97. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

93E/2024 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, bizitegien sektorea deskarbonizatzeko laguntzen 2024ko deialdia onesten duena. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 757097.

2023 Horizontea-Nafarroako Energia Planaren (NEP2030) helburuen artean daude energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energiaren amaierako kontsumoan energia berriztagarrien ekarpena handitzea eta erregai fosilen erabilera murriztea.

Eraikinak berotegi-efektuko gasen isurle nabarmenak dira, baina isuri horiek murrizteko edo konpentsatzeko aukera handiak daude. Horregatik, bizitegien sektorea deskarbonizatzeko 2024ko laguntzen deialdi honen helburua da deskribatutako helburuak lortzen laguntzea, erregai fosilak erabiltzen dituzten instalazio termikoen ordez energia berriztagarrien instalazio termikoak ezarriz.

2021eko ekainean onetsi zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/1119 (EB) Erregelamendua, 2021eko ekainaren 30ekoa, zeinaren bidez ezartzen baita klima-neutraltasuna lortzeko esparrua eta aldatzen baitira 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) erregelamenduak.

EB Erregelamendu horrek zuzenbidean jasotzen du Europar Batasunaren helburua, klima-neutraltasuna 2050erako lortzearena, eta horrez gain helburu lotesle bat ezartzen du, hemendik 2030era bitartean berotegi-efektuko gasen isurketa netoak gutxienez %55 jaistea, 1990eko isurketa-mailen aldean. Helburu lotesle hori dela eta, Europar Batasuneko instituzioak eta estatuak, modu kolektiboan, derrigortuta daude behar diren neurriak hartzera.

Nafarroako Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko Foru Legearen 38. artikuluak, bizitegi-erabilerako eta hirugarren sektoreko eraikinetako sistema termikoei buruzkoak, honako hau ezartzen du: "2027ko ekainaren 30etik aurrera debekatuta egonen da gasolioz hornitzea gas naturala hodi bidez banatzeko azpiegitura duten herrietan kokatuta dauden bizitegi-erabilerako eta hirugarren sektoreko eraikinak. Nafarroako Gobernuak beharrezkoa den laguntza-sistema ezarriko du jabeek klimatizaziorako energia-iturria aldatu ahal izan dezaten".

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Bizitegien sektorea deskarbonizatzeko laguntzen 2024ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntza arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jasotzen dira.

3. Deialdi honen konpromisoei erantzuteko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

PARTIDA ZK.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

1

820001-82500-7809-425210: Beste sektore batzuen deskarbonizazioa, autokontsumoa eta energia biltegiratzea

2024

700.000

Halaber, 300.000 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetan erabiltzeko, eta zeina arautuko baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera. Zenbateko gehigarri hori eraginkortasunez erabili ahal izateko kreditu gehigarria baimendu beharko da, artikulu horretan adierazitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko apirilaren 24an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Honako helburu hauek ditu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/844 (EB) Zuzentarauak (haren bidez aldatu ziren eraikinen efizientzia energetikoari buruzko 2010/31/EB Zuzentaraua eta efizientzia energetikoari buruzko 2012/27/EB Zuzentaraua):

–Berotegi-efektuko gasen isurketa %40 murriztea 1990eko isurketa-mailen aldean.

–Kontsumitutako energia berriztagarriaren proportzioa handitzea.

–Batasunak dituen helburuen araberako energia aurrezpena lortzea.

Laguntza deialdi honen helburua da deskribatutako helburuak lortzen laguntzea, erregai fosilak erabiltzen dituzten instalazio termikoen ordez energia berriztagarriko instalazio termikoak ezarrita.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Pertsona fisikoak izan daitezke onuradun. Espainiako nazionalitatea izan beharko dute, edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estaturen batekoa edo Suitzakoa. Europar Batasunetik kanpoko atzerritarren kasuan, Espainian izan beharko dute legezko bizilekua.

2. Jarduketa diruz lagungarrien xede diren etxebizitzek edo eraikinek Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean kokatuta egon beharko dute.

3. Hauek dira onuradun izateko betebeharrak:

a) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

c) Aurretik Administrazioak emandako edozein laguntza edo dirulaguntza itzultzeko betebeharrik ez izatea bete gabe, eta emandako laguntza edo dirulaguntzaren bat berreskuratzeko agindu baten mende ere ez egotea, agindua eman bada laguntza legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela deklaratu delako Europako Batzordearen erabaki baten ondorioz, edo emateko erabakia hartzean ezarritako baldintzak, era batean edo bestean, bete ez direlako.

4. Atal honetan eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, laguntza-eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eta baldintzak betetzen jarraitu beharko da laguntza ordaindu arte.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak, lanak gauzatzeko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntza hauen helburua da bizitegietako instalazio termikoetan erregai fosiletatik energia sortzeko elementuen ordez energia berriztagarritzat jotzen diren elementuak ezartzea, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduari jarraikiz.

2. Ez dira gastu diruz lagungarriak izanen honako hauek:

–Banaketa sareak.

–Igorgailuak.

–BEZa, baldin onuradunak berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badu. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.

3. Jarduketak gauzatzeko epea 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko urriaren 31ra artekoa izanen da.

4. Laguntzen zenbatekoa honela kalkulatuko da: instalazioaren potentzia bider taulako bigarren zutabean adierazitako modulua, instalazio-tipologiaren arabera (lehen zutabea), betiere hirugarren zutabean zehaztutako laguntzaren gehieneko balioa eta jarduketaren benetako kostua gainditu gabe. Eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk geratzen bada, jarduketako gehieneko laguntza-balioak mugatutako zenbatekoa duten eskaerei erantzunen zaie, muga hori ezabatuta. Prozeduran kontuan hartuko da eskaerak aurkeztu diren hurrenkera.

JARDUKETAK

LAGUNTZA MODULUA
(euroak/kW)

GEHIENEKO
LAGUNTZA-BALIOA
JARDUKETAKO
(euroak)

Aire-ur instalazio aerotermikoak, klimatizaziorako edo/eta EUBrako

500

3.000

Eguzki-instalazio termikoa

900

1.800

Biomasako instalazioak (galdarak edo tokiko berokuntza)

250

3.000

Zirkuitu itxiko instalazio geotermikoak, klimatizaziorako edo/eta EUBrako

2.250

13.500

Zirkuitu irekiko instalazio geotermikoak edo hidrotermikoak, klimatizaziorako edo/eta EUBrako

1.600

9.000

Kontuan hartu behar da aerotermia, geotermia eta hidrotermia motako jarduketetarako, instalazioaren potentziatzat hartuko dela fitxa teknikotik edo fabrikatzailearen zehaztapenetatik ateratako berokuntza-potentzia, UNE-EN 14511 arauaren saiakuntzen arabera; hau da, bero-ponpa geotermikoetarako, B0W35 berokuntza-potentziaren balioa hartuko da, eta bero-ponpa aerotermikoetarako, berriz, A7W35 berokuntza-potentziaren balioa. PS potentzia ezin bada justifikatu arau horren arabera, teknikari eskudunak edo enpresa instalatzaileak sinatutako txosten bat aurkeztuko da, potentzia hori justifikatzeko. Nolanahi ere, eman beharreko laguntza, guztira, ezin da izan benetan gauzatutako jarduketako sorkuntzako kostu hautagarria (Khs) –behar bezala justifikatua– baino handiagoa.

Bero-ponpak erabiltzen dituzten instalazioetarako inbertsioetan, Europako Batzordearen 2013ko martxoaren 1eko Erabakiaren arabera energia berriztagarritzat jotzen direnak baizik ez dira diruz lagungarritzat joko. Erabaki horren bidez, jarraibideak ezartzen dira Batasuneko estatuek hainbat teknologiatako bero-ponpetatik datorren energia berriztagarria kalkulatzeko.

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita, eta muga-egunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (http://www.navarra.es/home_eu/) tramiteen katalogoko laguntzen fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

3. Eskaera pertsona fisiko baten izenean egiten bada, ordezkaritza-ahalmenak egiaztatu beharko dira.

4. Eskaera izapidetzean, dokumentu bereizietan eta behar bezala identifikatuetan, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Memoria: dokumentu horretan, egin beharreko jarduketa deskribatuko da, eta honako hauek jasoko dira:

–Ordeztutako sorkuntza-elementuak (erregai fosilak), ezaugarri teknikoak barne, halakorik izanez gero.

–Instalatu beharreko sorkuntza-elementuak, instalazioaren potentzia jasotzen duen fitxa teknikoa zehaztuta.

b) Aurrekontua: aurrekontua xehatuko da, erreforman egindako jarduketak banakatuta.

5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Oinarri honen 4. atalean eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

5. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntza hau banakako ebaluazioaren araubidean emanen denez, eskabideak aurkezten diren hurrenkeraren arabera ebaluatuko dira, 3. oinarrian ezarritako laguntzaren intentsitatea aplikatuta, horretarako aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Aipatutako foru legearen 17.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuaren martxoaren 27ko 42281/2024 Erabakiaren bidez baimena eman zitzaion Industriaren, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiari 2024. urtean bizitegien sektorea deskarbonizatzeko dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidean.

2. Energia Planaren eta Europako Proiektuen Atalak ebaluatuko ditu eskaerak ezarritako irizpideei jarraituz, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie eskatzaileei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan jasoko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza onartu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

6. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzen ordainketa.

1. Onuradunek telematikoki eta laguntzen fitxaren bidez aurkeztu beharko dituzte gauzatutako jarduketak justifikatzen dituzten agiriak. Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2024ko urriaren 31n amaituko da.

2. Honako hauek dira aurkeztu beharreko justifikazio-agiriak:

a) Fakturak.

b) Ordainketaren egiaztagiriak.

c) Instalatutako sorkuntza-elementuen fitxa teknikoa.

d) Instalazio termikoaren ziurtagiria, instalatzaile baimenduak emana (kendutako instalazioaren erreferentzia jaso beharko du).

e) Eraikinetako instalazio termikoen erregistroaren egiaztagiria edo enpresa instalatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, EITEren arabera erregistratu beharrik ez dagoela adierazten duena.

f) Ordainketa eskaera eta dokumentazioa osorik eta egintza bakar batean aurkeztuko dira. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa osoa ez bada edo akastuna bada, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun balioduneko epean, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa osoa ez bada edo akastuna bada, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun balioduneko epean, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Justifikazio-agiriak atal honetan ezarritako epean aurkezten ez badira, laguntzarako eskubidea galduko da.

5. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

6. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.

7. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezten denetik hiru hilabeteko epean gehienez.

7. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduketa egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

b) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 9. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.

c) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.

d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 6. oinarrian ezarritako epean egiten bada.

3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak zilegi izanen du beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egitea, egiaztatzeko benetan gauzatu direla dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak, bai eta funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

8. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

9. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB). Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskaera-inprimakian jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

10. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, eta, horretarako, erabiliko du Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zer aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (https://www.nafarroa.eus).

11. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak kudeatzeko. Era berean, jakinarazten da datuak babesteko eskubideak departamentu horretan balia daitezkeela, laguntzen fitxan adierazitako moduan.

12. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2406690