2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
NOAIN (ELORTZIBAR)
Dirulaguntzen Plan Estrategikoa 2024-2027rako
Noain Elortzibarko Udalak, 2024ko apirilaren 16an egindako osoko bilkuran, onetsi zuen Noain Elortzibarko Udalaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa 2024-2027 aldirako.
Erabakian ezarri zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko zela, publizitatea emateko, jarraikiz azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluari (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 221.2 artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Noain Elortzibarren, 2024ko apirilaren 18an.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.
NOAIN ELORTZIBARKO UDALAREN DIRULAGUNTZEN PLAN ESTRATEGIKOA, 2024-2027 ALDIRAKO
1.–Arau esparrua.
–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
–Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra garatzeko Erregelamendua, zeina onetsi baitzen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez.
–Noain Elortzibarko Udalaren Dirulaguntzei buruzko ordenantza orokorra (40. ordenantza).
2.–Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onestearen egokitasuna.
Azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluaren arabera (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra), administrazio publikoetako organoek, edo dirulaguntzak ezartzea proposatzen duen edozein erakundek, honako hauek zehaztu beharko dituzte, aldez aurretik, dirulaguntzen plan estrategiko batean: dirulaguntzak aplikatzean lortu nahi diren xedeak eta ondorioak, horiek lortzeko behar den epea, eta aurreikus daitezkeen kostuak eta finantzabideak. Betiere, bete beharko dira aurrekontu-egonkortasunaren helburuak.
Horrenbestez, udal honen esparruari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko ordenantza orokorraren 3. artikuluak (Noain Elortzibarko Udalaren 40. ordenantza) eskatzen du aldez aurretik onestea dirulaguntzen plan estrategiko bat.
Agindu horren arabera, planak honako hauek jaso beharko ditu, gutxienez:
a) Dirulaguntzaren xedea, baldin hura zehazten ahal bada plan estrategikoa prestatzen den unean.
b) Dirulaguntzak aplikatuz lortu nahi diren helburuak eta ondorioak. Lortu nahi diren helburuek merkatuan eragina dutenean, bideratu behar dira argi eta garbi identifikatutako akatsak zuzentzera, eta haien ondorioek ahal den distortsiorik txikiena sortu behar dute merkatuan.
c) Eskuratzeko behar den epea.
d) Aurreikusitako kostuak.
e) Finantzabideak.
Plan estrategiko hau egiteko parte hartu dute Noain Elortzibarko Udalaren dirulaguntzak kudeatzeaz arduratzen diren udal alor, kudeaketa zentro eta administrazio unitate guztiek. Hori dena, horretarako baliatuz apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.c) artikuluak toki-erakundeei esleitutako programazio- edo plangintza-ahalmena (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea).
3.–Izaera juridikoa.
Dirulaguntzen plan estrategikoa da politika publikoak planifikatzeko tresna programatiko bat, arau izaerarik gabea, eta haren edukiak ez du sortzen ez eskubiderik ez betebeharrik, ez dakar eragin zuzenik partikularren eremuan, eta ez du sortzen eskubiderik ez betebeharrik Administrazioarentzat, eta haren eraginkortasuna gelditzen da dirulaguntzak dituzten lerroak gauzatzearen mende, dauden aurrekontu baliabideen arabera. Hala ondorioztatzen da 38/2003 Legea garatzeko Erregelamendutik; zehazki, 10. artikulutik 15. artikulura bitartekoek ezarritakotik (erregelamendu hori onetsi zen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez).
Plan estrategikoak ez dakar eskubiderik onuradun izan daitezkeenen alde; hala, pertsona horiek ezin izanen dute eskatu kalte-ordainik edo konpentsaziorik, baldin plana gauzatzen ez bada. Plana gida gisa aurkeztu da, eta, aldez aurretik ezarritako arau esparruaren barnean, planak ezartzen du zer bideri segitu behar zaion, interes orokorreko jarduerak sustatzeko.
Dirulaguntzak ezartzeko, bete beharko dira aurrekontu-egonkortasunaren helburuak; beraz, onetsitako aurrekontu-kontsignazioak eta dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak une oro egokituko dira helburu horietara.
Era berean, dirulaguntzak ezartzean, errespetatu eta bete beharko da udal ordenantzetan edo udal planetan ezarrita dagoena euskarari eta berdintasunari dagokienez edo beste edozein arlori dagokionez.
4.–Eskumena.
Udaleko Osoko Bilkuraren eskumena da Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onestea; izan ere, tresna bat da dirulaguntzen plangintza estrategikoa egiteko edo sustatzeko, eta kudeaketa ekonomikoa egiteko.
Hala ere, Alkatetzaren eskumena da dirulaguntzak ematea.
Erakunde autonomoen esparruan, haien estatutuetan eskumen hori zer organori esleitu zaion, horiexek izanen dira eskudunak dirulaguntzak emateko.
5.–Esparru subjektiboa.
Dirulaguntzen Plan Estrategiko honen barnean sartzen dira bai Udal honek ematen dituen dirulaguntzak, bai Udalaren mendeko erakundeek ematen dituztenak (Noaingo Julian Gayarre Musika Eskolako Udal Patronatua).
6.–Indarraldia.
Proposatzen da Dirulaguntzen Plan Estrategiko honek iraun dezan 2024tik 2027ra bitartera, eta luzatuko da hurrengo plana onetsi arte.
7.–Kudeaketa eta eraginkortasuna.
Helburuak lortzeko, beharrezkoa da udal alor, kudeaketa zentro, administrazio unitate edo mendeko erakunde bakoitzak kudeatzea, bere esparruan, dirulaguntzak ematea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean xedatutako moduan, eta Udalaren Kontu-hartzailetzari dagokio horiek fiskalizatzea. Horrek guztiak berekin dakar ekintzak koordinatu beharra.
8.–Aurreikus daitezkeen kostuak eta finantzaketa.
Edozein motatako dirulaguntza eman aurretik, dagokion gastuaren baimena izapidetuko da.
Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan aurrekontuan ezarritako kopurutik gorakoa.
Aurrekontu-kredituak mugatzaileak eta lotesleak dira, eta, beraz, ezin izanen da hartu haien zenbatekoa gainditzen duen gastu-konpromisorik.
Hala ere, salbuespen moduan, dirulaguntzen deialdiak ezartzen ahalko du zenbateko gehigarri bat, eskuragarri dauden kredituen guztirako gehieneko zenbatekoaz gain, egin beharrik gabe dirulaguntzak emateko deialdi berri bat, jarraikiz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58. artikuluari (errege dekretu horren bidez onesten da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua).
9.–Plan estrategikoaren kontrola eta jarraipena.
Plan estrategiko hau urtero kontrolatuko da, eta jarraipena eginen zaio, eta bi alderdi izanen ditu.
a) Emandako dirulaguntzen kontrol ekonomiko-finantzarioa. Noain Elortzibarko Udalaren Kontu-hartzailetzari dagokio kontrol hori, indarrean dagoen legedian jasotako baldintzetan.
b) Osoko Bilkurari dagokio plana kontrolatzea eta jarraipena egitea, eta, horretarako, dirulaguntzak kudeatzen dituen udal alor, kudeaketa zentro, administrazio unitate edo mendeko erakunde bakoitzak bidaliko du aurreko ekitaldian emandako dirulaguntzen justifikazio memoria, ekitaldi bakoitzaren lehen seihilekoan, honako hauek zehazturik:
–Xedea, entitate onuraduna eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
–Emandako, justifikatutako, uko egindako eta itzulitako dirulaguntzak (edo itzultzeko prozeduran daudenak).
–Helburu zehatzen betetze maila, jarraikiz ezarritako adierazleei eta lorpen epeari, zehaztuz diruz lagundutako ekintzaz aprobetxatu diren pertsonen kopurua.
–Benetako kostuak, alderatuz aurreikus zitezkeen gastuekin.
–Ondorioak edo balorazio orokorra, non baloratuko baitira lortu nahi diren helburuak eta programa mantentzearen edo kentzearen bidezkotasuna.
–Iradokizunak, hurrengo Dirulaguntzen Plan Estrategikoa prestatzeko.
10.–Dirulaguntzen ildo estrategikoak.
Plan estrategikoan sarturik daude Udalaren eta haren mendeko erakundeen dirulaguntza lerroak, eta, orobat, sarturik daude aplikatu beharreko adierazleak, ildo estrategikoaren arabera nahiz dirulaguntza bakoitzaren izaeraren arabera. Ondotik ematen dira plan estrategiko honen jarduera-ildo estrategikoak. Beraz, hona hemen plan estrategikoaren ildoak:
–1. ildo estrategikoa: gizarte-ongizatea.
Helburu estrategikoa: Noain Elortzibarko pertsonen eta familien bizi baldintzak hobetzen laguntzea, baldin egoera ahulean badaude.
Helburu zehatzak:
–Bermatzea oinarrizko beharrizanak asetzen dituztela larrialdi sozialean edo egoera ekonomiko ahulean dauden pertsonek edo familiek.
–Garraioa bermatzea mugitzeko desgaitasuna duten pertsonei, baldin diru-sarrera nahikorik ez badute.
–Sustatzea irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimena.
–Sustatzea jarduerak egitea, autonomia pertsonala eta zahartze aktiboa bultzatzeko.
Adierazleak:
a) Onuradun kopurua.
b) Deialdi bakoitzean erabilitako aurrekontua.
c) Laguntza kopurua, kontzeptuen arabera.
d) Egindako jarduera kopurua, proiektuka.
e) Lortutako emaitzak.
f) Egindako jardueretako parte-hartzaile kopurua.
Gauzatze epea: urteko deialdiak.
Finantzabideak: udal aurrekontua, jarraikiz urte bakoitzerako ezarritako aurrekontu-aplikazioei.
Kostu ekonomikoak: dagozkien udal aurrekontuetan jasotako kostu ekonomikoak.
Emateko prozedura: banakako ebaluazioaren bidez, norgehiagoka eta, kasua bada, hitzarmena eginez aurrekontuan izenez azaltzen diren entitateekin.
Jarduteko plana: deialdiaren oinarriak prestatuz, banakako ebaluazioaren bidez, edo norgehiagokako araubidean, eta hitzarmenak izapidetuz aurrekontuan izenez azaltzen diren entitateekin.
–2. ildo estrategikoa: garapenerako lankidetza.
Helburu estrategikoa: Laguntzea herri behartsuenak garatzeko, haien bizi baldintzak hobetuz, dirulaguntzak emanez elkartasuneko eta tokiko garapeneko proiektuak egiteko.
Helburu zehatzak:
–Laguntzea ekintzak gauzatu daitezen, ase daitezen herrialde edo leku behartsuenen oinarrizko beharrizanak, edo garapen-bidean daudenen oinarrizko beharrizanak.
–Larrialdiei erantzutea laguntza humanitarioko ekintzen bidez.
Adierazleak:
a) Egindako jarduketen kopurua, programaren arabera.
b) Lortutako emaitzak.
c) Erabilitako aurrekontua.
Gauzatze epea: urteko deialdiak dira.
Finantzabideak: udal aurrekontua, jarraikiz urte bakoitzerako ezarritako aurrekontu-aplikazioei.
Kostu ekonomikoak: dagozkien udal aurrekontuetan jasotako kostu ekonomikoak.
Emateko prozedura: norgehiagoka eta, kasua bada, hitzarmena eginez aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.
Jarduera plana: deialdiaren oinarriak prestatuz, norgehiagokako araubidean, eta hitzarmenak izapidetuz aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.
–3. ildo estrategikoa: interes ekonomikoak sustatzea.
Helburu estrategikoa: Bultzatzea Noain Elortzibarko garapen jasangarria, hazkunde ekonomikoa eta sustapena, helburua izanik herritarren gizarte ongizatea eta bizi kalitatea handitzea.
Helburu zehatzak:
–Enplegua eta autoenplegua bultzatzea Noain Elortzibarren.
–Sustatzea enpresa-jarduera berriak sortzea Noain Elortzibarren.
–Txikizkako merkataritza sustatzea.
–Laguntza ematea Noain Elortzibarko eraikinak birgaitzeko, eta horietan dauden oztopo arkitektonikoak kentzeko.
Adierazleak:
a) Eskabide kopurua.
b) Erabilitako aurrekontua.
c) Noain Elortzibarko langabezia-tasaren gaineko eragina.
d) Noain Elortzibarren enpresak sortzeko izandako eragina.
e) Egindako jardueretan izandako parte-hartzaile kopurua.
f) Onuradun kopurua.
g) Merkatarien Elkarteari atxikitako saltoki kopurua.
Gauzatze epea: urteko deialdiak dira.
Finantzabideak: udal aurrekontua, jarraikiz urte bakoitzerako ezarritako aurrekontu-aplikazioei.
Kostu ekonomikoak: dagozkien udal aurrekontuetan jasotako kostu ekonomikoak.
Emateko prozedura: banakako ebaluazioaren bidez eta, kasua bada, hitzarmena eginez aurrekontuan izenez azaltzen diren entitateekin.
Jarduera plana: deialdiaren oinarriak prestatuz, banakako ebaluazioaren bidez, eta hitzarmenak izapidetuz aurrekontuan izenez azaltzen diren entitateekin.
–4. ildo estrategikoa: kultura eta hezkuntza dinamizatzea.
Helburu estrategikoa: Udalerriko ehun kulturala sostengatu, zabaldu eta sustatzea, haren alderdi guztietan.
Helburu zehatzak:
–Bultzatzea, sustatzea eta babestea Noain Elortzibarko haur hezkuntzako eta lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetako guraso elkarteek antolatutako jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko jarduerak, berekin dakartenak hezkuntza-garapena bultzatzea eta gurasoek eta ikasleek aktiboki parte-hartzea.
–Bertako kultura sustatzea eta zabaltzea.
–Musika sustatzea eta zabaltzea, era guztietako genero eta motatakoa.
–Bultzatzea eta sustatzea sormena, irakurzaletasuna, idatz-zaletasuna, arte plastikoak, arte eszenikoak eta ikus-entzunezkoak, haien alderdi guztietan.
–Indartzea kultura arloko elkarte-mugimendua, herritarrek parte hartzeko modu gisa.
–Euskal hizkuntza eta kultura sustatzea eta zabaltzea.
Adierazleak:
a) Erabilitako aurrekontua.
b) Egindako jarduerak.
c) Parte hartu duten ikasleak eta familiak.
d) –Elkarte onuradunetako kide kopurua.
e) Eskuratutako material inbentariagarria.
f) Gizartean eta kulturan duen eragina.
Gauzatze epea: urteko deialdiak dira.
Finantzabideak: udal aurrekontua, jarraikiz urte bakoitzerako ezarritako aurrekontu-aplikazioei.
Kostu ekonomikoak: dagozkien udal aurrekontuetan jasotako kostu ekonomikoak.
Emateko prozedura: banakako ebaluazioaren bidez eta, kasua bada, hitzarmena eginez aurrekontuan izenez azaltzen diren entitateekin.
Jarduera plana: deialdiaren oinarriak prestatuz, banakako ebaluazioaren bidez, eta hitzarmenak izapidetuz aurrekontuan izenez azaltzen diren entitateekin.
–5. ildo estrategikoa: jarduera fisikoaren eta kirolaren sustapena.
Helburu estrategikoa: Herritarrei, oro har, eskaintzea kirol beharrizanak asetzeko aukera, eta praktika osasungarria bultzatzea, bizi kalitatea hobetzeko bide den aldetik, beste entitate batzuekin lankidetzan arituz.
Helburu zehatzak:
–Bultzatzea eta erraztea Noain Elortzibarren kirol ekitaldiak eta ikuskizunak antola ditzaten bertako klub eta sekzioek. Azken horiek inskribaturik egon beharko dute Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan, eta lankidetza-hitzarmena sinaturik eduki Udalaren Kirol Patronatuarekin.
–Erraztasunak ematea, parte har dezaten haurrek, gazteek eta Noain Elortzibarko kirol kluben bidez Noain Elortzibarko kirol instalazioetan abonaturik daudenek (baldin klub horiek lankidetza-hitzarmena sinaturik badaukate Udalaren Kirol Patronatuarekin) hainbat kirol diziplina sustatzeko eta bultzatzeko, kirol eskolen bidez eta haietan fidelizatuz.
Adierazleak:
a) Ekitaldiaren aurrekontua.
b) Aurkeztutako eskabideak.
c) Egindako jarduerak.
d) Gizartean duen eragina.
e) Parte-hartzea.
f) Talde edo kategorien kopurua, lehiaketa kopurua eta joan-etorri kopurua.
Gauzatze epea: urteko deialdiak dira.
Finantzabideak: udal aurrekontua, jarraikiz urte bakoitzerako ezarritako aurrekontu-aplikazioei.
Kostu ekonomikoak: dagozkien udal aurrekontuetan jasotako kostu ekonomikoak.
Emateko prozedura: banakako ebaluazioaren bidez eta norgehiagoka.
Jarduera plana: deialdiaren oinarriak prestatuz, banakako ebaluazioaren bidez edo norgehiagokako araubidean.
Iragarkiaren kodea: L2406287