Iragarkia
101. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 22a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IBIRIKU DEIERRIKO KONTZEJUA
Ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena
Ibiriku Deierriko Kontzejuak, 2025eko urtarrilaren 22an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ibiriku Deierriko Kontzejuko herri-lurretako aprobetxamenduen erabilera arautzen duen kontzeju-ordenantza; 2025eko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 13an.
Jendaurreko epean ez zen erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu, eta, beraz, ordenantza behin betiko onesten da, eta osorik argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan eta ondorengo aldaketetan xedatutakoarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).
Ibiriku Deierrin, 2025eko apirilaren 14an.–Kontzejuko burua, Juan Cruz Munárriz Echarte.
ORDENANTZA, HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arau batzuk ezartzea, Ibiriku Deierriko kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administraziorako, xedapen-egintzetarako, defentsarako, berreskurapenerako eta aprobetxamendurako.
2. artikulua Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Honako hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak (Toki Administrazioari buruzko Foru Legea); Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe xedaturik dagoena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.
II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK
5. artikulua. Ibiriku Deierriko Kontzejuari dagokio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmena, ordenantza honetan ezartzen den moduan.
Herri-ondasunen arloan Ibiriku Deierriko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Herri Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du onura publikoa edo soziala, eta, hori egin baino lehen, Ibiriku Deierriko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.
Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren kasuetarako edo betetzen ez diren kasuetarako.
Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Ibiriku Deierriko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa. Horretarako, jarraikiko zaio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari.
III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA
7. artikulua. Ibiriku Deierriko Kontzejuak begiratuko du herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetu daitezen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiakerari, edo herri-ondasunetarako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.
8. artikulua. Ibiriku Deierriko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
9. artikulua. Ibiriku Deierriko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Ibiriku Deierriko Kontzejuak hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.
10. artikulua. Ibiriku Deierriko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, transakziorik egin nahi izanez gero ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren.
11. artikulua. Ibiriku Deierriko Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, azkendu nahi baditu baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Ibiriku Deierriko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haien partaide denean, eta ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, galarazi gabe kontratisten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.
13. artikulua. Ibiriku Deierriko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, posible izanen da auzotarrek ekitea, horretarako ezarritako eran. Ekimen horrek aurrera eginez gero, Ibiriku Deierriko Kontzejuak sortutako gastuak itzuli beharko dizkie auzotarrei.
IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
14. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:
Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.
Herri-larreen aprobetxamendua.
Etxerako egurraren aprobetxamendua.
Ehizaren aprobetxamendua.
Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.
15. artikulua. Ibiriku Deierriko Kontzejua ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta hori guztia bateragarri eginen du haien izaera sozialarekin.
16. artikulua. Orokorrean, Ibiriku Deierriko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Ibiriku Deierriko Kontzejuaren Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea urtebete lehenagotik.
c) Bertan bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.
d) Kontzeju honekiko zerga betebeharrak egunean izatea.
Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
Artikulu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak Ibiriku Deierriko Kontzejuak argituko ditu banan-banan.
17. artikulua. Herri-lurrak ixteko, ezinbestekoa izanen da aldez aurretik baimena ematea Ibiriku Deierriko Kontzejuko buruak. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inola ere batera hesitu.
18. artikulua. Aprobetxamenduak ezin izanen dira onuradunen artean trukatu baldin interesdun nahiz ukituek ez badute aldez aurretik eskabide bateratua egin eta ez baldin badute euren adostasuna erakutsi eta Kontzejuaren baimena izan.
19. artikulua. Kontzejuak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa, osotara nahiz zati batekoa, sustatzen dituenean zuhaitzak landatzea nahiz Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak, baldin eta eragiten badiete onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei, behin-behineko nahiz behin betiko. Hori egin baino lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari.
Horren haritik, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.
II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA
20. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:
a) Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak.
b) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.
c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Ibiriku Deierriko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.
Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, azaldutako ordenaren arabera.
1. ATALA.–LEHENTASUNA DUTEN HERRITARRENTZAKO APROBETXAMENDUAK
21. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu horren onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek bete beharko dituzte 16. artikuluan ezarritako baldintzak, eta familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek izan beharko dute, guztira, soldata hori halako bat eta erdi baino txikiagoak.
2. Familia-unitatean baldin bada ezintasun fisikorik edo psikikorik duen kiderik, agiri bidez frogatuta, kide horietako bakoitzeko kontuan hartu beharreko diru-sarrera izanen da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren parekoa.
3. Errenta mailak zehazteko aintzat hartu beharreko irizpideek datu objektiboak izanen dituzte oinarri, hala nola: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak edukitzea errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren kapital zergapegarria –norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta–, eta horren gisako beste edozein datu.
22. artikulua. Aprobetxamenduaren epea ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreak badira, eta Kontzejuak baimena ematen badu, epe hori laborearen balio-bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.
23. artikulua. Kontzejuko batzarrak urtero onetsiko du herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu behar duten kanona aprobetxamendu modu honetan. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %50 baino gutxiago.
Kontzejuak finkatuko du herritar bakoitzari adjudikatutako laborantzako lurraren azalera, kontuan harturik zenbat herri-lur dauden.
24. artikulua. Onuradunek zuzenean berek landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman, edo lan pertsonala ez den beste moduren batez ustiatu.
Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere hartuko da norberak zuzenean landutzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan eta kide guztiek betetzen badituzte 16. artikuluan adierazitako baldintzak.
25. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunak edo bere familia-unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten horretara behartzen sasoien edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko baldin, kontzeju honen iritziz, soldatapekoak hartzen badira laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun batengatik edo aldi baterako beste arrazoi batengatik. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Ibiriku Deierriko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.
Ezintasun fisikoa edo besteren bat behin betikoa bada Kontzejuaren iritziz, eta herri-lurren zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 26. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
26. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Kontzejuak adjudikatuko ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Ibiriku Deierriko Kontzejuak adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie lurzatien onuradunei, kanona kendu ondotik. Kontzejuak du eskumena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo besteren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.
27. artikulua. Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte.
Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Kontzejuaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.
28. artikulua. Ibiriku Deierriko Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.
Erabakiko da ez duela norberak zuzenean lantzen lurra honako kasu hauetan:
a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez erabiltzea adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.
b) Nekazaritzako etekinik ez aitortzea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, aitortu beharra izanik.
c) Adjudikatutako herri-lurzatiak ez sartzea familia-unitateko kideen nekazaritzako politika bateratuaren laguntzen aitorpenean –edo hura ordezten duen aitorpenean, kasua bada–, horrek ondorioak baldin baditu ustiategien erregistroari dagokionez.
d) Adjudikatutako lurzatien barnean lantzeko modukoak diren lurren %80 gutxienez ez lantzea. Halakoetan kanona ordaindu beharko da nolanahi ere.
e) Laborantzako lurren jabe izanik, horiek hirugarren batzuei errentan ematen badizkiete.
f) Egiaztapenak egiteko Kontzejuak hala eskatu arren, ez aurkeztea Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko aitorpena edo nekazaritzako politika bateratuko laguntzena, edo ustiategien erregistroko ziurtagiria.
g) Honako alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu (adjudikaziodunek berek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak) eta agindu epean ez aurkeztea: lur-lantzeak egin izana, lehengaiak erosi izana eta produktuak saldu izana.
Zuzeneko laborantzatzat hartuko da:
Belarrak eta bazka: moztu gabe saltzen ahal dira, baina adjudikaziodunak berak egin beharko ditu ereintza eta gainerako lanak.
Laboreak: onartuko da kontratatu dadila herbizida botatzea, uzta biltzea eta fardoak egitea.
2. ATALA.–HERRITARREI ZUZENEAN ADJUDIKATZEKO APROBETXAMENDUAK
29. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titular diren herritarren artean.
30. artikulua. Udalak finkatuko du herritarrentzako adjudikazio zuzeneko loteen azalera, eskura diren lurren arabera.
31. artikulua. Esleipen epea 22. artikuluan aipatu bera izanen da. Loteak zozketa bidez adjudikatuko dira.
32. artikulua. Kontzejuko kideek onetsiko dute herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona aprobetxamendu mota honetan, lur motaren arabera. Kanona ez da izanen txikiagoa antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino.
Zenbateko horiek kanonari dagozkio, eta urtero proposatuko da kanona, aurreko urteko kontsumoko prezioen indizearen arabera eguneratuz (goiti egiten badu, proportzio berean igoko da prezioa; beheiti egiten badu, berriz, bere horretan utziko da).
33. artikulua. Adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki eginen du laborantza eta, horretarako, jarraikiko zaie 24., 25., 26., 27. eta 28. artikuluei.
34. artikulua. Kontzejuak beretako gordeko du laborantzako azalera bat, gehienez herri-lurren azaleraren %5, onuradun berriei adjudikatzeko.
3. ATALA.–KONTZEJUAREN ZUZENEKO USTIAPENA EDO ENKANTE PUBLIKOA
35. artikulua. Ibiriku Deierriko Kontzejuak, laborantzako lurrik soberan bada lehen eta bigarren ataletako prozedurak aplikatu ondoren, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.
Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, jarraituko zaio 24., 25., 26. eta 27. artikuluetan xedatuari.
Kontzejuak ezarriko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa, eta hura izanen da inguruko gisako lurrak errentan emateko prezioaren antzekoa. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.
Enkantea egin ondoan laborantzako lurra sobera gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.
4. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA
36. artikulua. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartuta, eta ediktua jarrita Ibiriku Deierriko Kontzejuaren iragarki-taulan, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurzatien adjudikazioa eska dezaten.
37. artikulua. Eskaerari erantsiko zaio honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazioa:
a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez urtebete lehenagotik, eta Kontzejuan bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen.
b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.
c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork duen ezintasun fisikorik edo psikikorik.
d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai kontzeju honetan bai beste batzuetan; zehaztuko da lehorreko lurrak edo ureztatzekoak diren.
e) Familia-unitateko kide bakoitzak lantzen dituen lurrak, errentan edo jabetzaz besteko titulu baten bidez, bai kontzeju-mugarte honetan bai beste batzuetan; zehaztuko da lehorreko lurrak edo ureztatzekoak diren.
f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, kenduta norberaren etxebizitzari dagokiona, bai udal-mugarte honetan, bai beste batzuetan.
g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektoreko sarrerak, Gizarte Segurantzako pentsioak eta bestelako errentak.
Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Ibiriku Deierriko Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatu beharrez; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 21.3 artikuluan zehazten den bezala.
38. artikulua. Onartuen zerrenda onetsiko du Ibiriku Deierriko Kontzejuak, adjudikazio mota bakoitzean: lehentasuna duten herritarrena edo zuzeneko adjudikazioarena. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.
39. artikulua. Kontzeju honen iragarki-taulan jarriko da aprobetxamendu mota bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda, hamabost egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.
40. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta onetsiko du herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda, modu bakoitzerako.
41. artikulua. Ikusita herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitateen titularren behin betiko zerrenda, adjudikatuko dira ordenantza honetan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak.
Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Kontzejuak, zozketa bidez, laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarrentzako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia-unitateen titularrei. Ordenantza honen araberakoak izanen dira loteen ezaugarriak eta azalera.
Lurzatien adjudikazioa burututa, jendaurrean paratuko da onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurzatien zerrenda, behin-behinekoa, 15 egunean, iragarki-taulan. Kontzejuak onetsiko ditu zerrendak.
42. artikulua. Alegaziorik baldin bada argitaratutako zerrenden aurka, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.
Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendurako onesten dituen oinarrietan, finkatuko da adjudikazioaren hasieran ordaindu beharreko fidantzaren zenbatekoa; zenbateko hori adjudikazioa bukatutakoan itzuliko da.
III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA
43. artikulua. Ibiriku Deierriko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modalitate hauetan eginen da, lehentasun ordena honi jarraikiz:
a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.
b) Enkante publikoan adjudikatuz.
44. artikulua. Herri-lurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak izanen dira ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak. Aziendak alta emanda egon behar dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Azienden Zentsuaren Erregistroan, eta ustiapen liburuan ere jasota.
45. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea. Hori dela eta, Ibiriku Deierriko Kontzejuak uste izanen du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen familia-unitateko bizilagun titularrek haien azienda kentzen dutenean Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintzako Zentsuaren Erregistrotik.
46. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria izanen du, frogatzen duena betetzen dituela indarrean dauden arauetan eskatzen diren baldintzak.
Bertan larratzen ahal dira Nafarroako Foru Komunitateak baimentzen dituen abeltzaintza-espezieak.
47. artikulua. Ibiriku Deierriko Kontzejuak, aurretik onuradunei ohartarazita, eraginik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien adjudikazioak, herri-lurretan hobekuntzak egitea bultzatzen duenean.
48. artikulua. Baldin herritarren arteko banaketan larrerik soberan gelditzen bada, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, Ibiriku Deierriko Kontzejuak erabakitzen duen denborarako, eta jarraikiz indarrean dagoen araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari.
49. artikulua. Aprobetxamenduaren banaketa zehazteko, honako baliokidetasun hauek finkatu dira azienda moten artean:
Behor aziendako buru bakoitzeko behi-aziendako buru 1.
Behi-aziendako buru bakoitzeko ardi-aziendako 8 buru.
Ahuntz azienda bakoitzeko ardi 1.
Kontzejuak onetsiko du herri-lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona.
Proposatutako kanona urtero eguneratuko da, aurreko urteko KPIarekin (kontsumoko prezioen indizea). Goiti egiten badu, proportzio berean igoko da prezioa; beheiti egiten badu, berriz, bere horretan utziko da.
IV. KAPITULUA.–ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA
50. artikulua. Mendian aski baldin bada, eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Atalak markatu ondoan, Ibiriku Deierriko Kontzejuak epaitzak edo egur-loteak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.
51. artikulua. Ibiriku Deierriko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Ibiriku Deierriko Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.
52. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.
53. artikulua. Egurra banatzerakoan, Ibiriku Deierriko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta lehentasuna emanen die maila ekonomiko apaleneko familia-unitateei.
54. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Ibiriku Deierriko Kontzejua irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 21. artikuluan islatzen den bezala.
55. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona, aurrekontu arruntean.
56. artikulua. Onuradunak beharturik egonen dira hondarrak bildu eta metatzera egurra eraman eta gero; hondakin horiek ezin dira pilatu bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bestelako tokietan. Ingurua garbi utzi beharko da, hondarrik eta adarrik gabe.
Eskatzaileek urtebeteko epean egin eta bildu beharko dute epaitza, hurrengoa eskatu aurretik.
Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.
57. artikulua. Egurretarako aprobetxatzen ahalko dira, salbuespen gisa, haizeak edo elurrak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsitakoak, baldin zura egiteko aprobetxatzerik ez badago. Betiere beharko da basozainaren eta Ibiriku Deierriko Kontzejuaren onespena.
Zuhaitz berberei buruzko eskaera bat baino gehiago badago, izen-emateen araberako zerrenda bat sortuko da, eta, ahal bada, banaketa bidezkoa eginen da eskatzaileen artean. Ezinezkoa bada, aipatutako ordenaren arabera banatuko da.
Baldin izena eman dutenetako batek mota horretako aprobetxamenduren bat jaso badu eskabidea egin duen urtean bertan edo aurrekoan, automatikoki igaroko da zerrendako azken postura.
V. KAPITULUA.–EHIZAREN APROBETXAMENDUA
58. artikulua. Herri-lurrak sartuz eratutako barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da jarraituz gaiari buruzko araudian ezarritakoari.
59. artikulua. Orobat, une oro aplikatzekoa den arauei jarraikiz eginen da usategien aprobetxamendua. Enkante publikoz adjudika daitezke, usadio-ohituren arabera.
VI. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK
60. artikulua. Kasu bakoitzerako Ibiriku Deierriko Kontzejuak prestatzen duen baldintza-agiriaren arabera eginen dira herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.
VII. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN
61. artikulua. 1. Ibiriku Deierriko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herri-lurrak hobetzea.
c) Proiektu sozialak egitea, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.
2. Proiektu horiek Kontzejuak nahiz bizilagun interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.
3. Hona hemen halako kasuetan izanen den prozedura:
a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.
b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.
c) Nafarroako Gobernuak onestea.
4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordainduko zaizkie sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
62. artikulua. Toki-erakundeak onetsiko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Kontzejuak ebatzi beharko ditu.
V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
63. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:
a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.
c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrendako aprobetxamendua, modalitatea edozein delarik ere.
d) Aprobetxamenduaren %80, gutxienez ere, ez egitea.
e) Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.
f) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.
g) Lurrak lantzea Kontzejuaren adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.
h) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Kontzejuaren baimenik izan gabe.
i) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.
j) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta hura garatzen duen erregelamendua.
k) Animalia hilak abandonatzea, ingurumenari eta osasunari buruzko arauak urraturik.
l) Larratze-eremuak ez errespetatzea.
m) Herri-lurra itxi, okupatu edo bertan eraikitzea.
n) Herri-lurren sarbideak okupatzea.
o) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egitate edo egintza.
64. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:
–a), b), c), d) eta l) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea, eta errealitate fisikoa lehengoratzea, aldatu baldin bada.
–i) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko eskubidea.
–Gainerako arau-hausteengatik, ordaindu beharko da egindako kaltearen balioaren halako bostetik halako hamarrera bitarte, eta errealitate fisikoa lehengoratu beharko da, aldatu baldin bada. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko da 60,10 euro eta 1.202,02 euro bitarteko zehapena.
–Zehapen-prozedura bideratuko da jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuari (lege horrek tratatzen du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Ordenantza hau behin betiko onetsitakoan, indarrik gabe geldituko dira Ibiriku Deierriko Kontzejuaren lehenagoko ordenantzak, arautzen dituztenak Ibiriku Deierriko kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
Iragarkiaren kodea: L2505941
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
