Iragarkia
10. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 16a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARANGUREN
Aldaketa, Trafikoa arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena
Arangurengo Udalak, 2024ko abuztuaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Arangurengo Udalaren Trafikoaren ordenantzaren aldaketa.
Jendaurrean jartzeko iragarkia 2024ko 189. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 17an, eta jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu.
Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta jarraian ematen da haren testua.
Mutiloan, 2024ko abenduaren 5ean.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.
ARANGURENGO UDALAREN TRAFIKOAREN ORDENANTZA
PORTAERA ARAU OROKORRAK
1. artikulua. Ibilgailuek debeku dute asotsa egitea, seinale akustikoak desegokiro erabiliz edo tupustean azeleratuz, baita ihes-hodiak trukatuz, musika ekipoak oso ozen jarriz edo bestelako ezohiko inguruabarren ondorioz.
2. artikulua. Ibilgailuen soinu-alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.
3. artikulua. Debeku da suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskua edo, oro har, kaltea eragin dezaketen gauzak edo likidoak bidera botatzea.
4. artikulua. Oinezkoek debekaturik dute baimenduta ez dauden tokietatik galtzada gurutzatzea. Toki baimenduetan barna egin beharko dute, ahal den azkarrena, gelditu gabe edo beste erabiltzaileei traba egin gabe, eta zirkulazioa oztopatu gabe.
5. artikulua. Galtzada gaizki baldin badago, obrak, eguraldia edo beste zerbait dela eta, gidariek kasu eman beharko dute, istripurik eta oinezkoendako eragozpenik gerta ez dadin.
6. artikulua. Ilunabarretik argi-hastera bitarte ibilgailuek argi laburrak piztuta eraman beharko dituzte, udal-mugarteko galtzada guztietan. Motozikletek eta ziklomotorrek egun osoan eramanen dituzte argiak piztuta. Halaber, argi laburrak piztuta eraman beharko dira eguraldiak hala eskatzen duenean.
7. artikulua. Debeku da gidatu bitartean telefonoak edo komunikatzeko gisako bitartekoak erabiltzea, hauek "eskuak libre" izeneko aukera dutenetakoak ez badira, behintzat.
8. artikulua. Zehapena ezarriko zaio eremu publikoan ibilgailua garbitzen duenari.
9. artikulua. Ordenantza hau ez da aplikatuko probintziaren edo estatuaren eskumeneko bideetan.
BIZIKLETAK ETA ZIKLOMOTORRAK
10. artikulua. Ziklomotorren, bizikleten, skateen eta gidarien energiaz mugitutako gainerako ibilgailuen kasuan, zirkulazioaren arau orokorrak bete beharko dira.
11. artikulua. Bizikletak eta ziklomotorrak ezin izanen dira aparkatu oinezkoendako alderdietan edo pasealekuetan; Udalak ezarritako gune erreserbatu eta behar bezala seinalatuetan soilik aparkatuko dira. Ziklomotorrak oinez eramanen dira aparkaleku horietaraino, jarlekuan jarri gabe eta motorra itzalita. Motorraren indarra soilik erabiltzen ahalko da espaloiaren koska gainditzeko.
12. artikulua. Ziklomotorrak erdibaterian aparkatuko dira galtzadan, metro eta erdiko zabalera okupatuz, gehienez ere.
13. artikulua. Motozikleta edo ziklomotor bat bi ibilgailuren artean aparkatuz gero, ez da galaraziko haietan sartzea, ezta zirkulaziora itzultzeko maniobra ere.
14. artikulua. Debeku da bizikletak, patinak eta skateak espaloietan, parkeetako eta lorategietako kaleetan ibiltzea, horretarako erreserbatutako erreirik ez bada.
15. artikulua. Bizikletak galtzadan barna joanen dira, espaloitik ahal den hurbilen. Hainbat errei dituzten bideetan, alboetatik ibiliko dira. Hainbat erreitako bidegurutzeetara hurbiltzean, zein aldetara egin gogo den bira, eskuin-eskuinean dagoen erreiaren eskuinaldetik joanen dira.
16. artikulua. Debeku da bizikletak gauez ibiltzea ez badaramate aurreko argia eta atzeko islatzailea, gutxienez.
Argi keinukaririk ez duten bizikleten eta ziklomotorren gidariek garaiz seinalatu beharko dituzte egin beharreko norabide aldaketak eta biraketak, besoak erabiliz, erregelamenduak adierazten duen bezala.
17. artikulua. Ziklomotorren gidariak eta erabiltzaileak beharturik daude kaskoa erabiltzera, behar bezala homologatua, ongi jantzia eta lotua.
18. artikulua. Ziklomotor guztiek matrikulaturik egon behar dute eta dagokien matrikulazio plaka eraman beharko dute.
MERKATARITZAKO GAI ARRISKUTSUAK ETA GARRAIOETAKO
IBILGAILU HANDIAK
19. artikulua. Merkataritzako Gai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren Erregelamendu Nazionalaren (1754/1976 Dekretuaren bidez onetsia) 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetan sartutako merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, Erregelamendu horren 1 edo 2-A arrisku etiketak eraman behar dituztenek, debeku dute Aranguren Ibarreko herrietako hiriguneen barnean zehar ibiltzea.
20. artikulua. Guztiz debekatua dago 18. artikuluan aipatu ibilgailuek Arangurengo mugarte osoan aparkatzea.
21. artikulua. Ezaugarri bereziengatik, tamainagatik edo zamaren kokaeragatik, Zirkulazio Kodearen 222. artikuluan ezarritako baimenak behar dituzten ibilgailuek eskaera egin beharko diote Arangurengo Udalari, albienteek ibarrean barrena gidatu, zaindu eta lagun egiteko zerbitzua eman diezaieten. Horrek dagokion tasa sorraraziko du.
AUTOBUSAK, KAMIOIAK, ATOIAK ETA KARABANAK APARKATZEA
22. artikulua. Arau orokorra izanen da 5.000 kg-tik gorako B.G.P. duten ibilgailuek debeku izatea udal-mugarteko bide guztietan aparkatzea.
23. artikulua. Halaber, 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusek debeku dute aparkatzea udal-mugarteko bide guztietan.
24. artikulua. 21 eta 22. artikuluetan ezarritakoa galarazi gabe, Udalak berariazko tokiak ezartzen ahalko ditu halako ibilgailuak aparkatzeko; kasu horretan, erregelamendu bidez zehaztuko den baimena jaso beharko da udal agintariengandik.
25. artikulua. Debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespen kasuetan, aurretik agintari eskudunaren baimena eskuratu baldin bada.
26. artikulua. Karabanak eta atoiak aparkatzeko beharrezkoa izanen da udal organo eskudunaren baimen berariazkoa eskuratzea eta lurzoruaren aprobetxamendu bereziaren prezio publikoa ordaintzea.
27. artikulua. Debeku da arras karabana, atoi eta etxebizitza-ibilgailuetan bizitzea udal-mugartearen barrenean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan, halakorik bada. Horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko izan beharko dute.
TRAFIKOA KONTROLATU ETA ANTOLATZEKO NEURRIAK
28. artikulua. Udalak egokitzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izanen ditu trafikoa antolatzeko, zenbait tokitan zirkulatzeko baldintzak aldatuz, murriztuz edo debekatuz, betiko nahiz aldi baterako, aparkalekua berrantolatuz eta arautuz.
29. artikulua. Udaltzainek aldi baterako aldatu ahal izanen dute zirkulazioaren antolamendua ibarreko zenbait alderditan, baita haietarako sarrerak debekatu edo murriztu ere, zirkulazioa seguruagoa eta errazagoa izan dadin.
30. artikulua. Udaltzainek trafikoari dagokionez ematen dituzten aginduek, oinezkoei zein gidariei, lehentasuna izanen dute lehenagoko beste edozein seinale edo araudiren aldean. Agindu horiek izan beharko dute argiak eta gidariarendako edo oinezkoendako ulerterrazak.
31. artikulua. Udalak aldi baterako debekatzen ahalko du aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatu eginen dira, debekua 24 ordu lehenagotik adieraziz, neurria noiz hasiko den adierazten duten seinaleen bidez.
Epe horretan kentzen ez diren ibilgailuak beste leku batera eramanen dira, baina jarduketa horrek ez du ekarriko ez tasa ordaindu beharrik ez trafiko salaketarik. Kasu horietan ibilgailuak non dauden jakinaraziko zaie titularrei.
32. artikulua. Bide publikoan edozein gauza paratzeko, Udalaren baimena beharko da. Berehalakoan kenduko da baimenik ez duen oro, interesdunaren kargura, eta baimena izanik ere, bideetako segurtasuna edo osasungarritasuna ziurtatzeko neurriak hartu ez badira.
33. artikulua. Debeku da arras zirkulazio seinaleak paratzea, aitzinetik Udalaren baimena izan gabe.
Inolaz ere ez da baimenduko publizitatea zirkulazio seinaleetan edo haien ondoan paratzea.
34. artikulua. Udalak bide batzuk lehentasunezkoak edo zirkulazio dentsitate handikoak direla deklaratzen ahalko du, haietan bigarren ilaran gelditzea debekatu eta bertan egindako arau-hausteengatiko zehapenei isuna ezartzeko.
35. artikulua. Arangurengo udal-mugarteko bide publikoan ibilgailuak aparkatzeko tokia mugatua da. Hortaz, elkartasunez jokatzeko deia luzatzen da.
Horrenbestez, ibilgailu bat 7 egun egoten ahalko da, gehienez eta modu jarraituan, toki berean aparkatua. Epe hori gaindituta, ibilgailua aurreko tokitik gutxienez 100 metrotara aparkatu beharko da.
Baimendutako eremuan denbora gehiegi emanez gero, zehapena jarriko da.
IBILGAILU ABANDONATUAK
36. artikulua. Honelakoetan, ibilgailu bat abandonaturik dagoela arrazoiz uste ahal izanen da:
a) Agintari eskudunek eremu publikotik kendu eta altxatu dutenetik, bi hilabete baino gehiago iragaten direnean.
b) Leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean. Halakoetan, hiri hondakin solidoaren araberako tratamendua emanen zaio.
a) atalean jasotzen den kasuan, abandonatze zantzuak izanik ere, ibilgailuak matrikula plakari kontu edo titularra identifikatzeko parada ematen duen edozein arrasto edo marka agerian badu, errekerimendu eginen zaio delako titularrari, behar diren epeak iragandakoan, hamabost egunean ibilgailua gordailutik ken dezan eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidoaren tratamendua emanen zaiola.
Bizikleten kasuan, agintari eskudunek honako kasu hauetan kendu ahal izanen dituzte, hori egiteko betebeharra duenak egiten ez badu:
a) Aparkatzeko berariaz gaiturik ez dagoen toki batean 7 egun baino gehiagoz aparkatuta egonez gero.
b) Bizikleta edo haren osagaietako bat abandonatutzat jotzen bada.
Kasu horietan, ofizioz kenduko dira bizikletak, loturetatik askatuz, halakorik balitz, eta udal gordailura eramanen dira. Erretiratu direnez geroztik hiru hilabete igarota, Udalak ibilgailu horiek erabiltzen ahalko ditu indarreko legeekin bat.
37. artikulua. Jabeak berreskuratu nahi badu abandonatze zantzuak izateagatik Udaleko zerbitzuek kendutako ibilgailua, honelako tasa ordaindu beharko du: 3 euro, gordailuan egon den egun bakoitzetik, eta 60 euro, kentzeagatik.
GELDITZEA ETA APARKATZEA
38. artikulua. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen eranskineko 68. zenbakiari jarraikiz, ibilgailua, pertsonak hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko, 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea da gelditzea.
Aparkatzea, berriz, geldituta ez dagoen ibilgailua mugitu gabe edukitzea da.
39. artikulua. Ibilgailua geldi dagoenean, arau orokorra da gidaria ezin dela ibilgailutik aldendu, eta, salbuespen gisa, hala egiten badu, motorra itzali beharko du eta hurbil egon, eskatzen zaion unean edo egoerak behartuta, kendu ahal izateko.
40. artikulua. Erabat debekaturik dago gelditzea:
a) Babeslekuetan, oinezkoen babesguneetan, erdibitzaileetan, oinezkoen eremuetan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.
b) Eraikinetako ibilgailuen sarrera-irteeretan, dagokien pasabide seinalea dutenetan.
c) Seinaleak ongi ikustea eragozten den tokietan.
d) Izkina, bidegurutze edo bidebanatzeetatik 5 metro baino gutxiagora.
e) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, non ez dagoen kontrako seinalerik.
f) Espaloietan, pasealekuetan, oinezkoen guneetan eta lorategietan.
g) Zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako erreserbatutako errei edo bide zatietan.
h) Mugikortasun urriko pertsonendako edo beste erabilera batzuetarako espaloi-oketsetan.
i) Seinaleak debekatzen duen tokietan.
j) Zirkulazioaren errei bat oztopatzen den tokietan.
k) Seinale bidez biratzea baimenduta egonda, biratzeko aukera eragozten denean.
l) Hiriko garraio publikorako baizik ez diren geraleku eta aparkalekuetan.
m) Zirkulazioa oztopatzen den gainerako toki guztietan, denbora txikienerako bada ere.
41. artikulua. Ibilgailuak ilaran aparkatu ahal izanen dira, hau da, zintarriarekin batean lerrokatuak; baterian, hau da, zintarriarekiko perpendikularrean; edo erdibaterian, zeharka.
41.1. Seinaleak zoladuran dituzten aparkalekuetan ibilgailuak markatutako esparruaren barnean kokatuko dira.
41.2. Ibilgailuak zintarritik ahalik eta hurbilen aparkatuko dira, baina galtzadaren alde hori garbitu ahal izateko tarte txiki bat utzita.
41.3. Bide publikoetan ezin izanen dira aparkatu ibilgailu motordunetik bereizitako atoiak.
41.4. Beste erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.
Baterian aparkatuz gero, alde bietan aparkatutako ibilgailuetara arazorik gabe sartzeko moduan eginen da.
42. artikulua. Guztiz debeku da honelakoetan aparkatzea:
a) Seinaleek debekatzen duten tokietan.
b) Gelditzea debekatua dagoen tokietan.
c) Bigarren ilaran, edozein kasutan.
d) Zaborrontzien ondoan, zabor bilketa galaraziz edo oztopatuz.
e) Aparkaleku publiko batean, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragotziz edo oztopatuz.
f) Desgaitasuna dutenek beste inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.
g) Galtzadaren erdian.
h) Behar bezala seinalatutako toki erreserbatuetan.
i) Espaloietan, pasealekuetan, oinezkoen guneetan eta lorategietan.
43. artikulua. Hiriguneetan, debeku da arras tailerrek konpontzeko ibilgailuak aparkatzea aparkatzeko toki publikoetan, horretarako dauden tailerren barnean egin behar baita jarduera hori.
43 bis artikulua. Udalak aparkalekuak erreserbatzen ahalko ditu premiazko zerbitzuetarako (horrelakorik ez badute), bizilagunentzat interesgarriak badira; erreserba hori betiere justifikatuta egonen da eta jarduerarekiko proportzioan eginen da.
IBILGAILUAK BIDE PUBLIKOTIK KENTZEA
44. artikulua. Ibilgailua kendu behar duenak segituan egiten ez badu, udaltzainek eremu publikotik kendu eta udal gordailura eramaten ahalko dute honako kasu hauetan:
a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa hondatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori bide publikoan abandonatua dagoela uste denean.
b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.
c) Ibilgailua bera hondatu delako, ibilgetzen bada.
d) Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen 67.1 artikuluaren hirugarren lerroaldean xedatutakoari jarraikiz, ibilgailua ibilgetu ondotik, arau-hausleak isunaren zenbatekoa ordaindu nahi ez duenean edo hura ordaintzeko bermerik eman nahi ez duenean.
e) Ibilgailua bide lerroetan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako zatietan aparkatuta dagoenean.
f) Zabor edukiontziak husteko lanak oztopatzen dituenean.
45. artikulua. Aipatze aldera baizik ez, honelakoetan iritziko zaio ibilgailua ordenantza honen aurreko artikuluaren a) apartatuan zehaztutako inguruabarretan dagoela eta, beraz, kentzea justifikatua dagoela:
45.1. Gelditzea debeku den toki batean aparkatuta dagoenean.
45.2. Ibilgailua bigarren ilaran eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.
45.3. Kantoi ebaki baten ertzetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat aterata, beste gidariak maniobra arriskutsuak egitera behartzen dituenean.
45.4. Aparkatua dagoenean oinezkoentzako pasabide seinalatu batean edo mugikortasun murriztua duten pertsonentzako beheragunea duen espaloian.
45.5. Erabiltzeko baimendutako orduen barrenean pasabide bat osorik edo zati batean okupatzen duenean.
45.6. Zamalanetarako tokietan aparkatuta dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan.
45.7. Garraio publikorako geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatua dagoenean.
45.8. Larrialdiko edo segurtasuneko zerbitzuentzako erreserbaturiko tokian aparkatua dagoenean.
45.9. Mugikortasun murriztua duten pertsonentzako espaloirako erreserbatutako tokian aparkatuta dagoenean.
45.10. Espaloi, ibiltoki, babesgune, pasabide edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatuta dagoenean, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.
45.11. Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.
45.12. Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.
45.13. Bide batetik heldu diren gidariei beste bidea ikustea trabatzen dienean.
45.14. Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati bat oztopatzen duenean.
45.15. Galtzadaren erdian aparkatuta dagoenean.
45.16. Betiere, aurreko kasuetan bezala, arriskua edo eragozpen larria sortzen zaienean zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari.
46. artikulua. Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kentzen ahalko dituzte kasu hauetan:
46.1. Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatua dagoen toki batean aparkaturik daudenean.
46.2. Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak paratu ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.
46.3. Larrialdietan.
Inguruabar horien gaztigua lehenbailehen egin beharko da, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, edo udal gordailura, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie.
Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.
47. artikulua. Baldin eta, ibilgailua kentzeko lanak hasita, gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek, betiere kontzeptu horrengatik arauturik dagoen tasa ordaindu ondotik.
ZEHAPEN PROZEDURA
48. artikulua. Ordenantza honetan araututako gaietan jarraitu beharreko prozedura Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Zehapen Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da eta, horretan aurreikusirik ez dagoen orotan, Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko Prozeduraren Erregelamendua, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa, aplikatuko da.
49. artikulua. Ordenantza honetan araututakoaren aurkako arau-hausteengatik irekitako espedienteak instruituko ditu alkate udalburuak izendatzen duen pertsonak. Hura amaituta, Arangurengo Udaleko alkate udalburuak emanen du bidezko ebazpena.
50. artikulua. Diru zehapenarekin batera, gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena ere jaso dezaketen arau-hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, baldin eta zehapena Udalaren eskumenekoa duten egitateak badira, egiteko hori duten udal organoek tramitatu eta ebatziko dituzte, eta ondotik agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko balizko zehapena ezar dezan.
51. artikulua. Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea izanen da ageri dena gidarien eta arau-hausleen erregistroan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren. Interesdunak beste helbide bat ematen badu, aldatu eginen da, horretarako arrazoia ez bada, instruktorearen iritziz, prozedurari trabak jartzeko ahalegin maltzurra.
52. artikulua. Zehapen espedienteen ebazpenaren aurka errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendurik, bi hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik hasita; edo, aldez aurretik eta aukeran, ondoko errekurtso hauetakoren bat:
b) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organo berari zuzendua,
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean biak, errekurritutako erabakia edo egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
IBILGAILUAK EREMU PUBLIKOAN SALTZEA
53. artikulua. Artikulu honen xedea da eremu publikoan ibilgailuen salmenta arautzea, herritarren interesek kalterik ez izateko eta mota honetako salmentan parte hartzen duten sektore guztiak babesteko, baita Arangurengo udal-mugartean jarduteko bete beharreko baldintza eta beharkizunak ezartzea ere.
54. artikulua. Ibilgailuak saltzeko aplikazio eremua, baimentzen diren erabilera publikoko lekuetan eta eremuetan, Arangurengo mugarte osoa da.
Jabetza partikularreko eremuetan ibilgailuak saldu ahal izateko, aurretik Udalaren baimena eskuratu beharko da.
55. artikulua. Arau honen ondorioetarako, eremu publikoan ibilgailuen salmentatzat hartuko da saltoki iraunkor batetik kanpora egiten dena, bide publikoan edo erabilera edo jabari publikoko guneetan, eta oro har, pertsona asko biltzen diren eremuetan. Jarduera hori egiten dela ulertuko da, ibilgailuak leku berean etengabe aparkatuta daudenean, kartela edo salmentaren berri ematen duen kartel bat edo beste ohar bat izanda edota telefono zenbakia edo saltzailearekin harremanetan jartzeko beste aukera bat jakinarazita. Halaber, salmentatzat joko da ibilgailuak kalean uztea, ibilgailuan berean saltzeko iragarkirik egon gabe ere, hura salgai edo alokatzeko dagoela beste leku batean iragartzen bada. Udalak ibilgailua kentzen ahalko du bide publikotik.
56. artikulua. Debekuak.
56.1. Erabat debekatuta dago kartela edo salmentaren edo alokairuaren berri ematen duen beste ohar bat duten edozein motatako ibilgailuen salmenta iragartzea.
56.2. Halaber, erabat debekatuta dago edozein motatako ibilgailuak uztea, ibilgailu berean saltzeko iragarkirik egon gabe, haren salmentari edo alokairuari buruzko publizitatea beste leku batean argitaratzen bada.
57. artikulua. Baimen araubidea.
57.1. Ordenantza honetan arautzen den salmentan aritzeko, aurretik derrigorrezko udal lizentzia edo baimena eskuratu beharko da.
57.2. Debekatuta dago salmentan aritzea udal baimenik izan gabe.
58. artikulua. Subjektuak.
58.1. Legez eratuta dagoen edozein pertsona fisiko edo juridiko aritzen ahalko da salmentan, jarduketa horretan aritzen bada ohikotasunez edo noizbehinka eta ordenantza honetan zein aplikatu beharreko araudi orokorrean edo sektoreko araudian ezartzen diren betekizunak betetzen baditu.
58.2. Hamar eguneko gehieneko eperako baimena ematen ahalko zaie ibilgailuen jabeak diren eta Arangurenen erroldatuta dauden pertsonei. Horretarako, baldintza hori egiaztatu, eta zirkulazioko baimenaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.
59. artikulua. Jarduera gauzatzeko betekizunak.
Legez eratuta dauden pertsona fisikoek edo juridikoek ibilgailuen salmentan aritu ahal izateko ordenantza honetan eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Hona hemen:
a) Udalaren baimena izatea, ibilgailuan ikusteko moduan agerian egonen dena.
b) Alta emanda egotea jarduera ekonomikoen gaineko zergan, dagokion epigrafean.
c) Alta emanik egotea Gizarte Segurantzan, bidezko den araubidean.
d) Jardueran aritzea Arangurengo udal-mugartearen barnean (Udalak emandako irekitzeko lizentzia).
e) Erantzukizun zibileko aseguru poliza kontratatua izatea, jardueraren ondorioz gertatzen ahal diren arriskuak estaltzen dituena.
f) Ibilgailuek bide publikoan aparkatzeko behar den dokumentazio guztia eduki beharko dute.
60. artikulua. Jardueran aritzeko behar den Udalaren baimena.
60.1. Udalaren baimena eskuratzeko, aurretik Udalak egiaztatuko du eskatzaileak betetzen dituela ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak.
60.2. Udalaren baimenak honako ezaugarri hauek ditu:
a) Hura ematea Udalaren esku egonen da, eta interes orokorraren mende.
b) Hura emateko baldintzak bete ezean, ezeztatzen ahalko da.
c) Oro har, gehienez ere urtebeteko iraupena izanen du, interesdunak eskatu ondoren.
d) Baimena norberarena da eta ezin dakioke beste inori eman.
61. artikulua. Baimenaren edukia.
61.1. Udalak identifikazio txartela emanen dio bere udal-mugartearen barnean baimentzen duen pertsonari. Txartel horrek baimenaren funtsezko datuak bilduko ditu, eta agerian egonen da. Hona hemen aipatutako datuak:
1) Zenbakia, eman den eguna, eta indarraldia.
2) Titularraren identifikazioa.
3) Bezeroen erreklamazioei erantzuteko helbidea.
4) Non ari daitekeen saltze-lanetan.
62. artikulua. Eskaerak.
62.1. Bide publikoa edo erabilera publikoko eremua okupatzeko baimena interesdunek eskatu beharko dute.
62.2. Baimena iraungi baino hilabete bat lehenago berrituko beharko da hori.
63.3. Eskabidean datu hauek zehaztuko dira:
a) Pertsona fisikoak: interesdunaren izen-abizenak eta nortasun agiri nazionala, edo haren ordezkariarenak, baita jakinarazpenak egiteko helbidea ere.
b) Pertsona juridikoak: lege ordezkariaren izen-abizenak eta nortasun agiri nazionala, baita jakinarazpenak egiteko helbidea ere (kalea, ataria, udalerria, posta kodea eta probintzia). Horietaz gain, telefono zenbakia, fax zenbakia, sakelako telefonoaren zenbakia eta helbide elektronikoa.
c) Salmenta non eginen den.
d) Tokia, data eta eskatzailearen sinadura.
e) Jatorrizko dokumentu hauek, erkatu eta konpultsatzeko:
1) Eskatzailearen nortasuna egiaztatzeko agiriak: IFZa, IFKa, NANa, pasaportea edo bizileku-txartela.
2) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria edo ordainketa horren geroratzea frogatzen duen agiria.
3) Ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafe egokian alta emanda dagoela frogatzen duen agiria.
4) Jardueraren ondorioz sortzen ahal den edozein arrisku mota estaltzen duen erantzukizun zibileko asegurua sinatu dela frogatzen duten agiriak.
5) Sozietatearen eraketa eskrituraren, haren estatutuen eta akzioen osaeraren fotokopia konpultsatuak, jarduera pertsona juridikoek egiten baldin badute.
6) Jarduerak irekitzeko lizentzia duela frogatzen duen agiria.
7) Behar diren tasen ordainketa.
63. artikulua. Tasak.
63.1. Bide edo eremu publikoen erabilerak eragiten dituen administrazio egintzengatik eta aprobetxamendu bereziengatik ordaindu beharreko tasak ezarriko dira.
63.2. Tasak eskaerarekin batera ordaindu beharko dira. Tasa ordaintzen ez bada, prozedura ez da hasiko.
63.3. Urtean tasa 50 eurokoa da ibilgailuko.
64. artikulua. Saltzaileen betebeharrak.
64.1. Salmentan aritzeko baimenen titularrak, ibilgailuen egoeraren erantzule dira. Beraz, horiek ez dute abandonaturik eman behar.
64.2. Ibilgailuek indarrean izan beharko dute erregelamenduzko dokumentazioa.
65. artikulua. Arau-hausteak.
65.1. Falta oso astunak dira:
Kartela edo salmentaren edo alokairuaren berri ematen duen beste ohar bat duten edozein motatako ibilgailuak salgai daudela iragartzea, Udalaren baimenik gabe.
Edozein motatako ibilgailuak bide publikoan uztea, ibilgailu berean saltzeko iragarkirik egon gabe, haren salmentari edo alokairuari buruzko publizitatea beste leku batean argitaratzen bada, Udalaren baimenik gabe.
Baimendu gabeko lekuan instalatzea.
66. artikulua. Zehapenak.
66.1. Arau-hauste oso astunak direla-eta honelako zehapenak ezarriko dira:
201 eurotik 300 eurora bitarteko isuna.
Udal baimena ezeztatzea.
Bide publikotik kentzea.
OINEZKOEN EREMUAK
67. artikulua. Arangurengo Udalak ibilgailuak ibili eta aparkatzeko debekua, erabatekoa edo hein batekoa, ezartzen ahalko du udalerriko alde batzuetan. Horiexei deituko zaie oinezkoendako eremuak. Oinezkoendako eremua da igota edo beste nolabait mugarrituta dagoen bide zatia, oinezkoen zirkulaziorako bereizita dagoena eta espaloia, nasa eta pasealekuak barne hartzen dituena.
68. artikulua. Eremu horiek zutikako seinaleen bidez zedarrituko dira, baita ibilgailuak toki horietara sartzea galarazi edo mugatuko duten beste elementu batzuk ezarrita ere.
69. artikulua. Oinezkoen guneetan ibilgailuak zirkulatu eta aparkatzeko debekuak:
a) Hartzen ahal ditu zedarritu eta seinaleztatutako alderdiaren barneko bide guztiak.
b) Ordutegi batera mugatzen ahal du ibilgailuek zirkulatu eta horiek aparkatzeko debekua.
c) Finkoa izan daiteke edo soilik asteko egun batzuetan aplikatu.
70. artikulua. Nolanahi ere, murrizketa hauek ez dute eraginik izanen baldin ibilgailuek Udalaren baimena badute, kontuan hartuta tokiaren eta ibilgailua erabiltzen duenaren ezaugarriak.
71. artikulua. Oinezkoen eremuetan oinezkoak lehentasuna izanen du ibilgailuen aurretik, salbu eta ibilgailua larrialdi zerbitzuan badabil eta, erregelamenduari jarraituz, hala ezarrita badago.
72. artikulua. Arangurengo oinezkoen eremu guztietan abiadura mugaturik egonen da, eta 20 km/ordua izanen da, gehienez.
ZERBITZUGUNEAK
73. artikulua. Arangurengo Udalak zerbitzugune gisa erreserbatutako eremuak ezartzen ahalko ditu, bizilagunek eguneroko lanak egin ditzaten. Arauzko seinale bertikal edo horizontalak jarriko dira gune horietan.
74. artikulua. Zerbitzugune erreserbatu horietan ezin izanen da aparkatu lan horiek egiteko behar den denbora baino gehiago, eta inoiz ez seinaleetan ezarritako denbora baino gehiago.
75. artikulua. Inolaz ere ez daiteke eragotz edo oztopa oinezkoen eta ibilgailuen ibilia, ezta atari, saltoki eta abarren sarbiderik ere.
76. artikulua. Udalak aparkatzeko aldi baterako erreserbak ematen ahalko ditu, lan zehatzak egiteko (etxe-aldairak, obrak etab.), baldin eta aitzinetik eskatzen bada eta dagokien tasa ordaintzen bada.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L2417753
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
