1. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NAGOREKO KONTZEJUA

Ordenantza, herri-larreen aprobetxamendua arautzen duena

Nagoreko Kontzejuak, 2024ko ekainaren 29an egin ohiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, Nagoreko mugarteko herri-larreen aprobetxamendua arautzen duena.

Hasierako onespenaren iragarkia 2024ko 189. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 17an. Jendaurreko aldia iragan da inork alegaziorik egin gabe, eta, hala, aipatutako ordenantza behin betiko onesten da, eta argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Nagoren, 2024ko urriaren 29an.–Kontzejuko burua, Francisco Javier Huarte Ilárraz.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Nagoreko herri-lurretan dauden larreen adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzea.

2. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua), Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak eta herri-lurretako ondasunen gaineko ordenantza hau.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK

3. artikulua. Nagoreko Kontzejuaren ahalmenak dira herri-ondasunak erabiltzea, administratzea, aprobetxatzea eta antolatzea, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Arlo horretan Nagoreko Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA

4. artikulua. Nagoreko kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen.

5. artikulua. Nagoreko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko adjudikazioak, haien partaide denean, eta ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.

IV. TITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

6. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

7. artikulua. Ondoko artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen dituzten familia-unitateak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretiratuek osatua, baita familiakoekin bizi badira ere, baldin haien diru-sarrerak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak.

8. artikulua. Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitatearen titularrak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua.

b) Nagoreko erroldan bizilagun bezala inskribatua egoteabost urte lehenagotik.

c) Nagoren bizitzea urtean bederatzi hilabetez jarraian, gutxienez.

d) Azienda erregistratua izatea Nafarroako Gobernuko animalien abeltzaintza zentsuan.

e) Onuraduna zer toki entitateri dagoen lotua, Zerga betebeharrak eguneratuak izatea haiexekin.

9. artikulua. Adjudikaziorako, larreak lote hauetan banatu dira:

–1. lotea, Artziko 5. poligonoa, 548 hektarea inguru.

–2. lotea, Artziko 6. poligonoa, 225 hektarea inguru.

10. artikulua. Adjudikaziodunek ordaindu beharreko kanona Nagoreko Kontzejuak finkatuko du une bakoitzean, dagokion tasazio ofizialarekin. Gaur egungo hasierako tasa honako hau da:

–1. lotea: 6.177 euro.

–2. lotea: 2.641 euro.

Saria urtero eguneratuko da kontsumoko prezioen indizearen arabera.

11. artikulua. Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren edo enkantearen bidezko aprobetxamenduagatik, epea hamar urte izanen da.

12. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo bertze batzuei lagatzeko.

13. artikulua. Kontzejuak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, larreen aprobetxamendua zuzenean egiten dela ziurtatzeko.

14. artikulua. Kontzesiodunek Kontzejuaren baimena beharko dute luberritzeko, larreak sortzeko eta abarretarako, harexek ezarriko baitie zer baldintzatan egiten diren, eskatu beharreko beste baimen batzuen kalterik gabe. Baimen horiek adjudikaziodunak izapidetuko ditu.

15. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez ez badira herri-larre guztiak adjudikatzen, soberan gelditu direnak enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, eta enkantea ez da 11. artikuluan ezarritako epea baino luzeagoa izanen.

16. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzeko eskubidea izan uste dutenek hamabortz egun balioduneko epea izanen dute beren eskabideak aurkezteko, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina.

17. artikulua. Eskabideekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Familia-unitatearen titularraren NANren fotokopia. Adinez txiki burujabe edo judizialki gaitua izanez gero, horren egiaztagiria.

b) Zinpeko deklarazioa dioena Nagoreko bizilaguna dela, gutxienez ere bost urte lehenagotik, eta bere hartan urtean gutxienez ere bederatzi hilabetez bizi dela.

c) Zinpeko deklarazioa dioena zerga betebeharrak eguneratuak dituela loturik dagoen toki entitate guztiekin.

d) Azienda erregistratua izatea Nafarroako Gobernuko animalien abeltzaintza zentsuan. Eskaera egiteko unean aziendarik ez badago, hiru hilabeteko epea emanen da titularraren izenean dauden abereen egiaztagiriak aurkezteko. Informazio hori ematen ez bada, adjudikazioa baliogabetu eginen da.

18. artikulua. Eskaerak egiaztatu ondoren, Nagoreko Kontzejuak adjudikaziorako onartu direnen behin-behineko zerrenda emanen du argitara iragarki-taulan. Zerrenda horretan eskatzailearen izen-abizenak agertuko dira.

19. artikulua. Iragarki berean, hamabortz egun balioduneko epea irekiko da, interesdunek bidezko iruditzen zaizkien erreklamazioak aurkez ditzaten.

20. artikulua. Epe hori buruturik, ebatziko dira aurkezturiko erreklamazioak eta onetsiko da onuradunen behin betiko zerrenda, behin-behineko zerrendako zehaztapen berekin.

21. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez ez badira herri-larre guztiak adjudikatzen, enkante publikoa eginen da jarraikiz indarra duen legeriak aurreikusten duen prozedurari, zortzi eta hamabost urte bitarteko eperako.

22. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak eta xedapenak bete beharko ditu.

Xedapen iragankor bakarra.–Oraingo adjudikazioak bukatutakoan jarriko dira indarrean ordenantza honetan larreen aprobetxamenduei buruz agertzen diren xedapenak.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten edo harekin bat ez datozen Kontzejuko ordenantza eta xedapen guztiak.

Azken xedapena.–Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2417188