93. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

4/2024 FORU LEGEA, maiatzaren 2koa, zeinaren bidez Nafarroaren Garapen Sozietatea SLri baimena ematen baitzaio mailegu bat emateko Sunsundegui SAri.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZEINAREN BIDEZ NAFARROAREN GARAPEN SOZIETATEA SLRI BAIMENA EMATEN BAITZAIO MAILEGU BAT EMATEKO SUNSUNDEGUI SARI.

HITZAURREA

Nafarroaren Garapen Sozietatea SL sozietate publikoak Parlamentuari berariazko baimena eskatu dio, Sunsundegui SAri mailegua emateko eragiketa batzuk formalizatzeko.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legeak, maiatzaren 16ko 10/2014 Foru Legeak egin zion aldaketaren ondoren, 82.ter artikuluaren 2. apartatuan Parlamentuaren berariazko baimena exigitzen du edozein pertsona fisiko edo juridikok maileguak jaso ahal izateko, horien zenbatekoa ekitaldi bakoitzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean ezarritako gehieneko arrisku biziaren ehuneko 5 baino gehiagokoa denean. Gehieneko arrisku bizi hori emaile den entitatearen arabera aintzat hartzen da; hau da, maileguak nork emanak diren: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ala haren menpeko entitateek.

2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 13ko 2/2024 Foru Legeak, 24.5 artikuluan, 135.000.000 euroan ezartzen du enpresa-erakunde publikoek, fundazio publikoek eta sozietate publikoek emandako maileguen gehieneko arrisku bizia, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 82.ter artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Zenbateko horren %5ek 6.750.000 euro egiten du.

Nafarroaren Garapen Sozietatea SLk emanak dizkio Sunsundegui SAri 6.400.000 euro egiten dituzten maileguak, eta 2024an beste mailegu bat ematea aurreikusten du, 6.000.000 eurorainokoa, halatan gainditurik Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 82.ter artikuluaren 2. apartatuan ezarritako muga. Horregatik, bidezkoa da artikulu horretan aurreikusitako baimena ematea.

Artikulu bakarra.–Mailegua baimentzea.

Nafarroaren Garapen Sozietatea SLri baimena ematen zaio 2024an mailegu bat egiteko, eragiketa bakarrean nahiz batzuetan, Sunsundegui SArekin, gehienez ere 6.000.000 eurokoa.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 2an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2407042