98. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1415/2024 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko errepideetako zaintzaileen lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Abenduaren 22ko 113/2021 Foru Dekretuaren bidez (2021eko 293. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 30ekoan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2021eko lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen, Estatuko 2021eko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Foru dekretu horretan, besteak beste, errepideetako zaintzaileen lanpostu huts batzuk sartu ziren (funtzionario araubidekoak, C maila).

Kontuan harturik abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 33.1 artikuluan xedatutakoa (foru dekretu horren bidez Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zen), eta, orobat, ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 3. artikuluan (foru dekretu horren bidez Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onetsi zen) eta azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuan xedatutakoa (foru dekretu horren bidez Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onetsi zen), bidezkoa da onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko errepideetako zaintzaileen lanpostu hutsak, C mailakoa, lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia eta haren oinarriak.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko errepideetako zaintzaileen lanpostu hutsak (C mailakoak) lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia.

2. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko errepideetako zaintzaileen lanpostuak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Lurralde Kohesiorako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 15ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

ERREPIDEETAKO ZAINTZAILEEN LANPOSTUAK LEKUALDATZE LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA. OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko errepideetako zaintzaileen lanpostu hutsak (C mailakoak) betetzea lekualdatze lehiaketa bidez.

1.2. Lekualdatze lehiaketa honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

–Lanpostuak betetzeko Erregelamendua, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia.

–Lehendakaritza eta Barne kontseilariaren 130/1998 Foru Agindua, abuztuaren 12koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lanpostuak betetzeko deialdietan aplikatuko diren merezimendu-baremoak ezartzen dituena.

–103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

–Gainerako arau aplikagarriak eta oinarri hauek.

2.–Lanpostu hutsak.

2.1. Lanpostuak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdi honetan, hasiera batean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko errepideetako zaintzaileen sei lanpostu huts sartzen dira, ebazpen honen II. eranskinean zehazten direnak.

2.2. Deialdi honetan hasiera batean egindako lanpostu eskaintza aurrerago osatzen ahalko da; izan ere, kalifikazio-epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda –lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean hutsik daudenak gehitzen ahalko dira.

2.3. Halaber, aipatutako lanpostuak deialditik kanpo uzten ahalko dira honako arrazoi hauengatik: birkokapen prozesuetan sartzeagatik, jarduneko zerbitzura itzultzen direnei edo burutza uzten duten langile finkoei esleituak izateagatik edo araudian ezarritako beste edozein arrazoirengatik.

2.4. Gainera, lehiaketa honetan beste lanpostu bat eskuratzen duten lehiakideek hutsik utzitako lanpostuak ere sartuko dira.

2.5. Aurrekoa gorabehera, lehiakideek lekualdatze lehiaketan lanpostua lortuta hutsik uzten dituzten lanpostuak ez dira eskainiko baldin eta "iraungitzeko" lanpostuak direlako bete behar ez badira edo antolaketa arrazoiak direla-eta bete behar ez badira.

2.6. Deialdiaren 8. oinarrian aipatzen den lanpostu hutsak hautatzeko epean, deitutako lanpostuen ordez beste batzuk eskaintzen ahalko dira; hain zuzen ere, organo eskudunek zerbitzuaren beharren arabera sartzen dituzten aldaketen ondorioz hutsik gelditzen direnak.

2.7. Lehiaketa honetan lanpostu bat lortzen duen lehiakidearen jatorrizko lanpostuaren izena ez badator bat deialdi honetako lanpostuarenarekin, lanpostu berriak deialdiko lanpostuaren izena izanen du lehiakideak lanpostu berriaren jabetza hartzen duenetik. Era berean, lehiaketaren ondorioz hutsik gelditu eta berriz lehiakideei eskaintzen zaizkien lanpostuen izena aldatu eginen da, bidezkoa denean.

3.–Betebeharrak.

3.1. Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) C maila edo taldekoa izatea.

c) Errepideetako zaintzaileen lanpostu baterako izendatua izatea.

d) Lekualdatze lehiaketan parte hartzean borondatezko eszedentzian egonez gero, egoera horretan gutxienez urtebete eman izana.

3.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

3.3. Behar diren hautapen probak gaindituta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoan euskara edo Europar Batasuneko beste hizkuntzaren bat jakin beharra duten lanpostuetan 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera sartu diren lehiakideek hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak bakarrik aukera ditzakete.

Halere, aurreikuspen hori ez da aplikatzen baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

3.4. Zerbitzu, atal, bulego edo horiekin parekatutako unitateren bateko burutzaren bat betetzen ari direnek zilegi izanen dute lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzea, baldin eta deialdiko baldintzak betetzen badituzte. Prozedura honetan esleitutako lanpostuaz jabetzeak berekin ekarriko du zerbitzuko zuzendari izateari edo ataleko nahiz bulegoko buru edo horiekin parekatutako unitateko buru izateari utzi beharra.

3.5. Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian urtebete daramaten langile finkoek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betiko esleituko zaie.

3.6. Lanpostu huts bati behin-behinekoz atxikita jarduneko zerbitzu aktibora itzuli direnek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze lehiaketa honetara, behin betiko destinoa eslei dakien.

3.7. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, deialdiko betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute lekualdatze lehiaketa honetan.

4.–Eskaera, aurkezteko epea eta aurkezteko modua.

4.1. Izena ematea eta merezimenduak aurkeztea.

Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute izena emateko eskaera, Internet bitartez, www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, deialdi honen "Langile publikoentzako informazioa: barne-igoerak, lekualdatzeak eta beste zerbitzu batzuk" aipamenean sartuta.

Eskaerari erantsi beharreko merezimenduak ere telematika bidez aurkeztu beharko dira, goian adierazitako helbidearen bidez, deialdiaren baremoan zehaztutako atalei jarraikiz antolatuak.

Lehiakideek honako merezimendu hauek ez dituzte aurkeztu beharko, lehiakide bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren esku jarriko, baremazioa egin dezan:

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitortuak.

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emandako ikastaroak, salbu hizkuntza ikastaroak eta hizkuntza maila egiaztatzekoak, izangaiek aurkeztu beharko baitituzte.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.2. Epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta ezin izanen da luzatu.

Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dira, eta lekualdatze lehiaketa honetan izena emateko eskaera aurkezteko epearen barruan igorri, telematika bidez.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun balioduneko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

5.2. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

5.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

5.4. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

6.–Epaimahaiko kideak.

6.1. Honako hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Ángel Labiano Mangado jauna, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Instalazioen, Teknologiaren eta Bide Segurtasunaren Ataleko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Eduardo Jiménez Izu jauna, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: José Paulos Vázquez jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Idoia Mugeta López andrea, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Epaimahaikide idazkaria: Emilio José Melgosa Camarero jauna, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Trafiko Neurketen, Inbentarioen eta Azterlanen Bulegoko burua.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: María Begoña Montón Benito andrea, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Obrak Kudeatu eta Jasotzeko Bulegoko burua.

6.2. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.

6.3. Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako ezarritako arrazoiren bat gertatzen denean, kalifikazio-epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari jakinarazi beharko diote. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

7.–Merezimenduak.

7.1. Aurreko 4. oinarrian ezartzen den bezala, merezimendu guztiak telematika bidez aurkeztu behar dira, eskaerak aurkezteko epean. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuen frogagiriak ez dira aurkeztu beharko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitortuak badira, ezta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emandako ikastaroei buruzkoak ere, salbu hizkuntza ikastaroak eta hizkuntza maila egiaztatzekoak, horiek organo deitzaileak zuzenean igorriko baitizkio deialdia egin duen kalifikazio-epaimahaiari.

7.2. Aurkeztutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

7.3. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan apartatu bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

7.4. Lehiakideek guztira lortzen dituzten puntuazioetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiakide adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

7.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

7.6. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Nafarroako Gobernuaren webgunean parte-hartzaileek lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.

7.7. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzitakoan, epaimahaiak parte hartzen duten pertsona guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren Interneteko webgunean, eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, eta espediente osoa.

8.–Lanpostu hutsak aukeratzea.

8.1. Behin epaimahaiaren espedientea jasotakoan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du lekualdatze lehiaketan azkenean sartzen diren lanpostu hutsak zehazteko, deialdi honen bigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.

8.2. Lanpostu hutsak aukeratzeko epea Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez zehaztuko da; ebazpen hori Nafarroako Gobernuak Interneten duen webgunean argitaratuko da.

Parte-hartzaileek 10 egun balioduneko epea izanen dute eskaera telematika bidez aurkezteko, lehen aipatutako helbideko esteka erabiliz, eta nahi lituzketen lanpostu hutsak aukeratzeko.

Eskaera ezarritako epean bidaltzen ez dutenek lehiaketaren xede diren lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

Lanpostu hutsak aukeratzeko epea bukatuta, lehiakideek ezin izanen diote uko egin aukeratutako lanpostuari.

8.3. Lanpostuak betetzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat, lehiakideek ezin dute orain atxikita dauden zuzendaritza nagusi edo erakunde autonomo bereko lanpostu hutsik hautatu (zuzendaritza nagusi baten mende ez dagoen maila beheragoko unitate organiko bati atxikita badaude, debeku bera izanen dute), salbu eta lanpostu aldaketarekin udalerria, zentroa edo lanaldi arrunt edo partzialaren araubidea ere aldatzen bada.

9.–Esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Lehiaketan lortutako puntuazioen hurrenkerari jarraikiz esleituko dira lanpostu hutsak. Birkokatutako lehiakideen kasuan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiko zaio: batetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lanerako desgaitasunaren ondoriozko birkokapenen prozedura arautzen duen ekainaren 3ko 114/2002 Foru Dekretuaren 11. artikulua; eta bestetik, abuztuaren 22ko 65/2018 Foru Dekretua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileak osasun arrazoiengatik birkokatzeko prozedura arautzen duena.

Lanpostu huts bat hautatzeak berekin dakar lehiakideak eskaeran adierazitako lanpostuen artean esleitzen zaiona espresuki onartzea, eta ezin izanen dio uko egin.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, dagokien lanpostua esleituko die lehiakideei, eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

9.2. Lehiakideek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non eta organo deitzaileak, ebazpen horretan, ez duen egun jakin bat ezartzen jabetza hartzeko.

9.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa. Hori ez zaie aplikatuko lanaldi partzialean diharduten langile finkoei. Izan ere, langile horiek lanaldi osoko lanpostu bat hartzearekin batera funtzionario izaera eskuratuko dute. Funtzionarioen edo estatutupeko langileen araubide juridikoa dutenek aukera izanen dute lan araubideko lanpostu bat eskuratzeko, lanaldi partzialekoa, merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez. Kasu horretan, borondatezko eszedentziara igaroko dira funtzionario edo estatutupeko langile gisa.

10.–Ordainsariak.

Lekuz aldatzen direnek indarreko xedapenek esleitzen dizkieten ordainsariak jasoko dituzte.

11.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio-epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin.

Iruñean, 2024ko apirilaren 15ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratzeko, puntu bat emanen da deialdia argitaratzen den egunean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitortua duen antzinatasun urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Gehienez ere 30 puntu emanen dira a) atal honetan.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 7 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Puntuazio berarekin baloratuko da Administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan parte hartu izana, nahiz eta erakunde antolatzaileari dagozkion baldintzak ez bete. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatutakoak.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitateaz kanpokoak.

2) Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifikoak edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 2 puntu gehienez. Kalifikazio-epaimahaiak baloratuko du kontuan hartuta lana edo jarduera bakarrik edo taldeka egin den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa den ere.

3) Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea edo horrelakoak antolatzea: puntu bat gehienez ere; kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharrekoak, haien iraupenaren arabera.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.

2. Gehienez ere 10 puntu emanen dira b) atal honetan.

c) Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik.

Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik: Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, hizkuntza horiek jakitea beharrezkoa ez den lanpostuetan, 2 puntu gehienez haietako bakoitzagatik.

–Euskaraz jakiteagatik: plantilla organikoaren arabera lanpostu horietan aritzeko euskaraz jakitea nahitaezkoa ez bada, 4,6 puntu bitarte emanen dira destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetan sartu nahi denean.

Oharrak c) atal osorako:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

II.–ERANSKINA.–ERREPIDEETAKO ZAINTZAILEEN LANPOSTU HUTSAK

LANPOSTU ZK.

DEPARTAMENTUA

EREMUA
(LEKUALDAKETETARAKO)

HERRIA

EREMUA

ARAUBIDE JURIDIKOA

HIZKUNTZAK

GIDABAIMENA

1967

LURRALDE KOHESIORAKO DEP.

HERRI-LANEN ETA AZPIEGITUREN ZN

IRUÑA

MISTOA

NGko FUNTZIONARIOA

B

2002

LURRALDE KOHESIORAKO DEP.

HERRI-LANEN ETA AZPIEGITUREN ZN

IRUÑA

MISTOA

NGko FUNTZIONARIOA

B

2116

LURRALDE KOHESIORAKO DEP.

HERRI-LANEN ETA AZPIEGITUREN ZN

TUTERA

EZ-EUSKALDUNA

NGko FUNTZIONARIOA

B

3481

LURRALDE KOHESIORAKO DEP.

HERRI-LANEN ETA AZPIEGITUREN ZN

LIZARRA

MISTOA

NGko FUNTZIONARIOA

B

7718

LURRALDE KOHESIORAKO DEP.

HERRI-LANEN ETA AZPIEGITUREN ZN

TAFALLA

MISTOA

NGko FUNTZIONARIOA

B

7719

LURRALDE KOHESIORAKO DEP.

HERRI-LANEN ETA AZPIEGITUREN ZN

TAFALLA

MISTOA

NGko FUNTZIONARIOA

B

Iragarkiaren kodea: F2406383