2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
CINTRUÉNIGO
San Francisco de Asís Udal Patronatuaren gizarte-langilearen merezimendu-lehiaketa. Deialdiko lanpostua bete gabe utzi dela deklaratzea
Lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko deialdian ezarritakoaren arabera, 2022ko abenduaren 19ko 253. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (Enplegu Publikoan dagoen Behin-behinekotasuna Murrizteko Premiazko Neurriei buruzko Legea); merezimendu-lehiaketaren deialdi horretan akatsen zuzenketa egin ondoren, 2023ko 61. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 27an argitaratu zena, eta San Francisco de Asís Udal Patronatuko Batzarraren 2024ko azaroaren 21eko erabakiaren bidez Inés Fernández García langile lan-kontratudun finko izendatu zen gizarte-langilearen lanpostuan aritzeko, eta R42 plaza esleitu (B maila, %50eko lanaldia).
Inés Fernández Garcíak, 2024ko abenduaren 10ean kontratua sinatutakoan, eta lanpostu horretan batere aritu gabe, eskatu zuen borondatezko eszedentzia egoeran deklaratzea gizarte-langilearen lanpostuan, egun horretatik beretik hasita, gaur egun bertze administrazio publiko batean ari delako lanean.
Kontuan harturik Patronatu honetako lan-kontratudun finko nahiz aldi baterakoen lan baldintzen gainean indarra duen erabakiaren 11. artikuluan eszedentziei aplikatu beharreko araubidea foru legedian ezarritakoa dela, hots, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoa.
Ikusirik abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren Testu Bateginaren 26.1.b) artikulua, ezartzen duena bidezkoa izanen dela borondatezko eszedentzia deklaratzea, langile finko batek eskatuta, lanpostuaren jabetza hartzeko unean zerbitzuak egiten ari baldin bada bertze Administrazio Publiko batean.
Aintzat harturik ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 35.3. artikuluan ezarritakoa (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua): "Izangairen bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data horretan bertze administrazio publiko batean ari delako, indarreko araudian ezarritako kasuetan, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiaren 32.3. oinarriak agintzen duen moduan".
Horiek horrela, eta baliatuz apirilaren 2ko 7/85 Legearen 21.1 artikuluan ezarritako eskumenak (lege horrek arautzen ditu toki araubidearen oinarriak),
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Eskatutakoa onartu eta Inés Fernández García borondatezko eszedentziako administrazio-egoeran deklaratzea, lanpostuaz jabetzeko unean bertze administrazio publiko batean zerbitzuak ematen ari delako, jatorrizko plazaren erreserbarik gabe, lanpostuaz jabetzen den egunetik bertatik ondorioak izanik, eta mugarik gabe, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru-Dekretuan eta horrekin bat datozen legeetan aurreikusitako baldintzetan eta ondorioekin.
Bigarrena.–Aipatu deialdiaren 10.4 eta 11.6 oinarrietan xedatutakoarekin bat etorriz, hutsunea betetzea probak gainditu dituzten izangaien zerrendan (deialdiaren 8. eta 9. oinarriak) hurrengo postuan den izangaiarekin, hutsik geldituriko lanposturako baldintzak betetzen baditu. Deialdiaren merezimendu-lehiaketa bidezko prozesuan izangai gehiago ez dagoenez, bidezkoa da gizarte-langilearen lanpostua (R42 plaza) bete gabe deklaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honen berri ematea langileen alorrari eta interesdunei, ohartaraziz honen aurka aurkez dezaketela:
–Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpen hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroan administrazioarekiko auzietan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.
Cintruenigon, 2024ko abenduaren 10ean.–Patronatuko burua, Oscar Bea Trincado.
Iragarkiaren kodea: L2418135