97. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

57E/2024 FORU AGINDUA, maiatzaren 2koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntza honetarako deialdia onesten baita: "Euskarazko hedabideen berrikuntza eta digitalizaziorako proiektuetarako laguntzen deialdia". Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 758426.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, 27. artikuluan, Nafarroako Administrazio Publikoak premiatzen ditu hedabide publiko eta pribatuetan euskararen presentzia gero eta handiagoa sustatzera.

Lege betebehar hori betetzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eginkizun hauek ditu esleituak: hedabide sozial publiko zein pribatuetan euskararen presentzia progresiboa sustatzea, laguntza ekonomiko eta materialerako planak egitea, eta Nafarroako hedabide publiko eta pribatuetan euskara sustatzeko egiten diren deialdiak kudeatu eta ebaluatzea, aipatu erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 240/2023 Foru Dekretuak xedatutakoari jarraikiz.

Deialdi honen helburua da euskara hutsezko hedabideei bilakaera teknologikoa eta eraldaketa digitala erraztea. Diruz lagunduko dira IKT soluzioak eta eraldaketa digitalerako aukerak ezartzeko berrikuntza eta digitalizazio proiektuak. Deialdian, 2024. urterako 271.500 euro banatzeko oinarriak ezartzen dira.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea dirulaguntza honetarako deialdia 2024ko aurrekontu ekitaldirako: "Euskarazko hedabideen berrikuntza eta digitalizaziorako proiektuetarako laguntzen deialdia". Foru agindu honek erantsita dauzkan oinarriek eta eranskinek arautuko dute.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-7709-334103: Euskarazko hedabideen berrikuntzarako eta digitalizaziorako proiektuetarako laguntzak

2024

271500,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Gai Administratiboak, Langileria eta Azpiegiturak Kudeatzeko Atalera, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzaten.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 2an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroan dauden euskara hutsezko hedabideen berrikuntzarako eta digitalizaziorako proiektuak garatzeko laguntzak arautzea, 2024. urtean.

Deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2023-2025 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, 456. ildoan. Plan hori Nafarroako Gobernuaren 2023ko apirilaren 26ko Erabakiaren bidez onetsi zen. Bertan, deialdiaren helburu operatiboak ezartzen dira: euskarazko hedabideei digitalizazioa ezartzen laguntzea, euskarazko hedabideen eraldaketa digitalari aplikatutako IKT soluzioak eskaintzea, eraldaketa digitalerako aukerak eskaintzea eta euskarazko hedabideen proiektuetan atzematen diren premietarako soluzio teknologikoak garatzea.

2. Aurrekontu erabilgarria eta denbora-eremua.

Deialdi honetarako aurrekontua 271.500 eurokoa da, gehienez ere, eta 2024ko gastuen aurrekontuko "Euskarazko hedabideen berrikuntzarako eta digitalizaziorako proiektuetarako laguntzak" izeneko B30002 B3200 7709 334103 partidaren kargura ordainduko da.

Diruz laguntzen diren jarduerek 2023ko azaroaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarteko eginak behar dute, biak barne. Euskarabideari ziurtagiriak aurkezteko epea 2024ko irailaren 30ean amaituko da, eta ordura arte ordaindutako fakturak onartuko dira.

3. Onuradunak.

Laguntza hauek jasotzen ahalko dituzte euskara hutsezko hedabideen titularrak diren pertsona juridikoek, baldin eta hedabideak egoitza soziala edo lantoki bat Nafarroan badu, eta hedabidea hauen artean bada:

–Eguneroko prentsa edo aldizkariak, haien zabalkunde eremua Nafarroako Foru Komunitatea bada, eta haien argitaratze jarduera etengabe gauzatu bada deialdi hau argitaratu arte, diruz lagungarria den aldian. Toki mailako aldizkariek gutxienez ere 4 ale atera beharko dituzte urtean, eta gutxienez ere 8 orrialde izan, ale bakoitzeko, argitaraldi guztietan.

–Irratiak, irratiko komunikazio zerbitzuak irrati-difusioaren bidez emateko Nafarroako Gobernuak ematen dituen lizentzien titularrak badira, eta lizentzia eskuratzeko bete behar zituzten baldintza teknikoen eta programaziokoen araberako emanaldiak eskaintzen badituzte deialdi honen eskaerak aurkezteko epean.

–Lurreko Telebista Digitalaren emanaldietarako Nafarroako Gobernuak ematen dituen lizentzia pribatuen titularrak, baldin eta, oinarri arautzaile hauen babesean onetsitako deialdietako eskaerak aurkezteko epean, emanaldiak eskaintzen badituzte lizentzia eskuratzeko bete behar zituzten baldintza teknikoen eta programazioko baldintzen arabera.

–Online hedabideak, bai Nafarroan zabaltzen diren hedabideen euskarri digitala direnak, bai beren lana online baizik egiten ez dutenak.

Onuradun bakoitzak eskaera bakarra baino ezin du aurkeztu.

Aurkeztutako proposamenek originalak eta argitaragabeak izan behar dute, aurreko beste deialdi batzuetan aurkeztu gabekoak, eta deialdi honetan edo beste batzuetan aurkeztutako proposamenetan argitaratu edo kopiatu gabekoak.

Proposamenen balorazio batzorde teknikoak originalak ez diren edo beste proposamen batzuen oso antzekoak diren proposamenak baztertzen ahalko ditu.

4. Salbuespenak.

Deialdi honetatik at geldituko dira:

a) Alderdi politikoek, izaera politikoko elkarteek, sindikatuek, lanbide elkargoek eta antzekoek argitaratzen dituzten hedabideak.

b) Elkarteek, kirol klubek, fundazioek edo antzekoek beren kideen artean banatu eta erabiltzeko argitaratzen dituztenak.

c) Eskolen aldizkariak, arlo espezializatuetako aldizkariak edo bereziki interes sektoriala duten arlo zehatzetakoak, kultura buletinak eta kultura adierazpen zehatzetara edo publiko espezializatu bati zuzendutakoak.

d) Ikuskizunen gidak, denbora-pasak eta gisakoak.

e) Udalen informazio aldizkariak eta udal argitalpenak, interes orokorrekoak ez direnak.

f) Informazio espezializatua ematen duten informazio orriak.

g) Idatzizko hedabideen kasuan, beste hedabide baten barnean banatzen diren tartekoak.

h) Lege-gordailu zenbakirik ez duten argitalpenak.

i) Online hedabideak, ez badute legez jasoa jarduera hori beren eskrituretan, xede sozialen artean.

j) Azpidomeinuak eta birbideratzeak deialditik at geldituko dira.

k) Enpresek beren produktuak sustatzeko egiten dituzten argitalpenak, interes orokorreko albisteak jasotzen badituzte ere.

l) Atari eta webgune puntualak, jardunaldi edo ekimen zehatzen kariaz sorturikoak, euskararekin lotura zuzena izanik ere.

m) Ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan euskara erabiltzen duten gaztelaniazko hedabideak.

n) Argitalpenak, baldin eta lanak, gaurkotasuneko artikuluak edo kazetaritzakoak ez diren idazlanak berrargitaratzen edo egokitzen badituzte eta, betiere, aurretik beste hedabide batzuetan argitaratu badira eta deialdi berean badaude.

o) Publizitateko atariak eta argitalpen digitalak, lineako merkataritza gidak eta, oro har, nagusiki publizitate-xede edo -eduki bat duten argitalpen digital guztiak.

5. Jarduketa diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoak.

Diruz lagungarriak izanen dira jarduketa hauetako bat edo gehiago barne hartzen duten proiektuak:

1. multzoa.–Eraldaketa digitalerako plan bat prestatzea.

–Kanpoko aholkulari espezializatuek emandako aholkularitza-zerbitzua, eraldaketa digitalerako plan bat prestatzeko edo eraldaketa edo berrikuntza digitalari lotutako ekimenak edo proiektuak zehazteko, diseinatzeko eta gauzatzen laguntzeko.

–Eraldaketa digitalerako plan (EDP) bat egiteko, III. eranskinean azaldutako faseak eta alderdiak bilduko dira gutxienez.

–Diruz lagungarriak izanen dira kanpoko aholkularitza zerbitzuak hedabideari fakturatutako gastuak, EDPa egiteko proiektuari dagozkionak zalantzarik gabe.

2. multzoa.–Soluzio digitalak definitzea, diseinatzea eta eraikitzea.

–IKT soluzioak, hedabidearen eraldaketa digitalera eta eraldaketa digitalerako aukeretara aplikatuak. Arazo jakin bati erantzuten dioten, berrikuntza bat dakarten edota hedabidearen eraldaketa digitalerako aukera bat sortzen duten soluzio digitalak zehaztu, diseinatu, garatu eta ezarriko dira.

–Hedabidearen arazo jakin bati erantzuten dioten edo hedabidean aukera bat sortzen duten IKT soluzioak garatu eta ezarriko dira. Halaber, baliabideen kudeaketa eta barneko eta kanpoko logistika bateratzen dituzten soluzioak izaten ahal dira.

–IKT soluzioak ezartzean, barne hartzen ahalko da soluzio digital horiek ongi funtzionatzeko nahitaez behar diren elementu material eta immaterialak erostea.

–Proiektu horiek berrikuntza ekarri beharko dute hedabideen esparruan, ikuspegi teknologikotik edo produktuan, zerbitzuan edo erakundean aplikatzearen aldetik.

Dirulaguntza jasotzen duten proiektu guztietatik Interneten kargatzen diren edukietan emakumearen aurkako bereizkeriaren irudiak galaraziko dira eta emakumeen eta gizonen rolen berdintasuna eta aniztasuna bultzatuko dira. Orobat, hizkera sexistaren erabilera saihestuko da eduki horiei erantsitako testu guztietan.

5.1. Gastu diruz lagungarriak:

1. Gastu diruz lagungarriak izanen dira onuradunari fakturatzen dizkiotenak:

a) Hiru motatako zerbitzu profesionalen gastuak:

–Eraldaketa digitaleko plan baterako diagnostikoa, zehaztapena eta plangintza egiteko aholkularitza.

–Eraldaketa digitaleko plan hori garatu eta ezartzea.

–Berrikuntza eta/edo eraldaketa digitala dakarten soluzio digital zehatzen ezarpena garatzea.

b) Zerbitzua emateko ezinbestekoak diren aktibo material eta immaterialak erosi izanaren gastuak, hala nola ekipoak, soinu-mahaiak, sentsoreak, softwarea, aplikazio informatikoak, ekipamendu teknologikoak, zerbitzarien kudeaketa eta mantentze-lanak edo informazioa online gordetzeko baliabideak, baldin eta deialdi honen xede den zerbitzua emateko jasotako jarduerak gauzatzeko bakarrik eta modu zuzenean erabiltzen badira eta ez badago horietarako beste finantzaziorik.

2. Gastu diruz lagungarrietako bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela; horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan (V. eranskina).

Honako kasu hauetan, onuradunak ez daude behartuak hiru eskaintzak eskatzera, baina aipatutako inprimakian justifikatu beharko dira:

i. Gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez dagoenean zerbitzu hori emateko edo hornidura egiteko entitate aski.

ii. Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin denean.

iii. Lehendik egin denean hornitzaileen aukeraketa prozesu bat, bermatzen duena eskaintza tekniko-ekonomiko hoberena aukeratzea.

iv. Gastua hautatutako hornitzailearekin aurretik izandako proiektu, garapen edo lankidetza baten ondorioa denean.

3. Egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo duten hedabideen titularrak diren pertsona juridikoen kasuan, Nafarroan kokatutako lantokiei dagozkien gastuak baino ez dira izanen diruz lagungarriak, eta justifikatu egin beharko da gastu horiek egozpena.

5.2. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Dirulaguntza jasotzen duen proiektuari zuzenean lotuak ez dauden gastuak.

b) Pertsonal-gastuak, gastu arruntak, altzarien gastuak, kontsumigarrien gastuak, obren gastuak, baita ordenagailu pertsonalak eta zerbitzariak, inprimagailuak, terminalak, displayak, tabletak, kontsolak eta antzekoak erostea ere, baldin eta dirulaguntza honen xede den jardueraren deskribapenean ezarritakoak ez diren beste erabilera batzuetarako erabiltzen ahal badira.

5.3. Laguntzen zenbatekoa:

Dirulaguntza gastu diruz lagungarrien %90 izanen da, zeharkako zergak kanpo.

Onuradun bakoitzeko dirulaguntza gehienez ere 50.000 eurokoa izanen da.

5.3.1. Azpikontratazioa.

Dirulaguntza honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, hirugarrenekin hitzartzea haiek gauzatu dezatela, hein batean, dirulaguntzaren xede den jarduera. Dirulaguntzaren xede den jarduera onuradunak berak egin ahal izateko egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

Erakunde/pertsona onuradunek aukera izanen dute diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko, osorik edo partzialki, jardueren kostuaren %100era arte.

Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako gainerako aurreikuspenak ere bete beharko dira. Zehazki, hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egiteko kontratua idatziz sinatu beharko da.

5.3.2. Zenbatekoen kalkulua.

Hautatutako eskaera bakoitzari dagokion zenbatekoa banatu ondoren gerakinik baldin badago, zati proportzionaletan banatuko da gastu diruz lagungarrien %100 baino gutxiago egokitu zaien eskaeren artean.

6. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.

Nafarroako Gobernuaren "Tramitatu" botoiaren fitxa betetzea:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/euskarazko-hedabideetan-berrikuntza-eta-digitalizaziorako-proiektuetarako-laguntzak

Laguntzaren eskaeran, ez dira kontuan hartuko ez frogagiriak, ez fakturak, ez eta gastuen, diru-sarreren eta dirulaguntzen frogagiriak ere. Dokumentu horiek aurkezten badira, berriz bidali beharko dira justifikatzeko unean.

Honako hau da eskaera telematikoari gehitu behar zaion dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera (dokumentu bakoitza bereiz aurkeztuko da, izenarekin behar bezala identifikatua):

a) Gastuen, diru-sarreren, dirulaguntzen eta balantzearen aurreikuspena (II. eranskina).

b) Hedabidearen digitalizaziorako plangintzako agiria (III. eranskina).

c) Eraldaketa digitalerako plan bat egiteko laguntza eskatzen bada, adierazi beharko da zein izanen den aholkularitza zerbitzua emanen duen kanpoko aholkularitza enpresa eta, halaber, planaren betekizunak, IV. eranskinean zehazten direnak.

d) "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakia eta 5.1 oinarrian aipatzen diren hiru eskaintzak. Dirulaguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada ekipamendu ondasunen horniduraren edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu egin beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, salbu eta, dirulaguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua egin dezaketen entitateak behar adina ez badira, edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Hori frogatzeko, ziurtagiri bat aurkeztu behar da, hornitzailea hautatzeko erabili den prozedura justifikatzeko (V. eranskina).

e) Adierazpena, Gardentasunari buruzko Legeak ezarritako baldintzak betetzen direla dioena.

f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, aurkezten den lehenengo aldia bada edo bankuko daturen bat aldatu nahi bada:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta

g) Baldin dirulaguntzaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko erakundeez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete egin direla ordainketa-epeak:

a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran aurreikusitako frogabideren bat ere erabil dezakete.

b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez:

1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adieraziko baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoa).

Nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren ziurtagiria aurkeztuko da, eta, lortutakoan, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko da.

Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

h) Proiektua zuzen baloratzeko interesekotzat jotzen diren dokumentu guztiak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetan, espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen ditu identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duena.

Entitate edo pertsona eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriz aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluarekin bat. Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan eta noiz aurkeztu zen edo luzatu zuten. Bide hau bakarrik erabiltzen ahalko da agirien prozedura bukatu zenetik bost urte baino gehiago iragan ez badira.

7. Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus webguneko tramitazio-fitxaren bidez (aurrerantzean, Nafarroako Gobernuaren "Tramitatu" botoiaren fitxa); horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Eskaerak aurreko oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio hori egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela, inguruabar hori deklaratzen duen ebazpena eman ondotik.

Eskaeran eta erantzukizunpeko adierazpenean emandako datuak, bai eta dirulaguntzaren onuradun izanez gero aurkezten diren gainerako datuak eta dokumentazioa ere, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako legeria aplikagarrian xedatutakoari jarraituz tratatuko dira. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak aipatutako legerian oinarriturik erabiliko dira, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuan.

8. Instrukzioa.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak bideratuko du prozedura. Eskaerak ebaluatuko ditu deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera, eta, batzordeak egindako ebaluazioa ikusirik, ebazteko proposamena eginen du.

Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira.

Baldin eta pertsona edo entitate onuradunek jarduera bera egiteko bateragarriak diren dirulaguntzak hartzen badituzte, dirulaguntzen zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan aipatu onuradunek egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuekin nahiz lagundutako jardueraren baliabide berekiekin batuta.

Instrukzio organoak ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideak erabiliz.

Balorazio batzorde teknikoak eskaerak aztertzeko egokitzat jotzen duen informazioa eskatzen ahalko du.

9. Balorazio batzorde teknikoa.

Aurkeztutako eskaerak aztertuko ditu, teknikoki eta aurrekontuaren aldetik egokiak diren begiratuko du, eta baloratu eginen ditu. Batzordearen irizpena loteslea izanen da, eta honako hauek osatuko dute:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan ariko dena, botoa eta hitza dituela.

Balorazio batzordeak kanpoko aholkularitza teknikoa jasotzen ahalko du; eta kanpoko aholkulariek, dirulaguntza eskaerei buruzko aholkularitza teknikoa emanen dutenek, hitza izanen dute, baina botorik ez. Halaber, eskaerak behar bezala baloratzeko beharrezkotzat jotzen dituen txosten teknikoak eskatzen ahalko ditu.

Balorazio batzorde teknikoak, aurkeztutako programen edukiaren arabera, egoki iruditzen zaizkion teknikarien aholkua eskatzen ahalko du.

Batzordearen ebaluazioa ikusirik, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Euskarabideko zuzendari kudeatzaileari.

10. Eskaerak baloratzeko irizpideak eta laguntzen esleipena.

Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5.3 oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

Eskaeren ebaluazioa egiteko, enpresa eskatzaileak aurkeztutako informazioa hartuko da kontuan, ez besterik. Edonola ere, organo kudeatzaileak zilegi izanen du argibideak eskatzea eskaeraren alderdiren baten gainean, baldin eta horrek ez badakar eskaera birformulatzea edo hobetzea.

Ez badago nahikoa krediturik eskatzaile batzuei dagokien laguntzaren zenbateko osoa emateko, eskatzaileek dirulaguntzari uko egin nahi izanez gero, 10 egun baliodun izanen dituzte berariaz uko egin diezaioten. Halakoetan, zenbatekoa hurrengo eskatzaileari emanen zaio, lehentasun hurrenkerari jarraikiz.

1.–Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA

Irizpide kualitatiboak

50

Digitalizaziorako plangintzako agiriaren memoria teknikoaren kalitatea:

1.–Ekintzen egutegia aurkeztea, mugarri, data eta entregagai zehatzekin.

20

2.–Aholku emateko hautatutako profesionalen curriculuma aurkeztea.

15

3.–Eraldaketa digitaleko planak aurkeztea edo soluzio digitalak ezartzen esperientzia dutela justifikatzea.

15

Irizpide kuantitatiboak

35

a) Hedabideetan lan egiten duten pertsonen kopurua.

25

b) Emakumeen ehunekoa plantillan.

5

c) Desgaitasuna duten pertsonak egotea.

5

a) Digitalizaziorako plangintzako agiriaren memoria teknikoaren kalitatea:

Baloratuko dira zehaztasuna, argitasuna eta III. eranskinean ezarritakoari dagokionez egindako hobekuntzak. Laguntza eman dadin, justifikatu beharko dira memoria teknikoaren kalitatea baloratzeko faktore gisa zehaztutako hiru elementuak (egutegia, curriculumak eta eraldaketa planak edo ezarpenetan izandako esperientzia). Laguntza eman dadin, eskatzaileek gutxienez 25 puntu lortu beharko dituzte atal honetan.

b) Hedabidean lan egiten duten pertsonen kopurua:

HEDABIDEETAN LAN EGITEN DUTEN
PERTSONAK

1-3

4-5

6-10

11-20

>20

Puntuazioa

25

20

15

10

5

c) Emakumeen ehunekoa plantillan:

Baloratuko da plantillako zer ehuneko diren emakumeak hedabideak Nafarroan dituen lantokietan, taula honen arabera:

EMAKUMEEN EHUNEKOA PLANTILLAN

%40 ETA %60 BITARTEAN

%60 BAINO GEHIAGO

Puntuazioa

2

5

d) Desgaitasuna duten pertsonak egotea:

Baloratuko da desgaitasuna duten pertsonak egotea hedabideak Nafarroan duen plantillan, irizpide hauen arabera:

–50 langile baino gutxiagoko hedabideak, desgaitasuna duen langileren bat dutenak: 5 puntu.

–50 langile baino gehiagoko hedabideak, taula honen arabera:

DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEN EHUNEKOA

%2 ETA %3 BITARTEAN

%3 BAINO GEHIAGO

Puntuazioa

2

5

2. Berdinketarik izanez gero, proiektuak a.1) letrako irizpide kualitatiboetan lortutako puntuazioak deseginen du. Berdinketak jarraituz gero, a.2) letran lortutako puntuazioak deseginen du. Berdinketak oraindik ere jarraituz gero, a.3) letran lortutako puntuazioak deseginen du.

11. Laguntzen esleipena.

Laguntza hauek norgehiagokako araubidean emanen dira. Hartara, instrukzio organoak deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko ditu eskaerak.

Dirulaguntzaren banakako zenbatekoa gehienez 50.000 eurokoa izanen da diruz lagun daitekeen proiektu bakoitzeko, eta dirulaguntzaren ehunekoa onartutako aurrekontuaren %90 izanen da.

Hautatutako eskaera bakoitzari dagokion zenbatekoa banatu ondoren gerakinik baldin badago, zati proportzionaletan banatuko da gastu diruz lagungarrien %100 baino gutxiago egokitu zaien eskaeren artean.

Hau da, dirulaguntzaren zenbatekoa ez da proiektuaren defizita baino handiagoa izanen.

12. Ebazpena.

a) Balorazio batzorde teknikoak prestatutako proposamena ikusita, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du aurkeztutako eskaeren gainean, gehienez ere hiru hilabetean eman ere, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aitzina, bertan azalduz eskaera bakoitzari onartutako aurrekontua, lortutako puntuazioa eta guztira esleitutako dirulaguntza; dirulaguntza ukatuz gero, horretarako arrazoiak aipatuko ditu.

b) Ebazpenaren edukia Euskarabidearen web-orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan laguntza honi dagokion fitxan ere, 7. oinarrian adierazten den helbidean.

13. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Entitate edo pertsona onuradunek behar bezalako publizitatea emanen diote hartutako dirulaguntzari, dirulaguntzaren onespenaren hasieratik eman ere. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala, kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jardueraren zabalkundea egiten den bitartean mantenduko da.

Horrez gain, idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartzearen berri emanen da. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera egiten diren publizitate eta zabalkunde jardueretan soilik eskatzen ahalko da betebehar hori.

14. Gardentasunerako betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako zenbatekoa konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onetsitako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Adierazitako informazioa entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da, deialdiaren tramitearen fitxaren orriaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/euskarazko-hedabideetan-berrikuntza-eta-digitalizaziorako-proiektuetarako-laguntzak.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

15. Gastuen eta sarreren justifikazioan aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Entitate onuradunek, behin dirulaguntzaren xedeko jarduerak eginda, 2023ko azaroaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte (bi egun horiek barne) egindako jardueraren gastuei dagozkien frogagiriak aurkeztu behar dituzte Justifikazioen Erregistroaren bidez.

Euskarabideari ziurtagiriak aurkezteko epea 2024ko irailaren 30ean amaituko da, eta ordura arte ordaindutako fakturak onartuko dira, baldin eta 2023ko azaroaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte (bi egun horiek barne) egindako jarduerei dagozkien fakturak badira.

Ez da eskatuko aurkezpenaren data baino lehen ordaindu ezin diren finantza-gastuak, zerga-gastuak eta gizarte-segurantzakoak ordaindu izana, baldin eta horiek likidatzeko borondatezko epea oraindik irekita ez badago.

Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

Diruz lagundutako aldian egindakoaren memoria xehatua.

a) Eraldaketa digitalerako plan bat egiteko laguntza eskatu bada, EDPa aurkeztu beharko da.

b) Diruz lagundutako aldiari dagozkion gastuen zerrenda eta frogagiriak eta gastu horien bankuko ordainagiriak (BEZa kanpo), jatorrizkoak edo kopia soilak, oinarri honetan aipaturiko aurrekontuaren arabera. Euskarabideak beretako gordeko du edozein unetan edo edozein entitate interesduni jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu. Fakturak eta ordainagiriak segidan jarri behar dira: lehenik, faktura eta, haren atzetik, dagokion bankuko ordainagiria (VI. eranskina).

c) Diruz lagundutako aldiari dagozkion diru-sarreren zerrenda eta frogagiriak, jatorrizkoak edo kopia soilak, 5. oinarriak dioen bezala. Euskarabideak beretako gordeko du entitate interesdunei jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu. Zerrendatzen diren diru-sarrerak eta dirulaguntzak hurrenez hurren zenbakituak egonen dira, eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote (VI. eranskina).

d) Jasotako dirulaguntzen frogagiriak: xede eta helburu bererako beste laguntzarik jaso badute, idatziz jasota utzi beharko dute, laguntzak eman edo ordaindu dituen entitatearen zinpeko adierazpenaren bidez, eta laguntzen zenbatekoa adierazita. Inola ere ez da zenbatu behar Euskarabidetik jasotzea aurreikusten den dirulaguntza (VI. eranskina).

e) Kalkulu taula, gastuen, diru-sarreren eta dirulaguntzen justifikazioari dagozkion datuekin beteta. Kalkulu taulako azken erlaitza, balantzean, entitateko pertsona eskudunak sinatu behar du (VI. eranskina).

Deialdiaren dirulaguntzaren xedea betetzat joko da proposatutako komunikazio jarduera osoa gauzatu dela egiaztatzen denean.

Laguntza justifikatzeko dokumentazioa osoa ez bada edo akastuna bada, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun balioduneko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

16. Laguntzen ordainketa.

a) Dirulaguntzaren ordainketa urtea bukatu aurretik eginen da, epe bakarrean, organo kudeatzaileak 6. oinarrian eskatutako agiriak aztertu ondoren. Balorazio irizpideekin bat modu egokian gauzatutako proiektuei osorik ordainduko zaie laguntzak ematean ezarritako zenbatekoa.

b) Gerta daiteke diruz lagundutako jardueraren justifikatutako guztizko gastua txikiagoa izatea onetsitako aurrekontua baino. Horrelakoetan, proportzioan gutxituko da eman den zenbatekoa. Nolanahi ere, ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da, 13. oinarrian araututakoari jarraikiz.

Deialdi honen indarraldian proiektu bererako beste dirulaguntza bat ematen bazaio, hedabideak deialdiaren organo kudeatzaileari jakinarazi beharko dio. Horren harian, dirulaguntza gutxitu eginen da baldin eta haren zenbatekoa, bakarrik edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandakoekin batera, diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoa bada.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira xede eta helburu berberetarako beste administrazio batzuetatik, Nafarroako Gobernuko departamentuetatik eta edozein motatako entitate eta erakunde publiko edo pribatuetatik jasotzen den beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo diruz lagundutako jardueraren berezko baliabide batzuekin batuta, erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

17. Jardueren kontrola.

a) Euskarabideak egokiak iruditzen zaizkion kontrol eta egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu laguntzak hartzeko ezarritako eginbeharrak betetzen direla egiaztatzeko. Eginbeharrak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

b) Kasua bada, onuradunak jakinarazi beharko dio laguntza ematen duen organoari xede bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu edo jaso dituela, izan beste autonomia erkidego bateko administrazio publiko batenak nahiz erakunde edo entitate publiko edo pribatu batenak.

c) Proiektuetarako laguntzak eskatu dituzten hedabideek eskaeran programatutako epeak bete beharko dituzte. Epe horiek bete ezean, Euskarabideak, behar den ikuskapena egin ondoan, emandako laguntza berrikusiko du, eta horren arabera dagokion zenbatekoa gutxitu edo osorik deuseztatuko du, hala behar badu.

d) Hedabide onuradunek genero-berdintasunaren printzipioak begiratu beharko dituzte, bai beren funtzionamenduan, bai zabaltzen dituzten edukietan.

18. Ez-betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

a) Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra egonen da, edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze astuntzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Balorazio batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.

b) Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

19. Dirulaguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.

a) Modalitate hau oinarri hauek gobernatuko dute, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak ere, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.

b) Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

c) Era berean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Gastuen, diru-sarreren, dirulaguntzen eta balantzearen aurreikuspena.

https://www.navarra.es/documents/48192/25378479/II.eranskina_Anexo_II_Convocatoria+de+digitalizaci%C3%B3n.xls/c5e1d638-df23-bc24-8f32-0327db75e871?t=1714729984750

III. eranskina.–Hedabidearen digitalizaziorako plangintzako agiria.

https://www.navarra.es/documents/48192/33808452/ANEXO+III.docx/9aea59b8-a341-0a1d-078d-828cef9625e9?t=1714985375603

IV. eranskina.–Eraldaketa digitaleko planaren betekizunak.

https://www.navarra.es/documents/48192/25378479/ANEXO+IV.docx/b8bafd4f-e3d9-cf7e-70d3-c6e84b013152?t=1714986099763

V. eranskina.–"Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakia eta 5.1 oinarrian aipatzen diren hiru eskaintzak.

https://www.navarra.es/documents/48192/25378479/ANEXO+V.docx/de0c8cb1-a53c-f172-ea06-dd0e55dff157?t=1714730084022

VI. eranskina.–Frogagiriak: gastuen, diru-sarreren eta dirulaguntzaren taula.

https://www.navarra.es/documents/48192/25378479/VI.eranskina_Anexo_VI+%281%29.xls/c5a1a937-9bf2-5514-5e15-172df9aef9ff?t=1714730129451

Iragarkiaren kodea: F2407310