Iragarkia
93. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
945/2024 EBAZPENA, apirilaren 23koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana. Haren bidez, deialdi bat onesten da Nafarroako Unibertsitate Publikoan OLko kudeaketari izateko 8 lanpostu (B mailakoak) barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2023ko otsailaren 27an hartutako erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile funtzionarioen salbuespenezko promozio prozesu bat onetsi zen, baita prozesu horren ezaugarriak ere.
Prozesu hori gauzatzeko, deialdi bat onesten da plantillan existitzen diren baina bete gabe dauden OLko kudeaketari izateko 8 lanpostu (B mailakoak) barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.
Kontuan harturik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoan OLko kudeaketari izateko 8 lanpostu (B mailakoak) barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko hautaprobetarako deialdia.
Bigarrena.–Deialdi hau arautuko duten oinarriak onestea, zeinak ebazpen honi erantsi baitzaizkio.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitara dadila agintzea.
Iruñean, 2024ko apirilaren 23an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN OL-KO KUDEAKETARI IZATEKO 8 LANPOSTU (B MAILAKOAK) BARNE IGOERAKO PROZEDURA MURRIZTUAN ETA OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoan OLko kudeaketari izateko 8 lanpostu (funtzionarioen araubidekoak eta B mailakoak) barne-igoerako prozedura murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzea da. Oinarri hauen II. eranskinean ageri da zein diren lanpostuen zenbakia, baldintzak eta lantokia.
1.2. Honako hauek arautuko dute deialdi hau: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1985eko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera aplikatzekoak diren gainerako arauak.
1.3. Osotara lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira lanpostuak.
1.4. 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdien oinarriek berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:
https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=5&submenu=yes&languageId=100001
2.–Izangaiek bete beharrekoak.
2.1. Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren zerbitzuko karrerako funtzionario izatea.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.
d) Honako titulu hauetako bat edukitzea: Gradua, Diplomatura, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo baliokidea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordainagiria, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentziadun, arkitekto edo ingeniarien edozein titulu ofizial eskuratzera bideratutako ikasketen lehen hiru ikasmailak osorik gaindituta edukitzea, edo aipatu ikasketa horien lehen zikloa, baldin eta lehen ziklo horrek gutxienez 180 kredituko irakastordu kopurua baldin badu. Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
e) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen izangaia Nafarroako Unibertsitate Publikoko beste lanpostu finko edo aldi baterako lanpostu batean ari bada lanean.
f) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
g) Dagozkion eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoak edukitzea.
2.2. Aurreko baldintzak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean bete beharko dira, eta hautaketa-prozedurak dirauen bitartean eta lanpostuaz jabetu arte mantendu.
3.–Eskaerak.
3.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskaeren aurkezpen telematikoa.
Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu eta formalizatu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetako "Hasi tramitea" botoian:
3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.
Online eskabidea aurkeztean, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta, dagokienaren arabera:
a) Deialdi honen 2.1.d) oinarrian eskatutako titulazioaren baldintza betetzen dutela egiaztatzen duen dokumentazioaren kopia.
b) Desgaitasunen bat aitortua duten pertsonen kasuan, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiria, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen bat, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.
%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, helbide honetan eskuragarri dagoen eskabidearen bidez adierazi beharko dute:
https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/egonkortze-prozesua-oposizio-lehiaketa?languageId=100001
3.4. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitatezko akatsak edonoiz konpontzen ahalko dira, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzeko zergatiak azalduta, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
4.2. Eskaera edo 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik eta behar bezala ez formalizatzeagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea eta deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea.
4.3. Zerrendan azaldu ez diren izangaiek eta behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.
Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:
https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001
Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.
4.4. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.
4.5. Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek baldintzaren bat ez duela betetzen, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakarzkion eskubide guztiak, alde batera utzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.
5.–Epaimahai kalifikatzailea.
5.1. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak arautuko du epaimahai kalifikatzailea, eta, subsidiarioki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onesten duen 2018ko apirilaren 24ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak.
5.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 111. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:
–Epaimahaiburua: errektorea edo hark eskuordetutako pertsona.
- Ordezko epaimahaiburua: errektoreak izendatutako pertsona.
–Epaimahaikidea: kudeatzailea edo hark eskuordetutako pertsona.
- Ordezko epaimahaikidea: kudeatzaileak izendatutako pertsona.
–Epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.
- Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.
–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.
- Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.
–Epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.
- Ordezko epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.
Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzailearen kideen izenak.
5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.
Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.
Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.
Epaimahai kalifikatzailea eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik badago edo arrazoi justifikatu batengatik aldi baterako kanpoan badago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 2019ko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.
5.4. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahai kalifikatzaileko kideek uko egin beharko diote parte hartzeari, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute epaimahai kalifikatzaileko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.
Abstentzioa edota errekusazioa dela-eta epaimahaiaren osaeran gertatzen den edozein aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.
5.5. Hautaprobak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak, baita deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartu ere.
5.6. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izanen du proba guztietarako edo batzuetarako aholkulari adituak edukitzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.
5.7. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.
6.–Oposizio-lehiaketaren garapena.
6.1. Deialdia osatzen duten faseak ordena honetan eginen dira: oposizio-fasea lehenbizi, eta, hura bukatutakoan, lehiaketa-fasea.
6.2. Oposizio-fasea 2024ko urritik aurrera hasiko da.
Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaren lehenbiziko proba.
Hurrengo probak hasi baino 48 ordu lehenago beranduenez argitaratuko du epaimahai kalifikatzaileak horien deialdia, eta proba egitera deituak dauden izangaien zerrenda eta oposizio-fasearen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.
Hautaproba bakoitzerako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta epaimahai kalifikatzaileak adierazitako tokian eta egunean egon beharko dira izangaiak, jardunak hasteko ezarritako orduan. Deialdi horretara agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira, probak ondoz ondoko ataletan banatzen badira ere. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahai kalifikatzailearen iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat eraman beharko dute aldean. Nortasuna esandako moduan egiaztatzen ez dutenak oposiziotik kanpo geldituko dira.
6.3. Oposizio-fasearen probak oinarri honetan adierazten direnak izanen dira, eta I. eranskineko gai zerrendako gaietan oinarrituko dira.
Gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.
6.4. Desgaitasun aitortua izanik eskabidean hala eskatu duten izangaientzat, ariketak egiteko zehaztutako denboran eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak gauzatzeko.
6.5. Oposizio-fasean honako proba hauek egin beharko dira:
6.5.1. Lehenbiziko proba.
I. eranskineko gai zerrendako gaiei buruz, test motako galderak erantzun beharko dira idatziz. Galdera bakoitzak erantzun-aukera batzuk izanen ditu, eta horietako bat bakarra izanen da baliozkoa.
Formula honen arabera zigortuko dira akatsak:
Nota = | Erantzun zuzenak – | Akatsak |
k - 1 |
Non:
k = aukera kopurua galdera bakoitzerako.
Epaimahaiak ezarriko du, proba hasi baino lehen, ariketak egiteko zenbat denbora izanen den; bi ordu gehienez ere.
6.5.2. Bigarren proba.
Oinarri hauetako I. eranskinean ageri den gai zerrendako gaiei buruzko galderak eta/edo kasu teoriko-praktikoak idatziz erantzun beharko dira.
Baliteke proba hau ordenagailuz egin behar izatea, Microsoft Officeko tresnekin.
Epaimahaiak ezarriko du, proba hasi baino lehen, ariketak egiteko zenbat denbora izanen den; 3 ordu gehienez ere.
6.6. Oposizio-faseko proben balorazioa.
Oposizio-faseko proben balorazioan 70 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuak:
6.6.1. Lehenbiziko proba (30 puntu gehienez):
0tik 30era kalifikatuko da.
Proba baztertzailea izanen da, eta proban gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.
6.6.2. Bigarren proba (40 puntu gehienez):
0tik 40ra kalifikatuko da.
Proba baztertzailea izanen da, eta proban gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.
6.7. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaiturik, izangaiek lortutako puntuazioak argitaratuko ditu epaimahaiak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena alegatu dezaten.
6.8. Hautaketa-prozesuko edozein unetan, epaimahaiak izangairen batek deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, interesdunari entzun ondoren, hura kanporatzeko proposamena egin beharko dio Unibertsitateko kudeatzaileari, eta, era berean, izangaiak probetan sartzeko eskabidean egindako zehaztasun falta edo gezurren berri eman beharko dio, behar diren ondorioak izan ditzan.
6.9. Lehiaketa-fasea eta balorazioa.
6.9.1. Epaimahaiak, jarraian, lehiaketa-fasea eginen du oposizio-fasea gainditu duten izangaiekin.
Oposizio-fasea gainditu duten izangai guztiek modu telematikoan aurkeztu beharko dute merezimenduak egiaztatzeko dokumentazio guztia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:
https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001
"Erantsi fitxategiak" eremuan, izangaiek beren merezimenduak egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.
Aski izanen da dokumentu horien kopia arruntak aurkeztea. Nolanahi ere, aurkeztutako datu edo agiriak zehaztugabeak edo faltsuak badira, erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
Izangaiek ez dute merezimenduak egiaztatzeko dokumentaziorik aurkeztu beharko baldin eta, ordurako, Nafarroako Unibertsitate Publikoan baldin badago. Eskabidean hala dela adierazi beharko da betiere. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu dokumentu horiek lortzen, zilegi izanen du horiek eskatzea izangaiei.
Zehazki, ezein kasutan ez dira aurkeztu beharko administrazio publikoetan emandako zerbitzuak Nafarroako Unibertsitate Publikoak jada aitortuak baditu, eta epaimahaiari helaraziko zaizkio barema ditzan.
6.9.2. Alegatutako merezimenduak deialdi honen III. eranskinean ezarritako baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahai kalifikatzaileak.
Lehiaketa-fasearen balorazioa ez da baztertzailea izanen, eta 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez.
6.9.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu artekoak hartuko dira kontuan, eta ez dira aintzat hartuko egun horretatik aurrera lortutakoak.
Epaimahai kalifikatzaileak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu eta agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du baremoan adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman apartatu bakoitzean.
Alegatu eta egiaztatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dizkie epaimahai kalifikatzaileak izangaiei.
6.9.4. Izangai bakoitzak baremoko atal bakoitzean dituen merezimenduak baloratuko ditu epaimahaia kalifikatzaileak, eta ezin izanen du inola ere segurutzat jo alegatu ez den edo agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik, ezta atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagoa eman ere.
Aurkeztutako merezimenduak justifikatzeko dokumentazioa aztertzen denean ondorioztatu egiten bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, horiengatik emandako puntuazioa kenduko zaio, alde batera utzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
6.9.5. Merezimenduen balorazioa amaitu ondoren, epaimahai kalifikatzaileak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, horiek argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, izangaiek merezimenduen balorazioari dagokionez erreklamazioak egin eta beren eskubideen alde egokitzat jotzen dutena alega dezaten.
Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:
https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001
6.9.6. Epaimahai kalifikatzaileak, egiten diren erreklamazioak ebatzirik, izangaien behin betiko kalifikazioak argitaratuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan, lortutako puntuazioen arabera ordenatuak betiere. Zerrenda argitaraturik, bukatutzat emanen da lehiaketa-fasea.
7.–Gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Lehiaketa-fasearen eta oposizio-fasearen puntuazioak batuta kalkulatuko da azken kalifikazioa.
7.2. Prozeduran parte hartzen duten izangaien puntuazioan berdinketarik bada, oposizio-fasean puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.
Berdinketak iraunez gero, III. eranskineko merezimenduen baremoaren a) apartatuan puntuaziorik handiena duenaren alde ebatziko da; irizpide hori aplikaturik ere berdinketak irauten badu, kontuan hartuko da apartatu horren barrenean nork lortu duen puntuaziorik handiena azpiapartatu bakoitzean, zerrendaturik dauden ordenan.
Irizpide horiek aplikaturik ere berdinketak irauten badu, epaimahai kalifikatzaileak zozketa eginen du, bat bakarra, berdinketa ebazteko. Puntuazio bera duten izangaien artetik bat hautatuko da ausaz eta, horretarako, haietako bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio ordena alfabetikoan; halatan non ordena alfabetikoaren arabera ebatziko baitira berdinketa guztiak, zozketan ateratako zenbakia dagokion pertsonaren deituretatik eta izenetik abiatuta.
7.3. Oposizio-fasea eta lehiaketa-fasea bukatuta, gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du epaimahai kalifikatzaileak, eta lortutako kalifikazioak azalduko dira bertan, fasetan banatuak eta lortutako puntuazioaren arabera ordenatuak. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzukoei emanen die aditzera.
8.–Lanpostu hutsen aukeraketa eta izendapen proposamena.
8.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoaren bidez, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deialdia eginen du. Horretarako, honako hauek argitaratuko ditu: hautatu beharreko lanpostu hutsen zerrenda, hautaketara deitutako izangaien zerrenda –lanpostu hutsen kopuruaren araberakoa, lanpostu huts horiek hautatzeko duten lehentasunari jarraikiz eta puntuazioaren arabera ordenatua–, eta lanpostu hutsak hautatzeko ematen den hamar egun balioduneko epea.
8.2. Zerrenda horretan daudenek aditzera eman beharko dute, horretarako ezarritako epean, zein den deialdi honen xede diren lanpostu hutsak betetzeko duten lehentasun-ordena. Epe horretan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, hautaketarik egiten ez duten izangaiek deialdi honen xede den lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, gaindituen zerrendan ondo-ondotik heldu den eta baldintzak betetzen dituen izangaiak beteko du hutsunea.
8.3. %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek, txandetako edozeinetan lanpostua lortzen badute, lanpostu hutsak hautatzeko lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik.
Aurrekoa gorabehera, halako desgaitasun-maila duen izangairik badago eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu hutsetan jarduteko baldintzetan, bere desgaitasunerako egokienak direnak eskainiko zaizkio hautaketa egin aurretik, balorazio- eta orientazio-talde eskudunak horri buruz egiten duen txostena ikusita.
8.4. Lanpostu hutsak hautatzeko tramitea amaituta, epaimahaia kalifikatzaileak proposamen bat igorriko dio kudeatzaileari, espediente osoarekin batera, gainditu duten izangaien artetik deialdiko lanpostu kopurua betetzeko puntuaziorik altuena lortu dutenak izenda ditzan. Proposamen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.
9.–Izendapena.
9.1. Errektoreak izendapen proposamenean dauden izangaiak OLko kudeaketari izendatuko ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den ebazpen baten bidez.
9.2. Izendapenaren ebazpenean finkatutako egunean hartu beharko dute izendatuek lanpostuaren jabetza.
9.3. Adierazitako egunean, ezinbesteko kasuetan salbu, proposatutako izangairen batek lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko OLko kudeaketari izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, dagokion deialdiko gaindituen zerrendan ondo-ondotik heldu den eta baldintzak betetzen dituen izangaiak beteko du hutsunea.
9.4. Izangairen bat OLko kudeaketari bihurtzen bada eta, lanpostuko eginkizunak bete gabe, berak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik bertatik eragina izanen duen borondatezko eszedentzian deklaratzen badute indarra duen araudian aurreikusitako kasuren batean, orduan ere lanpostu hutsa bete eginen da, 9.3 oinarrian xedatutakoaren arabera.
9.5. Aurreko apartatuetan ezarritako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa, eta egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean esleituko zaizkie izendatu berriei.
10.–Datu pertsonalen tratamendua.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.
Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsultatzen ahal da nola eginen den tratamendu hori, https://www2.unavarra.es/gesadj/seguridadInf/normativa-proteccion-datos/registro-actividades-tratamiento-datos-UPNA.pdf estekan, "Giza Baliabideak" atalean.
Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.
Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.
Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.
Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.
11.–Errekurtsoak.
Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:
a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkaratutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkaratutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–Unibertsitatea zerbitzu publiko gisa. 2/2023 Lege Organikoa, 2023ko martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemari buruzkoa. Unibertsitateen autonomia eta bere mugak. Unibertsitate publikoen araubide ekonomiko eta finantzarioa.
2. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena: xedapen orokorrak. Interesdunak. Administrazio publikoen jarduera. Administrazio-egintzak. Administrazio-prozedura erkidea. Administrazio-bideko egintzen berrikuspena.
3. gaia.–40/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa: sektore publikoaren funtzionamendua. Administrazio-organoak. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa. Hitzarmenak. Administrazio Publikoen arteko harreman elektronikoak.
4. gaia.–17/2019 Foru Legea, 2019ko apirilaren 4koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoa.
5. gaia.–3/2022 Legea, 2022ko otsailaren 24koa, unibertsitateko bizikidetzari buruzkoa. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Bizikidetzarako Erregelamendua (Gobernu Kontseiluaren erabakia, 2023ko martxoaren 21ekoa). Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 63. zk., 2023ko apirilaren 3koa.
6. gaia.–Irakasle eta ikertzaileak: motak. Lanpostuen zerrenda. Unibertsitateko irakaskidegoak: araubide juridikoa; sarbidea; ordainsariak; bateraezintasunak.
7. gaia.–Unibertsitate publikoetako kontratupeko irakasle eta ikertzaileak: kontratazio modalitateak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle eta ikertzaileen araubidea. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen banakako merezimenduei dagozkien ordainsari gehigarriak. Plantilla antolatzeko jarraibideak.
8. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak: araubide juridikoa eta motak. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutua: funtzionarioen hautaketa; funtzionario izaera hartu eta galtzea; mailak eta graduak; funtzionarioen zerrendak eta plantilla organikoak; administrazio-egoerak.
9. gaia.–Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorra: aplikazio eremua: afiliazioa, altak eta bajak. MUFACE eta klase pasiboak: babes ekintza; prestazioen kontzeptua eta motak.
10. gaia.–Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorra: aldi baterako ezintasuna; jaiotza edo adingabe baten zaintza; erantzunkidetasuna haurtxoaren zaintzan; ezintasun iraunkorra.
11. gaia.–Kontratupeko ikerketa: kostuen eta kontraprestazioen kalkulua; konfidentzialtasuna; emaitzen jabetza eta ustiaketa. Esparru normatiboa eta haren arauketa Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
12. gaia.–Gastuen hautagarritasuna ikerketa proiektu eta jardueretan: hautagarritasunaren kontzeptua eta arau orokorrak. Gastuan hautagarritasuna Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa-jardueretan.
13. gaia.–Elkarlanean egindako ikerketa. Partzuergoko erabakiak. Finantzaketa. Aldez aurreko ezagutza. Emaitzen jabetza, erabilera eta ustiaketa. Elkarlanean egindako proiektuen kudeaketaren oinarriak.
14. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza aurreko kontratuak finantzatzeko deialdi publiko nagusiak: IP, UIP, Nafarroako Gobernua, NUPeko barne laguntzak, doktoretza aurreko kontratuak finantzatzeko beste europar deialdi batzuk.
15. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa-institutuak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Institutuen Araudia.
16. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa-katedrak. Araudia. Garatzen dituzten jarduera motak eta jarduera horien kudeaketa.
17. gaia.–Ikertzailearen Europar Gutuna eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodea. Ikertzaileentzako Giza Baliabideen estrategia (HRS4R) eta HR Excellence in Research aitorpena. OTMR (Open Transparent and Merit Based Recruitment) ikertzaileak kontratatzeko praktikak.
18. gaia.–2/2018 Foru Legea, 2018ko apirilaren 13koa, Sektore Publikoko Kontratuei buruzkoa. Atariko titulua. I., II. eta III. tituluak. Xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak, xedapen indargabetzailea eta azken xedapena. Eranskinak.
19. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontuak eta haiek betearazteko oinarriak.
20. gaia.–640/2021 Errege Dekretua, 2021eko uztailaren 27koa, unibertsitateak eta unibertsitate ikastegiak sortu, aitortu, baimendu eta instituzionalki egiaztatzen dituena.
21. gaia.–822/2021 Errege Dekretua, 2021eko irailaren 28koa, Unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituena.
22. gaia.–99/2011 Errege Dekretua, 2011ko urtarrilaren 28koa, Doktoretzako Ikasketa Ofizialak arautzen dituena.
23. gaia.–ANECA. Tituluen ebaluazioa. Ebaluazio instituzionala. Unibertsitateko titulu ofizialen egiaztapena eta akreditazioa. MONITOR eta ACREDITA programak.
24. gaia.–Erasmus+ programa: egitura; programa gauzatzen duten erakundeak; parte-hartzaileak; herrialde onargarriak. Erasmus+ emaitzen plataforma.
25. gaia.–Erasmus + programaren 1. eta 2. ekintza giltzarriak: goi mailako hezkuntza-erakundeetako ikasle eta langileentzako mugikortasun proiektuak. Lankidetzarako elkarteak. Erasmus Mundus ekintza.
26. gaia.–822/2021 Errege Dekretua, 2021eko irailaren 28koa, Unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituena. Unibertsitateko ikasketen antolaketa: gradua, unibertsitateko masterra eta doktoretza. Unibertsitateko ikasketa ofizialen curriculumeko egitura espezifikoak eta kalitatea ziurtatzeko prozedurak.
27. gaia.–NUPeko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketa ofizialak antolatzeko jarraibideak. Prestakuntza-jardueren tipologia eta irakasgaien profilak. Irakaskuntza-programazioa. Irakaskuntza-mandatua.
28. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleen eta Ikertzaileen Arduraldi Akademikoaren Plana. Irakaskuntza-, ikerketa- eta kudeaketa-jarduerak. Jarduera akademikoa aitortzeko prozedura.
29. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen arauak. Egutegiak. Irakaskuntzaren antolamendua. Ikasleen kategoriak eta arduraldia. Sarbidea eta onarpena masterreko ikasketetan. Matrikula.
30. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko araudia. Onartua izateko prozedurak: ikasketak hasteko, Espainiako ikasketak parte batean aldatzeko, unibertsitateko atzerriko ikasketez aldatzeko.
31. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko titulazioak eta doktoretza programak: tituluen eskaintza, sartzeko bideak eta ikaspostu mugak. Ikasketak uztea eta berriz hastea. Ikasketetan irauteari buruzko arauak.
32. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko ebaluazio prozesuen arauak. Printzipio orokorrak. Kalifikazio sistemak. Ebaluazio sistema. Ebaluazio prozesuak. Ebaluazio jardueren garapena eta plangintza. Komunikazioa, kalifikazioak berrikustea eta erreklamazioak. Iruzurrezko bitartekoak erabiltzea.
33. gaia.–Unibertsitateko tituluak: ofizialak eta berekiak. Titulu ofizialak ematea. Atzerriko tituluen homologazioa, baliokidetza eta baliozkotzea.
34. gaia.–971/2007 Errege Dekretua, 2007ko uztailaren 13koa, goi mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzkoa: definizioak, izaera hori eskuratzeko eta egiaztatzeko baldintzak eta balorazio irizpideak. 9/2012 Foru Dekretua, 2012ko otsailaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola eta goi mailako kirolarien zerrenda arautzen dituena. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Goi Mailako Kirolariaren Arautegia (Gobernu Kontseiluaren 2012ko maiatzaren 8ko Erabakia).
35. gaia.–Unibertsitate zabalpena Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Kultura eta dibulgazio zientifikoa. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Kultura Zientifikoaren Unitatea. FECYTen Kultura Zientifikoaren Unitateen eta Berrikuntzakoen Liburu Zuria (2021). Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultura Zientifikoaren Unitatearen jarduera-ildoak eta programak.
36. gaia.–UNITA universitas montium.
37. gaia.–Administrazio Elektronikoaren Ataria (PAe). Elkarreragingarritasuna. Identitate digitala. Jakinarazpena.
38. gaia.–Egoitza elektronikoa. Iragarki ohol elektronikoa. Erregistro orokor elektronikoa. Jardun administratibo automatizatua. Informazio administratiborako sistema. Gaitutako funtzionarioen erregistroa. Ahalordetzeen erregistro elektronikoa. Helbide elektroniko gaitua. Artxibo elektronikoa.
Oharra: gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.
II. ERANSKINA.–OLKO KUDEAKETARI IZATEKO LANPOSTUAK
LANPOSTUA | ATXIKIPENA | HERRIA | LANALDIA | HIZKUNTZA |
558 | INFORMAZIO ETA KOMUNIKAZIO ZERBITZUA / UNIBERTSITATEAREN ARRETA ATALA / UNIBERTSITATEAREN ARRETA BULEGOA | TUTERA | LZ | |
618 | EKONOMIA GAIETARAKO ZERBITZUA / EKONOMIA KUDEAKETAKO ATALA | IRUÑEA | GOIZEZ | |
872 | INFORMAZIO ETA KOMUNIKAZIO ZERBITZUA / UNIBERTSITATEAREN ARRETA ATALA / UNIBERTSITATEAREN ARRETA BULEGOA | IRUÑEA | SILZ | I–C1 |
873 | IKERKETA ZERBITZUA / LAGUNTZEN ETA DEIALDIEN ATALA | IRUÑEA | GOIZEZ | I–B2 |
874 | IKERKETA ZERBITZUA / JAKINTZA TRANSFERITZEKO ATALA | IRUÑEA | GOIZEZ | I–C1 |
879 | EKONOMIA GAIETARAKO ZERBITZUA / EKONOMIA KUDEAKETAKO ATALA | IRUÑEA | GOIZEZ | |
883 | GIZA BALIABIDEEN ZERBITZUA / LANGILERIA KUDEATZEKO ATALA | IRUÑEA | GOIZEZ | |
887 | IRAKASKUNTZA ZERBITZUA / TEKNOLOGIAREN ETA KUDEAKETAREN UNITATEA | IRUÑEA | GOIZEZ |
III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
A) Merezimendu profesionalak: 18 puntu gehienez ere.
Honako hauek baloratuko dira:
1. Unibertsitate publikoetan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioen antzeko eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,30 puntu; bost urte gehienez.
2. Beste edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioen antzeko eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,15 puntu; bost urte gehienez.
3. Unibertsitate publikoetan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioez bestelako eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,10 puntu; bost urte gehienez.
4. Beste edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioez bestelako eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,05 puntu; bost urte gehienez.
Emandako zerbitzu gisa ulertuko da bai lan-kontratuko funtzionario finkoek bai aldi baterako langileek emandakoak.
Emandako zerbitzuen denbora-tartea hilabete osoa ez denean, kontratuaren hasiera- eta bukaera-data kontuan hartuta denbora-tarte horri proportzionalki dagokion puntuazioa esleituko da.
Bateraezinak izanen dira gorago adierazitako azpiapartatuengatik emandako puntuazioak, baldin eta denbora-tarte berari egiten badiote erreferentzia; kasu bakoitzean, puntuazio altuena emanen da.
Zerbitzu-eginkizunetan eta prestakuntzarako eta lanbide-hobekuntzarako zerbitzu berezien egoeran egon diren langileen kasuan, egiatan bete duten lanpostuan emandako zerbitzuak hartuko dira kontuan.
Zerbitzu berezien gainerako egoeretan egon direnen kasuan, berriz, jatorrizko lanpostuan emandako denbora gisa kontatuko da.
B) Prestakuntza, irakaskuntza: 4 puntu gehienez ere.
Oharra B) atalari buruz:
Atal honetan, deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak besterik ez da aintzat hartuko.
B.1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartu izana: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu); 3 puntu gehienez ere.
Oharrak B.1) apartatuari buruz:
1. Baloratu beharreko prestakuntza-jardueretako ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.
2. Ikastorduen kopurua adierazten ez duten ziurtagiriak kreditu batekotzat hartuko dira.
3. Ikasturte bateko iraupena adierazten duten ziurtagiriak 12 kreditukotzat hartuko dira.
4. Puntuazio berarekin baloratuko da prestakuntza-jardueretan parte hartu izana baldin eta, erakunde antolatzailearen baldintzak bete ez arren, Administrazioaren aginduz egin badira edo Administrazioak baliozkotu baditu. Horien artean espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoen Etengabeko Prestakuntza Akordioen barnean antolatutakoak.
5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, nola unibertsitarioak hala unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.
B.2) Irakasle aritu izana sektore publikoko prestakuntza-saioetan: puntu bat gehienez ere, epaimahai kalifikatzaileak baloratu beharrekoa jardueren iraunaldiaren arabera.
C) Hizkuntzak jakitea: 5 puntu gehienez.
C.1) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, gehienez 1,5 puntu hizkuntza bakoitzarengatik.
C.2) Euskara jakiteagatik, gehienez ere 1,75 puntu.
Oharrak C) apartatu osoari buruz:
1. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa eskuratuko du.
2. Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.
D) Goi mailako beste titulazio batzuk: 3 puntu gehienez.
D.1) Deialdian eskatutakoaz bestelako unibertsitate-titulu ofizial bat izateagatik, baldin eta deialdian eskatutako mailakoa edo goragokoa bada, 1,5 puntu gehienez titulu bakoitzeko.
D.2) Deialdian eskatutakoa baino maila baxuagoko unibertsitate-titulu ofiziala izateagatik, 0,75 puntu gehienez titulu bakoitzeko.
Iragarkiaren kodea: F2406813
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
