97. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

320E/2024 EBAZPENA, apirilaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena Sociedad de explotación fotovoltaica Lamda SL enpresak Biurrun-Olkotz udalerrian sustatutako "«El Prado» eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta energia ateratzeko azpiegitura" proiektuari dagokionez.

2024ko otsailaren 13an, Azpiegitura Energetikoen Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari. Espediente hori Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4 j) multzoan dago sartuta.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren txostena eman aurretik, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. 11 kontsulta egin dira, eta bi erantzun jaso dira.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta ala ingurumen-inpaktuaren txostena behar duen, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.

–Proiektuaren deskribapena.

Jarduketaren helburua da 5,59 hektarea inguruko eguzki-instalazio fotovoltaiko bat eraikitzea. Biurrun-Olkozko 2. poligonoko 275. eta 277. lurzatiak partzialki okupatuko ditu, eta instalazioaren perimetroa hesituko da.

Proiektuak 590 W-eko gehieneko potentzia duten 8.164 modulu fotovoltaiko ditu, zeinek eguzki-erradiazioa hartzen baitute eta energia elektriko bihurtzen baitute. Horrenbestez, instalazioaren gehieneko potentzia 4,81 MW-ekoa izanen da, eta potentzia izendatua 4 MW-ekoa.

Zentral fotovoltaikoa osatzen duten 12 inbertsore fotovoltaikoen bidez, panelek sortutako korronte zuzeneko elektrizitatea korronte alterno bihurtzen da. Moduluak 314 stringetan taldekatuta egonen dira, bakoitza 26 modulukoa, eta lurrean zuzenean iltzatutako altzairu galbanizatuzko egitura finko batzuen gainean. Iltzatze-sakonera 1,35 metrokoa izanen da.

Instalazioak egitura-mota bakarra du: 13 moduluko 2 lerro (2Vx13), guztira 26 modulu egitura bakoitzeko. Egiturek 9 metroko tartea dute elkarren artean, moduluek elkarri itzalik egin ez diezaioten lanean ari direnean. Kateak lurraren topologiaren arabera taldekatuko dira, eta bakoitza inbertsore bati konektatuko zaio. 50 cm utziko dira libre lurreraino.

Zentral fotovoltaikoan dagoen aterpez kanpoko transformadorearen bidez, tentsioa 13,2 kV-era igoko da, erdi-tentsioko lurpeko kolektore baten bidez bideratzeko perimetroko hesiaren ondoan dagoen ebakitze-zentroraino. Sekzionamendu-zentro horretatik, gehienez 1,05 metroko sakonera eta 1,7 metroko zabalera duen lurrazpiko linea baten bidez hustuko da energia, lurzatiaren mugetatik eta bide-errepideko bazterbidetik, Biurrungo transformazio eta banaketako azpiestazioraino (inguruetan egonen da). Aurreikusitako jarduketa-luzera 1.320 m-koa izanen da.

Lurra prestatu aurretik, belar-sastrakak garbituko dira, dagoen landare-geruza kentzeko lur-mugimendurik egin gabe. Barneko bideak eginen dira eraikinetara eta inbertsoreetara sartu ahal izateko. Bideek ZA-20 zabor-legar artifizialeko 30 cm-ko lodierako oinarria izanen dute.

Ezartzekoa den lurzatiak idorreko laborantzarako erabilera du egun, topografia zelaikoa edo malda txikikoa, hegoalderanzko malkarra izan ezik. Bertara NA-6000 errepidetik sartzen da, eta, ondotik, landa-bideetatik.

1.235 m inguruko perimetro-hesia jartzea planteatzen da, landa-heskairik gabe. Hesi zinegetiko motakoa izanen da, alanbre galbanizatuzko bihurdura sinpleko sarez egina, 2 m-ko altuerakoa. Lurretik 15-20 cm-ra egon beharko du gutxienez.

–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua izapidetzea.

21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Kontsulta egin zaie Biurrun-Olkozko Udalari, zenbait erakunde ekologistari eta Ondare Historikoaren Zerbitzuari. Legean aurreikusitako epean ez da kontsulta horien erantzunik jaso, bi kasutan izan ezik: Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak informatu du 6 aztarnategi daudela inguruan, Biurrun-Olkotzen jurisdikzioan, eta Biurrun-Olkozko Udalak lurralde-antolamenduari buruzko txosten bat aurkeztu du.

–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Proiektuaren eremuak ez du aurreikusten Natura 2000 Sareko guneetan lanik egitea, ezta ingurumen babeseko figuraren bateko guneetan ere.

Ingurumenaren esparruan aurkeztutako dokumentazioak barne hartzen du alternatiben analisi bat, 0. alternatibaz gain bost aukera jasotzen dituena. Irizpide anitzeko azterketaren ondotik, 5. aukera hautatu da.

Energia ateratzeko lerroari dagokionez, lurpeko bi alternatiba aztertu dira, eta bigarren aukera hautatu da: 1.320 metro nekazaritza-lurzatien mugetatik eta lehenagotik dauden bideetatik.

Instalazioa ezartzekoa den eremuaren morfologia, funtsean, zelaia da: azaleraren zatirik handienak % 5etik beherako malda du, eta zati txikiago batek % 10etik beherakoa. Horregatik, ahalik eta lur-mugimendu gutxien eginen dira, eta aldaketa geomorfologiko oso txikiak eraginen dira. Ondorioz, geologiaren eta lurzoruaren gaineko inpaktua bateragarritzat jotzen da. Hegoaldeko eremu txiki batek, % 10etik gorako maldak ditu.

Instalazioak lehorreko laboreen laborantzarako lurzati bat hartzen du, oso antropizatuta dagoen nekazaritza-ingurune batean, hainbat bide-azpiegituratatik eta azpiegitura elektrikotik hurbil; horrenbestez, interes handiagoko fauna-komunitateak hartzeko ahalmena txikiagoa da. Aurkeztutako ingurumen-dokumentazioaren arabera, faunaren gaineko inpakturik handiena, ukipenaren edo habitata galtzearen eta ugaltze-garaian faunari eragozpenak eragitearen ondoriozkoa, eraikuntza-fasean gertatzen da, eta bateragarritzat jotzen da. Energia ateratzeko azpiegitura nekazaritza-lurzatien mugei eta lehenagotik dauden bideei atxikita doa. Horietan, kalteak jasan ditzaketen landare-formazioak aski komunitate erruderalak dira, interes ekologiko handirik gabeko urteko espezie bizikorrek osatuak. Beraz, landarediaren eta habitaten gaineko inpaktu handiena bateragarritzat jotzen da.

Gainerako ukipenak, bai eguzki-instalazioarenak bai energia ateratzeko lerroarenak, bateragarritzat jotzen dira.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen-inpaktua aztertuta, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira.

Hala, proposatzen da Biurrun-Olkotz udal-mugartean jartzeko proiektatu den "«El Prado» eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta energia ateratzeko azpiegitura" proiektuaren aldeko txostena egitea, bertan jasotako baldintzak betetzeko eskakizuna ezarriz, eta adierazten da ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik ez dagoela. Dena den, horrek ez du galarazten indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua

EBAZTEN DUT:

1. "«El Prado» eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta energia ateratzeko azpiegitura" proiektuak, zeina Sociedad de explotación fotovoltaica Lamda SLk sustatzen baitu, Biurrun-Olkotz udalerrian ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako moduan, eta, beraz, ez da beharrezkoa 21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen Departamentuko kontseilariaren otsailaren 24ko 64/2006 Foru Aginduak, lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko ingurumen- eta hirigintza-arloko irizpide eta baldintzak arautzekoak, ezartzen duenez, instalazioa erliebe nabarmen edo lau batean edo kasko batean kokatzen denean, instalazioa diseinatzean gutxienez 15 metroko distantzia errespetatuko da instalazioaren perimetroko itxituraren eta erliebearen ertzaren artean, lurra higatzeko arriskuak eta mazelako lur-isuriak eragozteko eta paisaia-eragina murrizteko. Hala, hesiaren 4. (X609800, Y4727370) eta 5. (X609723, Y4727400) puntuak 15 metro atzeraeman beharko dira lurzatiaren mugan dagoen eta landaredi naturala duen ezpondatik.

–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak egindako aldeko txostena lortu beharko da administrazio-baimena eskuratu aurretik.

–Lanak egin bitartean lur azpian aztarna arkeologikoren bat agertuko balitz, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio legezko betebeharra duela horren berri berehala ematea Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoa lursailaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko da, obrak egin bitartean erasanak guztiz ezinbestekoak diren eremuei soilik eragiteko moduan eta lur-mugimenduak ahalik eta txikienak izan daitezen.

–Materialak pilatzeko eremuak eta makinentzako parkeak nekazal eremuetan jarriko dira, eta inola ere ez dira paratzen ahalko landaredi naturalak estalitako eremuetan.

–Behar bezala leheneratu beharko dira lanek aldatutako eremu guztiak, barnean harturik euskarrietarako bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondotik utziko ez diren trazatuak, lanen aurretik zuten erabilera eta egoera berreskura ditzaten. Leheneratze-lanen barnean sartzen da makinak igarotzean zanpatutako zoruak harrotzea.

–Ukipen handiagoa ekidite aldera, perimetro-hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean beheko aldetik, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Ahal bada, sare zinegetiko deritzon motakoa izanen da; ez du elementu ebakitzailerik edo zorrotzik izanen, eta ez da txarrantxarik erabiltzen ahalko inolako kasutan.

–Moduluei eusten dieten egitura finkoak zuzenean finkatuko dira lurrean, zuzenean iltzatuta, lurzorua aldatu gabe.

–Obrak hasi aurretik, lan-eremuak, makinak igarotzeko eremuak eta materialak biltzeko eremuak zehaztuko dira argiki. Nahitaezkoa den azalera txikiena izanen dute eremu horiek.

–Zanga eta zapatetarako hondeaketa-lanetan eta obra lagungarrietan, gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare-lurraren geruza kenduko da hasieran; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean.

–Ahal den heinean, saihestu beharko da lurzatiaren mugetako eta aldameneko lurzatietako landarediari eta/edo sastrakei eragitea, eta energia ateratzeko lerroa nekazaritza-lurzatien mugetatik trazatu beharko da, larre edo sastrakadietako landarediari eragin gabe.

–Gainazal ukituek belar-estalkia izan beharko dute. Horretarako, eguzki-instalazio fotovoltaikoak ukitutako gainazaletan eta obrek eragin dioten beste edozein gainazaletan, aldi batez izan bada ere, bertako belardiko hazien nahasketa bat ereinen da; haziek egin beharreko jarduerarekin bateragarri izan beharko dute. Ereintza egiteko, ahalik eta mantentze-lan txikiena eskatzen duten eta klimara eta eremura egokituta dauden espezie autoktonoak erabiliko dira.

–Obrak amaitu eta hurrengo 6 hilabeteetan landareztatu beharko da.

–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiliko da, eta, behar berezia izanez gero, sasi-garbitze mekanikoa baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra-hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Ondotik, ukitutako eremuak leheneratuko dira.

–Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.

–Lagomorfoak, karraskariak edo bestelako animaliak kontrolatu behar badira, dagozkion baimenak eskuratu ondotik, baliabide mekanikoak eta biologikoak erabiliko dira, eta guztiz debekaturik egonen da pestizidak, intsektizidak, errodentizidak eta bestelako pozoiak erabiltzea.

–Argiztapenik baldin badago, ezinbestekoa denera mugatuko da; ahal bada, ekidinen da, eta ahaleginak eginen dira argi-puntuak urrun egon daitezen talka egin dezaketen eremuetatik (hesiak, tenkagailuak, aireko linea elektrikoak eta abar). Argi-kutsadura txikiagotzen duten luminariak erabiliko dira, intentsitate txikikoak eta lurrera begira pantailatuak.

–Erabilerari lotutako eraikinen diseinua ingurunearekiko harmonia errespetatuz eginen da, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz.

–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari jakinarazi beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es).

–Ustiapen-aldia amaitzean, eguzki-instalazioak ukitutako eremuko landaredia leheneratuko da, urtebete igaro aurretik. Instalazio guztiak behar bezala eraitsi eta kenduko dira; hondakinak indarreko legediaren arabera kudeatuko dira, eta landare-estalkia leheneratuko da. Jarduketa horiek dagokien ingurumen-ebaluazioko prozeduraren esparruan eginen dira.

–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Taldeari (obren hasiera eta abar), mezu elektronikoa bidali behar dio Iruñeko barrutiari (gmapamplona@navarra.es), edo 608062649 telefonora deitu.

–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.

3. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen-txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio-bidean jartzen ahal direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Biurrun-Olkozko Udalari, Basozaintzari (Iruñeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2406814