95. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LODOSA

Deialdia, garbiketako peoiaren lanpostu bat betetzeko oposizio-lehiaketa bidez, lan-kontratudun finkoen araubidean

Lodosako Udaleko alkatearen 2024ko apirilaren 18ko 2024/0122 Dekretuaren bidez, honako deialdi honetarako oinarriak onetsi dira: deialdia, garbiketako peoiaren lanpostu bat betetzeko, oposizio-lehiaketaren bidez, Lodosako Udalaren zerbitzuan aritzeko.

Alkatetza honek, baliatuz apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak, bai eta arau horrekin bat heldu diren gainerako xedapenek ematen dizkidaten eskudantziak ere (7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena),

EBATZI DU:

Lehena.–Deialdi bat onestea garbiketako peoiaren lanpostu bat betetzeko, oposizio-lehiaketaren eta hautaproben bidez eta lan-kontratudun finkoen araubidean, Lodosako Udalaren zerbitzuan aritzeko.

Bigarrena.–Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honi atxikirik daude.

Hirugarrena.–Agintzea ebazpen honen edukia argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Lodosako Udalaren ediktu-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian.

Laugarrena.–Aditzera ematea ebazpen honen aurka errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela, hautara.

a) Berraztertze-errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lodosan, 2024ko apirilaren 18an.–Alkatea, Laura Remírez Noguera.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea garbiketako peoiaren lanpostu bat, lan-kontratu finkoaren bidez eta lanaldi osoan. Lanpostuak 24 zenbakia du Udalaren plantilla organikoan.

1.2. Halaber, deialdi honen bidez, aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak osatu nahi dira prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin. Oposizio-lehiaketaren emaitzekin zerrenda bat eratuko da, Udalak etorkizunean aldi baterako kontratuak egin behar dituenean erabiltzeko. Halakoetan, kontratazioa egiteko, kontuan hartuko da hautaprobak gainditu dituzten izangaien puntuazio ordena. Nolanahi ere, aldi baterako kontrataziorako deitzean, lehentasuna emanen zaie dei-egunaren aurreko bi urteetan administrazio kontratatzaileko lanpostu berean zerbitzuak eman dituztenei; betiere, hautaprobak gainditu dituztenen artean hautaturik.

1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.4. Lanpostuak E mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu (jarraikiz uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eginiko sailkapenari), bai eta Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.5. Hautatzen diren pertsonek bete beharreko eginkizunen artean hauek daude, besteak beste: eraikin eta lokaletako zoruak eta altzariak garbitzea, horretarako erabiliz haien higienizazioa eta kontserbazioa bermatzeko teknika, lanabes eta produktu egokiak, jarraikiz laneko segurtasun eta osasunaren arloan aplikatzekoak diren arauei, eta, orokorrean, gaur egun nahiz etorkizunean E mailari egokitzen zaizkion lanak (etorkizunean egokitzen zaizkionak, ofizio eta lanbideen eta maneiatzen diren erreminta eta lanabesen bilakaeraren ondorioz eta antolakuntza sistemetan eta egiten diren zerbitzuen osagaietan izaten diren aldaketen ondorioz).

1.6. Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan honako hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez, aipatutako estatutua garatzeko eta betearazteko emandako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua eta aplikatu beharreko gainerako arauak.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak izenpetutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskola-ziurtagiria edukitzea, edo horren baliokidea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Ez egotea desgaitua edo baztertua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publiko baten zerbitzutik kendua.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dute aipatutako baldintza horiek betetzen dituztela, deialdi honetako 9. oinarrian ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko dituzte, hain zuzen ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta horien jabe beharko dute izan oposizioaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Lodosako Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, aurrez aurre edo elektronikoki, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak lotuko zaizkio deialdi honen I. eranskin gisa argitaratutako ereduari, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela baldintza guzti-guztiak, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabideari gehituko zaio nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen agiri ofizial baliokidea, eta, horretaz gain, gehituko dira izangaiak lehiaketaldian baloratzea nahi dituen merezimenduen frogagiri jatorrizkoak edo kopia autentifikatuak.

3.3. Desgaitasuna duten pertsonek horren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte, etorkizunean egin daitezkeen deiei begira.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidean adierazi beharko dute, beste orrialde batean, zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lodosako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoan, Lodosako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

5.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduna.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Laura Remirez Noguera, Lodosako Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Marta Gainza Encina, Lodosako Udaleko zinegotzia.

1. epaimahaikidea: Jesus Campo Lodosa, Lodosako Udaleko brigadaren arduraduna.

Ordezkoa: Martin Alunda Jimenez, Lodosako Udaleko kale-garbiketako peoia.

2. epaimahaikidea: María Carmen Martinez Aramendía, Lodosako Udaleko administrari laguntzailea.

Ordezkoa: Ana María Antón Gutiérrez, Lodosako Udaleko administrari-ofiziala.

3. epaimahaikidea: Raquel Martinez Jimenez, Lodosako Udaleko ordezkari sindikala.

Ordezkoa: David Roldan Iribarren, Lodosako Udaleko ordezkari sindikala.

Epaimahaikide idazkaria: Vanesa Chocarro García, Lodosako Udaleko kontu-hartzaile diruzaina.

Ordezkoa: Francisco Javier Pérez Azagra, Lodosako Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu: lehiaketaldia eta oposizioaldia. Oinarri hauetan adierazi bezala eginen dira.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren oposizioaldiko ariketak. Udaletxeko iragarki-taulan argitaratuko dira gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak, egin baino 48 ordu lehenago.

7.–Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketaldia ez da baztergarria. Lehiaketaldiaren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea, eta gehienez ere 20 puntu emanen dira, baremo honekin bat:

a) Laneko eskarmentuagatik, gehienez 15 puntu.

b) Prestakuntza osagarriagatik, baldin haren edukiak zuzenean zerikusia badu lanpostuarekin, gehienez 5 puntu.

Epaimahaiak III. eranskineko baremoaren arabera baloratuko ditu izangaien merezimenduak; horiek denak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

7.2. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahal ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak.

8.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 80 puntu lortzen ahal dira. Oposizioa ez da hasiko 2024ko iraila baino lehen.

8.2. Lehenbiziko probak ariketa bakarra izanen du. Galdera sorta bati erantzun beharko zaio; zenbait aukera emanen dira erantzuteko, baina horietako bakarra izanen da zuzena. Galderak izanen dira II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte, epaimahaiak proba hasi aurretik ezarritako proportzioan. Ariketa honetan, gehienez ere, 60 puntu lor daitezke, eta bazterturik geldituko dira 30 puntura iristen ez diren izangaiak.

8.3. Bigarren proban garbiketa-proba praktiko bat egin beharko da, lanpostuaren eginkizunei buruzkoa. Proba horren gehieneko puntuazioa 20 puntukoa izanen da.

8.4. Proba hauek egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta hiztegirik, kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.

8.5. Dei bakarraren bidez eginen dira oposizioaldiko proba guztiak, eta izangaiak nortasun agiri nazionala (NANa) aldean dutela agertuko dira, nork bere nortasuna behar bezala frogatzeko. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

8.6. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

9.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, kontratatzeko proposamena, eta agirien aurkezpena.

9.1. Ariketaren kalifikazioa egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu Lodosako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaia kontratatzeko proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari.

9.2. Emaitzak argitara eman eta 15 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren Erregistro Orokorrean:

a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Zinpean deklaratzea edo tinko eta zinez baieztatzea ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetarako, eta ez dela bereizia izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

c) Osasun ziurtagiria, erakusten duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea, jarraikiz deialdiko lanpostuan gauzatu beharreko jardueretarako ezarritako osasun protokoloei. Ezin izanen dira kontratatu aipatutako osasun azterketan "gai" kalifikazioa ez duten izangaiak.

d) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko funtzio publikoan.

e) Hala behar badu, Lodosako Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.

9.3. Aipatutako epearen barrenean agiriak aurkezten ez badira (salbu aski arrazoitutako ezinbesteko kasuetan), izangaia ezin izanen da kontratatu eta, beraz, haren jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira, galarazi gabe legokiokeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Lodosako Udalak lanpostua beteko du zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin, hots: hautaprobak gainditu dituztenen zerrendan (9.1 apartatuan aipatzen den horretan) ondo-ondotik heldu den izangaiarekin.

10.–Kontratazioa.

10.1. Hautapen prozedura bukatu eta izangaiek aurreko oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoan, alkateak kontratatu eginen du.

10.2. Deialdiaren emaitza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Hautatzen den pertsonak kontratua sinatu beharko du hilabeteko epean, oposizio-lehiaketaren emaitza jakinarazten denetik. Epe horretan kontratua sinatzen ez badute (salbu ezinbesteko kasuetan), galduko dituzte kontratatuak izateko eskubide guztiak. Horrelakorik gertatuz gero, 9. oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarri denarekin bat, Lodosako Udaleko alkate udalburuak aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda hauek sortuko ditu, deialdi honen 13. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz.

–Hautaprobak gaindituta ere, lanposturik gabe gelditu diren izangaien zerrenda.

–Hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

12.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak osatzeko prozedura.

Kalifikazio epaimahaiaren espedientea jasota, Lodosako Udaleko alkate udalburuaren ebazpen bidez, hautaprobak gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituztenei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, honako dokumentazio hau aurkezteko:

a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Hala behar badu, Lodosako Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak, aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

Agiriak aurkezteko epea bukaturik, Lodosako Udaleko alkate udalburuaren ebazpen baten bidez onetsiko dira, hala behar badu, aldi baterako kontratazioa egiteko zerrenda hauek:

a) Hautaprobak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda, probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangai ez badira.

Oposizioa gainditu bai, baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan zenbat eta puntuazio handiagoa erdietsi, eta gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan zenbat eta puntuazio handiagoa erdietsi, halakoxea izanen da lehentasuna aldi baterako kontratazioa egiteko zerrendetan.

14.–Datu pertsonalak babestea.

Izangaiei honako hauek komunikatzen zaizkie, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Lodosako Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren xedea da garbiketako langilearen lanpostu bat betetzea, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoaren bidez, lanaldi osoan.

–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

  • DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko).
  • DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).

–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo egoitza elektronikoaren bidez.

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

15.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, aurretik organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

I. ERANSKINA.–HAUTAPEN-PROZESUAN PARTE HARTZEKO ESKABIDE EREDUA

Hautapen-prozesua, Lodosako Udalean garbiketako peoiaren lanpostu bat betetzeko

I.–DATU PERTSONALAK.

Deiturak ..................................................................................... Izena .............................................

NANa ....................................................................

Helbidea ......................................................................................... Posta kodea .............................

Udalerria ..............................................................

1. telefonoa .......................................................... 2. telefonoa .........................................................

Helbide elektronikoa ...............................................................................................................................

II.–ADITZERA EMATEN DUT.

Desgaitasun-baldintzak.

[ ] EZ DUT desgaitasunik.

[ ] BADUT desgaitasuna, %........(e)koa.

–Desgaitasunaren ziurtagiria aurkeztu dut.

–Eskatzen dut:

[ ] Denboraren egokitzapena.

[ ] Baliabideen egokitzapena.

III.–AITORTZEN DUT.

Egiazkoak direla eskabide honetan adierazitako datu guztiak.

Betetzen ditudala deialdi honetan eskatzen diren baldintzak.

IV.–ESKATZEN DUT.

Onar nazatela eskabidean aipatutako hautaprobetan.

Lodosan, / ............................................ / ......................

(Sinadura)

Datu pertsonalak babesteari buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz, aditzera ematen zaizu Lodosako Udalak zure datuak tratatuko dituela, zure hautapen prozesua kudeatzeko, prozesu horren oinarriekin bat.

Izen-deiturak eta kalifikazio partziala edo bukaerako kalifikazioa jendaurrean jartzen ahalko dira, udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eskubidea duzu zure datuetan sartzeko eta haiek eramateko, deuseztatzeko, zuzentzeko eta aurka egiteko eta haien tratamendua mugatzeko, legeak ezartzen duen moduan, www.lodosa.es helbide elektronikoan.

II. ERANSKINA.–ADMINISTRAZIOKO GAIEN ZERRENDA

1.–Administrazio prozedura erkidea: kontzeptua eta izaera. Prozeduraren bermeak. Abstentzioa eta errekusazioa.

2.–Udala. Osaera. Kideak hautatzea. Osoko bilkura, Alkatetza eta Tokiko Gobernu Batzarra. Informazio batzordeak. Udal erakundeen funtzionamendua.

3.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasun printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa.

4.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina araubidea.

LANPOSTUARI DAGOKION GAI-ZERRENDA

1.–Garbiketari buruzko kontzeptu orokorrak.

a) Garbiketa produktuak. Produktuen etiketetan erabiltzen diren sinboloen esanahia.

b) Garbiketaren alderdi ekologikoak. Birziklapena.

2.–Garbiketa sistemak.

a) Zereginen araberako sistema.

b) Zonen araberako sistema.

c) Sistema mistoa.

3.–Logelak garbitzea.

a) Eremuak.

b) Komunak.

c) Leihoak, kristalak, sabaiak, paretak eta zorua.

d) Bulegoak.

4.–Garbitzeko makineria.

5.–Hiri-hondakin solidoak: hondakin arruntak eta birziklagarriak.

6.–Garbiketa lanaren antolaketa: eginkizunak, denbora eta espazioa.

7.–Laneko segurtasun eta osasunari buruzko ezagutzak: arrisku motak eta horiek prebenitzea; norbera babesteko ekipamenduak.

8.–Lodosako kale-izendegia.

III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

a) Laneko eskarmentuagatik, gehienez ere 15 puntu.

Enpresa edo administrazio publikoren batean deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunetan garbitzaile gisa egindako zerbitzuak: urtebete oso bakoitzeko, puntu bat, eta gehienez 15 puntu. Zerbitzu egin bada lanaldi osoa baino lanaldi laburragoetan eta urtebete baino gutxiago iraun badu, hainbanaketa eginen da dagokion heinean. Laneko eskarmentua frogatuko da honako hauek aurkeztuz: enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagiria, lan-kontratua eta lan bizitza.

Enpresa edo administrazio kontratugilearen ziurtagirietan honako hauek jaso beharko dira: kategoria profesionala, lanaldi mota (lanaldi partzialak izanez gero, zehaztuko da portzentajea edo ordu kopurua) eta lan egindako denboraren hasiera eta bukaera data zehatzak.

Laneko eskarmentua baloratzeko oharrak:

1. Soilik baloratuko dira eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik gauzatu diren merezimenduak.

2. Data beretan bi kontratu edo gehiago egon badira, izangaiari puntu gehien ematen diona baloratuko da soilik.

3. Proportzioan zenbatuko dira lanaldi partzialeko kontratuak eta urtebete baino gutxiago iraun dutenak.

b) Bete beharreko lanpostuarekin zuzenean lotutako edukia duen prestakuntza osagarriagatik, gehienez ere 5 puntu, ondoko baremoari jarraikiz:

20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,5 puntu.

20 ordu eta hortik goiti, 40 ordura iritsi gabe: puntu bat.

40 ordu eta hortik goiti, 100 ordura iritsi gabe: 1,5 puntu.

100 ordu eta hortik goiti: 2 puntu.

Iragarkiaren kodea: L2406394