93. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

32/2024 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuendari nagusiak emana, zeinaren bidez ukatzen baita aurretiazko administrazio baimena ematea energia elektrikoa ekoizteko "Amaya Solar 1 eguzki instalazio fotovoltaikoa" izeneko instalaziorako.

1. 2021eko uztailaren 23ko eskaera.

2021eko uztailaren 23an Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk aurretiazko administrazio baimena eskatu zuen Itzako, Oltza zendeako eta Orkoiengo udal mugarteetan energia elektrikoa ekoizteko 35 MWp-ko "Amaya Solar 1 eguzki instalazio fotovoltaikoa" izeneko instalaziorako, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluak eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen dutena aplikatuz.

2. Aurreproiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzea, eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egitea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk egindako eskaera, iragarki bat argitara emanez 2021eko 212. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 9koan, eta Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren webgunean.

Era berean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien Administrazio Publikoei eta interesdunei.

Separatak bidali ziren, halaber, erakunde publikoetara eta zerbitzu publikoak edo interes orokorreko zerbitzuak ematen dituzten enpresetara, instalazioak haien kargupeko ondasun eta eskubideak ukitzen dituen zatiari dagokionez.

3. Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak 2021eko urriaren 29an bidali zizkion Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLri jendaurreko informazioaren eta kontsulten tramiteetan jasotako txostenak eta alegazioak.

2023ko martxoaren 29an, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk aurreproiektuaren eta ingurumen inpaktuaren azterketaren beste bertsio bat aurkeztu zuen, eta zerbitzuak uste du bidezkoa dela jendaurrean jartzeko eta kontsultetarako beste tramite bat egitea.

4. Aurreproiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko bigarren tramitea.

Eskaera berri hori jendaurrean jarri zen, iragarki bat argitaratuz Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2023ko 88. zenbakia, apirilaren 27koa) eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren webgunean.

Era berean, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien administrazio publikoei eta interesdunei.

Separatak bidali ziren, halaber, erakunde publikoetara eta zerbitzu publikoak edo interes orokorreko zerbitzuak ematen dituzten enpresetara, instalazioak haien kargupeko ondasun eta eskubideak ukitzen dituen zatiari dagokionez.

5. Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

2023ko ekainaren 15ean, jendaurreko informazioaren eta kontsulten bigarren tramitean jasotako txostenak eta alegazioak igorri zitzaizkion Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLri.

Jasotako txostenei eta alegazioei erantzunez, sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu zuen 2023ko ekainaren 29an, eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorri zitzaien, eta eskatu zen lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak baimentzeko eta ingurumen inpaktuaren adierazpena egiteko.

6. Lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak egiteko baimena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, 2023ko azaroaren 10ean, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txostena egin zuen, eta bertan ondorioztatu zuen eguzki instalazio fotovoltaikoa II. mota agrologikoko eta III. mota agrologikoko lurzoruetan ezartzen zela, non 4,1 eta 4,4 Tn/ha-ko ekoizpen-erregionalizazioko indizeak baitaude, laborantzarako balio natural handiko lurzoruak direla eta, horrenbestez, proposamena bateraezina zela 64/2006 Foru Aginduarekin.

Hori ikusita, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 20ko 439E/2023 Ebazpenaren bidez, ukatu egin zen lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak egiteko baimena Amaya Solar 1 eguzki instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituren proiekturako, zeinak Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk sustatu baitzuen.

7. Aurretiazko administrazio baimena ukatzeko proposamena.

Lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak baimentzeko eskaera ukatu egin dela ikusirik eta eta espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura modu egokian egin dela, eta espedientea ebaztea proposatu du, eskatutako aurretiazko administrazio baimena ukatuta.

Bestalde, 2024ko martxoaren 5ean, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk eskatu du instalazioaren sarbide- eta konexio-baimenari lotutako bermea itzul diezaiotela.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ukatzea Itzako, Oltza zendeako eta Orkoiengo udal mugarteetan energia elektrikoa ekoizteko "Amaya Solar 1 eguzki instalazio fotovoltaikoa" izeneko 35 MWp-ko instalaziorako aurretiazko administrazio baimena, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk eskatutakoa.

2. Agindua ematea Diruzaintza Atalari sarbide eta konexio prozedurari lotutako 2.000.000 euroko bermea itzul dezan; Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk jarri zuen berme hori 2020ko apirilaren 21ean (5020000108 CFNA 2020 (Av-NAV-0233–C).

3. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ekonomia eta Finantza Zerbitzuko Diruzaintza Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau honako hauei jakinaraztea: Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLri, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari (CHE), Administrador de Infraestructuras Ferroviariasi (ADIF), AUDENASAri, Enagasi, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioari, Telefónica de España SAri eta Red Eléctrica de España SAUko Sarbide Departamentuari. Ohartarazten da, halaber, ebazpen honek ez duela administrazio-bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzenduta, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, espediente zenbakia adierazita (5099-CE).

6. Ebazpen hau Itzako, Galar zendeako eta Orkoiengo udalei jakinaraztea, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko apirilaren 8an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2405657