98. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

23E/2024 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, toki-entitateetako Gazteentzako Informazio Zerbitzuetarako dirulaguntzen deialdia onesten duena, langileak kontratatzeko eta ekipamendua erosteko. DDBN identifikazioa: 755494.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak honako hau dio "Gazteriaren arloko berariazko politikak" izeneko 14. artikuluan: "Gazteentzako informazioa eta aholkularitza, hau da, gazteei orientazioa eta aholkuak modu integralean ematea, horrela aukera gehiago sortuz eta garapen pertsonalerako erabaki libre eta arduratsuak hartzen lagunduz. Hori guztia gazteentzako informazio zerbitzu onartuen bitartez".

Nafarroako Gazteriaren Institutuak, 2022an Gazte Informazioaren Europako Gutuna sinatu zuenean, formalki bat egin zuen eskubide osoko kide gisa Gazteen Informazio eta Aholkularitzarako Europako Agentziarekin (ERYICA).

Abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sortu eta arautu zen, eta onarpen ofiziala duten Gazteentzako Informazio Zerbitzuek dirulaguntzen deialdian parte hartzen ahalko dutela ezarri zen.

Babes hori hezurmamitzeko, Nafarroako Gazteriaren Institutuari bidezkoa iruditzen zaio dirulaguntzen deialdi bat onestea, norgehiagokako prozedurakoa, toki entitateetako Gazteentzako Informazio Zerbitzuetarako, 2024an langileak kontratatzen eta ekipamendua erosten egindako gastuak erabat edo partzialki finantzatzeko.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, baita dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea onarpen ofiziala duten Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareko toki-erakundeek langileak kontratatzeko eta ekipamendua erosteko dirulaguntzen 2024ko deialdia.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jaso dira.

3. 213.100 euroko gastua baimentzea. Horietatik 170.100 euro 340002 34100 4609 232105 "Toki-entitateetako Gazteentzako Informazio Zerbitzuetarako langileak kontratatzeko dirulaguntzak" partida ekonomikora bideratuko dira, eta 43.000 euro 340002 34100 7609 232100 "Toki-entitateetako Gazteentzako Informazio Zerbitzuetarako ekipamendua erosteko dirulaguntzak", partida ekonomikora; 2024rako aurrekontu orokorretakoak dira biak.

4. Ebazpen hau eta beronen I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratu ondotik.

5. Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau helaraztea Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko idazkari tekniko nagusiari, dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2024ko apirilaren 15ean.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José M. Burgaleta Encina.

I. ERANSKINA.–TOKI-ENTITATEETAKO GAZTEENTZAKO INFORMAZIO ZERBITZUETARAKO LANGILEAK KONTRATATZEKO ETA EKIPAMENDUA EROSTEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Gazteentzako Informazio Zerbitzuetako (aurrerantzean, GIZ) gune eta bulegoei 2024rako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea. Zerbitzu horiek onarpen ofiziala izan behar dute eta Nafarroako toki entitateen (aurrerantzean, TE) mende egon behar dute.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera, laguntza horiek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira.

Dirulaguntzen xedea da onarpen ofiziala duten eta TEen mende dauden GIZei laguntza ematea, bai informazio-bulegoei bai informazio guneei. Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sortu eta arautzen duen abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuan zehaztuta daude bulego eta gune horiek. Honako gastu hauek erabat edo hein batean finantzatuko dira:

–Langileak kontratatzea.

–Ekipamendua erostea.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

2. Erakunde onuradunak.

2.1. Deialdi honetan ezartzen diren dirulaguntzak honako hauek hartzen ahalko dituzte:

–Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) ofizialki onartutako GIZeko TE titularrak, Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sortu eta arautzen duen abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuarekin bat etorriz.

–2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra GIZ bat sortzeko konpromisoa hartzen duten TEak, Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sortu eta arautzen duen abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuarekin bat etorriz.

2.2. TE horiek baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntza eskatzen den unean:

–Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea. Horretarako, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar NGIri baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egiten denean (II. eranskina).

—Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-kasuetan ez egotea. Egiazta daiteke baldintzak betetzen direla ziurtatzen duen eskaera-formularioko erantzukizunpeko adierazpenaren bidez. (II. eranskina).

–Gazteei informazioa emateko lanak egitea. Zuzenean edo zeharka, zerbitzu-enpresa baten bidez, kontratatu daiteke, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Batxilergoa, bigarren mailako Lanbide Heziketa edo horren baliokidea izanen du gutxienez lanpostua betetzen duenak. Gazteentzako informazio-guneen kasuan, langileak astean 15 orduko lanaldia izanen du gutxienez, eta bulegoen kasuan, 30 ordu gutxienez. (II. eranskina).

b) Eginkizun hauek izanen ditu: gazteei informazioa ematea zuzenean, informazioa zenbait euskarritan sustatzea eta abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuan onartutako gainerakoak (II. eranskina).

c) Langileak Gazteentzako Informazioaren alorreko prestakuntza izatea edo dirulaguntza eskatu eta hurrengo 12 hilabeteetan prestakuntza hori jasotzeko konpromisoa hartzea. (II. eranskina).

3. Aurrekontua.

Deialdi honi erantzuteko aurrekontu totala 213.100 euro da. Horietatik 170.100 euro 340002 34100 4609 232105 "Toki-entitateetako Gazteentzako Informazio Zerbitzuetarako langileak kontratatzeko dirulaguntzak" partida ekonomikora bideratuko dira, eta 43.000 euro 340002 34100 7609 232100 "Toki-entitateetako Gazteentzako Informazio Zerbitzuetarako ekipamendua erosteko dirulaguntzak", partida ekonomikora; 2024rako aurrekontu orokorretakoak dira biak.

2024ko ekitaldian aurrekontu partida horretan dirurik baldin badago, deialdi honetan aurreikusitako gastua 50.000,00 euro handitzen ahalko da gehienez. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3.a).1 artikuluan aurreikusten diren egoeretako bat gertatzen delako.

4. Kontzeptu diruz lagungarriak.

Ebazpen honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten GIZek dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte langileak kontratatzeko eta ekipamendua erosteko, 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra.

4.1. Langileak kontratatzeko gastutzat joko dira GIZetan arreta eskaintzeko langileak kontratatzeko soldatari enpresetako Gizarte Segurantzarako kuota gehitzetik eratorritakoak.

4.2. Hornikuntza gastutzat jotzen dira jarduera egiteko beharrezkoak dien material informatikoa eta digitala, material higigarria, tresneria eta material inbentariagarria eskuratzekoak.

Hauek jotzen dira material informatiko eta digitaltzat: ordenagailuak, inprimagailuak, ekipamenduen eguneratzea, softwarea, gailu mugikorrak, telefono mugikorrak, argazki- eta bideo-kamerak, USBak eta beste gailu digital batzuk.

Hauek jotzen material higigarri eta tresneriatzat: mahaiak, aulkiak, apalategiak, armairuak, totemak, erakustokiak, etab.

Halaber, material inbentariagarritzat jotzen dira koadernagailuak, arbelak, plastifikagailuak, birringailuak, informazio-panelak, ohol informatiboak, etab.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluaren arabera, TE onuradunek dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili beharko dituzte ondasunak, bi urtez gutxienez. Horretarako, bi urteko epea igarota, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, eta, bertan, adierazi beharko dute ezen, dirulaguntza eman zitzaien unetik, eskuratutako ondasunak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili direla. (VII. eranskina.)

4.3. Deialdi zehatzago baten xedeko jarduerak berezko ez dituzten jarduerak deialdi honen esparrutik kanpo gelditzen dira.

5. Kredituaren banaketa.

Deialdi honetako kreditu erabilgarria 213.100 euro da. Haietatik 170.100 euro bideratuko dira langileak kontratatzeko gastuak diruz laguntzeko, eta 43.000 euro bideratuko dira ekipamendu-gastuetarako, honela banatuta:

-160.100 euro pertsonal-gastuetarako eta 30.000 euro ekipamendutarako, 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen onartutako GIZentzat.

–10.000 euro pertsonal-gastuetarako eta 13.000 ekipamendutarako, 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra alta emandako GIZentzat.

6. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

6.1. Langileak kontratatzeko dirulaguntza kostuaren % 75 izanen da gehienez.

6.2. TEn GIZetarako ekipamendua erosteko dirulaguntza irizpide hauen arabera emanen da:

–2024ko urtarrilaren 1a baino lehen onartutako GIZen kasuan, eskuratze-kostuaren % 75ekoa izanen da gehienez finantzaketaren ehunekoa.

–2024ko urtarrilaren 1az geroztik onartutako GIZen kasuan, eskuratze-kostuaren % 100ekoa izanen da gehienez finantzaketaren ehunekoa.

6.3. Aurkeztutako eskaeren kopurua ikusi eta deialdi honetarako finkatutako dirua nahikoa ez bada aurreikusitako gehieneko dirulaguntzak emateko, diru hori erakunde onuradunen artean banatuko da proportzionalki. Horretarako, aurreikusitako gehieneko zenbatekoak hainbanaketa aplikatzeko behar den ehunekoan murriztuko dira.

6.4. Baldin eta 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen onartutako GIZetarako dirulaguntzak jasotzeko aurkeztutako eskaera guztiak bideratu ondotik ez bada erabat amaitu horretarako aurrekontu-kreditu erabilgarria, gainerako zenbatekoa 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera onartutako GIZetarako dirulaguntzei aurre egiteko erabiliko da. Bestalde, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera onartutako GIZetarako dirulaguntzak jasotzeko aurkeztutako eskaera guztiak bideratu ondotik ez bada erabat amaitu horretarako aurrekontu-kreditu erabilgarria, gainerako zenbatekoa 2024ko urtarrilaren 1aren aurretik onartutako GIZetarako dirulaguntzei aurre egiteko erabiliko da.

6.5. Nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbatekoak ez du behin ere gainditzen ahalko erakunde onuradunak langileak kontratatzen edo ekipamendua erosten izandako kostua.

7. Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

7.1. Dirulaguntzarako eskaerak eta hasierako agiriak eta frogagiriak NGIri zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez erregistro orokor elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoko (www.nafarroa.eus) "Tramiteak" ataleko katalogoa erabiliz, ahal dela; zehazki, URL honetan:

https://tramitespersonal.navarra.es/es/tramites/on/-/line/convocatoria-de-subvenciones-de-apoyo-a-los-servicios-de-informacion-juvenil-de-entidades-locales-para-personal-y-equipamiento

7.2. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.3. Dirulaguntzen eskabideak honako agiri hauekin batera aurkeztuko dira:

–Eskabide orokorra eta erantzukizunpeko adierazpena (II. eranskina).

–2024ko urtarrilaren 1aren aurretik eratutako GIZak dituzten TEk gaineratu beharko dute gazteei informazioa emateko lanak egiten dituzten langileen 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31 bitarteko soldata-gastuen aurreikuspena barne hartzen duen aurrekontu bat. Zerbitzu hori horretarako kontratatutako enpresa batek egiten badu ere, beharrezkoa izanen da zerbitzua emateari dagozkion gastuen aurrekontua (III. eranskina).

–Beren GIZa 2024an zehar ofizialki aitortzea aurreikusten duten TEk aintzatespen ofizialaren datatik 2024ko urriaren 31 bitarteko pertsonal-gastuen aurrekontua barne hartu beharko dute. (III. eranskina).

–Enpresa hornitzaileen aurrekontuak eta/edo fakturak, eskuratzeko asmoa dagoen edo eskuratu den materiala eta haien laburpena jasotzen dituena (IV. eranskinaren arabera).

8. Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

8.1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

8.2. Langileak kontratatzeari dagokionez, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko C mailako langileei 2024. urtean aplikatzen zaien hasierako soldata hartuko da erreferentziatzat, baita Gizarte Segurantzako enpresa-kuota ere, eta abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuan ezarritako lanaldiaren zati proportzionala aplikatuko da, gazteentzako informazio gune eta bulegoetarako.

8.3. Puntuazioen lehentasunak ezartzeko balorazio-irizpideak:

8.3.1. 2024ko urtarrilaren 1aren aurretik eratutako GIZetarako:

–RIJeko bileretara joatea 2023an:

  • 1 bilera: 5 puntu.
  • 2 bilera: 10 puntu.
  • 3 bilera edo gehiago: 15 puntu.

–NGIk emandako prestakuntzak egin izana:

  • 1 prestakuntza: 5 puntu.
  • 2 prestakuntza: 10 puntu.
  • 3 prestakuntza edo gehiago: 15 puntu.

–2023an GIZen identifikazio-plaka erakustea modu iraunkorrean: 10 puntu.

–GIZa arratsaldez eta/edo asteburuetan irekitzea: 10 puntu.

–2023an edo urte horren parte batean emandako arreta-zerbitzuen memoria ematea Gazteen Dokumentazio eta Informazio Zentroari 2024ko otsailaren 15a baino lehen: 10 puntu.

8.3.2. 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera eratutako GIZetarako:

–Gazteentzako informazio-gunea izatea: 30 puntu.

–Gazteentzako informazio-bulegoa izatea: 60 puntu.

8.3.3. Aurkeztutako eskabide bakoitzak 60 puntu bitarte lor ditzake aurreko apartatuan, eta gutxienez 30 puntu izan beharko ditu dirulaguntza jasotzeko.

9. Antolamendua eta instrukzioa.

9.1. Dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atala izanen da.

9.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die NGIk eskatzaileei.

Dokumentazio osoa aurkezten ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, jakinarazpenaren biharamunetik zenbatuta, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean bere eskaeran tramite horri uko egin diola ulertuko dela, ebazpena eman ondotik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

10. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

10.1. NGIren zuzendari kudeatzailea da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Ebazpena emateko eta TE interesdunei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epealdi horretan ebazpen espresua ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

10.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa agertuko da. Orobat, dirulaguntza jasoko duten entitate eskatzaileen zerrenda ere bildu beharko du, eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

11. Justifikatzeko epea eta modua.

2024ko azaroaren 10a baino lehen, TE onuradunek egindako jarduera justifikatu beharko dute.

Diruz laguntzen den proiektuaren guztirako gastuaren justifikazioa toki-entitateko idazkaritzak emandako ziurtagiri bat aurkeztuz eginen da; bertan, diruz laguntzen diren pertsonalari (V. eranskina) eta ekipamenduari (VI. eranskina) dagozkien jarduketak eta haien kostua aitortuko dira, haiek gauzatzean izan diren gastuak zehaztuta. Ziurtagiri horri dagozkion fakturak eta froga-balio bereko agiriak erantsiko zaizkio, eta, kasua bada, diruz lagundu den proiektuari esleitutako langileen nominak. (VI. eranskina).

Kasu guztietan aurkeztu beharko dira egindako gastu eta ordainketa guztien ziurtagiriak.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz jaulkiko dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZa, faktura egiten deneko eguna, zenbakia, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, ordaintzeko modua eta aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa).

Honako hauek ez dira inolaz ere onartuko: ordainagiri hutsak, kutxako tiketak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak eta froga-baliorik, merkataritzako trafiko juridikoan baliorik eta egindako gastua frogatzeko administrazio-eraginik ez duten ziurtagiriak.

12. Dirulaguntza ordaintzea.

12.1. NGIko zuzendari kudeatzaileak eman eta jakinaraziko du ordaintzeko ebazpena; aldez aurretik ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, 11. artikuluan zehaztutakoaren arabera. Dirulaguntzak transferentzia bidez ordainduko dira, ordaintzeko ebazpena onetsi ondotik.

13. Betebeharrak.

13.1. Ekipamendua erosteko dirulaguntzen onuradun diren TEek dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabili beharko dute gutxienez bi urteko epean (VII. eranskina), eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, NGIk eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.

13.2. TE onuradunek, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako dirulaguntzen onuradunen gainerako betebeharrak bete behar dituzte.

13.3. Halaber, erakunde onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4. artikuluan aipatzen diren gardentasun-betebeharrak bete beharko dituzte. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, erakunde onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

14. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten TE onuradunek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haiek, guztira, ez dute gastuaren %100 gainditzen ahalko, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.

Kontzeptu berberetarako laguntza bi erakundetatik edo gehiagotatik jasotzen duten TEek zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko dute, alkate-udalburuak edo ordezkariak sinatua, dirulaguntza guztien batura egindako gastua baino txikiagoa dela adierazteko.

15. Ez-betetzeak.

Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Gazteriaren Institutuak baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz–, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

16. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

17. Aplikatu beharreko legedia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2406885