95. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 9a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

TRANTSIZIO EKOLOGIKORAKO ETA ERRONKA DEMOGRAFIKORAKO MINISTERIOA

Ebazpena, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak emana, zeinaren bidez ezesten baita ES Planta Solar 7 SLren eskaera, xede zuena 129,6 MW-eko potentzia instalatuko Cordovilla eguzki-parke fotovoltaikorako eta haren ebakuazio azpiegituretarako aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena lortzea eta 220 KV-eko Cordovilla Lotunea azpiestazio kolektorerako eta 220 KV-eko goi tentsioko aireko-lurpeko linea baterako (zirkuitu bakuna, duplexa) onura publikoa zehazki deklaratzea, aipatu instalazioak ezartzeko Ibargoiti, Elo, Noain, Aranguren eta Galarko udal mugarteetan (Nafarroako probintzian). Orobat, PFot-654 espedientea artxibatzea erabakitzen da

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, Energia Politikako eta Meatzeetako zuzendari nagusiak honakoak kontuan hartu ditu:

I.–Aurrekariak.

Lehena.–Aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera.

2021eko ekainaren 21ean, ES Planta Solar 7 SLk (aurrerantzean, sustatzailea) aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena eskatu zuen Cordovilla eguzki-parke fotovoltaikorako (150 MWp / 115,01 MWn) eta haren ebakuazio azpiegituretarako eta, halaber, onura publikoa zehazki deklaratzeko 220 kV-eko Cordovilla Lotunea azpiestazio kolektorerako eta 220 kV-eko goi tentsioko aireko-lurpeko linea baterako (zirkuitu bakunekoa, duplexa, 220 kV-eko Cordovilla TAE kolektoretik 220 kV-eko Cordovilla REE TAEra bitartean), aipatu instalazioak ezartzeko Ibargoiti, Elo, Noain, Aranguren eta Galarko udal mugarteetan, Nafarroako probintzian (aurrerantzean, proiektua ere esanen zaio).

Bigarrena.–Izapidetzeko onartzea.

Zuzendaritza nagusi honek egiaztatu zuen Nafarroako probintzian Cordovilla parke fotovoltaikoa eta haren ebakuazio azpiegitura ezartzeko proiekturako aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera aurkeztu eta izapidetzeko onartu zela.

Hirugarrena.–Eskaera abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren arabera izapidetzea.

Zuzendaritza nagusi honek Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlora igorri zuen espedientea, hura baita baimen eskaeraren espedientea izapidetzeko eskumena duen organoa, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 113. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera, aurretiazko administrazio-baimena, eraikitzeko administrazio-baimena eta onura publikoa zehazki deklaratzea lortzeko eskaera, proiektuarekin eta ingurumen inpaktuaren azterketarekin batera, jendaurrean jarri zen, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta ukitutako probintziako aldizkari ofizialean behar bezala argitaratuta, eta, halaber, kasuan kasuko txostenak eskatu zitzaizkien administrazioei, erakundeei eta zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak haien kargurako ondasunak eta eskubideak uki ditzakeen heinean, bai eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen arabera txostena aurkeztu behar duten erakundeei ere.

2022ko martxoaren 10ean, Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloaren txostena eta izapidetze-espedientea jaso ziren.

Laugarrena.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazioa.

2022ko martxoaren 22an, Ingurumen Ebaluaziorako Zuzendariordetza Nagusiari bidali zitzaion espediente hori, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura hasteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak, 2023ko irailaren 4an, ebazpena eman zuen Cordovilla parke fotovoltaikoaren eta hari lotutako ebakuazio azpiegituraren kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena eginez (aurrerantzean, kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena), ondorioztatu baitzuen proiektu horrek, ziur aski, kalte esanguratsuak izanen dituela ingurumenean, eta sustatzaileak aurreikusitako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak ez direla berme nahikoa ingurumena behar bezala babesteko. Ebazpen hori esteka honetan eskuratu daiteke:

https://www.boe.es/boe/dias/2023/09/18/pdfs/BOE-A-2023-19644.pdf

Bosgarrena.–Sarbide- eta konexio-baimenak.

Proiektuak garraio-sarera sartzeko baimena lortu zuen, sarera sartzeko bideragarritasun txostenaren bidez (SBT) eta, orobat, konexio baldintza teknikoak betetzeari buruzko txostenaren (KBTBT) eta konexio baldintza teknikoak egiaztatzeko txostenaren (KBTET) bidez, Red Eléctrica de España SAUren jabetzako 220 kV-eko Cordovilla azpiestazioan konektatzeari dagokionez.

2024ko urtarrilaren 19an, Red Eléctrica de España SAUren idazki bat sartu zen ministerio honen erregistroan, zeinaren bidez jakinarazten baita iraungi egin direla ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuan xedatutakoa aplikatuz emandako sarbide- eta konexio-baimenak. 23/2020 Errege Lege-dekretuak energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste eremu batzuetako neurriak onesten ditu.

Seigarrena.–Entzunaldiaren izapidea.

2024ko martxoaren 19an, entzunaldiaren izapidea jakinarazi zen, proiektuaren aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera ezesteko ebazpen-proposamenaren harira.

2024ko apirilaren 1ean, sustatzaileak entzunaldiaren izapideari erantzun zion, eta gordailututako bermeak ezeztatzeko eta itzultzeko eskatu zuen.

Jasotako dokumentazioa aztertu ondoren, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek ebazpen-proposamen hau eman du.

II.–Oinarri juridikoak.

Lehena.–Aplikatu beharreko arauak.

Kontuan hartu da hauetan ezarritakoa: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; 1183/2020 Errege Dekretua, abenduaren 29koa, Energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzkoa; eta 23/2020 Errege lege-dekretua, ekainaren 23koa, Energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste eremu batzuetako neurriak onesten dituena.

Bigarrena.–Energia elektrikoa ekoizteko instalazioen baimena.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak energia elektrikoa ekoizteko jarduerei buruzko 21. artikuluan xedatzen duenez, "energia elektrikoa ekoizteko instalazio bakoitza abian jartzeko, aldatzeko, aldi baterako ixteko, eskualdatzeko eta behin betiko ixteko, 53. artikuluan eta hori garatzeko araudian ezarritako baimen-araubidea bete beharko da aldez aurretik".

53. artikuluak garraiorako, banaketarako, ekoizpenerako eta zuzeneko lineetarako instalazio berriak martxan jartzea arautzen du, eta honako administrazio-baimen hauek lortu behar dituela ezartzen du: aurretiazko administrazio-baimena, eraikitzeko administrazio-baimena eta ustiatzeko baimena.

Abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 3.13 artikuluaren arabera, Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkio, lege horretan ezarritako baldintzetan, honako eskumen hauek:

"Instalazio elektriko hauek baimentzea:

a) Energia elektrikoa ekoizteko penintsulako instalazioak, horien ebakuazio-azpiegiturak barne, 50 MW elektrikotik gorako potentzia elektriko instalatua dutenak, penintsulako garraio primarioko instalazioak eta 380 kV-eko edo gehiagoko tentsioko hartuneak".

[...] b) Autonomia erkidego baten lurralde-eremua gainditzen duten ekoizpen-instalazioak, horien ebakuazio azpiegiturak barne, bai eta Estatuaren eskumeneko sorkuntza-instalazioei konektatutako linea zuzenak ere.

Aurretiazko administrazio-baimenari dagokionez, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak xedatzen duenez, instalazioaren aurreproiektuarekin izapidetuko da, dokumentu tekniko gisa, eta, hala badagokio, ingurumen inpaktuaren ebaluazioarekin, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera, eta enpresa baimenduari instalazio jakin bat baldintza jakin batzuetan egiteko eskubidea emanen dio. Energia sortzeko instalazioen administrazio-baimena ezin izanen da eman titularrak ez baditu aldez aurretik lortu kasuan kasuko garraio edo banaketa sareetarako sarbide- eta konexio-baimenak. Halaber, baimen-eskaerak urriaren 1eko 39/2015 Legean oro har jasotako administrazio-baldintza orokorrak bete behar ditu, baita aplikatzekoa den araudi sektorialean jasotako baldintza orokor teknikoak ere.

Bestalde, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak, 121., 122., 123. eta 124. artikuluetan, arautzen ditu, oro har, administrazio-baimenaren eskaerarekin lotutako zenbait kontu. Bereziki, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 124. artikuluak ezartzen duenez, energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioen proiektuek ingurumen inpaktuaren ebaluazioa beharko dute, arlo horretan aplikatzekoa den legeriak hala eskatzen duenean.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluak ezartzen du organo substantibo horrek behar bezala kontuan hartu beharko duela, proiektua baimentzeko prozeduran, egindako ingurumen inpaktuaren ebaluazioa.

Hirugarrena.–Ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen proiektuei aplikatu beharreko ingurumen inpaktuaren ebaluazioa.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak proiektuen ingurumen inpaktuaren ebaluazioa arautzen du; besteak beste, haren aplikazio-eremuan sartzen diren obrak eta instalazioak egiteko proiektuena, ulertuta ebaluazioa prozesu bat dela non aztertzen baitira, baimena eman aurretik, proiektuek ingurumenean dituzten edo izan ditzaketen ondorio esanguratsuak, esan nahi baita biztanlerian, giza osasunean, floran, faunan, biodibertsitatean, geodibertsitatean, lurrean, lurzoruan, lurpean, airean, uretan, kliman, klima-aldaketan, paisaian, ondasun materialetan (kultura-ondarea barne), bai eta aipatutako faktore guztien arteko interakzioa ere. Lege horrek Europar Batasuneko zuzenbidearen transposizioa egiten du arlo horretan.

II. tituluko lehen atalean, ingurumen inpaktuaren adierazpena egiteko ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura arautzen da.

Hala, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta beharko duten proiektuak zein diren xedatzen du, eta, horien artean, I. eranskinean jasotakoak, bai eta, zatikatuta aurkeztuta ere, I. eranskineko atalaseetara iristen direnak ere, aztertutako proiektu bakoitzaren magnitudeak edo dimentsioak metatuta.

Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio Estatuaren eskumeneko proiektuen ingurumen inpaktua ebaluatzeko prozedurez ebaztea, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duen eta urtarrilaren 28ko 139/2020 Errege Dekretua, ministerioetako departamentuen oinarrizko egitura organikoa ezartzen duena, aldatzen duen apirilaren 28ko 500/2020 Errege Dekretuaren 7.1 c) artikuluaren arabera.

Prozedura horren barruan, ingurumen-organoak egiten du, batetik, azterketa formala, proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzeari dagokionez, eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsultena, nahitaezko txostenekin, eta, bestetik, ingurumen-ebaluazioaren espedientearen azterketa teknikoa.

Ingurumen-organoak, ingurumen inpaktuaren ebaluazioari buruzko espedientearen azterketa teknikoa amaitu ondoren, ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten du. Eta, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluaren 2. apartatuaren arabera:

"Ingurumen inpaktuaren adierazpena nahitaezko txosten erabakigarria izanen da. Proiektuak ingurumenean dituen ondorio esanguratsuei buruz erabakiko du eta, hala badagokio, hura garatzeko baldintzak ezarriko ditu, 35.1 c) artikuluan zerrendatutako faktoreak behar bezala babestuta egon daitezen proiektua gauzatzean eta ustiatzean, eta, kasua bada, bertan behera uztean, desmuntatzean edo eraistean; halaber, behar diren prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak ezarriko ditu".

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluaren 3. eta 4. apartatuen arabera, ingurumen inpaktuaren adierazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, adierazpena egin eta hamar egun balioduneko epean, eta haren aurka ezin da errekurtsorik jarri, baina horrek ez du deusetan galarazten proiektua baimentzen duen egintzaren aurka administrazio bidean eta bide judizialean bidezkoak diren errekurtsoak jartzea.

5. artikuluan agerian geratu denez, ingurumen inpaktuaren adierazpena nahitaezko txosten erabakigarria da, ingurumen-organoak emana eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta amaitzen duena.

Horrez gain, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluaren 1. apartatuak xedatzen duenez:

"Organo substantiboak, proiektua baimentzeko prozeduran, zeina arrazoizko epe batean ebatzi beharko baita, behar bezala aintzat hartu beharko du egindako ingurumen inpaktuaren ebaluazioa, kontsulten emaitzak barne".

Bestalde, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak honako hau dio zioen azalpenean, horri buruzko jurisprudentzia dagoela aipatuz:

"Ingurumen-irizpenen izaera erabakigarria bi alderditan adierazten da: formala eta materiala.

[...] Ikuspuntu materialetik, hau da, ebazpena ematen duen organoarentzat haren edukia loteslea izateari dagokionez, txosten bat erabakigarria izateak esan nahi du, oraintsuko jurisprudentziaren arabera, txostena beharrezkoa dela ebazteko eskumena duen organoak iritzia osatu ahal izan dezan txostenean bertan aipatzen diren gaiei buruz.

Izaera erabakigarri hori gauzatzen da lege honetan desadostasunak ebazteko aurreikusitako mekanismoan, eta, hortaz, ingurumen-irizpenetan jasotako baldintzek lotzen dute organo substantiboa; izan ere, bere eskumenen esparruan bakarrik aldentzen ahalko da haietatik, arrazoiak emanda eta dagokion desadostasuna planteatuta Ministro Kontseiluari edo kasuan kasuko autonomia-erkidegoko gobernu kontseiluari, edo, hala badagokio, erkidego horrek erabaki duen organoari".

Horrenbestez, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin esanguratsuei buruz ingurumen-organoak ateratako ondorioak lotesleak dira ebazten duen organoarentzat, ingurumen inpaktuaren adierazpena erabakigarria delako, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak behin eta berriz adierazten duen bezala, adibidez, eta besteak beste, uztailaren 11ko 962/2022 Epaian:

"IELren zioen azalpenean azaldutako gogoetetatik ondorioztatzen da ingurumen-ebaluazioaren prozedura halakotzat hartzearen inguruabar garrantzitsuetako bat, hain zuzen ere loteslea dela organo substantiboarentzat, hau da, transkribatutako paragrafoan adierazten den bezala, IEA erabakigarria denez, berekin dakar bertan ezartzen diren baldintzak ezartzea organo substantiboari, hau da, izapidetutako antolamendu-tresnaren proiektua onestean".

Laugarrena.–Proiektuaren kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena.

Proiektuaren kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpenaren edukia kontuan hartu da, ezesteko ebazpen hau arrazoitzeko balio baitu.

Bosgarrena.–Elektrizitatea garraiatzeko eta banatzeko sareetara sartzeko eta konektatzeko administrazio-baldintzak betetzeari buruz.

Ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuak, energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste eremu batzuetako neurriak onesten dituenak, 1. artikuluaren 1. apartatuan xedatzen du energia elektrikoa sortzeko instalazioetarako sarbide-baimenen titularrek, baldin eta baimen horiek 2017ko abenduaren 31ren ondoren eta errege lege-dekretu hori indarrean jarri aurretik eskuratu badituzte, aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena lortu beharko dutela 31 hilabeteko epean, eta aurretiazko administrazio-baimena, berriz, 34 hilabeteko epean.

Arestikoa lotu behar da abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluarekin, zeinaren arabera ezin izanen baita sorkuntzarako instalazioetako administrazio-baimenik eman titularrak ez baditu aldez aurretik lortu banaketa- edo garraio-sareetan sartzeko eta konektatzeko baimenak.

Hona ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuaren 1. artikuluaren 2. apartatuak dioena:

"Administrazio-baldintza horiek behar den moduan eta epean bete direla frogatzen ez bazaio sarearen kudeatzaileari, besterik gabe iraungiko dira emandako sarbide-baimenak, bai eta, hala badagokio, sarbide- eta konexio-baimenak ere, eta administrazio-baimenak emateko eskumena duen organoak berehala betearaziko ditu berme ekonomikoak, garraio- eta banaketa-sareetarako sarbide-eskaera izapidetzeko aurkeztutakoak. Hala ere, sustatzaileari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ingurumen inpaktuaren adierazpena aldekoa ez bada, berme horiek ez dira betearaziko".

Seigarrena.–Berme ekonomikoak.

Sustatzaileak aurkeztutako bermeei abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretua (energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzkoa) aplikatuko zaie, zehazki, 23.6 artikuluan ezarritakoa, eta hark hala eskatuz gero.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, egindako izapideak kontuan hartuta, eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluarekin bat etorriz, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak, energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak eta energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak arautzen dituenak, ematen dizkion eskumenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DU:

Bakarra.–ES Planta Solar 7 SLren eskaera ezestea, xede zuena 129,6 MW-eko potentzia instalatuko Cordovilla eguzki-parke fotovoltaikorako eta haren ebakuazio azpiegituretarako aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena lortzea eta 220 kV-eko Cordovillako Lotunea azpiestazio kolektorerako eta 220 kV-eko goi tentsioko aireko-lurpeko linea baterako (zirkuitu bakuna, duplexa) onura publikoa zehazki deklaratzea. Orobat, PFot-654 espedientea artxibatzea erabakitzen da.

2024ko apirilaren 2an.–Energia Politikako eta Meatzeetako zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.

Iragarkiaren kodea: E2405705