99. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

54E/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 29koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntza honetarako deialdia onesten baita: "Hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko eta berrikuntza eta digitalizazio proiektuak garatzeko laguntzak". DDBN identifikazioa: 758044.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, 27. artikuluan, Nafarroako Administrazio Publikoak premiatzen ditu hedabide publiko eta pribatuetan euskararen presentzia gero eta handiagoa sustatzera.

Lege betebehar hori betetzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eginkizun hauek ditu esleituak: Nafarroako hedabide sozial publiko zein pribatuetan euskararen presentzia progresiboa sustatzea, laguntza ekonomiko eta materialerako planak egitea, eta Nafarroako hedabide publiko eta pribatuetan euskara sustatzeko egiten diren deialdiak kudeatu eta ebaluatzea, aipatu erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 240/2023 Foru Dekretuak xedatutakoari jarraikiz.

Deialdi honek ezartzen ditu 1.225.879,87 euro laguntzetan 2024an banatzeko oinarriak. Laguntza horiek erabiliko dira euskararen erabilera sustatzeko, idatzizko egunkarietan, irratietan eta online hedabideetan, eta kultura digitalaren bilakaerarekin nahiz berrikuntzarekin lotura duten prestakuntza eta aholkularitza proiektuetarako.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 30eko 65/2023 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Laguntzen deialdi bat onestea, batetik, euskararen erabilera sustatzeko idatzizko egunkarietan, irratietan eta online hedabideetan, eta, bestetik, kultura digitalaren bilakaerarekin nahiz berrikuntzarekin lotura duten prestakuntza eta aholkularitza proiektuetarako, 2024. urterako. Deialdi hori foru agindu honekin batera doazen oinarriek eta eranskinek arautuko dute.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-4709-334100: Hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko laguntzak

2024

1.225.879,87

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Gai Administratiboak, Langileria eta Azpiegiturak Kudeatzeko Atalera, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzaten.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko apirilaren 29an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da arautzea nola eman 2024ko laguntzak Nafarroan zabalkundea duten prentsa idatzian, irratietan eta online hedabideetan euskara erabiltzeko eta kultura digitalaren bilakaerarekin nahiz berrikuntzarekin lotutako prestakuntza eta aholkularitza proiektuetarako.

Deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2023-2025 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, 456. ildoan. Plan hori Nafarroako Gobernuaren 2023ko apirilaren 26ko Erabakiaren bidez onetsi zen. Hor, deialdiaren helburu operatiboak ezartzen dira: euskarazko hedabideen kontsumoa sustatzea, hedabide horien jardueraren egonkortasuna eta kalitatea bermatzea, eta gaztelaniazko hedabideetan euskararen presentzia areagotzea.

2. Aurrekontu erabilgarria eta denbora-eremua.

Deialdi honetara bideratutako aurrekontua 1.225.879,87 eurokoa da, zeina ordainduko baita 2024ko partida honen kargura: B30002 B3200 4709 334100 "Hedabideetan euskararen presentzia sustatzeko laguntzak".

Diruz laguntzen diren jarduerak 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte eginak behar dute, bi egun horiek barne. Euskarabideari egiaztagiriak aurkezteko epea 2024ko urriaren 16an amaituko da, eta ordura arte ordaindutako fakturak onartuko dira.

Diruz lagungarritzat hartuko dira, bakar-bakarrik, 2024ko irailaren 30era arte egindako gastuak. Gastu horiek ordainduta egon behar dute 2024ko urriaren 16a baino lehen, hau da, justifikazioak aurkezteko epea amaitu baino lehen.

3. Onuradunak.

Laguntza hauek jaso ahal izanen dituzte Nafarroan zabalkundea duen hedabide baten titular diren pertsona juridiko guztiek –J modalitateko eskatzaileek egoitza soziala edo lantoki bat ere izan beharko dute Nafarroan–:

–Egunkariak edo aldizkariak, baldin argitara eman badira, etenik gabe, deialdi hau argitaratu den egunera arte.

–Irratiak, baldin eta irratiko komunikazio zerbitzuak irrati-difusioaren bidez emateko Nafarroako Gobernuak ematen dituen lizentzien titularrak badira, eta lizentzia eskuratzeko bete behar zituzten baldintza teknikoen eta programaziokoen araberako emanaldiak eskaintzen badituzte deialdi honen eskaerak aurkezteko epean.

–Euskarazko online hedabideak, edo euskara erabiltzen dutenak. Kanpoan dira telebista-hedabideen euskarri digitalak.

–Lurreko Telebista Digitalaren emanaldietarako Nafarroako Gobernuak ematen dituen lizentzia pribatuen titularrak, baldin eta, oinarri arautzaile hauen babesean onetsitako deialdietako eskaerak aurkezteko epean, emanaldiak eskaintzen badituzte lizentzia eskuratzeko bete behar zituzten baldintza teknikoen eta programazioko baldintzen arabera.

4. Salbuespenak.

Deialdi honetatik at geldituko dira:

a) Alderdi politikoek, izaera politikoko elkarteek, sindikatuek, lanbide elkargoek eta antzekoek argitaratzen dituzten hedabideak.

b) Elkarteek, kirol klubek, fundazioek edo antzekoek beren kideen artean banatu eta erabiltzeko argitaratzen dituztenak.

c) Eskoletako aldizkariak, aldizkari espezializatuak, kultur aldizkariak eta kultur agerpen zehatz batzuei eskainitakoak edo irakurle espezializatuei zuzenduak.

d) Ikuskizunen gidak, denbora-pasak eta gisakoak.

e) Udalen informazio aldizkariak eta udal argitalpenak, interes orokorrekoak ez direnak.

f) Informazio espezializatua ematen duten informazio orriak.

g) Idatzizko hedabideen kasuan, beste hedabide baten barnean banatzen diren tartekoak.

h) Lege-gordailuaren zenbakirik ez duten argitalpenak.

i) Online hedabideak, baldin eta jarduera hori legez jasoa ez badute beren eskrituretan, xede sozialen artean.

j) Online modalitatean bazterturik geldituko dira gutxienez ere beren orrialdeetako erdietan euskaraz nabigatzeko aukera ematen ez dutenak. Online modalitatean bazterturik geldituko dira azpidomeinuak edo birbideratzeak.

k) Enpresek beren produktuak sustatzeko egiten dituzten argitalpenak, interes orokorreko albisteak jasotzen badituzte ere.

l) Atari eta webgune puntualak, jardunaldi edo ekimen zehatzen kariaz sorturikoak, euskararekin lotura zuzena izanik ere.

m) Telebistako hedabideen euskarri digitalak.

n) Argitalpenak, baldin eta lanak, gaurkotasuneko artikuluak edo kazetaritzakoak ez diren idazlanak berrargitaratzen edo egokitzen badituzte eta, betiere, aurretik beste hedabide batzuetan argitaratu badira eta deialdi berean badaude.

o) Publizitateko atariak eta argitalpen digitalak, lineako merkataritza gidak eta, oro har, nagusiki publizitate-xede edo -eduki bat duten argitalpen digital guztiak.

5. Jarduketa diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoak.

5.1. Laguntzen modalitateak eta zenbatekoa:

Hedabideen jarduerari dirulaguntza emanen zaio modalitate eta zenbateko hauen arabera:

A modalitatea: euskara hutsezko eguneroko prentsa (egunkariak). 115.000 euro.

B modalitatea: euskara erabiltzen duen eguneroko prentsa (egunkariak). 65.000 euro.

C modalitatea: Nafarroan zabalkundea duten euskara hutsezko aldizkariak. 401.000 euro.

D modalitatea: euskara erabiltzen duten aldizkariak, hizkuntza eremu mistoan edo ez-euskaldunean zabalkundea dutenak. 60.000 euro.

E modalitatea: euskara hutsezko irratiak. 349.879,87 euro.

F modalitatea: euskara erabiltzen duten irratiak, eremu mistokoak, ez-euskaldunekoak edo bietakoak. 20.000 euro.

G modalitatea: euskarazko hedabideak, edo euskara erabiltzen dutenak, Nafarroan zabalkundea duen beste hedabideren baten online euskarria direnak. 80.000 euro.

H modalitatea: euskara hutsean eta online bakarrik diharduten hedabideak. 70.000 euro.

I modalitatea: online bakarrik jardun eta euskara erabiltzen duten hedabideak. 10.000 euro.

J modalitatea: euskara hutsean aritzen diren hedabideak, Nafarroan egoitza soziala edo lantoki bat dutenak. 55.000 euro.

5.1.1. Azpikontratazioa.

Dirulaguntza honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, hirugarrenekin hitzartzea haiek gauzatu dezatela, hein batean, dirulaguntzaren xede den jarduera. Dirulaguntzaren xede den jarduera onuradunak berak egin ahal izateko egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

Entitate edo pertsona onuradunek aukera izanen dute diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko, osorik edo partzialki, jardueren kostuaren %100era arte.

Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako gainerako aurreikuspenak ere bete beharko dira. Zehazki, hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egiteko kontratua idatziz sinatu beharko da.

5.2. Gastu diruz lagungarriak:

A, B, C, D, E, F, G, H eta I modalitateak:

Honako alor hauetako gastuak izanen dira diruz lagungarriak: langileria gastuak, funtzionamendukoak, mekanikoak, banaketa eta ekoizpenekoak, inbertsioak ez direnak. Honako hauek ere hartuko dira kontuan: lan-kontratudunen eta kolaboratzaileen kontratazioaren ondoriozko gastuak, baita euskarazko lanei dagozkien funtzionamendu eta banaketa gastuak ere, baldin egozten ahal bazaizkio dirulaguntzaren xedea den jarduerari, eta horrela onartzen baditu deialdi honen balorazio batzorde teknikoak, oro har onartutako kontabilitate-printzipioak aplikaturik.

Gastu diruz lagungarriak:

–Langile gastuak: oro har kontratatutako langileen kostuak, nominak eta gizarte segurantza.

–Funtzionamendu-gastuak: kudeaketa administratiboko gastuak, lokalen alokairu, mantentze-lan eta tresneriakoak, argindarraren, telefonoaren eta Interneten fakturak...

–Gastu mekanikoak: inprimatzeak (ekoizpen propioa).

–Banaketa-gastuak: idatzizko hedabideak hartzailearengana iristeko gastuak (banaketa-enpresen fakturak, esaterako).

–Ekoizpen-gastuak: kazetariak, diseinatzaileak, soinu-teknikariak, informatikariak, eta abar.

J modalitatea:

Gastu diruz lagungarritzat hartuko da kanpoko aholkulari espezializatuek emandako aholkularitza zerbitzua. Aholkulari horiek erakundearentzat prestakuntzako eta lagun-egiteko zerbitzuak planifikatu eta gauzatuko dituzte, hainbat arlotan haren lehiakortasuna areagotzeko helburuarekin, hala nola prozesuen eta zerbitzuen digitalizazioan, hedabideen eraldaketa digitalean edo hedabideen produktuei, prozesuei eta zerbitzuei aplikatutako berrikuntzan.

Gastu diruz lagungarriak:

–Zerbitzu profesionalen gastuak, aholkularitza lanetarako, eta hedabideetan kultura digitala ezartzeko, haren bilakaera bideratzeko edo berrikuntza-proiektuak gauzatzeko.

Hedabide bera modalitate batera baino gehiagotara aurkeztu ahal izanen da, baldin eta betetzen baditu horietako bakoitzean zehaztutako eskakizunak. Ezin izanen dute gastu bera modalitate batean baino gehiagotan aurkeztu. Gastuak eta justifikazioak ezin izanen dira errepikatu. Kasu guztietan, Nafarroako kontsumitzaileei dagozkien gastuak diruz lagundu ahal izanen dira.

6. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.

6.1. Nafarroako Gobernuaren "Tramitatu" botoiaren fitxa betetzea:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/idatzizko-hedabideetan-irratian-eta-online-hedabideetan-euskara-erabiltzeko-eta-hedabideetan-kultura-digitalaren-eta-berrikuntzaren-proiektuak-garatzeko-laguntzak

6.2. Gastuen, diru-sarreren eta dirulaguntzen aurreikuspena. Balantzearen aurreikuspena (II. eranskina).

Hedabide guztiek adierazi beharko dute zer gastu, diru-sarrera eta dirulaguntza aurreikusten dituzten. Erdarazko hedabideek adieraziko dute euskara zenbat erabiltzea aurreikusten duten. Hedabide guztiek adierazi beharko dute Nafarroan zenbat kontsumitzaile izanen dituztela aurreikusten duten.

Laguntzaren eskaeran, ez dira kontuan hartuko ez frogagiriak, ez fakturak, ez eta gastuen, diru-sarreren eta dirulaguntzen frogagiriak ere. Dokumentu horiek aurkezten badira, berriz bidali beharko dira justifikatzeko unean.

6.3. Entitate eskatzailearen nortasun juridikoa egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztea:

Erakundea legez eratua dagoela egiaztatu beharko da:

a) Pertsona juridikoa enpresa bat denean: eratzeko edo aldatzeko eskritura, kasua denean, merkataritza erregistroan behar bezala inskribatuta.

b) Pertsona juridikoa fundazio, elkarte edo kooperatiba bat denean: dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen agiria, baita erakundearen estatutu legeztatuak ere.

Aurkeztuko dira, halaber, legezko ordezkariaren nortasunaren egiaztagiriak eta ordezkari izateko duen legezko gaitasunarenak:

–Ordezkariaren nortasuna (NANaren edo pasaportearen fotokopia).

–Ordezkariaren legezko ahalordea.

Irratiei dagokienez, Nafarroako Gobernuak emititzeko emandako kontzesio administratiboaren egiaztagiria behar da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetan, espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen ditu identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duena.

Entitate edo pertsona eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriz aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluarekin bat. Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan eta noiz aurkeztu zen edo luzatu zuten. Bide hau bakarrik erabiltzen ahalko da agirien prozedura bukatu zenetik bost urte baino gehiago iragan ez badira.

6.4. Hedabidean euskara erabiltzeari eta erabilera hori areagotzeari buruzko 2024rako proiektu xehatua, honako hauek jasoko dituena:

Idatzizko hedabideak:

Idatzizko hedabideek aipatu behar dute orrialde kopurua, non argitaratzen den (hala behar badu), aldizkakotasuna, argitalpen eguna, gaia, Nafarroako eduki berariazkoak, tokietako esamolde eta Nafarroako euskalki berezkoen erabilerarik ote den, egitura, eta proiektuaren ikuspegi zehatza transmititzeko behar diren argibide guztiak, hala nola inprimatutako aleen kopurua, zabalkundea, harpidedunen kopurua, salmentak (ordainpekoa bada) eta irakurle kopuruaren kalkulua. Aldizkako argitalpenen kasuan, erantsi beharko dira deialdiaren aldiaren barrenean argitaratutako aleak.

Irratiak:

Irratietarako laguntzak eskatzen dituztenek adieraziko dute espazioen iraupena eta zer egun eta ordutan emititzen diren, gaiak, programazioaren egitura eta proiektuaren ikuspegi zehatza transmititzeko behar diren argibide guztiak, hala nola entzuleen kopuru potentziala, erabilitako euskalkiak edo ahozko erregistroak, ekoizpen propioko ordubeteko grabazioa ekarrita.

Ulertzen da irrati ekoizpen propioa dela irratiari atxikitako langileek edo kolaboratzaileek lizentziaren titular horrek dituen instalazioetan egindako programak, baldin eta bat badatoz emisioaren izaeraz eta estudioen egoitzaz aurkeztu zen proposamen teknikoarekin, ondoren Nafarroako Gobernuaren lizentzia edo baimena lortzeko.

Ez dira ekoizpen propiotzat onartuko ekoiztetxeei edota irratiei erositako edukiak, lehenago beste hedabide batzuetan edo hedabide berean emititu badira (berredatzeak). Beste hedabide sozial batzuekin batera egindako programazioen berri eman beharko dute berariaz, horrelakorik badago.

Online hedabideak:

Hedabidea online ere aritzen bada, edo online bakarrik, bukatutako azken hiruhilekoaren gaineko txostena gehituko da, hedabidearen online bertsioaren zabalkundeari buruzko datuekin, edo bestela sarbide bat aktibatuko zaio Euskarabideari, zuzenean kontsultatzeko. Txostenak zehaztuko ditu ikustaldiak, ikusitako edukiak/orriak, eta ikustaldi bakoitzaren batez besteko denbora.

Telebistak:

Lurreko Telebista Digitala emateko Nafarroako Gobernuak eman dituen lizentzia pribatuen entitate titularrak:

Txosten bat aurkeztu beharko dute, eta hor adieraziko dute zein den programen iraupena eta zer egun eta ordutan emititzen diren, gaiak, programazioaren egitura eta proiektuaren ikuspegi zehatza transmititzeko behar diren argibide guztiak, hala nola ikus-entzuleen kopuru potentziala, erabilitako euskalkiak edo ahozko erregistroak, ekoizpen propioko ordubeteko grabazioa aurkeztuta.

Ekoizpen propioko programatzat hartzen dira Lurreko Telebista Digitalari atxikitako langileek edo laguntzaileek lizentziaren titularraren instalazioetan egindakoak.

6.5. Jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean, Gardentasunari buruzko Legeak eskatzen dituen betebeharrak betetzearen gaineko adierazpena aurkeztuko da:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/idatzizko-hedabideetan-irratian-eta-online-hedabideetan-euskara-erabiltzeko-eta-hedabideetan-kultura-digitalaren-eta-berrikuntzaren-proiektuak-garatzeko-laguntzak

6.6. Era berean, jakinarazten denetik hilabeteko epean, transferentzia bidez ordaintzeko eskaera aurkeztu beharko da, aurkezten den lehen aldia denean edo bankuko daturen bat aldatu nahi denean.https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta

6.7. Aholkularitza edo laguntza enpresek emandako ekipamenduko ondasunen horniduren edo zerbitzuen kasuan, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori frogatzeko, egiaztagiri bat aurkeztu behar da, hornitzailea hautatzeko erabili den prozedura justifikatzeko.

6.8. Baldin dirulaguntzaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko erakundeez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete egin direla ordainketa-epeak:

a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabil dezakete.

b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez:

1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, zeinetan xehaturik jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioa, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adieraziko baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoa).

Nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortutakoan, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko da.

Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

6.9. J modalitatea da, bakar-bakarrik, kultura digitalaren bilakaeraren eta berrikuntzaren arloko proiektuak egiteko, eta diruz lagunduko dira prestakuntza- edo aholkularitza-gastuak.

Modalitate hori zeharkakoa da, eta gainerako modalitateen osagarria; beraz, edozein hedabide aurkez daiteke modalitate horretara.

Baldin hedabideren batek J modalitatera aurkeztea erabakitzen badu, hedabidearen kultura digitalaren bilakaerari, berrikuntzari edo prestakuntzari buruzko plan bat aurkeztu beharko du, zeinetan jasoko baitira, gutxienez ere, honako atal edo eduki-multzo hauek:

–Definitzea eta justifikatzea zein den hedabidearen beharra kultura digitala ezartzearen, haren bilakaeraren, berrikuntzaren eta digitalizazioaren arloko planak edukitzeko.

–Ekintzen egutegi bat aurkeztea, mugarriak, datak eta ekintza horren fase zehatzak adierazita.

–Aholkularitzarako hautatutako profesionalen curriculumak aurkeztea.

–Hedabidearen eraldaketa digitalerako edo berrikuntzako planak aurkeztea, edo soluzio digitalak ezartzen esperientzia baduela justifikatzea, halakorik baldin bada.

7. Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.

7.1. Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus webguneko tramitazio ataleko fitxaren bidez (aurrerantzean, Nafarroako Gobernuaren "Tramitatu" botoiaren fitxa); horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da.

7.2. Dokumentazioa eskaneatuta aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

7.3. Eskaerak aurreko oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio hori egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela, inguruabar hori deklaratzen duen ebazpena eman ondotik.

7.4. Eskaeran eta erantzukizunpeko adierazpenean emandako datuak, bai eta dirulaguntzaren onuradun izanez gero aurkezten diren gainerako datuak eta dokumentazioa ere, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako legeria aplikagarrian xedatutakoari jarraituz tratatuko dira. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak aipatutako legerian oinarriturik erabiliko dira, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuan.

8. Balorazio batzorde teknikoa.

Aurkeztutako eskabideak aztertuko ditu, teknikoki eta aurrekontuaren aldetik egokiak diren begiratuko du, eta baloratu eginen ditu. Batzordearen irizpena loteslea izanen da, eta honako hauek osatuko dute:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Euskararen Egiaztapenen eta Prestakuntzaren Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan ariko dena, botoa eta hitza dituela.

–Nafarroako Gobernuko Komunikazio Zuzendaritza Nagusiak izendatutako pertsona bat.

Balorazio batzordeak kanpoko aholkularitza teknikoa jasotzen ahalko du; eta kanpoko aholkulariek, dirulaguntza eskaerei buruzko aholkularitza teknikoa emanen dutenek, hitza izanen dute, baina botorik ez. Halaber, eskaerak behar bezala baloratzeko beharrezkotzat jotzen dituen txosten teknikoak eskatzen ahalko ditu.

Balorazio batzorde teknikoak, aurkeztutako programen edukiaren arabera, egoki iruditzen zaizkion teknikarien aholkua eskatzen ahalko du.

Batzordearen ebaluazioa ikusirik, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Euskarabideko zuzendari kudeatzaileari.

9. Instrukzioa.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak instruituko du prozedura. Eskaerak ebaluatuko ditu deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera, eta, batzordeak egindako ebaluazioa ikusirik, ebazteko proposamena eginen du.

Baldin eta pertsona edo entitate onuradunek jarduera bera egiteko bateragarriak diren dirulaguntzak hartzen badituzte, dirulaguntzen zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan aipatu onuradunek egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuekin nahiz lagundutako jardueraren baliabide berekiekin batuta.

Instrukzio organoak ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideak erabiliz.

10. Gutxieneko baldintzak, eskaerak baloratzeko irizpideak eta laguntzen esleipena.

10.1. Gutxieneko baldintzak:

–A modalitatea: euskara hutsezko egunkariak.

Egunean 25 orrialde ekoiztea, edo astean 150, eta zenbaki bakoitzaren 1.000 ale banatzea Nafarroan.

–B modalitatea: euskara erabiltzen duten egunkariak.

Egunean orrialde bat ekoitzi beharko dute euskaraz, edo astean 8 orrialde gutxienez ere, eta zenbaki bakoitzaren 8.000 ale banatu Nafarroan. Euskarazko gutxieneko edukia zein den kalkulatzeko, euskaraz dauden informazio-moduluak hartuko dira kontuan, publizitate-moduluak alde batera utzita.

–C modalitatea: Nafarroan banatzen diren euskara hutsezko aldizkariak.

Gutxienez 4 ale egitea urtean.

–D modalitatea: euskara erabiltzen duten aldizkariak, hizkuntza eremu mistoan edo ez-euskaldunean zabalkundea dutenak.

Euskaraz ematea, gutxienez ere, zabalkunde-eremuan interes orokorrekoak diren edukien %10, batez beste. Horretarako, euskarazko informazio-moduluak zenbatuko dira, publizitatekoak alde batera utzita.

–E modalitatea: euskara hutsean aritzen diren irratiak.

Astean ekoizpen propioko 8 ordu ematea, gutxienez ere. Ekoizpen propiotzat hartzen dira hedabide horretan soilik argitaratzen diren edukiak.

–F modalitatea: euskara erabiltzen duten irratiak, eremu mistokoak, ez-euskaldunekoak edo bi hizkuntz eremuetakoak.

Ekoizpen propioko emisio orduen %10 gutxienez euskaraz izatea. Ekoizpen propiotzat hartzen dira hedabide horretan soilik argitaratzen diren edukiak.

–G modalitatea: euskarazko hedabideak, edo euskara erabiltzen dutenak, Nafarroan zabalkundea duen beste hedabideren baten online euskarria direnak.

Edukiak hamabostean behin berritzea, gutxienez ere.

Edukien %10, gutxienez ere, ekoizpen propiokoa eta euskaraz izan beharko da. Ekoizpen propiotzat hartzen dira hedabide horretan soilik argitaratzen diren edukiak.

–H modalitatea: euskara hutsean eta online bakarrik diharduten hedabideak.

Webgune bat baldin bada, edukiak hamabostean behin berritu beharko dira, gutxienez ere; edukien %50ek, gutxienez ere, ekoizpen propiokoa izan behar du, eta ekoitzitako edukien %25ek lotura izan beharko dute Nafarroako Foru Komunitatearekin. Ekoizpen propiotzat hartzen dira hedabide horretan soilik argitaratzen diren edukiak.

Euskarri mugikorra soilik duten hedabideen kasuan, eskatuko dira diruz lagundu daitezkeen 11 edizio bereizi gutxienez; edukien %50 behintzat ekoizpen propiokoa izan beharko da, eta %25, gutxienez, Nafarroako Foru Komunitatearekin lotua egon beharko da.

–I modalitatea: online bakarrik jardun eta euskara erabiltzen duten hedabideak.

Edukiak hamabostean behin berritzea, gutxienez ere.

Edukien %25, gutxienez ere, ekoizpen propioko eta euskaraz izan beharko da. Ekoizpen propiotzat hartzen dira hedabide horretan soilik argitaratzen diren edukiak.

–J modalitatea: kultura digitalaren bilakaeraren eta berrikuntzaren arloko proiektuak.

Hedabide horiek kultura digitalaren bilakaeraren arloko plan bat eta berrikuntza-plan bat aurkeztu beharko dituzte, zeinetarako prestakuntza edo aholkularitza behar baitira.

10.2. Balorazio irizpideak:

10.2.1. Modalitate guztietarako irizpide orokorrak:

a) Hedabidean lan egiten duten pertsonen kopurua:

Baloratuko da hedabidean lan egiten duten pertsonen kopurua:

Hedabidean lan egiten duten pertsonak

1-3

4-5

6-10

11-20

>20

Puntuazioa

25

20

15

10

5

b) Emakumeen ehunekoa plantillan.

Baloratuko da hedabideak Nafarroan dituen lantokietako langileetatik zenbat diren emakumeak (ehunekoetan), taula honen arabera:

Emakumeen ehunekoa plantillan

%40 eta %60 bitartean

%60 baino gehiago

Puntuazioa

2

5

c) Desgaitasuna duten pertsonak egotea.

Baloratuko da desgaitasuna duten pertsonak egotea hedabideak Nafarroan dituen zentroetako plantillan, irizpide hauen arabera:

–50 langile baino gutxiagoko hedabideak, desgaitasuna duen langileren bat dutenak: 5 puntu.

–50 langile baino gehiagoko hedabideak, taula honen arabera:

Desgaitasuna duten pertsonen ehunekoa

%2 eta %3 bitartean

%3 baino gehiago

Puntuazioa

2

5

10.2.2. Modalitate bakoitzerako irizpide espezifikoak:

–A modalitatea: euskara hutsezko egunkariak.

  • Nafarroako eguneroko irakurleen kopurua baloratuko da:
    • 3.000 eta 4.999 irakurle artean: 15 puntu.
    • 5.000 irakurle edo gehiago: 20 puntu.

Berdinketarik gertatuz gero, Nafarroan eguneroko irakurle gehien dituen hedabidearen alde hautsiko da.

–B modalitatea: euskara erabiltzen duten egunkariak.

  • Euskarak hedabidean duen presentzia baloratuko da. Hauek dira erabiliko diren irizpideak:
    • Egunean 2 orrialde edo astean 16 eta 23 bitartean, ekoizpen propiokoak: 15 puntu.
    • Egunean 3 orrialde edo, gutxienez ere, astean 24 orri, ekoizpen propiokoak: 20 puntu.

Berdinketarik gertatuz gero, euskarazko ekoizpen propiorik handiena duen hedabidearen alde hautsiko da.

–C modalitatea: Nafarroan banatzen diren euskara hutsezko aldizkariak.

  • Hedabide horiek Nafarroari buruzko albisteak garatzea baloratuko da:
    • Albisteen %20 eta %59 artean Nafarroari buruzkoak direnean: 15 puntu.
    • Albisteen %60 edo hortik gora Nafarroari buruzkoak direnean: 20 puntu.

Berdinketarik gertatuz gero, irizpide honen arabera hautsiko da: puntu gehigarri bat, urtean zenbaki gehien argitaratzen dituen aldizkariari.

Berdinketak bere horretan jarraitzen baldin badu, honako irizpide honen arabera hautsiko da: puntu gehigarri bat izanen du zenbaki bakoitzeko, batez beste, orrialde gehiago dituen aldizkariak.

–D modalitatea: euskara erabiltzen duten aldizkariak, hizkuntza eremu mistoan edo ez-euskaldunean zabalkundea dutenak.

  • Hedabideek euskarazko edukiak sortzea baloratuko da:
    • Ekoizpen propioko edukien %10 eta %24 bitartean euskaraz direnean: 15 puntu.
    • Ekoizpen propioko edukien %25 edo hortik gora euskaraz direnean: 20 puntu.

Berdinketarik gertatuz gero, euskarazko ekoizpen propiorik handiena duen hedabidearen alde hautsiko da.

–E modalitatea: euskara hutsean aritzen diren irratiak.

  • Ekoizpen propioko denbora baloratuko da:
    • Ekoizpen propioko 8 eta 10 ordu artean astean: 15 puntu.
    • Ekoizpen propioko 10 ordu baino gehiago astean: 20 puntu.

Berdinketarik gertatuz gero, ekoizpen propioko ordu gehien dituen hedabidearen alde hautsiko da.

–F modalitatea: euskara erabiltzen duten irratiak, eremu mistokoak, ez-euskaldunekoak edo bi hizkuntz eremuetakoak.

  • Euskarazko ekoizpen propioko orduak baloratuko dira:
    • Orduen %10 eta %15 bitarte euskaraz direnean: 15 puntu.
    • Orduen %15 baino gehiago euskaraz direnean: 20 puntu.

Berdinketarik gertatuz gero, ekoizpen propioko ordu gehien dituen hedabidearen alde hautsiko da.

–G modalitatea: euskarazko hedabideak, edo euskara erabiltzen dutenak, Nafarroan zabalkundea duen beste hedabideren baten online euskarria direnak.

  • Baloratuko da ekoizpen propioko eta euskarazko edukiak berritzea:
    • Edukiak hamabostean behin berritzea, eta edukien %10 gutxienez ekoizpen propiokoak eta euskaraz izatea: 15 puntu.
    • Edukiak egunero berritzea, eta edukien %10 gutxienez ekoizpen propiokoak eta euskaraz izatea: 20 puntu.

Berdinketarik izanez gero, kalitate handieneko edukiak dituen hedabidearen alde hautsiko da: edukia bera aberastuko duten elementuak sartzea (multimedia-edukiak, hala nola infografiak, bideoak, podcastak, grafikoak, etab.), horien aniztasuna, diseinu grafikoa, edizio-lana, eduki horien originaltasuna, gazteentzako edukiak eta irisgarritasun-elementuak txertatzea).

–H modalitatea: euskara hutsean eta online bakarrik diharduten hedabideak.

  • Ekoizpen propioko edukiak sortzea baloratuko da:
    • Ekoizpen propioko edukiak %50 eta %75 bitartean direnean: 15 puntu.
    • Ekoizpen propioko edukiak %75 baino gehiago direnean: 20 puntu.

Baldin hedabideak euskarri mugikorrerako soilik badira, 5 puntu gehituko zaizkio atal honetan lortutako puntuazioari.

Berdinketarik izanez gero, kalitate handieneko edukiak dituen hedabidearen alde hautsiko da: edukia bera aberastuko duten elementuak sartzea (multimedia-edukiak, hala nola infografiak, bideoak, podcastak, grafikoak, etab.), horien aniztasuna, diseinu grafikoa, edizio-lana, eduki horien originaltasuna, gazteentzako edukiak eta irisgarritasun-elementuak txertatzea).

–I modalitatea: online bakarrik jardun eta euskara erabiltzen duten hedabideak.

  • Euskarazko eduki propioaren ehunekoa baloratuko da:
    • Eduki propioaren %25 eta %50 bitartean euskaraz denean: 15 puntu.
    • Eduki propioaren %50 baino gehiago euskaraz denean: 20 puntu.

Berdinketarik izanez gero, kalitate handieneko edukiak dituen hedabidearen alde hautsiko da: edukia bera aberastuko duten elementuak sartzea (multimedia-edukiak, hala nola infografiak, bideoak, podcastak, grafikoak, etab.), horien aniztasuna, diseinu grafikoa, edizio-lana, eduki horien originaltasuna, gazteentzako edukiak eta irisgarritasun-elementuak txertatzea).

–J modalitatea:

  • Baloratuko da hedabideek proposamenik aurkeztu duten edo ez euskarazko hedabideen berrikuntzarako eta digitalizaziorako proiektuak laguntzeko deialdian.
    • Proposamenik aurkeztu baldin badute euskarazko hedabideen berrikuntzarako eta digitalizaziorako proiektuak laguntzeko deialdian, 2023an: 15 puntu.
    • Proposamenik aurkeztu baldin badute euskarazko hedabideen berrikuntzarako eta digitalizaziorako proiektuak laguntzeko deialdian, 2023an eta 2024an: 20 puntu.

Berdinketarik baldin badago, hedabideen kultura digitalaren bilakaeraren eta berrikuntzaren arloko planei begiratuko zaie eta kalitaterik handiena duen horren alde hautsiko da berdinketa. Kalitaterik handienekoa zein den erabakitzeko, erreparatuko zaie jasotako edukiei, irizpideei eta deialdi honetako 6.9. puntuan proposatutako egiturari.

Proiektuak diruz lagungarriak ez diren ekintzak baldin baditu, diruz lagungarriak direnak soilik hartuko dira kontuan.

10.3. Laguntzak esleitzea:

10.3.1. Laguntzak emateko prozedura:

Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, 10.2 oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei laguntza intentsitatea aplikatuko zaie –onartutako aurrekontuaren %70– harik eta modalitate bakoitzerako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

Behin hautatutako eskabide bakoitzari dagokion zenbatekoa banatu ondoren, soberakinik baldin bada modalitate batean, modalitate horretako eskabideen artean banatuko da, lehentasun-hurrenkerari jarraituz, onartutako aurrekontuaren %90era arte gehienez.

Bigarren banaketa horren ondoren krediturik baldin badago sobera, kreditu hori erabili ahal izanen da beste modalitate batzuetako eskaerak diruz laguntzeko, baldin eta dirulaguntzarik eman ez bazaie, beren modalitatean kreditu nahikorik ez zegoelako. Puntuaziorik handiena lortu dutenei emanen zaie lehenik. G modalitateak izanen du lehentasuna. Banaketa horren ondoren krediturik baldin badago, A, C, E, H, B, D, F, I, J modalitateetan banatuko da.

Eskaeren ebaluazioa egiteko, hedabide eskatzaileak aurkeztutako informazioa hartuko da kontuan, ez besterik. Edonola ere, organo kudeatzaileak zilegi izanen du argibideak eskatzea eskaeraren alderdiren baten gainean, baldin eta horrek ez badakar eskaera birformulatzea edo hobetzea.

Ez badago nahikoa krediturik eskatzaile batzuei dagokien laguntzaren zenbateko osoa emateko, eskatzaileek dirulaguntzari uko egin nahi izanez gero, 10 egun baliodun izanen dituzte berariaz uko egin diezaioten. Halakoetan, zenbatekoa hurrengo eskatzaileari emanen zaio, lehentasun-hurrenkerari jarraikiz.

11. Ebazpena.

Balorazio batzorde teknikoak prestatutako proposamena ikusita, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du aurkeztutako eskaeren gainean, gehienez ere hiru hilabetean eman ere, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aitzina, bertan azalduz eskaera bakoitzari onartutako aurrekontua, lortutako puntuazioa eta guztira esleitutako dirulaguntza; dirulaguntza ukatuz gero, horretarako arrazoiak aipatuko ditu.

Ebazpenaren edukia Euskarabidearen web-orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan laguntza honi dagokion fitxan ere, 7.1 oinarrian adierazten den helbidean.

12. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Entitate edo pertsona onuradunek behar bezalako publizitatea emanen diote hartutako dirulaguntzari, dirulaguntzaren onespenaren hasieratik eman ere. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduera hedatzen den denbora guztian mantenduko da.

Horrez gain, idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartzearen berri emanen da. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera egiten diren publizitate eta zabalkunde jardueretan soilik eskatzen ahalko da betebehar hori.

13. Gardentasunerako betebeharrak.

13.1. Gardentasunari, informazio publikoari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

13.2. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.

13.3. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak aurkeztu beharko du aipatutako informazioa, sinatuta, tramiteen ataleko deialdiaren fitxaren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/idatzizko-hedabideetan-irratian-eta-online-hedabideetan-euskara-erabiltzeko-eta-hedabideetan-kultura-digitalaren-eta-berrikuntzaren-proiektuak-garatzeko-laguntzak

13.4. Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

13.5. Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

13.6. Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraituta.

13.7. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

13.8. Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

14. Gastuen eta sarreren justifikazioan aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Erakunde onuradunek Justifikazio Erregistroan aurkeztu beharko dute dokumentazioa.

–Lehen ordainketa partziala borondatezkoa da, eta dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta 15 egun naturaleko epean aurkeztu beharko da justifikaziorako dokumentazioa.

–Bigarren ordainketan, 2024ko irailaren 30 bitarte exekutatutako gastua sartuko da, eta dokumentazioa aurkezteko azken eguna urriaren 16a izanen da.

Gastu diruz lagungarritzat hartuko da, bakar-bakarrik, 2024ko irailaren 30era arte egindakoa. Gastu horiek ordainduta egon behar dute 2024ko urriaren 16a baino lehen, hau da, justifikazioak aurkezteko epea amaitu baino lehen.

Bi justifikazioetan, lehenbizikoa borondatezkoa eta partziala, eta bigarrena azkena, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Diruz lagundutako aldian egindakoaren memoria xehatua.

b) Gastuak: gastuen zerrenda, gastuen egiaztagiriak eta horiek bankuan ordaintzearen egiaztagiria (BEZa kanpo), jatorrizkoak edo kopia sinpleak, Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen ebazpenean onartutako aurrekontuaren arabera. Euskarabideak beretako gordeko du edozein unetan edo edozein entitate interesduni jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu. Fakturak eta ordainketen frogagiriak segidan jarri behar dira: lehenik eta behin faktura eta, ondoren, dagokion banku frogagiria.

Hedabide guztiek aurkeztu beharko dituzte gastu guztiak. Erdarazko hedabideek adieraziko dute zer gastu egozten zaizkion euskararen erabilerari. Hedabide guztiek adierazi beharko dute zer gastu egozten ahal zaizkien Nafarroan hedabide horiek kontsumitzen dituzten pertsonei.

Agiri guztiak modu ordenatuan aurkeztu beharko dira, hau da, atal hauetako bakoitzari dagozkion fakturak eta ordainagiriak multzokaturik: pertsonal-gastuak, funtzionamenduzkoak, mekanikoak, banaketakoak eta ekoizpenekoak.

Oro har, egindako gastutzat hartuko da urriaren 16an justifikazio-epea amaitu aurretik ordaindutakoa. Ez da beharrezkoa izanen finantza- eta zerga-gastuak eta Gizarte Segurantzako gastuak egun horretarako ordainduak izatea, baldin eta ezinezkoa bada horiek lehenago ordaintzea borondatezko likidazio-aldia hasi ez delako.

Gerta daiteke emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ez iristea, diruz lagundutako apartatuetan, onuradunaren gastuen %15era. Horrelakoetan, salbuespenez, gastuak justifikatu ahal izanen dira kontabilitateko egoera-orri orokorrak aurkeztuta, zeinetan arestian aipatutako gastuak ageri baitira. Hala ere, justifikazioa horrela egiten denean, Euskarabideak eska ditzake aurkeztutako kontabilitateko egoera-orrian ageri diren faktura espezifiko batzuk, egiaztatzeko, laginen bidez, dirulaguntza egokia dela eta haren helburua bete dela.

a) Langileak kontratatzen badira, nominen bidez eta Gizarte Segurantzako kotizazio-dokumentuen bidez justifikatu beharko dira gastuak. Halakoetan, deialdi honen bidez diruz lagundutako jarduerak egiteko kontrataturiko langileek EGA edo titulu baliokideren bat izan beharko dute, hizkuntza-gaitasun aitortua dutenek izan ezik.

Indarrean dagoen legeriaren arabera betetako fakturak aurkeztuko dira kolaborazio lanak egiten dituzten pertsonei/entitateei egindako ordainketak justifikatzeko.

b) Diru-sarrerak: diru-sarreren zerrenda, jatorrizkoak edo kopia sinpleak, bat etorrita Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak dirulaguntza emateari buruz emandako ebazpenean onartutako aurrekontuarekin. Euskarabideak beretzat gordeko du entitate interesdunei jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu. Zerrendatzen diren diru-sarrerak eta dirulaguntzak hurrenez hurren zenbakituak egonen dira, eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote.

Hedabide guztiek aurkeztu beharko dituzte diru-sarrera guztiak. Erdarazko hedabideek adieraziko dute zer diru-sarrera egozten zaizkion euskararen erabilerari. Hedabide guztiek adierazi beharko dute zer diru-sarrera egozten ahal zaizkien Nafarroan hedabide horiek kontsumitzen dituzten pertsonei.

c) Dirulaguntzak: jasotako dirulaguntzak justifikatzeko dokumentazioa, bat etorrita Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak dirulaguntza emateari buruz emandako ebazpenean onartutako aurrekontuarekin. Inola ere ez da zenbatu behar Euskarabidetik jasotzea aurreikusten den dirulaguntza.

Hedabide guztiek aurkeztu beharko dituzte dirulaguntza guztiak. Erdarazko hedabideek adieraziko dute zer dirulaguntza egozten zaizkion euskararen erabilerari. Hedabide guztiek adierazi beharko dute zer dirulaguntza egozten ahal zaizkien Nafarroan hedabide horiek kontsumitzen dituzten pertsonei.

d) Kalkulu taula (III. eranskina), gastuen, diru-sarreren eta dirulaguntzen justifikazioari dagozkion datuekin beteta. Kalkulu taulako azken erlaitza, balantzean, erakundeko pertsona eskudunak sinatu behar du.

e) Idatzizko hedabideek diruz lagundutako aldian argitaraturiko zenbaki guztien lagina aurkeztuko dute. Zenbaki horiek paperean edo euskarri informatikoan aurkezten ahal dira. Ez da beharrezkoa izanen argitaratu ahalean Euskarabideari bidali bazaizkio.

Laguntza justifikatzeko dokumentazioa osoa ez bada edo akastuna bada, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun balioduneko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Deialdiaren dirulaguntzaren xedea betetzat joko da proposatutako komunikazio jarduera osoa gauzatu dela egiaztatzen denean.

15. Laguntzen ordainketa.

Dirulaguntza bi zatitan ordaintzen ahalko da. Lehenengo ordainketa partziala, borondatezkoa, laguntzaren %50 bitartekoa izanen da, 2023ko urriaren 1etik 2024ko apirilaren 30era arte (biak barne) egindako dibulgazio-lanen eta gauzatutako gastuen arabera. Bigarren ordainketa likidaziotzat hartuko da, eta dirulaguntza ematea eragin zuen dibulgazio eta ekonomia ekintza osoa hartuko da kontuan. Beharrezko doikuntzak aplikatuko dira, eta urtea bukatu baino lehen eginen da.

Nolanahi ere, lehenbiziko ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da, 13. oinarrian araututakoari jarraikiz.

16. Jardueren kontrola.

Euskarabideak egokiak iruditzen zaizkion kontrol eta egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu laguntzak hartzeko ezarritako eginbeharrak betetzen direla egiaztatzeko. Eginbeharrak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

Kasua bada, onuradunak jakinarazi beharko dio laguntza ematen duen organoari xede bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu edo jaso dituela, izan beste autonomia erkidego bateko administrazio publiko batenak nahiz erakunde edo entitate publiko edo pribatu batenak.

Proiektuetarako laguntzak eskatu dituzten hedabideek eskabidean programatutako epeak bete beharko dituzte. Epe horiek bete ezean, Euskarabideak, behar den ikuskapena egin ondoan, emandako laguntza berrikusiko du, eta horren arabera dagokion zenbatekoa gutxitu edo osorik deuseztatuko du, hala behar badu.

Hedabide onuradunek genero-berdintasunaren printzipioak begiratu beharko dituzte, bai beren funtzionamenduan, bai zabaltzen dituzten edukietan.

17. Ez-betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra egonen da, edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze astuntzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Balorazio batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

18. Dirulaguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.

Modalitate hau oinarri hauek gobernatuko dute, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak ere, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Era berean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Eskabideko dokumentazioa: gastuen, diru-sarreren, dirulaguntzen eta balantzearen taula (XLS).

III. eranskina.–Frogagiriak: gastuen, diru-sarreren, dirulaguntzen eta balantzearen taula (XLS).

Iragarkiaren kodea: F2407139