95. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

FONTELLAS

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat

Alkatetzaren 2024ko apirilaren 18ko ebazpenaren bidez, onetsi ziren deialdi baten oinarriak, oposizio-lehiaketa bidez hautatu dadin zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat, C mailakoa, lan-kontratudunaren araubidean, Fontellasko Udalaren zerbitzukoa. Hona hemen aipatutako oinarriak:

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea, oposizio-lehiaketa bidez, zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat, C mailakoa, lan-kontratudunaren araubidean, Fontellasko Udalaren zerbitzukoa; hori guztia, babes harturik abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikulua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

Era berean, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, hautapen prozeduran probak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, aldi baterako kontratatzeko, aritu daitezen zerbitzu anitzetako enplegatu, erantzutearren aldi baterako izaten diren beharrei.

1.2. Lanpostuak C mailako ordainsariak izanen ditu, jarraikiz Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari, maila horretako eginkizunak baititu, eta plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere izanen ditu.

1.3. Fontellasko Udalak ezarriko ditu lanpostu horren lanaldiaren araubidea eta ordutegia; zerbitzuaren beharretara egokituko dira beti, eta organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko ditu.

1.4. Deialdian izendatzen dena zerbitzu anitzetako enplegatu bihurtuko da, C mailakoa, lan-kontratuduna, lanpostuaz jabetzen den unetik.

1.5. Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan, arau hauei jarraituko zaie: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua (horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina); Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua (onetsi zen ekainaren 5eko 113/85 Foru Dekretuaren bidez); eta aplikatu beharreko gainerako arauak.

2. oinarria.–Eginkizunak.

Honako hauek izanen dira bete beharreko eginkizunak, besteak beste, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:

–Herritarrei arreta ematea.

–Telefono bidezko arreta.

–Erregistro Orokorra: agiriak jasotzea eta bidaltzea, etab., bai aurrez aurre, bai Espedienteen Kudeatzailearen bitartez (administrazio elektronikoa).

–Aplikazio eta programa informatikoak erabiltzea, barnean dela udal errolda kudeatzeko programa eta ekonomia-jardueren gaineko zerga kudeatzekoa.

–Iragarkiak eta ediktuak kudeatzea.

–Egitea eta entregatzea ziurtagiriak, jakinarazpenak eta agirien kopiak.

–Udal artxiboari arreta ematea.

–Udalaren instalazio eta eraikinen egoera egiaztatzea eta haien mantentze-lanak gainbegiratzea.

–Jarraipena egitea eta kontrolatzea zer akats, matxura eta kalte dauden Udalaren azpiegituretan, egoitzetan eta ekipamenduetan.

–Begiratzea ea egoera onean dauden bideak, kamioak, espazio publikoak eta udal eraikinak, eta proposamenak egitea haien mantentze-lanetarako eta/edo hobekuntzarako.

–Udal zerbitzuei laguntzeko lanak: Udalaren iragarkiak, bandoak eta publizitatea banatzea eta jartzea, agiriak prestatzea eta eramatea postetxera edo bankuetara, eta haietatik jasotzea; jakinarazpenak, agiriak eta zitazioak ematea eta/edo helaraztea; erroldak egiaztatzea; katastroa eta obra-lizentziak egiaztatzea; eta udal-lantaldeari laguntzea.

–Herri barneko bideetan trafikoa antolatzea.

–Ibilgailuen sarrera-irteerako pasabideen gaineko txostenak idaztea eta, orobat, txostenak idaztea bideen eta/edo eremu publikoen okupazioarekin zerikusia duen beste edozein aferaren gainean.

–Haren mailarako egokiak diren idazkiak eta exekuzio zereginak egitea eta, halaber, lanpostuarekin loturik egin beharreko txostenak idaztea.

–Behar diren materiala edo tresnak aurreikustea eta haiek erostea, jakinarazten zaizkion beharren arabera.

–Laguntza ematea egin daitezen Fontellasko Udalak sustatzen dituen kultura, kirol edo festa jarduerak.

–Ibilgailuak gidatzea eta obretako makineria arina eta ertaina erabiltzea, zeinetarako beharrezkoa baita deialdi honetan eskatzen den gidabaimena.

–Deialdian ezarritako mailako zerbitzu anitzetako enplegatu bati dagozkion eginkizun guztiak, haren lanpostuarekin zerikusia dutenak, Fontellasko Udalak agintzen badizkio.

3. oinarria.–Izangaien baldintzak.

Lanpostua lortzeko lehiatzen direnek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen eta haien familiakoen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, bat etorriz abuztuaren 30eko 252/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluarekin.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako izatea Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat, edo eskuratzeko moduan egotea.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, zerbitzu anitzetako enplegatu baten lanpostuaren eginkizunetan jarduteko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendurik ez egotea.

f) B mailako gidabaimenaren jabe izatea, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

4. oinarria.–Eskabideak aurkeztea.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak nahitaez aurkeztu behar dira telematikoki, egoitza elektronikoan (https://www.fontellas.es), deialdiaren fitxaren bidez.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea nahitaez aurkeztu beharko dute I. eranskineko eredu normalizatuaren arabera; eskabide bakarra, eransten diren agiriekin batera. Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, epe barnean aurkeztutako azkena bakarrik hartuko da kontuan.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren (AIZ) kopia.

b) B kategoriako gidabaimenaren kopia.

c) Eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.

d) Aurkezten diren merezimendu guztiak frogatzeko agiriak, deialdian ezarritako baremoaren arabera.

Dokumentazio hori telematikoki aurkeztu beharko da, deialdiaren fitxan ageri den estekaren bidez, merezimenduen baremoan ezarritako atalen arabera.

Horri dagokionez, honako hauek aurkeztu beharko dira:

–Egindako zerbitzuen ziurtagiria, kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunak emana, non zehatz-mehatz jasoko baitira administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, ezarritako baremoan aurreikusitako baldintzetan, berariaz adierazita lanpostuaren izena plantilla organikoaren arabera, sailkapen maila, zerbitzua zer zentro edo unitatetan eman zen, zerbitzu bakoitzaren hasiera eta bukaera datak, eta bidezko den beste edozein datu gehigarri.

–Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten tituluak edo ziurtagiriak.

Fontellasko Udalean egindako eta aitortutako zerbitzuen ziurtagiria ez da aurkeztu beharko, organo deitzaileak zuzenean igorriko baitio epaimahaiari.

II. eranskin gisa aurkeztu beharko da idazki bat, alegatutako merezimenduen zerrendarekin, deialdiko ordenaren arabera, eta autoebaluaturik. PDF artxibo bakarrean, II. eranskin gisa erantsiko da idazki hori, eta, ondoren, alegatutako merezimenduak, idazkiko ordena berean.

Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean lehen aipatutako moduan zerrendatuta, alegatuta eta frogatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio-epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala frogatua.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Fontellasko Udaleko alkateak, hamar egun balioduneko epearen barrenean, ebazpen bat emanen du, onesten duena izangai onartu eta baztertuen (halakorik bada) behin-behineko zerrenda. Argitaratuko da Fontellasko Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (deialdiari dagokion fitxan).

5.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idazkia aurkeztuz Fontellasko Udaleko egoitza elektronikoan.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta erreklamazioen gainean ebatzitakoan, Fontellasko alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta argitaratuko da Fontellasko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (dagokion fitxan). Argitalpen horretan zehaztuko da oposizioko ariketa non, noiz eta zein ordutan hasiko den.

6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia: eraketa eta jarduketak.

6.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

–Epaimahaiburua: Erika Lasheras Munarriz, Fontellasko Udaleko alkatea.

Ordezko epaimahaiburua: Víctor Sangüesa Pérez, Fontellasko Udaleko alkateordea.

–Lehen epaimahaikidea: Olga Aznar Grange, Fontellasko Udaleko administrari-ofiziala.

Lehen epaimahaikidearen ordezkoa: M.ª Yolanda Salillas Pérez, Fontellasko Udaleko langilea.

–Bigarren epaimahaikidea: José Ángel Pérez-Nievas Borderas, Fontellasko Udaleko funtzionarioa.

Bigarren epaimahaikidearen ordezkoa: Sergio Grajera Sola, Fontellasko Udaleko funtzionarioa.

–Hirugarren epaimahaikidea: José Luis Romano Blasco, Cascanteko Udaleko kontu-hartzailea.

Hirugarren epaimahaikidearen ordezkoa: Nuria Mateos Crisóstomo, Milagroko Udaleko kontu-hartzailea.

–Epaimahaikide-idazkaria: David Modrego Jiménez, Fontellasko Udaleko idazkaria.

Epaimahaikide-idazkariaren ordezkoa: Milagrosa López Mendoza, Corellako Udaleko idazkaria.

6.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoera batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Halaber, izangaiek kalifikazio epaimahaiko kideak errefusatzen ahalko dituzte, baldin gertatzen bada aipatutako 40/2015 Legean ezarritako egoeraren bat.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Betiere, bertan egon beharko dute mahaiburuak eta idazkariak, edo, bestela, haien ordezkoek.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren gorabehera guztiak, eta berdinketa suertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7. oinarria.–Lehiaketaldiaren nondik norakoa.

7.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, baremo honen arabera: izangaiek merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, lehen azaldu bezala.

7.2. Merezimenduen baremoa. Gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira frogatutako merezimenduekin, honela banaturik:

–5 puntu, edukitzeagatik unibertsitateko gradua, diploma edo lizentzia, edo titulu hori eskuratzeko moduan egoteagatik, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean. 5 puntu, gehienez.

–Prestakuntza ikastaroengatik, bete beharreko lanpostuarekin zerikusia badute:

  • Ordu batetik 9 ordura bitartekoak: 0,5 puntu.
  • 10 ordutik 20 ordura bitartekoak: 1 puntu.
  • 21 ordutik 40 ordura bitartekoak: 2 puntu.
  • 41 ordutik 80 ordura bitartekoak: 3 puntu.
  • 81 ordutik 150 ordura bitartekoak: 4 puntu.
  • 150 ordu baino gehiago: 5 puntu.
    • 5 puntu, gehienez.

Ulertzen da lanpostuarekin zerikusia dutela deialdiaren 2. oinarriko eginkizunek.

–Word, Excel eta Access programei buruzko ikastaro bakoitzagatik:

  • Ordu batetik 9 ordura bitartekoak: 0,5 puntu.
  • 10 ordutik 20 ordura bitartekoak: 1 puntu.
  • 21 ordutik 40 ordura bitartekoak: 2 puntu.
  • 41 ordutik 80 ordura bitartekoak: 3 puntu.
  • 81 ordutik 150 ordura bitartekoak: 4 puntu.
  • 150 ordu baino gehiago: 5 puntu.
    • 5 puntu, gehienez.

Informatikako eta informazioaren teknologia berrietako beste ikastaro batzuk, baldin horien xede badira lanpostuak dituen eginkizunak (deialdiaren 2. oinarria), aurrekoak ez beste batzuk:

• Ordu batetik 9 ordura bitartekoak: 0,5 puntu.

• 10 ordutik 20 ordura bitartekoak: 1 puntu.

• 21 ordutik 40 ordura bitartekoak: 2 puntu.

• 41 ordutik 80 ordura bitartekoak: 3 puntu.

• 81 ordutik 150 ordura bitartekoak: 4 puntu.

• 150 ordu baino gehiago: 5 puntu.

  • 5 puntu, gehienez.

–Merezimendu profesionalak: baloratuko dira administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, deialdia argitaratzen den egunera artekoak, gehienez 10 punturekin; 2 puntu, osorik lan egindako urte bakoitzeko. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

7.3. Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak, noiznahi.

7.4. Lehiaketaldia bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Udalaren iragarki-taulan eta www.fontellas.es web-orrian, lehiaketaldian merezimenduak aurkeztu dituzten izangaien zerrenda, adierazirik lortutako puntuak.

8. oinarria–Oposizioaren nondik norakoa.

8.1. Oposizioa hasiko da behin argitaraturik izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen Alkatetzaren ebazpena, Fontellasko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Hartan, aditzera emanen da oposizioko ariketa non, zer egunetan eta zer ordutan eginen den.

Fontellasko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian emanen dira argitara gainerako iragarkiak.

8.2. Oposizioak ariketa bakarra izanen du, eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahalko dira. Proban, galdera sorta bati erantzun beharko zaio idatziz; erantzuteko zenbait aukera emanen dira baina bakarra izanen da zuzena. Galderak deialdiko II. eranskineko gaiei buruzkoak izanen dira. Proba honetan, epaimahaiak 70 puntu emanen ditu gehienez, eta bazterturik geldituko dira 35 puntu gutxienez eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Ariketa hau egiteko ez daiteke inongo hiztegirik erabili, ezta kalkulagailurik edo telefono mugikorrik edo bestelako materialik ere; soilik mutur lodiko bolaluma urdina.

Plika itxien sistemaren bidez eginen da ariketa. Baztertu eginen dira ariketan beren burua identifikatzen duten izangaiak.

Epaimahaiak zehaztuko du, ariketa hasi baino lehen, zenbat denbora izanen den gehienez.

Ariketa bukatutakoan, kalifikazio-epaimahaiak plikak zenbakituko ditu, eta zuzendu. Gero, emaitzak Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko ditu. Emaitzak argitaratzearekin batera, adieraziko da zer egunetan irekiko diren plikak, jendaurrean.

8.3. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo nortasuna frogatzeko epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste agiri bat. Oposiziotik baztertuko dira probara agertzen ez direnak edo nortasuna adierazitako moduan frogatzen ez dutenak.

9. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, eta pertsona hautatuak agiriak aurkeztea.

9.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du haiek gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio-ordenaren arabera, Fontellasko Udalaren iragarki-taulan eta webgunean. Gero, zerrenda hori Fontellasko Udaleko alkateari igorriko dio, eta, horrekin batera, puntuazio handiena lortu duen izangaia kontratatzeko proposamena.

Kalifikazioan berdinketarik izanez gero, zozketa publikoaren bidez ebatziko da, plikak jendaurrean irekitzeko ekitaldian bertan, haiek ireki ondoren.

Izendapen-proposamena argitaratuko da Fontellasko Udalaren iragarki-taulan eta webgunean.

9.2. Proposatutako izangaiak jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko ditu Fontellasko Udaleko egoitza elektronikoan, kontratazio proposamena iragarki-taulan argitaratu eta zazpi egun naturaleko epean:

a) NANaren kopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Deialdiaren 3. oinarrian eskatutako tituluaren kopia konpultsatua edo titulua lortzeko azterketa eskubideak ordaindu izanaren agiriarena (deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen).

c) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia konpultsatua.

d) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik betetzea zerbitzu anitzetako C mailako lanpostuaren eginkizunak (exekuzio zereginak ditu lanpostu horrek).

e) Zinpeko deklarazioa, bere erantzukizunpekoa, adierazten duena ez dagoela desgaitua ez gabetua eginkizun publikoetarako eta ez dutela kendu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

f) Fontellasko Udalak eskatzen dituen gainerako agiriak.

9.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, ezin izanen dute kontratatu deialdiaren xede den C mailako lanposturako, eta haren jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, galarazi gabe eskabidean informazio faltsua emateagatik izan dezakeen erantzukizuna.

Halakoetan, ulertuko da proposatzen dela kontratatzea puntuazio handiena duen hurrengo izangaia, eta, horrela, hurrenez hurren. Horiekin ere oinarri honetan ezarri bezala jokatuko da.

10. oinarria.–Kontratazioa.

10.1. Fontellasko Udaleko alkate udalburua izanen da organo eskuduna proposatutako izangaiari lan-kontratua egiteko, aipatutako C mailako plazarako, deialdi honen 1. oinarriaren arabera, betiere bete baditu aurreko oinarrietan ezarritako betebeharrak.

10.2. Hautatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hamar egun naturaleko gehieneko epean.

10.3. Aldi baterako kontratazioa: probak gainditu dituzten eta epaimahaiak proposatutako zerrendan sartu diren izangaiei deitzen ahalko zaie, deialdiaren xedeko lanpostuan sortzen diren beharren arabera.

Zerrendan dagoen lehentasun ordenaren arabera deituko zaie izangaiei.

11. oinarria.–Errekurtsoak. Errekurtso hauek para daiteke deialdi honen aurka, baita oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ere:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio egoki den Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen denetik hasita.

Fontellasen, 2024ko apirilaren 22an.–Alkate udalburua, Erika Lasheras Munarriz.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA, HONAKO HONETAN PARTE HARTZEKO: DEIALDIA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETE DADIN ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUAREN PLAZA BAT, FONTELLASKO UDALAREN ZERBITZUKOA

I.–DATU PERTSONALAK.

Deiturak eta izena: .................................................................................................................................

NANa: ..................................................................................................................................................

Helbidea: ..............................................................................................................................................

1. telefonoa ............................................................ 2. telefonoa .........................................................

Helbide elektronikoa: ..........................................................................................................................

II.–JAKINARAZPENETARAKO LEHENTASUNEZKO BIDEA.

Bitarteko elektronikoak: jakinarazpen telematikoa.

Adierazitako posta-helbidean jakinaraztea.

Bitarteko elektronikoak aukeratzen badituzu, bide hori erabiliko da eskabide honekin lotutako edozein komunikazio edo jakinarazpen egiteko, eta jakinarazpenak behar bezala egindakotzat joko dira eta behar diren ondorioak izanen dituzte, harik eta berariaz jakinarazten duzun arte jakinarazpenak posta-helbidearen bidez egitea nahi duzula.

III.–ADITZERA EMATEN DUT.

Eskabide honekin batera aurkezten ditudala merezimenduen autobaloraziorako agiria eta merezimenduen frogagirien kopiak.

Eskabide honekin batera honako agiri hauek aurkezten ditudala:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren (AIZ) kopia.

b) B kategoriako gidabaimenaren kopia.

c) Eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.

DESGAITASUNA.

Desgaitasun aitortua dudala edo ez dudala (jarri behar dena), % ..................(e)koa, eta desgaitasunaren ziurtagiria aurkezten dudala.

IV.–ADIERAZTEN DUT.

1. Betetzen ditudala deialdiaren oinarrietan hautapen-prozesuan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak guztiak.

2. Ez nagoela kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.

3. Ez dudala indarreko xedapenetan ezarritako desgaitasun edo bateraezintasunerako berariazko kausarik.

4. Alegatutako merezimenduak eta haien frogagiriak errealitatearen isla zehatza direla.

ESKATZEN DUT eskabide honetan aipatzen den deialdian onar nazatela.

Eguna eta sinadura

Adierazpenaren egileak baimena ematen dio toki-erakundeari, jarraikiz abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa), espedientean eta tramiteetan jasota dauden bere datuak trata daitezen, fitxategi automatizatu batean sartzeko, fitxategi horren helburua baita datu pertsonal horiek sartzen dituzten organoei erraztea kontrolatu eta hobetu ditzaten dagozkien kudeaketa, egiaztapen eta jarraipen prozedurak; eta badaki, aipatutako lege organikoaren arabera, toki-erakundearengana jo dezakeela datu horiek ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak erabiltzeko, idatziz, eskatzailearen nortasunaren fede ematen duen frogarekin, eta erreferentzia gisa "Datuen babesa" paratuz.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Hizkuntza eta ortografia, eskatzen den titulazioaren mailakoa.

2.–Matematika eta kalkulua, eskatzen den titulazioaren mailakoak.

3.–Tresna informatikoak; Word-i, Excel-i eta posta elektronikoari buruzko ezagutzak.

4.–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: izaera eta esanahia. Nafarroako Foru Erakundeen aipamena: Parlamentua edo Nafarroako Gorteak, Foru Diputazioa edo Nafarroako Gobernua.

5.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea.

–I. titulua.–Prozeduran interesdun direnak.

–II. titulua.–Administrazio publikoen jarduna.

–III. titulua.–II. kapitulua.–Egintzen efikazia.

–IV. titulua.–VII.–Egintza administratiboen betearazpena eta nahitaez betearazteko bitartekoak.

6.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa:

–Atariko titulua.–Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua:

  • III. kapitulua.–Zehapen ahalmenaren printzipioak.
  • IV. kapitulua.–Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna.
  • V. kapitulua.–Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan.

7.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena:

–II. titulua.–Udalerria.

8.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa:

–IX. titulua.–Prozedura eta araubide juridikoa. Toki entitateen jarduketen inpugnazioa eta kontrola:

  • I. kapitulua.–Prozedura eta araubide juridikoa.

9.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Atariko titulua; I. titulua: Nafarroako toki-ogasunen baliabideak: II. titulua: udal zergak.

10.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, hizpide dituena Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroa eta katastroak:

–Atariko titulua.–Xedapen orokorrak.

–I. titulua.–Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroaren eta katastroen kontserbazio lana:

  • I. kapitulua.–Xedapen orokorrak.
  • III. kapitulua.–Lur-ondasunen Erregistroan inskribatutako ondasun higiezinen balorazioa.

–II. titulua.–Lur-ondasunen Erregistroko eta katastroetako informazioa eskuratu, eman, erabili eta ziurtatzea.

  • I. kapitulua.–Informaziorako sarbidea.

11.–Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua (onetsi zen uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaren bidez).

–II. titulua.–Biztanleria eta errolda.

  • I. kapitulua.–Herritarrak eta udal errolda.
  • II. kapitulua.–Udal errolda kudeatzea.
  • III. kapitulua.–Udal errolda egiaztatzea eta kontrolatzea.

12.–614/1996 Foru Dekretua, azaroaren 11koa, hizpide dituena ekonomia-jardueren gaineko zerga edo lizentzia fiskala kudeatzeko arauak (1. artikulutik 10. artikulura).

13.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina:

–V. titulua.–Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.

  • I. kapitulua.–Esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileran.
    • 1. atala.–Hirigintzako lizentziak.
  • II. kapitulua.–Hirigintzako legezkotasunaren babesa eta hautsitako ordena lehengoratzea.

14.–339/1990 Legegintzako Errege Dekretua, martxoaren 2koa, zeinaren bidez onesten baita Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua:

–7. artikulua. Udalerrien eskumenak.

15.–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa:

–III. titulua.–Zer jarduera sailkatuk behar duten Udalaren lizentzia.

  • I. kapitulua.–Jarduera sailkatuaren udal lizentzia.
  • II. kapitulua.–Irekitzeko udal lizentzia.

16.–Fontellasko udalerria: kaleen eta auzoen izenak, parajeenak, ibaienak, bideenak eta abar.

17.–Fontellasko udalerriko kultura orokorra (historia, udal eraikinak eta instalazioak, zer zerbitzu dituen, jaiak...).

18.–Laneko arriskuen prebentzioko arauen oinarrizko ezagutza. Segurtasun neurriak. Norbera babesteko ekipamenduak.

*** Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudia hartuko da kontuan.

Iragarkiaren kodea: L2406508