEREALES NÚÑEZ SOCIEDAD ANÓNIMA

FRANCISCO PEREA RUBIALES ETA CRISTINA BOHÓRQUEZ SEGOVIA

MARÍA ROSA URQUIZU ECHEVERRÍAREN OINORDEKO EZEZAGUNAK

NAFARROAKO AURREZKI KUTXA (CAIXABANK S.A.)

GIZARTE SEGURANTZAKO DIRUZAINTZA OROKORRA

SOCIEDAD COOPERATIVA AGRARIA ORVALAIZ

ZERGA ADMINISTRAZIOKO ESTATU

AGENTZIA

(*) Nahiz eta katastroan ageri den erabilera eraikuntza dela, eraikina abandonatuta dago eta Etxauriko Udalak hondamen deklaratuta.

Iragarkiaren kodea: L2506325