Iragarkia
93. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
80C/2024 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana; honen bidez erabaki da Mendabiako Udalaren zerbitzuan ari diren funtzionario publikoen eta lan-kontratudunen akordioa edo itun mistoa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Mendabiako Udaleko funtzionarioen eta lan-kontratudun langileen akordioa edo itun mistoa aztertu da (kode zenbakia: 31100032142018), erregistro honetan 2024ko martxoaren 13an sartu zena, Udalaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2023ko otsailaren 28an izenpetua.
Funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen gaineko laneko agintaritzak akordioaren testuaren kontrol formalaren eskumena besterik ez du betetzen, egiaztatzeko Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan hitzarmen kolektiboentzat ezarritako gutxieneko edukia betetzen duela.
Esandakoa hala delarik ere, ohartarazi behar da toki erakundeak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren aplikazio eremuari atxikiak direla; haren bidez onetsi ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan ari diren Langileen Estatutua eta haren garapenerako erregelamenduak. Han jasotzen diren arauak bete beharrekoak dira, eta ez minimoetakoak.
Honako hauetan xedaturikoari jarraiki: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikulua, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatiak eta Hitzarmen kolektiboen, lan akordio kolektiboen eta berdintasun planen erregistratze eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak, honako hau,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Mendabiako Udalaren zerbitzuan ari diren funtzionario publikoen eta lan-kontratudunen akordioa edo itun mistoa (kode zenbakia: 31100032142018) Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea, orok jakin dezaten.
Hirugarrena.–Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Iruñean, 2024ko apirilaren 15ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
MENDABIAKO UDALAREN ZERBITZUKO
LANGILEEN ENPLEGU-BALDINTZEI BURUZKO AKORDIO KOLEKTIBOA
1. artikulua. Aplikazio eremua eta indarraldia.
Akordio honen bidez arautuko dira Mendabiako Udalaren eta udal horretako funtzionarioen, administrazio-kontratudunen eta lan-kontratudunen arteko harremanak, kontratu horiek aldi baterakoak, mugagabeak nahiz finkoak izan.
Akordio hau 2024ko urtarrilaren 1etik 2027ko abenduaren 31ra arte egonen da indarrean, hau da, oraingo legegintzaldi osoan.
Akordio honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra, eta bertan ezartzen dena 2024ko urriaren 1etik aurrera egonen da indarrean.
Mendabiako Udalak ez die akordio honetan ezarritako baldintzei iskin egiten ahalko, akordioa indarrean den bitartean.
Berariaz adostu da ezen, akordio kolektibo hau salatu eta itundutako iraunaldia amaitu ondoren, indarrean jarraituko duela, harik eta bi aldeek ordezko bat izenpetzen duten arte.
Akordio hau salatu nahi bada, akordioaren indarraldia edo urteko luzapena bukatu baino bi hilabete lehenago egin beharko da gutxienez.
Sinatu duten aldeetako batek akordioaren indarraldia salatzen badu, hitzarmena urtez urte luzatuko dela ulertuko da, beste akordio bat sinatzen den arte, salbu eta lan-egutegiari dagokionean, azken hori urtero berrikusi beharko baitute organo eskudunek.
Akordio berrirako negoziazioak jakinarazpena jasotzen denetik hilabeteko epean hasi beharko dira, gehienez.
Akordio honek erregulatzen ez duen guztian, espresuki ituntzen da Foru Komunitateko Administrazioak bere zerbitzuko funtzionarioekin, administrazio-kontratudunekin eta lan-kontratudunekin akordatu eta une horretan indarrean dagoenari atxikitzea. Subsidiarioki, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzen duten arauetan ezarritakoa aplikatuko da, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei aplikagarriak zaizkien arlo guztietan. Halaber, udaltzainen kasuan, eta espresuki aplikatzekoa den guztian, Nafarroako Poliziei buruzko 23/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.
2. artikulua. Batzorde Paritarioa.
Batzorde Paritarioa eratuko da, kide kopuru berdina izanik Administrazioaren ordezkariak eta Udaleko langileen sindikatuetako ordezkariak, eta haren xedea izanen da akordio hau interpretatzea eta garatzea, bi aldeetako batek Lan Auzitegietara jotzeko duen eskubidea baliatu aurretik. Batzorde paritarioa biltzeko alde bakoitzaren erdiak gutxienez eskatu behar du, eta deialdia eskatzen denetik hamabost egun balioduneko epe luzaezinean bilduko da. Batzordea biltzeko eskaera idatziz eginen zaio beste alde negoziatzaileari. Batzorde paritarioak nahitaez bildu behar du, eta hilabeteko epean, gehienez ere, gatazka konpondu behar du, Udalaren erregistro orokorrean gatazkaren sarrera idatziz jaso den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Batzordeak akordioak adosteko, edonola ere, bi ordezkaritzetako bakoitzaren gehiengoaren aldeko botoa beharko da. Batzorde paritarioaren bilerak balioa izan dezan, beharrezkoa izanen da batzordea osatzen duten bi ordezkaritzetako bakoitzaren –enpresarena eta sindikatuena– bi herenak gutxienez bertaratzea. Batzordearen baitan sortzen diren desadostasunak konpontzeko, estatuko zein autonomia erkidegoetako lanbide arteko akordioen bidez gatazkak konpontzeko ezarritako sistema ez judizialetara joko da; sistema horiek Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Errege Dekretuan daude xedatuta, 83. artikuluan.
3. artikulua. Lanaldia eta lan-egutegia.
Lanaldia Nafarroako Administrazio Publikoetako langileentzat oro har ezartzen dena izanen da.
Zerbitzuko beharrak direla-eta, lanaldi berezia duten langileen kasuan, nor bere lan egutegi espezifikoari lotuko zaio, edonola ere.
Zerbitzu bakoitzari dagokion lan-egutegia urtea bukatu baino lehen aurkeztuko da. Egutegia prestatzerakoan kontuan hartuko dira bai Nafarroako Gobernuak ezarritako jaiegunak, bai Mendabiako Udalak ezartzen dituenak.
Lanaldian eta lan ordutegian aldaketa orokorrik egin nahi izanez gero, aurretik sindikatuen ordezkariekin negoziatuko da.
4. artikulua. Lanaldi malgua.
Mendabiako Udaleko langileek, zerbitzuaren beharren baitan, eskubidea izanen dute beren lanaldian edo lan ordutegian egokitzapenak egiteko, haien laneko eta familiako eginkizunak bateratzen laguntzeko, zerbitzu publikoa egokiro ematea galarazi gabe; lan ordutegia malgutzeko neurri hauek ezarriko dira udalaren zerbitzuetan, arestian adierazitako eginkizunen bateragarritasuna helburu, betiere aginduzko orduak betez.
Langileak idatziz eskatu beharko du lanaldi malgua aplikatzeko, horren arrazoiak adierazita; eskaria alkatetzak eta idazkaritza orokorrak batera aztertuko eta ebatziko dute.
Lanpostu guztietan aritzeko ordutegi finkoa 9:00 - 14:30 izanen da.
5. artikulua. Opor egunak, lizentziak eta baimenak.
Mendabiako Udaleko langile guztiei aplikatuko zaie 71/2017 Foru Dekretua, abuztuaren 23koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua aldatzen duena (Erregelamendua otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), hala nola haren ondorengo aldaketak ere. Halaber, Mendabiako Udaleko langile guztiei aplikatuko zaie Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatzen duen martxoaren 29ko 12/2023 Foru Legearen hogeita hirugarren xedapen gehigarrian (Antzinatasunak eragindako opor-egun eta norberaren aferetarako baimen-egun gehigarriak) xedatzen dena.
Udalaren administrazioko bulegoak gehienez ere bi lanegunetan irekiko dira herriko festetan. Zerbitzu publiko hori betetzeko, aurrean aipatzen diren bi egun horietan gutxienez administrazioko langile bat egon beharko da lanean. Langileek beren artean erabakiko dute nor ariko den lanean egun horietan, eta Udalari jakinaraziko diote urteko lan-egutegia egin baino lehen.
Herriko festen aurreko astean eta festen astean berean Udalaren lantaldeko inork ez ditu oporrak hartzen ahalko, zerbitzu-beharrizanak direla eta.
6. artikulua. Ordainsariak.
Udalak lanpostuak baloratzeko egin zuen azterketan lanpostuko osagarria egokitzeko proposatu zen emaitza aplikatua ez duten zerbitzu anitzetako langileek beren lanpostuko osagarria berdinduko dute, azterketa horretan proposatutakoaren parera, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Lanpostuko osagarria, hileroko ordainsari finkoa, 340 euro hilean izanen da akordio hau indarrean den bitartean (12 ordainketa) zerbitzu anitzetako langileentzat, honako eginkizun hauen ordainsari gisa:
–Lurperatze eta zaintza zerbitzuak ematea hiletetan, barne direla asteburuak eta jaiegunak.
–Eskolako patioa eta hilerria ireki eta ixtea asteburuetan.
–Trafikoa erregulatzea hileta egokituz gero asteburuan edo jaiegunean.
Astero, lantaldearen arduradunak arduradun bat izendatuko du eginkizun horiek betetzeko. Horrek gainerako lankideen laguntza edukiko du, sortzen diren beharrizanen arabera, hileta eta ehorzketa zerbitzuak emateko. Aste horretan zerbitzua emanen dute, asteburuak eta jaiegunak barne, jaiegun horiek herrikoak, erkidegokoak nahiz estatukoak izan. Esleipen hori txandaka eginen da, Zerbitzu Anitzetako Brigada osatzen duten langile guztien artean.
Nolanahi ere, asteburuetarako esleitutako zerbitzu anitzetako langileen eginkizunetan azoka txikia eta garbigunea zaintzea sartzen da, ordutegi honekin: 9:15 - 14:15.
Deskribatutako eginkizunak asteburuan egiteko esleitutako langileak bere lanaldia egokituko du aste horretan, eta ostiralean edo astelehenean ez du lanik eginen (berak hautatuko du). Asteko beste egun batekin trukatzeko eskatzen ahalko du. Arrazoia azaldu beharko du eta lantaldearen arduradunak trukea onartu beharko du.
Eskolako patioa eta hilerria ireki eta ixteko eginkizun espezifikoa tokiko, erkidegoko nahiz estatu mailako jaiegun batean, asteburutik kanpo, beteko duen langileari, jaiegunean egindako aparteko ordu gisa ordainduko zaio.
Familia laguntza gisa, Nafarroako Gobernuak bere funtzionarioentzat ezartzen duena ordainduko da. Laguntza horren kobrantzari dagokionez, administrazio-kontratudun eta lan-kontratudun guztiak Mendabiako Udaleko funtzionarioekin parekatuko dira.
Herriko jaietan, egunero 135 euroko plus bat ordainduko zaie, benetan lan egindako lanegun oso bakoitzagatik, jaiegun horietako eginkizun espezifikoak betetzen dituzten langileei, haien dedikazio, ardura eta prestasun bereziengatik. Osagarri hori ez da aldatuko akordio honen indarraldi osoan. Herriko jaietan ohiko lanaldiaren gainetik lan egindako orduak aparteko ordu gisa ordainduko dira.
Udaltzain eginkizunak betetzen dituzten langileei dagokienez, adostu da indarrik gabe uztea 2019ko maiatzaren 23ko negoziazio kolektiboaren akordioan hitzartutako lanpostuko osagarria, eta haren ordez ezartzea lanpostuko osagarri berri bat, mailari dagokion hasierako soldataren %15ekoa izanen dena, eta osagai hauek izanen dituena: mailari dagokion hasierako soldataren %9, Nafarroako Poliziei buruzko Legean ezarritakoa betez, eta mailari dagokion hasierako soldataren %6, txandakako lanen ordainsari gisa. Oraingo lanpostuko osagarri hau finkatu da Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legean aipatzen den lanpostuen balorazioa eta azterketa egin ondoren, eta honenbestez betetzen da han ezarritako agindua ondorio horietarako.
7. artikulua. Aldi baterako ezintasun aldiko ordainsariak.
Lanerako ezintasun iragankorretatik edozein, baliaezintasun profesionala, aldi baterako ezgaitasuna, edo amatasun baja gertatuz gero, soldataren %100 jasoko da, kontratuak irauten duen bitartean.
Lan istripua edo laneko gaixotasuna gertatuz gero, soldataren %100 jasoko da, langileari, lan eginez gero, bere lan-egutegiaren arabera egokituko litzaizkiokeen kontzeptu guztiak kontuan hartuta.
8. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko orduak salbuespeneko kasuetan baizik ez dira eginen, eta, oro har, egin aurretik baimendu beharko dira, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Horregatik, dagokion zerbitzuak justifikatu beharko ditu. Dena dela, langile bakoitzak aparteko 50 ordu eginen ditu gehienez urtean. Aparteko orduen konpentsazioa (ordu-konpentsazioa edo diru-konpentsazioa) langileak eskatuta eginen da hurrengo urteko martxoaren 31 baino lehen.
9. artikulua. Animalien Arretarako Zentroa.
Animalien Arretarako Zentroa kudeatzen duten langileek honako ordu-ratio honetan jardun beharko dute arreta-zerbitzuan ohiko lan-ordutegiaren barruan (hortik kanpo aparteko orduak izanen dira):
–3 animalia baino gutxiago: ordubete.
–3 animalia baino gehiago: ordubete eta 30 min.
10. artikulua. Prestakuntza plana.
Urtero, urteko azken hiruhilekoan, langileen legezko ordezkariekin batera, plantillako langileen hurrengo urteko prestakuntza-beharrak zehaztuko dira.
Udalak langileen legezko ordezkaritzak prestakuntza-beharren inguruan aurkezten dituen eskaera eta proposamen guztiak aztertuko ditu eta lehentasuna emanen die bere ustez interesgarrienak direnei, beti ere gogoan duela herritarrei ahalik zerbitzu hoberena ematea.
Mendabiako Udalak urtero aurrekontuko partida bat jarriko du (zenbatekoa zehaztu edo eguneratuko da) ohiko lanpostuekin zuzeneko eta hurbileko lotura duten prestakuntza-gastuetarako, langile bakoitzaren maila kontuan edukita, edo Udalaren zuzendaritzarentzat berehalako interesa dutenetarako, hala nola matrikula, bidaiak, materialak eta joan-etorriaren ondoriozko gastuak (horiek publikoak zein pribatuak izaten ahal dira).
Halaber, Udalak prestakuntza ikastaroetara joatea erraztuko die bere langileei. Langile guztiek eskubidea izanen dute lanbide prestakuntza eta hobekuntzarako ikastaroetara joateko, haien edukia zuzenean lanpostuari edo enplegatuaren lanbide-karrerari lotua bada.
11. artikulua. Gidabaimena, lanbide-baimenak eta kilometroak.
Lanpostua emateko gidabaimena izatea eskatu zitzaien langile guztiei hura berritzeko gastuak Udalak ordainduko dizkie, baita ibilgailuak erabili eta gidatzeko agindua duten langileei ere.
Orobat, Udalak ohiko eginkizunak egiteko behar den baimena berritzeko gastuak ordainduko dizkie enpresan sartzeko baimena eskatu zitzaien langile guztiei.
Ordainketak tasen eta azterketa medikoaren zenbatekoak estaliko ditu, ez ordea gestoria eta zehapen errekargua edo beste kontzeptu batzuk.
Kilometrajearen kontzeptuari dagokion zenbatekoa Nafarroako Gobernuak bere langileentzat ezarritakoa izanen da.
12. artikulua. Laguntza juridikoa.
Mendabiako Udaleko langile guztiei aitortzen zaie laguntza juridikorako eskubidea, behar dutenean eta hala eskatzen dutenean, Udalari zerbitzuak emateagatik eratorritako auzien ondorioz, betiere auzia beren eginkizunak oker betetzeagatik edo dituzten mugak gainditzeagatik izan ez bada. Behar denean, prokuradorearen gastuak ordainduko dira. Udaleko udaltzainen edo edozein langileren aurkako eraso edo atentaturik gertatuz gero, Udala akusazio partikular gisa aurkeztuko da auzitegietan.
13. artikulua. Bizi-asegurua eta aldi baterako ezintasuna.
Mendabiako Udalak bizi-aseguru bat (heriotza eta baliaezintasuna) eta istripu-aseguru bat kontratatuko ditu bere langileentzat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta horren erakunde autonomoen zerbitzura dauden langileena bezalakoa (geroagoko aldaketak barne).
14. artikulua. Osasun-azterketa.
Urtero osasuna zaintzeko azterketa medikoa eginen zaie horretarako prest agertzen diren langile guztiei.
Orobat, 45 urtetik gorako langileei prostatako antigeno espezifikoaren proba eginen zaie.
14. artikulua. Funtzionario bihurtzea, nahi izanez gero.
Nafarroako Gobernuak beste epe bat irekitzen badu Nafarroako toki entitateetako lan-kontratudun langile finkoei funtzionario bihurtzeko aukera emateko, Mendabiako Udalak aukera hori baliatzeko erraztasunak emanen dizkie bere langileei, ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
15. artikulua. Enplegua hobetzea.
Langileren batek uste badu enpresan igo behar dela, goragoko kategoriako lanetan ari delako, banakako eskaera aurkeztu behar du. Udalak konpromisoa hartzen du halako eskaerei erantzuna emateko erregistroan jasotzen direnetik hiru hilabete igaro baino lehen, ahal duela.
Gainera, kontratuetan edo enpleguan egon daitezkeen hobekuntzen berri hedatuko da eta lehenbizi Udaleko langileei eskainiko zaizkie, indarreko legeriak horretarako aukera ematen duen heinean.
16. artikulua. Erretiroa errelebo-kontratuarekin.
Mendabiako Udalak, ahal duen neurrian, eta betiere legediak baimentzen badu, erraztasunak jarriko ditu eskatzen duten langileek erretiroa har dezaten errelebo kontratuaren bidez, betiere horretarako ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
17. artikulua. Genero-berdintasuna.
Emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna da akordio honen printzipio gidarietako bat, funtsezko tresna baita hitzarmena, enpleguan generoa dela-eta diskriminazio zuzena eta zeharkakoa ezabatzeko, sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren kontra ekiteko eta laneko eta familiako bizitza bateragarri egitea errazteko.
Emakumeen eta gizonen arteko tratu berdintasunak esan nahi du sexuagatiko inolako diskriminaziorik ez izatea, ez zuzen ez zeharka, eta, bereziki, amatasunaren, familia betebeharrak hartzearen eta egoera zibilaren ondorioz. (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 3. artikulua).
Sexuagatiko zuzeneko diskriminazioa honako hau da: antzeko egoera batean, sexuaren ondorioz pertsona batek, beste batekin alderatuta, tratu ez hain ona izatea, orain, iraganean edo etorkizunean aukera hori izatea. (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 6.1 artikulua).
Sexuagatiko zeharkako diskriminazioa honako hau da: itxuraz neutroa den xedapen, irizpide edo praktika batek sexu bateko pertsonentzat desabantaila zehatz bat ekartzea beste sexuko pertsonen aldean, salbu xedapen, irizpide edo praktika horiek modu objektiboan justifikatzen badira xede legitimo batekin, betiere xede horiek lortzeko bideak beharrezkoak eta egokiak badira. (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 6.2 eta 6.3 artikuluak).
Sexuagatiko jazarpena honako hau da: pertsona baten sexua dela-eta, haren duintasuna gutxiesteko eta giro beldur-eragilea, degradatzailea eta iraingarria sortzeko asmoz egiten den jokabide oro. Sexuagatiko bereizkeriatzat hartuko da, halaber, eskubide bat izateko aukera lortzeko baldintza gisa jartzea sexu jazarpen edo sexuagatiko jazarpen egoera bat onartzea. (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 7.2, 7.3 eta 7.4 artikuluak).
Sexu jazarpena honako hau da: pertsona baten duintasunaren aurka egiteko asmoa edo ondorio hori duen edozein sexu jokaera, hitzezkoa nahiz fisikoa, batez ere giro beldur eragilea, degradatzailea edo iraingarria sortzen badu. Sexuagatiko bereizkeriatzat hartuko da, halaber, eskubide bat izateko aukera lortzeko baldintza gisa jartzea sexu jazarpen edo sexuagatiko jazarpen egoera bat onartzea. (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 7.1, 7.3 eta 7.4 artikuluak).
Lana eta familiako bizitza bateratzea: Familiako arrazoiak direla-eta baimenak emateko sistemak ezartzea, baita guraso baimenak eta haurrei eta adinekoei arreta ematekoak ere, eta lan ingurunean egitura eta antolaketa bat sortzea, gizonek eta emakumeek errazagoa izan dezaten lana eta etxeko nahiz familiako ardurak bateratzea. (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko terminoen glosarioa. Europako Batzordea).
Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko benetako berdintasuna lortzeko, garrantzitsua da emakumezkoak subjektu aktibotzat hartzea gizartean; beraz, gizartearen osagai eta parte-hartzaile gisa aintzat hartu beharrak dira, eta gure eguneroko lengoaian ez dira gutxietsi behar, ez eta desagerrarazi behar ere. Hori oinarritzat hartuta, eta erabili beharreko idatzizko eta ahozko lengoaiari dagokionez, akordio honek eta Udalaren eta sindikatuen ordezkarien artean dauden lan harreman guztiek lengoaia inklusiboa eta ez-sexista erabiliko dute.
18. artikulua. Aurrerakinak eta maileguak.
1. 12.000,00 euroko funtsa ezarri da aurrerakin eta epe luzeko maileguetarako, interesik gabe itzultzeko.
2. Gehienez ere, 3.000,00 euro eskatuko da.
3. Une bakoitzean zer saldo dagoen, horren arabera eskuratzen ahalko dira aurrerakin eta mailegu hauek; hortaz, itzulketak egin ahala, funts horren parte izanen dira.
4. Lehendik eskatua dagoena itzuli arte, ez da beste mailegu bat eskatzerik izanen.
5. Eskaerak langileriaren departamentuan eginen dira eta eskaerarekin batera beharrezkoak diren frogagiriak aurkeztuko dira, Alkatetzak ebazpena ahalik eta lasterren eman dezan.
6. A eta B mailako langileek 12 hileko ordainketetan itzuliko dizkiote mailegu horiek Udalari, gehienez; C, D eta E mailakoek 18 hileko ordainketetan, gehienez.
7. Aparteko ordainsariak ordaintzen diren hilabeteetan, ordainsaritik deskontatuko den kantitatea hilabete arruntetako kantitatea halako bi izanen da.
8. Arau orokor gisa, eskabideen lehentasuna Udalaren Erregistro Orokorreko sarrerako hurrenkeraren araberakoa izanen da. Egun berean eskaera bat baino gehiago erregistratuz gero, lehentasuna soldata maila txikieneko eskatzaileak izanen du eta, maila bereko bi eskaera izanez gero, lehentasunak hauek izanen dira:
–Ezbeharrak: suteak, lapurretak, uholdeak eta abar, ohiko etxebizitzan edo hango ondasun higikorretan kaltea eragiten dutenak.
–Familiaren egoera oso larriak, adibidez lehen mailako senideen heriotza, eta abar.
–Ezkontza.
–Seme-alaben jaiotza.
–Ohiko etxebizitza erostea edo hura eskuratzeko banku-kredituak amortizatzea.
–Dibortzioa edo senar-emazteak edo izatezko bikotea banantzea.
–Enplegatuak edo haren ondorengoek ikastetxe ofizialetan ikasteko dituzten matrikulazio gastuak.
9. Behin-behineko lan-kontratudunek batzorde paritarioari eginen diote eskaera, hark ebatz dezan; ebazpen horrek arrazoituta egon beharko du eta betiere kontratuaren iraupena izanen du kontuan.
19. artikulua. Laneko arropa.
Kategoria guztietako langileek lan uniforme gisa nahitaez erabili behar dituzten arropak ondoan zehazten dira. Langileek konpromisoa hartzen dute arropa horiek ahalik eta hobekien zaintzeko.
1. Udakoa:
-2 alkandora/polo.
–Udako bi galtza pare.
–Zapata pare bat.
–Kapela bat.
2. Negukoa:
–Mahuka luzeko kotoizko 2 alkandora.
–Neguko bi galtza pare.
–Jertsea edo jantzi polarra.
–Goretexezko bota pare bat.
–Anorak bat 3 urtean behin.
–Uretarako jantzi bat hiru urtean behin.
–Uretako bota pare bat hiru urtean behin.
Gainera, makinak mantentzeko lanetan aritzen direnek honako hauek ere jasoko dituzte:
–Lohihartzeko bat.
–Eskularru egokiak, lanera egokituak, eta behar beste eta behar bezalako kalitateak, hondatutakoak ordezkatzeko.
Aurreko guztiak langileen esku egonen dira erabili behar direnerako. Denak batera ematen ahalko dira.
Lantaldearen arduradunak emanen dizkie jantziak langileei, prebentzioko ordezkariak oniritzia eman ondoren. Gainera, hiru hilean behin arduradunak langileek dauzkaten laneko jantzien inbentarioa eginen du.
Jantzi edo oinetako bat lanean erabilita hondatzen denean, Udalak ahalik eta lasterren emanen du ordezkoa, hondatutako jantzia edo oinetakoa itzuli ondoren.
Udalak aurreko kanpainan emandako arropak itzultzeko eskatzen ahalko du.
Aldi jakin baterako kontratatzen diren langileei kontratuaren iraunaldirako behar diren laneko arropak emanen zaizkie.
Mendabiako Udalak prebentzioko ordezkariarekin batera erabakiko du langileei ematen zaizkien jantziak nola erabili behar diren, kontratuaren iraunaldiaren arabera.
Nolanahi ere, debekatuta dago Udalaren zerbitzuko langileek haren logotipoa duten jantziak erabiltzea lanetik kanpo.
20. artikulua. Eskubide sindikalak.
Sindikatuetako ordezkarien eskubideak eta bermeak Nafarroako Gobernuak bere langileentzat ezarri gisara arautuko dira.
Xedapen gehigarria.
Mendabiako Udalak ohiko eginkizunak egiteko behar diren material egokiak eta eguneratuak emanen dizkie langileei. Lantaldearen arduradunak material horiek kontrolatu eta kudeatuko ditu.
Azken xedapena.
Mendabiako Udalak kasu bakoitzean behar diren administrazio egintzak edo xedapenak emanen ditu, akordio honen atalak behar den moduan onetsi eta indarrean sar daitezen.
Aurrekoa gorabehera, akordio hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean oso-osorik argitaratuko da, orok jakin dezan.
Mendabian, 2024ko otsailaren 28an.
Iragarkiaren kodea: F2406110
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
