92. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

136/2024 EBAZPENA, apirilaren 22koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita 2024-2025 ikasturterako laguntza-deialdi bat, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan osasunerako hezkuntza, garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza, jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntza eta memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza eskolan sustatzeko eta garatzeko.

1994. urteaz geroztik, Hezkuntza eta Osasun Departamentuen arteko lankidetzari esker, eta eskoletan osasuna bultzatzearren, honako hau izan da lehentasuna: "ikastetxeei erraztea osasunaren sustatzaile gisa duten eginkizuna, Europan Osasunaren Mundu Erakundeak, UNESCOk eta nazioarteko beste organismo batzuek bultzatzen duten bezala". Lankidetza hori, halaber, indartu egin da 2023an bi departamentuek sinatutako akordioari esker.

Halaber, 2009. urteaz geroztik, "Eskola Solidarioak" programa gauzatzen da Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako ikastetxeek elkartasunaren, berdintasunaren, giza eskubideen eta justizia sozialaren balioak txerta ditzaten, zehar-lerro gisa, curriculumean zein ikastetxeko hezkuntza proiektuan. Programa gauzatzeko, lankidetzan aritzen dira Hezkuntza Departamentua, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentua, hezkuntza komunitatea eta Nafarroako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GGKE).

Modu bertsuan, 2012-2013 ikasturtetik hasita, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin elkarlanean, lan egiten ari gara ikastetxeek ingurumenaren jasangarritasunaren aldeko kultura susta dezaten, biodibertsitatea eta klima babestuz, eta kontsumo arduratsua, birziklapena, berdeguneekin kontaktua eta bizitza jasangarriaren garapena sustatuz.

Azkenik, Hezkuntza Departamentuak eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak 2020an sinatu eta 2024an berritutako akordioari esker, Memoriaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Eskolen Sarearen bidez hezkuntza jarduketak sustatuko dituzte memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen esparruan, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan.

Ikusirik Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak emandako aldeko txostena, onetsi dadin 2024-2025 ikasturterako laguntza-deialdi bat, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan osasunerako hezkuntza, garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza, jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntza eta memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza eskolan sustatzeko eta garatzeko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Laguntzen deialdi bat onestea osasunerako hezkuntza, garapenerako hezkuntza, jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntza eta memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza eskolan sustatzeko eta garatzeko ikastetxe publikoetan. Laguntzak arautuko dira ebazpen honen I., II., III. eta IV. eranskinetan jasotako oinarriei jarraikiz.

2. Gastua baimentzea, gehienez ere 50.000 euro, ikastetxe publikoetan jarduketak garatu eta sustatu daitezen honako arlo hauetan: osasunerako hezkuntza, garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza, jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntza, eta memoriaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza. Gastu hori egotziko zaio 2025eko gastuen aurrekontuan honako partida honen baliokide den partidari: 2024ko gastuen aurrekontuko "Ikastetxe publikoetako prestakuntza-programak eta hezkuntza berrikuntza-proiektuak" izeneko 420002 42100 2269 322004 partida. Horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea.

3. Ebazpen honek eta haren eranskinek ez dute administrazio bidea amaitzen eta beren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzailetza delegatura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Prestakuntza eta Kalitate Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2024ko apirilaren 22an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, OSASUNERAKO HEZKUNTZA, GARAPENERAKO ETA HERRITARTASUN GLOBALERAKO HEZKUNTZA, JASANGARRITASUNERAKO ETA INGURUMENERAKO HEZKUNTZA, ETA MEMORIA HISTORIKOAREN, BAKEAREN ETA BIZIKIDETZAREN ALDEKO HEZKUNTZA ESKOLAN SUSTATU ETA GARATZEKO LAGUNTZEN DEIALDIAN PARTE HARTZEKO

Lehena.–Xedea.

Dei egiten zaie Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko eta araubide bereziko ikastetxe publikoei, 2024-2025 ikasturtean honako hauek sustatzeko proiektuak aurkez ditzaten: osasunerako hezkuntza, garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza, jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntza, eta memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honen hartzaileak ikastetxe publikoak dira:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak.

b) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa).

c) Araubide bereziko ikastetxeak.

d) Hezkuntza bereziko ikastetxeak.

e) Helduen hezkuntzako ikastetxeak.

Hirugarrena.–Proiektuetan bete beharrekoak.

Ikastetxe batek laguntzak jaso ahal izateko, proiektu bat aurkeztu beharko du, eta horrek honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Deialdi honetara aurkezten den proiektuak originala izan beharko du, ekonomikoki eta teknikoki bideragarria, eta hezkuntza jarduneko prozesuetako edo osagaietako bat kualitatiboki ukitu.

b) Proiektuak aintzat hartu beharko ditu jarraian adierazitako gaietan erakunde eskudunek gomendatutako printzipio orokorrak:

–Osasunerako hezkuntzaren sustapena eta garapena bultzatzea:

  • Ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan osasunerako hezkuntzaren edukiak sartzea zeharka, adibidez, elikadura, ariketa fisikoa egin beharra, gorputz eta postura higienea, segurtasuna eta istripuen prebentzioa, mugikortasun osasungarria eta iraunkorra, mendekotasunen prebentzioa, hezkuntza afektibo-sexuala, emozio osasuna eta abar.
  • Behar diren ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea, bizimodu osasungarria eta oreka fisiko, psikologiko eta soziala izateko lagungarri direnak.
  • Ikasleen gaitasuna handitzea, osasunarekin zerikusia duten alderdietan erabaki egokienak har ditzaten.
  • Lankidetza harremanak ezartzea Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen, inguruko zentro soziosanitarioen, familien eta komunitatearen artean, osasunerako hezkuntza programa koherenteak presta daitezen.
  • Berdintasuna zehar-lerro gisa sartzea ohitura osasungarrien ikasketan.
  • Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea bide-segurtasunari eta ikastetxeko arriskuen prebentzioari lotutako alderdiak.

Ikastetxeek beste irizpideren bat sartzen ahalko dute beren hezkuntza proiektuan jasotako berariazko beharrei buruz edo osasun arloko lehentasunei buruz.

–Garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza bultzatzea:

  • Garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza lantzeko edukiak barne hartzea zehar-lerro gisa, ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan. Aintzat hartu beharko dituzte garapen jasangarrirako helburuak, hala nola justizia soziala eta ekitatea, globalizazioa eta interdependentzia, giza garapen jasangarria, aniztasuna, bakea eta gatazka, herritartasun globala, giza eskubideak, bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua eta elikadura subiranotasuna.
  • Ikasleen gaitasunak handitzea, gauza izan daitezen erabakiak hartzeko herritar guztien erantzunkidetasunaz, giza garapen jasangarriaren prozesuan.
  • Sustatzea elkartasunarekin, justizia sozialarekin eta giza eskubideekin lotutako balioak eta jarrerak.
  • Sustatzea elkartasun handiagoko bizimoduaren faboratzen gaitasunak garatzea.
  • Sustatzea familien eta komunitate guztiaren parte-hartzea errazten duten jarduerak.
  • Elkarlanerako harremanak ezartzea inguruneko beste ikastetxe eta gizarte entitateekin, prestatzeko garapenerako hezkuntzarekin koherenteak diren programak.
  • Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen, Gizarte Entitateen, eta Administrazioan gai hauetan eskudunak diren zerbitzuen hezkuntza ahalmenak erabiltzea, eta erantzukizun partekatua eta elkarlan estua sustatzea.

–Jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntza bultzatzea.

  • Gaitasunen ikuspegi batetik, ingurumen hezkuntzaren edukiak txertatzea ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan (ikastetxeko edo inguruneko hondakinen, energiaren eta ur baliabideen kudeaketa, eskola-baratzeak eta abar).
  • Bizimodu jasangarriak bultzatzen dituzten ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea hezkuntza komunitatean.
  • Ikasleek ingurumenarekiko erabaki egokienak hartzeko duten gaitasuna handitzea. Hala, ingurumena hobetzeko prozesuak abiarazteko gai izanen dira, bai eskolan, bai herrian, geroago, lagungarriak izan daitezen problematika globalari erantzuteko.
  • Ikastetxearen ingurune fisikoa hobetzea, ingurumenari lotutako neurriak hartuz.
  • Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea ingurumen-osasunari eta ikastetxeko arriskuen prebentzioari lotutako alderdiak.

–Memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza bultzatzea.

  • Memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza lantzeko edukiak barne hartzea zehar-lerro gisa, ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan. Aintzat hartu beharko dituzte, besteak beste, tolerantzia, justizia, bizikidetza baketsua, giza eskubideak, memoria historikoa, bakearen kultura, etab.
  • Ikasleen erabakimena handitzea, gizarte tolerantea eta baketsua sortzeko herritar guztien erantzunkidetasunaren inguruan.
  • Elkarrizketarako eta gatazkak modu baketsuan konpontzeko ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea hezkuntza komunitatean, eta gorrotoaren diskurtsoaren aurka egitea.
  • Sustatzea familien eta komunitate guztiaren parte-hartzea errazten duten jarduerak.
  • Inguruko beste ikastetxe, familia eta gizarte-erakunde batzuekin lankidetza-harremanak ezartzea.

c) Aurkeztutako proiektuak ikastetxeko zuzendaritzaren aldeko txostena izan beharko du, proiektuak ikastetxearen hezkuntza jarduna hobetzeko ekarpena egiten duela adierazita. Hartara, proiektua urteko programazio orokorrean sartu beharko du. Zuzendaritza taldeak proiektu hori egitearen ardura hartzen du bere gain, nahiz eta proiektuko irakasleen artean aldaketak izan. Era berean, hitzematen du horren berri emanen diela familiei eta hezkuntza komunitateko gainerako kideei.

d) Ikastetxe bakoitzak nahi adina proiektu aurkezten ahalko ditu, baina independenteak izan beharko dute.

e) Proiektua idazteko, deialdi honen bosgarren oinarrian jasotako gidoia erabili beharko da.

f) Proiektuen lan plana 2024-2025 ikasturtean garatu beharko da eta amaitzeko epemuga 2025eko maiatzaren 31 izanen da.

g) Kontuan hartuko da proiektuak adierazleak eta helmugak ezartzen dituen edo ez, helburuak erdietsi diren neurtzeko.

Laugarrena.–Proiektuaren koordinazioa ikastetxean.

Proiektuak koordinatzaile bat izan beharko du. Hark izanen du lantaldea koordinatzeko ardura, eta Hezkuntza Departamentuarekiko solaskidea izanen da. Koordinatzailea beste pertsona batek ordez lezake, justifikatutako arrazoiak tarteko. Horretarako, beharrezkoa izanen da ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia, zeinak aldaketa eskatu beharko baitio Prestakuntza eta Kalitate Ataleko Prestakuntza Programen Bulegoari.

Honako hauek baloratuko dira koordinatzailea hautatzeko: konpromisoa, ezagutzak, kudeatzeko ahalmena, eta hezkuntza komunitate guztia motibatzeko gaitasunak. Ikastetxeak, ordutegi antolamenduagatik posible badu, bi ordu osagarri bitarte esleitzen ahalko dizkio ikastetxeko proiektuaren koordinatzaileari, zeregin horietarako.

Koordinatzaileak proiektuaren memoria aurkeztu beharko du 2025eko maiatzaren 31 baino lehen, honako web-orri honetan eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red. Inprimakian ikasturtean zehar gauzatutako jarduketak adierazi beharko ditu.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea eta hori egiteko epeak.

Proiektuaren koordinatzaileak eskaera aurkeztuko du, honako dokumentazioarekin batera:

–Parte hartzeko eskaera, II. eranskinaren araberakoa, honela betea:

1. Koordinatzailearen datuak.

2. Ikastetxearen datuak.

3. Proiektuaren datuak.

4. Ikastetxeko zuzendariaren txostena.

Eskaerak aurkezteko epea HAMABOST egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Deialdi honetan parte hartzeko, Internet bidez bete beharko da ebazpen honen II. eranskin gisa agertzen den eskaera, Hezkuntza Departamentuaren web-orrian dagoen inprimakiaren bidez (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red). Inprimakia bete eta igorri ondoren, koordinatzaileak sortutako dokumentua jasoko du PDF formatuan, inprimakia betetzean adierazi duen helbide elektronikoan. Ondoren, dokumentazioa inprimatu, sinatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza eta Kalitate Atalari zuzenduko zaizkio.

Seigarrena.–Hautapen batzordea.

Honako batzorde hauek hautatuko dituzte proiektuak:

–Osasunerako hezkuntzaren sustapena eta garapena bultzatzen duten proiektuetarako batzorde teknikoak kide hauek izanen ditu: Osasun Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.

–Garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza bultzatzen duten proiektuetarako batzorde teknikoak honako kide hauek izanen ditu: Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.

–Jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntza bultzatzen duten proiektuetarako batzorde teknikoak honako kide hauek izanen ditu: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.

–Memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza bultzatzen duten proiektuetarako batzorde teknikoak honako kide hauek izanen ditu: Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.

Zazpigarrena.–Deialdia ebaztea.

a) Aipatutako batzorde teknikoek aurkeztutako proiektuak aztertuko dituzte, eta onartu direnen zerrenda Hezkuntza Departamentuaren "Eskolak Sarean" izeneko web-orrian argitaratuko du (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red).

Eskaeraren bat akats formalekin aurkeztuz gero, akatsen arrazoia azaldu beharko da espresuki. Atzemandako akats horiek zerrenda argitaratu eta bost egun naturaleko epean zuzentzen ahalko dira. Epe horretan bertan, koordinatzaileak erreklamazioa edo berariazko uko egitea aurkezten ahalko du erregistroaren bidez.

b) Erreklamazioak aztertu ondoren, dagokion batzorde teknikoak behin betiko zerrenda osatuko du eta organo eskudunari laguntzak emateko proposamena bidaliko dio. Zerrenda web-orrian argitaratuko da.

Zortzigarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

a) Aurrekontuan dagoen diru erabilgarria aintzat hartuta, hautatutako proiektuek gehienez ere 750 euroko laguntza jasotzen ahalko dute. Laguntzen zenbatekoa proportzionalki banatuko da ikastetxeen artean. Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik gabe.

b) Gastu justifikagarritzat jotzen dira material bibliografikoa eta eskatutako beste material batzuk erostea eta antzeko beste gastu arrunt batzuk, proiektua garatzeko eta ezartzeko beharrezkoak direnak. Proiektuaren urteko memorian justifikatu eta dokumentatu beharko dira gastu horiek. Proiektuarekin lotuta dauden irakasleen soldatak eta haborokinak ez dira inolaz ere laguntza honen kargura ordainduko. Gastu horiek memorian justifikatuko dira, dokumentu bidez betiere.

Bederatzigarrena.–Laguntzak ordaintzea.

Erositako materialek edo baliabideek lotura zuzena izanen dute proiektua ikastetxean inplementatzearekin edo garatzearekin. Proiektuaren memorian justifikatuko da zergatik erosi diren materialak eta baliabideak eta nola erabili diren, hori eskatzen duen atalean.

Gastuak justifikatzeko faktura guztietan agertu beharko du ikastetxearen izena.

Fakturen datak izan behar du 2024ko irailaren 1aren eta 2025eko maiatzaren 10aren artekoa.

Koordinatzaileak 2024-2025 ikasturteko proiektuetan egindako gastuak justifikatzeko fakturak aurkeztu beharko ditu Prestakuntza eta Kalitate Atalean.

Memoriak bidaltzeko epea amaitu baino lehen, mezu elektroniko batean PDF formatuko fakturak bidaliko dira sformacion.prestakuntza@navarra.es helbidera. Mezu horretan argi eta garbi adieraziko da zer izen duen ikastetxeak eta zer proiekturi dagozkion fakturak.

Halaber, kontzeptuak eta zenbatekoak adierazten dituen memoriako IV. eranskina bete beharko da (Fakturatzeko informazioa).

Fakturek eskaneatuta egon behar dute, eta ECOEDUCA aplikazioan sartuta.

Fakturak aurkezteko epea bukatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Hamargarrena.–Azken memoria.

Koordinatzaileak 2025eko maiatzaren 31 baino lehen igorri beharko dio ikasturte azken memoriaren kopia formatu elektronikoan Prestakuntza eta Kalitate Atalari. Horretarako, "Eskolak Sarean" izeneko web-orrian dagoen formularioari jarraituko dio: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red.

Memorian III. eranskinean jasotako apartatuak adieraziko dira.

Hamaikagarrena.–Argitaratzea eta zabaltzea.

Hezkuntza Departamentuak hautatu diren lanak argitaratzen ahalko ditu, osorik edo zati bat. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak nor diren aipatu beharko du. Kontuan hartu behar da irudi-eskubideen gainean beharrezkoak diren baimenak eduki beharko dituela.

Deialdian parte hartzeak berekin dakar zeinahi argitalpen mota egiteko behar diren eskubideak lagatzea.

Hamabigarrena.–Bateraezintasuna.

Proiektu bat onartzen bada berrikuntza proiektuen deialdian eta deialdi honetan, bi laguntzetako bat hautatu beharko du ikastetxeak.

II. ERANSKINA.–IKASTETXE PUBLIKOETAN HEZKUNTZA BERRIKUNTZAKO PROIEKTUAK EGITEKO DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKAERAREN EREDUA

Eskaera Hezkuntza Departamentuaren web-orrian dagoen inprimakia erabiliz bete behar da (https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/proyectos-de-innovacion). Inprimakia bete eta igorri ondoren, koordinatzaileak sortutako dokumentua jasoko du PDF formatuan, inprimakia betetzean adierazi duen helbide elektronikoan.

1. Koordinatzailearen datuak.

–Izen-deiturak.

–IFZa.

–Helbide elektronikoa.

2. Ikastetxearen datuak.

–Ikastetxearen izena.

–Herria.

–Ikastetxeko zuzendaritzaren helbide elektronikoa.

–Ikastetxeko telefonoa.

3. Proiektua.

–Proiektuaren izenburua.

–Deskribapen laburra (30-40 hitz).

–Hezkuntzako zein etapari zuzenduta dagoen:

–Helburuak: berariazkoak, neurgarriak, lortzeko modukoak, garrantzitsuak eta denboran mugatuak.

–Edukiak eta jarduerak.

–Ikasleek garatzea nahi diren gako-gaitasunak.

–Metodologia.

–Faseak eta tenporalizazioa. Jardueren, arduradunen eta baliabideen egutegia.

–Egin beharreko materialak eta proiektuaren hedapena (halakorik balego).

–Parte hartzen duten irakasleak (izen-deiturak, eskakizunak). Zertan parte hartuko duten eta parte-hartze hori nola justifikatzen den proiektuan.

–Ikasleen parte-hartzearen eta inplikazioaren deskribapena.

–Hezkuntza komunitateko beste eragile batzuen parte-hartzearen nondik norakoa: familiak, irakasle ez diren langileak, udalak... (halakorik balego).

–Proiektua ebaluatzeko irizpideak.

–Aurrekontu justifikatua. Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik gabe.

–Eranskinak (baldin badaude).

4. Ikastetxeko zuzendariaren txostena.

Ikastetxeko zuzendari jaun/andreak ......................................................................................... proiektuaren aldeko txostena ematen du, proiektu hori bera aurkez dadin 2024-2025 ikasturterako laguntza-deialdian, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan osasunerako hezkuntza, garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza, jasangarritasunerako eta ingurumenerako hezkuntza eta memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza eskolan sustatzeko eta garatzeko. Halaber, adierazten du proiektua lagungarria dela ikastetxeko hezkuntza jarduna hobetzeko.

................................(e)n, 2024ko .............................aren ..............(e)(a)n.

Ikastetxeko zuzendaria

Sinatua:

III. ERANSKINA.–AZKEN MEMORIAREN EREDUA

Memoriek honako atal hauek izan beharko dituzte:

1. Proiektuaren izenburua.

2. Proiektuaren koordinatzailea.

3. Proiektuaren garapenaren laburpena.

4. Helburuen betetze-maila.

5. Jardueren eta erabili diren baliabideen jarraipena.

6. Proiektuaren eragina.

a) Irakasleengan.

b) Ikasleengan.

c) Eskolako komunitatearen beste esparru batzuetan.

7. Egindako gastuen justifikazioa.

8. Proiektuaren balorazioa eta hobekuntza alorren proposamena.

9. Erabilitako materialak edo horietarako esteka.

10. Ebazpen honen IV. eranskina (Fakturatzeko informazioa).

IV. ERANSKINA.–FAKTURATZEKO INFORMAZIOA

Ikastetxea:

Proiektuaren izena:

Koordinatzailea:

ECOEDUCA
IDAZPENA

KONTZEPTUA

FAKTURAREN
ZENBATEKOA, GUZTIRA

PROIEKTUARI EGOZTEN ZAION ZENBATEKOA

Iragarkiaren kodea: F2406512