101. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

248/2025 EBAZPENA, maiatzaren 12koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, hein batean errebokatzen duena Etxebizitzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 19ko 564/2024 Ebazpenaren bidez emandako eskumen eskuordetza.

Etxebizitzako zuzendari nagusiak abuztuaren 19ko 564/2024 Ebazpena eman zuen, haren bidez zenbait eskudantzia eskuordetzan emateko Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariari. Ebazpen hori 2024ko 182. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 6koan.

Barneko egituraren antolaketan izandako zenbait aldaketaren ondorioz, abuztuaren 19ko 564/2024 Ebazpena hein batean errebokatu beharra dago.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 11.4 artikuluan xedatzen duenez, eskuordetzea noiznahi errebokatzen ahalko du eskuordetzea egin duen organoak. Era berean, arau horretan ezartzen da hala eskumenak eskuordetzan emateko ebazpenak nola errebokatzekoak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko direla.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hein batean errebokatzea Etxebizitzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 19ko 564/2024 Ebazpenaren bidez emandako eskumen eskuordetza, gai hauei dagokienez:

–Etxebizitza babestuen salerosketarako edo errentamendurako kontratuak sinatzeko baimenak ebaztea.

–Etxebizitza babestuen salerosketarako edo errentamendurako kontratuei buruzko bisatuen gainean ebaztea, bai eta etxebizitza erabiliak erosteko dirulaguntzei buruzkoak ere, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen hogeita laugarren xedapen gehigarrian aipatzen direnak.

–Lehentasunez erosteko eskubidea baliatzea edo hari uko egitea etxebizitza babestuaren kostu bidezko eskualdatze guztietan, bai eta gainerako etxebizitzen –libreak edo babestuak– eskualdatzeetan ere, eskubide hori Nafarroako Gobernuari baldin badagokio.

–Baimena ematea etxebizitza babestuak partikularren artean edozein tituluren bidez eskualdatzeko.

–Etxebizitza alokatzeagatiko kenkari fiskalak emateko eta aurretiaz ordaintzeko eskaerei buruz ebaztea.

2. Etxebizitzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 19ko 564/2024 Ebazpenaren bidez eskuordetzan emandako gainerako eskumenek beren horretan segituko dute indarrean.

3. Ebazpen hau Etxebizitza Zerbitzura eta Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 12an.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Elga Molina Roig.

Iragarkiaren kodea: F2506896