1. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MENDABIA

Deialdia, ikastetxeko atezain lanpostu bat lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko

Mendabiako Udaleko Alkatetzaren 2024ko abenduaren 12ko Ebazpenaren bidez, Mendabiako San Francisco Javier Ikastetxeko atezain lanpostu bat lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onartu ziren, klausula hauen arabera:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea Mendabiako Udaleko Hezkuntza Arloko San Francisco Javier Ikastetxeko atezainaren lanpostu hutsa, D mailakoa, funtzionario-araubidean eta lanaldi osoan.

1.2. Honako arau hauek beteko dira lekualdatze-lehiaketa honetan: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 33. artikulua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; eta azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 10. artikulua eta horrekin bat datozenak (foru lege horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua).

1.3. Hautapen-probak gainditurik, deialdiko lanpostua betetzeko izendatua gertatzen den pertsona D mailan sartuko da, eta maila horren lansariak eta Mendabiako Udaleko plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak hartuko ditu, ikastetxeko atezain lanpostukoak hain zuzen ere.

1.4. Lanposturako izendatzen dena Hezkuntzaren Arloari atxikiko zaio eta aurrera eraman beharreko lanak bere mailari eta kategoriari dagozkionak izanen dira, bai eta bere administrazio kategoriarako egokiak izanik esleitzen zaizkionak ere, zerbitzuaren beharren arabera.

Zehazki, lanpostu horretan aritzeak berekin dakar, besteak beste, honako eginbehar hauek betetzea, azalpen gisa eta ez modu baztertzailean:

–Eginkizunak goizez eta arratsaldez ordutegi zatituan betetzea.

–Altzari, makina, instalazio eta lokalak zaintzea.

–Garbiketako langileen lana zaindu eta haiei kontu hartzea.

–Ikastetxeen mantentze-lanak: elektrizitate-, iturgintza-, pintura-, igeltserotza-, lorezaintza-, sarrailagintza- eta beirateria-lan txikiak.

–Lehen Hezkuntzako eraikinaren fatxadaren aurrealde osoan jarritako paperontziak hustea, eta eraikin horren sarrerako ateen aldea uneoro garbi mantentzea.

–Sarrerako ateak garaiz ireki eta ixtea, eta argi orokorrak eta segurtasun-sistemak piztu eta itzaltzea.

–Ikastetxeko bulegoetako eta gainerako geletako giltzak zaintzea.

–Bere esku utzitako dokumentuak, gauzak eta gutunak hartu, zaindu eta banatzea.

–Zerbitzuari loturiko enkarguak egitea, bai eraikinaren barrenean bai kanpoan.

–Makina erreproduzitzaileak, multikopiagailuak, fotokopiagailuak, koadernagailuak eta antzekoak erabiltzea.

–Hala badagokio, bere eginkizunen izaerari egokitutako zerbitzuak ematea artxibo, liburutegi, biltegi eta abarretan.

–Ikastetxeko barneak mantentzen laguntzea:

  • Beharrezko zaintza eginez.
  • Konponketa txikiak hautemanez eta eginez.
  • Garrantzi handiko matxurak antzemanez eta zuzendariei jakinaraziz.

–Lokala zaintzea, eraikinaren ondoko eremuak eta berdeguneak zaintzea eta mantentzea, neguan berogailua piztea eta itzaltzea, etab.

–Ikasleen oporraldian, bertze zeregin batzuk egitea, ikasturtean ezin egin direnak.

–Oro har, zerbitzua dela-eta agintzen zaizkion antzeko beste edozein zeregin, eta lanpostua betetzeagatik eskatzen zaizkionak.

1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartu ahal izateko bete behar dira honako baldintza hauek, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapenaren egunetik adjudikatutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Mendabiako Udalaren zerbitzuko langile finko (funtzionario edo lan-kontratudun finko) izatea.

b) D mailan edo taldean egotea, sartzeko eskakizun gisa honako titulazio hauek zituen lanpostu batean: eskola-graduatua, I. mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea den titulua.

Orobat, deialdian parte hartzen ahalko dute, baldin baldintzak betetzen badituzte, lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian daudenek, edo nahitaezko eszedentzian daudenek, baldin administrazio egoeran gutxienez ere urtebetez egon badira: gisa horretara jardunera itzuliko dira, lanpostu baten behin betiko adjudikazioa lorturik.

2.2. Aipatu baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira, eta haiei eutsiko zaie hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapenaren unera arte.

3.–Lanpostu hutsen kopurua handitzea.

Deialdi honetako lanpostuak gero osatzen ahalko dira hutsik dauden lanpostuekin, halakorik baldin badago kalifikazio-epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda, puntuazio-ordenan, helarazten dion egunean. Halaber, deialdi honen xede izango dira lehiaketan lanpostu berri bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituzten lanpostuak.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Mendabiako Udaleko erregistroan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan eta Administrazio Prozedura Erkidean ezarritako edozein baliabideren bidez, 15 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabide horiek deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduaren araberakoak izan beharko dute, eta, bertan, izangaiek adierazi beharko dute parte hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela aurkezteko epea amaitzen den egunean. Era berean, parte hartzeko eskabidea telematikoki aurkeztu ahal izango da, Mendabiako Udalaren erregistro elektroniko orokorraren bidez. Udalaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://sedeelectronica.mendavia.es/.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aitzin, data eta zigilua jar ditzaten, eta Mendabiako Udalaren Erregistro Orokorrera bidaliko da.

4.2. Eskabidearekin batera, aurkeztuko dira alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak (betiere deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera), salbu Mendabiako Udalean egindako zerbitzuen frogagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

4.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

5.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Mendabiako Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Ezarritako epean ez bada batere eskabiderik aurkezten, alkateak ebazpen bat emanen du deialdiko lanpostua bete gabe uzteko.

5.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko 5 egun naturalen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, okerrik egin baldin badute, horiek zuzendu.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.4. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Honako hauek osatuko dute kalifikazio epaimahaia:

–Epaimahaiburua: María José Verano Elvira, Mendabiako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Mendabiako Udaleko zinegotzi bat, horretarako eskuordetutakoa.

–Epaimahaikidea: Teresa González Ezquerro, Mendabiako Udaleko administrari-ofiziala, langileen ordezkariek izendatua.

Ordezkoa: Marga Martínez Martínez, Mendabiako Udaleko administrari-ofiziala, langileen ordezkariek izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Jon Urteaga Alameda, Mendabiako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Nafarroako udal bateko idazkaria.

6.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

Halaber, oposizio-lehiaketaren azterketa saio guztiak edo horietako bat zuzen egin daitezen, beharrezkotzat jotzen diren barneko funtzionamendu arauak ebazteko ahalmena izanen du, betiere deialdian azaltzen diren oinarriei egokituz.

6.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari, administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Merezimendu-lehiaketa nola eginen den.

Epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu, honako baremo honen arabera:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 30 puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 10 puntu gehienez.

Epaimahaiak II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu izangai bakoitzak aurreko bi atalei dagokienez alegatutako eta frogatutako merezimenduak.

Deialdiaren 4.2. oinarrian xedatutakoarekin bat, merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Salbuespen bakarra Mendabiako Udalean egindako zerbitzuak izanen dira, organo dei-egileak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio horren frogagiriak.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiakideek alegatutako eta frogatutako merezimenduez.

Guztirako puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, administrazio publikoetan antzinatasun handiena dutenen alde eginen da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiakide zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

Lehiaketako elementuak baloratu ondoren, epaimahaiak Mendabiako Udaleko iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian paratuko ditu parte-hartzaileen puntuazioak, eta bost eguneko epea emanen du, interesdunek alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena, balorazio horri buruz.

8.–Gainditu duten izangaien zerrenda eta izendapen proposamena.

Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoan, epaimahaiak parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak emanen ditu argitara Mendabiako Udaleko iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian, eta Mendabiako Udaleko Alkatetzari igorriko dio lehiakideen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.

Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoren, epaimahaiak proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari, eskatzen den gutxieneko puntuazioa gainditu duten izangaiak izendatzeko, hain zuzen ere, deialdiko lanpostu kopurua betetzeko adina, barnean harturik aurreko paragrafoan aipatutako handitzearen ondoriozkoak, halakorik bada.

9.–Adjudikatzea eta lanpostuaz jabetzea.

Alkateak, ebazpen baten bidez, dagozkien lanpostuak esleituko dizkie lehiatzaileei, eta aginduko du esleipen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Adjudikazioa lortu duten lehiakideek adjudikazioari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, baldin eta deialdia egin duen organoak ebazpen horretan beste data bat ezartzen ez badu jabetza hartzeko.

10.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Mendabiako Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Hona oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-eginbeharra betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zein xedetarako bildu diren, bada xede hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondorioz izan daitezkeen erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean direla iragarki-taulan eta gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joaz. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Mendabian, 2024ko abenduaren 12an.–Alkatea, María José Verano Elvira.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE-ORRIA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/012_Local_Traslados_E.pdf

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

Epaimahaiak izangaiek alegatu eta behar bezala frogatutako merezimenduak baloratuko ditu, ondotik ematen den baremoari jarraikiz. Merezimenduak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, lekualdatze-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agirien kopiak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira aurkeztutzat hartuko. Epaimahaiak noiznahi eska diezazkieke izangaiei alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak.

7. apartatuan ezarritakoari jarraikiz alegatu eta frogatutako merezimenduak honako baremo honen arabera puntuatuko dira:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak (30 puntu gehienez).

1. Edozein administrazio publikotan deialdian eskatutako maila/talde bereko lanpostuetan egindako zerbitzuak, titulazio bera eskatu bada: 1,50 puntu urte bakoitzeko.

2. Edozein administrazio publikotan aurreko horiek ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,40 puntu urte bakoitzeko.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa eta beste merezimendu batzuk (10 puntu gehienez).

1. Administrazio publikoek, erakundeek edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira ordu bakoitzeko edo kreditu akademikoaren baliokidea den ordu kopuru bakoitzeko (kreditu akademiko bat = 10 eskola-ordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

a) apartatua:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Beste zerbitzu batzuekin aldi berean egindako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.

5. Funtzionarioa egon bada zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, edo aritu bada unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatuko dira egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan aritu balitz bezala.

6. Gehienez ere 30 puntu emanen dira a) atal honetan.

b) atala:

1. Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzen ondoriozko eskola-orduen zatikiak ez dira ez puntuatuko, ez hainbanatuko.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei ordu baten balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie; hau da, 120 ordurena.

4. Puntuazio berarekin baloratuko da Administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan parte hartu izana, nahiz eta erakunde antolatzaileari dagozkion baldintzak ez bete. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatutakoak.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitateaz kanpokoak.

6. Apartatu honetan, merezimenduak baloratuko dira soilik baldin zerikusi zuzenik badute deialdiko lanpostuarekin.

7. Gehienez ere 10 puntukoa izanen da b.1) apartatuaren puntuazioa.

Iragarkiaren kodea: L2418157