10. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TEBASKO KONTZEJUA

Deialdia, bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat, oposizio-lehiaketaren bidez, lan-araubide finkoan. Izangaien zerrenda bat eratzea, ordezkapen, baja edo errefortzu-beharretarako

Tebasko Kontzejuko lehendakariak, abenduaren 23an 37/2024 Ebazpenaren bidez, erabaki zuen, besteak beste, deialdi bat onestea, bete zedin zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat, lan-araubide finkoan. Deialdia oinarri hauen arabera gauzatuko da.

Tebasen, 2024ko abenduaren 23an.–Kontzejuko lehendakaria, Francisco Javier Zamora Jiménez.

DEIALDIA, BETE DADIN ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUAREN PLAZA BAT, OPOSIZIO-LEHIAKETAREN BIDEZ, LAN-ARAUBIDE FINKOAN. OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat, Tebasko Kontzejuaren zerbitzukoa, oposizio-lehiaketaren bidez. Plantilla organikoan honela agertzen da: 2. lanpostua, zerbitzu anitzak, D maila.

1.2. Izendapenak izendatua bihurtuko du Tebasko Kontzejuko lan-kontratudun finko, ondorio guztietarako, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da eta, kasua bada, hartan izena emanen zaio, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aurrera.

1.3. Plazak izanen ditu D mailako ordainsariak, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkienak. Plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak ere izanen ditu.

1.4. Lanaldi osoa izanen du. Urteko lanaldia izanen da kontzejuko bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da. Beraz, Tebasko Kontzejuak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.5. Bere mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu. Batzuk aipatzeko, eta zerrenda mugatua izan gabe, honako eginkizun hauek nabarmentzen dira:

–Lorezaintzako mantentze-lanak egitea, bai Tebasko Kontzejuaren bulegoen barnean, bai kanpoan (kaleak, parkeak, lorategiak eta kontzejuarena beste gune batzuk), jarraikiz dagokion administrazio-organoak ematen dizkion jarraibideei.

–Igeltserotzako mantentze-lanak egitea, bai Tebasko Kontzejuaren instalazio eta eraikinen barnean (altzariak, bankuak, ateak, leihoak eta abar), bai kanpoan (hormigoi masa egitea; espaloiak, bide bazterrak eta kutxatilak konpontzea; bidezuloak betetzea; hiri-altzariak, seinaleak, mugarriak eta piboteak jartzea; etab.), jarraikiz dagokion administrazio-organoak ematen dizkion jarraibideei.

–Elektrizitateko mantentze-lanak egitea, bai Tebasko Kontzejuaren eraikinetan bai kanpoaldean (argiteria, argindar hodiak, kaxa elektrikoak, etab.), jarraikiz dagokion administrazio-organoak ematen dizkion jarraibideei.

–Iturgintzako mantentze-lanak egitea, bai Tebasko Kontzejuaren eraikinetan (iturgintzako eta berokuntzako zirkuituak, aparatu sanitarioak muntatzea, etab.), bai kanpoaldean (honako hauek jartzea, muntatzea eta desmuntatzea: ureztatze zirkuituak, ureztatze programagailuak, hornidura eta saneamendu sareak, etab.), jarraikiz dagokion administrazio-organoak ematen dizkion jarraibideei.

–Pinturako mantentze-lanak egitea, barnean nahiz kanpoaldean, jarraikiz dagokion administrazio-organoak ematen dizkion jarraibideei.

–Errementaritzako eta soldadurako mantentze-lanak egitea barnean nahiz kanpoaldean (ateak, euskarriak, leihoak, barandak, bideetako seinaleak, kale-argiak, hiri-altzariak...), jarraikiz dagokion administrazio-organoak ematen dizkion jarraibideei.

–Tebasko Kontzejuaren biltegiak kontrolatzea eta antolatzea.

–Behar diren lanak egitea, hesiak, seinaleak, oholtzak eta halakoak jartzeko, muntatzeko eta desmuntatzeko, ekitaldiak eta jaialdiak prestatzean eta gauzatzean.

–Tebasko Kontzejuaren bulegoak eta instalazioak, bai eta bide publikoak ere, garbitzeko eta mantentzeko lanak egitea, jarraikiz dagokion administrazio-organoak ematen dizkion jarraibideei.

–Agintzen zaizkion lanak gauzatzeko beharrezkoak diren materialak garraiatzea, kargatzea eta deskargatzea.

–Banatzea eta jartzea iragarkiak, bandoak, eta Udalaren publizitatea, eta agiriak eramatea eta haien legezko jakinarazpenak egitea.

–Laneko arriskuen prebentzioko arauak betetzea.

–Lanerako tresnak eta ekipoak zaintzea eta ordenatuta edukitzea, eta gorabeheraren bat aurkituz gero, edo zerbait behar izanez gero, horren berri ematea.

–Herritarrari egiten zaion zerbitzuaren hobekuntza bulkatzea eta horretan laguntzea. Hartara, kasuren batean behar izanez gero, beharretara egokitu beharko du, bere lanorduekin malgu jokatuz, horrela betetzeko ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak.

–Hilerria kudeatzeko lanak eta mantentze-lanak egitea.

Aipatutakoez gain, bestelako zeregin batzuk ere beteko ditu, bere karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, agintzen zaizkionak ezarritako helburuak lortu beharrez.

1.6. Halaber, deialdi honen xedea da zerrenda bat egitea, hautapen-prozesuan plazarik eskuratzen ez dutenekin, jarraikiz aldi baterako kontratatzeko, deialdiaren 7.2 oinarriari.

2.–Baldintza orokorrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea DBHko titulua, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo horien baliokide bat, edo edukitzeko maneran egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina). Titulua atzerrian eskuratu baldin bada, haren homologazioa frogatzen duen ziurtagiriaren jatorrizko agiria, edo notario batek edo administrazioak berak konpultsatutako kopia.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazioa edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

f) B1 gidabaimena izatea.

2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak frogatu beharko ditu aurreko betebeharrak, deialdi honen bederatzigarren oinarriak xedatzen duen maneran eta epean. Hori dena bete beharko da eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean eta oposizio prozedura osoan, izendapen eguna arte bete ere.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezten ahalko dira Tebasko Kontzejuaren erregistro orokorrean (Kale Nagusia 43, Tebas, Nafarroa), edo egoitza elektronikoan, edo baliatuz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea), hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik. Baldin epearen azken eguna larunbata edo baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.

–Gutun-azal irekian aurkeztea, postetxeko langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, ziurtatu aurretik. Horrez gainera, frogagiria bidali beharko da mezu elektroniko bidez, helbide honetara: admin@concejodetiebas.com. Baldintza horiek betetzen ez badira, ez da eskabidea onartuko.

Eskabideak lotu behar zaizkio deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari. Haietan izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatutako baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztearekin batera, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Izangaiek alegatu egin beharko dituzte kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak, deialdi honen seigarren oinarriaren arabera. Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, ez dira baloratuko merezimenduak.

3.4. Eskabideari agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren (NANa) fotokopia, edo atzerritarren identifikazio zenbakiarena (AIZa).

b) Deialdi honen 2. oinarrian eskatzen diren titulazioen fotokopiak.

c) Izangaiek alegatzen dituzten merezimenduen frogagiriak, jarraikiz aurreko puntuan eta deialdi honen seigarren oinarrian ezarritakoari.

d) Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

Puntu honetan adierazitako agiriak aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuko. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.6. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Tebasko Kontzejuko lehendakariak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Tebasko Kontzejuaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan. Izangai bazterturik ez bada, alkateak zuzenean onesten ahalko du izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek –halakorik bada– erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik egin badute, idazkia aurkeztuz Tebasko Kontzejuaren erregistro orokorrean.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan, eta haiek ebatzi ondoren, Tebasko Kontzejuko lehendakariak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Tebasko Kontzejuaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Francisco Javier Zamora Jiménez, Tebasko Kontzejuko lehendakaria.

Ordezkoa: hark eskuordetutako bat, Kontzejuko batzarkidea.

1. epaimahaikidea: Ion Echecolonea Senar, Ultzamako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

Ordezkoa: Nafarroako beste udal bateko zerbitzu anitzetako enplegatu bat.

2. epaimahaikidea: Josu Izaguirre Barco, Iruñeko Virgen del Camino ikastetxe bateratu politeknikoko irakaslea.

Ordezkoa: Lanbide Heziketako ikastetxe ofizial bateko irakasle bat, Kontzejuko lehendakariak aukeratu beharrekoa.

3. epaimahaikidea: Andrés Lazcoz Iribarren, Iruñeko Virgen del Camino ikastetxe bateratu politeknikoko irakaslea.

Ordezkoa: Lanbide Heziketako ikastetxe ofizial bateko irakasle bat, Kontzejuko lehendakariak aukeratu beharrekoa.

4. epaimahaikidea: Raquel Recalde Sanz, Tebasko Kontzejuko administrari-ofiziala, langileen ordezkari.

Ordezkoa: Tebas-Muru Artederretako Udaleko langile bat, Kontzejuko lehendakariak aukeratu beharrekoa.

Epaimahaikide-idazkaria: Alfonso Araujo Guardamino, Tebasko Kontzejuko aholkulari juridikoa eta abokatu elkargokidea (1376 MICAP).

Ordezkoa: Tebas-Muru Artederretako Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Halaber, izangaiek mahaikideak errekusatzen ahalko dituzte inguruabar horiek gertatzen direnean, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Epaimahaiaren osaera aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio, horren berri emanen da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera.

5.3. Hautaproba hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa. Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa hasiko da deialdia argitaratu eta gutxienez ere 2 hilabete iragandakoan. Oposizioaldia eginen da lehenik, eta ondotik, lehiaketaldia. Hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduari.

6.2. Oposizioaldia.

Oposizioaldia baztertzailea izanen da, eta 80 puntu lortzen ahalko dira gehienez ere.

Tebasko Kontzejuaren iragarki-taulan eta web-orrian iragarkia jarriz eginen zaie probetarako deia izangaiei. Hori aski izanen da hitzordua egina dela ulertzeko.

Hautapen-prozesuan bi proba baztergarri eginen dira.

Lehenbizikoa teorikoa izanen da. Plika sistema erabiliz eginen da, eta erantzun beharko zaio II. eranskineko gaiei buruzko galde-sorta bati. Erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina bakar bat izanen da zuzena.

Gehienez 30 puntu emanen ditu proba honek, eta berau gainditzeko gutxienez 15 puntu erdietsi beharko dira. Baztertuta geldituko dira puntuazio hori lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba egiteko zer denbora izanen den. Erantzun oker bakoitzeko 0,25 puntu kenduko da. Galderaren bat baliogabetzen bada, guztizko puntuazioa hainbanatuko da galdera baliodunen artean.

Bigarren proba praktikoa izanen da. Lanpostuarekin zerikusia duten proba praktiko batzuk egin beharko dira, II. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoa. Epaimahaiak erabakiko du zenbateko denbora izanen den haiek egiteko. Egun bakarrean edo gehiagotan egin ahal izanen dira. Gehienez 50 puntu emanen ditu proba praktiko honek, eta gutxienez 25 puntu erdietsi beharko dira. Baztertuta geldituko dira puntuazio hori lortzen ez duten izangaiak.

Probetarako dei bakarra eginen da. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, gidabaimena edo pasaportea. Bazterturik geldituko dira agertzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirien bidez frogatzen ez dutenak.

Behin lehenbiziko proba baloraturik, izangaiek lortutako puntuazioa argitaratuko da proba egin zen tokian eta Tebasko Kontzejuaren iragarki-taulan eta web-orrian. Behin-behineko kalifikazio horien aurka, alegazioak aurkezten ahalko dira bost egun naturaleko epean.

Lehenbiziko proba gainditu duten tokietan beretan iragarriko zaie izangaiei zer egunetan eta ordutan eginen den bigarren proba.

Bigarren proba baloratutakoan, Tebasko Kontzejuaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da izangaiek lortu duten puntuazioa. Behin-behineko kalifikazio horien aurka, alegazioak aurkezten ahalko dira bost egun naturaleko epean.

6.3. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldian parte hartuko dute oposizioaldia gainditu dutenek soilik.

Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, eta gehienez 20 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:

Esperientzia: Gehienez 10 puntu emanen dira.

–Zerbitzu anitzetako enplegatuaren zerbitzuak (D maila) eman izana, Nafarroako edozein toki-erakundetan: 2,00 puntu urteko.

–Zerbitzu anitzetako enplegatuaren zerbitzuak (D maila) eman izana, beste edozein erakunde publikotan: puntu bat urteko.

–Mantentze-lanetako enplegatuaren zerbitzuak eman izana, erakunde pribatuetan: 0,50 puntu urteko. Baloratzeko, kalifikazio-epaimahaiak erabakiko du zer baliokidetza edo berdintasun duten eginkizun horiek lanpostuaren eginkizunekin.

Frogatutako lan denbora urtebetetik beherakoa bada, araberan baloratuko da, hilabete osoak zenbatuz.

Soilik kontuan hartuko dira kontratu bakoitzeko hilabete oso bat gutxienez frogatzen duten kontratazioak.

Hala, lanaldia osoa ez bada, araberan kalkulatuko da, eta gutxienez ere %50eko lanaldia baloratuko da.

Merezimendu horiek frogatzeko, betiere, aurkeztu beharko dira entitate kontratatzaile publiko nahiz pribatuen ziurtagiriak, non argi eta garbi agertuko baita zer lan mota egin den, lanpostuaren maila, lanaldi mota edo iraupena, eta kontratu horren iraupena (zer egunetan hasi eta bukatu zen). Ez da baloratuko behar bezala frogatu gabeko merezimendurik, hots, adierazitako ziurtagiriaren bidez frogatu gabekorik.

Prestakuntza: Gehienez 10 puntu emanen dira.

–Titulazioarengatik, baldin haren edukiak lanpostuarekin zerikusirik badu, 4 puntu gehienez.

–Goi mailako gradua, LHII edo baliokideren bat, lanpostuaren egitekoekin zerikusia duten espezialitateetan: puntu bat titulu bakoitzeko.

–Gorago aipatutakoak baino maila handiagoko titulazio teknikoak, baldin lanpostuaren egitekoekin zerikusia badute espezialitateetan: 2 puntu titulu bakoitzeko.

–C eta E motetako gidabaimena: gidabaimen bakoitzeko 2 puntu. Alderdi hori baloratzen da, uste dugulako erabilgarria dela Tebasko Kontzejuko lanpostuaren berezko eginkizunetarako.

–Lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroengatik: 6 puntu gehienez. Honela puntuatuko dira:

–20 ordu edo gehiagoko ikastaroak: 0,10 puntu, ikastaro bakoitzeko.

–40 ordu edo gehiagoko ikastaroak: 0,25 puntu, ikastaro bakoitzeko.

–100 ordu edo gehiagoko ikastaroak: 0,5 puntu, ikastaro bakoitzeko.

–200 ordu edo gehiagoko ikastaroak: puntu bat, ikastaro bakoitzeko.

–Produktu fitosanitarioen aplikatzaile txartela: oinarrizko maila, 2 puntu.

–Produktu fitosanitarioen aplikatzaile txartela: maila kualifikatua, 3 puntu.

Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak, baremoaren atal bakoitzerako. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu gabeko edo agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, ez eta baremoan ezarritakoez bestelako merezimendurik ere, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik.

Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu lehiatzaileek alegatutako merezimenduei buruzko azalpen eta datu osagarriak.

Lehiaketaldia bukatuta, epaimahaiak Tebasko Kontzejuaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan jarriko du izangaien zerrenda, haien puntuazioa adierazita.

Behin-behineko kalifikazio horien aurka, alegazioak aurkezten ahalko dira bost egun naturaleko epean.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

7.1. Izangaiak baloraturik, epaimahaiak Tebasko Kontzejuaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren ordenan.

Berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinduta jarraituz gero, kontuan hartuko da lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioa eta, azkenik, berdin jarraituz gero, jendaurreko zozketa eginen da.

Parte-hartzaileek erreklamazioak jar ditzakete, hori argitaratu eta zazpi egun naturaleko epean.

7.2. Epaimahaiak, behin erreklamazioak ebatzi ondoren, argitaratuko ditu parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak, Tebasko Kontzejuaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta izangaien zerrenda igorriko dio Tebasko Kontzejuko lehendakariari, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik eta espediente osoarekin batera.

Epaimahaiak, orobat, izendapen proposamena eginen du, eta bitarteko berberen bidez argitaratuko da.

Lehenbiziko proba gainditu duten gainerako izangaiak sartuko dira zerrenda batean, lortutako puntuazioaren arabera, Tebasko Kontzejuaren kontratazioetarako. Zerrenda hori erabiliko da kontratazioak egiteko, kontzejuak ematen dituen zerbitzuetan sortzen diren beharrei erantzuteko, deialdi honen 1.6 oinarriari jarraikiz.

8.–Agiriak aurkeztea.

8.1. Izendapen proposamena argitara eman eta hamabost egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Tebasko Kontzejuaren Erregistro Orokorrean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo beste agiri bat, frogatzen dituena izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna.

b) Deialdiko lanpostua betetzeko eskatzen diren tituluen fotokopia konpultsatua.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena interesdunak ez duela akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea.

Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, aurkeztu beharko dute frogagiri bat, esaten duena desgaitasuna bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Balorazio eta orientazio talde eskudunek eman beharko dute.

d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.

e) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Eraentza, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

8.2. Epe horretan, interesdunak agiri horiek ekartzen ez baditu, salbu behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan, ezin izanen da izendatu, eta indarrik gabe geldituko dira haren jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna.

8.3. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, Tebasko kontzejuko lehendakariak hutsunea beteko du izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, eta harekin ere erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Lehendakariak, ebazpen baten bidez, Tebasko Kontzejuko zerbitzu anitzetako enplegatu izendatuko du aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duen izangaia.

9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Izendatuak lanpostuan hasi beharko du hamabost eguneko epean, izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera. Epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, ezinbesteko arrazoiak salbu, galduko ditu Tebasko Kontzejuko lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak. Kasu horretan, izangai onartuen zerrendan ondo-ondotik heldu den pertsonak beteko du hutsunea, eta harekin ere erabiliko da aurreko ataletako prozedura bera.

10.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.

10.1. Izangaien zerrenda bat prestatuko da, aldi baterako kontrataziorako, probak gainditu bai baina plazarik lortu ez duten izangaiekin. Hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari, eta deialdi honen 1.6 oinarriari.

Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

Izangaiei dei egiten zaienean, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua aldi baterako betetzeko, kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarrian. Xedapen horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru plazatik lehena gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenek betetzeko, baldin eta zerrenda horretan badaude eta dagozkien hautaprobak gainditu badituzte, eta frogatzen badute desgaitasuna bateragarria dela dagozkien zeregin eta eginkizunak betetzearekin.

10.2. Deitzea.

10.2.1. Zerbitzuaren beharren arabera kontratatuko dira probak gainditu dituzten izangaiak, oro har, aurretiaz banakako deiak eginik.

10.2.2. Izangaiek harremanetarako ematen ahalko dituzte telefono batzuk, wasap zenbakia, helbide elektronikoa etab., azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik eduki beharko dituzte.

Zerrendan dagoen lehentasun ordenaren arabera deituko zaie izangaiei. Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengo denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte. Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, izangai horiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

10.3. Uko egiteak.

10.3.1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasatuko da, ez bada frogatzen honako egoera hauetakoren batean dagoela:

a) Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.

b) Baja-egoeran egotea, gaixotasun baten ondorioz.

c) Izendatua edo hautatua izatea kargu politiko baterako edo ordezkaritza kargu baterako, eta, horren ondorioz, bateraezintasuna izatea bere eginkizunetan aritzeko; aukeratua izatea administrazio publiko batean aritzeko, izendapen libreko plaza batean; edo Gorte Nagusiek edo parlamentu autonomiko batek aukeratu izana, konstituzio organoetan parte hartzeko, edo beste postu batean aritzeko, ganbera batek hautatu behar duenean.

d) Ezkontzearen edo bikote egonkor izatearen ondorioz dagokion lizentzia gozatzen ari izatea, arau honekin bat: otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretua, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua.

e) Bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat hil izana, edo gaixotasun larri bat izatea, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.

f) Amatasun, aitatasun edo adopzio nahiz harrera kasuetan, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.

g) Hiru urtetik beherako haur bat zaintzea, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian egotea.

h) Legezko zaintza dela eta, zuzenean zaintzea desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duen norbait, %33ko edo hortik gorako minusbaliotasuna duena, eta lan ordaindurik ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

i) Bere kargura izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere kasa bizitzeko gauza ez dena adinagatik (65 urtetik gorakoa), istripuagatik edo gaixotasunagatik, eta lan ordaindurik egiten ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

j) Izangaiak hala erabakitzea, urtebeteko epearen barnean genero-indarkeriaren biktima izatearen ondorioz.

k) Erakunde ofizial baten beka bat jaso izana.

10.3.2. Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hamar egun balioduneko epea izanen dute, onartu gabeko lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori egiaztatzeko agiriekin eta modu frogagarrian. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

10.3.3. Lehen aipatutako kasuetan, izangaiek komunikatu beharko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

Alegatutako egoera frogatzen ez badu horretarako ematen zaion epean, ulertuko da eskainitako kontratuari uko egiten diola, bidezko arrazoirik gabe, deiaren egunetik hasita.

Era berean, izangaiak noiznahi komunikatzen ahalko dio Tebasko Kontzejuari ez deitzeko egoeran dagoela, eta hori komunikatzearekin batera frogatu beharko du.

10.4. Zerrendatik kanporatzea.

10.4.1. Deia eragin duen zerrendatik kanpo geldituko dira honako egoera batean dauden izangaiak:

a) Ez betetzea baldintza orokorrak eta titulazioari lotutakoak, ez eta lanpostuan jarduteko beharrezkotzat jotzen diren gainerakoak ere.

b) Desgaitua egotea lanbidean jarduteko edo eginkizun publikoetan aritzeko, edo edozein administrazio publikotatik kendua izatea diziplinako espediente baten bidez, egoera horrek irauten duen bitartean.

10.4.2. Honako hau izanen da zerrendatik kanporatzeko prozedura:

Kanporatzeko kausaren bat dagoela jakinez gero, kasuan-kasuan eskumena duen organoak aginduzko txostena eginen du, eta, 10 eguneko entzunaldia eman ondoren, bidezkoa denean, izangaia kanporatzeko proposamena eginen dio Tebasko Kontzejuko lehendakari.

Alkateak izangaiak kanporatzeko ebazpen bat emanen du, aurreko apartatuetan ezarritako arrazoiekin bat. Kanporatzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio 10 eguneko epean gehienez, eta espresuki adieraziko zaio kanporatzearen arrazoia.

Kanporatzeko prozedura izapidetu bitartean, ulertuko da izangaia ez dagoela kontratatzeko moduan.

10.4.3. Honako hauetakoren bat egin duten izangaiek galdu eginen dute zerrendan zeukaten tokia, eta igaroko dira zerrendetako azken tokira:

a) Uko egitea, justifikatu gabe, eskainitako lanpostuari edo bi lan-eskaintzari.

b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

c) Sinatutako kontratuari uko egitea.

d) Kontratatzeko deitzea eta ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea hark emandako bitartekoen bidez, gutxienez 6 aldiz saiatuta 2 hilabeteko epean.

11.–Datuen babesa.

Datuen tratamenduaren arduraduna: Tebasko Kontzejua.

Datuak babesteko ordezkaria: info@concejodetiebas.org.

Helburua: langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

Datuak gordeko diren denbora: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta argitara emanen dira Tebasko Kontzejuaren web-orrian eta iragarki-tauletan, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuetan sartzeko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezerezteko ere.

Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA, HONAKO DEIALDI HONETAN PARTE HARTZEKO: DEIALDIA, OPOSIZIO-LEHIAKETAREN BIDEZ BETE DADIN ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUAREN PLAZA BAT, TEBASKO KONTZEJUAREN ZERBITZUKOA, LAN-ARAUBIDE FINKOAN ETA LANALDIAREN %100AREKIN

I.–HAUTAPEN-PROZESUA.

Deialdia egiten duen erakundea: Tebasko Kontzejua. Lanpostuaren izena: zerbitzu anitzak.

II.–DATU PERTSONALAK.

Deiturak eta izena: ...........................................................................................................................

Helbidea: ...........................................................................................................................................

1. telefonoa: .................................................... 2. telefonoa: .............................................................

Posta elektronikoko helbidea: .................................................................................................................

–Bitarteko elektronikoak: jakinarazpen telematikoa: BAI / EZ

–Adierazitako posta-helbidean jakinaraztea: BAI / EZ

Bitarteko elektronikoak aukeratzen badituzu, bide hori erabiliko da eskabide honekin lotutako edozein komunikazio edo jakinarazpen egiteko, eta jakinarazpenak behar bezala egintzat joko dira eta behar diren ondorioak izanen dituzte, harik eta berariaz jakinarazten duzun arte jakinarazpenak posta-helbidearen bidez egitea nahi duzula.

III.-ADITZERA EMATEN DUT.

Eskabide honekin batera aurkezten ditut merezimenduak eta merezimenduen frogagirien kopiak, deialdiaren 3.4 oinarrian jasotzen den eran.

–Desgaitasun-baldintzak:

Aitortua DUT / EZ DUT desgaitasun bat, honako maila honetakoa: %..............(e)koa; eta desgaitasunaren ziurtagiria aurkezten dut.

Horiek horrela,

ADIERAZTEN DUT:

1. Betetzen ditut hautapen-prozesuan parte hartzeko baldintza guztiak, deialdiaren oinarrietan eskatu bezala.

2. Ez nago kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez nago desgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.

3. Ez dut indarreko xedapenetan ezarritako desgaitasun edo bateraezintasunerako berariazko kausarik.

4. Errealitatearen isla zehatza dira alegatutako merezimenduak eta haien frogagiriak.

Horregatik guztiagatik,

ESKATZEN DUT onar nazatela eskabide honetan aipatzen den deialdian.

Eguna eta sinadura

Deklaratzen duenak baimena ematen dio toki-erakundeari, jarraikiz abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa), tratatu daitezen espedientean eta tramiteetan jasota dauden bere datuak, fitxategi automatizatu batean sartzeko, fitxategi horren helburua baita datu pertsonal horiek sartzen dituzten organoei erraztea dagozkien kudeaketa-, egiaztapen- eta jarraipen-prozedurak kontrolatzea eta hobetzea. Halaber, deklaratzen duenak badaki, aipatutako lege organikoaren arabera, toki-erakundearengana jo dezakeela, baldin bere eskubidea erabili nahi badu datu horiek ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko, idatziz, eskatzailearen nortasunaren fede ematen duen frogarekin, eta erreferentzia gisa "Datuen babesa" paratuz.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak. Idazketako eta ortografiako oinarrizko erregelak.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: III. titulua. Administrazio egintzak.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I., III. eta IV. tituluak.

4.–Tebas-Muru Artederreta udalerria eta Tebasko Kontzejua: udalerria eta kontzejua ezagutzea, oro har; kaleen izenak, parajeak, eraikinak eta kontzejuaren instalazioak. Ordenantzak.

5.–Ureztaketa sarea mantentzeko lanak: ureztatzeko instalazioak diseinatzea, instalatzea, mantentzea eta programatzea. Drainatze sistemak.

6.–Ezagutzea, maneiatzea eta mantentzea lorezaintzako eta mendiko produktuak, makinak eta erremintak (sasi-garbitzeko makina, belarra mozteko makina, heskai-moztekoa, aizkora, motozerra, fitosanitarioen aplikazioa). Landatzea zuhaitzak, zuhaixkak, heskaiak, sasoiko loredun parterreak, tapiz-landareak eta erraboilak. Belardiak berriztatzea eta ereitea. Zapaldak eta parterreak prestatzea. Inauste-lanak: Zuhaitzak, zuhaixkak eta heskaiak inaustea.

7.–Zurgintzako oinarrizko lanabesak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, zerrak, trintxak, daratulu elektrikoa eta beste batzuk, hala nola lixak, kolak...). Zurgintzako oinarrizko lanak: doitzea ate-leihoak, sarrailak eta sarraila-zilindroak. Pertsianak: motak, mantentze-lanak eta konponketa. Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak. Matxura eta konponketa ohikoenak.

8.–Igeltserotza: kontzeptu orokorrak; materialak; erremintak; zolatzeak; alikatatzeak; kofratzeak; murruak egitea; egiturak konpontzea; hiri-altzariak eta eraikinak pintatzea; hiri-altzarien eta eraikinen mantentze-lanak. Matxura eta konponketa ohikoenak.

9.–Oinarrizko elektrizitatea: elektrikariaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (bihurkinak, guraizeak, aliketak eta abar). Eraikinetako banaketa koadroak (potentzia kontrolatzeko etengailuak, magnetotermikoak, diferentzialak). Hots egiteko zirkuituak (sakagailuak, txirrinak). Oinarrizko argi-zirkuituak (etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lur-konexiodunak nahiz gabekoak, lanparak). Argi fluoreszenteko zirkuituak (pitzarazgailuak, erreaktantziak, lanpara fluoreszenteak). Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak). Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak. Matxura eta konponketa ohikoenak.

10.–Iturgintza eta berokuntza instalazioen gaineko mantentze-lanak: materialak, iturgintzako hodietarako, saneamendurako eta berokuntzarako; aparatu sanitarioak; txorrotak; zisternak; sifoiak; berokuntza zirkuituak; erradiadoreak betetzea eta purgatzea; galdara-gelak eta haien osagai nagusiak. Hornidura eta saneamendua: sailkapena, materialak eta sareen elementuak. Ulertzea iturgintza, saneamendu, berokuntza eta aire-girotze eskemak. Matxura eta konponketa ohikoenak.

11.–Soldadura: kontzeptu orokorrak eta oinarrizko lanak: ezaugarriak, tipologiak, ekipoak, teknikak, prozesuak.

12.–Arlo hauetako ezagutzak: kudeaketa energetikoa, kontsumo energetikoen neurketa, datu bilketa, energia aurrezpenen kalkulua, hobekuntzen planteamendua, ingurumen irizpideak erabiltzea ekipo eta instalazioen erosketan.

13.–Mekanika: udal makineria, ibilgailuak, lanabesak eta tresnak maneiatzea, mantentzea eta konpontzea. Biltegia kontrolatzea.

14.–Laneko arriskuen prebentzioa, arau-esparrua: 31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Eskubideak eta betebeharrak. Segurtasun-baldintzekin eta laneko ingurumenarekin lotzen diren arriskuak. Arriskuak kontrolatzeko oinarrizko sistemak: babes kolektiboak eta norbera babesteko ekipamenduak.

15.–Bide-segurtasuna: lehen sorospenak. Modu seguruan erabiltzea metalezko hodi-aldamioak, eskailerak eta plataforma jasotzaileak. Obren seinaleak eta balizak. Makinen eta lanabesen alorreko segurtasuna.

Oharra: gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen legediaren arabera.

Tebasen, 2024ko abenduaren 23an.

Iragarkiaren kodea: L2418854