98. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

148/2024 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana; honen bidez onesten da 2024-2025 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe itunduetan osasunerako hezkuntza, garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza, jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntza eta memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza sustatzeko eta garatzeko laguntzen deialdia. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 757408.

1994. urteaz geroztik, Hezkuntza eta Osasun Departamentuen arteko lankidetzari esker, eta eskoletan osasuna bultzatzearren, honako hau izan da lehentasuna: "ikastetxeei erraztea osasunaren sustatzaile gisa duten eginkizuna, Europan Osasunaren Mundu Erakundeak, UNESCOk eta nazioarteko beste organismo batzuek bultzatzen duten bezala". Lankidetza hori, halaber, indartu egin da 2023an bi departamentuek sinatutako akordioari esker.

Gainera, 2009tik, Nafarroako Foru Komunitatean "Elkartasunaren aldeko Eskolak" programa antolatzen da. Haren helburua da Nafarroako ikastetxeek garapenerako hezkuntza eta elkartasun balioak zehar lerro gisa txertatzea curriculumean, bai eta ikastetxeko hezkuntza proiektuan ere. Hori guztia aurrera ateratzeko lankidetzan aritu dira Hezkuntza Departamentua, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentua, hezkuntza komunitatea, eta Nafarroako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak (GGKE).

Modu bertsuan, 2012-2013 ikasturtetik hasita, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin elkarlanean, lan egiten ari gara ikastetxeek ingurumen jasangarritasunaren aldeko kultura susta dezaten, biodibertsitatea eta klima babesteko, eta kontsumo arduratsua, birziklapena, berdeguneekiko kontaktua eta bizitza jasangarriaren garapena sustatuz.

Azkenik, eta 2024an berritutako 2020ko akordiotik aurrera, Hezkuntza Departamentuaren eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuaren artean, Memoriaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Eskolen Sarearen bidez, hainbat hezkuntza jarduketa sustatuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan memoria, bizikidetza eta giza eskubideen inguruko gaiak lantzeko.

Ikusirik Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak emandako aldeko txostena, ikastetxeen esparruan osasunerako hezkuntza, garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza, jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntza eta memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza, 2024-2025 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe itunduetan, sustatzeko eta garatzeko laguntzen deialdia onesteko bere oniritzia emanez.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Laguntzak onestea ikastetxeetan sustatu eta garatzeko osasunerako hezkuntza, garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza, jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntza eta, orobat, memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza sustatzeko ikastetxe itunduetan. Ebazpen honen I., II., III. eta IV. eranskinetan azaltzen diren oinarriek arautuko dituzte laguntzak.

2. Gastua baimentzea, gehienez 30.000 euro, ikastetxe itunduetan hezkuntza jarduketak sustatu eta garatzeko arlo hauetan: osasuna, garapenerako hezkuntza, jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntza, eta memoriaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza. Gastu hori egotziko zaio 2024ko gastuen aurrekontuko "Ikastetxe itunduetako prestakuntza programak eta berrikuntza proiektuak" izeneko 420002 42100 4811 322000 partidaren baliokide izan dadin 2025ko gastuen aurrekontuan gaituko den partidari, betiere, kreditu egoki eta aski izanez gero.

3. Ebazpen honek eta honen eranskinek ez dute administrazio bidea amaitzen eta beren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta honen eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta eranskinak helaraztea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatura; Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura; Prestakuntza eta Kalitate Atalera; eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2024ko apirilaren 24an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, IKASTETXEETAN OSASUNERAKO HEZKUNTZA, GARAPENERAKO ETA HERRITARTASUN GLOBALERAKO HEZKUNTZA, JASANGARRITASUNERAKO ETA INGURUMENERAKO HEZKUNTZA, ETA MEMORIA HISTORIKOAREN, BAKEAREN ETA BIZIKIDETZAREN ALDEKO HEZKUNTZA SUSTATU ETA GARATZEKO LAGUNTZEN DEIALDIAN PARTE HARTZEKO

Lehena.–Xedea.

Dei egiten zaie Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko eta araubide bereziko ikastetxe publikoei, osasunerako hezkuntza, garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza, jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntza, eta memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza 2024-2025 ikasturtean sustatzeko proiektuak aurkez ditzaten.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honen hartzaileak ikastetxe itundu hauek dira:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak.

b) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa).

c) Araubide bereziko ikastetxeak.

d) Hezkuntza bereziko ikastetxeak.

e) Helduen hezkuntzako ikastetxeak.

Hirugarrena.–Proiektuek bete beharreko baldintzak.

Ikastetxe batek laguntza horiek jasotzeko baldintza hauek betetzen dituen proiektu bat aurkeztu beharko du:

a) Deialdi honetara aurkezten den proiektuak originala izan beharko du, ekonomikoki eta teknikoki bideragarria, eta ekarpen kualitatiboa egin behar dio hezkuntza jardunbidearen osagai edo prozesuetako bati.

b) Proiektuek kontuan izan beharko dituzte gai hauen inguruan erakunde eskudunek gomendatzen dituzten printzipio orokorrak:

–Osasunerako Hezkuntzaren sustapena eta garapena bultzatzea:

  • Ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan zehar-lerro gisa sartzea osasun hezkuntzaren edukiak, besteak beste, elikadura, ariketa fisikoa egitea, gorputz eta postura higienea, segurtasuna eta istripuen prebentzioa, mugikortasun osasungarri eta jasangarria, adikzioen prebentzioa, afektibitate eta sexu hezkuntza, emozio osasuna eta abar.
  • Bizimodu osasungarria eta oreka fisiko, psikologiko eta soziala izateko lagungarri diren ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea.
  • Ikasleen gaitasuna handitzea, osasunarekin zerikusia duten alderdietan erabaki egokienak har ditzaten.
  • Lankidetza harremanak ezartzea Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen, inguruko zentro soziosanitarioen, familien eta komunitatearen artean, osasunerako hezkuntza programa koherenteak presta daitezen.
  • Berdintasuna zehar-lerro gisa sartzea ohitura osasungarrien ikasketan.
  • Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea bide segurtasunari eta ikastetxeko arriskuen prebentzioari lotutako alderdiak.

Ikastetxeek beste irizpideren bat sartzen ahalko dute beren hezkuntza proiektuan jasotako behar espezifikoei buruz edo osasun arloko lehentasunei buruz.

–Garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza bultzatzea:

  • Garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza edukiak sartzea, zehar-lerro gisa, ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan, garapen jasangarriko helburuak kontuan hartuta, esate baterako: justizia soziala eta ekitatea, globalizazioa eta elkarrekiko mendekotasuna, giza garapena eta garapen jasangarria, aniztasuna, bakea eta gatazka, herritartasun globala, giza eskubideak, bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua eta elikadura burujabetza.
  • Ikasleen gaitasunak handitzea, gauza izan daitezen erabakiak hartzeko herritar guztien erantzunkidetasunaz, giza garapen jasangarriaren prozesuan.
  • Elkartasunarekin, justizia sozialarekin eta giza eskubideekin lotutako balioak eta jarrerak sustatzea.
  • Bizimodu solidarioagoak hurbilarazten dituzten trebetasunen garapena sustatzea.
  • Familien eta komunitate guztiaren parte-hartzea ekartzen ahal duten jarduerak sustatzea.
  • Elkarlaneko harremanak ezartzea inguruneko beste ikastetxe eta gizarte entitateekin, garapenerako hezkuntzarekin koherenteak diren programak prestatzeko.
  • Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen, gizarte entitateen, eta administrazioan gai hauetan eskudunak diren zerbitzuen hezkuntza ahalmenak aprobetxatzea, eta erantzukizun partekatua eta elkarlan estua sustatzea.

–Jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntzaren sustapena.

  • Konpetentzien ikuspegik integratzea ingurumen hezkuntzaren edukiak (ikastetxearen edo inguruneko hondakinen, energiaren eta ur baliabideen kudeaketa, eskolako baratzeak eta abar) ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan.
  • Bizimodu jasangarriak bultzatzen dituzten ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea hezkuntza komunitatean.
  • Ikasleek ingurumen erabaki egokienak hartzeko duten gaitasuna handitzea. Hala, ingurumena hobetzeko prozesuak abiarazteko gai izanen dira, bai eskolan, bai herrian, geroago, lagungarriak izan daitezen problematika globalari erantzuteko.
  • Ikastetxearen ingurune fisikoa hobetzea, ingurumenari lotutako neurriak hartuz.
  • Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea ingurumen osasunari eta ikastetxeko arriskuen prebentzioari lotutako alderdiak.

–Memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza bultzatzea.

  • Oroimen historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza edukiak zehar-lerro gisa sartzea ikastetxeko urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan, hala nola, tolerantzia, justizia, bizikidetza baketsua, giza eskubideak, memoria historikoa, bakearen kultura eta abar.
  • Ikasleen erabakimena handitzea, gizarte tolerantea eta baketsua sortzeko herritar guztien erantzunkidetasunaren inguruan.
  • Elkarrizketarako eta gatazkak modu baketsuan konpontzeko ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea hezkuntza komunitatean, eta gorrotoaren diskurtsoaren aurka egitea.
  • Familien eta komunitate guztiaren parte-hartzea errazten duten jarduerak sustatzea.
  • Inguruko beste ikastetxe, familia eta gizarte erakunde batzuekin lankidetza harremanak ezartzea.

c) Aurkeztutako proiektuak beharrezkoa du ikastetxeko zuzendaritzak emandako aldeko txostena, proiektuak ikastetxearen hezkuntza jardunbidea hobetzeko ekarpena egiten duela adieraziz, eta urteko programazio orokorrean txertatu beharko da. Zuzendaritza taldeak proiektu hori aurrera eramateko ardura hartzen du bere gain, proiektuan inplikatutako irakasleen artean aldaketak izaten badira ere. Era berean, hitzematen du proiektua ezagutaraziko diela familiei eta hezkuntza komunitateko gainerako kideei.

d) Ikastetxe bakoitzak nahi adina proiektu aurkezten ahalko ditu; ezinbesteko baldintza da independenteak izatea.

e) Proiektua deialdi honen bosgarren oinarrian zehaztutako gidoiaren arabera idatziko da.

f) Proiektuen lan plana 2024-2025 ikasturtean garatu beharko da eta amaitzeko epemuga 2025eko maiatzaren 31 izanen da.

g) Kontuan hartuko da proiektuak adierazleak eta helmugak ezartzen dituen edo ez, helburuak erdietsi diren neurtzeko.

Laugarrena.–Proiektuaren koordinazioa ikastetxean.

Proiektuak koordinatzaile bat izan beharko du. Hark izanen du lantaldea koordinatzeko ardura, eta Hezkuntza Departamentuarekiko solaskidea izanen da. Koordinatzailea beste pertsona batek ordeztu lezake, arrazoi justifikatuak tarteko. Horretarako, beharrezkoa izanen da ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia, zeinak aldaketa eskatu beharko baitio Prestakuntza eta Kalitate Ataleko Prestakuntza Programen Bulegoari.

Honako hauek baloratuko dira hautatua izateko: konpromisoa, ezagutzak, kudeatzeko ahalmena, eta hezkuntza komunitate guztia motibatzeko gaitasunak. Ikastetxeak, ordutegi antolamenduagatik posible badu, bi ordu osagarri bitarte esleitzen ahalko dizkio ikastetxeko proiektuaren koordinatzaileari, zeregin horietarako.

Proiektuaren koordinatzaileak proiektuaren memoria aurkeztu beharko du 2025eko maiatzaren 31 baino lehen, web orri honetan dagoen inprimakiaren bidez: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red, bertan jasoko dira ikasturtean egindako jarduketak.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea eta epeak.

Proiektuaren koordinatzaileak eskabidea aurkeztuko du, honako dokumentazioarekin batera:

–Parte hartzeko eskaera, II. eranskinaren araberakoa, honela betea:

1.–Koordinatzailearen datuak.

2.–Ikastetxearen datuak.

3.–Proiektuaren datuak.

4.–Ikastetxeko zuzendariaren txostena.

Eskaerak aurkezteko epea HAMABOST egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Deialdi honetan parte hartzeko, ebazpen honen II. eranskineko eskabidea elektronikoki bete beharko da, Hezkuntza Departamentuaren web orrian https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/escuelas-en-red dagoen formularioaren bidez. Formularioa bete eta bidali ondoren, pdf formatuan jasoko da dokumentua, formularioa betetzean emandako koordinatzailearen posta helbidean. Ondoren, dokumentazioa inprimatu, sinatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. Eskabideak Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza eta Kalitate Atalari zuzenduko zaizkio.

Seigarrena.–Hautapen batzordea.

Batzorde hauek hautatuko dituzte proiektuak:

–Osasunerako hezkuntzaren sustapena eta garapena bultzatzen duten proiektuetarako batzorde teknikoa: Osasun Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.

–Garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza bultzatzen duten proiektuetarako batzorde teknikoa, honako kide hauez osatua: Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.

–Jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntza bultzatzen duten proiektuetarako batzorde teknikoa, kide hauez osatua: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.

–Memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza bultzatzen duten proiektuetarako batzorde teknikoak honako kide hauek izanen ditu: Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.

Zazpigarrena.–Deialdia ebaztea.

a) Aipatutako batzorde teknikoek aurkeztutako proiektuak aztertuko dituzte, eta onartu direnen zerrenda Hezkuntza Departamentuaren "Eskolak Sarean" izeneko web-orrian argitaratuko dute (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red). Eskaeraren bat akats formalekin aurkeztuz gero, akatsen arrazoia azaldu beharko da espresuki. Atzemandako akats horiek zerrenda argitaratu eta bost egun naturaleko epean zuzentzen ahalko dira. Ikastetxeko koordinatzaileak, epe horretan, erreklamazioak aurkezten ahalko ditu, edo berariazko ukoa.

b) Behin erreklamazioak aztertuta, dagokion batzorde teknikoak behin betiko zerrenda egin eta webgunean argitaratuko du, eta laguntza emateko proposamena helaraziko dio organo eskudunari.

Zortzigarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

a) Erabilgarri dagoen aurrekontuaren arabera, ikastetxeek 750 euroko laguntza jaso dezakete gehienez, ikastetxeko eta onetsitako proiektu bakoitzeko. Laguntzen zenbatekoa proportzionalki banatuko da ikastetxeen artean. Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik gabe.

b) Gastu justifikagarritzat jotzen dira material bibliografikoa eta eskatutako beste material batzuk erostea eta antzeko beste gastu arrunt batzuk, proiektua garatzeko eta ezartzeko beharrezkoak direnak. Proiektuaren urteko memorian justifikatu eta dokumentatu beharko dira gastu horiek. Proiektuarekin lotuta dauden irakasleen soldatak eta haborokinak ez dira inolaz ere laguntza honen kargura ordainduko. Gastu horiek memorian justifikatuko dira, dokumentu bidez betiere.

Bederatzigarrena.–Laguntzak ordaintzea.

Erositako materialek edo baliabideek lotura zuzena izanen dute proiektua ikastetxean inplementatzearekin edo garatzearekin. Proiektuaren memorian justifikatuko da zergatik erosi diren materialak eta baliabideak eta nola erabili diren, hori eskatzen duen atalean.

Gastuak justifikatzeko faktura guztietan agertu beharko du ikastetxearen izena.

Fakturen datak izan behar du 2024ko irailaren 1aren eta 2025eko maiatzaren 10aren artekoa.

Koordinatzaileak 2024-2025 ikasturteko proiektuetan egindako gastuak justifikatzeko fakturak aurkeztu beharko ditu Prestakuntza eta Kalitate Atalean.

Memoriak bidaltzeko epea amaitu baino lehen, fakturak posta elektroniko bakar batean bidaliko dira, sformacion.prestakuntza@navarra.es helbidera eta pdf formatuan. Mezu horretan argi eta garbi adieraziko da zer izen duen ikastetxeak eta zer proiekturi dagozkion fakturak.

Ondoren, memoriaren IV. Eranskina bete beharko da (Fakturatzeko informazioa), kontzeptuak eta zenbatekoak jasotzeko.

Fakturak aurkezteko epea bukatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Hamargarrena.–Azken memoria.

Koordinatzaileak 2025eko maiatzaren 31 baino lehen helarazi beharko du ikasturte bukaerako memoriaren kopia, formatu elektronikoan, Prestakuntza eta Kalitate Atalera, "Eskolak Sarean" web-orrian dagoen formularioari jarraiki: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red.

Memoriak III. eranskinean aipatzen diren atalak bilduko ditu.

Hamaikagarrena.–Argitaratzea eta zabaltzea.

Hezkuntza Departamentuak hautatu diren lanak argitaratzen ahalko ditu, osorik edo zati bat. Ekimen horiek, bestalde, egoki ikusten diren beste bide batzuen bitartez zabaltzen ahalko dira, baita Internet bidez ere, memoriaren egileak nor diren aipatuz eta kontuan hartuz irudi-eskubideen gainean beharrezkoak diren baimenak eduki beharko dituela.

Deialdian parte hartzeak berekin dakar zeinahi argitalpen mota egiteko behar diren eskubideak lagatzea.

Hamabigarrena.–Bateraezintasuna.

Proiektu bat aurkeztu eta onartzen bada, berrikuntza proiektuen deialdian eta deialdi honetan, bi laguntzetako bat hautatu beharko du ikastetxeak.

II. ERANSKINA.–IKASTETXE ITUNDUETAN HEZKUNTZA BERRIKUNTZAKO PROIEKTUAK EGITEKO DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEAREN EREDUA

Eskaera Hezkuntza Departamentuaren webgunean dagoen inprimakia erabiliz bete behar da (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/proyectos-de-innovacion). Inprimakia bete eta igorri ondoren, koordinatzaileak sortutako dokumentua jasoko du pdf formatuan, inprimakia betetzean adierazi duen helbide elektronikoan.

1.–Koordinatzailearen datuak.

–Izen-deiturak.

–IFZa.

–Helbide elektronikoa.

2.–Ikastetxearen datuak.

–Ikastetxearen izena.

–Herria.

–Ikastetxeko zuzendaritzaren helbide elektronikoa.

–Ikastetxeko telefonoa.

3.–Proiektua.

–Proiektuaren izenburua.

–Deskribapen laburra (30-40 hitz).

–Hezkuntzako zein etapari zuzenduta dagoen.

–Helburuak: zehatzak, neurgarriak, lortzeko modukoak, adierazgarriak eta denboran mugatuak.

–Edukiak eta jarduerak.

–Ikasleek garatu beharreko konpetentzia gakoak.

–Metodologia.

–Faseak eta tenporalizazioa. Jardueren, arduradunen eta baliabideen egutegia.

–Egin beharreko materialak eta proiektuaren hedapena (halakorik balego).

–Parte hartzen duten irakasleak (izen-deiturak, eskakizunak). Zertan parte hartuko duten eta parte-hartze hori nola justifikatzen den proiektuan.

–Ikasleen parte-hartzearen eta inplikazioaren deskribapena.

–Hezkuntza komunitateko beste eragile batzuen parte-hartzearen nondik norakoa: familiak, irakasle ez diren langileak, udalak... (halakorik bada).

–Proiektua ebaluatzeko irizpideak.

–Aurrekontu justifikatua. Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik gabe.

–Eranskinak (baldin badaude).

4.–Ikastetxeko zuzendariaren txostena.

................................. Ikastetxeko zuzendari jaun/andreak, ............................................ Proiektu honen aldeko txostena ematen du: ........................................................................, proiektu hori aurkez dadin 2024-2025 ikasturterako laguntzen deialdian, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan osasunerako hezkuntza, garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza, jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntza eta memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza sustatzeko eta garatzeko. Halaber, adierazten du proiektuak ekarpen adierazgarria egiten duela ikastetxeko hezkuntza jardunbidearen hobekuntzarako.

................................(e)n, 2024ko .............................aren ..............(e)(a)n.

Ikastetxeko zuzendaria

Sinatua:

III. ERANSKINA.–AZKEN MEMORIAREN EREDUA

Memoriek honako atal hauek izan beharko dituzte:

1.–Proiektuaren izenburua.

2.–Proiektuaren koordinatzailea.

3.–Proiektuaren garapenaren laburpena.

4.–Helburuen betetze maila.

5.–Jardueren eta erabili diren baliabideen jarraipena.

6.–Proiektuaren inpaktua:

a. Irakasleengan.

b. Ikasleengan.

c. Eskolako komunitatearen beste esparru batzuetan.

7.–Egindako gastuen justifikazioa.

8.–Proiektuaren balorazioa eta hobekuntza alorren proposamena.

9.–Erabilitako materialak edo horietarako esteka.

10.–Ebazpen honen IV. eranskina (Fakturatzeko informazioa).

IV. ERANSKINA.–FAKTURATZEKO INFORMAZIOA

Ikastetxea:

Proiektuaren izena:

Koordinatzailea:

KONTZEPTUA

FAKTURAREN ZENBATEKOA GUZTIRA

PROIEKTUARI EGOZTEN ZAION ZENBATEKOA

Iragarkiaren kodea: F2406692