10. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

255/2024 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalei kudeaketa-esleipena egitea, baldin eta toki erakunde horiek onartzen badute, Leurtzako urtegietako aisiarako naturagunearen erabilera publikoa kudeatu eta antolatzeko 2025ean.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren helburuetako bat da naturagune babestuak kudeatzea eta haien ustiapen jasangarria bultzatzea, erabilera publikoa barne.

Nafarroako Naturaguneei buruzko 9/1996 Foru Legean ezarritakoaren arabera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren ardura da Foru Komunitateko naturagune babestu gehienen mantentze eta kontserbazio lanak egitea.

Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 25.1.b) artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuari dagokio aisiarako naturaguneen kudeaketa, baina toki erakundeekin hitzartzen ahal da gune horien kudeaketa.

Irailaren 2ko 308/1996 Foru Dekretuaren bidez, Leurtzako urtegiak aisiarako naturagune deklaratu ziren. Deklarazio horren helburua izan zen eremu horretako balio ekologikoak eta paisaia-balioak babestea, betiere aisialdiko jarduerekin eta erabilera tradizionalei eustearekin bateragarri izanik. Foru dekretu horretan berean, erabilera eta kudeaketa plana onetsi zen, non definitzen baitira gunearen zonifikazioa eta eremu bakoitzeko jarduketa baimenduak, baimengarriak eta debekatutak eta jarduketak, baita kudeaketa ere.

Leurtzako urtegiak aprobetxamendu hidroelektrikoa lortzeko eraiki ziren izen bereko errekaren goi aldean, Urrozko eta Beintza-Labaiengo udal-mugarteetan.

Duela hogei urte baino gehiagotik hona, Leurtzako urtegietan eta haien inguruetan bisitari ugari hartzen dira, eta bertan aisialdirako jarduera mota asko egiten dira, udaberrian hasi eta udazkenera bitarte. Inguru erakargarria da, arro itxi eta bakartua delako, berezko basoa duena; kontrastea egiten dute bertan ur-laminak eta ertzeraino iristen diren pagadi eta belardiek.

1986. urteaz geroztik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalek, urtegiek naturaren eta aisialdiaren aldetik duten balioaz jabeturik, hitzarmenak sinatu dituzte bisitarien gozamena eta inguruko natura-balioen kontserbazioa bateragarri egiteko.

Hitzarmen horien babesean, orduz geroztik hainbat jarduera egin dira azpiegiturak mantentzeko eta hornitzeko, zaintzeko, erabilera publikoa kudeatzeko eta ingurumen-hezkuntzarako.

Horrela, Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalek, horretarako egokiak diren toki erakunde bakarrak diren aldetik, Leurtzako urtegiak erakunde horien lurretan baitaude, beren gain hartzen dute aisiarako naturagune horren erabilera publikoaren kudeaketa eta antolamendua, eta konpromisoa hartzen dute Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean eta Leurtzako Urtegiak Aisiarako Naturagune (ANR-2) deklaratzen dituen irailaren 2ko 308/1996 Foru Dekretuan xedatutakoa errespetatzeko.

Bisitarien gozamena eta inguruko natura-balioen babesa, kontserbazioa, leheneratzea eta hobekuntza bateragarri egiteko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalek komenigarritzat jotzen dute hitzarmen ekonomiko bat sinatzea, Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalek beren gain har dezaten 2025ean Leurtzako urtegietako aisiarako naturagunearen (ANR- 2) kudeaketa.

Hitzarmen hori formalizatuko litzateke Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluan, bereziki 4. apartatuan, kudeaketa-esleipenei buruz ezarritakoaren arabera:

"4. Kudeatze-esleipena beste administrazio publiko bati egitea, eta beste administrazio publiko batek Foru Administrazio Publikoari egitea, hitzarmen bat sinatuz formalizatuko da, behar beste aurrekontu-kreditu dagoela egiaztatu ondoren".

Horretarako, Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalek 2025erako kudeaketarako proposamen bat aurkeztu dute, non definitzen baitira eremua kudeatzeko jarduketak, aurreko urteetan egindakoen antzekoak, batez ere ingurunea mantentzean eta bisitarientzako ingurumen-hezkuntzan oinarrituta daudenak, naturagune babestuaren kudeaketari jarraipena emateko.

Proposamena aztertu ondoren, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak uste du komeni dela kudeaketa-esleipen bat ezartzea, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalen artean hitzarmen bat sinatuz. Hitzarmen horretan, Leurtzako urtegietako aisiarako naturagunean (ANR 2) mantentzeko eta erabilera publikoa kudeatzeko 2025erako jarduketak jasoko dira, Nafarroako Gobernuak finantzatuko dituenak.

"Leurtzako urtegiak" aisiarako naturagunearen erabilera publikoa kudeatzeko jarduketatzat hartzen dira honako hauek:

–Jendeari arreta emateko langileak: Jendeari arreta emateko langileak arduratzen dira bisitariei arreta eta informazioa emateaz, bai eta naturaguneko azpiegiturak zaintzeaz, garbitzeaz eta oinarrizko mantentze-lanak egiteaz ere. Gorabeheren eta egindako lanen fitxa bat mantentzen dute.

–Jendeari arreta emateko langileek egin ezin dituzten lanak, materialari dagozkionak eta bestelakoak: materialak erostea eta mantentze-lan orokorrerako kontratazioak egitea.

–Lan aholkularitza: Beharrezkoa bada, Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalek lan eta administrazio arloko aholkularitza kontratatuko dute, langileen kontratazioa kudeatzeko.

2025erako hitzartutako jarduerak gauzatzeko aurreikusitako aurrekontua 47.500 eurokoa da, 2024ko gastuen aurrekontuko "Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalekiko hitzarmena, Leurtzako urtegietako aisiarako naturagunearen kudeaketarako" izeneko 740003/74300/2100/456305 partidaren kargura, edo 2025eko gastuen aurrekontuan horretarako gaitzen den partida baliokidearen kargura, kreditu egokia eta nahikoa badago.

Hitzarmenaren indarraldia 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra artekoa izanen da.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalei kudeaketa-esleipena egitea, baldin eta toki erakundeek onartzen badute, Leurtzako urtegietako aisiarako naturagunearen erabilera publikoa kudeatu eta antolatzeko 2025ean.

2. Esleipen hori formalizatzen duen lankidetza hitzarmena onestea. Ebazpen honen eranskinean dago.

3. 47.500 euroko gastua baimentzea, 2024ko gastuen aurrekontuko "Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalekiko hitzarmena, Leurtzako urtegietako aisiarako naturagunearen kudeaketarako" izeneko 740003/74300/2100/456305 partidaren kargura, edo 2025eko gastuen aurrekontuan horretarako gaitzen den partida baliokidearen kargura, kreditu egokia eta nahikoa badago.

4. Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalen alde 47.500 euroko zenbatekoa xedatzea, Leurtzako urtegietako aisiarako naturagunearen erabilera publikoa kudeatu eta antolatzeko jarduketak egiteko (2025erako lankidetza-hitzarmen horretan jasota daudenak), hitzarmenean ezarritako klausulen arabera, eta lehenago adierazitako partidaren kargura.

5. Alderdiek sinatu ondoren, lankidetza hitzarmena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari eta Ekonomia Aferetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Ebazpen hau jakinaraztea Urrozko Udalari eta Beintza-Labaiengo Udalari eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dutela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du ukatzen Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko abenduaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2419150