Iragarkia
99. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 14a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
32E/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 11koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita honako deialdi hau: "Dirulaguntzak, 2024an Nafarroako Foru Komunitateko ondare higigarrian esku-hartzeak egiteko". Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 754398.
Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 87. artikuluak ezartzen du kultur arloko eskumena duen departamentuak Nafarroako kultur ondareko ondasunen ikerketa, dokumentazioa, kontserbazioa, berreskurapena, zaharberritzea eta zabalkundea bultzatuko dituela, dirulaguntzen eta bestelako sustapen neurri ekonomikoen bitartez.
Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legeak 37. artikuluan ezartzen duenez, urtero, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak dirulaguntzak eta bestelako laguntzak ezarriko ditu erabakitzen diren kultur sektoreetarako, foru lege horren 2. artikuluan aipatzen diren printzipioekin bat. Artikulu horrek foru legearen xedetzat jotzen du Nafarroako kultur ondare materiala eta immateriala babestu, zaindu, zabaldu eta haren balioa nabarmentzea. Halaber, foru lege beraren 10. artikulua bete dadin sustatzea ere aurreikusten du.
Deialdiaren xedea hauxe da: Nafarroako Foru Komunitatean irabazi-asmorik gabeko entitateek ondare higigarrian esku hartzeko sustatzen dituzten proiektuei laguntzea. Hala, Nafarroako kultur ondarea babestu eta kontserbatzeaz gain, Nafarroako ondare higigarriaren ondasunen kontserbazio eta zaharberritzearekin loturiko enpresa txiki eta autonomoei laguntzea ere bada helburua. Horrela, administrazio publikoen mende nabarmen dagoen sektore horren enplegagarritasuna sustatuko da.
Dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, eta lortutako puntuazioaren lehentasun ordenari jarraituz, hain zuzen ere oinarri arautzaileetako balorazio irizpideak eta mugak aplikatuz lortzen den puntuazioaren arabera, hala ezartzen baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan.
Aurrekontuko gehieneko zuzkidura 70.000 eurokoa da, eta esku-hartze bakoitzari emanen zaion gehieneko dirulaguntza, berriz, ez da izanen onartutako aurrekontuaren %70etik gorakoa.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuentzako dirulaguntzen deialdi bat 2024an Nafarroako Foru Komunitateko ondare higigarria kontserbatzeko eta zaharberritzeko esku-hartzeak egin daitezela sustatzeko asmoz.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A20001-A2100-7819-337104: Ondare higigarrian esku-hartzeak egiteko laguntzak | 2024 | 70.000,00 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2024ko apirilaren 11n.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IRABAZI-ASMORIK GABEKO ENTITATE PRIBATUENTZAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, 2024AN ONDASUN HIGIGARRIAN ESKU-HARTZEAK EGITEA SUSTATZEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Dirulaguntzen xedea eta araubide juridikoa.
1.1. Oinarri hauen xedea da irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuentzako dirulaguntza batzuk arautzea, helburu dutenak ondare higigarria kontserbatzeko eta zaharberritzeko esku-hartzeak sustatzea, 2024an, Nafarroako Foru Komunitatean.
1.2. Deialdi honen ondorioetarako, ondare higigarritzat hartzen dira garraia daitezkeen eta balio historiko, artistiko edo arkeologikoa duten ondasunak edo ondasun multzoak. Hala, ez dute nahitaez higiezinen egiturari atxikiak izan behar, edozein dela haien euskarri materiala.
1.3. Dirulaguntzen banaketa oinarri hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren bidez arautuko da.
1.4. Dirulaguntzak emanen dira norgehiagokako araubideari jarraikiz, eta 7. oinarrian azaltzen diren balorazio irizpideak aplikatuta, 4. oinarrian ezarritako mugekin.
1.5. Honako hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:
Zabalkundea egiteko eta balioa nabarmentzeko jarduketak, hala nola hitzaldiak, bisita gidatuak, eskuorriak, etab.
2.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.
2.1. Dirulaguntza jaso dezakete helbide soziala Nafarroan duten eta Nafarroako Foru Komunitatean esku-hartzeak sustatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuek.
2.2. Baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea eta, horiez gainera, honako hau: une honetan ez egotea ez administrazio zehapen edo kondena-epai irmo bat betetzen sexuan edo generoan oinarritutako lan praktika diskriminatzaileak izateagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiengatik ezarritako zehapen edo kondena epai bat betetzeko zain ere.
b) Egunean izatea tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
c) Zuzenbidean onartutako edozein bitarteko erabiliz frogatzea esku-hartzea egin gogo den ondasunaren titularra den pertsona fisiko edo juridikoak baimena eman duela.
d) Frogatzea lortu direla jarduerarako behar diren gainerako baimen eta lizentzia guztiak.
2.3. Dirulaguntza hauetatik propio baztertzen dira honako hauek:
a) Ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuak.
b) Nafarroako 2024ko aurrekontu orokorretan xede bererako dirulaguntzaren partida izendun baten onuradun diren entitateak.
3.–Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.
3.1. Deialdi honen ondorioetarako, diruz lagungarriak dira honako esku-hartze hauek:
a) Zaharberritze proiektuak idatzi aurreko azterlanetarako.
b) Ondasun higigarriak aztertu eta mantentzeko esku-hartze ezohikoetarako.
c) Ondasun higigarriak kontserbatu eta zaharberritzeko esku-hartzeetarako.
d) Ondasun higigarriak konpontzeko eta haien segurtasun eta babes baldintzak kontserbatzeko esku-hartzeetarako.
3.2. Esku-hartzeek Nafarroako Foru Komunitatean 2024an eginak izan behar dute.
3.3. Deialdi honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe bat datozenak diruz lagundutako jardueraren izaerarekin. Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
3.4. Honako kontzeptu hauetan egindakoak izanen dira gastu diruz lagungarriak:
a) Diruz laguntzen den jardueran aritzen diren langileen gastuak; horretan emandako denbora adierazi beharko da. Langile mota eta haien gaikuntza zehaztuko dira.
b) Jarduera egiteko zuzeneko gastu arruntak, hala nola, ekipoak alokatzea, materialak, kontsumigarriak eta abar erostea, betiere esku-hartzerako baizik ez badira erabiltzen.
c) Ondasun higigarriak konpontzeko eta haien segurtasun eta babes baldintzak kontserbatzeko gastuak.
d) Esku-hartzean aritzen diren langileen dietak eta joan-etorriak: dirulaguntzak emanen zaizkie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileei bezala, hots, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen dieta eta kilometroetarako kalte-ordainak erregulatzen dituen araudian aurreikusitako kopuru, baldintza eta kasu beretan.
e) Egiaz egiten diren eta esku-hartzerako beharrezkoak diren zeharkako kostuak, baldin eta aurretik berariaz jaso badira gastuen aurrekontuan. Horien zenbatekoa ez da izanen aurrekontuaren %5etik gorakoa.
3.5. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:
a) Finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako esku-hartzea gauzatzeko peritu gastuak eta administrazio gastuak.
b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.
c) Zeharkako zergak, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal direnean, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.
d) Kapital ondasunak edo ondasun inbentariagarriak sortzeko edo eskuratzeko erabili behar diren ondasunetan egindako inbertsioak.
e) Zabalkunde lanen gastuak, hots, panelak, argitalpenak, erreprodukzio digitalak, kartelak eta beira-arasak, eta dirulaguntzaren xedearekin zuzenean loturik ez daudenak.
4.–Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.
4.1. Dirulaguntzaren zenbatekoa esku-hartze bakoitzerako onarturiko aurrekontuaren %70ekoa izanen da gehienez.
Onartutako aurrekontua izanen da entitateak aurkeztutako aurrekontua, kenduta deialdi honen 3. oinarrian ezarritakoarekin bat diruz lagungarriak ez diren zenbatekoak.
4.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.
5.–Aurrekontuetako egozpena.
Deialdi honetarako baimendutako gastua 70.000 eurokoa da, eta 2024ko Gastuen Aurrekontu Orokorreko honako partida honi egotziko zaio: "Laguntzak ondare higigarrian esku-hartzeak egiteko" izeneko A20001 A2100 7819 337104 partida.
6.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
6.1. Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.nafarroa.eus).
Eskaerak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari zuzenduko zaizkio.
Hurrengo ataletan eskatutako agiriak erantsiko dira, eskatzaileak edo haren legezko ordezkariak sinatuak.
6.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
A) Dokumentazio administratiboa.
Tributu arloko betebeharrak eguneratuak dituela dioen ziurtagiria.
Gizarte Segurantzako betebeharrak eguneratuak dituela frogatzen duen ziurtagiria.
Dirulaguntzen onuradun izateko debekurik ez duela dioen adierazpena.
Ondasunaren titularraren aldez aurretiko baimena.
Jarduerarako behar diren gainerako baimen eta lizentzia guztiak lortu izanaren frogagiriak.
B) Dokumentazio teknikoa:
a) Dirulaguntza zer esku-hartzetarako eskatzen den, horri buruzko azalpen-memoria. Memoriak honako atal hauek izanen ditu:
–Ondasunaren ezaugarriak eta titulartasuna.
–Esku-hartzearen proiektua.
–Prebentziozko kontserbaziorako neurriak.
Adierazi beharko dira esku-hartzea hartzen duen proiektu orokorraren barneko faseak.
Teknikari zaharberritzaile bat agertuko da esku-hartzearen zuzendari tekniko gisa.
b) Esku-hartzearen gastuen aurrekontu xehatua, BEZa barne, gutxienez honako hauek jasoko dituena:
–Proiektuaren barruan 2024an eginen den fasearen guztirako aurrekontua.
–Dirulaguntza zertarako eskatzen den 2024an, horren kostu zehatza, adieraziz zenbateko horrek zer portzentaje egiten duen egin beharreko aurrekontu osoan, guztira eta kontzeptuz kontzeptu.
C) Entitate eskatzailearen legezko ordezkariak izenpetutako konpromisoa, adierazten duena esku-hartzean erabiliko duela diruz laguntzen ez den baina proiektua gauzatzeko beharrezkoa den aurrekontu zatia.
D) Eskaera 7. oinarrian xedatutakoari jarraikiz baloratzeko behar den gainerako dokumentazioa.
6.3. Entitate partikular bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du, eta eskaera bakoitzak ondare higigarrian esku hartzeko proiektu bakarrerako izanen da.
6.4. Dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, gehienez hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.
6.5. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
7.–Balorazio irizpideak.
7.1. Dirulaguntzak onartu eta haien zenbatekoa zehazteko honako alderdi hauek baloratuko dira, eta gehienez ere 100 puntu emanen dira. 60 puntura iristen ez diren eskaerak ezetsi eginen dira.
7.2. Hauek dira baloratuko diren alderdiak:
a) Balioa edo interesa kultura ikuspegitik, esku-hartzearen xede den ondasun bakoitzaren babes mailaren arabera. 35 puntu gehienez.
b) Jarduketaren egokitasuna. 35 puntu gehienez.
c) Kontserbazio egoera, eta esku-hartzearen urgentzia. 15 puntu gehienez.
d) Esku-hartzeak nola eraginen dien ondasunak dituen ondare-intereseko elementu espezifikoei. 15 puntu gehienez.
Aipatutako balorazio irizpideak honako hauek aintzat hartuz aztertu eta haztatuko dira:
a) Balioa edo interesa kultura ikuspegitik, esku-hartzearen xede den ondasun bakoitzaren babes mailaren arabera. 35 puntu gehienez.
Balorazioa baremo honen arabera eginen da:
–Interes kulturaleko ondasuna: 35 puntu.
–Ondasun inbentariatua: 30 puntu.
–Babesteko proposatutako ondasuna: 25 puntu.
–Beste egoera batzuk: 20 puntu gehienez.
b) Jarduketaren egokitasuna: 35 puntu gehienez.
Aurkeztutako proiektu edo txosten teknikoaren kalitatea baloratuko da, aurreikusitako esku-hartzea eta dokumentazio teknikoa kontuan hartuz. Bestalde, aplikatutako irizpideak egokiak diren baloratuko da. Balorazio orokorra eginen da. Kalkulu objektiborik ezin denez egin, kualitatiboa eginen da, baremo honen arabera:
–Oso ona: 30 eta 35 puntu artean.
–Ona: 20 eta 30 puntu artean.
–Zuzena: 5 eta 20 puntu artean.
–Ez nahikoa: 0 eta 5 puntu artean.
–Urria: 0 puntu.
c) Eskaeraren xede den ondasunaren kontserbazio egoera eta esku-hartzearen urgentzia: 15 puntu gehienez. Balorazio orokorra eginen da. Kalkulu objektiborik ezin denez egin, kualitatiboa eginen da, baremo honen arabera:
–Egoera oso txarra eta presaz zuzendu beharrekoa: 15 puntu.
–Txarra eta presakoa: 13 puntu.
–Ertaina eta presakoa: 10 puntu.
–Txarra eta presarik gabekoa: 8 puntu.
–Ertaina eta presarik gabekoa: 5 puntu.
–Beste egoera batzuk: 0 puntu.
d) Esku-hartzeak ondasunaren berariazko interes-elementuetan duen eragina: 15 puntu gehienez. Balorazio orokorra eginen da. Kalkulu objektiborik ezin denez egin, kualitatiboa eginen da, baremo honen arabera:
–Eragin handia: 10 eta 15 puntu artean.
–Eragin ertaina: 5 eta 10 puntu artean.
–Eragin txikia: 0 eta 5 puntu artean.
–Eraginik gabe: 0 puntu.
7.3. Proposamen bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, irizpide honi jarraituko zaio:
a) Eskatutako gutxienekoa, alegia, 60 puntu, lortu duten eskaera guztien puntuak batu, eta eskaera bakoitzari 59 puntu kenduko zaizkio.
b) Baimendutako gastuko 70.000 euroak aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera lortutako puntuen baturaz zatituko dira, puntu/euro ratioa lortzeko.
c) Banaketa zuzenki proportzionala eginen da, aurreko puntuan zehaztutako ratioa kontuan hartuta proposamen bakoitzak lortutako puntuen arabera.
7.4. Aurreko 7.3 puntuan adierazitako kalkulua zein den ere, dirulaguntzaren zenbatekoa ez da izanen, guztira, onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa. Proposamenetako batek portzentaje hori gainditzen badu, soberakina lortutako puntuazioaren zuzeneko proportzioan banatuko da gainerako esku-hartze diruz lagungarrien artean, nahiz eta aipatutako portzentajera ez iritsi.
8.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.
8.1. Eskaerak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak tramitatuko ditu.
Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten justifikatua emanen du eskaera bakoitzari emandako puntuazioez.
8.2. 7. oinarrian ezarritako irizpideen araberako ebaluazioa egin ondoren, Ondare Historikoaren Zerbitzuak ebazpen proposamen bat eginen du eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak.
9.–Laguntza emateko ebazpena.
9.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.
Epe hori ebazpenik eman gabe iraganez gero, eskaera ezetsitzat joko da.
9.2. Dirulaguntza hau emateko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira:
http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/
Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea 39, Iruña).
10.–Dirulaguntzen ordainketa.
10.1. Onartutako dirulaguntzak egintza bakar batean ordainduko dira, egin diren lanen frogagiriak aurkeztu eta onetsi ondoren.
10.2. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.
Onartutako aurrekontuaren zenbateko osoa justifikatzen ez bada, eta diruz lagundutako jarduera egin bada, honela kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa: gastu justifikatuen baturari aplikatuko zaio onartutako aurrekontuaren eta emandako dirulaguntzaren artean dagoen portzentaje bera.
10.3. Ezinbestekoa izanen da eskatzaileak Nafarroako Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Diruzaintza Atalean izapidetu izana transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, abonu-kontuaren titular gisa.
11.–Dirulaguntzak justifikatzeko epea eta baldintzak.
11.1. Dirulaguntzen onuradunek justifikatu beharko dute bete dituztela ezarritako baldintzak eta lortu dituztela dirulaguntza emateko ebazpenean aurreikusi diren helburuak.
11.2. Frogagiriak aurkezteko epea 2024ko azaroaren 15ean bukatuko da.
11.3. Laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, justifikazioko kontua igorri ondoren honako agiri hauekin batera:
a) Jarduketari buruzko memoria, adierazita egindako jarduerak eta noraino bete den onartutako proposamena.
b) Fakturak, edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera duten bestelako agiriak. Faktura horiek egin beharko dira Fakturazio Betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.
Fakturak hurrenez hurren zenbakituta egonen dira, eta partiden arabera antolatuta, adierazita hartzekoduna, zenbatekoa eta jaulkipen data.
Fakturak ordaindu direla frogatu behar da, ordainagiriekin.
Langileria gastuak frogatuko dira langileen eguneroko parteen kopien bidez; esku-hartzearen titular teknikoak eta aitortzaileak sinatuko dituzte, eta bertan jasoko dira egiaz lan horretan emandako orduak.
c) Diruz lagundutako jardueraren gastuen zerrenda.
Zerrendarekin batera, Excel taula bat aurkeztuko da, nahitaez. Honako hauek jasoko dira bertan: fakturaren edo frogagiriaren zenbakia, jaulkitzailea, kontzeptua, gastu mota (3.4 oinarriaren arabera), ordainketaren eguna eta zenbateko konputagarria.
11.4. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten bat erantsiko dio gastuaren justifikazioari, adierazten duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak; horretarako beharrezkoak izan daitezkeen frogagiriak eskatzen ahalko dizkio onuradunari.
11.5. Gastu diruz lagungarrien laugarren hiruhilekoko fakturaren batek egin gabe baldin baditu PFEZaren atxikipenen likidazioa eta ordainketa, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta diruz lagungarriak diren gastu horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, onuradunak, beranduenez 2025eko urtarrilaren 31n, Foru Ogasunari egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzul ditzala eskatuko zaio.
12.–Onuradunen betebeharrak.
12.1. Onuradunak betebehar hauek ditu:
12.1.1. Administratiboak.
a) Organo emaileari justifikatzea bete direla betebeharrak eta baldintzak, egin dela dirulaguntzaren xedeko esku-hartzea eta lortu dela dirulaguntza eman eta jasotzeko helburua, deialdi honen 11. oinarrian aipatzen den moduan.
b) Onartzea organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta beste kontrol organo eskudun batzuek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.
c) Justifikatzea hornitzailea hautatzeko efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak baliatu direla, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Dekretuaren 28.3 artikuluan ezarritakoarekin.
d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Dirulaguntza onartu dela jakin eta 15 egun naturaleko epean eman beharko da horren berri, eta jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen betiere.
e) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, entitate onuradunek adierazpena aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrari buruz, eta, hala badagokio, baita eskatutako dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) eta 12.4 artikuluetan ezarritakoarekin.
Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira:
Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
f) Emandako dirulaguntzaren ziurtagiriak aurkeztea, 11. oinarrian aipatzen diren datan eta moduan.
g) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak onuradunari kasu bakoitzean aplikatu behar zaion legedian agindu bezala edukitzea, Egiaztapenak eta kontrolak egiteko ahalmenak erabil daitezen bermatzeko asmoz.
h) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.
i) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.
12.1.2. Teknikoak.
a) Dirulaguntzak emateko oinarria izan den proiektua onetsitako moduan eta epean gauzatzea.
b) Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari idatziz jakinaraztea esku-hartze arkeologikoa hasteko eta amaitzeko datak.
c) Proiektuan egin nahi den edozein aldaketaren berri ematea Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, erakunde horren onarpena beharko baita.
d) Esku-hartze arkeologikoa garaiz bukatzea, oinarri hauetako 11.2 puntuan ezarritako dirulaguntza justifikatzeko epea betetzeko.
12.1.3. Bestelakoak.
Jarduerei buruzko publizitate guztian adieraztea jaso dutela Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren laguntza.
Laguntzen onuradunek adierazpen bat aurkeztu beharko dute, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen 10.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko konpromisoa jasoko duena.
12.2. Hemen adierazitako edo Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharretako edozein bete ezean, emandako dirulaguntza itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
13.–Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.
Maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira, legegintzako foru dekretu horretan aurreikusitako zerga-pizgarriak aplikatzearen ondorioetarako (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina).
Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritakoa (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).
14.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honen xede diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak xede berarekin emandako beste edozein dirulaguntzarekin.
Hala ere, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste erakunde publiko edo pribatu batzuenak nahiz partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, enpresa edo profesional onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
15.–Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.
Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du, osoki edo partzialki.
Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du osoki edo partzialki, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
16.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa (42. artikulua eta hurrengoak) aplikatuko da.
Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoa izanen da.
17.–Administrazio errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iragarkiaren kodea: F2406077
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
