97. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

53E/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 25ekoa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, zeinaren bidez laguntza-deialdi bat onesten baita irabazi-asmorik gabeko entitateetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzen duten hizkuntza planak eta ekintza puntualak prestatzeko eta/edo ezartzeko eta eduki digitalak egokitzeko. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 757422.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eginkizunen artean honako hau dago: gizarte bizitzaren eremu guztietan euskarari eta haren erabilerari buruz sentsibilizatzeko programak egitea, helburu bera duten erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan, bat etorriz erakunde autonomo horren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 240/2023 Foru Dekretuan xedatutakoarekin.

Horregatik, egoki jo da laguntzak ematea, norgehiagokako araubidearen prozedurari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitatean dauden irabazi-asmorik gabeko entitateetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzen duten hizkuntza planak eta ekintza puntualak prestatzeko eta/edo ezartzeko eta eduki digitalak egokitzeko 2024an.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea laguntza-deialdi bat irabazi-asmorik gabeko entitateetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzen duten hizkuntza planak eta ekintza puntualak prestatzeko eta/edo ezartzeko eta eduki digitalak egokitzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-4819-334113: Laguntzak euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko irabazi-asmorik gabeko entitateen funtzionamenduan

2024

90000,00

B30002-B3200-7819-334103: (E) Laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, euskara ingurune digitalean sustatzeko aplikazioak garatzeko

2024

12000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko apirilaren 25ean.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN DAUDEN IRABAZI-ASMORIK GABEKO ENTITATEETAN EUSKARAREN ERABILERA ETA PRESENTZIA SUSTATZEN DUTEN HIZKUNTZA PLANAK ETA EKINTZA PUNTUALAK PRESTATZEKO ETA/EDO EZARTZEKO ETA EDUKI DIGITALAK EGOKITZEKO LAGUNTZEN DEIALDIA. OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da arautzea nola emanen diren Nafarroako Foru Komunitatean dauden irabazi-asmorik gabeko entitateetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko laguntzak, horien bidez euskara planak prestatu edo ezar ditzaten eta neurri puntualak hartu eta inbertsioak egin ditzaten hizkuntza horrek haien webguneetan eta software aplikazioetan duen presentzia eta erabilera areagotzeko.

Deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2023-2025 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, 455. ildoan. Plan hori Nafarroako Gobernuaren 2023ko apirilaren 26ko Erabakiaren bidez onetsi zen. Bertan, deialdiaren helburu operatibo gisa ezartzen da euskararen presentzia areagotzea irabazi-asmorik gabeko entitateen funtzionamenduan.

2. oinarria.–Aurrekontu erabilgarria.

Deialdi honetara bideratuko den gehieneko aurrekontua 102.000 eurokoa da, honako partida hauen kargura: 90.000 euro "Laguntzak, euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko irabazi-asmorik gabeko entitateen funtzionamenduan" izeneko B30002-B3200-4819-334113 partidaren kargura –1., 2. eta 3. modalitateetara aurkezten diren irabazi-asmorik gabeko entitateentzat–, eta 12.000 euro "(E) Laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, euskara ingurune digitalean sustatzeko aplikazioak garatzeko" izeneko B30002-B3200-7819-334103 partidaren kargura –4. modalitatera aurkezten diren irabazi-asmorik gabeko entitateentzat–. Bi partida horiek 2024ko gastu-aurrekontukoak dira.

3. oinarria.–Entitate onuradunak.

Laguntza hauek jasotzen ahalko dituzte indarreko legeriaren arabera legez eratuta dauden eta Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden irabazi-asmorik gabeko entitate guztiek.

Kanpoan geldituko dira:

a) Honako arlo hauetan aritzen diren entitateak: helduen euskarazko irakaskuntza; euskararen arloko aholkularitza edo normalizazio lanak; eta beste enpresa batzuei euskara itzulpenak egitea edo euskarazko laguntza linguistikoa ematea.

b) Euskara sustatzea jarduera nagusitzat duen beste edozein entitate.

c) Komunikabideak.

Horrez gain:

d) Entitate bat hirugarren modalitatera (ekintza solteak) aurkeztu bada hala 2022ko deialdian ("Sektore pribatuko enpresetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko laguntzen deialdia") nola 2023koan ("Irabazi-asmorik gabeko entitateetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzen duten hizkuntza planak eta ekintza puntualak egiteko/ezartzeko eta eduki digitalak egokitzeko laguntzen deialdia"), lehen modalitatera eta/edo bigarren modalitatera baino ezin izanen da aurkeztu. Hots, entitateek euskara planik izan gabe neurri puntualetarako laguntza bi urtez jarraian jaso badute, eta deialdi honetan parte hartu nahi badute, euskara plana prestatzeko edo ezartzeko ardura hartu beharko dute nahitaez beren gain (1. eta 2. modalitateak).

e) 10 langile baino gutxiagoko entitateetan, d) puntuko murriztapenek ez dute eraginik izanen, horiek 3. modalitatean aurkez baitaitezke lau urtez. Epe hori amaituta, deialdira aurkezten badira, 1. eta 2. modalitateetara aurkeztu beharko dira.

f) 4. modalitatera aurkezten diren entitateei ez zaizkie d) puntuko murriztapenak aplikatuko.

4. oinarria.–Betebeharrak.

Onuradun izateko, betebehar hauek bete beharko dira eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko da diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte:

a) Legez eratuta egotea, Nafarroako Gobernuaren kasuan kasuko erregistroan inskribatuta egotea eta irabazi-asmorik gabekoa izatea.

b) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

c) Egoitza soziala (edo egoitza) eta egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

d) Ez egotea dirulaguntzen onuradun izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. apartatuan eta, bereziki, 3. apartatuan ezarritako gainerako debeku-egoeretan.

Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du irabazi-asmorik gabeko entitatearen ordezkariak, eskaeraren inprimakian eta deialdiaren eranskinetan dagoena betez (II. eranskina).

5. oinarria.–Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.

Deialdi honetan kontuan hartuko dira, batez ere, irabazi-asmorik gabeko entitatearen komunikazioarekin eta haren irudi korporatiboarekin lotutako gaiak, eta entitatearen barne eta kanpo harremanekin lotutakoak, denak ere Erreferentziazko Marko Estandarra izenekoan jasoak (aurrerantzean, EMEa, IV. eranskina), barne delarik entitatearen jarduerarako hizkuntza-prestakuntza. Marko hori erreferentziazkoa da, eta euskarak entitatean duen egoera zehazteko erabiliko da.

Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira.

Proposatutako jarduerekin lotura zuzena duten gastuak baino ez dira onartuko, ez badira entitate horren ohiko gastuak. Gastu horiek berariaz zehaztuta egon beharko dira entitate onuradunek aurkeztutako fakturetan.

5.1. Proiektu edo jarduera diruz lagungarriak:

MODALITATEAK

EGIN BEHARREKOA

1. modalitatea:

EMEan oinarritutako euskara plan bat egitea (IV. eranskina).

2. modalitatea:

Euskara plan bat egin ondoren, plana gauzatzeko aurreikusitako ekintzak eta kudeaketa-gastuak diruz lagunduko dira, aipatutako EMEa erreferentziatzat hartuta (IV. eranskina).

3. modalitatea:

Entitatean euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko beharrezkotzat jotzen diren ekintza puntualak eta horiek garatzeko kudeaketa-gastuak, betiere EMEan (IV. eranskina) proposatutakoen artetik.

4. modalitatea:

Lantokian euskararen erabilera sustatzeko eta zabaltzeko euskarazko eduki digitalak (webguneak eta software aplikazioak) sortzeko inbertsioak. Horrekin batera, diruz lagunduko da webguneak eta software aplikazioak egokitu edo aldatzea, euskaraz erabiltzeko.

Kanpo gelditzen dira Euskarabidearen beste laguntza-deialdi batean eta epealdi bererako diruz lagundutako proiektuak edo jarduerak.

5.2. Modalitateak eta bateragarritasuna.

Irabazi-asmorik gabeko entitateak, urte berean diagnostikoa egiten badute eta plana ezartzen badute, lehenengo bi modalitateetan aurkeztu beharko dira.

Modalitate bati dagokion dokumentazio zehaztua aurkeztu beharko da alde batetik, eta beste modalitateari dagokiona bestetik.

5.2.1. Lehenengo modalitatea: euskara plana egitea. Diru zenbatekoa: 10.000 euro.

Lehen euskara plana egitera bideratutako proiektuak, eta/edo euskara plan bat ezartzen amaitu ondoren beste bat egiteko asmoa duten entitateei zuzendutakoak.

Proiektuek helburu izanen dute euskarari pixkanaka tokia ematea entitatearen jardunean, eta fase hauek izan beharko dituzte:

a) Egoera soziolinguistikoaren azterketa eta diagnostikoa, bai barne antolakuntzari dagokionez, bai ematen dituen zerbitzuei dagokienez.

b) Euskara plan bat diseinatzea, bai barne antolakuntzari, bai zerbitzuak emateari dagokienez.

c) Jarduerak ezartzeko kronograma.

d) Plana ebaluatzeko aurreikusitako sistema, alderdi hauek neurtzeko: euskararen erabilera eta ezagutza entitatean; motibazioa eta sentsibilizazioa; entitateko langileen inplikazioa planean; hizkuntzarekiko jarrerak; hizkuntzaren ikusgaitasuna kanpoan nahiz barrenean.

Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Plana prestatzeko laguntza teknikoa (enpresak eta profesionalak kontratatzea). Kontratatutako gastuaren %100era arte laguntzen ahalko da diruz. Kontratatuz gero, ziurtatu beharko da ezen laguntza ematen duenak badituela egiaztatutako esperientzia duten langileak. Horretarako, kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo profesionalak egindako adierazpena aurkeztu beharko da (III. A eranskina).

b) Euskara plana prestatzeko kanpoko enpresarik kontratatzen ez bada, plana prestatzeko langileen gastuak diruz lagungarriak izanen dira, eta adierazi beharko da zer langile arituko diren proiektua prestatzen, bai eta lanaldiaren zer ehuneko erabiliko den eginkizun horretan eta zer ekintza eginen diren ere. Diruz lagungarria izanen da, bakar-bakarrik, Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko entitateetan ezarriko den plana prestatzen ematen duten lanaldiaren zatia.

Arduradunak gaian duen esperientzia frogatu beharko du, plana egiten duten langileen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (III. B eranskina).

Koordinazio lanak eta kudeaketa administratiboa kanpo geratzen dira, zeharkako gastutzat hartzen baitira.

5.2.2. Bigarren modalitatea: aurretik egindako euskara plan bat ezartzea edo aplikatzea. Diru zenbatekoa: 75.000 euro.

Plan horretan honako hauek jaso beharko dira:

a) Planean aurreikusitako epean euskararen erabileraren eta presentziaren helburuak lortzeko garatuko diren ekintzak (EME, IV. eranskina), arduradunak, parte-hartzaileak, kostu ekonomikoa eta epeak.

b) Batetik, komunikazio estrategiak, zeinen bidez planaren berri jakinaraziko baitzaie entitateko gainerako kideei, eta, bestetik, motibazio estrategiak eta entitatean euskararekiko jarrera hobetzeko estrategiak.

c) Plana ebaluatzeko aurreikusitako sistema, alderdi hauek neurtzeko: euskararen erabilera eta ezagutza entitatean; motibazioa eta sentsibilizazioa; langileen inplikazioa planean; hizkuntzarekiko jarrerak; hizkuntzaren ikusgaitasuna kanpoan nahiz barrenean.

Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Plana ezartzeko egindako ekintzak.

b) Plana ezartzeko laguntza teknikoa (enpresak eta profesionalak kontratatzea). Baldin enpresa bat edo profesionalak kontratatzen badira plana edo haren faseren bat egiteko, ziurtatu beharko da ezen laguntza ematen duenak badituela egiaztatutako esperientzia duten langileak. Horretarako, kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo profesionalak egindako adierazpena aurkeztu beharko da (III. A eranskina).

c) Plana ezartzen diharduten langileen gastuak ere diruz lagungarriak izanen dira, eta, halakoetan, adierazi beharko da zer langile arituko diren proiektua prestatzen, bai eta lanaldiaren zer ehuneko erabiliko den eginkizun horretan eta zer ekintza eginen diren ere. Diruz lagungarriak izanen dira, bakar-bakarrik, Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko irabazi-asmorik gabeko entitateetan garatuko diren ekintzak ezartzeko ematen duten lanaldiaren zatia.

Arduradunak gaian duen esperientzia frogatu beharko du, plana egiten duten langileen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (III. B eranskina).

Koordinazio lanak eta kudeaketa administratiboa kanpo geratzen dira, zeharkako gastutzat hartzen baitira.

d) Hizkuntza-prestakuntza diruz lagunduko da baldin eta bere jarduerarekin zuzenean lotuta badago eta entitateak antolatzen badu. Prestakuntza hori horretarako gaitutako zentroek eman beharko dute.

5.2.3. Hirugarren modalitatea: EMEtik (IV. eranskina) hautatutako ekintza puntualak edo neurri zehatzak, aldez aurreko planik gabe. Diru zenbatekoa: 5.000 euro.

a) Egindako ekintzen ondoriozko gastuak.

b) Ekintza horiek gauzatzeko laguntza teknikoa (enpresak edo profesionalak kontratatzea). Kasu horretan, ziurtatu beharko da ezen laguntza ematen duenak badituela egiaztatutako esperientzia duten langileak. Horretarako, kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo profesionalak egindako adierazpena aurkeztu beharko da (III. A eranskina).

Laguntza horri dagokion gastuak ez du onartutako aurrekontuaren %30 gaindituko.

c) Kanpoko enpresarik kontratatzen ez bada, Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantokietan ekintza puntual horiek egiteko jartzen diren enpresako langileen dedikazioa bakarrik lagunduko da diruz. Gastu horrek ez du inola ere gaindituko onartutako aurrekontuaren %30.

Arduradunak gaian duen esperientzia frogatu beharko du, plana egiten duten langileen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (III. B eranskina).

Koordinazio lanak eta kudeaketa administratiboa kanpo geratzen dira, zeharkako gastutzat hartzen baitira.

d) Hizkuntza-prestakuntza diruz lagunduko da baldin eta bere lanbide-jarduerarekin zuzenean lotuta badago eta lantokiak antolatzen badu. Prestakuntza hori horretarako gaitutako zentroek eman beharko dute.

5.2.4. Laugarren modalitatea: webguneak eta software aplikazioak euskaraz sortzeko inbertsioak, xedea dutenak euskara irabazi-asmorik gabeko entitateetan sustatu eta zabaltzea. Horrekin batera, diruz lagunduko da webguneak eta software aplikazioak egokitu edo aldatzea, euskaraz erabiltzeko. Diru zenbatekoa: 12.000 euro.

a) Entitatearen funtzionamenduarekin zuzeneko lotura duten webguneak eta software aplikazioak sortzea.

b) Entitatearen funtzionamendurako lehendik dauden webgune eta aplikazioen eboluzioa, aldaketak, hobekuntzak eta aldakuntzak: zerbitzu, funtzionaltasun eta eduki berriak gehitzea; diseinua, irisgarritasuna edo egokitzapena hobetzea gailu mugikorretan erabiltzeko.

c) Webguneak eta software aplikazioak euskarara itzultzeko lanak.

Gailu mugikorretarako software aplikazioen kasuan, gutxienez Androiden eta iOSen funtzionatzeko diseinatu beharko dira.

Ezinbestekoa izanen da produktuaren euskarazko bertsioa zabaltzeko asmoa izatea proiektuaren barrenean.

Laugarren modalitatean, honako hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Entitatean euskara erabiltzea eta sustatzea helburu ez duten eskaerak.

b) Alderdi politikoen, hauteskunde-koalizioen eta sindikatuen proiektuak.

c) Norbanakoen atariak eta webguneak.

d) Atari eta webgune puntualak (jardunaldi edo ekimen zehatzen kariaz sorturikoak, euskararekin lotura zuzena izanik ere).

e) Demoak eta prototipoak.

f) Giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetza balioak errespetatzen ez dituzten proiektuak, edo herritarrentzat iraingarriak izaten ahal diren, haien duintasuna urratzen duten edo itxuraz indarkeria justifikatzen duten ikurrak edo elementuak agertzen dituztenak.

g) Generoen arteko tratu berdintasuna errespetatzen ez duten proiektuak.

h) Material didaktiko inprimatuak, ikus-entzunezkoak edo elektronikoak garatzeko proiektuak.

i) Helduei euskara irakasteko proiektuak, edo euskara planen gaineko aholkularitza eginkizunak betetzen dituztenak.

j) Euskararen kalitatea bermatzen ez duten proiektuak, hots, Euskaltzaindiak emandako arauak eta gomendioak betetzen ez dituztenak.

k) Herritar guztiei zuzenduta ez dauden proiektuak.

l) Euskara ez ezik beste hizkuntza batzuetan ere edukiak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten webguneetan edo software aplikazioetan, gastuaren zati bat baino ez da egotziko, hau da, laguntza ekonomikoa euskarazko edukiei soilik egotziko zaie.

m) Bestalde, dirulaguntza eskatzen bada lehendik zegoen edukiren bat sarean jartzeko, egokitzapen eta itzulpen lana baizik ez da aintzat hartuko.

n) Eskatzailearen jarduera orokorraren berezko gastuak ez dira halakotzat hartuko.

ñ) Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) gastua ez da konputatuko, zerga berreskuratu ezin duten zentroetan izan ezik.

6. oinarria.–Jarduera diruz lagungarriak gauzatzeko epea.

Diruz lagunduko den epea 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitartekoa da, bi egunak barne.

7. oinarria.–Eskaerak aurkeztea eta horien epea.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta telematikoki aurkeztu beharko dira, nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Atariko izapideen katalogoko dagokion fitxaren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-elkarteetan-euskararen-erabilera-eta-presentzia-sustatzeko-euskara-planak-egin-edo-eta-ezartzeko-neurri-puntualak-hartzeko-edo-eduki-digitalak-egokitzeko-laguntzak

Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea.

7.2. Dokumentazioa artxibo bereizitan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

7.3. Dirulaguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, edo nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazioa erantsi ezean, pertsona edo entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta espedientea artxibatu eginen da, egoera deklaratzen duen ebazpena eman ondoren.

8. oinarria.–Dokumentazioa.

Behin berariazko eskaera telematikoan datuak osatutakoan eta kasuan-kasuan aurkeztu beharreko dokumentazioa han adierazitakoan, dokumentu hauek atxikiko dira:

8.1. Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea dirulaguntzen onuradun izateko debeku-egoeretan ez dagoela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira. Horrez gain, adierazpen horretan adierazi behar du betetzen dituela 4. oinarriko baldintzak (II. eranskina).

8.2. Entitate eskatzailearen nortasun juridikoaren frogagiriak:

a) Nafarroako Gobernuko kasuan kasuko erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen agiria, baita entitatearen estatutu legeztatuak ere.

b) Eskatzailea beste baten izenean eta hura ordezkatuz ari bada, horretarako emandako ahalordearen frogagiria, notario eta erregistro bidez egina.

c) Identifikazio fiskaleko kodea (IFKa).

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetan, espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen ditu identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duena.

Entitate edo pertsona eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluarekin bat.

Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan eta noiz aurkeztu zen edo, hala badagokio, noiz egin zen.

Bide hau bakarrik erabiltzen ahalko da agirien prozedura bukatu zenetik bost urte baino gehiago iragan ez badira.

8.3. Laguntza teknikoaren arduraduna den enpresaren edo profesionalaren identifikazioa, atxikita duela proiektua egiteko aukeratutako pertsonek eta profesionalek azkeneko bi urteotan hizkuntza-plangintzaren arloan izan duten esperientziari edo prestakuntzari buruzko adierazpena (III. eranskina).

8.4. Entitate eskatzailea Nafarroako Gobernuaren Transferentzia bidezko Ordainketa Sisteman alta emanda ez badago edo datu horiek aldatu nahi baditu, esteka honen bitartez egin beharko du:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta

8.5. Ekipamenduko ondasunen hornidura edo aholkularitza nahiz laguntza enpresek emandako zerbitzuak ordaintzera bideraturiko gastu diruz lagungarria 12.000 euro baino gehiago bada, frogatu beharko du efizientzia eta ekonomia irizpideak erabili direla hornitzailea hautatzeko, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori frogatzeko, egiaztagiri bat aurkeztu behar da, hornitzailea hautatzeko erabili den prozedura justifikatzeko.

8.6. Proiektu zehatz bat, honako hauek jasotzen dituena:

a) 1. modalitatea: entitatearen lehen euskara plana egiteko proposamena, garatu beharreko alderdien deskribapen labur bat duela. Gida gisa VIII. eranskina erabil daiteke, edo plan propio bat egin, betiere eranskin horretan jasotako alderdiak jasotzen badira. Nahitaezkoa da bertan jasotzen diren atal guztiei erantzutea. Gainera, EME koadroa eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria (IV. eranskina) bete behar dira.

e) 2. modalitatea: aldez aurretik euskara planik baldin badago, planaren beraren kopiaz gain, ezarpen plana ere aurkeztu beharko da, 5.2.2 oinarrian jasotzen diren atalekin. Halaber, EME taula bete eta aurkeztu behar da, proposatutako neurriak eta haien gastua adierazita, bai eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria ere (IV. eranskina). Era berean, taula bat erantsiko da, 2023ra arte egindako ekintza nagusien zerrenda jasoko duena, urteka banakatuta, baldin eta Euskarabidean ez badago jada.

c) 3. modalitatea: baldin eta neurri zehatzak aplikatu behar badira entitatean euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko, behar bezala betetako EME taula, aurreikusitako gastuak adierazita, eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria (IV. eranskina).

1., 2. eta 3. modalitateetan, kanpoko enpresarik kontratatzen ez bada, eskaeran zehaztu beharko da enpresako zein langile arituko diren proiektua gauzatzen, bai eta eginkizun horretan erabiliko duten lanaldiaren ehunekoa ere.

d) 4. modalitatea: proiektuak alderdi hauek jaso beharko ditu:

–Proiektuaren deskribapen teknikoa (VI. eranskina).

–Aurrekontu zehaztua. Hartan jasoko dira gastuak, diru-sarrerak eta, halakorik bada, inbertsioak (hots, ekitaldi batean baino gehiagotan amortizagarriak diren gastuak). Proiektuaren aurrekontu hori laburturik emanen da laguntza eskatzeko fitxan, eta xehaturik (VII. eranskina).

–Langileria gastuak (VII. eranskina) A1etik A11rako atalak, barne direla proiektua egiteko behar diren giza baliabideen gastuak, bai barneko gastuak (soldata gordina, zergarik gabe, eta legeak ezarritako kotizazioak), bai kanpokoak (kanpo zerbitzuak kontratatzea).

–Proiektuaren kudeaketari lotutako langileria gastuei dagokienez, langileria gastuen gainerako zenbatekoaren %20 hartuko da kontuan, gehienez ere (VII. eranskineko A11 atala).

Horretaz gain entitatea beste modalitateren batean parte hartzeko aurkezten bada, modalitate bakoitzerako dokumentazioa zein bere aldetik aurkeztu beharko da.

Modalitate guztietan, eskaera baloratzeko aurkeztu nahi den beste edozein dokumentazio osagarri.

9. oinarria.–Datuen tratamendua.

Eskaeran eta erantzukizunpeko adierazpenean emandako datuak, bai eta dirulaguntzaren onuradun izanez gero aurkezten diren gainerako datuak eta dokumentazioa ere, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako legeria aplikagarrian xedatutakoari jarraituz tratatuko dira. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak aipatutako legerian oinarriturik erabiliko dira, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuan.

10. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

10.1. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB).

10.2. Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko bat (GHEB) izatea, zeina Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan eskura baitaiteke: https://dehu.redsara.es/. Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea.

11. oinarria.–Instrukzioa.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak bideratuko du prozedura. Eskaerak ebaluatuko ditu deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera, eta, batzordeak egindako ebaluazioa ikusirik, ebazteko proposamena eginen du.

Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, eta hainbanaketa eginen da.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak bateragarriak dira helburu bera duten beste dirulaguntza batzuekin, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jardueraren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, pertsona edo entitate onuradunek egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Gainfinantzaketa gertatzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da behar den gehieneko diru-mugaraino.

12. oinarria.–Balorazioa: batzorde teknikoa.

12.1. Balorazio Batzorde Teknikoa.

Aurkeztutako eskaerak aztertzeaz arduratuko da, bere erabakia loteslea izanen da eta kide hauek izanen ditu:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiko arduradun bat, 4. modalitateko eskaerak baloratzeko.

–Euskara Administrazio Publikoetan Garatzeko Zerbitzuko teknikari bat, 1., 2. eta 3. modalitateetako eskaerak baloratzeko.

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan ariko dena.

12.2. Balorazio Batzorde Teknikoak, aurkeztutako programen edukiaren arabera, egoki iruditzen zaizkion teknikarien aholkua eskatzen ahalko du.

Batzordearen ebaluazioa ikusirik, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

13. oinarria.–Eskaerak baloratzeko irizpideak eta laguntzen esleipena.

13.1. Balorazio irizpideak.

Balorazio Batzorde Teknikoak jarraian adierazten diren irizpideen arabera aztertuko ditu eskaerak, eta bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera esleituko ditu laguntzak, 5. oinarrian ezarritako modalitateen ordenari jarraituz.

Aplikatutako irizpideak: 100 puntu gehienez.

–1. modalitatea:

Irabazi-asmorik gabeko entitateetan euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko, gehienez ere 100 puntu esleituko dira, eta kontuan hartuko dira EMEaren hiru ardatzetan eta deialdi honen 5.2.1 puntuan jasotako alderdi hauekin eta VIII. eranskinean jasotako alderdiekin lotutako proiektuak.

  • Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 35 puntu gehienez.
  • Kanpo harremanak: 25 puntu gehienez.
  • Barne harremanak: 20 puntu gehienez.
  • Proiektuaren koherentzia orokorra, planteatutako helburuei eta eskura dauden baliabideei dagokienez, eta proposamenen originaltasuna: 20 puntu gehienez.

–2. modalitatea:

a) Entitateetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko asmoz, 20 puntu emanen dira gehienez ere, eta EMEaren hiru ardatzetan jasotako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

  • Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 8 puntu gehienez.
  • Kanpo harremanak: 6 puntu gehienez.
  • Barne harremanak: 6 puntu gehienez.

b) Baloratuko da zer-nolako ibilbidea egin duen entitateak euskara plana ezartzeko. Ibilbidea eta planaren egonkortasuna urteen arabera puntuatuko dira, 30 puntu gehienez.

  • Urte bakoitzeko aldia honela puntuatuko da. Urte bat: 5 puntu; bi urte: 10 puntu; hiru urte: 20 puntu; lau urte edo gehiago: 30 puntu.

c) Gehienez ere 10 punturekin baloratuko da memoria, kontuan izanik plana aplikatzeak zer eragin izan duen honako alderdi hauetan: euskararekiko sentsibilizazioa, haren erabilera eta ezagutza entitatean, eta haren ikusgaitasuna entitatearen barruan zein kanpoan.

d) Entitateko kideen hizkuntza-prestakuntza egokia bermatzeko asmoz, helburu izanik eraginkortasunez sustatzea euskara izan dadila gero eta gehiago beren jarduerako lan hizkuntza: 40 puntu gehienez. Euskarabideak entitate onuradunei eskatuko die dokumentatu dezatela prestakuntza horretako parte-hartzea eta aprobetxamendua.

Alderdi hori baloratzeko orduan, pertsonen kopurua hartuko da kontuan, baita zein den haien kopurua (ehunekotan) prestakuntzan hartzen duten erakundeko kide guztien aldean.

Honako hauei 40 puntu emanen zaizkie:

  • 15 pertsona baino gutxiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haietako kideen %40k edo gehiagok parte hartzen badu prestakuntza-ikastaroetan.
  • 15 eta 49 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haietako kideen %30ek edo gehiagok parte hartzen badu prestakuntza-ikastaroetan.
  • 50 eta 249 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haietako kideen %20k edo gehiagok parte hartzen badu prestakuntza-ikastaroetan.
  • 250 pertsona edo gehiago dituzten erakundeen eskaerak, baldin eta haietako kideen %10ek edo gehiagok parte hartzen badu prestakuntza-ikastaroetan.

Prestakuntza-ikastaroetarako ezarritako gutxieneko ehuneko hori lortzen ez bada eta, horrenbestez, 40 puntu jasotzerik ez badago, hiruko erregela zuzena aplikatuko da, kontuan izanik zer kategoriatan sailkatzen den entitatea, tamainaren arabera.

–3. modalitatea:

a) Entitatean euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko asmoz, 60 puntu emanen dira gehienez, eta EMEaren hiru ardatzetan jasotako alderdi hauekin lotutako proiektuak hartuko dira kontuan:

  • Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 25 puntu gehienez.
  • Kanpo harremanak: 20 puntu gehienez.
  • Barne harremanak: 15 puntu gehienez.

b) Entitateko langileen edo profesionalen hizkuntza-prestakuntza egokia bermatzeko asmoz, helburu izanik eraginkortasunez sustatzea euskara izan dadila gero eta gehiago beren jarduerako lan hizkuntza: 40 puntu gehienez. Euskarabideak enpresa onuradunei eskatuko die dokumentatu dezatela prestakuntza horretako parte-hartzea eta aprobetxamendua.

Alderdi hori baloratzeko orduan, pertsonen kopurua hartuko da kontuan, baita zein den haien kopurua (ehunekotan) prestakuntzan parte hartzen duten erakundeko kide guztien aldean.

Honako hauei 40 puntu emanen zaizkie:

  • 15 pertsona baino gutxiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haietako kideen %40k edo gehiagok parte hartzen badu prestakuntza-ikastaroetan.
  • 15 eta 49 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haietako kideen %30ek edo gehiagok parte hartzen badu prestakuntza-ikastaroetan.
  • 50 eta 249 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haietako kideen %20k edo gehiagok parte hartzen badu prestakuntza-ikastaroetan.
  • 250 pertsona edo gehiago dituzten erakundeen eskaerak, baldin eta haietako kideen %10ek edo gehiagok parte hartzen badu prestakuntza-ikastaroetan.

Prestakuntza-ikastaroetarako ezarritako gutxieneko ehuneko hori lortzen ez bada eta, horrenbestez, 40 puntu jasotzerik ez badago, hiruko erregela zuzena aplikatuko da, kontuan izanik zer kategoriatan sailkatzen den entitatea, tamainaren arabera.

–4. modalitatea:

a) Euskararen ikusgaitasuna IKTen ingurunean: 55 puntu gehienez. Balorazioa egiteko, honako hau hartuko da kontuan:

  • Euskararen tratamendu teknikoa: proiektuaren arduradunen prestakuntza eta gaitasuna: 10 puntu.
  • Proiektuaren hizkuntza-kalitatea zaintzeko neurriak: 15 puntu.
  • Izaera berritzailea antzeko proiektuen aldean: 15 puntu.
  • Proiektuak zenbateko eragina daukan euskara pizteko enpresan eta kanpo-harremanetan: 15 puntu.

b) Proiektuaren kalitatea eta egokitasun teknikoa: gehienez 35 puntu. Balorazioa egiteko, honako hau hartuko da kontuan bereziki:

  • Proiektua planifikatzeko proposamena: 15 puntu.
  • Diseinuaren eta irisgarritasunerako neurrien proposamena: 5 puntu.
  • Aplikazioaren multiplataforma exekutatzeko neurriak: 10 puntu.
  • Hedapen neurriak: produktuan egindako gaurkotze-lanak jakinarazteko eta egoki zabaltzeko proposamena: 5 puntu.

c) Kode irekia erabiltzea: 10 puntu.

Proiektuak diruz lagungarriak ez diren ekintzak baditu, diruz lagungarriak direnak soilik hartuko dira kontuan.

13.2. Zenbatekoen kalkulua.

a) Hartutako eskaeretan oinarriturik, Balorazio Batzorde Teknikoak zenbatekoak esleituko ditu, modalitate bakoitzaren barnean, puntu sistema erabiliz.

b) Modalitate bakoitzean eskuratutako puntu guztien batuketa egin ondotik, dagoen zenbatekoaren arabera aterako da puntu bakoitzak eurotan duen balioa.

c) Lehenbiziko hiru modalitateetan soberakinik sortzen bada, oraindik diruz laguntzeko tartea duten 2. modalitateko eskatzaileen artean banatuko da proportzionalki.

d) Laugarren modalitatean soberakinik sortzen bada, oraindik diruz laguntzeko tartea duten modalitate horretako eskatzaileen artean banatuko da.

14. oinarria.–Ebazpena.

14.1. Balorazio Batzorde Teknikoak prestatutako proposamena ikusirik, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du aurkeztutako eskaeren gainean, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aitzina.

14.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenean jaso beharko da eskaera bakoitzari dagokion aurrekontu onartua, eskuratutako puntuazioa eta osotara emandako dirulaguntza, eta hura ukatu bada, horretarako arrazoiak.

14.3. Ebazpenaren edukia Euskarabidearen web-orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan ere, laguntza honi dagokion fitxan.

14.4. Gehieneko epe hori iragan eta berariaz ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Entitate edo pertsona onuradunek behar bezalako publizitatea emanen diote hartutako dirulaguntzari, dirulaguntzaren onespenaren hasieratik eman ere. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala), kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jardueraren berri ematen den denbora guztian mantenduko da.

Horrez gain, idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartzearen berri emanen da. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera egiten diren publizitate eta zabalkunde jardueretan soilik eskatzen ahalko da betebehar hori.

16. oinarria.–Gardentasun betebeharrak.

16.1. Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako zenbatekoa konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onetsitako negozio zifra.

16.2. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute telematika bidez hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita, deialdiaren tramitearen fitxaren bidez:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

16.3. Entitate onuradunaren legezko ordezkariak aurkeztuko du informazio hori, deialdiaren tramitearen fitxaren orriaren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-elkarteetan-euskararen-erabilera-eta-presentzia-sustatzeko-euskara-planak-egin-edo-eta-ezartzeko-neurri-puntualak-hartzeko-edo-eduki-digitalak-egokitzeko-laguntzak

16.4. Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

16.5. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

16.6. Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

16.7. Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

16.8. Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

17. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

Dirulaguntza epe bakarrean ordainduko da, urtea bukatu aurretik, behin jardueren memoria eta 19. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkeztu ondoan.

Gerta daiteke diruz lagundutako jardueraren justifikatutako guztizko gastua txikiagoa izatea onetsitako aurrekontua baino. Horrelakoetan, proportzioan gutxituko da eman den zenbatekoa.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira xede eta helburu berberetarako beste administrazio batzuetatik, Nafarroako Gobernuko departamentuetatik eta edozein motatako entitate eta erakunde publiko edo pribatuetatik jasotzen den beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo diruz lagundutako jardueraren berezko baliabide batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

18.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta epeak.

Entitate onuradunek, behin dirulaguntzaren xedeko jarduerak eginda, 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte (bi egun horiek barne) egindako eta fakturatutako jardueraren gastuei dagozkien frogagiriak aurkeztu behar dituzte.

Aldi horretan (2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era) egindako eta fakturatutako jardueren frogagiriak Euskarabideari aurkezteko epea 2024ko urriaren 14an bukatuko da, eta, beraz, egun hori arte ordaindutako fakturak onartuko dira.

Ez da eskatuko aurkezpenaren data baino lehen ordaindu ezin diren finantza-gastuak, zerga-gastuak eta gizarte-segurantzakoak ordaindu izana, baldin eta horiek likidatzeko borondatezko epea oraindik irekita ez badago.

19. oinarria.–Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa.

Entitate onuradunek deialdi honetako tramiteen fitxaren bidez aurkeztu beharko dute dokumentazioa:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-elkarteetan-euskararen-erabilera-eta-presentzia-sustatzeko-euskara-planak-egin-edo-eta-ezartzeko-neurri-puntualak-hartzeko-edo-eduki-digitalak-egokitzeko-laguntzak

Agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Gastuak justifikatzeko, modalitate guztietan, V. eranskina beteta aurkeztuko da (Gastuak eta Dirulaguntzak). Halaber, gastuen eta banku-ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte (BEZik gabe), laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren arabera. Euskarabideak beretako gordeko du entitate interesdunei jatorrizko agiriak noiznahi eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; eta egiazkoak ez badira, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahalko ditu.

Zerrendako gastuak hurrenez hurren zenbakituak egonen dira eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote. Era berean, ahaleginak eginen dira gastuen kontzeptuek eta dagozkien frogagiriek izen bera izan dezaten, kontzeptu bakoitzari lotutako fakturak argi eta garbi identifikatu ahal izateko.

V. eranskina (Gastuak eta Dirulaguntzak) Excel formatuan beteko da, deialdi honetan onetsitako ereduaren arabera.

Kolaborazio lanak egiten dituzten pertsona edo entitateei egindako ordainketak justifikatzeko, indarrean dagoen legeriaren arabera behar bezala betetako fakturak aurkeztuko dira.

Laguntza teknikoko lanak enpresako barne-langileek beren gain hartzen badituzte, enpresak egiaztagiri bat aurkeztu beharko du, arduradunak sinatuta. Bertan, proiektuko jardueretan emandako egunak eta orduak agertu beharko dira, eta horiei dagokien zenbatekoa, zereginen arabera xehakatuta. Baita nominak eta Gizarte Segurantzako kotizazio-agiriak ere, eta horiek ordaindu izanaren egiaztagiriak ere bai.

Euskarabideak beretako gordeko du egoki iruditzen zaizkion agiri osagarriak pertsona edo entitate interesdunei noiznahi eskatzeko eskubidea, haien egiazkotasuna egiaztatzeko; eta egiazkoak ez badira, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahalko ditu.

b) Memoria:

–Lehenengo modalitatea: euskara plana jasoko duen memoria, deialdi honen 8.6 oinarrian ezarritakoaren arabera.

–Bigarren modalitatea: zer jarduera egin diren, jarduera horiek zer neurritan hobetzen dituzten EMEko adierazleak, kronograma eta ebaluazioa, EMEko adierazleak erabiliz.

  • Jarduera erantsiko da planaren urteen arabera xehakatuta, plana hasten denetik diruz lagundu daitekeen aldia bukatzen den arte.
  • Gutxienez 2 urtez euskara plan bat ezarri duten enpresek honako arlo hauen gaineko balorazio kualitatiboa eta kuantitatiboa ere jasoko dute memorian: euskararekiko sentsibilizazioa, euskararen erabilera eta ezagutza enpresan eta euskararen ikusgaitasuna kanpoan zein barnean.
  • Memoriarekin batera, diruz lagundutako ekintzen material grafikoa eta ikus-entzunezkoa aurkeztuko da.
  • Memorian frogatuko da egindako publizitatea bat datorrela 15. oinarrian ezarritakoarekin, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen den materiala erantsiko da: web-orriak, inprimakiak, katalogoak, argazkiak, bideoak...

–Hirugarren modalitatea: egindako jardueren memoria.

  • Memoriarekin batera, diruz lagundutako ekintzen material grafikoa eta ikus-entzunezkoa aurkeztuko da.
  • Memorian frogatuko da egindako publizitatea bat datorrela 15. oinarrian ezarritakoarekin, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen den materiala erantsiko da: web-orriak, inprimakiak, katalogoak, argazkiak, bideoak...

–Laugarren modalitatea: proiektuaren memoria (VI. eranskina) eta aurrekontu xehatua (VII. eranskina).

20. oinarria.–Jardueren kontrola.

20.1. Euskarabideak egokiak iruditzen zaizkion kontrol eta egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu laguntzak hartzeko ezarritako eginbeharrak betetzen direla egiaztatzeko. Eginbeharrak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

20.2. Kasua bada, onuradunak jakinarazi beharko dio laguntza ematen duen organoari xede bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu edo jaso dituela, izan beste autonomia erkidego bateko administrazio publiko batenak nahiz erakunde edo entitate publiko edo pribatu batenak.

Laguntza hauen pertsona onuradunek planean programaturiko epeak bete beharko dituzte. Epe horiek bete ezean, Euskarabideak, behar den ikuskapena egin ondoan, emandako laguntza berrikusiko du, eta horren arabera dagokion zenbatekoa gutxitu edo osorik deuseztatuko du, hala behar badu.

20.3. Pertsona edo entitate onuradunek genero-berdintasunaren printzipioak begiratu beharko dituzte, bai beren funtzionamenduan, bai zabaltzen dituzten edukietan. Era berean, material, irudi eta dokumentazio guztiak emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasun, rol aniztasun, berdintasun eta bizikidetza balioak sustatuko ditu.

21. oinarria.–Oinarriak ez betetzea, itzulketak eta arau-hausteak.

21.1. Ez-betetze arintzat joko dira formazko irregulartasunei dagozkienak; halakoetan, bidezkoa izanen da dirua partez itzuli beharra eskatzea edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze astuntzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Balorazio Batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.

21.2. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

22. oinarria.–Dirulaguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.

22.1. Deialdi honek oinarri arautzaile hauetan xedatutakoari jarraituko dio. Oinarri hauetan berariaz aurreikusirik ez dauden alderdiak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak arautuko ditu, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.

22.2. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

22.3. Era berean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

II. ERANSKINA.–Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzaren onuradun izateko baldintzak betetzen direla dioena.

III. A ERANSKINA.–Adierazpena, laguntza teknikoa emanen duen enpresak/profesionalak duen prestakuntzaren/esperientziaren gainean.

III. B ERANSKINA.–Adierazpena, proiektua gauzatuko duten enpresako barne langileen prestakuntzaren/esperientziaren gainean (enpresaren ordezkariek bete beharrekoa).

IV. ERANSKINA.–EME taula, aurrekontu-orria eta ibilbidea.

–Justifikazioa:

V. ERANSKINA.–Gastuak, dirulaguntzak eta balantzea.

VI. ERANSKINA.–Proiektuaren deskribapen teknikoa.

VII. ERANSKINA.–Proiektuari dagokion aurrekontua.

VIII. ERANSKINA.–Euskara Plana.

Iragarkiaren kodea: F2407251