95. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BARAÑAIN
–LAGUNAK UDAL ZERBITZUA–

Deialdia, garbitzailearen lanpostu bat betetzeko oposizioaren bidez

Lagunak Udal Zerbitzuko Zuzendaritza Batzordeak 2024ko apirilaren 17an egindako bilkuran, honako deialdi honen oinarriak onetsi zituen: deialdia, garbitzailearen lanpostu bat betetzeko oposizioaren bidez.

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da garbitzailearen lanpostu bat betetzea, oposizioaren bidez. Lanpostu hori 2.7 kodearekin dago identifikatuta Lagunak Udal Zerbitzuko plantilla organikoan, lan-kontratudunen araubidean.

Halaber, deialdi honen bidez lanposturik lortzen ez duten izangaiekin osatu nahi da aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda bat, jarraikiz deialdi honen 9. eta 11. oinarriei.

1.2. Lanpostuak izanen ditu Lagunak Udal Zerbitzuko plantilla organikoan ezarrita dauden ordainsariak eta enpresaren hitzarmen kolektiboan ezarritakoak. Izendatzen den pertsona lan-kontratudunen araubidean kontratatuko da.

1.3. Lanaldia gauzatuko da une oro Lagunak Udal Zerbitzuko langileentzat indarrean dagoen lan egutegiaren arabera eta lanpostuaren ezaugarrien arabera. Ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.4. Egin beharreko eginkizun nagusiak honako hauek izanen dira, besteak beste: eraikinetan, lokaletan eta Lagunak Udal Zerbitzuaren geletan (barnekoak nahiz kanpokoak) garbitzea mota guztietako gainazalak, altzariak, kristalak eta abar, horretarako hautatuz behar diren teknikak, tresnak eta produktuak, bermatzearren garbiketa, higienizazioa eta kontserbazioa, betiere jarraikiz laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan aplikatzekoa den araudiari; eta, oro har, gaur egun edo etorkizunean garbitzaile lanbide-kategoriari dagozkion guztiak, ondoriozta daitezkeenak lanbideen bilakaeragatik, edo erabiltzen diren tresna eta lanabesen bilakaeragatik eta ematen diren zerbitzuen antolamendu-sistemetan eta osaeran gertatzen diren aldaketengatik. Orobat, agintzen zaizkion beste zeregin batzuk ere, jarraikiz lanpostuak eskatzen dituen gaitasun profesionalei.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Prozesu honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) 16 urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

b) Espainiar nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

c) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako hauetako bat edukitzea, gutxienez: eskola-ziurtagiria, DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua, lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokidea, edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da egoki den baliozkotzea, edo homologazioa frogatzen duen agiria.

Izangaiek alegatzen badute badituztela eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak, aipatu beharko dute baliokidetasun hori aitortzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena, edo, bestela, aurkeztu beharko dute Hezkuntzako, Langileen Prestakuntzako eta Kiroleko Ministerioak hori bermatzeko emandako ziurtagiria.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publiko baten zerbitzutik diziplinaz kendua edo kaleratua. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzemate bat, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

f) Adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da kondenaturik ez egotea, epai irmo baten bidez, sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere. Hori dena, bat etorriz uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin, zeinaren bidez aldatzen baita Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema.

Baldintza hori frogatzeko, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari baimena eman beharko zaio ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari, zeina arautu baitzen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez, edo, bestela, aurkeztu beharko da erregistro horrek emandako ziurtagiri negatiboa.

2.2. Aipatutako baldintza horiek bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta haiei eutsi beharko zaie prozedurak iraun bitartean.

2.3. Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatzen diren eta kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

2.4. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira; horrez gain, dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Lagunak Udal Zerbitzuaren Erregistro Orokorrean (Barañaingo ingurabidea z.g.), astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein bide erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu behar da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hori ziurtatu aurretik.

Halaber, parte hartzeko eskabidea telematikoki aurkezten ahalko da, Lagunak Udal Zerbitzuaren erregistro orokor elektronikoan. Erregistro hori dago Lagunak Udal Zerbitzuaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.lagunak.org/). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabideak eta behar diren gainerako agiriak aurkezteko, erabil daiteke erregistro orokor elektronikoan artxiboak eransteko ezarritako formatuetatik edozein.

Eskabideek izan beharko dute I. eranskineko ereduaren araberakoak, eta emanen dira Lagunak Udal Zerbitzko bulegoetan; Internet bidez ere eskuratzen ahalko dira, www.lagunak.org helbidean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri ofizial baliokide batena.

b) Eskatzen den titulazioaren fotokopia, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako hura erdiesteko maneran izanen dela adierazten duen agiriarena.

c) Espedientea formalizatzeko eta azterketa-eskubideetarako 11,40 euro ordaindu izanaren frogagiria; dirua ES21 2100 5181 1322 0006 8627 sartuko da, edo Lagunak Udal Zerbitzuaren bulego nagusian ordainduko. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Eskabidea bulegoan aurkezten duten izangaiek orduantxe ordaintzen ahal dute tasa.

Tasa ez da itzuliko izangaiak baztertzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik edo oposizioko probetara ez aurkezteagatik.

3.2. Desgaitasuna duten izangaiek parte hartzeko eskabideari erantsi beharko diote desgaitasun aitortua frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, eta, hala, eskatzen ahalko dituzte behar bezala egokitu daitezela denborak edo bitartekoak, ariketak egiteko. Hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

5.–Behin-behineko zerrendak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, kalifikazio-epaimahaiak onetsiko du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Behin Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturik, jarriko dira bai Lagunak Udal Zerbitzuaren iragarki-taulan, bai www.lagunak.org orrian.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

6.–Behin betiko zerrendak.

6.1. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, epaimahaiak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta, horrekin batera, argitaratuko da non eta zer egunetan eta ordutan hasiko diren oposizio honetako lehenbiziko ariketak. Gainerako proben iragarkiak argitara emanen dira Lagunak Udal Zerbitzuaren iragarki-taulan eta www.lagunak.org web-orrian, gutxienez ere 48 ordu lehenago.

Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik, izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan, ikusten bada baldintzaren bat ez dela betetzen denborari edo formari dagokionez, interesdunek galduko dituzte deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak, halakorik bada.

Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, ulertuko da egin dela interesdunei egin beharreko jakinarazpena, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluari (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

7.–Kalifikazio-epaimahaia.

7.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Fátima Sesma Valles, Lagunak Udal Zerbitzuko lehendakaria, edo hark eskuordetza ematen dion pertsona.

–Epaimahaikidea: Guillermo Azkona Biurrun, Lagunak Udal Zerbitzuko langileen ordezkaria, edo hark eskuordetza ematen dion pertsona.

–Epaimahaikidea: Javier Bariain Beorlegui, Lagunak Udal Zerbitzuko arduraduna, edo hark eskuordetza ematen dion pertsona.

–Epaimahaikidea: Patricia Solabre Recalde, Barañaingo Udaleko aholkulari juridikoa, edo hark eskuordetza ematen dion pertsona.

–Idazkaria: Silvia Alcalá Gila, Lagunak Udal Zerbitzuko kudeatzailea, edo hark eskuordetza ematen dion pertsona.

Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Lagunak Udal Zerbitzuari hala jakinarazi, baldin gertatzen badira indarreko legedian abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, arrazoi horiek gertatzen direnean.

Abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio epaimahaiaren konposizioa aldatzen bada, horren berri emanen da, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.

7.2. Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez. Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

7.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

8.–Oposizioa nola eginen den.

8.1. Oposizioa 2024ko azarotik aitzina hasiko da.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko probak non, noiz eta zer ordutan eginen diren.

8.2. Oposizioko probak oinarri hauetan zehaztutakoak izanen dira, eta galdetuko da deialdiaren II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiez.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

8.3. Oposizioak ondoko proba hauek izanen ditu, eta gehienez ere 130 puntu lortzen ahalko dira bertan.

8.3.1. Lehenbiziko proba teoriko-praktikoa izanen da. Test motako 100 galderari erantzun beharko zaie idatziz, deialdi honen II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko, lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun zuzen bakoitzagatik puntu bat emanen da, eta okerreko erantzun bakoitzeko kenduko da erantzun zuzen baten balioaren herena. Galdera guztiei balorazio bera emanen zaie.

Ariketak 100 puntu emanen ditu gehienez, eta bazterturik geldituko dira 50 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Probak egiteko, ez daiteke erabili inolako testurik edo dokumentaziorik, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik nahiz bestelako materialik ere, salbu mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza.

8.3.2. Bigarren proban, ariketa praktiko bat edo batzuk egin beharko dituzte, erakusteko ezagutzen dituztela egin beharreko laneko tresnak eta badakitela horiek nola erabili, eta gauza direla lanpostuari lotutako zereginak egiteko.

Ariketak 30 puntu emanen ditu gehienez, eta bazterturik geldituko dira 15 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

8.4. Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora dagoen probak egiteko. Epaimahaiak zehaztuko du probak egun bakarrean edo gehiagotan eginen diren, bai eta zenbat denbora iraunen duen ere, betiere haien edukiaren arabera.

8.5. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

8.6. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena, behar bezala egiaztatzeko. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein izanik ere, edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

8.7. Proben emaitzak jendaurrean jarriko dira Lagunak Udal Zerbitzuaren iragarki-taulan eta www.lagunak.org web-orrian.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Probak kalifikatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, puntuazio-ordenaren arabera, eta Lagunak Udal Zerbitzuari bidaliko zaio, espediente osoarekin batera. Hark izendapen proposamena eginen du, puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde.

Baldin bi izangai edo gehiago berdindurik badaude puntuetan, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

9.2. Emaitzak argitara eman eta 15 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Lagunak Udal Zerbitzuaren Erregistro Orokorrean:

a) Deialdiaren 2.1 apartatuan eskatzen diren tituluen fotokopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez dagoela administrazio publiko baten zerbitzutik diziplinaz kendua edo kaleratua. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzemate bat, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

c) Osasun ziurtagiria, erakusten duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea, jarraikiz deialdiko lanpostuan gauzatu beharreko jardueretarako ezarritako osasun protokoloei. Ezin izanen dira kontratatu aipatutako osasun azterketan "gai" kalifikazioa ez duten izangaiak.

d) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publiko baten zerbitzutik diziplinaz kendua edo kaleratua. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzemate bat, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

e) Ziurtagiria, Justizia Ministerioaren mendeko Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emana. Adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenaturik ez egotea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere. Hori dena, uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (lege horrek aldatzen du haurrak eta nerabeak babesteko sistema).

f) Hala behar badu, Lagunak Udal Zerbitzuak eskatzen dituen agiri osagarriak.

9.3. Aipatutako epean agiri horiek aurkezten ez dituztenak, salbu behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan, ezin izanen dira kontratatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe izan dezaketen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Lagunak Udal Zerbitzuak lanpostua beteko du probak gainditutakoen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin (9.1 apartatua).

10.–Izendapena.

10.1. Hautapen prozedura bukaturik, eta proposatutako izangaiak aurkeztutakoan 9.2 apartatuko agiriak, Zuzendaritza Batzordeak izendatuako du Lagunak Udal Zerbitzuko langile, lan-kontratudun finko gisa.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek izanen dituela jakinarazpenaren ondorio berberak, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

10.3. Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz. Egun horretan kontratua formalizatzen ez badu (salbu ezinbesteko kasuetan), galduko ditu Lagunak Udal Zerbitzuko lan-kontratudun izateko eskubide guztiak. Halakorik gertatzen bada, 9. oinarrian xedatuari jarraituko zaio.

10.4. Izendatuari alta emanen zaio Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean, eta bertan afiliatuko da; beraz, haren kontura izanen dira dagokion kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

11.1. Lagunak Udal Zerbitzuko Zuzendaritza Batzordeak zerrenda bat eginen du, oposizioa gainditu bai baina plazarik lortu ez duten izangaiekin, aldi baterako kontratatzeko, plaza hutsak bete daitezen Lagunak Udal Zerbitzuan, Barañaingo Udalean eta Luis Morondo Musika Eskolan. Hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduari; zehazki, 42. artikuluari. Barañaingo Udalak eta Luis Morondo Musika Eskolak modu subsidiarioan erabiliko dute zerrenda hori; aurretik, erabiliko dute garbitzaile lanposturako egindako izangaien kontratazio-zerrenda; hots, Barañaingo Udalak berariaz egindako deialdien bidez eratutako zerrenda.

11.2. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda erabiltzeko, jarraituko zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduari, haren bitartez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.

11.3. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hori indarrean egonen da bost urtez –epea luzatzen ahalko da beharren arabera–, edo zerrenda agortu arte, edo harik eta lanpostuak behin betiko betetzeko berariazko hautapen-prozesuak hasi arte edo aldi baterako kontrataziorako beste zerrenda bat egin arte.

12.–Datu pertsonalak babestea.

12.1. Tratamenduaren arduraduna:

Lagunak Udal Zerbitzuaren ardura da deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak tratatzea.

12.2. Tratamenduaren xedea:

Lanpostua betetzeko deialdia kudeatzea eta izapidetzea.

12.3. Tratamenduaren oinarri juridikoa.

Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

–Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua: tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko (251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua).

–Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua: tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko.

12.4. Datuak gordeko diren denbora:

aipatutako helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira datuak, eta gordeko dira Lagunak Udal Zerbitzuak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

12.5. Datuen hartzaileak:

Datuak lagatzen ahalko zaizkie organo judizialei eta ordezkari sindikalei, indarrean dagoen legedia betez, eta argitara emanen dira Lagunak Udal Zerbitzuaren webgunean eta ediktuen taulan.

12.6. Eskubideak:

Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, Lagunak Udal Zerbitzuaren bulegoetara joz edo egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@sociedad-lagunak.es).

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (www.aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, beronen oinarrien eta berau aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Barañainen, 2024ko apirilaren 17an.–Lehendakaria, Fátima Sesma Vallés.

ANEXO I.–PARA ASPIRANTES A LA CONVOCATORIA PARA LA PROVISIÓN, MEDIANTE EL SISTEMA
DE OPOSICIÓN, DE UNA PLAZA DE LIMPIADOR-A
DEL SERVICIO MUNICIPAL LAGUNAK

I. ERANSKINA.–LAGUNAK UDAL ZERBITZUKO
GARBITZAILE PLAZA BAT OPOSIZIO SISTEMAREN BIDEZ
BETETZEKO DEIALDIAN PARTE HARTU NAHI
DUTENENTZAT

DATOS DE LA PERSONA SOLICITANTE / ESKATZAILEAREN DATUAK

NOMBRE Y APELLIDOS

IZEN-ABIZENAK

DNI, NIF, NIE

NAN, IFZ, AIZ

DOMICILIO

HELBIDEA

NÚMERO

ZENBAKIA

ESCALERA

ESKAILERA

PISO

SOLAIRUA

PUERTA

ATEA

C.P.

PK

POBLACIÓN

HERRIA

TELÉFONO

TELEFONOA

MÓVIL

MUGIKORRA

CORREO ELECTRÓNICO

POSTA ELEKTRONIKOA

EXPONE / AZALPENA

Que reúne todas y cada una de las condiciones y requisitos exigidos, referidos a la fecha de expiración del plazo señalado para la presentación de instancias.

Que acompaña a la instancia fotocopia de:

–Documento nacional de identidad o documento equivalente.

–Titulación académica referida.

Justificante de abono de la cantidad establecida en concepto de pago de tasa por formalización del expediente y derechos de examen.

Eskatutako baldintza eta betekizun guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunari dagozkionak.

Eskabidearekin batera honako dokumentu hauen fotokopiak aurkezten ditudala:

–Nortasun Agiri Nazionala edo baliokidea.

–Eskatutako titulazio akademikoa.

–Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako tasa ordaindu izanaren frogagiria.

Que padece discapacidad, por lo que solicita las adaptaciones que se señalan por los motivos que se expresan. (En folio aparte se especificarán las adaptaciones solicitadas y los motivos de la petición).

Que aporta documentación acreditativa de la condición de discapacidad expedida por órgano competente.

Desgaitasunen bat duela. Horregatik, adierazitako arrazoiak direla-eta, adierazitako egokitzapenak eskatu ditu. (Aparteko folioan, eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak zehaztuko dira).

Desgaitasuna egiaztatzeko dokumentazioa aurkezten duela, eskumena duen organoak emana.

SOLICITA / ESKAERA

Ser admitido/a a la convocatoria para la provisión, mediante oposición, de una plaza de limpiador-a identificada en la plantilla orgánica del Servicio Municipal Lagunak con el código 2.7, en régimen laboral.

Lagunak Udal Zerbitzuko plantilla organikoan 2.7 kodearekin identifikatutako garbitzaile lanpostua oposizio bidez betetzeko deialdian onartua izatea, lan-erregimenean.

En Barañáin, a de de 20 . / Barañain, 20 (e)ko ren (e)a.

FIRMA DEL/DE LA SOLICITANTE / ESKATZAILEAREN SINADURA

Información básica de protección de datos. Responsable del tratamiento: Servicio Municipal Lagunak. Finalidad: gestión y tramitación de la convocatoria para la provisión del puesto de trabajo. Derechos: acceso, rectificación, supresión y otros. Más información en la cláusula de protección de datos de la convocatoria.

Datuak babesteko oinarrizko informazioa. Tratamenduaren arduraduna: Lagunak Udal Zerbitzua. Helburua: lanpostua betetzeko deialdia kudeatzea eta izapidetzea. Eskubideak: sarbidea, zuzenketa, ezabaketa eta bestelakoak. Informazio gehiago deialdiaren datuak babesteko klausulan.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

I. zatia.–Zati orokorra.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Funtsezko eskubideak eta eginbeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: Atariko titulua; II. titulua, Nafarroaren ahalmenak eta eskumenak: II. kapitulua, Ahalmen eta eskumenen zehaztapena.

3. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: I. titulua, Xedapen orokorrak; II. titulua, Funtzionario publikoak: I. kapitulua, Hautaketa, II. kapitulua, Funtzionario izaera hartu eta galtzea, III. kapitulua, Mailak eta graduak, IV. kapitulua, Administrazio-karrera, VI. kapitulua, Administrazio-egoerak, VII. kapitulua, Lanpostuen hornidura, VIII. kapitulua, Eskubideak eta betebeharrak.

4. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea: III. titulua, Administrazio-egintzak: II. kapitulua, Egintzen efikazia.

5. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua, Nafarroako entitate lokalen antolamendua eta administrazioa; III. titulua, Nafarroako entitate lokalen funtzionamendua. Hiritarren partaidetza eta informazioa.

6. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena toki araubidearen oinarriak: I. titulua, Xedapen orokorrak; II. titulua, Udalerria; V. titulua, Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak; VI. titulua, Ondasunak, jarduerak eta zerbitzuak, eta kontratazioa.

7. gaia.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.

8. gaia.–Idazketako eta ortografiako oinarrizko erregelak.

II. zatia.–Berariazko zatia.

1. gaia.–Garbiketa zerbitzuaren antolamendua eta kontrola, zentro publiko eta administratiboetan. Garbiketari buruzko kontzeptu orokorrak. Garbiketako langileen eginkizunak.

2. gaia.–Garbiketarako produktuak: produktu motak, aplikazioa, osaera eta ezaugarriak. Etiketatzea, manipulatzea, ontzi-aldaketa eta biltegiratzea.

3. gaia.–Garbiketarako tresnak eta makinak. Mantentze eta zaintze lanak.

4. gaia.–Lurrak eta eskailerak garbitzea.

5. gaia.–Paretak eta sabaiak garbitzea.

6. gaia.–Bainugelak, komun publikoak eta pixalekuak garbitzea.

7. gaia.–Leihoak, kristalak eta ispiluak garbitzea.

8. gaia.–Zurezko, larruzko eta tapizezko altzariak garbitzea.

9. gaia.–Eremu administratiboak garbitzea eraikin publikoetan.

10. gaia.–Hondakin motak. Identifikatzea eta tratatzea. Biltzea, ebakuatzea eta birziklatzea.

11. gaia.–Laneko arriskuak prebenitzea garbiketa lanetan.

Iragarkiaren kodea: L2406468