95. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

23E/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 27koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita, igerileku estaliak edo aire zabalekoak jabetzan dituzten klubei zein elkarteei (kirol klub filiala dutenei) zuzendua, jarduera fisikoko eta osasuneko programak finantzatu ditzaten 2024an. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 752324.

Azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak. Dekretu horretan, bada, ezarri zen Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzaren eskumenen artean daudela honako hauek: modu autonomoan edo lankidetzan sustatzea heziketa fisikoa eta kirola bultzatzeko programak eta jarduerak herritarren kolektibo guztientzako, eta kirolak berezkoak dituen balio sozialak eta hezkuntzakoak sustatzea.

Orobat, Kirola Sustatzeko Atalari dagokio kirola sustatzeko programak bultzatu eta sustatzea arreta berezia behar duten eta gizarte interesekoak diren giza taldeentzat, eta kirolaren eta jarduera fisikoaren programen antolaketa sustatzea, toki-entitateen bidez eta helburu nagusi kirola sustatzea eta bizi kalitatea hobetzea dituzten beste entitate batzuen bidez.

Bestalde, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.a, 3.f eta 3.t artikuluetan, helburu batzuk finkatzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen kirol arloko politikak bideratzeari begira, eta, hala, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak lortu beharreko helburu bihurtu dira. Honako hauek dira:

a) Erraztasunak ematea pertsona guztiek kirol jarduerak egiteko aukera izan dezaten. Lehentasuna emanen zaio guztientzako kirola sustatzeari, arreta berezia jarriz aisia betetzeko jarduera fisikoetan eta kirol jardueretan, kirolean modu jarraituan aritzeko, josteta eta jolaserako eta osasuna hobetzeko.

f) Ahaleginak egitea kirol jardueren praktika heda dadin Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osora.

t) Kirola sustatzea, osasun ohitura gisa, eta hura bultzatzen duten kirol modu guztiei bulkada ematea.

Halaber, Kirolari buruzko Foru Legearen 33. a) artikuluak ezartzen du Foru Komunitateko Administrazioak kirol jarduera sustatuko duela, laguntzen eta dirulaguntzen araubide baten bidez besteak beste.

Igerileku estaliak edo aire zabalekoak dituzten kirol klubei eta elkarteei (azken horietan Nafarroako Foru Komunitatean kirol klub filialak dituztenean) laguntza ekonomikoak emanez, erabiltzaileen ehuneko handi batengana iristen da, asko baitira horietan eskainitako kirol-jarduera fisikoetan erregulartasunez parte hartzen dutenak.

Halaxe adierazi du "Nafarroako kirol eta aisia entitateen elkartearen gizarte eragina" deritzon txostenak, 2020an argitaratutakoak. Bertan adierazten denez, dirulaguntza honen onuradun izan daitezkeen eta kirol azpiegitura handia duten 10 erakundetan biltzen da Iruñeko biztanleriaren %35. Hala, kirol, gizarte eta kulturako 100 jarduera mota baino gehiagotan parte hartzen dute, erregulartasunez.

Diruz lagundutako jarduera fisikoko eta osasuneko programek kirol-jarduera fisikoaren praktika –ez lehiakorra– sustatu eta indartzea izanen dute helburu, halako jarduerak egiten dituzten pertsonen bizi kalitatea eta osasuna hobetze aldera.

Hori dela kausa, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak laguntza horien deialdiko oinarriak arautzen dituen Foru Agindua onartzeko proposatu du, estalitako edo aire zabaleko igerilekuen titular diren eta kasuan kasuko erregistroetan izena emanda dauden kirol klubei eta elkarteei (azken horietan kirol klub filialak daudenean) dirulaguntzak ematea errazteko, jarduera fisikoko eta osasuneko programak gara ditzaten.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea, igerileku estaliak edo aire zabalekoak jabetzan dituzten klubei zein elkarteei (kirol klub filiala dutenei) zuzendua, jarduera fisikoko eta osasuneko programak finantzatu ditzaten 2024an.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimentzen da; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5100-4819-336108: Jarduera fisikoko eta osasuneko programetarako laguntzak igerilekuen jabe diren klubetan

2024

100000,00

4. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko martxoaren 27an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea.

Foru agindu honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea dirulaguntzak emateko igerileku estaliak edo aire zabalekoak jabetzan dituzten klubei zein elkarteei (kirol klub filiala dutenei), jarduera fisikoko eta osasuneko programen antolaketa, kudeaketa eta gauzatzea finantzatu ditzaten 2024an. Klubek zein elkarteek Nafarroako Foru Komunitateko kasuan kasuko erregistroetan izena emanda egon beharko dute.

2. Helburua.

Deialdi honen helburua da jarduera fisikoaren praktika sustatu eta indartzeko laguntza ekonomikoak ematea, halako jarduerak egiten dituzten pertsonen bizi kalitatea eta osasuna hobetzeko tresna diren aldetik.

Egiten den jarduera fisikoa adinaren eta egoera fisikoaren arabera egokituko dira, kontuan hartuta profesionalek zuzendutako praktika erregularrak eragin positiboa izanen duela egoera fisikoa eta psikikoa hobetzeko orduan.

3. Erakunde onuradunak.

3.1. Dirulaguntzen araubide honetan parte hartzen ahal dute:

–Estalita edo/eta aire zabalean dauden igerilekuen titularrak diren kirol klubek, Nafarroako Kirol Erregistroan izena emanda badaude.

–Estalita edo/eta aire zabalean dauden igerilekuen titular diren elkarteek, kirol klub filial bat txertatuta badute eta Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan kasuko erregistroetan klub filial moduan nahiz elkarte moduan izena emanda badaude.

3.2. Entitate onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 14. artikuluan oro har ezartzen diren betebeharrak, bai eta oinarri arautzaile hauek xedatzen ahal dituztenak ere.

4. Diruz lagundutako jarduerak.

4.1. Diruz lagungarriak izanen dira 2024ko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitarte garatzen diren jarduerak (bi egun horiek barne).

4.2. Entitate eskatzaile bakoitzak jarduera fisikoko eta osasuneko programa bakarra aurkeztu beharko du, eta, bertan, honako jarduera hauek sartzen ahal dira:

A) Kualifikatutako langileek zuzendutako kirol-jarduera fisikoak:

–Jarduerak muskulazio-gelan.

–Jarduerak uretan:

  • Aquagyma.
  • Aurreigeriketa.
  • "Igerian ikasteko" eskolak.
  • Haurdunentzako igeriketa.
  • Adinekoentzako igeriketa.
  • Desgaitasuna dutenentzako igeriketa.

–Kirol-jarduera fisikoak aretoan:

  • Aerobic-a.
  • Body Tonic-a, Body Balance-a, Body Combat-a, Body Pump-a, Cross fit-a.
  • Box-a.
  • Cross Training-a.
  • Core-a, hipopresiboak.
  • Dantza eta antzekoak.
  • Defentsa pertsonala.
  • EasyTone-a.
  • Entrenamendu funtzionala.
  • GAPa.
  • Mantentzeko gimnastika.
  • Hipopresiboak.
  • Jumping-a.
  • Pilatesa.
  • Jarreraren berrantolaketa.
  • Spinning-a. Areto barneko txirrindularitza.
  • Stretching-a.
  • Tai-jia.
  • Tonifikazioa.
  • TRXa.
  • Yoga eta yogilatesa.
  • Zunba.

Uretako eta aretoko kirol-jarduera fisikoen zerrenda horrek zenbait aukera baino ez ditu adierazten, ez da mugatzailea. Hori dela eta, aipatutako horien helburu berak izan arren beste izen bat duten jarduerak ere sartzen ahal dira.

B) Kirol eta jolaseko jarduera fisikoak (hiriko kanpalekuak, campusak...) 18 urtera bitarteko neska-mutikoentzat, Aste Santuan eta udan soilik eskaintzen direnak.

5. Jardueren ezaugarriak.

5.1. Klubaren berezko instalazioetan egin beharko dira.

5.2. Jarduerak bazter geldituko dira baldin eta, kirol espezialitate batekin lotuta egonik (atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, gimnasia, judoa, igeriketa, tenisa, padela, patinajea eta abar), kirol horretan hobekuntza nahiz errendimendua lortzera edo lehiara bideratzen badira.

5.3. Kanpo geldituko dira federazioko lizentzia beharrezko duten jarduera guztiak.

5.4. Diruz lagundutako jarduera guztiak kualifikatutako langile tituludunek zuzenduko dituzte.

5.5. Jarduerak hartzaileen beharrizan eta ezaugarrien arabera egokituko dira, eta ez dute mugarik izanen parte hartzen duten pertsonen adina, sexua, egoera fisikoa eta desgaitasun fisiko edo psikikoa dela-eta.

5.6. Jarduketek ezin izanen dute inolaz ere dirulaguntzarik jaso apustu enpresek (barne direla apustu makinen operadore diren enpresak) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten badituzte.

Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten jarduerak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean.

6. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbateko osoa gehienez ere 100.000 eurokoa izanen da, eta 2024ko aurrekontu orokorretako A50002 A5100 4819 336108 aurrekontu partidari egotziko zaio, "Jarduera fisikoko eta osasuneko programetarako laguntzak igerilekuen jabe diren klubetan" izenekoari.

7. Gastu diruz lagungarriak.

Diruz lagundutako programen izaerari dagozkion gastuak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak eta, zehazki, honako hauek:

–Aurkeztutako programaren koordinatzailearen Gizarte Segurantzako gastuak eta soldaten gastuak. Beren lanaldiaren barrenean diruz lagundutako jarduerak kontrolatzen eta antolatzen ematen duen denborari dagokion gastua egotziko da.

–Monitoreen Gizarte Segurantzako gastuak eta soldaten gastuak. Beren lanaldiaren barrenean diruz lagundutako jardueretan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

–Laguntza teknikoa eta langile autonomoak kontratatzeko gastuak, diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko.

–Diruz lagundutako jardueren kirol material suntsikorra. Atal honetan ez dira sartzen kirolerako ez diren musika-tresnak, tresna informatikoak edo bestelako materialak.

8. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

8.1. Dirulaguntza jasotzeko eskaera eta hasierako dokumentazioa aurkezten ahalko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 15 egun natural igaro arte.

8.2. Dirulaguntza eskaerak eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoa erabiliz. Helbide horretan esteka bat izanen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko.

8.3. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Ez dira aurkeztutzat hartuko dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki aurkezten ez direnak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8. eta 66.6. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz (aurrerantzean, APAPEL). Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

8.4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

9. Hasierako dokumentazioa.

9.1. Laguntzak eskatzeko dokumentuak bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin, ezarritako eranskinen arabera. Eranskin horiek eskura egonen dira deialdiaren estekan.

9.2. Eskaeran aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1. II. eranskina.–Eskabide-orria.

2. III. eranskina.–Jarduera fisikoko eta osasuneko programa.

3. IV. eranskina.–Monitoreak. Zerrenda eta titulazioak.

4. V. eranskina.–Jarduera fisikoko eta osasuneko programako diru-sarrera eta gastu guztien aurrekontu osoa.

5. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria, gehienez ere hilabete lehenago emana, frogatzen duena klubak egunean dituela Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak edo, bestela, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari baimena emateko agiria, kontsulta egin dezan.

6. Nafarroako Zerga Ogasunak emandako ziurtagiria, gehienez ere hilabete lehenago emana, frogatzen duena klubak egunean dituela tributu betebeharrak, edo, bestela Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari baimena emateko agiria, kontsulta egin dezan.

9.3. Eskaera egin ostean, zehazki, dirulaguntza emanen dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, aurkeztu beharreko dokumentazioa, 19. oinarri arautzailearekin bat:

–VI. eranskina.–Gardentasunari buruzko adierazpena.

10. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari errekerimendua eginen zaio gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.

11. Antolamendua eta instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Zuzendariordetza izanen da.

12. Balorazio irizpideak.

Jarraian zehazten dira balorazio irizpideak, zein bere haztapenarekin, zeinen bidez lehentasun-hurrenkera bat ezarriko baita, honako atal hauetan oinarrituta:

A.–Kualifikatutako langileek zuzendutako kirol-jarduera fisikoak:

a.1. Jarduera zuzenduak talde egonkorretan:

i. 1 puntu/jarduera.

ii. 0,5 puntu talde bakoitzeko.

a.2. Bonuetan eskainitako jarduerak:

iii. 1 puntu jarduera bakoitzeko.

iv. 0,25 puntu saio bakoitzeko.

a.3. Aretoko langile teknikoak: Aholkularitza eta jarraipena: 0,1 puntu ordu bakoitzeko.

a.4. 60 urtetik gorakoei soilik zuzendutako jarduerak: 0,50 puntu jarduera bakoitzeko

a.5. 14 eta 30 urte artekoei soilik zuzendutako jarduerak: 0,50 puntu jarduera bakoitzeko

a.6. Desgaitasunen bat dutenei soilik zuzendutako jarduerak: 0,50 puntu jarduera bakoitzeko

B.–Kirol eta jolaseko jarduera fisikoak (hiriko kanpalekuak, campusak...) 18 urtera bitarteko neska-mutikoentzat, Aste Santuan eta udan soilik eskaintzen direnak.

B.1. Aste Santuko eta udako kanpaleku eta campus bakoitza baloratuko da:

Zenbat irauten duten egun bakoitzean neska-mutilek parte hartzen duten kirol-jarduera fisikoek:

–Partaide bakoitzak egunean kirol-jarduera fisikoan emandako 3 ordura arte: 3 puntu campus, kanpaleku edo dena delakoko bakoitzeko.

–Partaide bakoitzak egunean kirol-jarduera fisikoan emandako 3 ordutik gorako aldirako: 5 puntu campus, kanpaleku edo dena delakoko bakoitzeko.

(Adibidez, xakeko campus batean partaide batek ordubeteko saioa badauka, campusa goiz guztian zehar eman arren, "xakeko campusak" 3 puntu izanen ditu.

Hiriko kanpaleku batean partaideak kirol-jarduera fisikoa 9:00etan hasi eta 14:00etan amaitzen badu, hiriko kanpaleku horrek 5 puntu izanen ditu).

B.2. Udako kanpaleku edo campus bakoitza baloratuko da:

Zenbat aste irauten duen, horren arabera: 1 puntu aste bakoitzeko.

13. Dirulaguntzak emateko prozedura, balorazioa eta zenbatekoa.

13.1. Laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat eta aurkeztutako eskaerak konparatuz, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko 12. oinarrian adierazitako balorazio irizpideen arabera.

13.2. Kasuan kasuko dirulaguntza kalkulatzeko, 12. oinarrian agertzen den baremoa aplikatu ondoren eskaerak guztira lortutako puntuazioa biderkatuko da puntu bati ematen zaion balioarekin. Puntu baten balioa zein den jakiteko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati eskaera guztiek lortzen dituzten guztirako puntuazioen batura.

13.3. Entitate onuradun bakoitzari esleitutako kopurua ezin izanen da izan aurkeztutako jarduera fisikoko eta osasuneko programaren defizita baino altuagoa. Era berean, programa bakoitzari esleitutako kopurua ez da izanen 12.000 eurotik gorakoa, salbu eta hurrengo atalean ezarritako kasuan.

13.4. Kreditu erabilgarria ez bada agortzen, geratzen den saldoa lehentasun-hurrenkeran puntuaziorik altuenak lortu dituzten entitateen artean banatuko da, kreditu erabilgarriaren honako ehuneko hauek aplikatuz: lehenengo dagoen entitateari, %40; bigarrenari, %30; hirugarrenari, %20, eta laugarrenari; %10. Kasu horietan soilik, entitate bakoitzari eman beharreko dirulaguntza guztira 12.000 eurotik gorakoa izaten ahalko da programa bakoitzeko. Hala ere, ezin izanen da inola ere gainditu aurkeztutako defizita, ez eta gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren %100 ere.

13.5. Lehentasun-hurrenkerako azkeneko tokian berdinketarik baldin badago, puntuazioaren arabera dagokien kopurua esleituko zaie, hainbanaturik, erabilgarri dagoen kopurua agortuz gero.

13.6. Dirulaguntzako zenbatekoak 2024ko aurrekontu orokorretako A50002 A5100 4819 336108 aurrekontu partidari egotziko zaizkio, "Laguntzak jarduera fisikoko eta osasuneko programak egiteko igerilekuak jabetzan dituzten klubetan" izenekoari.

14. Ebazpenak.

14.1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak dirulaguntza emateko kasuan kasuko ebazpena emanen du, zeina entitate interesdunei jakinaraziko baitzaie, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 90 egun naturaleko epean gehienez.

14.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

14.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

14.4. Deialdi honetan onartzen diren programetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.

14.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko iragarki-taulan argitaratuko dira deialdi honetan emandako dirulaguntzak eta haien entitate onuradunen zerrenda.

15. Programaren frogagiriak eta memoria.

15.1. Programaren frogagiriak aurkezteko azken eguna 2024ko urriaren 24a izanen da.

15.2. Frogagiriak eskaneatuta aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, bereizita eta beren izenaz behar bezala identifikaturik. Honako hauek dira aurkeztu beharrekoak:

1. VII. eranskina.–Jarduera fisikoko eta osasuneko programaren memoria.

2. VIII. eranskina.–Programak sortutako diru-sarrerak eta gastuak jasotzen dituen emaitzen kontua.

3. IX. eranskina.–Gastuen justifikazio kontua:

Diruz lagundutako jarduerengatik eta programagatik ordaindutako gastu guztiei (ez diruz lagungarrienak bakarrik) dagozkien fakturak eta frogagiriak agertzen dituen zerrenda zenbakidun eta zehatza. Zerrendan hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaindu den eguna adieraziko dira.

4. Emandako dirulaguntzaren zenbateko osoaren kontura ordaindutako fakturen kopiak bakarrik. Aurkeztutako zerrendan (IX. eranskina) dagokien zenbakia adieraziko da fakturen kopietan, eta ordainketaren frogagiriak erantsiko dira: bankuko ordainagiriak; hornitzaileak sinatutako eta zigilatutako fakturak, "ordaindua" zigilua dakartela; fakturari erantsitako erosketa tiketa; edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena.

5. X. eranskina.–Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia.

6. XI. eranskina.–Hornitzaileen hautaketa justifikatzeko inprimakia.

7. XII. eranskina.–Azpikontratazioa egiteko inprimakia.

8. Diruz lagundutako jardueren publizitatea egiteko euskarria, non 18.8 oinarriarekin bat, Nafarroako Gobernuaren logoak agertu beharko baitu (liburuxkak, klubaren web-orriko pantaila-argazkia, etab.).

15.3. Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari errekerimendua eginen zaio gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.

16. Dirulaguntzaren ordainketa.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta behin onuradunak 15. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztutakoan; transferentzia bidez ordainduko da hiru hilabeteko epean, kasuan kasuko ebazpena argitaratzen denetik hasita. Kasu guztietan, ebazpen hori 2024ko ekitaldian eman eta jakinaraziko da.

17. Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutua arduratuko da, Kirola Sustatzeko Atalaren bitartez, programaren jarraipena egiteaz eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeaz eta ebaluatzeaz.

18. Betebeharrak.

18.1. Dirulaguntzen onuradunek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

18.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

18.3. Dirulaguntzen onuradunek egunean izan beharko dituzte Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

18.4. Onuradunek adierazi beharko dute ez direla zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo, edonola ere, ez daudela zehapen- eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik. (II. Eranskinean geratuko da adierazita; eskabide-orrian, alegia).

18.5. Onuradunek adierazi beharko dute betetzen dituztela ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 48. artikuluan ezarritako betekizunak (Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko lege organikoa). (II. Eranskinean geratuko da adierazita; eskabide-orrian, alegia).

48. artikulua.

1. Adingabeekin kirol- edo aisia-jarduerak egin ohi dituzten entitateek betebehar hauek dituzte:

a) Administrazio publikoek kirolaren eta aisiaren eremuan ezarritako jarduketa-protokoloak aplikatzea, aurreko artikuluan aipatutakoak. (Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren jarduketa-protokoloa (https://www.deportenavarra.es/es/proteccion-a-la-infancia-y-a-la-adolescencia-frente-a-la-violencia-en-el-ambito-deportivo).

b) Monitorizazio-sistema bat ezartzea, bermatzeko betetzen direla adingabeen babeserako protokolo horiek.

c) Babes-ordezkaria izendatzea, harengana jo dezaten adingabeek beren kezkak adierazteko; hura arduratuko da ezarritako protokoloak hedatzeaz eta betetzeaz, bai eta behar diren komunikazioak abiarazteaz ere, haurren edo nerabeen aurkako indarkeria-egoera bat detektatu den kasuetan.

d) Behar diren neurriak hartzea kirola, jarduera fisikoa, kultura edo aisialdia ez dadin izan bazterkeria-une bat, dela adinagatik, arrazgatik, desgaitasunagatik, sexu-orientazioagatik, sexu-identitateagatik edo genero-adierazpenagatik, edo beste edozein inguruabar pertsonal edo sozialengatik. Horretarako, lan egin behar da haurrekin eta nerabeekin beraiekin, bai eta haien familiekin eta profesionalekin ere, irain eta adierazpen umiliagarri eta diskriminatzaileen erabilera arbuiatzeko.

e) Halaber, haurrek eta nerabeek beren prestakuntzaren eta garapen integralaren alderdi guztietan aktiboki parte har dezaten sustatuko da.

f) Harremanak eta komunikazioa sustatzea eta indartzea kirol-erakundeen eta gurasoen (edo tutoretza-, zaintza- edo harrera-eginkizunak betetzen dituztenen) artean.

2. Orobat, aipatutako entitateetan lan egiten duten pertsonek, 5. artikuluan aipatutako prestakuntzaz gain, prestakuntza espezifikoa jaso beharko dute desgaitasuna duten haur eta nerabeen gaitasunei eta ahalmenei behar bezala erantzuteko, haien kirol inklusiboa sustatu eta garatzeari begira.

18.6. Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea dirulaguntzen onuradun izateko debeku egoeretan ez dagoela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan ageri dira. (II. Eranskinean geratuko da adierazita; eskabide-orrian, alegia).

18.7. Begiratu beharko da Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakinen Plana betetzen dela (https://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Residuos/) eta 14/2018 Foru Legea, ekainaren 18koa, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzkoa.

Zehazki, neurriak hartuko dira hondakinik ez sortzeko (ahalik eta paper gutxien erabiltzea, ahal den guztietan txorrotako ura erabiltzea, erabilera bakarreko ontziak eta produktuak alde batera uztea, etab.), bai eta behar diren neurriak ere hondakinak bereiziko direla bermatzeko, horiek birziklatze aldera (gai organikoak, ontziak eta materialak, papera eta kartoia eta gainerakoa, gutxienez), proiektua zein udaletan garatzen den, hango hondakin-kudeaketarekin bat.

Ezin izanen da plastikozko poltsarik erabili, salbu eta plastiko konpostagarrizko poltsak badira, 13432:2000 UNE-EN arauan edo horren baliokidea den beste arau batean ezarritako betebeharrak betetzen dituztenak. Poltsa horiek ezin izanen dira doan eman edo banatu.

Halaber, ez da plastikozko plater, edalontzi, kikara edo erretilurik erabiliko, betiere erabili eta botatzekoak badira eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren aplikazio eremuan sartzen ez badira (salbuespena izanen dira material biodegradagarriz eginikoak); banakako dosietan ontziratutako produkturik eta erabilera bakarreko kapsularik ere ez, prozesu organiko edo mekanikoen bidez birziklatu ezin badira.

18.8. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.

18.9. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere jarraikiz urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuari, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua.

18.10. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

18.11. Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluarekin.

18.12. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

19. Gardentasun betebeharrak.

Entitatearen onuradunek telematika bidez aurkeztuko dute, eskaeraren inprimakiaren VI. eranskinaren bidez (eskaera-orria), dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, eta, behartuta badaude, eskatutako dokumentazioa aurkeztuko dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluen ezarritakoari jarraituz, foru lege horren bidez arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak (VI. eranskina).

20. Azpikontratazioa eta entitate hornitzaileen kontratazioa.

20.1. Azpikontratazioa:

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, hirugarrenekin hitzartzea haiek gauzatu dezatela, osorik edo zati batean, dirulaguntzaren xede den jarduera. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Enpresek, gehienez ere, diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren %50 azpikontrata dezakete.

20.2. Entitate hornitzaileen kontratazioa:

Dirulaguntzei buruzko Legearen 28.3 artikuluan xedatuakoaren arabera, aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan ez badago hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate.

21. Ez-betetzeak.

21.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera fisikoaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra, eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak galarazi gabe.

21.2. Era berean, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da.

22. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

22.1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

22.2. Deialdi honen prozeduran egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez.

23. Datu pertsonalen babesa.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

Deialdi honen XIII. eranskinean, eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa.

24. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin. Era berean, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak foru agindu hau aplikatuz ematen dituen ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatuarekin bat.

25. Aplikatzekoa den legedia.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2405540