Iragarkia
99. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 14a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
380/2024 EBAZPENA, apirilaren 11koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Osasun Departamentuak ikerketa proiektuak sustatzeko dirulaguntzen 2024ko deialdia. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 754622.
Osasun Departamentuak beharrezkotzat jotzen du Nafarroan osasun zientzietako ikerketa sustatzea, zenbait legek ezarritakoarekin bat (Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legea; Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legea; Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legea eta Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legea), eta, orobat, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen hamargarren tituluan, "Osasunaren irakaskuntza eta ikerketa" izenekoan, aurreikusitakoa betetzeko. Era berean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan Ikerketa Sustatzeko Programaren helburua da ikerkuntza eraginkortasunez txertatzea osasun zerbitzuen agendan eta lan kolektiboan. Programa hori Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 22ko 87/2014 Foru Aginduaren bidez onetsi zen.
Bestalde, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S4 Estrategian (2021-2027) ezarritako lehentasunezko arloen artean osasuna ageri da, osasun arloko ekosistema berritzailearen zientzia sustatzea helburu duena, ezagutza zientifikoa sortzea, aintzat hartzea eta aplikatzea bultzatuz.
Horiek horrela, Osasun Departamentuak ikerketa proiektuak sustatzeko dirulaguntzen deialdiaren helburua da 2024., 2025. eta 2026. urteetan ikerketa proiektuak sustatzea osasunean zein Nafarroako Osasun Sisteman eraginik eta oihartzunik handiena duten arloetan, hainbat zentro eta jakintza arloetako profesionalen arteko lankidetza sustatzeko. Proiektu horiek diziplina biomedikoen eta soziosanitarioen eta osasun zientzien arlokoak eta urte anitzekoak izanen dira.
Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren bidez, Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuaren esku utzi zen Osasun Departamentuaren finantzaketaren bitartez egiten den ikerketa biomedikoaren deialdiaren kudeaketa.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta oinarri arautzaileak, legezkoak.
Azaldutakoa kontuan hartuta, Plangintza, Estrategia Sanitario eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak egindako txostena ikusita, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren 8. artikuluaren t) eta y) letrek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Osasun Departamentuak ikerketa proiektuak sustatzeko dirulaguntzen deialdia 2024., 2025. eta 2026. urteetarako, ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan ezarritako oinarriek arautuko dutena.
2. Deialdi hau finantzatzeko, guztira, 1.347.395 euroko gastua baimentzea, honela banatuta:
–A modalitatea: 791.606 euro Nafarroako sare publikoko osasun zentroei, Nafarroan kokaturiko unibertsitateei edo irabazi-asmorik gabeko Nafarroako beste erakunde publiko edo pribatu batzuei atxikitako ikertzaileek edo ikertzaile nagusiek gidatutako osasun zientzietako ikerketa proiektuetarako. Modalitate honetara 474.963,60 euro bideratuko dira 2024an, 158.321,20 euro 2025ean, eta 158.321,20 euro 2026an.
–B modalitatea: 395.789 euro Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua) ikertzaileek gidatutako osasun zientzietako ikerketa proiektuetarako, baldin eta ikerketa taldeko langileen %50 gutxienez Osasun Departamentukoak eta aipatutako erakunde autonomoetakoak badira. Modalitate honetara 237.473,40 euro bideratuko dira 2024an, 79.157,80 euro 2025ean, eta 79.157,80 euro 2026an.
–C modalitatea: 80.000 euro Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako erizainek, gizarte-langileek edo fisioterapeutek gidatutako osasun zientzietako ikerketa proiektuetarako, baldin eta ikerketa taldeko langileen %50 gutxienez Osasun Departamentukoak eta aipatutako erakunde autonomoetakoak badira. Modalitate honetara 48.000 euro bideratuko dira 2024an, 16.000 euro 2025ean, eta 16.000 euro 2026an.
–D modalitatea: 80.000 euro Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetako langileek gidatutako osasun zientzietako ikerketa proiektuetarako, baldin eta ikertzaileen %50 gutxienez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetakoak badira. Modalitate honetara 48.000 euro bideratuko dira 2024an, 16.000 euro 2025ean, eta 16.000 euro 2026an.
Aipatutako gastutik 808.437 euro 2024ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Osasun zientzietako ikerketa proiektuak" izeneko 512002 51300 7819 465102 partidaren kargura egotziko dira; 269.479 euro, 2025. urteko aurrekontu ekitaldiari dagokion partidaren kargura, eta 269.479 euro, 2026. urteko aurrekontu ekitaldiari dagokion partidaren kargura.
Hiru aurrekontu ekitaldi horietan, urte bakoitzeko gastuen aurrekontuan kreditua nahikoa eta egokia izatearen mende egonen da aurreikusitako zuzkidura hori aplikatzea.
Halaber, 2024ko, 2025eko edo 2026ko ekitaldietan partida horietako edozeinetan diru erabilgarri gehiago izanez gero, deialdi honetan hasieran aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio; gehienez ere 833.437 euro 2024an, 269.479 euro 2025ean eta 269.479 euro 2026an.
3. Ebazpen hau igortzea Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuari, Ogasuneko kontu-hartzaile delegatuari, Osasun Departamentuko Kontabilitate Bulegoari eta Balorazio Estrategikoko Batzorde Teknikoko kideei, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta nafarroa.eus atariaren tramiteen katalogoan argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
5. Ebazpen honek ez du bide administratiboa ixten, eta beronen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2024ko apirilaren 11n.–Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, OSASUN DEPARTAMENTUAK IKERKETA PROIEKTUAK SUSTATZEKO DIRULAGUNTZEN 2024KO DEIALDIARENAK
1. Xedea eta helburu publikoa.
Deialdi honen xedea da ikerketa proiektuak sustatzea 2024an, 2025ean eta 2026an osasun zientzien arloan, biztanleriaren osasuna hobetzen laguntzeko. Sustatuko diren ikerketa proiektuetan ikerketa klinikoaren, osasun publikoaren edo osasun zerbitzuen eta zerbitzu soziosanitarioen inguruko arloak landu beharko dira. Osasuna hobetzera edo ikerketa biomedikoko prozesuak eta teknologiak hobetzera ere bideratzen ahalko dira.
Lau modalitate daude:
–A modalitatea, Nafarroako sare publikoko osasun zentroei, Nafarroan kokaturiko unibertsitateei edo irabazi-asmorik gabeko Nafarroako beste erakunde publiko edo pribatu batzuei atxikitako ikertzaileek edo ikertzaile nagusiek gidatutako osasun zientzietako ikerketa proiektuetarako.
–B modalitatea, Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua) ikertzaileek gidatutako osasun zientzietako ikerketa proiektuetarako, baldin eta ikerketa taldeko langileen %50 gutxienez Osasun Departamentukoak edo aipatutako erakunde autonomoetakoak badira.
–C modalitatea, erizainek, gizarte-langileek edo fisioterapeutek gidatutako osasun zientzietako ikerketa proiektuetarako, baldin eta ikerketa taldeko langileen %50 gutxienez Osasun Departamentukoak edo haren erakunde autonomoetakoak badira.
–D modalitatea, Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetako langileek gidatutako osasun zientzietako ikerketa proiektuetarako, baldin eta ikerketa taldeko langileen %50 gutxienez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetakoak badira.
Osasun Departamentukoak edo haren erakunde autonomoetako ikertzaileek gidatutako osasun zientzietako proiektuek zilegi izanen dute A eta B modalitateetan aurkeztea.
C edo D modalitateetan aurkezten diren proiektuak soilik aurkezten ahalko dira bi modalitateetako batean, nahiz eta bi modalitateetan bete oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzak.
Ez bada ezarritako zenbatekoa agortzen modalitateren batean, sobera geratzen den zenbatekoa beste modalitateei aplikatu ahal izanen zaie, ordena honi jarraikiz: lehenik eta behin, edozein modalitatetako soberakina B modalitateari esleituko zaio, bigarrenik C modalitateari, hirugarrenik D modalitateari eta laugarrenik A modalitateari.
2. Entitate onuradunak. Entitateek bete beharreko baldintzak.
2.1. Honako hauek izan daitezke dirulaguntza hauen onuradun:
a) Irabazi-asmorik gabeko entitate publiko eta pribatuak, I+G+b arloko jarduerak egiten eta/edo kudeatzen dituztenak, ezagutza zientifikoa edo teknologikoa sortzen dutenak edo ezagutza hori biomedikuntzaren arloan edo osasun zientzien edo teknologien arloan aplikatzen eta helarazten laguntzen dutenak.
b) Unibertsitate publikoak, unibertsitate institutuak eta unibertsitate pribatuak, I+G+b arloko gaitasuna eta jarduna frogaturik dutenak Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz.
2.2. Entitate horiek, deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak jaso ahal izateko, osasun zientzien arloko ikerketa proiektuak aurkeztu behar dituzte, zeinak ikertzaile nagusi batek gidatutako ikerketa talde batek egin beharko baititu.
2.3. Bete beharko dituzte, orobat, deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak.
2.4. Ikertzaile nagusia Osasun Departamentukoa edo hari atxikitako erakunde autonomoren batekoa baldin bada, Miguel Servet Fundazioaren edo Nafarroako Ikerketa Sanitarioko Institutuaren bidez aurkeztu beharko dira proiektuak.
3. Proiektuen betebeharrak.
Entitate onuradunek aurkeztutako ikerketa proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Xede berdinerako finantzaketarik edo dirulaguntzarik jaso ez izana, ezta ebatzi gabeko deialdi batean eskatu izana ere.
b) Deialdi honen 1. oinarrian ezarritako arloren batekoak izatea.
c) Bi edo hiru urteko iraupena izatea. Ez da onartzen tarteko iraupenik.
d) Ikertzaile nagusi bakarra izendatzea, proiektuaren exekuzio zientifiko-teknikoaz arduratuko dena.
e) Eskatutako zenbatekoa ezin izanen da proiektuaren iraupenaren arabera finantzatu beharreko zenbatekoa baino handiagoa izan, barne daudela eskatutako zenbatekoaren %15etik gorakoak izanen ez diren kudeaketa gastuak.
4. Ikerketa taldeak bete beharrekoak.
4.1. Ikerketa taldea ikertzaile nagusi batek eta ikertzaile laguntzaile batek edo zenbaitek osatuta egonen da.
4.2. Ikertzaile nagusiak baldintza hauek beteko ditu:
a) Ez egotea, deialdi hau argitaratzen denean, Osasun Departamentuak finantzatutako proiektu aktibo batean ere, ez ikertzaile nagusi gisa ez ikertzaile laguntzaile gisa. Ulertuko da proiektuek aktibo egoteari uzten diotela Ikerketa eta Berrikuntza Atalak, dagokion txostenaren bidez, azken justifikazioarekin ados dagoela adierazten duenean.
b) Deialdi honetan proiektu bakarrarekin parte hartzea; edonola ere, proiektu bera A eta B modalitateetara aurkez daiteke 1. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
c) Zentro hauetako bati atxikita egotea dirulaguntza emateko ebazpenaren datara bitarte:
A modalitaterako: Nafarroako sare publikoko osasun zentro bati edo Nafarroan kokaturiko unibertsitate bati atxikita egotea, edo irabazi-asmorik gabeko Nafarroako beste erakunde publiko edo pribatu bati.
B modalitaterako: Osasun Departamentuari edo haren erakunde autonomoetako bati (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua edo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua) atxikita egotea.
C modalitaterako: Osasun Departamentuari edo haren erakunde autonomoetako bati atxikita egotea erizain, gizarte-langile edo fisioterapeuta gisa.
D modalitaterako: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Oinarrizko Laguntza zentro/talde bati atxikita egotea.
d) Aurreko puntuan adierazitako zentro publiko edo pribatuekin funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun gisako lotura izatea, gutxienez ere deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontzesioaren ebazpena eman arte.
Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren ikertzaile nagusiak lotura galtzen badu, entitate onuradunak eskatu beharko du ikertzaile nagusia edo zentroa aldatzeko. Entitateak ikertzaile nagusia aldatzen badu, pertsona hori ezin izanen da egon ikertzaile nagusi edo laguntzaile gisa Osasun Departamentuak finantzatuta abian dagoen beste ezein proiektutan. Zentroa aldatzen badu, zentro berriak 2. oinarrian ezarritako baldintzak bete beharko ditu dirulaguntzari eusteko.
e) Osasun prestakuntza espezializatuko programa bat egiten ez aritzea goiko d) letran adierazitako epe berean.
4.3. Ikertzaile laguntzaileek baldintza hauek beteko dituzte:
a) Ez egotea, deialdi honetan eskaerak aurkezteko azken egunean, Osasun Departamentuak finantzatzen duen eta aktibo dagoen inongo proiektutako taldean.
b) Deialdi honetan proiektu bakarraren eskaeran parte hartzea; edonola ere, proiektu bera A eta B modalitateetara aurkezten ahal da 1. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
5. Zenbatekoa zehaztea.
Entitate bakoitzari emanen zaion dirulaguntza %100ekoa izanen da, oinarri hartuta III. eta IV. eranskinetan ezarritako irizpideei jarraikiz hautatutako proiektuen kostua. Hala ere, ez dira gaindituko 80.000 euroak proiektuko, haren iraupena 3 urtekoa bada, eta 50.000 euroak, 2 urteko iraupena badu. Aipatutako kopuruan kudeaketa kostuek egon beharko dute.
Azkeneko proiektuarentzat gelditzen den finantzaketa ez bada iristen eskatutakoaren %100era, soberako gerakinari dagokion ehunekoa eman diezaiotela proposatuko da, baldin eta portzentaje hori eskatutakoaren %60 baino gehiago bada, baina behin betiko kontzesioaren proposamena egin baino lehen, entitate onuradunari hamar egun naturaleko epea eskainiko zaio aukeratu dezan ea dirulaguntza hori onartzen duen (kasu horretan, diruz laguntzen ez den zatia kofinantzatu beharko du) edo uko egiten dion. Baldin eta aukeratzen badu dirulaguntza onartzea, proiektua osorik exekutatu beharko da, eskaeran adierazitakoarekin bat. Diruz laguntzen ez den zatia kofinantzatzeko asmoz, kanpoko finantzaketa gehigarria eskatzen ahalko da, eta 18. oinarriko d) atalean ezarri bezala jakinarazi beharko da.
Gertatzen bada berdinketa dagoela %100eko finantzaketa lortzen ez duten proiektuen artean, eta aski kreditu ez badago bakoitzari gutxienez %60 emateko, finantzaketa lortzeko lehentasuna izanen du/dute, kasua bada, puntuazio handiena lortu duen/duten proiektuak/proiektuek 10. oinarrian aipatzen den kanpo entitateak egindako balorazio zientifiko-teknikoa kontuan hartuta, eta hari emanen zaio geratzen den kreditu guztia, baldin eta proiektuaren kostuaren %60 baino gehiago bada.
6. Gastu finantzagarriak.
6.1. Onartzen den finantzaketa ondoren aipatzen diren gastuak estaltzeko erabiliko da, baldin eta proiektuaren exekuzioarekin zuzeneko lotura badute eta eskaerarekin batera aurkeztutako memorian jaso baldin badira:
a) Teknikariak kontratatzeko gastuak. Proiektua gauzatzeko, langile zientifiko-teknikoak kontratatzen ahalko dira; aurreikusitako denbora osoan edo zati batean aritzen ahalko dira. Kontzeptu horren barrenean gehienez ere 49.000,00 euro finantzatuko dira proiektuko, Gizarte Segurantzako kuotak barne.
b) Proiektua gauzatzeko gastuak, honakoak barne:
–Material inbentariagarria (18.000 euro, gehienez), proiektua gauzatzeko ezinbestekotzat jotzen bada, zentroan eskura ez dagoena edo, eskura egon arren, gutxienez %80an behar dena proiektua gauzatzeko. Berariaz salbuesten dira altzariak eta instalazioak, baita ekipo edo osagai informatikoak eta softwareak erostea ere.
Bigarren eskuko ekipamendu ondasunak eskuratzeko kostuak diruz lagun daitezke, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
Saltzailearen adierazpen bat izatea, ondasunen jatorria zehaztu eta Espainiako edo Europar Batasuneko dirulaguntzarik jaso ez dutela adierazteko.
Prezioa ez izatea erreferentziako merkatu balioa eta antzeko ondasun berrien kostua baino handiagoa; tasatzaile independente batek egiaztatuko du hori.
–Material suntsikorra.
–Zerbitzu profesionalak, ordukako kalkulua adierazita, edo egindako lan unitateen araberakoa (inkestak, aholkularitzak, etab.). Jarduera hirugarrenekin azpikontratatzen bada, ezin izanen da gainditu proiektu osorako eskatutako kopuruaren zenbatekoaren %50.
–Barne zerbitzuak.
Zerbitzu horiek diruz laguntzeko modukoak izan daitezen, behar bezala egiaztatu beharko da horien beharra, eta horretarako berariaz deskribatu beharko da erabili beharreko zerbitzua, eta haren balorazio ekonomikoa egin. Justifikazio hori proiektuaren eskaera-memorian jaso beharko da.
–Bestelako gastu osagarriak, haien ezaugarriengatik aurreko ataletan sar ez daitezkeenak. Biltzar eta bilera zientifikoetara joateko gastuak ez dira finantzatuko.
Ekipamenduko ondasunen horniduraren edo emandako zerbitzuen kasuan, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera. Proposamen ekonomiko onuragarriena hautatu ez bada, hori azken memorian justifikatuko da, espresuki.
c) Kudeaketa-kostuak. Kudeaketa gastuengatik diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa proiektuaren kostu osoaren %15 izanen da.
6.2. Aurkezten diren gastuak, betiere, proiektuaren helburuak lortzeko beharrezkoak izanen dira, eta behar bezala justifikatu beharko dira.
6.3. Ikerketa taldeko kideek, osasun prestakuntza espezializatua egiten ari diren profesionalak barne, ezin izanen dute inolako ordainsaririk jaso proiektuaren kargura.
6.4. Oinarri hauen babesean lortzen den finantzaketa bateraezina izanen da helburu bera izanik lor daitekeen beste edozein laguntzarekin edo dirulaguntzarekin, salbu eta 5. oinarrian xedatutakoa.
7. Eskaerak.
7.1. 2. oinarrian ezarritako entitateek eskaera bat aurkeztuko dute dirulaguntza jasotzea nahi duten proiektu bakoitzeko, agiri hauekin batera:
1. agiria. Entitate eskatzailearen zuzendari kudeatzaileak eta ikertzaile nagusiak sinatutako eskaera. Agiri horretan dagokion proiektuaren ikerketa arloa zehaztuko da, II. eranskinaren arabera.
2. agiria. Ikerketaren zentroko zuzendari kudeatzaileak, ikertzaile nagusiak eta ikerketa taldeko kide guztiek sinatutako lankidetza hitzarmena, zeinetan ikerketa taldeak eta ikertzaile nagusiak adierazten baitute beren onespena proiektua entitatearen barruan egin dadin. Hitzarmen horrekin batera proiektuaren ikertzaile nagusiaren zentroko zuzendaritzaren adierazpena aurkeztuko da, non adieraziko baita proiektua bat datorrela entitateak ikerketa, garapen eta berrikuntzaren arloetan dituen lan ildoekin, eta proiektua eta eskatutako ordu guztiak baimentzen direla, eta, hala, ordu horiek ikertzailearen lanaldiaren barrenean zenbatuko direla.
3. agiria. Ikerketa proiektuaren memoria, eta haren atalen artean sartu beharko da ikerketa proiektuaren emaitzak aplikatuz gero aurreikusten den eragina. Kontzeptuz kontzeptuko aurrekontu xehakatua erantsiko da.
4. agiria. Ikerketa taldeko kide bakoitzaren curriculuma, proiekturako interes handieneko ezaugarriak adierazita DORA irizpideen arabera, III. eranskinean adierazitakoari jarraikiz.
Ez dira ikerketa taldeko kidetzat hartuko aholkularitza zereginak besterik egiten ez duten partaideak, ezta 6.1.a) atalaren arabera kontratatu diren pertsonak ere.
5. agiria. Ikerketaren batzorde etiko batek (IBE) edo Nafarroako medikamentuen gaineko ikerkuntza batzorde etiko batek (miBE) egindako txostena, deialdian aurkeztutako proiektuaren balorazio positiboa egiten duena. Proiektua aurkeztean, nahikoa izanen da batzordeak hartu izanaren agiria aurkeztea.
6. agiria. Ikertzaile nagusiak xede berdinerako finantzaketarik edo dirulaguntzarik ez duela jaso eta ebatzi gabeko deialdi batean eskaerarik ez duela egin ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.
7. agiria. Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak luzatua, entitateak, haren administratzaileek eta/edo ordezkariek "dirulaguntzen onuradun" izateko debekurik urratzen ez dutela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.
8. agiria. Entitate eskatzailearen adierazpena, non adostasuna emanen baitu Osasun Departamentuak Nafarroako Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan, jakiteko ea eskatzaileak bete dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Baldin deklarazio hori izenpetu nahi ez badu, aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.
7.2. Agiri normalizatuak Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan eskura daiteke: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.
8. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.
8.1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Tramitaziorako, bide elektronikoak erabiliko dira, Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan eskura dagoen estekaren bitartez: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.
8.2. Eskaerak akats konpongarriren bat baldin badu, instrukzio-organoak mezu elektroniko baten bidez eskatuko dio entitateari 10 egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta jakinaraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela eta eskaera artxibatuko dela, behar den ebazpena emanda.
8.3. Adierazitako epetik kanpo aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.
8.4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
9. Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.
9.1. Oinarri hauetan ezarritakoaren ondorioetarako, Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa eta Berrikuntzako Atalari dagokio prozedura antolatu eta instruitzea. Instrukzio-organoak Balorazio Estrategikoko Batzorde Teknikoaren irizpenari jarraikiz eginen du ebazpen proposamena, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat. Oinarri arautzaile hauetan "instrukzio-organoari" egindako aipamenak aipatutako Ikerketa eta Berrikuntza Atalari buruzkoak direla ulertzen da.
9.2. Laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Osasuneko zuzendari nagusiari dagokio.
10. Balorazio Estrategikoko Batzorde Teknikoa.
Proiektuari dirulaguntza emateko proposamena jasotzen duen irizpena emateko, ebaluazio bikoitza eginen da. Lehenik, kanpo entitate batek balorazio zientifiko-teknikoa eginen du, eta, bigarrenik, Balorazio Estrategikorako Batzorde Teknikoak proiektuaren egokitasun estrategikoa ebaluatuko du. Batzorde Teknikoa honako hauek osatuko dute:
Batzordeburua: Francisco Javier Garjón Parra jauna, Medikamentuaren gaineko Aholkularitza eta Informaziorako Zerbitzuko burua. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua.
Ordezkoa: Laura María Barriuso Lapresa andrea, prebentzio-medikuntzako eta osasun publikoko espezialista. Osasun Zuzendaritza Nagusia.
Batzordeko kideak:
Javier Baquedano Arriazu jauna, Prestakuntza Ataleko burua. Osasun Zuzendaritza Nagusia.
Nerea Egües Olazábal andrea, prebentzio-medikuntzako eta osasun publikoko espezialista. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua.
Itziar Casado Buesa andrea, prebentzio-medikuntzako eta osasun publikoko espezialista. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua.
Nerea Gorria Redondo andrea, haurren neurologoa. Pediatria Zerbitzua. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa.
Carmen Zubeldía Inchaurrondo andrea, kasuak kudeatzeko erizaina Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko minbizi ginekologikoaren diziplina anitzeko unitatean.
Carmen Beorlegui Arteta andrea, Ezagutza Kudeatzeko Bulegoko burua. Osasun Zuzendaritza Nagusia.
Ana Chocarro Resano andrea, Ikerketa Kudeatzeko Bulegoko burua. Osasun Zuzendaritza Nagusia.
Idazkaria:
María José Lasanta Sáez andrea, Ikerketa eta Berrikuntza Ataleko burua. Osasun Zuzendaritza Nagusia.
Ordezkoa: Elena Antoñanzas Baztan andrea, Osasun Zuzendaritza Nagusiko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendaria.
11. Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako arau orokorrak.
11.1. Dirulaguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko asmoz, III. eta IV. eranskinetan ezarritako balorazio-irizpideen arabera.
11.2. Prozedura honen arabera ebaluatuko dira instrukzio-organoak tramitera onartutako eskaerak:
Proiektuak ebaluaziorako kanpo entitateari (10. oinarrian aipatua) igorriko dira, hark ebaluatu ditzan III. eranskineko 1., 2. eta 3. ataletan ezarritako irizpide zientifiko-teknikoak aplikatuz, eta proiektu bakoitzaren txosten bat eginen du haren kalitateaz, lortutako emaitzek epe labur eta ertainera izanen duten eraginaz eta ikerketa taldearen gaitasunaz.
Ebaluaziorako kanpo entitateak emanen duen gehieneko puntuazioa 100 puntu izanen dira. Dirulaguntza jaso ahal izateko, A eta B modalitateko proiektuei 70 puntu edo gehiago eman beharko dizkio entitateak; C eta D modalitateko proiektuen kasuan, aldiz, gutxieneko puntuazioa 55 izanen da.
10. oinarrian adierazitako Balorazio Estrategikorako Batzorde Teknikoak egokitasun estrategikoa baloratuko du, IV. eranskinean jasotako irizpideei jarraikiz.
11.3. Instrukzio-organoari dagokio proiektuei dirulaguntza emateko proposamen arrazoitua egitea, balorazio zientifiko-teknikoetan eta egokitasun estrategikoaren balorazioan lortutako puntuen arabera.
Instrukzio-organoak, lehenik eta behin, deialdiko A modalitatean aurkeztutako eskaerek lortutako puntuak baloratuko ditu, eta proiektuentzako proposamena ezarriko du. Gero, B modalitatean aurkeztutako eskaerek lortutako puntuak baloratuko ditu. Ezinezkoa izanen da proiektu bera bi modalitateetan onartzea.
12. Prozeduraren ebazpena.
12.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak eman edo ukatzea, instrukzio-organoaren proposamenarekin bat.
12.2. Kontzesio ebazpenean jasoko da entitate onuradunen zerrenda, entitate bakoitzari diruz lagundutako proiektuen identifikazio zenbakia, ikertzaile nagusia, laguntzaren zenbatekoa proiektuka xehakatuta, ordainketa modua eta epea eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea, bai eta entitate bakoitzari diruz lagundu ez zaizkion proiektuen identifikazioa, arrazoiak emanda.
12.3. Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta 3 hilabeteko epean ebazpen espresik jakinarazten ez bada, ukatu direla ulertuko da, deusetan galarazi gabe Administrazioak ebazteko duen beharkizuna.
13. Jakinarazpena eta publizitatea.
Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta Nafarroako Atarian eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko da.
14. Proiektuak gauzatzeko epea.
Proiektua gauzatzeko epea bi edo hiru urtekoa da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik hasita.
Diruz lagundutako proiektuak exekutatzea entitate onuradunen ardura izanen da, eta eskaeran eta entitate onuradunek ikerketa taldeekin izenpetutako lankidetza hitzarmenean jasotako terminoetan exekutatu beharko dira.
15. Ordaintzeko prozedura.
15.1. Proiektuari emandako dirulaguntza entitate onuradunaren kontabilitate edo banku kontuan ordainduko da, proiektua eta ikertzailearen edo ikertzaile nagusiaren izena identifikatuta. Hori helburu, laguntza emateko ebazpenean 2024. urtean proiektu bakoitzari esleitutako zenbatekoak ordaintzeko aginduko da, bat etorriz Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 29.c) artikuluarekin.
15.2. Hurrengo aurrekontu ekitaldietarako onetsitako finantzaketa urteko ordainketa batean gauzatuko da (hori ere 15/2018 Foru Legearen 29.c) artikuluan ezarri bezala), behin Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak urteko memoria (16.6 oinarrian aipatua) aztertu ondoren. Atal horrek ordaintzeko proposamena eginen du, dirulaguntzaren xedeak bete direla egiaztatuta. Gehienez 6 hilabete izanen dira ordainketa egiteko, aipatu urteko memoria osorik aurkezten denetik.
15.3. Proiektuari egozten ahal zaizkion gastuak proiektua bukatutakoan erregularizatuko dira, azken memoria aurkeztuta, eta, behar den fiskalizazioa eginda, espedientea itxi eginen da.
16. Proiektuak aldatzea.
16.1. Baldin eta, behin kontzesio ebazpena emandakoan, exekuzio baldintzetan aldaketak badaude diruz lagundutako jardueraren garapenean zehar, entitate onuradunak proiektuaren edukia aldatzeko eskatuko du Osasun Zuzendaritza Nagusian, behar bezala arrazoituta eta dokumentatuta. Edonola ere, ezin izanen da aukera eta egokitasun arrazoietan oinarritu, ez eta erruagatik edo arduragabekeriagatik onuradunari egozten ahal zaizkion kausetan ere. Eskaera berehala aurkeztu behar da, eta gehienez hilabeteko epean, ebazpena aldatzeko eskaera justifikatzen duen inguruabarra gertatu zenetik, betiere jarduera egiteko epea amaitu aurretik. Baimena ematen ahalko du dirulaguntza ematen duen organoak, baldin eta hirugarrenen eskubideak urratzen ez baditu.
16.2. Baldin eta eskatutako aldaketak berekin badakar jardueraren helburuak edo izaera aldatzea, ezin izanen da halakorik baimendu.
16.3. Eskatutako aldaketak jardueraren izaera edo helburuak errespetatu bai baina aldaketa baldin badakar laguntza emateko ebaluatutako baldintzetan, edota funtsezko aldaketaren bat proiektuaren edo jardueraren gastuetan edo baldintza teknikoetan, instrukzio-organoari bidaliko zaizkio bai eskaera bai dagozkion agiriak, azter ditzan eta txostena egin dezan, gero dirulaguntza ematen duen organoari bidali eta hark erabakia har dezan.
16.4. Aldaketa eskaerak norgehiagokako prozedurari eragiten badio, ez da baimentzen ahalko. Baldin eta aldaketa eskaerak berekin badakar ematen den puntuazio berria ez iristea 11.2 atalean ezarritako gutxienezko mugara, ezin izanen da aldaketa baimendu.
16.5. Proiektuak gauzatzean, beharrezkotzat jotzen bada gastu mota bakoitzari esleitutako zenbatekoetan aldaketak egitea, betiere proiektuari emandako zenbateko osoa eta 6. oinarrian jasotako kontzeptu bakoitzari esleitutako zenbatekoak gainditu gabe, entitate onuradunak Ikerketa eta Berrikuntza Atalari egin beharko dio eskaera, idatziz eta behar bezala arrazoituz, eta atal horrek aldaketa baimenduko du, kasua bada.
16.6. Urtero, azaroaren 15a baino lehen, entitate onuradunak urteko memoria tekniko laburtua aurkeztu beharko dio Ikerketa eta Berrikuntza Atalari aldi horretan egindako jarduerari buruz eta emaitzei buruz, eta aurrekontuaren exekuzio memoria bat ere bai, zeinetan adieraziko baitira momentura arte jarduera horrek sortutako gastuen zerrenda eta diruz lagundutako jardueran jada exekutatu den zatiari dagokion gastu arrunta eta pertsonal-gastua.
Justifikazioa eginen da ikertzaile nagusiak eta entitate kudeatzailearen zuzendariak sinatutako fakturen eta gastuen zerrenda bat aurkeztuz (halakoetan, bidezkoa bada, fakturak eta ordainagiriak eskatzen ahalko dira).
17. Azken justifikazioa.
Hilabeteko epean, 14. puntuari jarraikiz ikerketa bukatzeko finkatzen den egunetik aurrera edo, kasuaren arabera, emandako luzapenaren amaiera-egunetik aurrera, entitate onuradunak azken memoria igorriko du Ikerketa eta Berrikuntza Atalera, honako hauekin:
a) Memoria teknikoa, hauek zehazten dituena: parte hartu duten ikertzaileen zerrenda eta lortutako emaitzen azalpena aurkeztutako helburu bakoitzarekin alderatuta. Gainera, ikerketaren eragina deskribatzeko atal bat eduki beharko du, azaltzeko zenbateko eragin bibliometrikoa izan duen, baita jardunbide klinikoan, osasun zerbitzuetan, osasun politikan, osasunaren inpaktuan, pazienteen kudeaketan, produktuen merkaturatzean edo spin-off konpainien sorreran ere.
Egoki irudituz gero, informazio osagarria eskatzen ahalko da.
b) Proiektuak irauten duen urteei dagokien memoria ekonomiko osoa, zeinetan justifikatuko baitira izandako gastuak emandako finantzaketari dagokionez.
Agiri horiekin batera, fakturen edo froga balioa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitua eta kontzeptuen arabera xehatua aurkeztuko da, faktura bakoitzari dagokion zenbatekoa adierazita. Zerrenda hori ikertzaile nagusiak eta entitate kudeatzailearen zuzendariak sinatuko dute.
Justifikazioa froga balioa duten fakturen bidez eginen da (fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari egokitua), eta ordaindu izanaren frogagiriak erantsiko zaizkie horiei.
Barne zerbitzuen kasuan, proiektuari egozten zaion guztiak jasota egon behar du zentroko tarifetan. Hori egiaztatzeko, eskumen hori esleituta duen organoak tarifa horiek onartu izanaren akta aurkeztuko da.
Kudeaketa gastuak: onuradunak diruz lagundutako jarduerari egotziko dizkio, oro har onartutako kontabilitate printzipio eta arauei jarraikiz.
Interesdunak izanen dira aurkezten dituzten agirien egiazkotasunaren erantzule.
Fakturen edo froga balioa duten bestelako agirien data bat etorriko da dirulaguntza gauzatzeko datarekin, eta justifikazio epea amaitu aurretik ordaindu direla ziurtatu beharko da.
Ikerketa eta Berrikuntza Atalak agiri horiek aztertuko ditu, eta egoki iruditzen zaizkion ikuskapenak egiten ahalko ditu, baita bidezko erregulazioak proposatu ere. Ondoren, dagokion txostena emanen du.
18. Entitate onuradunen betebeharrak.
Entitate onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehazturiko moduan gauzatzea jarduera.
b) Oinarri hauetan eskatzen diren frogagiriak aurkeztea.
c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.
d) Organo emaileari jakinaraztea ea lortu dituzten diruz lagundutako jarduera finantzatzen duten beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk, finantzaketa hori baimentzen duen ohiz kanpoko kasuan, 5. oinarrian ezarritakoarekin bat. Hori jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena.
e) Argitalpen zientifikoetan, ahozko komunikazioetan eta, oro har, ikerketa proiektuaren emaitzak zabaltzeko edozein bitartekotan, ohar bat erantsi beharko da proiektuak Nafarroako Gobernuaren finantzaketa izan duela adierazteko. Produkzio horien berri emanen zaio Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, proiektuaren espediente zenbakia zehaztuta, sortzen diren argitalpenekin batera, azken memoria noiz igorri zen kontuan izan gabe.
f) Proiektua gauzatuko duen zentroak edo erakundeak aseguru bat izan beharko du hirugarrenak eta zentroa bera estaltzeko proiektua gauzatzearen ondoriozko arriskuen aurrean.
g) Ikerketa proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Helsinkiko Adierazpenean, Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmenean eta Giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsalean ezarritako oinarrizko printzipioak, bai eta Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legean, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta ikerketa biomedikoaren arloan aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritako baldintzak ere.
h) Animaliekin saiakuntzak egiten dituzten proiektuek indarra duen lege araudian ezarritakoa bete beharko dute, eta, bereziki, otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretuan xedatutakoa. Errege dekretu horren bidez, oinarrizko arau batzuk ezarri ziren saiakuntzak egiteko eta beste helburu zientifiko batzuetarako, irakaskuntza barne, erabiltzen diren animaliak babesteko.
i) Saiakuntza klinikoak diren proiektuek indarra duen lege araudian ezarritakoa bete beharko dute, abenduaren 4ko 1090/2015 Errege Dekretuaren arabera. Errege dekretu horrek arautzen ditu botikekin egiten diren saiakuntza klinikoak, botikekiko ikerketaren etika batzordeak eta Azterlan Klinikoen Espainiako Erregistroa.
j) 19. oinarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, hori egiteko betebeharra badute.
k) Diruz lagundutako proiektu bakoitzean, sarreren eta gastuen kontuak bereiz eramatea.
l) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.
m) Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea betetzea, baita emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko gainerako araudia ere.
19. Gardentasun betebeharrak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kargura dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateak behartuta daude ondoren aipatzen diren arauetan jasotako agiriak aurkeztera, baldin eta, entitate pribatuak izanik, jasotako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa bada urte batean (hots, aurrekontu ekitaldiari lotutako urte natural batean) edo jasotako dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 badira gutxienez, betiere 5.000 eurora iristen badira. Hauek dira aipatu arauak: Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikulua, eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituena. Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.
d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Aipatutako informazioa entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da, telematikoki, Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoko fitxan deialdiari dagokion estekaren bidez (https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/), dagokion kudeaketa unitateari zuzenduta. Informazio hori automatikoki argitaratuko da Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian.
Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, 15 hilabeteko mugarekin informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
Onuradunak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.
Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua zenbatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.
Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo betetako aurrekontua.
b) Dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo onartutako aurrekontua.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Entitate publikoen kasuan, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak eskatzen duen informazio osoa argitaratu ezean, informazio hori igorri beharko dio organo kudeatzaileari, entitate pribatuek egiten duten bezala.
Onuradunak ez badu betetzen informazioa emateko betebeharra, horrek ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ordaindu gabe utziko da onartutako dirulaguntza, eta, ezer kobratu bada, itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
20. Emaitzetan parte hartzea.
Ikerketaren emaitzaren jabe intelektuala proiektua gauzatzen duen taldea izanen da.
21. Datuen babesa.
Bai eskaeran, bai aurkeztutako gainerako agirietan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Osasun Departamentuaren dirulaguntzen kudeaketari dagozkion datuen tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuko Atarian ikus daiteke, honako helbide honetan: http://www.gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datu-pertsonalen-tratamendua
22. Dirua itzultzea.
22.1. Proiektuaren finantzaketa eten daiteke, eta hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
22.2. Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
22.3. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
Gertatuko balitz laguntza itzultzea ez-betetze bat gertatu delako, dirulaguntza jaso duen entitate onuraduna izanen da erantzule Osasun Departamentuaren aurrean.
23. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.
Deialdi honetan aipatzen den dirulaguntzaren onuradunak dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita baitaude, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Dirulaguntzen arloko zehapenak ezartzeko, honako hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea.
24. Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
25. Oinarri arautzaileen aurka bidezko diren administrazio-errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.
II. ERANSKINA.–IKERKETARAKO ESTATUKO AGENTZIAREN IKERKETA ARLO TEMATIKOAK
1. arloa.–CSO / Gizarte zientziak.
2. arloa.–DER / Zuzenbidea.
3. arloa.–ECO / Ekonomia.
4. arloa.–MLP / Gogamena, lengoaia eta pentsamendua.
5. arloa.–FLA / Kultura: filologia, literatura eta artea.
6. arloa.–PHA / Iraganeko ikasketak: historia eta arkeologia.
7. arloa.–EDU / Hezkuntza zientziak.
8. arloa.–PSI / Psikologia.
9. arloa.–MTM / Matematika zientziak.
10. arloa.–FIS / Zientzia fisikoak.
11. arloa.–PIN / Ekoizpen industriala, ingeniaritza zibila eta gizartearentzako ingeniaritzak.
12. arloa.–TIC / Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak.
13. arloa.–EYT / Energia eta garraioa.
14. arloa.–CTQ / Zientzia eta teknologia kimikoak.
15. arloa.–MAT / Materialen zientziak eta teknologiak.
16. arloa.–CTM / Ingurumenaren zientziak eta teknologiak.
17. arloa.–CAA / Nekazaritzaren eta nekazaritzako elikagaien zientziak.
18. arloa.–BIO / Biozientziak eta bioteknologia.
19. arloa.–BME / Biomedikuntza.
III. ERANSKINA.–IKERKETA PROIEKTUEN BALORAZIO ZIENTIFIKO-TEKNIKOA
Eskaerak irizpide hauek aplikatuz ebaluatuko dira:
1. Kalitatearen eta interes zientifikoaren balorazioa (50 puntu gehienez). Honako hauek baloratuko dira:
a) Gaiaren garrantzia, originaltasuna eta gaurkotasuna: ebaluatzea ikerketaren gaia garrantzitsua den, arlo biomedikoan ekarpenik egiten duen eta estatuko zein Europako plan edo programekin loturarik duen. (20 puntu gehienez).
b) Hipotesia eta helburuak: baloratuko dira proiektuaren hipotesiaren eta helburuen argitasuna, zehaztasuna eta egokitasuna; horretarako, aintzat hartuko da proiektuaren testuingurua, arazoaren deskribapenaren bidez eta gaiari buruzko ezagutzak aztertuta. (15 puntu gehienez).
c) Metodologia: baloratuko da metodologia egokia den proposatutako helburuetara (diseinua, azterlanaren xede den populazioa, laginaren deskribapena, aldagaiak, datuen analisia...), baita ikerketaren muga nagusiak ere. Halaber, baloratuko da elementu etikoak, genero ikuspegia, kultura aniztasuna, etab. aintzat hartu izana. (15 puntu gehienez).
2. Ikerketa proiektuaren emaitzen eraginaren aurreikuspena epe laburrean eta epe ertainean (25 puntu gehienez). Honako hauek baloratuko dira:
a) Proiektuaren eragina osasun arloko emaitzei dagokienez (pazientearen mortalitatea, morbilitatea, autonomia eta independentzia pertsonala). (8 puntu gehienez).
b) Proiektuaren eragina ekitateari dagokionez (genero desberdinkeriak, biztanleria zaurgarria, osasunarekin lotutako legezko alderdiak, alderdi sozialak edo etikoak, etab.), politikari dagokionez eta zientzia arloko jardunari dagokionez. (7 puntu gehienez).
c) Proiektuak osasun zerbitzuen antolaketa eta kudeaketa hobetzeko duen gaitasuna (segurtasun klinikoa, zerbitzuen koordinazioa eta informazio sistemak hobetzea, eta/edo jardun klinikoaren aldakortasuna murriztea). (5 puntu gehienez).
d) Proiektuaren emaitzak patenteak sortuz, produktuak merkaturatuz edo spin-off konpainiak sortuz transferitzeko aukera. (5 puntu gehienez).
3. Egingarritasuna: baloratuko da zer gaitasun duen ikerketa taldeak proiektua aurrera ateratzeko proposatutako terminoetan, kontuan hartuz, bereziki, taldearen aurretiazko esperientzia, ikerketa taldeak duen gaitasuna proiektuan programatutako jarduerak egiteko, eta lan planaren eta proiektua kudeaketaren egokitasuna (25 puntu gehienez). Honako hauek baloratuko dira:
a) Ikertzaile nagusiaren eta ikerketa taldeko gainerako kideen gaitasun zientifiko-teknikoa: jakintza arloa eta beste ikerketa proiektu batzuetan izandako parte-hartzea (15 puntu gehienez).
–Curriculumak ikerketa ibilbidearen azalpen narratiboa jaso behar du, ikerketaren eta horren jardunaren inpaktu soziala eta neurri kualitatiboak barne. Gomendagarria da honako hauek sartzea:
- Atari zientifikoan egilearen profilerako esteka, edo, halakorik izan ezean, Web of Science, Scopus edota Google akademikoko profilerako esteka.
- Argitalpenen zenbatekoa, guztira, baita horien urteak ere.
- Zein proiektutan parte hartu duen, eta proiektu horien lorpenak (teknologian izandako eragina, hedabideetan izandako aipamenak, interes soziala...).
- Proiektuarekin lotutako artikulu garrantzitsuenak (gehienez ere 5) deskribatuko dira, gehienez ere 4.500 karaktere izanen dituen testu batean. Bertan, elementu garrantzitsuenak aipatu beharko dira:
- Aldizkariaren maila, JCRren arabera (kuartila, dezila, pertzentila).
- Sinaduraren posizioa (lehenengo edo azken egilea, korrespondentziako egilea, beste posizioren bat).
- Jakintza arloan artikuluak duen garrantzia (zitazioa, erakunde ofizialen agirietan izandako aipuak, kongresuetan eginiko ekarpenak, irekian eginiko argitalpenak, sare sozialetan izandako eragina, sariak, ikerketa ildoak, horren ondoriozko argitalpenak...) eta aurkezten den proiektuarekin duen lotura.
- Emaitzak klinikan edo berrikuntzan aplikatzea (teknologian duen eragina, patenteak, PKGak).
- Argitalpeneko genero dimentsioa.
- Beste merezimendu batzuk: ikerketa taldeetan egotea, nazioarteko sare eta proiektuetan egotea, aldizkari zientifikoen argitalpen kontseiluan egotea, egonaldiak, proiektuak ebaluatu eta esleitzeko prozeduretan parte hartzea, ikertzaileak prestatzeko jarduerak gauzatzea, kudeaketa jarduerak gauzatzea, txosten zientifiko-teknikoak egitea edo legegintzan parte hartzea, transferentzia jarduerak gauzatzea, patenteak egitea, kongresuak antolatzea, sariak antolatzea edo aitortza garrantzitsuak izatea...
–Ikerketa taldeari buruzko informazioan, honako datu hauek adieraziko dira: sexuen araberako osaera, desgaitasuna duten pertsonen parte-hartzea, partaideen kulturari/etniari/adin tarteari dagokion aniztasuna, ikertzaile berriak, profil anitzetako ikertzaileak...
b) Lan plana (10 puntu gehienez). Honako hauek baloratuko dira: fase nagusiak adierazten dituen kronograma bat aurkeztea, zeinetan adieraziko baitira proiektuaren fase bakoitzean gauzatuko diren zereginak, mugarriak eta erantzukizunak; proiektuan parte hartzen duten pertsona eta taldeen arteko hierarkia eta fluxuak jasoko dituen organigrama bat; baliabideen kudeaketarako plan bat, zeinetan adieraziko baitira beharrezko baliabide materialak eta giza baliabideak; eta datuen kudeaketarako eta zientzia-dibulgaziorako plan bat.
IV. ERANSKINA.–EGOKITASUN ESTRATEGIKOA
Egokitasun Estrategikoaren Batzordeak baloratuko du, 10 punturekin gehienez, proposamena bat datorren Nafarroako 2014-2020 Osasun Planeko arlo eta ildo lehenetsiekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 51. artikuluarekin eta gaixotasun transmitigarrien ebidentzia zientifikoaren ekoizpenarekin, baremo honen arabera:
–Osasunaren prebentzioa eta sustapena (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, baldin eta tabakoan, nutrizioan, obesitatean eta ariketa fisikoan zentratzen bada.
- Beste 1 puntu, baldin eta haurretan eta nerabeetan zentratzen bada.
- Beste 2 puntu, baldin eta helburuen artean badaude patologien morbilitatea eta larritasuna ebaluatzea edo honako hauek neurtzea: antzemandako osasuna, bizi-kalitatea, desgaitasuna, autonomia pertsonala eta mortalitate goiztiarra edo saihesgarria.
- Beste 1 puntu, baldin eta emakumeen eta gizonen morbilitate diferentziala aztertzen bada.
–Minbizia (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, baldin eta gai hauetan zentratzen bada: prostatako minbizia, koloneko, ondesteko eta uzkiko minbizia, bronkioetako edo biriketako minbizia, bularreko minbizia, umetoki-lepoko minbizia, obulutegiko minbizia edo gaixotasunaren/tratamenduaren sekuela fisikoak: linfedema, ostomia, ahotsa berreskuratzea, etab.
- Beste 1 puntu, baldin eta gai hauetan zentratzen bada: oinarrizko ikerketa, osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen ebaluazioa edo gaixotasuna duten pertsonen arreta integrala.
- Beste 2 puntu, baldin eta helburuen artean badaude patologien morbilitatea edo larritasuna ebaluatzea edo antzemandako osasuna eta bizi-kalitatea neurtzea.
- Beste 1 puntu, baldin eta sexuen arteko morbilitatea eta mortalitate diferentziala aztertzen badu, edo oinarrizko ikerketan, sexuaren arabera bereizita aztertzen badu.
–Osasun mentala (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, baldin eta hauek lantzen baditu: haur edo nerabeen suizidioa, nork bere buruari eginiko lesioak, substantzien kontsumoari lotutako osasun mentaleko arazoak edo osasun mentaleko arazoak.
- Beste 1 puntu, baldin eta gai hauetan zentratzen bada: gaixotasunaren etiologia, osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena eta ebaluazioa edo arreta integrala.
- Beste 1 puntu, baldin eta helburuen artean badaude patologien morbilitatea eta larritasuna ebaluatzea edo antzemandako osasuna eta bizi-kalitatea neurtzea.
- Beste 2 puntu, baldin eta genero-desberdinkeriak emakumeengan duen eragina aztertzen badu, genero-desberdinkeria eta desgaitasuna hartzen baditu ardatz, edo sexuen araberako morbilitatea edo mortalitate diferentziala aztertzen badu.
–Gaixotasun neurologikoak eta neurodegeneratiboak (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, baldin eta gai hauetan zentratzen bada: Parkinson gaixotasuna, esklerosi anizkoitza, alboko esklerosi amiotrofikoa edo Alzheimer gaixotasuna.
- Beste 1 puntu, baldin eta gai hauek lantzen baditu: hautematea eta baheketa, oinarrizko ikerketa, gaixotasunaren etiologia, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena, gaixotasuna duten pertsonen arreta integrala.
- Beste 2 puntu, baldin eta helburuen artean badaude antzemandako osasuna eta bizi-kalitatea neurtzea edo desgaitasuna eta autonomia neurtzea.
- Beste 1 puntu, emakumeen eta gizonen morbimortalitate diferentziala aztertzen badu, edo oinarrizko ikerketan, sexuaren arabera bereizita aztertzen badu.
–Denboraren mendeko larrialdiei arreta ematea (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, baldin eta gai hauetan zentratzen bada: infekzioak, sepsiak eta shock septikoak, garezurreko traumak eta politraumatismoak, bizkortzeko maniobra kardiakoak, gaixotasun zerebro-baskularra eta min toraziko akutua.
- Beste 1 puntu, baldin eta hauek aztertzen baditu: osasun emaitzen iragarle diren arrisku faktoreak, edo pazienteen arretarako denbora-sekuentzia.
- Beste 2 puntu, baldin eta helburuen artean badaude patologien morbilitatea eta larritasuna ebaluatzea, antzemandako osasuna eta bizi-kalitatea neurtzea edo eraginkortasuna neurtzea.
- Beste 1 puntu, baldin eta gizonezkoen eta emakumeen arteko emaitzak eta arreta-desberdintasunak neurtzen baditu.
–Gaixotasun baskularrak eta endokrinoak (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, baldin eta gai hauetan zentratzen bada: balbuletako alterazioak, miokardioko infartu akutua, aterosklerosi koronarioa, gaixotasun zerebro-baskular akutua, diabetes mellitusa eta horren konplikazioak (erretinopatia, nefropatia, etab.).
- Beste 1 puntu, baldin eta gai hauetan zentratzen bada: osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen ebaluazioa edo gaixotasuna duten pertsonen arreta integrala.
- Beste 2 puntu, baldin eta helburuen artean badaude patologien morbilitatea eta larritasuna ebaluatzea edo honako hauek neurtzea: antzemandako osasuna, bizi-kalitatea, mortalitate goiztiarra eta saihesgarria eta eraginkortasuna.
- Beste 1 puntu, emakumeen eta gizonen morbimortalitate diferentziala aztertzen badu, edo oinarrizko ikerketan, sexuaren arabera bereizita aztertzen badu.
–Arnasbideetako gaixotasunak (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, baldin eta gai hauetan zentratzen bada: asma, gripea, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa eta bronkiektasiak, edo pneumonia.
- Beste 1 puntu, baldin eta hauek lantzen baditu: etiologia, osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, edo tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena eta/edo ebaluazioa.
- Beste 2 puntu, baldin eta helburuen artean badaude patologien morbilitatea eta larritasuna ebaluatzea edo antzemandako osasuna eta bizi-kalitatea neurtzea.
- Beste 1 puntu, emakumeen eta gizonen morbimortalitate diferentziala aztertzen badu, edo oinarrizko ikerketan, sexuaren arabera bereizita aztertzen badu.
–Paziente pluripatologikoak (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, baldin eta osasun laguntzako mailen eta diziplina anitzeko mailen arteko harremanean zentratzen bada.
- Beste 1 puntu, baldin eta tratamendu eta esku-hartze terapeutikoak garatzen edo ebaluatzen baditu.
- Beste 2 puntu, baldin eta helburuen artean badaude patologien morbilitatea eta larritasuna ebaluatzea edo honako hauek neurtzea: antzemandako osasuna eta bizi kalitatea, dependentzia eta autonomia pertsonala edo eraginkortasuna.
- Beste 1 puntu, baldin eta emakumeen eta gizonen morbimortalitate diferentziala aztertzen bada.
–Zainketa aringarriak (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, baldin eta gai hauetan zentratzen bada: nekea, linfedema, delirioa, goragalea, kakexia, etab., laguntza soziala, familiarena, erlijiosoa, alderdi komunikatiboak: galdera zailak, kontraesanak dituen informazioa, pazientearen inplikazioa, laguntza psikologikoa: depresioa, desmoralizazioa, antsietatea, etab.
- Beste 1 puntu, baldin eta gai hauetan zentratzen bada: zainketen koordinazioa eta integrazioa, oinarrizko osasun-laguntzako taldearen rola zainketa aringarrietan, edo tratamendu farmakologikoa eta ez-farmakologikoa.
- Beste 2 puntu, baldin eta helburuen artean badago bizi-kalitatea neurtzea.
- Beste 1 puntu, baldin eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak aztertzen badira.
–Mina (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, baldin eta gai hauetan zentratzen bada: min neuropatikoa, artrosiari lotua, osteoporosiari lotua, bizitzaren amaieran, zefaleak, metastasia, komorbilitate asko eta min muskuloeskeletikoa duten adinekoen kasuan.
- Beste 1 puntu, baldin eta gai hauetan zentratzen bada: minaren ebaluazioa, arreta integrala, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena eta/edo ebaluazioa.
- Beste 1 puntu, baldin eta helburuen artean badaude patologien morbilitatea eta larritasuna ebaluatzea edo honako hauek neurtzea: antzemandako osasuna eta bizi kalitatea, desgaitasuna eta autonomia pertsonala edo eraginkortasuna.
- Beste 2 puntu, baldin eta minan eragina duten emakumeen eta gizonen artean desberdintasun biomedikoak eta genero-baldintzapenak (gizarte, kultura eta hezkuntzarekin lotutakoak) aztertzen badira.
–Pazienteen segurtasuna (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, medikazio akatsetan zentratzen bada.
- Beste 1 puntu, baldin eta gai hauetan zentratzen bada: taldeko lana, segurtasun tresnak (hala nola check-list-a, pazienteen transferentzia txantiloiak, etab.), jakinarazpen sistemak, komunikazio eta informazio prozesua, gertaera kaltegarrien epidemiologia eta arrisku faktoreak, eskumenak, profesionalen entrenamendua eta abileziak, edo pazienteen segurtasun adierazleak garatzea.
- Beste 2 puntu, baldin eta helburuen artean badaude patologien morbilitatea eta larritasuna ebaluatzea edo honako hauek neurtzea: antzemandako osasuna, bizi-kalitatea eta mortalitate goiztiarra edo saihesgarria.
- Beste 1 puntu, baldin eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak aztertzen badira.
–Osasuna eta generoa (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, baldin eta ikerketa genero-indarkerian edo sexu- eta ugalketa-osasunean zentratzen bada.
- Beste 2 puntu, baldin eta genero-arrakala gutxitzeko proposamenak hautematean zentratzen bada.
- Beste 1 puntu, baldin eta osasun sistemetan ematen den arretan sexuaren araberako desberdintasunak aztertzen badira.
- Beste 1 puntu, baldin eta zaurgarritasun sozialeko egoeran dauden pertsonak aztertzen baditu.
–Gaixotasun transmitigarriak (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, baldin eta hauek lantzen baditu: GIBa, HIESa, sexu-transmisiozko gaixotasunak edota osasun-laguntzarekin lotutako infekzioak.
- Beste 1 puntu, baldin eta osasun publikoan eta osasun sistemen antolakuntza hobetzean zentratzen bada.
- Beste 1 puntu, baldin eta antimikrobianoen kontrako erresistentziak prebenitzea edo horien erabilera optimizatzea lantzen badu.
- Beste 1 puntu, baldin eta zaurgarritasun sozialeko egoeran dauden taldeak aztertzen baditu.
- Beste 1 puntu, baldin eta emakumeen eta gizonen morbilitate diferentziala aztertzen bada.
Iragarkiaren kodea: F2406099
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
