95. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

22E/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 27koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Ablitasko Udal Plan Orokorraren aldaketa bat, hirigintzako arauen 53. eta 54. artikuluei eragiten diena, Ablitasko Udalak sustatuta.

Ablitasko Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Kohesiorako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Espedientearen helburua da Ablitasko Udal Plan Orokorreko hirigintza arauen 53. artikulua (Lurzoru urbanizaezineko eraikin motentzako baldintza partikularrak) eta 54. artikulua (Lurzoru urbanizaezineko erabilera eta jardueren bateragarritasunari buruzko koadroa) aldatzea, araudia malgutzeko eta "herrian oreka eta garapen sozioekonomiko hobea ahalbidetuko duten" erabilerak eta jarduerak ezartzeko aukera izan dadin.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 28ko 1385E/2021 Ebazpenaren bidez, ingurumen txosten estrategikoa eman zen Ablitasko Udal Plan Orokorrean lurzoru urbanizaezinaren araudia aldatzearen gainean. Ablitasko Udalak sustatu zuen aldaketa.

Ebazpen hori 2022ko 20. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 28koan.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Azaldutakoarekin bat, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea Ablitasko Udal Plan Orokorraren aldaketa bat, hirigintzako arauen 53. eta 54. artikuluei eragiten diena, Ablitasko Udalak sustatuta.

2. Foru agindu hau Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalera, Ingurumen Ebaluaziorako Atalera eta Paisaiaren Bulegora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Ablitasko Udalari jakinaraztea, espedientearen sustatzailea baita, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintza araudia argitara dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta, hala, onetsitako hirigintza tresnak indarra har dezan.

4. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrolerako onespen egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Onetsitako hirigintzako araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 27an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

Iragarkiaren kodea: F2406998