Iragarkia
10. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 16a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
75/2024 FORU AGINDUA, abenduaren 5ekoa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, prestakuntza beka baterako deialdia onesten duena Kazetaritzako, Ikus-entzunezko Komunikazioko edo Publizitateko eta Harreman Publikoetako gradudun titulua duten pertsonentzat, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Analisi eta Prospekzio Bulegoan aritzeko. DDBN identifikazioa: 797366.
Urriaren 11ko 217/2023 Foru Dekretuaren bidez, Analisi eta Prospekzio Bulegoa erakunde autonomoa sortu zen, eta haren estatutuak onetsi ziren. Besteak beste, eskumen hauek esleitu zitzaizkion: Nafarroak aurre egin beharko dien erronkak eta aukerak identifikatzea informazioaren azterketa sistematikoa eginez, zeharkako politika publikoen planifikazio, jarraipen eta etengabeko ebaluazio lanetan aholku ematea eta berrikuntza publikoko prozesuen planifikazioan, jarraipenean eta ebaluazioan lagun egitea eta orientatzea.
Ildo horretan, interesgarritzat jotzen da Kazetaritzako, Ikus-entzunezko Komunikazioko edo Publizitateko eta Harreman Publikoetako gradudunen prestakuntza sustatzea, Analisi eta Prospekzio Bulegoan egiten diren jarduketen ezagutza zuzenagoa izan dezaten, tituludunek beren garapen profesionala arlo horietara bideratu dezatela sustatzeko asmoz.
Azaldutakoagatik, Analisi eta Prospekzio Bulegoak proposatu du prestakuntza beka bat ematea Kazetaritzako, Ikus-entzunezko Komunikazioko edo Publizitateko eta Harreman Publikoetako gradudunentzat.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz, zehazki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 4. artikuluari dagokionez,
AGINTZEN DUT:
1. Kazetaritzako, Ikus-entzunezko Komunikazioko edo Publizitateko eta Harreman Publikoetako gradudun titulua duten pertsonentzako prestakuntza beka bat emateko deialdia onestea. Bekak 12 hilabeteko iraupena izanen du, eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Analisi eta Prospekzio Bulegoan aritzeko da.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek foru agindu honen eranskinetan ageri dira.
3. 2025. eta 2026. urteetarako, gehienez 18.000,00 euroko gastua baimentzea urte bakoitzeko, zeina finantzatuko baita 2024. urteko Gastu-aurrekontuan "Ikerketa proiektuak eta bekak" izena duen 031000 03100 4809 462100 partidaren baliokidea izateko asmoz 2025eko eta 2026ko gastu-aurrekontuetan gaitzen den partidaren kargura, betiere bi aurrekontu horietan kreditu egokia eta nahikoa baldin badago, eta xehetasun honen arabera:
–13.500,00 euro 2025. urterako.
–4.500,00 euro 2026. urterako.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu hau igortzea Analisi eta Prospekzio Bulegora, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abenduaren 5ean.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
I. ERANSKINA.–KAZETARITZAKO, IKUS-ENTZUNEZKO KOMUNIKAZIOKO EDO PUBLIZITATEKO ETA HARREMAN PUBLIKOETAKO GRADUDUNENTZAKO PRESTAKUNTZA BEKA BATEN DEIALDIA, LEHENDAKARITZA ETA BERDINTASUN DEPARTAMENTUKO ANALISI ETA PROSPEKZIO BULEGOAN ARITZEKO. OINARRIAK
1. oinarria.–Xedea.
Deialdi honen xedea da prestakuntza beka bat ematea Kazetaritzako, Ikus-entzunezko Komunikazioko edo Publizitateko eta Harreman Publikoetako gradudun titulua edo horren baliokidea duten pertsonei, norgehiagokako araubideari jarraikiz, Analisi eta Prospekzio Bulegoa erakunde autonomoan aritzeko.
Deialdiak unibertsitateko tituludunen prestakuntza bultzatzea du helburu, Analisi eta Prospekzio Bulegoan aurrera eramaten diren gizarte politiken gaineko informazioa, komunikazioa eta hedapena zuzenean ezagut ditzaten. Hona hemen garatu beharreko zereginak:
–Analisi eta Prospekzio Bulegoaren webgunea kudeatzea eta hango edukiak eguneratzea.
–Analisi eta Prospekzio Bulegoaren eginkizunekin eta eskumenekin lotutako berrien eguneroko jarraipena egitea.
–Analisi eta Prospekzio Bulegoaren sare sozialak mantentzea eta eguneratzea.
–Testuak egitea: prentsa-oharrak, txostenen laburpenak, memoriak, informazio-liburuxkak, buletinak, kartelak, etab.
–Analisi eta Prospekzio Bulegoak antolatzen dituen jardunaldietan eta ekitaldietan laguntzea.
–Analisi eta Prospekzio Bulegoaren eginkizunekin eta eskumenekin zerikusia duten beste zeregin batzuk.
2. oinarria.–Aurrekontu erabilgarria.
Deialdi honetarako, 18.000,00 euro bideratu dira; 13.500,00 euro egotziko dira 2025eko gastu-aurrekontuko "Ikerketa proiektuak eta bekak" izeneko 031000 03100 4809 462100 partidaren kargura, eta 4.500,00 euro, 2026ko aurrekontuetan gaituko den partida beraren edo antzeko baten kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago bi ekitaldi horietan.
3. oinarria.–Iraupena.
Bekak hamabi hilabete iraunen du, 2025eko apirilaren 1etik hasita, edo, hura emateko ebazpena geroago ematen bada, ebazpen horretan adierazten den egunetik hasita.
Analisi eta Prospekzio Bulegoko zuzendari nagusiak beka luzatzen ahal du, gehienez ere hiru urtez, hasierako aldia eta luzapenak barne.
4. oinarria.–Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.
Bekaren hileko zenbatekoa 1.500 euro gordin dira, edo haren zati proportzionala, hala badagokio, eta hilabete bakoitza bukatutakoan ordainduko da, deskontatu ondoren PFEZaren atxikipena eta Gizarte Segurantzaren kuotari dagokion zenbatekoa, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; izan ere, dekretu horren bidez arautzen da prestakuntza programetan parte hartzen duten pertsonak nola eta zein baldintzatan sartzen diren Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa garatuz).
5. oinarria.–Tutoretzak.
5.1. Bekaren onuradunak egiten dituen jarduerak tutore batek zuzendu eta gainbegiratuko ditu. Tutore horrek beka lortzeko eskatzen den titulazioaren parekoa edo goragokoa izan beharko du, eta Analisi eta Prospekzio Bulegoak izendatuko du.
5.2. Tutoreak bekadunak egin beharreko lan zehatzak aginduko ditu, ordutegiak finkatuko ditu eta agintzen zaizkion eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituen begiratuko du.
6. oinarria.–Bateraezintasunak.
Prestakuntza beka bateraezina izanen da administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.
7. oinarria.–Eskatzaileen betebeharrak.
Beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.
c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Aginduaren 13.2 artikuluarekin.
d) Nafarroan bizitzea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.
e) Lehenbiziko oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta ikasketa horiek azken hiru urtean bukatuak izatea, deialdi hau argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.
f) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.
8. oinarria.–Balorazio baremoa.
Ebaluazio batzordeak aztertu eta baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak, eta bekak puntuazioaren araberako hurrenkeran emateko proposatuko du, betiere gutxienez 10 puntu lortzen dituzten izangaien artean.
Eskaerak baloratzeko, honako baremo honen arabera kalifikatuko dira merezimenduak (30 puntu arte, gehienez ere):
a) Ikasketa espedientea (gehienez ere 5 puntu).
Espedientearen batez besteko nota baloratuko da. Baliozkotu, onartu edo egokitutako irakasgai edo kredituen kasuan, haien kalifikazioa zehazten ez denean, "nahikoa" gisa baloratuko dira. Era berean, ikasketa planen arabera bakarrik "gai" kalifikazioa izaten ahal duten kreditu edo irakasgaiak ez dira kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.
Ez dira baloratuko, 10 puntuko eskala harturik, 6,0 puntutik beherako batezbestekoa duten espedienteak (4ra bitarteko eskala harturik, 1,5 puntutik beherakoak). Puntuazioa honela baloratuko da:
Espedientea baloratzeko eskala 0tik 10era bitartekoa den kasuetan, formula hau aplikatuko da:
P=f(x)=((x-6) 4.5)/4+0.5
Espedientea baloratzeko eskala 0tik 4ra bitartekoa den kasuetan, formula hau aplikatuko da:
P=f(x)=((x-2,4) 4.5)/1,6+0.5
Bi kasuetan, atal honen emaitza 2 dezimaletara biribildutako puntuazioa (P) izanen da, "x" zenbakiaren ordez espedienteko batez besteko puntuazioa jarri ondotik, dagokion eskalaren arabera.
b) Egin beharreko lanari lotutako prestakuntza (gehienez ere 5 puntu):
Honako arlo hauei buruzko prestakuntza ikastaroak egin izana baloratuko da, 0,5 puntu emanez 15 eskola-orduko, eta gehienez ere 5 puntu:
–Web-orriak diseinatzea eta/edo mantentzea.
–Dibulgazio dokumentuak prestatzea ikus-entzunezko formatuan.
–Komunikazioaren arloko dokumentuak prestatzea..
–Sare sozialak.
–Datu estatistikoen analisiaren eta hedapenaren gaineko jakintza.
–Adimen artifiziala.
Ez dira kontuan hartuko 15 ordutik beherako ikastaroak.
Prestakuntza egiaztatzeko, hura egin izana ziurtatzen duten dokumentuen kopia aurkeztu beharko da. Aurkezten den dokumentazioan, egindako orduen edo kredituen kopurua agertu beharko da. Jasotako prestakuntza egindako kredituen kopuruaren bidez frogatzen bada, prestakuntza eman duen entitateak egindako ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da, egindako kredituen orduko baliokidetasuna adierazten duena.
Analisi eta Prospekzio Bulegoak beretzat gordetzen du aurkezturiko dokumentuetako edozeinen jatorrizkoa edo notario edo administrazio batek autentifikatutako kopia prozeduraren edozein fasetan eskatzeko eskubidea.
c) Hizkuntzak ezagutzea: ingelesa, frantsesa, alemana eta euskara (gehienez ere 2 puntu).
Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 maila izatea edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulazioa izatea puntu batekin baloratuko da hizkuntza bakoitzeko. Maila txikiagoko ziurtagiriak edo titulazioak honela baloratuko dira:
–A1 eta A2 mailak: 0,15 puntu
–B1 maila: 0,25 puntu
–B2 maila: 0,5 puntu
Hizkuntza maila ofizialki onartutako ziurtagirien bidez dokumentatuko da.
d) Lan profesionala eta bekak (metagarriak, gehienez ere 6 puntu).
Lanbide jarduerak:
–Egin beharreko zereginekin lotutako lan profesionala (1. oinarria): 3 puntu, urte bakoitzeko.
–Bekaldiak (eskatzen den titulazioa lortu ondoren): 1,5 puntu, urte bakoitzeko.
Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
Curriculumeko praktikak ez dira kontuan hartuko.
Esperientzia frogatuko da entitate kontratatzaileek egindako ziurtagiriak aurkeztuz; bertan, emandako zerbitzua eta datak adieraziko dira.
e) Idatzizko proba (gehienez ere 7 puntu).
Proba praktiko bat eginen da, non ariketa labur bat edo batzuk egin beharko baitira idazteko, sortzeko, analisi kritikoa egiteko eta abarrerako trebetasunak ezagutzeko.
Beka eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, proba egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Proba hori egitera joatea nahitaezkoa da. Hortaz, agertzen ez direnen eskaerak artxibatu eginen dira.
f) Buruz buruko elkarrizketa (gehienez ere 5 puntu).
Bost kalifikazio onenak lortzen dituzten eskatzaileei buruz buruko elkarrizketa bat eginen zaie. Baloratzeko orduan, motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, talde-lanerako gaitasuna eta beste trebetasun batzuk hartuko dira kontuan.
Beka eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketara joatea nahitaezkoa da. Hortaz, elkarrizketara agertzen ez diren izangaien eskaerak artxibatu eginen dira.
9. oinarria.–Eskaerak.
9.1. Prestakuntza beka lortu nahi dutenek honako bide hauek erabiltzen ahal dituzte eskabidea aurkezteko:
–Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa. Erregistroan sartzeko, identifikazio digitalerako tresna hauetakoren bat behar da:
–Ziurtagiri digitala.
–NAN elektronikoa.
–Cl@ve.
Modalitate honetan aurkezten diren eskaeren kasuan, gomendatzen da "Oharrak" atalean adieraztea eskaera Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiko Analisi eta Prospekzio Bulegoari zuzentzen zaiola.
–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako gainerako lekuetatik edozeinetan.
Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Bekaren eskabidea deialdi honetako eredu normalizatuari jarraikiz aurkeztu beharko da (II. eranskina), honako agiri hauekin batera:
a) Deialdian eskatzen den tituluaren kopia.
b) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne.
c) Alegatu diren gainerako merezimenduak, jatorrizko ziurtagiriaren edo fotokopia soilaren bidez frogatuak.
d) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, bi aldeetatik.
e) Nafarroan erroldatua egotearen ziurtagiria, erroldatzearen antzinatasuna adierazita.
9.2. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, eta hori jakinaraziko zaiola.
Eskabidearekin batera aurkezten ez diren merezimenduen egiaztagiriak ezin izanen dira zuzendu.
9.3. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
9.4. Organo eskudunak edozein unetan eskatzen ahalko du aurkeztutako kopiak benetakoak direla egiaztatzen duten jatorrizko dokumentuak aurkezteko.
10. oinarria.–Ebaluazio batzordea: osaera eta beka emateko prozedura.
10.1. Ebaluazio batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera. Ebaluazio batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, beka eskatzen dutenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz. Ebazpen horretan adieraziko da zenbat puntu eman zaizkion guztira izangai onartuari. Batzordeak kide hauek izanen ditu:
Batzordeko burua.
–Titularra: Antidio Martínez de Lizarrondo Artola, Analisi eta Prospekzio Bulegoko Analisiaren, Ebaluazioaren, Berrikuntzaren, Prospekzioaren eta Estrategia Operatiboaren Zerbitzuko zuzendaria.
–Ordezkoa: Luis Tarrafeta Sayas, Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiko Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zerbitzuko zuzendaria.
Batzordeko kideak.
–Titularra: Rubén Auza Catalán, Analisi eta Prospekzio Bulegoko Analitika Aurreratuaren eta Prospekzioaren Ataleko burua.
–Ordezkoa: Víctor Iraceburu Zazpe, Analisi eta Prospekzio Bulegoko Analitika Aurreratuaren eta Prospekzioaren Ataleko soziologoa.
–Titularra: Sara Soto Ahechu, Analisi eta Prospekzio Bulegoko Estrategia Operatiboaren eta Ebaluazioaren Ataleko burua.
–Ordezkoa: Maite Zufía Arbilla, Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiko Plangintza Estrategikoaren Ataleko burua.
Batzordeko kide eta idazkaria.
–Titularra: Begoña Alfaro Oricáin, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.
–Ordezkoa: Maite Berraondo Moral, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).
10.2. Prozedura ofizioz hasiko da interesdunen eskaera jasotakoan. 7. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.
10.3. Ebaluazio batzordeak proposatuko du zein izangairi eman beka, izangaiek lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera.
10.4. Analisi eta Prospekzio Bulegoko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez emanen da beka, instrukzio organoak proposamena egin ondoren.
Ebazpenak adieraziko du nori eman zaion beka, eta, halakorik bada, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla.
Ebazpena puntuazio handiena lortzen duen interesdunari jakinaraziko zaio, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da, deialdiaren fitxan, eskatzaileen lehentasun hurrenkerarekin batera, instrukzio organoak emandako puntuazioaren arabera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.
11. oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.
a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.
b) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan den jarduera egin duela eta helburua bete dela.
c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egiten ahal dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.
d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.
e) Jarduerak hasten direnean frogatzea, hala behar denean, bere zerga betebehar guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela.
f) Emandako bekari berariaz uko eginez gero, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez jakinaraztea organo eskudunari.
g) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.
h) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean jakiten duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.
i) Zein organotan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araudia betetzea.
j) Beka bukatu eta hurrengo hilabeteko epean, egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztea. Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat erantsiko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.
12. oinarria.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.
Bekaren onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du bere jarduera. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ez duen erabakitzen ezinbesteko arrazoiren bat edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera gertatu dela.
Bekari berariaz uko eginez gero, Analisi eta Prospekzio Bulegoari horren berri eman beharko zaio, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.
Eskuratutako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.
13. oinarria.–Prestakuntza jarduera egitea.
Bekaren onuraduna Analisi eta Prospekzio Bulegoaren egoitzan arituko da (González Tablas kalea 7, lehen solairua), eta astean gehienez 30 orduko dedikazioa izanen du.
Bekaren onuradunak 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du bekaldiaren hilabete bakoitzeko.
14. oinarria.–Jabetza intelektuala eta datuen babesa.
Jabetza intelektualaren gaineko eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.
Era berean, bekadunak honako arau hauetatik datozen betebeharrak bete beharko ditu: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa; eta, azkenik, horiek garatzeko beste edozein arau. Hala, prestakuntzaldia bukatuta ere, berdin bete beharko ditu bekaren bitartez eskura izan dituen datu pertsonalak tratatzeari buruzko indarreko xedapenak.
15. oinarria.–Lan edo administrazio harremanik eza.
15.1. Beka jasotzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.
15.2. Prestakuntza bekadunaren onuradunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo lan kontratudunek gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Beken onuradunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.
16. oinarria.–Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
Bekadunak, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari den, administrazio horrekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionario publikoei dagozkien ordain berberak jasotzeko.
17. oinarria.–Oker jasotako diru kopuruen itzulketa.
Jasotako diru kopuruen itzulketari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da. Zehazki, honako egoeretan itzuli beharko da dirua:
a) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egiten ardurarik ez jartzea, prestakuntzari errendimendu edo probetxu eskasa ateratzea edo prestakuntza batere ez aprobetxatzea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.
b) Azken memoria ez aurkeztea eta/edo tutorearen adostasuna ez jasotzea.
c) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe. Horretaz gain, aldi berean jasotzea horrekin bateratu ezin den beste beka edo dirulaguntza bat.
18. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, berriz, gora jotzeko errekurtsoa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua.
Bi kasuetan, errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoarekin bat.
II. ERANSKINA.–KAZETARITZAKO, IKUS-ENTZUNEZKO KOMUNIKAZIOKO EDO PUBLIZITATEKO ETA HARREMAN PUBLIKOETAKO GRADUDUNENTZAKO PRESTAKUNTZA BEKA BATEN DEIALDIA, LEHENDAKARITZA ETA BERDINTASUN DEPARTAMENTUKO ANALISI ETA PROSPEKZIO BULEGOAN ARITZEKO
DATU PERTSONALAK | |||||||||
Lehen deitura: | Bigarren deitura: | ||||||||
Izena: | NANa: | ||||||||
Jaioteguna: | Lekua: | ||||||||
Helbidea: | |||||||||
Herria: | P. kd.: | ||||||||
Telefonoa: | Helbide elektronikoa: | ||||||||
IKASKETA DATUAK | |||||||||
Titulazioa | |||||||||
Noiz eman eta/edo eskatu zen titulua: | |||||||||
Zein urtetan hasi zuen karrera: Zein urtetan bukatu zuen karrera: Batez besteko nota: | |||||||||
Unibertsitatea: | |||||||||
PRESTAKUNTZA IKASTAROAK | |||||||||
Ikastaroa: Ordu kopurua: Ikastaroa: Ordu kopurua: Ikastaroa: Ordu kopurua: Ikastaroa: Ordu kopurua: Ikastaroa: Ordu kopurua: | |||||||||
HIZKUNTZAK | |||||||||
INGELESA [ ] Kurtsoa/Maila: | EUSKARA [ ] Kurtsoa/Maila: | ||||||||
ALEMANA [ ] Kurtsoa/Maila: | FRANTSESA [ ] Kurtsoa/Maila: | ||||||||
LAN PROFESIONALA ETA BEKAK | |||||||||
Lan profesionala: | Entitatea: | Denbora: | |||||||
Lan profesionala: | Entitatea: | Denbora: | |||||||
Bekaldiak: | Entitatea: | Denbora: | |||||||
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluko betebeharren gaineko adierazpena:
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzeari dagokionez, adierazten dut ez nagoela artikulu horretan bekaren onuradun izateko ezarri diren debeku-egoeretatik bakar batean ere.
Iruñean, ......................(e)ko .............aren ......................(e)(a)n.
ESKATZAILEAREN SINADURA
Iragarkiaren kodea: F2417728
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
