1. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

130E/2024 EBAZPENA, urriaren 10ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita, dirulaguntzak banakako ebaluazio prozeduraren bidez emateko aisialdiko monitore edo zuzendari izateko ikastaroak egiten dituztenei, baldin eta ikastaroak ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza eskolek antolatzen eta ematen badituzte. DDBN identifikazioa: 790384.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak ezartzen duenez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren eskumenekoa da gazteriaren arloko hezkuntza ez-formala, hau da, pertsonaren garapena faboratzen duten jarduera ez-arautuen multzoa, eta gazteen prestakuntzako premiak babestearen aldeko apustu argian.

Ekainaren 21eko 236/1999 Foru Dekretuak onetsi zuen Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola sortzea. Eskola horrek, besteak beste, ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza eskolek sustatutako ikastaroen titulazioak, diplomak eta ziurtagiriak ematen ditu. Gainera, gazteriaren arloko jarduerekin lotura duten titulazioen ikastaroetako programak ezartzen ditu. Bestalde, uztailaren 5eko 56/2023 Foru Dekretuan, aisialdiko hezkuntza eskolak eta horien irakaskuntzak aitortzeko bidea arautzen da.

Monitore edo zuzendari izateko ikastaroak eginda gazteen parte hartzea sustatzen da, eta gazteen elkarte sareak mantendu eta garatzea, baita ondoren gazteak boluntario aritzea sustatu eta lan merkatuan sartzea ere. Komunitate mailan, gainera, haur eta gazteen dinamizazioa bultzatzen du herri eta auzoetan, gazteendako zentroetan eta aisialdiko guneetan.

Hori dela eta, gazteriaren arloko jarduerak erraztu eta sustatzeko, bidezkoa da deialdi berezi bat izapidetzea, dirulaguntzak emateko aisialdiko monitore edo zuzendari izateko ikastaroak egiten dituztenei, baldin eta ikastaroak Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza eskolek antolatzen eta ematen badituzte.

Nafarroako Gobernuaren 2024ko urriaren 2ko Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari deialdi berezia onets zezan, laguntzok banakako ebaluazio prozeduraren bidez emateko.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,

EBAZTEN DUT:

1.a Aisialdiko monitore edo zuzendari izateko ikastaroak egiten dituzten gazteei dirulaguntzak emateko deialdia onestea. Ikastaroek Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza eskolek antolatuak eta emanak izan behar dute, eta haien zati teorikoak 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarte beharko du amaiturik.

2.a Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3.a 50.000,00 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 2025erako gaituko den aurrekontu partidaren kargura, Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 2024rako "Gazteen prestakuntzarako laguntzak" izeneko 340002 34100 4809 232102 partidaren baliokidea izanen dena, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

4.a Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratu ondoren.

5.a Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6.a Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu hartzailetza delegatuari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko urriaren 10ean.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José Maria Burgaleta Encina.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, AISIALDIKO MONITORE EDO ZUZENDARI IZATEKO IKASTAROAK, AISIALDIKO HEZKUNTZA ESKOLEK EMANAK, EGITEN DITUZTEN GAZTEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea aisialdiko monitore edo zuzendari izateko ikastaroak egiten dituztenei laguntza ekonomikoak emateko. Ikastaro horiek Nafarroako Gazteriaren Institutuak (aurrerantzean, NGI) ziurtatzen ditu eta erakunde berak ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza eskolek (aurrerantzean, AHE) antolatuak eta emanak izan behar dute.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera, laguntza hauek banakako ebaluazioko araubideari jarraikiz emanen dira.

Laguntzak eskatu ahal izateko, ikastaroek deialdian ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta haien zati teorikoak 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarte beharko du amaiturik.

Aisialdiko monitore izateko ikastaroen kasuan, zati teorikoa osatuko dute MF1866_2, MF1867_2 eta MF1868_2 prestakuntza moduluetan jasotako edukiek, hala ezartzen baitu urriaren 31ko 1537/2011 Errege Dekretuak. Izan ere, dekretu horren bidez Gizarte eta Kultur eta Komunitatearentzako Zerbitzuak izeneko lanbide arloko bi profesionaltasun ziurtagiri ezartzen dira, profesionaltasun ziurtagirien Estatuko katalogoan jasoak.

Aisialdiko zuzendari izateko ikastaroen kasuan, zati teorikoa osatuko dute MF1869_3, MF1867_2, MF1868_2 eta MF1870_3 prestakuntzako moduluetan jasotako edukiek, hala ezartzen baitu azaroaren 18ko 1697/2011 Errege Dekretuak. Izan ere, dekretu horren bidez Gizarte eta Kultur eta Komunitatearentzako Zerbitzuak izeneko lanbide arloko bost profesionaltasun ziurtagiri ezartzen dira, profesionaltasun ziurtagirien Estatuko katalogoan jasoak.

2. Aurrekontua.

Deialdi honetako 50.000,00 euroko gastua gastuen aurrekontuan 2025erako gaituko den partida ekonomikoaren kargura aplikatuko da, Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 2024rako "Gazteen prestakuntzarako laguntzak" izeneko 340002 34100 4809 232102 partidaren baliokidea izanen dena, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

Deialdi hau bukatuko da aurrekontu kreditua bukatzen denean eta, edonola ere, 2025eko urriaren 31n.

3. Onuradunak.

Deialdi honetako dirulaguntzak eskatzen ahalko dituzte onarpen ofiziala duten AHEek antolatutako eta emandako eta NGIk ziurtatutako aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak egiten dituztenek, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroan bizitzea eskaera aurkezten den unean.

b) Laguntza eskatzen den unean 31 urte beteak ez izatea.

c) Aisialdiko monitore edo zuzendari izateko ikastaro bat hasirik izatea. Ikastaroek Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako AHEek antolatuak eta emanak izan behar dute, eta haien zati teorikoak 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarte beharko du amaiturik.

d) Matrikularen zenbatekoa ordainduta izatea.

e) Nafarroako Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak, bai eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak ere, kitatuak izatea.

Eskatzaile bakoitzari behin bakarrik emanen zaio dirulaguntza aisialdiko monitore izateko ikastarorako, eta behin bakarrik aisialdiko zuzendari izateko ikastarorako.

4. Balorazio irizpideak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

4.1. Aisialdiko monitore edo zuzendari izateko ikastaroen dirulaguntzen balorazioa eta emakida eskatzailearen familia-unitatearen per capita errentaren arabera eginen da.

4.2. Deialdi honen ondorioetarako, familia-unitatea izanen da 2023ko edo 2024ko Pertsona Fisikoen Zergaren aitorpenean justifikatutakoa, deialdi honen 4.3 oinarriari jarraikiz.

4.3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko aitorpena aurkeztuta justifikatuko dira familia-unitatearen diru sarrerak. 2025eko uztailaren 1a baino lehen aurkeztutako eskabideek 2023ko ekitaldiari dagokion errenta aitorpena aurkeztuko dute. 2025eko uztailaren 1etik aurrera aurkeztutako eskabideek 2024ko ekitaldiari dagokion errenta aitorpena aurkeztuko dute.

4.4. Familia-unitatearen errenta da zerga oinarriaren zati orokorraren (507 laukitxoa), aurrezkiaren likidazio-oinarriaren (8840/8841 laukitxoak) eta 2023ko edo 2024ko errenta aitorpenean agertzen diren errenta salbuetsien (529 laukitxoa) baturaren ondoriozko zenbatekoa, deialdi honen 4.3 oinarrian zehazten denari jarraikiz.

Aitorpena egiteko betebeharrik ez badago, egoera hori egiaztatzen duen dokumentazio ofiziala eta/edo beste errenta edo diru sarrera batzuk jasotzea justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

4.5. Eskatzaileak alegatzen badu emantzipatuta dagoela edo independentea dela familiaren eta ekonomiaren aldetik, behar bezala frogatu beharko du independentzia hori ahalbidetzeko baliabide ekonomiko nahikoak dituela, bai eta bere ohiko bizilekuaren titulartasuna edo alokairua ere. Hala ez bada, eta egiaztatutako diru sarrerak txikiagoak badira etxebizitzaren gastuak eta ezinbestekotzat jotzen diren beste batzuk baino, ulertuko da independentzia frogatu gabe dagoela, eta, beraz, laguntza honen ondorioetarako familiaren errenta eta ondarea kalkulatzeko, kontuan hartuko dira oinarri honen 4.2 apartatuan aipatzen diren familia-unitateko kide konputagarriei dagozkien diru sarrerak.

4.6. Per capita errenta lortzeko, eragiketa hau eginen da: familia-unitatearen errenta zati familia-unitateko kideen kopurua.

Familia-unitatean % 33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duen pertsona bakoitza bitan zenbatuko da familia unitateko kideen kopurua zehazteko.

4.7. Aisialdiko monitore ikastarorako laguntzak per capita errentaren arabera emanen dira, taula honen arabera:

PER CAPITA ERRENTAREN TARTEA

LAGUNTZA PORTZENTAJEA

Hemendik

Honaino

0 euro

12.000 euro

% 100

12.000,01 euro

15.000 euro

% 75

15.000,01 euro

18.000 euro

% 50

18.000,01 euro

30.000 euro

% 25

30.000 euro baino gehiago

0

4.8. Aisialdiko zuzendari ikastarorako laguntzak per capita errentaren arabera emanen dira, taula honen arabera:

PER CAPITA ERRENTAREN TARTEA

LAGUNTZA PORTZENTAJEA

Hemendik

Honaino

0 euro

15.000 euro

% 100

15.000,01 euro

30.000 euro

% 90

30.000 euro baino gehiago

0

4.9. Aisialdiko monitore zuzendari izateko ikastaroaren zenbateko osoa ordainduko zaie zaurgarritasun sozioekonomikoko egoeran dauden pertsonei, eta ez dute familia-unitatearen errenta aitorpena aurkeztu beharko.

Nolanahi ere, hobari hori onesteko, beharrezkoa izanen da eskatzailearen erreferentziazko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak gehienez ere sei hilabete lehenago egin duen aldeko txostena aurkeztea.

5. Noiz eta non aurkeztu.

5.1. Eskabideak 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean aurkezten ahalko dira, baldin eta kreditu nahikoa badago.

Laguntza hauek ikastaroa hasi ondoren eskatzen ahalko dira, izena eman eta ikastaroa ordaindu ondoren.

5.2. Eskaerak eta dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako tokietan (16. artikulua), baita telematikoki ere, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-jovenes-para-realizar-cursos-de-monitor-o-director-de-tiempo-libre.

6. Dokumentazioa.

6.1. Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Laguntza-eskabidearen inprimakia, behar bezala beteta, izapide honetarako eskabide gisa balioko duena. (II. eranskina)

b) Ikastaroaren kostua ordaindu izanaren egiaztagiria, zenbatekoa agertzen duena.

c) Ikastaroan parte hartzen duen pertsonaren NANaren fotokopia.

d) Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria, laguntza eskatu aurreko hiru hilabeteetan emana.

e) Eskatzailearen familia-unitatearen 2023ko edo 2024ko errenta aitorpena, deialdi honen 4.3 oinarrian zehaztutakoari jarraikiz.

f) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera, banku entitateak behar bezala betea eta zigilatua.

Dokumentu hori ez da beharrezkoa ziurtagiri elektronikoa edo Cl@ve sinadura dutenentzat. Kasu horretan, alta ematen ahal zaio dirulaguntzaren transferentzia eginen den kontuari, eta horretarako jarraibideak esteka honetan daude: https://hacienda.navarra.es/ConsultaCuentasPagos/#/gestion-cuentas.

g) Kuota salbuespenaren txostena, hala badagokio, dagokion oinarrizko gizarte zerbitzuak emana.

h) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena. (II. eranskina)

i) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ziurtagiri horrek urtebeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko (II. eranskina).

j) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria, frogatzen duena eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela. Ziurtagiri horrek urtebeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko (II. eranskina).

7. Instrukzioa eta balorazioa.

7.1. Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atala izanen da dirulaguntzaren unitate kudeatzailea, eta eskaerak izapidetuko ditu.

7.2. Dokumentazio osoa aurkezten ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskaera aurkeztu duen eskatzaileari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko jakinarazpenaren biharamunetik 10 egun baliodun iragan baino lehen, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

8. Ebazpena.

8.1. NGIko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu eskaerak, erregistroan aurkeztu ziren ordena horretan berean.

8.2. Ebazpenak eman eta interesdunei jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Hala badagokio, laguntzen zenbatekoa eta xedeak adieraziko dira. Epealdi horretan berariazko ebazpena ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Laguntza ematen duen ebazpenean eskaera bat baino gehiago biltzen badira, ebazpenean azalduko da, gutxienez ere, laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezesten direnak.

9. Bateragarritasuna.

9.1. Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatuek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin.

9.2. Deialdi honetan araututako laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo xede bereko bestelako laguntzekin metaturik, ez da inola ere izaten ahalko onuradunak matrikula edo inskripzioan ordaindutakoa baino handiagoa.

10. Betebeharrak.

10.1. Ikastaroa osorik gainditzea eta dagokion titulua eskuratzea.

10.2. Laguntza emateko eta ordaintzeko baldintza eta betebeharrak betetzen dituztela frogatzea.

10.3. Nafarroako Gazteriaren Institutuak eskatutako informazioa ematea eta haren egiaztapenak onartzea.

10.4. Laguntzaren xedea den ikastaroa finantzatzeko bestelako dirulaguntzak, laguntzak edo diru sarrerak jasoz gero, horren berri ematea Nafarroako Gazteriaren Institutuari.

10.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

11. Ordainketa.

Emandako dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere.

12. Ez-betetzeak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizioz eginen ditu laguntza emateko eta mantentzeko beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapen guztiak. Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, edo adierazitako datuak gezurrezkoak badira, laguntza galduko da, eta jasotako dirua itzuli beharko da.

Laguntza itzuli beharko da baldin eta ikastaroa ez bada osorik gainditzen eta dagokion titulua ez bada lortzen eta, horrez gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutako arrazoiengatik.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

Baldin eta eskatzailea hiltzen bada edo beste edozein inguruabar oso larri gertatzen bada, eta behar bezala justifikatuta badago, ez da atzera botako emandako laguntza.

13. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beraren oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari, eta horretarako hilabete egonen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

14. Aplikatuko den legeria.

Ebazpen honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2414838