101. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

348E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren adierazpena ematen baita Erriberriko udal mugartean Ríos Renovables SLU sozietateak sustatutako «Los Mulares» eta «Baretón» eguzki instalazioetarako eta horiei lotutako energia ebakuatzeko azpiegituretarako.

2025/04/23an, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuan aurkeztu ziren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzeari ekiteko eskaerak, «Los Mulares» eta «Baretón» izeneko eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuetarako, horren barne direla dagozkien ebakuazio azpiegiturak ere, Erriberriko udal mugartean. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak aurkeztu zituen eta proiektuen sustatzailea Ríos Renovables SLU da.

Bi eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuak katastroko lurzati berean daude kokatuta, bata bestearen aldamenean, jarduera eta obra zibila partekatzen dituzte, eta ekoizten duten energia ebakuazio azpiegitura erkideen bidez isurtzen dute. Era berean, funtsezko identitate bera eta elkarrekiko konexio estuak dituzte. Efizientzia administratiboaren printzipioari jarraituz eta 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 57. artikuluan xedatzen duenaz bat, ofizioz erabaki da bi eguzki instalazio fotovoltaikoen ingurumen ebaluazioa espediente bakar batean biltzea.

1.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzea.

Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo eskudun gisa, 30 egunez jendaurrean jarri zituen «Los Mulares» eguzki instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio azpiegituren proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa, 2025eko urtarrilaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 18. zenbakian, iragarkia argitaratuta. Era berean, jendaurrean jarri zituen «Baretón» eguzki instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio azpiegituren proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa, 2023ko otsailaren 25eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 38. zenbakian, iragarkia argitaratuta. Ez da alegazio idazkirik jaso proiektu horietako bakar baterako ere.

Aldi berean, organo eskudunak ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egin zien, Ingurumen Ebaluazioaren Legearen 37. artikuluaren arabera.

I. eranskinean laburbildu dira organo eskudunak gauzatutako jendaurreko informazio izapidearen eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei zuzendutako kontsulten emaitzak. Ebazpen honen espedientearen analisi teknikoaren gorputzean azaltzen da nola hartu diren kontuan ingurumen edukia zuten txostenak eta jasotako ekarpenak.

2025eko apirilean, Ríos Renovables SLUk bi instalazioen ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan adierazitako agiriekin batera.

2025eko apirilaren 23an, Azpiegitura Energetikoen Atalak dokumentazio guztia igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, ingurumen organoa izanik, espedientearen azterketa teknikoari ekiteko eta ingurumen inpaktuaren adierazpen egokia egiteko.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio hau sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio honen gainean egin da: «4,02 MW-eko sarera konektatutako "Los Mulares" eguzki instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren bigarren aldaketa», 2025eko urtarrilaren 8koa, «4,95 MW-eko sarera konektatutako "Baretón" eguzki instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren aldaketa», 2024ko uztailaren 24koa, eta «4,95 MW-eko sarera konektatutako "Baretón" eguzki instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren bigarren aldaketa», 2025eko urtarrilaren 10ekoa. Era berean, ebaluazioak kontuan hartu ditu sustatzaileak ingurumen inpaktuaren azterketa dokumentuetan aztertu dituen lotutako inpaktuak eta jendaurreko informazio eta kontsulta izapideetan azaleratu direnak.

Ebaluazioak ez ditu eremu hauek barne hartzen: instalazio eta gailu elektrikoen segurtasuna, laneko segurtasun eta osasuna, hirigintza, lurraldearen antolamendua, bide segurtasuna eta araudi erregulatzailea zein berariazko instrumentuak izanik ingurumen ebaluazio honen irismen eremutik kanpo gelditzen diren gainerako eremuak.

2.–Proiektuen azalpena eta kokalekua.

«Los Mulares» eta «Baretón» eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuak Corraliza de Paulino izeneko parajean proiektatu dira, Erriberriko udal mugarteko 12. poligonoko 349 lurzatian. Esparru hesituek 16,82 ha-ko azalera hartuko dute guztira: 8,27 ha «Los Mulares» instalaziorako eta 8,55 ha «Baretón» instalaziorako.

«Los Mulares» instalazioa 4,02 MW-era mugatutako guztizko isuri potentziarako proiektatu da. «Baretón» 4,95 MW-eko isuri potentziarako proiektatu da. Instalazioen 12 eta 13 inbertsore izanen dituzte hurrenez hurren, eta 2 transformazio zentro instalazio bakoitzean. Transformazio zentroak hormigoiz edo antzeko material batez egindako 20 m² inguruko eraikin prefabrikatu batean kokatuko dira. Hor egonen dira 30/0,8 kV-eko transformadorea eta sarrerako, irteerako eta babeserako gelaxkak. Transformazio zentroetatik abiatzen dira lurpeko eroanbideak, 30 kV-eko tentsio ertaineko konexio lineekin, instalazio bakoitzeko babes eta neurketa zentroetaraino doazenak. Zentro horiek instalazio bakoitzaren perimetro barruan daude, 20 m² inguruko azalera hartzen duen hormigoizko eraikin prefabrikatu batean.

«Baretón» instalazio fotovoltaikoaren babes eta neurketa zentrotik ebakuatzen da ekoiztutako energia, 1.300 m-ko luzera duen 30 kV-eko lurpeko linea baten bidez, «Los Mulares» instalazio fotovoltaikoaren babes eta neurketa zentroraino (BNZ). BNZ horretatik bideratzen da bi instalazioen energia, 4.100 m-ko luzera duen tentsio ertaineko lurpeko linea baten bidez, «La Caya» instalazio fotovoltaikoaren BNZraino. «La Caya» instalazio fotovoltaikoak, energia sarerako konexio punturaino ebakuatzen duten azpiegiturekin batera, ingurumen organo honen aldeko txostena jaso zuen, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren apirilaren 26ko 330E/2024 Ebazpen bidez. Ebakuazio azpiegitura erkide horiek barne dituzte tentsio ertaineko lurpeko linea bat «La Caya» instalazio fotovoltaikoaren babes eta neurketa zentrotik «SET Promotores Tafalla» 66/30 kV-eko instalazioraino, SET Promotores instalazioa bera eta 66 kV-eko lurpeko linea elektriko bat lehendik zegoen «SET Tafalla» instalazioarekin konektatzeko (i+DE).

3.–Espedientearen azterketa teknikoa.

a) Alternatiben azterketa.

Sustatzaileak aurkeztu duen ingurumen inpaktuaren azterketan (IIA) kontuan hartu dira zero alternatiba, hots, proiektuak ez egitearena, eta bi eguzki instalazioak kokatzeko eta konfiguratzeko beste hiru alternatiba.

Ez egitearen alternatiba baztertu egin da, energia iturri berriztagarriei onura handiagoa ateratzeko, garapen eta trantsizio energetikoko helburuak erdiesteko eta proiektuak ekarriko duen onura sozioekonomikoagatik.

Instalazioak ezartzeko alternatiben definizioak zenbait aurretiazko baldintzatzaile tekniko ditu, sarerako sarbidearen ingurukoak eta ingurumen zein hirigintza bateragarritasunaren ingurukoak. 1. alternatiban bi esparru proposatzen dira, bat «Los Mulares» eguzki instalazio fotovoltaikorako eta beste bat «Baretón» eguzki instalazio fotovoltaikorako, 16,81 ha-ko guztizko azalerarekin, nekazaritza lurzati bakarrean. Tentsio ertaineko (30 kV) lurpeko ebakuazio lineak 5.631 m-ko zanga izanen luke. 2. alternatiban bi esparru proposatzen dira, 18,75 ha-ko guztizko azalerarekin, lehorreko belar laboreak hartuta. Lurpeko ebakuazio lineak (30 kV) 7.006 m-ko luzera dauka. 3. alternatiban bi esparru proposatzen dira, 22,00 ha-ko guztizko azalerarekin, lehorreko belar laboreetan. 30 kV-eko lurpeko ebakuazio lineak 6.860 m-ko luzera izanen luke. Hiru alternatibetan, ekoiztutako energia «La Caya» instalazio fotovoltaikoaren babes eta kontrol zentrora eramaten da.

IIAk alternatiba horietako bakoitzaren inpaktua aztertu eta baloratzen du, ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluko c) letran aipatzen diren diseinuari, kokalekuari, eraikuntzari eta ingurumen alderdiei buruzko zenbait irizpideren arabera. Irizpide anitzeko analisi hori oinarri hartuta, sustatzaileak 1. alternatiba hautatzen du egokiena izateagatik, bai moduluak ezartzeko eta baita ebakuazio sistema erkidearen aldetik ere.

b) Proiektuaren inpaktu nagusien analisia.

Jarraian, proiektuaren inpaktu nagusiak eta horien tratamendua aztertu dira, sustatzaileak ingurumen inpaktuaren azterketan adierazitakoak edo jendaurreko informazio eta kontsulta prozeduretan azaleratu direnak. Ez nagusitzat jo diren inpaktuak ez dira ebazpen honetan jorratu.

IIAn, inpaktu neurritsutzat jo da obra zibilaren exekuzio fasean lurzoruaren profilak aldatzeagatik sortuko den geomorfologiaren gaineko hondar inpaktua. Lurzorua trinkotzeagatik eta isuriengatik gertatuko den lurzoru galeraren inpaktua bateragarritzat jo da lanen fasean.

Kontsulta izapidean dagoen Ingurumen Ebaluazioaren Atalak egindako nahitaezko txostenak ohartarazten duenez, ahalik eta gehien murriztu behar dira eguzki instalazio fotovoltaikoaren diseinu eta exekuzioan ukituko diren lurzorua eta geomorfologia. Horretarako, irtenbide teknikoak eta diseinu alternatiboak bilatu behar dira, eta %10etik gorako maldak ukitzea saihestu behar da. Oro har, ardatz horizontala duten jarraitzaileen gaineko modulu fotovoltaikoak %5eko edo gutxiagoko maldetan ezarriko dira bakarrik. %5etik gorako eta %10erainoko maldetan, modulu fotovoltaikoak egitura finkoen gainean instalatuko dira. Txosten horretan, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak proiektuaren xehetasun planoak eskatzen dizkio sustatzaileari, instalazioak ezartzeko behar diren aldaketa topografiko zehatzak islatzen dituztenak.

Erantzunean, sustatzaileak dokumentu bat bidali zuen, plano eta eskala egokiko ebakidurekin. Hor azaltzen ziren lurzatien topografia, beharrezkoak ziren lur mugimenduak eta bilketarako aurreikusitako eremuen kartografia.

Sustatzaileak, geologia, geomorfologia eta lurzoruak babesteko aplikatuko diren prebentzio eta zuzenketa neurrien artean, %10etik gorako maldak sostengu egiturekin ez ukitzea proposatzen du IIAn (13.2.2 kapituluan). Era berean, %5etik gorako malda duten eremuak egotekotan, eraikuntza proiektuan ardatz bateko teknologiaren ordez teknologia finkoa jartzea proposatzen du, hartara %5etik %10erainoko maldak okupatzeko aukera izanda lur mugimendurik gabe. Ebazpen honen baldintzen artean adierazten dira proiektuak duen geodibertsitatearen, lurzoruaren eta zorupearen gaineko eraginaren bateragarritasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak. Oro har, %5-10 arteko maldetan dauden modulu fotovoltaikoak egitura finkoen gainean jarri behar dira.

Lur gaineko drainatzearen eraginaren, uren kalitatearen aldaketaren eta lurpeko uren gaineko eraginaren ondorioz lanen faseak izanen duen hondar inpaktua bateragarritzat jotzen da IIAn. Ingurumen Ebaluazioaren Atalak, kontsulta fasean egindako txostenean, adierazten du sustatzaileak behar bezala definitu behar dituela zangetako eroanbideen eta uraren ibilgu zein drainatze naturalen arteko gurutzaketetan aurreikusitako diseinua eta soluzio teknikoak. IIAren arabera, aldi baterako ibilguekiko edo lurretako erretenekiko gurutzaketetan, zirkuitu elektrikoak daramatzan zanga lehendik dauden nekazaritza bideen jabari eremutik joanen da, baina errodadura eremuaren azpitik. Ebazpen honen baldintzen artean adierazten dira proiektua egiteak sare hidrografikoan eta lotutako biodibertsitatean izanen dituen ondorioak arintzeko hartu beharreko neurriak.

IIAk bateragarritzat jotzen du proiektua egin bitartean sortuko den landarediaren gaineko hondar eragina, landare estalkia aldatu edo narriatzearen ondoriozkoa. Bateragarritasun hori ondorioztatzen da, batez ere, modulu fotovoltaikoak ezarriko diren eremuak lehorreko zerealen nekazaritza erabilera duelako, inolako landaredi naturalik gabe. Tentsio ertaineko lurpeko linearen trazadura lehendik dauden bideei atxikia doa, oro har, edo laborantza eremuetatik. Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren arabera, proiektuaren diseinu eta exekuzioan, uneko landaredi naturala errespetatu beharko da etzeetan, ezpondetan eta mugetan, batez ere «Los Mulares» instalazio ondoan, mendebaldean, kokatzen den Valtraviesa errekaren adar bati lotutako espartzu larre-sastraka eremu bati dagokionez. IIAn eta ebazpen honen baldintzetan zehazten diren prebentzio eta zuzenketa neurrien artean zehazten dira proiektua florarekin, landarediarekin eta habitatekin bateragarria dela ziurtatzeko hartu beharreko neurriak.

Sustatzaileak bateragarritzat jotzen du IIAn proiektuaren exekuzio eta funtzionamendu faseetan gertatuko diren habitat galeren eta eragozpenen ondoriozko faunaren gaineko hondar eragina. Ebakuazio linea lurpetik diseinatu izanak hegazti fauna ukitzea saihesten du, ez baita talka edo elektrokuzio arriskurik egonen. IIAn planteatzen diren neurri zuzentzaileei esker, habitataren aldaketatik eratorritako hondar inpaktu erreala eta ustiapen aldiko hesi efektua bateragarritzat jo dira. Ingurumen Ebaluazioaren Atalak jakinarazi zuen ezarpen eremua «a priori» potentzialitate txikikoa zela estepako hegazti espezie katalogatuentzat, baina ezarpen eremuan dauden lehorreko belar laboreak habitat egokia direla babes bereziko araubideko espezieen zerrenda barruan dauden passeriformes espezieentzat. IIAn eta ebazpen honen baldintzetan prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak planteatzen dira proiektua eta faunaren kontserbazioa bateragarri egiteko.

IIAk proiektuaren ezarpen eremuko paisaia aztertzen du, ikuseremua kalkulatuz eta proiektuaren inpaktua ebaluatuz, paisaiaren kalitate eta hauskortasun balioen arabera. Sustatzailearen balorazioaren arabera, eremuko paisaia kalitate bisual txiki-ertainekoa eta hauskortasun txiki-ertainekoa da. Neurri prebentibo eta zuzentzaile moduan, sustatzaileak heskai perimetral bat mantentzea eta eragindako eremuetako landareen lehengoratzea proposatzen ditu, ebakuazio linea lurpekoa izateaz gain. Aurreikusitako instalazioen lanen eta ustiapenaren faseetan izanen den intrusio bisualak paisaian eraginen duen hondar inpaktua bateragarritzat jotzen da IIAn. Espedientean ez da ageri Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalak emandako paisaiaren inguruko txostenik. Nolanahi ere, lurzoru urbanizaezineko jardueren nahitaezko baimenean txertatzen ahalko da faktore hori.

Sustatzaileak prospekzio arkeologikoko bi proiektu erantsi dizkio IIAri, organo eskudunaren aurrean izapidetutako prospekzio arkeologikoa baimentzeko eskaerarekin batera. Neurri prebentibo eta zuzentzaileen artean, sustatzaileak konpromisoa hartzen du, alde batetik, agertzen diren aurkikuntza arkeologiko berriak babesteko behar diren aldaketa, birkokapen edo eraldaketak egiteko, eta, bestetik, lanen tokian bertan jarraipena egiteko teknikari arkeologo baten eskutik. IIAk bateragarritzat jotzen du lanak egitetik eratorritako ondare arkeologikoaren gaineko hondar inpaktua. Edonola ere, proiektua izapidetzean eta lanak egitean, Nafarroako kultur ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak xedatutakoa bete beharko da.

IIAk zaurgarritasun txiki edo oso txikia aurreikusten du instalazioek duten istripu larri edo hondamendiak sufritzeko arriskuari dagokionez; beraz, egindako analisia abiapuntu hartuta, ez da ingurumen faktoreen gaineko eragin nabarmenik aurreikusi istripu larri edo hondamendi naturalen aurreko proiektuaren zaurgarritasuna dela eta.

Sustatzaileak bateragarritzat jo du eguzki instalazio fotovoltaikoen inpaktu metagarri eta/edo sinergikoa, prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatu ondotik.

c) Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programa (IZP) bat aurkeztu du, desmuntatze fasera arte, baina aurrekontuan sartu den jarraipena ustiapenaren lehen hiru urteetarako da bakarrik, astean behingo bisitekin. Fitxa metodologikoak deskribatu ditu sustatzaileak jarraituko diren ingurumen faktoreetako bakoitzerako, horren barne direla helburuak, adierazleak eta hartuko diren ekintza eta neurriak. Urtean behin txosten arrunt bat eta bukaerako txosten bat entregatzea proposatzen da; horrez gainera, ezohiko eta/edo berariazko txostenak entregatzeko aukera ere proposatzen da, ustekabeko egoerak gertatzen badira edo organo eskudunak eskatzen baditu.

4.–Proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondotik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ondorioztatu du ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren prozedura ongi egin dela, eta uste du «Los Mulares» eta «Baretón» izeneko eguzki instalazio fotovoltaikoak eta beren ebakuazio azpiegiturak bideragarria direla zenbait baldintzarekin. Horregatik proposatzen du aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea, baldin eta betetzen badira prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak, ingurumena zaintzeko programa eta ingurumen inpaktuaren adierazpen honetan ezartzen diren gainerako baldintzak.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena ematea Erriberriko udal mugartean Ríos Renovables SLUk sustatutako «Los Mulares» eta «Baretón» eguzki instalazioetarako eta horiei lotutako energia ebakuatzeko azpiegituretarako.

2. Jarduera egiteko, jarraitu beharko zaie idazpuruan azaltzen den espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei, eta baldintza hauei ere bai:

I) Proiektuaren baldintza orokorrak:

1. Sustatzaileak ingurumen inpaktuaren azterketan eta haren eranskinetan jasotako eta jendaurreko informazioaren izapideen ondotik onartutako prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurri guztiak bete beharko ditu, edo espedienteari emandako informazio osagarrian jasotakoak, baldin eta ebazpen honetan ezarritakoaren aurkakoak ez badira, baita ingurumen inpaktuaren adierazpen honetan zehaztutako baldintza eta neurri gehigarriak ere.

2. Oro har, ebazpen honetan eskatutako neurri guztiak sustatzaileak eraikuntza baimena eskatzeko organo eskudunean aurkeztu beharreko exekuzio proiektuan sartuko dira. Era berean, lanak bukatzean eta funtzionatzen hasteko baimena eskatu aurretik, ingurumen organoari egiaztatu beharko zaio ebazpen honetan ustiapen aldirako zehaztutako neurri aringarriak eta ingurumen jarraipeneko neurriak programatu eta abiarazi direla.

3. Lanak hasi baino 72 ordu lehenago gutxienez, Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren eta Ingurumen Ebaluazioaren Bulegoari jakinarazi beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es).

II) Ondorio adierazgarrienak prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriei buruzko baldintzak:

4. Proiektuaren diseinu eta exekuzioa lurzorua eta lurzoruaren morfologia ahalik eta gutxien ukituz egin beharko dira. Horretarako, baldintza hauek beteko dira:

–Oro har, ez dira ukituko %10etik gorako maldak. Ardatz horizontala duten jarraitzaileen gaineko modulu fotovoltaikoak %5eko edo gutxiagoko maldetan ezarriko dira bakarrik. %5etik gorako eta %10erainoko maldetan, modulu fotovoltaikoak egitura finkoen gainean instalatuko dira.

–Azterketa geotekniko zehatza egin ondotik, modulu edo jarraitzaile fotovoltaikoen euste elementuak lurrean zuzenean tinkatuko dira, ahal den guztietan, pilote edo hormigoizko zapataren erabilera ahalik eta txikiena izan dadin.

–Moduluen euskarrien egiturak lurzoruaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko dira, lanak egin bitartean guztiz ezinbestekoak diren eremuak soilik ukitzeko moduan, eta lur mugimendu ahalik eta txikienak egiteko moduan. Ez da baimenduko lurzoru geruzarik kentzea instalazioaren ezarpenak hartzen duen azalera osoan. Plakak ezartzeko eremuan egin beharreko sasi garbitzeak eta lur berdintzeak ez dira eremu osoak ukituz eginen; zimenduen zutoinek osatzen dituzten lerroetarako beharrezkoak diren ukipenak soilik eraginen dira, modulu fotovoltaikoen ezarpen eta/edo funtzionamendu egokirako doi beharrezkoak direnak.

5. Lanak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da eta ezin ukitzen ahal diren eremuak balizatuko dira. Landaredi naturaleko eremuetan ez da inolako material bilketarik edo isuririk eginen, eta makinak ez dira eremu horietan kokatuko. Lurzatien arteko banaketen mugak eta bertan dagoen landaredia mantentzea lehenetsiko da, egun dauden harri metak errespetatuko dira, faunarentzat intereseko lekuak direlako gehienbat nekazaritzarako den ingurune baten barruan. Neurri hau aplikagarria izanen da lurpeko linea elektrikoaren trazadurak eta zangek ukitutako azaleretan.

6. Lur naturala edo soro landuak dituzten jarduketa eremuetan, landare lurreko geruza aurretiaz kendu beharko da, gutxienez 30 cm-ko sakoneraraino. Material hori berariaz hautatutako tokietan metatuko da, 2 m-tik beherako altuera duten kabailoiak osatuz, lanak bukatutakoan lehengoratze lanetan erabiltzeko.

7. Lur mugimenduak eurien garaian egiten badira eta euriak sedimentuak eramaten baditu drainatze sare naturalera, drainatze osagarriak eginen dira, jariatze urak solidoei eusteko sistemetarantz bideratzeko; urak drainatze sare nagusian isuri aurretik kokatutako puntuetan ezarriko dira sistema horiek.

8. Lur mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko ahalegina eginen da, eta lanetan bertan erabiliko dira. Hondeaketak eta zangaren exekuzioa bukatzean sobera dauden lurrak nekazaritzako lurzatietan zabaltzen ahalko dira, baina ez hurbileko etzeetan edo landaredi naturalean. Lur soberakinik egotekotan, hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu, eta lehentasunezko helburua izanen da inguruko espazio narriatuak lehengoratzea. Lehengoratzeko lanetan erabiliko ez diren lurrak zabortegi baimendu batera lekutuko dira. Nolanahi ere, lurren lekualdaketa eskatzen duten operazio guztiek Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren aldeko txostena beharko dute.

9. Erriberriko udal mugarteko 12. poligonoko 348 lurzatian dagoen landaredia naturala, «Los Mulares» instalazio fotovoltaikoaren aldamenekoa, ezin da proiektuaren exekuzioarekin ukitu.

10. Lurpeko ebakuazio linearen zangaren trazadura landaredi naturaleko eremuetatik doanean, bideko errodadura bandaren gainetik eginen da zanga ahal bada, bide ertzetik egin beharrean. Lehendik dauden bideak lanak bukatzean lehengoratu beharko dira, beren funtzionalitatea erabat berreskuratu arte.

11. Ebakuazio linearen zanga eta drainatze naturaleko ibilguak gurutzatzen diren puntuetan, bisoi europarrarentzat egokia den habitata egotekotan (sastraka trinkoa, lezka, etab.), irailaren 1etik martxoaren 30era bitartean eginen dira lanak, espezie horren ugalketarako aldi kritikoa kanpo utzita. Salbuespen gisa, eta faunan eskumena duen teknikariak prestatutako justifikazio txostena ingurumen organoari aurkeztu ondotik, lanak egiten ahalko dira, inguruan belar sastrakak garbitzen badira, apirilaren 1a baino lehen. Lanak ez badira berehala hasten, belar sastrakak garbitu beharko dira aldian-aldian, landare estalkia ez dadin hazi lanak hasi arte. Belar sastrakak ez badira garbitu apirilaren 1a baino lehen, espezie babestuetan eskumena duen unitatearen berariazko baimena beharko da. Kasu horretan, belar sastrakak eskuz garbitzea bakarrik izanen da bideragarria. Landare estalkia kendu eta 48 ordura hasten ahalko dira lanak.

12. Lanak egin bitartean Nafarroako landare eta animalia mehatxatuen katalogoetan edota Espainiako espezie mehatxatuen katalogoan jasotako espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

13. Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Hesia diseinatuko da iragazkortasuna hobetzeko tamaina txikiko faunarentzat, eta ez du elementu zorrotz edo ebakitzailerik izanen.

14. Inguruko hesia seinalez markatzeko neurriak hartuko dira, hegaztiek ikus ditzaten, landare naturalez egindako pantailak eratuz eta/edo plakak jarriz, metalikoak hobe, 15x30 edo 20x20 cm-koak, zuriak edo kontraste handikoak, batetik bestera bi metroko tarte horizontala utziz eta bi ilaratan jarrita, itxituraren altuera desberdinetan, modu alternoan kokatuta.

15. Ingurumen inpaktuaren azterketan aurreikusitako inguruko zuhaixken hesiaren landaketa ez da eginen azpiegiturak ahalik eta gehien ezkutatzeko bakarrik. Espezieen landaketa diseinatu eta hautatzean, ez da forma erreferentzia, irudi geometriko, inausketa edo horrelakorik baliatuko, aitzitik, ahalik eta aniztasun handiena bilatuko da morfologian (zuhaitzak, zuhaixkak, sastrakak eta belarrak) eta espezieetan, ingurumen zerbitzu gehiago sortzeko (loreak, fruituak, konektagarritasuna), eta betiere inguruko landaredi serieetako espezie autoktonoak erabiliko dira.

16. Lanei ekin aurretik, ingurumen inpaktuaren azterketaren 15. kapituluan adierazitako landareztatze proiektua aurkeztuko da. Inguruko landaredi serieko espezie autoktonoak erabiliko dira landareztatzeko. Zurezko eta basogintzako landareen haziak zonaldekoak izanen dira, Ekoizpeneko Baso Materiala Identifikatzeko eta Erabiltzeko Eskualdeetako arauen arabera. Lanak bukatu eta 6 hilabete igaro baino lehen bukatu beharko dira landareztatze lanak. Landaketak eta hidroereiteak landaketa garaiaren, klima baldintzen eta abarren mende daudenez, lanak bukatu eta hurrengo landaketa garaian eginen dira. Landaketen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, instalazioen bizitza baliagarri guztian.

17. Instalazioetan argiteria planteatu bada, ezinbestekoak diren argiak jarriko dira soilik. Kanpoko argiztapena erabiliko da behar den lanorduetan edo lanetan, eta gainerako denboran itzalita egon beharko da.

18. Lanak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta lanen hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Lanek eragindako gainazal guztiak, aldi batez eragindakoak barne, harrotu eginen dira eta, behar izanez gero, landare lurraren geruza batez estaliko dira, zeina lehenago kendu eta behar bezala pilatuko baita. Lanak bukatzen direnetik sei hilabete igaro baino lehenago, eragindako gainazal guztietan belardiko inguruko espezie autoktonoen hazien nahasketa bat ereinen da, ez bada laborantzarako lurrak direla.

19. Ingurumen inpaktuaren azterketak babeserako belar estalki iraunkor bat parkean mantentzea planteatzen du faunari zuzendutako neurri arintzaile moduan; izan ere, habitat egokia da lehorreko nekazaritza eremuekin lotutako zenbait passeriformes espezierentzat, eta espezie horiek espezie basatien zerrendan sartuta daude babes bereziko araubidean. Konpentsazio neurri moduan, sustatzaileak habitat egoki hori mantenduko du Erriberriko udal mugarteko 12. poligonoko 349 lurzatiaren azalera osoan, hor ezarriko baitira bi instalazio fotovoltaikoak. Lurzatiaren azalera, perimetro hesituetatik kanpo, lugorri utziko da instalazioen balio bizitza osoan, eta landarediaren garapena abereekin edo gainazaleko lurren lantzearekin kontrolatuko da. Artzaintza zein ekintza mekanizatuak babestuko diren hegaztien ugalketa garaitik kanpo eginen dira, hau da, martxoaren 15etik abuztuaren 31ra bitarteko alditik kanpo.

20. Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiltzea gomendatzen da, eta, behar berezia izanez gero, sasi garbitze mekanikoa baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

21. Lagomorfoak, karraskariak eta bestelako animaliak kontrolatu behar badira, egokiak diren baimenak eskuratu ondotik, baliabide mekanikoak eta biologikoak erabiliko dira eta guztiz debekaturik egonen da pestizidak, intsektizidak, errodentizidak eta bestelako pozoiak erabiltzea.

22. Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.

23. Proiektua gauzatu aitzin, sustatzaileak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena eskuratu beharko du, Nafarroako kultur ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 32. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

24. Ingurumen inpaktuaren azterketan proposatu den ingurumen zaintzako programa beteko da. Lehen bi urteetan, ingurumena zaintzeko programan aurreikusitako bisita planarekin bat, inguruko hesiarekin edo modulu fotovoltaikoekin talka egitearen ondorioz hildako hegaztien hilikiak bilatuko dira. Nafarroako edo Espainiako espezie mehatxatuen katalogoan dagoen espezieren bat aurkitzekotan, edo faunaren ezohiko heriotza tasa bat antzematen bada, berehala jakinaraziko zaio Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren eta Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Hirugarren ustiapen urtea hasten denetik aurrera, lortutako datuen arabera eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren baimena jaso ondotik, ahalegina murrizten ahalko da.

25. Proiektuaren balio bizitza bukatuta, instalazio guztiak deseginen dira, eta okupatutako lurrak jatorrizko egoerara lehengoratuko dira. Uzte eta eraiste aldiak lehengoratze proiektu espezifiko baten xede izan behar du. Sustatzaileak aurkeztuko du, eta ingurumen arloko organo eskudunen txostena beharko du.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Ingurumeneko Basozainen Atalari, Tafalla-Zangoza aldeko Koordinazio Unitateari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 2an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–JENDAURREKO INFORMAZIOAREN IZAPIDEAREN EMAITZA

Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan eta Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluan xedatutakoa betez, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak 30 egun baliodunez jendaurrean jarri zituen Ríos Renovables SLU sozietateak sustatutako «Los Mulares» (4,02 MW) eta «Baretón» (4,95 MW) eguzki instalazio fotovoltaikoen eta beren ebakuazio azpiegituren proiektuak eta ingurumen inpaktuaren azterketak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2025eko urtarrilaren 28ko 18. zenbakian eta 2025eko otsailaren 25eko 38. zenbakian, iragarki bana argitaratuta.

Ez zen alegaziorik jaso.

ERAGINDAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOENTZAT ETA PERTSONA INTERESDUNENTZAT IREKITAKO KONTSULTA IZAPIDEAREN EMAITZA

Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan eta energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornidura egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikuluan xedatutakoa betez, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien jarraian adierazitako erakundeei, eta taulan ageri diren txostenak jaso zituen:

ERAKUNDEA

LOS MULARES

BARETÓN

Erriberriko Udala

Ingurumen Ebaluaziorako Atala

X

X

Paisaiaren eta Landa lurzoruaren Atala

Autopistas de Navarra SA

X

Canal de Navarra SA

X

Zainketa Zerbitzua (Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia)

Herri Lurren Atala (Nekazaritza eta Abeltzaintzaren Zuzendaritza Nagusia)

X

Iragarkiaren kodea: F2506518