97. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

115/2024 EBAZPENA, apirilaren 2koa, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, Iruñeko "The British School of Navarra" ikastetxe pribatuak duen baimena aldatzen duena, baimendutako gehieneko ikaspostu kopurua aldatu delako.

Laura González Tajadura andreak, Iruñeko "The British School of Navarra" ikastetxe pribatuaren titularra den "British School of Navarra SL" entitatearen ordezkari gisa, eskaera bat aurkeztu du Ingalaterrako curriculum nazionaleko irakaskuntzak emateko duen baimena aldatzeko, hasi "Pre-Nursery" mailatik (2-3 urte) eta "Year 13" mailara arte (15-16 urte). Egiaztagiri berri bat aurkeztu du, "British Council" erakundeak emana, non gehieneko ikaspostu kopurua ezartzen den, gaur egun baimenduta dagoenaz bestelakoa.

Ikusirik "British Council en España" erakundeak emandako ziurtagiria, non adierazten baita ikastetxeak (Ardazko bidea 4, Gorraitz) betetzen dituela Ingalaterrako curriculum nazionaleko irakaskuntzak emateko baldintzak, "Pre-Nursery" (2-3 urte) mailatik hasi eta "Year 13" (17-18 urte) mailara arte, eta, bertako langileak eta instalazioak ikusirik, 450 ikaspostu ere har ditzakeela.

Ikusirik egiaztapen horrek 2027-2028 ikasturtearen bukaerara arte duela balioa, eta beranduenez 2027ko azaroaren 9an eginen dela ikastetxearen beste ikuskapen bat.

Kontuan harturik Espainian dauden ikastetxe atzerritarren araubideari buruzko maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuan ezarritakoa.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz, eta Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak proposaturik,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Iruñeko "The British School of Navarra" ikastetxe pribatuak irekitzeko eta funtzionatzeko duen baimena, zeinaren bidez "Pre-nursery" mailatik (2-3 urte) "Year 13" mailara bitarteko (17-18 urte) irakaskuntzak eman baititzake. Aldaketaren ondorioz, ikastetxearen gehieneko edukiera 450 ikaspostukoa izanen da.

2. Ohartaraztea ikastetxearen titularra den erakundeak beste baimen eta inskripzio bat eskatu beharko duela egiaztapenak emateko erakunde eskudunak (British Council) 2027-2028 ikasturtearen bukaeran egin asmo duen ikuskapena egin ondoren, eta, nolanahi ere, data hori baino lehen egindako ikuskapenen ondorioz aldaketaren bat egin behar baldin bada akreditazio horretan.

3. Aurrerantzean, honako hauek izanen dira ikastetxearen erregistro datuak:

–Ikastetxearen kodea: 31013653.

–Ikastetxearen izen generikoa: Espainiako eta atzerriko ikasleentzako atzerriko ikastetxe pribatua.

–Berariazko izena: "The British School of Navarra".

–Titularra: "British School of Navarra SL".

–Helbidea: Ardazko bidea 4.

–Herria: Gorraitz.

–Udalerria: Eguesibar.

–Baimendutako irakaskuntzak: Ingalaterrako eta Galesko curriculum nazionaleko "Pre Nursery" (2-3 urteko adina) mailatik "Year 13" (17-18 urteko adina) mailara bitarteko irakaskuntzak, Espainiako hizkuntza eta kulturarekin osatuak.

–Baimendutako gehieneko edukiera: 450 ikaspostu.

–Baimendutako ikasleak: espainiarrak eta atzerritarrak.

4. Gogoratu beharra dago, egindako ikasketak onartzeko, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako atzerriko titulu eta ikasketen homologazio eta baliozkotzeari buruzko araudian xedatutakoa hartuko dela kontuan, 806/1993 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoarekin bat.

5. Ohartaraztea ezen, ebazpen honen 2. atalean ezarritakoa galarazi gabe, eta 806/1993 Errege Dekretuaren 16. artikuluarekin bat, ikastetxeko entitate titularrak beste baimen bat eskatu beharko diola departamentu honi, "British Council en España" entitatearen ziurtagiria eta izandako aldaketaren frogagiriak aurkeztuta, baldin eta ikastetxearen konfigurazioa aldatu nahi bada eta horrek ebazpen honen 3. atalean ezarritako erregistro datuak aldatzea ekartzen badu, edo instalazioak aldatu nahi badira.

6. Ohartarazi behar da, halaber, ikastetxeak Nafarroako Gobernuko Ikastetxeen Erregistroan duen inskripzioa deuseztatu, baliogabetu edo aldatzen ahalko dela, bidezkoa denaren arabera, titular interesdunari entzun ondoren, baldin eta inskripzioaren oinarri izandako funtsezko baldintzak aldatzen badira edo maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuan eta gainerako arau aplikagarrietan xedatutakoa urratzen bada, errege dekretu horren 17. artikuluak ezarritako moduan.

8. Ebazpen hau ikastetxearen titularrari jakinaraztea, eta aditzera ematea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

9. Ebazpen hau honako hauei igortzea: Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzura, Ikasketetarako Laguntzen eta Hezkuntza Zerbitzuen Kudeaketaren Atalera eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atalera.

10. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Iruñean, 2024ko apirilaren 2an.–Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.

Iragarkiaren kodea: F2405752