97. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko apirilaren 24an hartua, Azkoiengo (Nafarroa) "Campo de Arlas" izeneko eremu arkeologikoa interes kulturaleko ondasun deklaratzen duena.

Azkoiengo (Nafarroa) "Campo de Arlas" izeneko eremu arkeologikoa Erromako Behe Inperioaren garaikoa da. Aztarnen tipologia, kontserbazio egoera eta izaera aztertuta ondorioztatzen da eremua bideko geldigune bat zela, Argako galtzadarekin lotua, Pompelo eta Gracchurris artean, bertan topatutako aztarna arkeologikoetatik baizik ezagutzen ez dena.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren azaroaren 17ko 281/2023 Ebazpenaren bidez, Azkoiengo (Nafarroa) "Campo de Arlas" izeneko eremu arkeologikoa interes kulturaleko ondasun deklaratzeko espedientea ireki zen. Ebazpena interesdunei jakinarazi zitzaien, 2024ko 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 5ekoan, eta jendaurrean egoteko 30 eguneko epea ireki zen; epe horretan ez zen alegaziorik aurkeztu.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko Ondare Historikoaren Batzordeak, 2024ko apirilaren 12an egindako bilkuran, deklarazioaren aldeko txostena egin zuen.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Azkoiengo (Nafarroa) "Campo de Arlas" izeneko eremu arkeologikoa interes kulturaleko ondasun deklaratzea, deklarazioari buruzko espedientean dagoen dokumentazioan jasotako deskripzioarekin eta ezaugarriekin bat.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko apirilaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2406556