95. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

137/2024 EBAZPENA, apirilaren 2koa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzen deialdi bat jardunbide errestauratibo komunitarioen proiektuak sustatzeko 2024. urtean. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 749979.

Justizia errestauratiboari, bitartekaritzari eta jardunbide errestauratibo komunitarioei buruzko martxoaren 9ko 4/2023 Foru Legeak, 47. artikuluan, honako hau xedatzen du:

"Justiziaren arloko eskumenak dituen departamentuak jardunbide errestauratibo komunitarioak eskainiko dituen sare bat sortzea sustatuko du, horretarako ezarritako dirulaguntzen deialdi baten bidez, bai eta gizarte-ekimeneko entitateekin lankidetzan aritzeko beste tresna batzuen bidez ere".

Horri dagokionez, hauxe dio hirugarren xedapen gehigarriak:

"Foru lege honek indarra hartzen duenetik urtebeteko epean, gehienez ere, justiziaren arloko eskumenak dituen departamentuak dirulaguntzak emateko deialdi baten oinarriak onetsiko ditu, horren bidez gizarte-kohesiorako jardunbide errestauratiboak sustatzeko".

Horrenbestez, bidezkoa da zentzu horretako proiektuak sustatzeko dirulaguntza deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea.

Jardunbide horiek, aipatu foru legearen 44. artikuluko definizioaren arabera, judizializatu gabeko gatazkak prebenitzeko eta konpontzeko tresnak dira, bai eta gizarte-kohesioa sustatzekoak ere, helburu dutenak konfiantzazko, errespetuzko eta zaintzako baldintza kolektiboak sortzea, sor daitezkeen gatazkak komunitateak berak kudea ditzan hasierako faseetan eta modu espontaneoan.

Aplikazio eremuari dagokionez, kontuan hartu behar da jardunbide errestauratibo komunitarioak prozedura judizialetik kanpo gauzatzen direla eta ez dutela ondorio juridiko loteslerik izateko asmorik. Jardunbide errestauratiboak edozein esparru sozialetan egiten ahalko dira, horren barne direla familia, auzoa, eskola, osasuna, kontsumoa, antolakundeak eta espetxe arlokoa, besteak beste.

Haien funtzionamenduak printzipio hauek bete behar ditu, 46. artikuluaren arabera:

a) Herritarren parte-hartzea: herritarren parte-hartze solidarioa sustatuko da boluntariotzaren formulen bidez, bideratzaile profesionalen parte-hartzea baztertu gabe.

b) Gatazka sozialak prebenitzea eta konpontzea: prozesuen helburua izanen da gatazka sozial zabal eta generikoak prebenitzea eta konpontzea, baita ikuspegi desberdinak eztabaidatzea ere premia sozialei aurre egiteko modu onenari buruz.

c) Gizarte-kohesioa handitzea: prozesuen helburua izanen da erantzukizun partekatuaren ideia eta komunitate zibikoko kide izatearena indartzea, aniztasunari eta kulturartekotasunari ikuspegi positibotik begiratuta.

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduketa printzipio gidari batzuk ezartzen ditu Nafarroako Foru Komunitatean Konstituzioan jasotako emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskubidea egiazkoa eta eraginkorra izan dadin bizitzaren eremu eta etapa guztietan. Halaber, aipatu legeak eskatzen du dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berdintasun klausulak jaso daitezela.

Arau horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean bildutako aurreikuspenekin bateragarri izan behar dute. Foru lege horretan ezarrita dago onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei dagokien araubide juridiko orokorra. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.

Ebazpen bidez ezarri behar dira oinarri arautzaileak, eta hala jaso dira proposamen honen eranskinetan. Horien arabera emanen zaizkie dirulaguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateei, jardunbide errestauratibo komunitarioen proiektuak sustatzeko.

Deialdiak bidea ematen die entitate interesdun guztiei berdintasunez parte hartzeko eta, era berean, bermatzen du dirulaguntzak irizpide objektiboei jarraikiz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politikaren eta justiziaren esparru orokorrean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.

Dirulaguntza deialdi honi lotutako gastua 40.000 eurokoa da, eta "Jardunbide errestauratibo komunitarioen proiektuetarako dirulaguntza" izeneko F20001 F2400 4819 112105 partidaren kargura finantzatuko da.

Ikusirik espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, zeinek adierazten baitute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek ematea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak, legezkoak.

Horrenbestez, bat etorriz Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritakoarekin,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea irabazi-asmorik gabeko entitateei jardunbide errestauratibo komunitarioen proiektuetarako dirulaguntzak emateko deialdia, bai eta haren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jaso direnak.

2. 40.000 euroko kreditua baimentzea, 2024ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

ZENBATEKOA

"Jardunbide errestauratibo komunitarioen proiektuetarako dirulaguntza" izeneko F20001 F2400 4819 112105 partida

2024

40.000 euro

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdi honen, oinarrien eta haren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin bat.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Gizarteratzeko, Bitartekaritzako eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzura eta Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako Bulegora, eta baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) ere.

Iruñean, 2024ko apirilaren 2an.–Justiziako zuzendari nagusia, Maite Arenaza Sarasola.

I. ERANSKINA.–IRABAZI-ASMORIK GABEKO ENTITATEENTZAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA GIZARTE KOHESIORAKO JARDUNBIDE ERRESTAURATIBOEN PROIEKTUAK SUSTATZEKO 2024. URTEAN. OINARRIAK

Lehena.–Xedea eta helburuak.

1. Justizia Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzen deialdi bat egin du 2024rako, irabazi-asmorik ez duten gizarte ekimeneko entitateek gauzatzen dituzten jardunbide errestauratibo komunitarioen proiektuak finantzatzeko.

2. Proiektu horien xedea izanen da judizializatu gabeko gatazkak prebenitzea eta konpontzea, bai eta gizarte kohesioa sustatzea ere, eta horretarako konfiantzazko, errespetuzko eta zaintzako baldintza kolektiboak sortzea bilatuko dute, sor daitezkeen gatazkak komunitateak berak kudea ditzan hasierako faseetan eta modu espontaneoan.

3. Proiektu guztiek genero ikuspegia jaso beharko dute, hala prestatzean nola gauzatzean.

4. Proiektu guztiek bete beharko dituzte Justizia errestauratiboari, bitartekaritzari eta jardunbide errestauratibo komunitarioei buruzko martxoaren 9ko 4/2023 Foru Legean ezarritako printzipioak eta mugak. Zehazki, foru lege horren 46. artikuluan jasotzen dira printzipioak. Hauek dira:

a) Herritarren parte-hartzea: herritarren parte-hartze solidarioa sustatuko da boluntariotzaren formulen bidez, bideratzaile profesionalen parte-hartzea baztertu gabe.

b) Gatazka sozialak prebenitzea eta konpontzea: prozesuen helburua izanen da gatazka sozial zabal eta generikoak prebenitzea eta konpontzea, baita ikuspegi desberdinak eztabaidatzea ere premia sozialei aurre egiteko modu onenari buruz.

c) Gizarte-kohesioa handitzea: prozesuen helburua izanen da erantzukizun partekatuaren ideia eta komunitate zibikoko kide izatearena indartzea, aniztasunari eta kulturartekotasunari ikuspegi positibotik begiratuta.

5. Dirulaguntzen deialdi honetatik kanpo daude beste deialdi publiko batzuen bidez berariaz finantzatzen diren proiektu eta jarduketak edo beste administrazio publiko batzuen eskumenekoak direnak. Era berean, berariaz baztertzen dira eraikuntza edo zaharberritze lanak egitea helburu duten proiektuak. Deialdi honetatik kanpo utzi dira, berariaz, Gizarte Zerbitzuen Zorroan oinarrizko laguntzako prestazio bermatu gisa jasotako jarduketak.

Bigarrena.–Aurrekontu-baliabideak.

Helburu horietarako 40.000 euro bideratuko dira, eta zenbateko hori 2024ko gastu-aurrekontuko "Jardunbide errestauratibo komunitarioen proiektuetarako dirulaguntza" izeneko F20001 F2400 4819 112105 partidaren kargura finantzatuko da.

Proiektu bakoitzarentzat 10.000 euro eska daitezke gehienez.

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradun izateko, entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoak izatea, bakoitzaren izaera juridikoaren arabera, eta, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, erregelamenduz dagokien administrazio erregistroan inskribatuta egotea.

b) Irabazi asmorik ez edukitzea.

c) Bere estatutuetan jasota izatea, berariazko helburuen artean, esku-hartze sozialeko lana egitea, proiektua zer modalitaterako eskatzen den, modalitate horrekin lotura duen esparruan.

d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

e) Ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapenaren ondorioz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko legeetan edo zergei buruzko lege orokorretan xedatutakoaren arabera dirulaguntzak lortzeko aukeraz gabeturik ez egotea.

f) Dirulaguntzen onuraduna izateko gainerako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jasotzen baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.

Laugarrena.–Proiektuek bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honen 1. oinarrian jasotako xede eta helburuetarako egokiak izatea.

b) Jarduerak 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 1 arte gauzatzea. Ordainketa aurreraturik ez duten entitateentzat izan ezik, haientzako epea urtarrilaren 1etik azaroaren 30era artekoa izanen baita.

c) Bigarren oinarriak ezartzen dituen eskaeraren gehieneko mugak ez gainditzea.

d) 6. oinarrian aipatzen diren zeharkako kostuak, dirulaguntzaren kargura aplikatu eta aurrekontuan sartzen direnak, ezin izanen dira haren %15etik gorakoak izan.

Bosgarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

2. Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo instituzio pribatu zein publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua. Horretarako, entitate onuradunak III. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena bete beharko du.

Seigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, behar-beharrezkoak izanik, oinarriotan ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

2. Gastu horiek 2024ko abenduaren 31ra arte egindako ondasun-emateenak edo zerbitzu-prestazioenak izanen dira, eta 2025eko otsailaren 10erako ordainduak egon beharko dira.

3. Honako kontzeptu hauek jasotzen ahal dute dirulaguntza:

A) Proiektuko jarduerak egiteko beharrezkoak diren zuzeneko gastuak:

a.1) Higiezinen alokairuak eta haiek erabiltzeak ekartzen dituen gastu arruntak. Entitatearen egoitzan egiten diren jardueren kasuan, hura alokatuta badago, entitatearen jarduera guztien aldean jarduera horrek betetzen duen zati proportzionala besterik ezin izanen da egotzi zuzeneko kostu gisa. Aipatutako gastu arruntak zuzeneko gastu gisa diruz lagundu ahal izateko, jarduera horretarako bakar-bakarrik erabiltzen den lokal batean egin beharko da.

a.2) Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak eta hornidurak.

a.3) Langileen gastuak, haien barnean egonda soldatak, erakundearen kargura diren gizarte aseguruak eta jarduerak koordinatzeaz arduratzen diren langileen beste lan karga batzuk, eta/edo entitate onuradunak jarduerak gauzatzeko izendatutako gainerako langileenak. Entitateko langileek egindako jardueren kasuan, baldin eta beste eginkizun eta lan batzuk egiten badituzte diruz lagundutako jardueraren ondoriozkoez gainera, dagozkien lan guztien aldean jarduera horrek betetzen duen zati proportzionala besterik ezin izanen da egotzi zuzeneko kostu gisa.

Langileen gastuaren dirulaguntza, gehienez ere, Nafarroako Ekintza eta Esku-hartze Sozialaren Sektoreko hitzarmen kolektiboan ezartzen dena izanen da.

a.4) Bidaiak eta dietak. Langileen mugigarritasunari lotutako gastuak dira, jarduerak egitearekin lotura zuzena dutenak, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa). Bankuko transferentziaren bidez justifikatuko dira bidaietarako eta dietetarako gastuak.

a.5) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak. Entitateaz kanpoko profesionalen kontratazioari dagozkion gastuak dira, diruz lagundutako proiektuan jasotzen den jarduera jakin bat egiteko. Bankuko transferentziaren bidez justifikatuko dira.

a.6) Finantza gastuak. Sail honetan sartuko dira entitateak izanen lituzkeen gastuak, baldin eta bere jarduera ez eteteagatik hirugarrenei kalte egin eta bankuari mailegu bat edo kreditu lerro bat eskatzea beharrezkoa balitz. Kontzeptu horren barnean egozten ahalko dira, bakar-bakarrik, dirulaguntzaren aurrerakina pagatu arte sortzen diren interesak eta, orobat, mailegua ireki eta ixteko gastuak. Banku kontuetako interes zordunak salbuetsita daude (kontu korronteetako zorpekoak).

Kreditu lerroa edo mailegua deialdi honetan aurkezten den proiekturako eskatu beharko da, zalantzarik gabe; horretarako, 2.000 euroko dirulaguntza emanen da gehienez. Entitateak dirulaguntzaren aurrerakinik eskatzen ez badu, finantza gastuak ez dira aintzat hartuko.

Dirulaguntzari dagozkion finantza gastuak kalkulatzeko, kontuan hartuko da banku erakundeari eskatutako mailegua edo kreditua ez izatea proiektuaren guztirako kostuaren %70etik gorakoa. Bestela, portzentaje horretarainoko hainbanaketa eginen da.

a.7) Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa ez da sartuko jasanarazten ahal bada, hau da, berreskuratu edo konpentsatzen ahal denean.

B) Zeharkako gastuak.

Dirulaguntzaren %15eko edo hortik beherako zenbatekoa egotz dakieke zeharkako kostuei. Zeharkako kostu horiek entitate onuradunaren funtzionamendu gastu orokorrak izanen dira, alegia: bestelako langile gastuak, lokalenak, bulegoko materialenak eta bestelako gastu arruntak. Zeharkako gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

4. Ez dira inola ere gastu diruz lagungarritzat hartuko ekipamendu eta ondasun inbentariagarriak eskuratzekoak, ez eta eraikuntzako materialak erostekoak, protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrerak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.) eta amortizazioak ere.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Entitate eskatzaile bakoitzak diruz laguntzeko eskaera bakarra aurkez dezake.

2. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

Erregistroaren funtzionamendu okerrak aurkezpen telematikoa egitea eragozten duen kasuetan bakarrik onartuko dira aurkezpen ez telematikoak Justizia Zuzendaritza Nagusiaren Erregistroan (Iratxeko monasterioa kalea 22, 31011 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako tokietan, behin eragozpen hori gertatu dela frogatuta.

Gainera, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko zaio unitate kudeatzaileari, mezu elektroniko bat bidaliz justiciarestaurativa@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egunean berean.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaeren kasuan, Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Entitate eskatzaileek eskaera bidali dutela iragarri beharko dute, egun berean mezu elektroniko bat bidaliz justiciarestaurativa@navarra.es helbidera.

4. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Entitate eskatzaileek Nafarroako Gobernuaren eskabide orokor baten bidez eginen dute eskaera, honako agiri hauek erantsita (agiriak jatorrizkoak edo fotokopiak izan beharko dira eta telematika bidez aurkeztuko dira):

A) Entitate eskatzailearen dokumentazioa:

a.1) Entitatearen estatutuak.

a.2) Entitatea erregelamenduz dagokion erregistroan inskribatuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria edo beste frogagiri bat.

a.3) Identifikazio fiskaleko txartela.

a.4) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, erakusten duena entitateak, haren administratzaileek eta ordezkariek ez dutela inolako debekurik urratzen dirulaguntzen onuradun izateko (debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasota daude) eta, orobat, ez direla zehatuak izan ez emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, ezta zerga arloan ere.

a.5) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria, gehienez hilabete lehenago egina, frogatzen duena egunean dituela indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkioten eginbeharrak. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko (IV. eranskina).

a.6) Nafarroako Gobernuak edo Espainiako Zerga Agentziak emandako ziurtagiria, gehienez hilabete lehenago egina, frogatzen duena zerga arloko betebeharrak egunean dituela. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko (IV. eranskina).

a.7) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari dirulaguntzak lehen aldiz eskatzen bazaizkio edo aurreko dirulaguntzak ordaintzeko erabilitako banku-kontua aldatu bada. Tramite hori Nafarroako Gobernuaren webgunean egin daiteke: https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/consulta-de-cuentas-y-pagos.

a.8) Hala behar izanez gero, eta 14. oinarrian xedatutakoari dagokionez, dirulaguntzaren helburuak betetzeko diru funtsak aurretiaz behar direla frogatzeko txostena, baita seigarren oinarriko "finantza gastuak" izeneko a.6 puntuan xedatutakoaren ondorioetarako ere.

a.9) Entitate eskatzaileek, nahi izanez gero, dirulaguntza eskaerarekin batera aurkezten ahal dute deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzen duten entitateek hamar eguneko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

B) Balorazioa egiteko dokumentazioa:

b.1) Proiektuaren memoria eta aurrekontua inprimaki ofizialean, euskarri informatikoan aurkeztuta. Eredua interesdunen eskura egonen da Nafarroako Gobernuaren webguneko zerbitzuen katalogoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/) eta helbide elektroniko honetan: justiciarestaurativa@navarra.es. Memoria horrek 50 orrialde hartuko ditu gehienez ere, 11 neurriko Arial letra motan idatzia.

b.2) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta proiektua behar bezala ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren bestelako agiriak. Dokumentazio hori guztia memoriaren eranskintzat hartuko da.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraituz, ez da beharrezkoa izanen oinarri honen lehen ataleko a.1), a.2) eta a.3) letretan eskatutako dokumentuak aurkeztea horiek dagoeneko administrazioaren esku badaude edo beste edozein administraziok egindako dokumentuak badira, baldin eta interesdunak adierazi badu haiek kontsultatu edo eskuratzeko adostasuna.

Aurreko paragrafoan ezarritakoari begira, dokumentazioaren bost urteko antzinatasuna errespetatuko da, kasuan kasuko espedientea bukatzen denetik. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariak adierazpen bat aurkezten ahal du inguruabar hori azaltzeko; entitateek pertsonifikatzeko formula juridikoa baizik ez badute aldatu, alderdi horrek entitatearen estatutuetan frogatuta egon beharko du.

39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ulertuko da ematen ez diren datuak eta agiriak kontsultatzea edo eskuratzea baimendu dela, non eta prozeduran ez den espresuki interesdunaren aurkakotasuna jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen berariazko adostasuna ematea.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

2. Justizia Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta, instrukzio organo gisa, Gizarteratzeko, Bitartekaritzako eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzua arituko da. Horrexek egiaztatuko du dirulaguntzak hartzeko betebeharrak betetzen diren, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren kasuetan interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusita dagoenari jarraikiz:

a) Eskaeran identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela erakunde eskatzaileari buruzkoak.

b) Zortzigarren oinarriaren A ataleko dokumentazioan akatsak edo hutsak daudenean.

c) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak daudenean (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

d) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako kasuetako edozeinetan.

Bestelako kasuetan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagokionez, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1. Eskaerak banan-banan eta zein bere aldetik baloratuko dira, 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien ponderazioa kontuan hartuta.

2. Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek 60 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatu eta onartzen den aurrekontuaren %100 adinakoa izanen da.

4. Balorazio positiboa lortzen duten eskaeren zenbateko guztiek aurrekontuetan modalitate horretarako ezarrita dagoen kreditua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira. Gerta daiteke prozedura horren arabera dirulaguntza jaso dezakeen azken proiektuan eskatutako zenbatekoa handiagoa izatea hura finantzatzeko erabilgarri dagoena baino. Horrelakoetan, dirulaguntza proposatuko da baldin eta hura ematea efizientea bada, eta, horretarako, 11. oinarrian aurreikusitako tramiteari jarraituko zaio.

5. Proiektu batzuek puntuazio bera lortzen badute eta ez badago denentzat adinako aurrekontu krediturik, I. eranskineko B atalean puntuaziorik handiena lortu duen entitatea izanen da onuraduna. Berdinketak badirau, proiektua baloratzeko irizpideen B1 atalean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da.

6. Modalitateren batean ez bada agortzen modalitate horretarako ezarri den kreditua, soberakina beste modalitatean banatuko da kreditua agortu arte. Ezarritako aurrekontu-kontsignazioaren kreditua agortzen ez bada, deialdia egiten duen entitateak eskatzen ahal du hobekuntzak egin daitezela aurkeztutako proiektuan, aurrekontu-kontsignazioa agortzeko falta den kopurua adinakoak. Deialdia egiten duen entitateak hobekuntza horiek baloratu beharko ditu, eta, kasua bada onartu.

Hamaikagarrena.–Eskaerak berregitea.

Baldin dirulaguntza proposamenaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako eskaeran ageri dena baino, instrukzio organoak eskatzen ahal du eskaera berregiteko, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den dirulaguntzaren arabera, betiere xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Berregindako eskaeraren aurrekontua ez da txikiagoa izanen bi hauen arteko batura baino: proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eta, halakorik badago, hasieran aurreikusitako kofinantzaketaren zenbatekoa, modu homogeneoan (eskaeran ageri den kofinantzaketaren ehuneko bera mantenduko da).

Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Prozeduraren instrukzioa eginda, eta aurkeztutako eskaerak ebazteko proposamena egin ondoren, Justiziako zuzendari nagusiari dagokio ebazpena ematea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz.

2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

3. Ebazpen horretan honako hauek agertuko dira: dirulaguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkien, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea; horrez gainera, gainerako eskaerak ezetsi direla aipatuko da, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate interesdunei.

Hamalaugarrena.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da dirulaguntza, hau da, ordainketa aurreratu bakar batean, ebazpenarekin batera, irabazi-asmorik gabeko entitateek edo horien federazio, konfederazio edo taldeek aski baliabiderik ez dutenean diruz lagundutako jarduera behin-behinekoz finantzatzeko, baldin eta hori behar bezala frogatzen badute.

Horretarako, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkeztean edo ondoren, entitateak funtsen beharra frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du, honako hauek erantsita: behar hori frogatzen duen txostena; ordezkariaren ziurtagiri bat, agertzen dituena entitatearen izenean dauden banku kontuak; bankuko kontuetako uneko saldoak agertzen dituen bankuko ziurtagiri bat –banku elektroniko bidez lortutakoak ere onartuko dira–, eta diruzaintzako fluxuen hileroko aurreikuspen bat, kobrantzak, ordainketak, maileguak eta abar zehazten dituena, edo dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar direla frogatzen duen beste edozein ziurtagiri.

2. Ordainketa aurreratua egitea bidezkoa ez den kasuetan, jarduera egin dela 15. oinarrian adierazitakoari jarraikiz justifikatu ondoren ordainduko da dirulaguntza. Ordainketa partzialak egiten badira, ordainketa proportzionalak izanen dira, behin gastuak eta baterako finantzaketa –horrelakorik bada– justifikatu ondoren.

Hamabosgarrena.–Justifikazioa.

1. Entitate onuradunek, eskabidearekin batera, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzeari buruzko txosten teknikoa eta ekonomikoa aurkeztu beharko dute (partziala edo azkenekoa, zer dagokion), inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan. Eredua Nafarroako Gobernuaren webgunearen Zerbitzuen katalogoan eskura daiteke, baita helbide elektroniko honetan ere: justiciarestaurativa@navarra.es.

2. Azken txostenak edo txosten partzialak justifikazio kontuaren itxura izanen du, eta gastua justifikatzen duten agiriekin batera aurkeztuko da. Hurrengo alderdi hauek jasoko ditu:

a) Tarteko ordainketak egiteko txosten partzialak:

a.1) Proiektuaren bilakaerari buruzko tarteko txosten laburra, ezarritako ereduaren araberakoa, kronograma batean diruz lagundutako jardueren exekuzioa adieraziz, finkatutako helburuen (orduak, parte-hartzaile kopurua, etab.) eta gastatutako diru kopuruaren arabera. Tarteko txosten horiek aurkezturik ere, programaren memoriak osorik aurkeztu beharko dira hura bukatutakoan.

Gizarteratzeko, Bitartekaritzako eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzuak proiektuaren bilakaerari buruzko txosten bat aurkezteko eskatzen ahalko du, ekitaldiko edozein unetan, diruz lagundutako jarduerak zenbateraino gauzatu diren azalduko duena.

a.2) Diruz lagundutako proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, honako hauek zehaztuta: agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta egiazki noiz pagatu den. Zerrenda horrekin batera, gastuaren eta ordainketaren frogagiriak modu digitalean aurkeztu beharko dira, lehen aipatutako gastuen zerrendan deskribatutako ordenari jarraikiz. Entitatearen ordezkariaren zinpeko aitorpena gehituko da, non jasoko baita egotzitako datuak dirulaguntza honetara baizik ez direla aurkezten.

Gastuen frogagiri gisa, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan emailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez onetsi baitzen fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua.

Ordainketen frogagiri gisa, diruz lagundutako jarduketak ordaindu izana justifikatzen duten banku agiriak bakarrik onartuko dira (eskudiruzko ordainketak ez dira onartuko).

Organo kudeatzaileak posta elektronikoz bidali beharko die entitateei onartutako gastuen zerrenda, haiei dagozkien aldaketak barne, baldin badaude, eta sinadura digitalaren bitartez sinatu beharko du onartu den dokumentazioa Justizia Zuzendaritza Nagusiaren aurrean aurkeztu dela egiaztatuz, jasotako dirulaguntza justifikatzeko.

a.3) Konpentsatutako BEZik bada, haren aitorpena.

a.4) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria, gehienez hilabete lehenago egina, frogatzen duena egunean dituela indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkioten eginbeharrak.

a.5) Nafarroako Gobernuak edo Espainiako Zerga Agentziak emandako ziurtagiria, gehienez hilabete lehenago egina, frogatzen duena zerga arloko betebeharrak egunean dituela.

a.6) Dirulaguntzaren bidez finantzaturiko langileen lan-kontratuak eta dagozkien ikasketa tituluak, aurkeztutako proiektuaren arabera, baldin eta Gizarteratzeko, Bitartekaritzako eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzuak ez baditu.

a.7) Entitateak egindako ziurtagiria, proiektuan benetan aritu diren langileen gastua egiaztatzeko.

a.8) Proiektuari atxikita dauden entitateko langileen hileko nominen laburpenak.

a.9) Entitateak egindako ziurtagiria, justifikazio kontuan egotzitako zeharkako gastuen portzentajea egiaztatzeko.

b) Azken txostena, eredu ofizialaren araberakoa, proiektua bukatu ondoan:

b.1) Proiektuaren exekuzioari buruzko txosten teknikoa, eredu ofizialaren arabera prestatua, gutxienez honako atal hauek jasoko dituena, aurkeztutako proiektuan adierazitakoarekin bat:

–Lortutako helburuen zehaztapena.

–Lortutako emaitzak.

–Egindako jarduerak.

–Egindako jarduerak egiaztatzeko iturriak.

b.2) Proiektuaren emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak), kontzeptuen arabera xehakatuta.

b.3) Diruz lagundutako proiektuaren justifikazio ekonomikoa, oinarri honen 2.a) atalean hurrengo ordainketak egiteko ezarritako baldintza beretan.

b.4) Onetsitako aurrekontua eta gauzatutakoa erkatzen dituen taula, izan diren desbideratzeak adierazita.

b.5) Entitateko arduradunak sinatutako ziurtagiria, non frogatuko baita, batetik, justifikazio kontuan zer portzentaje egotzi zaien zeharkako gastuei, eta bestetik, jarduera gauzatzeko diru-sarrerek ez dituztela gastuak gainditu.

b.6) Entitateko arduradunak sinatutako ziurtagiria, non frogatuko baita finantzatutako programetan proiektuko langileek egin dituzten lanaldien egozpena, eta langileria gastua benetan erabili dela proiektuan aritu diren langileei ordaintzeko.

b.7) Proiektuari atxikita dauden entitateko langileen hileko nominen laburpenak.

b.8) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria, gehienez hilabete lehenago egina, frogatzen duena egunean dituela indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkioten eginbeharrak.

b.9) Nafarroako Gobernuak edo Espainiako Zerga Agentziak emandako ziurtagiria, gehienez hilabete lehenago egina, frogatzen duena zerga arloko betebeharrak egunean dituela.

b.10) Urteko 190 eredua (lan atxikipenak, zenbait enpresa eta lanbide jarduerarenak eta sarienak), eta urteko 180 eredua (errentamenduengatiko atxikipenak).

b.11) Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren alde, aurreratutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe dirulaguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera horren bidez entitateak adieraziko du itzuli duen zenbatekoari uko egiten diola.

Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatuko dion ordainketa-gutunaren bidez eginen da diru-sarrera hori.

b.12) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo bilakaera onaren berri emateko.

3. Aurreko puntuetan aipatutako agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira.

4. Jarduerak, dirulaguntzaz gain, funts berekiekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, azken justifikazioan –edo justifikazio partzialetan, hala badagokio– dirulaguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira, eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela. Bestela, ordaindutako zati proportzionala itzuli beharko da.

5. Dirulaguntza aurretiaz ordaintzea aukeratzen duten entitateen kasuan izan ezik, dirulaguntzaren azken zatia kobratzeko eskubidea ematen duen azken txosten partziala 2024ko abenduaren 10ean aurkeztuko da beranduenez.

6. Azken txostena, beranduenez, 2025eko otsailaren 10ean aurkeztu beharko da, egun hori barne.

7. Ondoko taulan, "egoerak, epeak eta aurkeztu beharreko agiriak" laburbiltzen dira.

JUSTIFIKAZIO PARTZIALAK EDO OSOAK AURRERAKINIK JASO EZ BADA

JUSTIFIKAZIOA / AZKEN MEMORIA

Egoera/Agiriak aurkezteko epeak

Aurkezteko epea

Aurkeztu beharreko agiriak

Mugaeguna

Aurkeztu beharreko agiriak

DIRULAGUNTZA AURRERAKINAREKIN

2025-02-10

–Azken memoria teknikoa

–Azken justifikazio ekonomikoa

AURRERATU GABEKO DIRULAGUNTZA ETA JUSTIFIKAZIO PARTZIALEN AUKERA

2024ko ekainaren 30ean eta abenduaren 10ean

–Txosten tekniko partziala

–Justifikazio ekonomikoa

AURRERATU GABEKO DIRULAGUNTZA ETA AZKEN JUSTIFIKAZIO BAKARRAREN AUKERA

2024ko abenduaren 10a

–Azken txosten teknikoa

–Azken justifikazio ekonomikoa

Hamaseigarrena.–Hornitzaileak hautatzea eta azpikontratatzea.

1. Entitate onuradunak hirugarrenekin kontratatzen ahalko du dirulaguntzaren xede den jardueraren exekuzio partziala; horretarako, diruz lagundutako aurrekontuaren %50 erabiltzen ahalko du gehienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Dirulaguntzaren xede den jarduera onuradunak berak egin ahal izateko egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

2. Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritako portzentajeekin eta zehaztapenekin bat, azpikontratazioa egitean, gehienbat desgaitasuna duten langileek edo gizarte-bazterketa egoeran daudenek osatutako enpresei edo entitateei emanen diete lehentasuna entitate onuradunek, baldin eta entitate horiek egiten ahal dituzten prestazio edo jarduerak badira, nolakoak diren ikusita. Entitate onuradunak ez badu lehentasun hori aplikatzen, arrazoibidez justifikatu beharko du dirulaguntza kudeatzen duen zerbitzuan.

3. Hala xedatzen baitu bere 28.3 artikuluan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak, diruz lagundutako gastuak aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzu emateko baldin badira eta 12.000,00 euro baino handiagoak badira, organo emaileari frogatu beharko diote enpresa edo entitate hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela. Horretarako, helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsulta-tramite horren gaineko dokumentazioa eta dagozkion eskaintzak gorde beharko ditu, eta kontu horiek guztiak agiri bidez frogatu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratuak indarra hartu bezain laster. Agiri horiekin batera, egindako hautapena arrazoitzeko txosten labur bat aurkeztuko da.

4. Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea baldin eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, behar adina ez badira merkatuan hornidura edo zerbitzu hori egiten duten enpresak.

Hamazazpigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Proiektu baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaileen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea. Gauzatze horretan sartzen da, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatzea eta zuzentzea, baita beharrezkoak diren baliabideak eta bitartekoak jartzea ere.

b) Oinarri hauetan adierazitako frogagiriak aurkeztea (tartekoak eta azkenak), baita proiektuaren exekuzioari buruz Gizarteratzeko, Bitartekaritzako eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzuak eskatzen dion beste edozein txosten ere, diruz lagundutako programan parte hartu duten pertsonei buruz.

Nolanahi ere, pertsonei buruzko datuak (programen azken onuradunenak eta esku hartzen duten profesionalenak etab.) sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

c) Gizarteratzeko, Bitartekaritzako eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzuari jakinaraztea proiektuari esleitutako langile taldean egiten diren aldaketa guztiak, eta, bereziki, laneko bajak. Baja kasuetan, langileak gehienez ere hilabeteko epean ordeztu beharko dira, dirulaguntza ematean aintzat hartutako langile gastuak osatzeko behar den lanaldi portzentajerako kontratatuz.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta betiere jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Justifikazio kontuak aurkeztea ezarritako ereduaren arabera.

h) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

i) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako dirua itzultzea.

j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

k) Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren baimena eskatu eta eskuratzea diruz lagundutako proiektuan funtsezko aldaketak egiteko, baldin proiektua gauzatzea nabarmen aldatzen edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen badira. Funtsezko aldaketatzat jotzeko, helburuetan, emaitzetan, onura hartzen duen populazioan edo lurralde kokapenean eragina izan beharko du, edo, hasierako aurrekontuarekin alderaturik, partidako multzo bakoitzaren %10eko desbideratze ekonomikoa gertatu beharko da. Aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala azaldu, betiere aurtengo azaroaren 30a baino lehen. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekartzen ahalko du, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da. Proiektua gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabeherak eta aldaketa ez-funtsezkoak arrazoituta adieraziko dira justifikazio txosten partzialean edo azken txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernuarenak ez diren finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.

l) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza bat izatea diruz lagundutako programa gauzatzeko.

Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.

1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude arau honetan ezartzen diren gardentasun betebeharrak betetzera, baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

2. Foru lege horren 12.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute 10 eguneko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Kargudunen zerrenda eta haien dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu.

d) Entitate onuradunaren urteko kontuak.

3. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du. Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

4. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

5. Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

6. Galarazi gabe entitate onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak, entitateak azkenean ez badu betebehar hau betetzen, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari.

Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako gainerako kausak gertatzen badira, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli beharko da, 35. artikulu horretan ezarritakoaren arabera.

2. Gardentasunari buruzko betebeharrak betetzen direla frogatzeko informazioa eman beharra bete ezean, ez zaie emandako dirulaguntza ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ez-betetzeak mailakatzeko irizpide hauek hartuko dira kontuan bereziki, eman beharreko dirulaguntza edo, hala badagokio, itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Azken justifikazioan ez-betetze formal hutsak eginez gero, epemugatik zenbat egun pasa diren kasuan kasuko dokumentuak aurkeztu arte.

4. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan araututakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean bildutako aurreikuspenei.

Hogeigarrena.–Administrazio errekurtsoak.

1. Oinarri arautzaile hauen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

2. Oinarri arautzaile hauek aplikatuz Justiziako zuzendari nagusiak ematen dituen ebazpenen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.

Hogeita batgarrena.–Datuen tratamendua.

1. Deialdi honetan parte hartzeak berekin ekarriko du Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak erakunde parte-hartzaileen datuen tratamendua egitea, eta tratamenduaren arduraduna Justiziako Zuzendaritza Nagusia izanen da.

2. Datuen tratamendua justifikatuta dago deialdiaren parte-hartzea kudeatu behar delako, eta dirulaguntza ematen denean, alderdien artean sortzen den harreman juridikoa kontrolatu eta gauzatu behar delako. Helburu hori interes publikoko edo ahal publikoko legitimazioa da, Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluan zehazten den moduan, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea da oinarri juridikoa.

3. Dirulaguntzen onuradun den entitatearen datuak, tratamenduaren helburukoak, mota honetakoak dira: identifikaziokoak, harremanetarakoak, bankukoak, profesionalak eta ekonomiko-finantzarioak, edo helburu horretarako behar den beste edozein.

4. Entitate parte-hartzaileen datuak zein xedetarako bildu diren, halako xedea lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta xede horren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Zehazki, kontserbaziorako aurreikusitako epea izanen da Nafarroako Gobernuaren agiri kontserbazioaren indarreko egutegiak adierazten duena.

5. Interesdunek Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuan erabiltzen ahal dute datu pertsonaletan sartzeko eskubidea, bai eta haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, tratamenduari aurka egiteko eta datuak eramatekoa ere, sgt.interior.funcionpublica.justicia@navarra.es helbide elektronikora mezu bat bidaliz, gaian "datuen babesa" idatzita. Erantzunarekin ados egon ezean, Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritzara (dpd@navarra.es) jo daiteke, edo Datuak Babesteko Espainiako Bulegora: https://www.aepd.es/.

Hogeita bigarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

II. ERANSKINA.–JARDUNBIDE ERRESTAURATIBO KOMUNITARIOEN PROIEKTUAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK

A.–Egokitasun instituzionala (%10) (10,00 puntu)

a.1.

Oinarri soziala eta ezarpena Nafarroan

(3,00 puntu bitarte)

a.1.1.

Jarduera urteak, erregistroko inskripzioaren arabera (0,10 puntu urteko)

(1,00 puntu bitarte)

a.1.2.

Bazkide kopurua, eskala honen arabera

(1,00 puntu bitarte)

> 300 bazkide

1,00 puntu

50-300 bazkide

0,50 puntu

< 50 bazkide

0,00 puntu

Fundazioen kasuan

0,50 puntu

a.1.3.

Entitateko zuzendaritza edo ardura karguetan dagoen emakume kopurua, eskala honen arabera:

(1,00 puntu bitarte)

%50 eta hortik gora

1,00 puntu

%20 edo gehiago baina %50etik behera

0,50 puntu

< %20

0,00 puntu

a.2.

Gaitasun finantzarioa

(5,00 puntu bitarte)

a.2.1.

Aurreko urteko emaitza ekonomikoen azterketa (entitatearen diru-sarreren eta gastuen arteko aldea)

(3,00 puntu bitarte)

Superabita (Diru-sarr. > Gast.)

3,00 puntu

Oreka (Diru-sarr. = Gast.)

2,00 puntu

Defizita %10etik beherakoa [(Diru-sarr.- Gast.)/Gast. < -%10]

1,00 puntu

Defizita %10etik gorakoa

0,00 puntu

a.2.2.

Entitatearen aurreko urteko finantzabideen azterketa

(2,00 puntu bitarte)

Finantzabide pribaturik bada, eskala honen arabera

(1,00 puntu bitarte)

Diru-sarrera guztien %30 baino gehiago

1,00 puntu

Diru-sarrera guztien %15 baino gehiago

0,50 puntu

Gainerakoa

0,00 puntu

Finantzabide asko badaude, eskala honen arabera

(1,00 puntu bitarte)

4 finantzabide baino gehiago, Nafarroako Gobernuaz bestelakoak:

1,00 puntu

2 finantzabide baino gehiago, Nafarroako Gobernuaz bestelakoak:

0,50 puntu

Gainerakoa

0,00 puntu

a.3.

Gaitasun operatiboa eta esperientzia gizarte-inklusioaren arloan

(2 puntu bitarte)

a.3.1.

Azkeneko 4 urteotan gizarte-inklusioaren arloan egindako jarduera-proiektuen kopurua (0,25 puntu proiektu bakoitzeko; 0,00 puntu, proiekturik ez bada)

(1,00 puntu bitarte)

a.3.2.

Genero berdintasunerako plan bat ezarria du

(1,00 puntu bitarte)

B.–Proiektuaren kalitate teknikoa (%90) (90,00 puntu)

b.1.

Proiektuaren koherentziaren azterketa

(38,00 puntu bitarte)

b.1.1.

Oinarriak eta koherentzia, Justizia errestauratiboari, bitartekaritzari eta jardunbide errestauratibo komunitarioei buruzko martxoaren 9ko 4/2023 Foru Legearen printzipioei dagokienez

(10,00 puntu bitarte)

Guztiz koherentea da

10,00 puntu

Neurri batean koherentea da (printzipioetako bat gutxi garatuta edo oinarrituta dago)

8,00 puntu

Neurri batean koherentea da (printzipioetako bi gutxi garatuta edo oinarrituta daude)

5,00 puntu

Neurri batean koherentea da (printzipioetako hiru gutxi garatuta edo oinarrituta daude)

3,00 puntu

Inkoherentea da, edo oso gutxi zehaztuta dago

0,00 puntu

b.1.2.

Helburuak

(5,00 puntu bitarte)

Guztiz koherenteak dira, eta ongi zehaztuta daude

5,00 puntu

Inkoherenteak dira, edo oso gutxi zehaztuta daude

3,00 puntu

Atala ez da bete

0,00 puntu

b.1.3.

Jardueren deskribapena

(5,00 puntu bitarte)

Zehatz deskribatuta

5,00 puntu

Hala-holakoa. Ez daude zehatz deskribatuta

3,00 puntu

Ez daude deskribatuta (aipatuak besterik ez)

0,00 puntu

b.1.4.

Espero diren emaitzak

(5,00 puntu bitarte)

Zehatz deskribatuta

5,00 puntu

Hala-holakoa. Ez daude zehatz deskribatuta

3,00 puntu

Behar diren atalak ez dira bete

0,00 puntu

b.1.5.

Jardueren egutegia

(5,00 puntu bitarte)

Zehatz deskribatuta

5,00 puntu

Hala-holakoa. Ez dago zehatz deskribatuta

3,00 puntu

Behar de atala ez da bete

0,00 puntu

b.1.6.

Helburuen, emaitzen eta jardueren arteko koherentzia aztertzea

(8 puntu bitarte)

Hau da, helburuen, jardueren eta emaitzen artean koherentziarik ba ote dagoen aztertuko da: jarduera horiek eginez emaitzak lortuko direnetz eta emaitza horiek lortuz helburuak beteko direnetz, kontuan hartuz, batetik, ingurunea, eta bestetik, helburuak eta jarduerak diseinatzeko oinarriak: 0 puntutik 8ra arteko eskala kualitatibo batean neurtuko da, sailkapen honen arabera:

Erabateko koherentzia dago helburuen, emaitzen eta jardueren artean:

8,00 puntu

Jardueren eta emaitzen artean bakarrik dago koherentzia:

6,00 puntu

Jardueren eta helburuen artean bakarrik dago koherentzia:

4,00 puntu

Helburuen eta emaitzen artean dago koherentzia:

2,00 puntu

Inkoherentea da:

0,00 puntu

b.2.

Ebaluazioaren azterketa (adierazleak, egiaztatzeko iturriak, ebaluazio eta jarraipen prozesua)

(6,00 puntu bitarte)

b.2.1.

Adierazleak

(2,00 puntu bitarte)

Oso egokia

2,00 puntu

Egokia

1,00 puntu

Hala-holakoa

0,50 puntu

Desegokia

0,00 puntu

b.2.2.

Egiaztapen iturriak

(2,00 puntu bitarte)

Oso egokia

2,00 puntu

Egokia

1,00 puntu

Hala-holakoa

0,50 puntu

Desegokia

0,00 puntu

b.2.3.

Ebaluazio eta jarraipen prozesu bat izatea

(2,00 puntu bitarte)

Oso egokia

2,00 puntu

Egokia

1,00 puntu

Hala-holakoa

0,50 puntu

Desegokia

0,00 puntu

b.3.

Giza baliabideen eta boluntarioen azterketa, eta baliabide material eta ekonomikoen azterketa

(20,00 puntu bitarte)

b.3.1.

Giza baliabideen egokitasuna (profil teknikoen definizioa eta esleitutako eginkizunak baloratuko dira)

(3,00 puntu bitarte)

Oso egokia

3,00 puntu

Egokia

2,00 puntu

Hala-holakoa

1,00 puntu

Desegokia

0,00 puntu

b.3.2.

Boluntarioak izatea, eta esleitu zaizkien eginkizunen azterketa

(10,00 puntu bitarte)

Oso egokia

10,00 puntu

Egokia

5,00 puntu

Hala-holakoa

3,00 puntu

Desegokia

0,00 puntu

b.3.3.

Baliabide teknikoen egokitasuna (materialak, lokalak)

(2,00 puntu bitarte)

Oso egokia

2,00 puntu

Egokia

1,00 puntu

Desegokia

0,00 puntu

b.3.4.

Aurrekontuaren xehakatze egokia

(3,00 puntu bitarte)

Oso egokia

3,00 puntu

Egokia

2,00 puntu

Hala-holakoa

1,00 puntu

Desegokia

0,00 puntu

b.3.5.

Kofinantzaketa izatea, eskala honen arabera

(2,00 puntu bitarte)

NGtik kanpoko ekarpena >%10

2,00 puntu

NGtik kanpoko ekarpena %10 arte

1,00 puntu

Ez dago NGtik kanpoko ekarpenik

0,00 puntu

b.4.

Proiektuaren osagarritasuna eta koordinazioa beste entitate batzuekin eta beste gizarte baliabide batzuekin

(5,00 puntu bitarte)

b.4.1.

Baliabide publiko, sozial eta komunitarioekin aldizkako koordinazioa egiteko egitura bat proposatzen du

(5,00 puntu bitarte)

Oso egokia

5,00 puntu

Egokia

3,00 puntu

Hala-holakoa

2,00 puntu

Desegokia da edo ez dago halakorik

0,00 puntu

b.5.

Pertsona onuradunen parte-hartzearen azterketa

(15,00 puntu bitarte)

b.5.1.

Profilaren azterketa eta zenbatespen kuantitatiboa

(2,00 puntu bitarte)

Oso egokia

2,00 puntu

Egokia

1,00 puntu

Hala-holakoa

0,50 puntu

Desegokia

0,00 puntu

b.5.2.

Pertsonak proiektuan sar daitezen erabilitako prozedura

(3,00 puntu bitarte)

Oso egokia

3,00 puntu

Egokia

2,00 puntu

Ez dago halakorik

0,00 puntu

b.5.3.

Proiektuaren onuradun diren pertsonek parte hartzeko bideak izatea

(5,00 puntu bitarte)

Ongi. Bide egokiak eta zehatzak ditu.

5,00 puntu

Hala-holakoa. Baditu bideak, baina ez dira egokiak edo ez dira zehatzak

3,00 puntu

Ez du halakorik

0,00 puntu

b.5.4.

Jardueretan parte hartzen duten emakumezkoak, batez beste

(5,00 puntu bitarte)

%75 eta gehiago

5,00 puntu

%50etik %75era bitarte

2,00 puntu

< %50

0,00 puntu

b.6.

Proiektua zer lurralde eremutan gauzatzen den

(6,00 puntu bitarte)

(Esku-hartzearen dibertsifikazioa Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan, proiektua gauzatzen den kokagunearen arabera):

Iruña eta Iruñerria ez den Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean bakarrik

6,00 puntu

Nagusiki Iruñean eta/edo Iruñerrian

2,00 puntu

Bakar-bakarrik Iruñean

1,00 puntu

Iragarkiaren kodea: F2405970