95. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

NAFARROAKO ERRIBERAGOIENEKO HIRI HONDAKIN SOLIDOAK KUDEATZEKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, ibilbideko peoiaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, lan-kontratudun finkoen araubidean

Mankomunitateko buruak 2024ko apirilaren 16an eman ebazpen baten bidez, honako hau erabaki da:

Onestea hautaketarako oinarriak 2024rako LPEan sartutako ibilbideko peoiaren hautaketa-prozesuak zuzentzeko:

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitaterako ibilbideko peoiaren lanpostu bat oposizio bidez betetzea, lan-kontratudun finkoen araubidean, jardun dadin Hondakinak Biltzeko Zerbitzuan. Gainditzen duten gainerako izangaiak lan-poltsa batean sartuko dira, sor daitezkeen ibilbideko peoiaren lanpostuak aldi baterako kontratazio bidez betetzeko. Aldi baterako kontratazioaren ondoriozko zerrenda horrek indarrik gabe utziko ditu aurreko zerrenda guztiak.

1.2. Lanpostua lan-kontratu finkoarekin beteko da, eta mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu; plantilla organikoan ageri diren horiexek, hain zuzen. Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da eta hartan izena emanen.

1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuen beharrei begira, baina entitatearen hitzarmen kolektiboa betez une oro, eta ezarritako legezko lan-esparruarekin bat etorriz.

1.4. Deialdiko lanpostua bete gabe utz dezake epaimahaiak, baldin irizten badio izangai batek ere ez duela lanpostuan jarduteko behar bezalako jakintza mailarik, gaitasunik edo prestakuntzarik.

2. oinarria.–Langileek bete beharreko baldintzak eta lanpostuaren profila.

2.1. Oinarrizko baldintzak:

Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

–Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio.

–Parte har dezakete, orobat, Espainiako herritarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta herritar horien ondorengoek eta –legez bananduta ez badaude– ezkontidearenek, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

–Adinez nagusia izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

–Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izatea DBHko graduatuaren titulua, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da eta modu berean frogatu.

–Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituen eginkizunetan aritzeko.

–Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izatea.

2.2. Baloratuko diren esperientzia eta ezagutzak:

Atzealdeko kargako hiri-hondakinak biltzeko kamioietan, hiri-hondakinak biltzeko ibilbideko peoiaren antzeko lanpostuan izandako esperientzia espezifikoa baloratuko da.

2.3. Oinarrizko eginkizunak:

–Hondakinen edukiontziak manipulatzeko eskuzko lanak: bilketa-kamioira hurbiltzea, edukiontzia altxatzeko sistemari eragitea, edukiontzia bere lekuan jartzea eta gurpilen balaztei eragitea, hori guztia atzeko karga biltzen duen kamioiaren estributik igoz eta jaitsiz.

–Hiri-hondakinak biltzeko zerbitzuko instalazioak, altzariak eta higiezinak mantentzea eta garbitzea (garbiguneak, transferentziagunea, zerbitzuari atxikitako instalazioak, edukiontziak, etab.).

–Hondakinak eskuz manipulatzea eta biltzea

–Transferentziaguneko ekipoen zamalanetarako ekipoak kontrolatzea eta maneiatzea.

–Kamioiak garbitzeko lanak.

–Lan-parteak sinatzea eta betetzen laguntzea (ordutegia, kiloak, datak, hondakin mota, tara eta kamioiaren pisua, etab.).

–Gorabeheren parteak egitea enpresak ezartzen duenaren arabera, eskuzkoak zein digitalak izan.

2.4. Trebetasunak eta gaitasunak:

–Hondakin-edukiontziak manipulatzeko jarduerak egiteko gai izatea, bai eta zerbitzuko instalazioak eta altzariak mantentzeko eta garbitzeko oinarrizko lanak egiteko ere.

–Lanpostuari eta laneko arriskuen prebentzioari dagozkion prozedurak eta araudiak ezagutzea eta betetzea.

–Arduradunek eta teknikariek emandako jarraibideak betetzeko gai izatea.

–Behar bezala ezagutzea eta maneiatzea lanpostuaren berezko erremintak (ekipo mekanikoak eta hidraulikoak eta eskuzko erremintak).

–Egoera fisikoa izatea betetzeko esfortzu fisikoa, eskuzko trebetasuna, oreka, azkartasuna, indar fisikoa eta lan-baldintza zorrotzekiko erresistentzia eskatzen duten eginkizunak.

2.5. Ezaugarri pertsonalak:

–Bere lanarekiko eta enpresarekiko interesa eta konpromisoa.

–Diziplina, goragokoen jarraibideak eta aginduak betetzeko.

–Ekimena eta gaitasuna, autonomiaz lan egiteko.

–Hainbat zeregin egiteko gaitasuna.

–Egokitzeko eta ikasteko gaitasuna.

–Taldean lan egiteko eta gizarte-harremanak ezartzeko gaitasuna.

–Arduratsua eta ordenatua izatea.

–Laneko ordenaren eta garbitasunaren sena izatea.

–Prestasuna eta ordu-malgutasuna izatea.

–Enpresaren kode etikoaren araberako balioak: zintzotasuna, erantzukizuna eta gardentasuna.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira 30 egun naturaleko epean, oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik zenbatzen hasita.

Honela aurkezten ahalko dira:

–Nafarroako Erriberagoieneko HHSen Mankomunitatearen bulegoan aurkeztuz (Gargantúa poligonoa, D kalea 2, 31350 Azkoien).

–Mankomunitatearen egoitzan (Gargantúa poligonoa, D kalea 2, 31350 Azkoien) jaso izanaren adierazpena duen gutun ziurtatuaren bidez. Dokumentazioa postetxera entregatzeko data adierazitako epea amaitu baino lehenagokoa izan beharko da (oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete batekoa).

–Erregistroa eginez egoitza elektronikoan, Mankomunitatearen webgunearen barruan: www.riberaaltadenavarra.com. Eskabide orokorra erabili beharko da.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu eta ondoko hirugarren lanegunean, Mankomunitateak, eskabideekin batera eransten den dokumentazioa berrikusi ondoren, onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarriko du Mankomunitateko iragarki-taulan.

Behin-behinekoz onartu ez direnek aukera izanen dute erantsi ez dituzten agiriak aurkezteko bi laneguneko epean gehienez (nahitaezko agirien zuzenketa egiteko epea: behin-behineko zerrenda jendaurrean jarri eta hurrengo bi lanegunak).

Epe hori iraganik, eta hurrengo bi lanegunen epean, Mankomunitateak onartutakoen behin betiko zerrenda jendaurrean jarriko du, eta, agiri horren beraren bidez, jendaurrean adieraziko du hautaprobak egiteko tokia eta data.

Aipatutako epeak luzaezinak dira.

Hautaprobetarako deia ez da inola ere banaka eginen, kolektiboki baizik, aipatutako argitalpenen bidez.

Orobat, telefono bidezko informazioa emanen da, 948.713.179 zenbakiaren bidez, 9:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera, bai onartutakoen zerrendarako, bai proben egunetarako, betiere aipatutako epeen barnean.

3.2. I. eranskinean jasotako eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira honako agiri hauek:

–DBHko graduatu-tituluaren edo baliokidearen kopia konpultsatuak edo, hala badagokio, jatorrizkoak.

–Nortasun agiri nazionalaren edo baliokidearen kopia konpultsatua, 3. oinarriko a), b) eta c) hizkietako beharkizunak betetzen direla frogatzeko.

–Langilearen lan-bizitzaren ziurtagiri eguneratua (Gizarte Segurantzak emana), bai eta enpresa kontratatzaileen ziurtagiriak ere, hondakinak atzeko kargako kamioietan biltzeko ibilbideko peoiaren lanpostuan antzeko esperientzia dutela frogatzen dutenak. Eskatutako lanposturako egindako kontratu guztien hasiera- eta amaiera-datak jaso beharko ditu ziurtagiriak.

4. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

4.1. Epaimahaia ondoko hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: José María Palacios de Mier, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Amaya Lorente Iturbide, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko kidea.

1. mahaikidea: Agustín Murugarren Landíbar, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko buruordea.

Ordezkoa: María Pilar Orduña Osés, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko kidea.

2. mahaikidea: Miguel Ángel Arrastio Soria, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko kudeatzailea.

Ordezkoa: Mankomunitateko zerbitzuburua.

3. mahaikidea: langileen sindikatu-ordezkaritzaren proposamenez izendatutako ordezkari bat.

Ordezkoa: langileen sindikatu-ordezkaritzaren proposamenez izendatutako ordezkari bat.

4. Epaimahaiko idazkaria: Ana Raquel García Pérez, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: María Jesús Hernandez Luri, Azagrako Udaleko idazkaria.

4.2. Epaimahaiko idazkariak behar diren aktak eginen ditu, eta epaimahaikide guztiek sinatuko dute horietako bakoitza.

4.3. Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izanen da hura osatzen duten kideen gehiengo osoa egotea.

4.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabiltzen ahalko du.

4.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, laguntzeko proba batzuetan nahiz guztietan. Aditu horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4.6. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

4.7. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

4.8. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4.9. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta epaimahaiburuari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean. Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla-eta, horren berri emanen da izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa eta proba eta ariketen balorazioa.

5.1. Proben deskribapena.

–Gaitasun teorikoaren proba: 25 puntu.

Probak honako ariketa hauek izanen ditu:

  • Lehen ariketa: matematikak eta kultura orokorra. Gehienez ere, 10 puntu.

Proban test motako ariketa bat eginen da, eta eskatutako gutxieneko prestakuntza-mailaren kalkulu matematikoarekin lotutako galderak izanen ditu, bai eta arrazoiketa logikoko serieak eta kultura orokorreko galderak ere (sinonimoak, ortografia, etab.). Hori guztia izangaien arrazoitzeko gaitasuna ezagutzeko.

  • Bigarren ariketan gehienez ere 15 puntu lortzen ahalko dira. Proban test motako ariketa bat eginen da, kasu teoriko praktiko bati dagokionez, honako gai hauei buruz:
    • Lanpostuaren eginkizunak.
    • Hondakinen kudeaketarekin eta birziklatzearekin lotutako alderdiak.
    • Hondakinekiko gizalegezko jokabidea.
    • Mankomunitateari buruzko ezagutza: jardun eremua, estatutuak eta eginkizunak (informazio hori web-orrian dago).

Ariketa honetako galdera guztiak www.riberaaltadenavarra.com mankomunitatearen web-orritik aterako dira.

Ariketa honek gehienez 50 galdera izanen ditu bi proben artean.

–Jarrerari eta nortasunari buruzko proba psikoteknikoa: 15 puntu.

Proba psikoteknikoa 30 galderako test motako azterketa bati erantzutean datza, eta gehienez 15 puntu emanen dira.

3 ariketa horiek egun berean eginen dira, eta behar bezala ohartaraziko dira lekua eta data (iragarki-taulan eta Mankomunitatearen web-orrian).

Bi probetako bakoitzean (gaitasun teorikoari buruzko proba eta jarrerari eta nortasunari buruzko proba psikoteknikoa), gutxienez, gehieneko puntuen erdia lortu duten izangai guztiak oposizioaren bigarren fasera igaroko dira (proba praktikoa).

Gehieneko puntuen erdia lortu ez duten gainerako izangaiak oposiziotik baztertuko dira.

Puntuazioak argitaratzen diren egunetik hasita, alegazioak egiteko epea hasiko da, 3 lanegunekoa. Izangaiek 3 laneguneko epea izanen dute, argitaratze egunetik hasita, denetariko alegazioak egiteko, idazki bat aurkezturik enpresaren erregistroan edo helbide elektronikoan. Epea igaro eta alegazioak ebatzi ondoren, onetsiko da eta emaitzen behin betiko zerrenda argitaratuko da, oposizioaren hurrengo fasearen eguna, ordua eta lekua jakinarazita.

–Proba praktikoa 40 puntu.

Proba praktikoak gehienez ere 40 puntu izanen ditu, baina ez da baztertzailea izanen.

Proba honetan, simulazio-ariketa praktiko bat eginen da, hainbat betetze-maila dituzten zenbait hondakin-edukiontzi biltzeko.

Horretarako, edukiontziak kamioira hurbildu beharko dira eta jasogailuaren orraziarekin harrapatu, eguneroko lanaren simulazioa eginez.

Ariketa egin aurretik, prestakuntza emanen zaie izangai guztiei, eta adieraziko zaie zer lan egin behar duten eta nola manipulatu behar duten bilketarako ibilgailua.

Era berean, gehienez 10 minutu emanen zaizkie praktikatzeko.

Prestakuntza eta praktikaldia amaitutakoan, proba eginen da, eta baloratuko dira ariketan emandako denbora, eta edukiontzien eraginkortasun- eta maneiu-maila.

Proba praktikoaren fasea amaitutakoan, lortutako puntuazioak jarriko dira mankomunitateko iragarki-taulan eta webgune ofizialean.

Puntuazioak argitaratzen diren egunetik hasita, alegazioak egiteko epea hasiko da, 3 lanegunekoa. Izangaiek 3 laneguneko epea izanen dute, argitaratze egunetik hasita, denetariko alegazioak egiteko, idazki bat aurkezturik enpresaren erregistroan edo helbide elektronikoan. Epea igaro eta alegazioak ebatzi ondoren, halakorik bada, onetsirik geldituko da, eta emaitzen behin betiko zerrenda argitaratuko da, oposizio-lehiaketaren azken faseari bide emanez.

–Merezimendu-lehiaketa edo lan-esperientzia: 20 puntu.

Fase honetan, gaitasun teorikoaren proba gainditu duten izangaiei esleituko zaizkie lanposturako eskatzen den lanbide-esperientziaren balorazioari dagozkion puntuak.

Gehieneko puntuazioa 20 puntukoa da, nahiz eta frogatutako esperientzia-urte bakoitzeko puntuen batura handiagoa izan.

Atzeko karga biltzen duen kamioian hondakinak biltzeko ibilbideko peoi lanetan esperientzia profesional espezifikoa izatea baloratuko da, honako hauen arabera:

  • 2 puntu frogatutako esperientzia-urte oso bakoitzeko, administrazio publikoetan atzeko karga biltzeko kamioian hondakinak biltzeko ibilbideko peoi-lanetan.
    • Honako formula hau aplikatuko da:

Lortutako puntuak =

Frogatutako esperientzia-egunen kopurua x 2

365

  • Puntu 1 frogatutako esperientzia-urte bakoitzeko, beste edozein erakundetan atzeko karga biltzen duen kamioian hondakinak biltzeko ibilbideko peoi lanetan.
    • Honako formula hau aplikatuko da:

Lortutako puntuak =

Frogatutako esperientzia-egunen kopurua x 1

365

Merezimenduak baloratzeko, 3.2 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Azkeneko emaitza izanen da hautapen-prozesuko fase bakoitzean lortutako puntuen batura. Azkeneko baturan berdinketarik izanez gero, proba psikoteknikoan izandako puntuazio altuena aintzat hartuz ebatziko da. Hala ere, berdinketa badago oraindik, zozketa bidez ebatziko da.

5.2. Oposizioaren fasea burututakoan, gainditu duten izangaien zerrenda ikusgai jarriko da, lortutako kalifikazioekin batera, Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen iragarki-taulan.

Puntuazioak argitaratzen diren egunetik hasita, alegazioak egiteko epea hasiko da, 3 lanegunekoa. Izangaiek 3 laneguneko epea izanen dute, argitaratze egunetik hasita, denetariko alegazioak egiteko, idazki bat aurkezturik enpresaren erregistroan edo helbide elektronikoan. Epea igaro eta alegazioak ebatzi ondoren, onetsiko da eta emaitzen behin betiko zerrenda argitaratuko da, oposizioaren hurrengo fasearen eguna, ordua eta lekua jakinarazita.

6. oinarria.–Prozesua gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

Azken ariketaren kalifikazioaren ondoren, epaimahaiak aditzera emanen du Mankomunitateko iragarki-taulan, gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, izangai bakoitzak oposizioaldiko 3 probetan lortu duten kalifikazioak batuta, eta puntuaziorik handiena lortu duten izangaiak kontratatzeko proposamena eginen du.

Epaimahaiak puntuazio handiena atera duten izangaiak izendatzeko proposamen loteslea eginen dio Mankomunitateko buruari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Izendapen proposamena aditzera eman ondoko 7 egun naturalean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Erriberagoieneko Mankomunitateko idazkaritzan:

–Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

–Erriberagoieneko Mankomunitateko osasun zerbitzuek egindako txostena, frogatzeko ez duela karguaren eginkizunetan jardutea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik.

–Zin egitea edo hitzematea Nafarroako foru eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuak izan ezik, aipatu agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen dira izendatu eta, beraz, egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira; betiere, eskabideko faltsukeriagatik legokiekeen erantzun beharra galarazi gabe.

Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, deialdi honetako oposizioa gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea Mankomunitateko buruak, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

7. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

Hautapen prozedura bukatutakoan eta izangaiak aurreko 6. oinarrian aipatutako agiriak ekarri ondoren, Mankomunitateko buruak ibilbideko peoi izendatuko du, Erriberagoieneko Mankomunitatean jardun dezan.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Izangai izendatuak 15 eguneko epea izanen du lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, ez badu jabetza hartzen, Mankomunitateko nomina eta plantillako langilea izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, deialdiko 6. oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

8.–Lan-poltsaren erregulazioa.

8.1. Oposizioa gainditzen duten gainerako izangaiak Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen aldi baterako kontrataziorako lan-poltsan sartuko dira.

Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen kontratazio-zerrenda honi dagokion deialdiaren ondorioz kontratu bat onartzen dutenek, erakunde berak beste zerrenda batzuetarako beste deialdi bat egiten badu, izangaiak zein deialdi onartzen duen aukeratu ahalko du, uko egiten dion zerrendan bere postua galdu gabe.

8.2. Dei egiteko arau orokorrak:

–Protokolo honen arabera eginen dira:

  • Lehenik, telefono mugikorreko zenbakira deituko da.
  • Bigarrenik, erantzunik ez bada, telefono finkora deituko da.
  • Hirugarrenik, erantzunik ez bada, emandako telefono mugikorreko zenbakira sms bat bidaliko da.
  • Laugarrenik, egindako saiakera bakar bati ere ez bazaio erantzuten 60 minutu baino lehen, zerrendako hurrengoari deituko zaio, eta erantzun ez duena azkeneko postura igaroko da.

8.3. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean:

–Indarrean dagoen kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua badago.

–Aldi baterako ezintasun egoeran badago edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia badu.

8.4. 8.3 oinarrian adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek zazpi egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, delako egoera agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute. Halakoetan, izangaiek idatziz jakinarazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

8.5. Zerrendako azken tokira pasatuko dira honelako kasuren batean suertatzen direnak:

–Eskainitako lanpostuari uko egiten diotenak, inolako justifikaziorik gabe.

–Sinatutako kontratuari uko egiten diotenak.

–Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, dagokion kontratua sinatzen ez dutenak.

8.6. Aurreko egoeraren batean bigarrenez dauden izangaiak, egoera bera izan edo ez, zerrendatik baztertuko dira.

8.7. Lanaldi osoa baino laburragoak diren lanak eskaintzen direnean, eta onartutako pertsonak eskaintzari uko egiten dionean, 60 egun naturaleko epean ez zaie lanaldi osoa baino laburragoko lanik eskainiko.

8.8. Langile batek legez ezarritako probaldia gainditzen ez badu, edo diziplina-espediente bat dela-eta kontratua iraungitzen bazaio, dagoen zerrenda guztietatik behin betiko baztertuko da.

8.9. Ekoizpenaren gorabeherengatik onartutakoekin itundutako behin-behineko kontratuek gehieneko iraupen bat izanen dute, indarrean dagoen legeriaren arabera.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurretiaz organo egileari errekurtsoa jartzeko asmoaren berri emanik; edo bestela,

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Epaitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede diren erabaki edo egintzak argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Berraztertzeko errekurtsoa, erabaki edo aplikazio egintza hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki edo aplikazio egintza hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/DownloadFile.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

Azkoienen, 2024ko apirilaren 18an.–Mankomunitateko burua, José María Palacios De Mier.

Iragarkiaren kodea: L2406346