95. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

16E/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 11koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Esteribarko Arau Subsidiarioen aldaketa bat, Ilarrazko 17. poligonoko 122. lurzatiari eragiten diona, Arturo Ugal Jiménezek sustatuta.

Esteribarko Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Kohesiorako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Espedientearen helburua da lurren sailkapena aldatzea, lurzoru urbanizaezinetik hiri lurzorura, familia bakarreko etxebizitza iraunkor bat eraikitzeko sustatzailearen familia unitatearentzat, herriko bizilaguna baita sustatzailea.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren apirilaren 15eko 339E/2023 Ebazpenaren bidez, ingurumen txosten estrategikoa eman zen Esteribarko Arau Subsidiarioetan, Ilarrazko 17. poligonoko 122. lurzatian, aldaketa bat egitearen gainean, ingurumenean ukipenik sortzen ez duela iritzita. Arturo Ugal Jiménezek sustatu zuen aldaketa.

Ebazpen hori 2023ko 101. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 15ekoan.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Azaldutakoarekin bat, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea Esteribarko Arau Subsidiarioen aldaketa bat, Ilarrazko 17. poligonoko 122. lurzatiari eragiten diona, Arturo Ugal Jiménezek sustatuta.

2. Foru agindu hau espedientearen sustatzaileari jakinaraztea eta Ondare Arkitektonikoaren Atalera eta Ingurumen Ebaluaziorako Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Esteribarko Udalera igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintzako araua argitara dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta, hala, onetsitako hirigintza tresna indarrean jar dadin.

4. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrolerako onespen egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Onetsitako hirigintzako araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 11n.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

Iragarkiaren kodea: F2406031