92. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

113E/2024 EBAZPENA, apirilaren 3koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ofizioz berrikusten baita San Adriango udal mugartean malta fabrikatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Intermalta SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 678/2011 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 193E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, 2022ko abenduaren 1ean, hondakin urak isurtzearen onargarritasunari buruzko beste txosten lotesle bat eman zuen. Bertan baldintza berri batzuk ezarri ziren, ingurumen baimen integratuan jaso behar direnak.

Zehazki, batzuetan eguneko isurketa-bolumenaren gehieneko balio baimendua gainditu denez, txostenak aurreikusten du aldaketa batzuk egitea isurketa-bolumenaren muga-balioetan, urteko gehieneko bolumena urteko 365.000 m³ izatetik urteko 401.500 m³ izatera igoz, eta eguneko gehieneko bolumena eguneko 1.000 m³ izatetik eguneko 1.250 m³ izatera.

Era berean, kutsatzaileen kontzentraziorako gehieneko balio berriak ezartzen dira, eta kontrolerako beste maiztasun bat, bat etorriz Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 (EB) Betearazpen Erabakiarekin, zeinaren bidez ezartzen baitira elikadura-, edari- eta esne-industrietako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

Kasu honetan, ondorioztatu da gertatzen direla Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26.4. artikuluaren d) letran adierazitako inguruabarrak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege hori), eta, horrenbestez, bidezkoa da ofizioz berrikustea ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak, bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatu eta Industriako Isurien Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16.5 artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Ofizioz berrikustea San Adriango udal mugartean malta fabrikatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratua, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Instalazioaren titularra Intermalta SA da.

Bigarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena eguneratzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, bat etorriz uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Uren Legearen testu bateginaren hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen.

Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketak unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen baditu. Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko.

Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Bereziki, ezustean gertatzen direnean lehenago baimena ukatzea edo, emanez gero, bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketen gorabeherak. Horien barruan sartzen dira titularrak aitortu gabeko gorabeherak edo argibideak, baimena ukatzea edo bestelako baldintzetan ematea ekarriko zuketenak.

Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo ofizialki deklaratutako muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isurketaren baldintzak alda ditzake kalitate helburuak, ingurumen arloko kalitate arauak eta ingurune hartzailearen ingurumen helburuak bermatzeko.

Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuak onetsitako testu bategina), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea Intermalta SAra, San Adriango Udalera eta Ebroko Konfederazio Hidrografikora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 3an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2405635