92. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BEINTZA-LABAIEN

Udal-ordenantza, jabari eta erabilera publikoko eremuak okupatzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Beintza-Labaiengo Udalak, 2023ko abenduaren 11n egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Jabari eta erabilera publikoko eremuak okupatzea arautzen duen udal-ordenantza, horren alde bozkatu baitzuten udalkide guztiek.

Espedientea jendaurrean eduki zen hogeita hamar egun baliodunean, ediktuak 2024ko 3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, urtarrilaren 4an, eta Udalaren iragarki-taulan.

Erreklamazioak formulatu ziren, eta Udalak 2024ko apirilaren 19ko bilkuran onetsi zuen behin betiko bertsioa. Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta honako hau da haren testua.

Beintza-Labaienen, 2024ko apirilaren 19an.–Alkatea, Jon Telletxea Juanenea.

UDAL ORDENANTZA, JABARI ETA ERABILERA PUBLIKOKO EREMUAK OKUPATZEA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA.–XEDEA, APLIKAZIO-EREMUA ETA BALDINTZAK

1.–Xedea.

Ordenantza honen xedea da Udalak kudeatzen dituen eremuetan eta bide publikoan (bide-jabari publikoaren gainean edo azpian) egin daitezkeen erabilera publiko arrunt, berezi, pribatibo eta ezohikoetarako jabari eta erabilera publikoko eremuak okupatzeari dagokionez aplikatu beharreko esparru teknikoa eta juridikoa ezartzea. Espazio hauetako erabilerez ari gara: Beintza-Labaiengo udal-mugarteko kaleak, plazak, pasealekuak, frontoiak eta lorategiak.

2.–Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau Beintza-Labaiengo erabilera publikoko espazio guztiei aplikatzen ahal zaie (kaleak, plazak, pasealekuak, frontoiak eta lorategiak), haien titulartasuna edozein izanik ere. Erabilera publikoaren izaera, zalantzazkoa bada egoera hori argi ez dagoen kasuetan, indarreko plan orokorrean ezarritakoaren arabera zehaztuko da.

3.–Izaera eta araubide juridikoa.

Jabari publikoa erabiltzeko eta okupatzeko eskaerak ordenantza honetan ezarritakoari doituko zaizkio. Hemen jasotzen ez diren alderdiei dagokienez, gaiari buruzko estatuko eta autonomiako lege- eta arau-xedapenei jarraitu beharko zaie.

Halaber, ordenantza honen bidez araututako jabari publikoaren erabileren ondorioz ordaindu beharreko zerga eta ordainarazpenei buruz sortzen diren galdera guztiak dagozkien zerga-ordenantzetan zehaztutakoaren arabera ebatziko dira.

4.–Salbuespenak.

Ordenantza honen aplikazio-eremutik kanpo gelditzen dira Udalak sustatu eta kudeatutako azokei, ekitaldiei eta bestelako jarduerei lotutako okupatzeak.

5.–Baldintzak.

Izaera arrunt, berezi, pribatibo eta ezohikoko jabari eta erabilera publikoko ondasunak erabiltzeko, udal-lizentzia eskuratu behar da aldez aurretik, ordenantza honetan aurreikusten diren terminoetan.

Gainera, ikuskizun publiko eta jolas-jarduerei, ingurumenaren babesari, irisgarritasunari eta sektoreko araudiaren arabera aplikatu beharreko bestelako edozein foru-araudi bete beharko dute.

II. KAPITULUA.–DEFINIZIOAK, LIZENTZIA ETA MUGAK

6.–Definizioak.

–Jarduerak: erabilera antolatu, aurreikusi eta/edo gainbegiratuak, espazio publikoaren erabilera-esparru planifikatu zabalago baten parte direnak. Irabazi-asmoa izan dezakete, edo irabazi-asmorik gabeak izan daitezke.

–Erabilera komuna eta berezia: arriskugarritasuna, erabilera-intentsitatea edo antzeko beste inguruabar berezi batzuk badaude.

–Erabilera pribatiboa: pertsona edo erakunde jakin batzuek erabiltzea ondasunak, besteren erabilera baztertu edo mugatzen bada.

–Ezohiko erabilera: dagokion ondasunaren erabilera ez datorrenean bat haren helburu nagusiarekin.

7.–Jabari eta erabilera publikoko ondasunak erabiltzeko udal-lizentzia.

Izaera arrunt, berezi, pribatibo eta ezohikoko jabari eta erabilera publikoko ondasunak erabiltzeko, udal-lizentzia eskuratu behar da aldez aurretik, ordenantza honetan aurreikusten diren terminoetan.

Alkatearena da jabari eta erabilera publikoko ondasunak erabiltzeko dagozkion lizentziak emateko ahalmena.

Ordenantza honen pean emandako baimen guztiak diskrezionalak eta behin-behinekoak izanen dira. Hau da, interes publikoak eta pribatuak eta haien harmonizazioa aztertuko dira lehenengo, eta haiek onetsi zirenean kontuan hartu ziren mota guztietako egoerek jarraitzen badute baino ez dira mantenduko, eta eragindako espazio publikoaren erabilera zehatzari dagokion erabilera komunari eta interes orokorrari kalterik eragin gabe mantentzea eragozten ez duen bestelako egoera berririk ez den artean.

Horren ondorioz, lehentasunezko interes publikoa dela-eta erabilera aldi baterako edo behin betiko eteteak ez du inolako kalte-ordainik ekarriko, bai ordea jabari publikoa erabiltzeagatik kobratu diren tasen parte proportzionala itzuli beharra.

Lizentziak zuzenean emanen dira, salbu eta edozein egoera dela-eta haien kopurua mugatzen bada. Kasu horretan, lizitazio bidez emanen dira, eta publizitateari eta lehiari dagozkion arauak beteko dira. Ezinezkoa bada interesdun guztiek arau berdinak bete behar izateagatik, zozketa bidez emanen dira.

Lizentziak besterezinak dira, eta ez dira ematen ahalko urtebetetik gorako eperako, ordenantza honen 13. eta 14. artikuluetan zehaztutakoaren kalterik gabe.

III. KAPITULUA.–ARAUBIDE JURIDIKOA

1. ATALA.–XEDAPEN OROKORRAK

8.–Baimenaren xedea.

Baimenaren xedea da udal-administrazioak egiaztatzea interesdunek bide publikoa aplikatu beharreko legediaren arabera okupatzen dutela eta, beharrezkoa izanez gero, exekuzio- eta izapidetze-baldintza bereziak ezartzea.

9.–Izaera eta edukia.

1. Bide publikoa okupatzeko baimena, kasu guztietan, legearen aurreko berdintasun-printzipioa betez eginen da. Udal-administrazioaren ekintza diskrezional gisa eratzen da, aplikatu beharreko araudian ezarritako baldintzak egiaztatu ondotik eta interes publikoak eta pribatuak eta haien harmonizazioa aztertu ondotik; hala badagokio, eskatzaileari titulartasun eta/edo erabilera publikoko espazioen erabilera eta eskuragarritasuna baimenduko zaio, baimen edo lizentzian jasotzen diren baldintza espezifikoetan.

2. Baimenak haren titularrari ahalmena ematen dio titulartasun eta/edo erabilera publikoko espazioan ezartzen den okupatze-mota egiteko, eta nahitaez bete beharko ditu zehaztutako baldintza tekniko eta juridikoak, eta, dagokionean, baita funtzionamenduari dagozkion baldintzak ere.

3. Baimenak ondorioak sortuko ditu Udalaren eta okupatze-jarduketako lagunaren artean baina ez dituzte aldatuko horrek besteekin dituen egoera juridiko pribatuak.

4. Baimenek ez dute berekin ekarriko inolako eskubide subjektiborik, salbu utziko dute jabetza-eskubidea eta hirugarrenen kalterik gabe emanen dira.

5. Baimenak ez dira arrazoitzat aipatzen ahalko, baimendutako okupatzeetan aritzean titularrek izan lezaketen erantzukizun zibila edo penala apaltzeko edo kentzeko.

6. Baimena lortzeak ez du esan nahi okupatzea eragiten duen jarduera gauzatzeko beharrezko baimen eta lizentziak ere behar ez direnik, indarreko araudiarekin bat etorriz.

7. Okupazioa baimentzeko beharrezko eskakizun guztiak betetzeak ez du ematen baimen hori emateko eskubiderik. Udalak, inguruabar benetakoak edo suma daitezkeenak azterturik, baimena eman edo uka dezake, betiere lehentasuna emanik interes orokorrari interes partikularraren gainetik.

8. Ordenantza honetan aurreikusten ez diren kasuetan, baimena emateko edo ukatzeko hartzen den erabakia Administrazioaren diskrezionalitatean oinarrituko da, jabari publikoaren interes komun orokorraren aldeko irizpide murriztaileak aplikatuko dira, interes orokorrari lehentasuna emanen zaio interes partikularren gainetik, eta oinarrizko jardute-printzipioei jarraituko zaie.

2. ATALA.–BAIMENEN ARAUBIDEA

10.–Eskabideak.

1. Erakunde edo pertsona interesdunak dagokion baimen-eskaera aurkeztu beharko dio Udalari udal-egoitza elektronikoaren bidez eta eredu ofiziala erabiliz. Eskaera horretan, datu hauek jaso beharko dira:

a) Jarduera nagusiaren izen komertziala eta kokapena, kale-izendegiaren arabera.

b) Enpresa antolatzailearen datuak.

c) Partaide-kopurua (gutxi gorabeherakoa bada ere, espazio publikoan egiteko ikuskizun edo jarduera bat bada.

d) Datu hauek zehaztasunez jasotzen dituen memoria: eginen diren jarduerak, okupatuko den espazio zehatza, datak eta ordutegiak, hartuko diren neurriak eta auzigaiari buruz erabaki ahal izateko behar diren gainerako informazioak eta dokumentu grafikoak; hala badagokio, baita tokiaren krokisa ere.

2. Jabari publikoaren erabileraren zuzeneko onura hartuko duen pertsona fisiko edo juridikoak aurkeztu beharko ditu eskaerak, edota haren ordezkariak; egiaztatu egin beharko da ordezkaritza hori. Pertsona fisikoa komunitarioa bada, AIZa aurkeztu beharko du; ez bada komunitarioa, AIZaz gainera, bizileku-baimena ere aurkeztu beharko du.

3. Eskabideak ez baditu bere baitan aurreko paragrafoetan adierazitakoak, edo akatsen bat badu, interesdunari errekerimendua eginen zaio horiek eman ditzan, 10 eguneko epean, eta jakinaraziko zaio ezen, zuzentzen ez badu, bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta eskaera artxibatu eginen dela, bestelako tramiterik gabe.

4. Udalak, administrazio-prozeduren efikazia areagotzeko eta prozesua arintzeko, baimena emateko epeak murriztuko dituzten prozedurak ezartzen ahalko ditu. Kasuaren arabera, beharrezko dokumentazioa artikulu honetan ezarritako kontrol-komunikazioak sinplifikatuko ditu.

Halaber, behar diren neurriak hartuko ditu herritarrek jarduera administratiboan baliabide elektronikoak erabiltzeko dituzten eskubideak baliatzeko, ordenantza honetan aurreikusitako prozedurak egokituz administrazio elektronikoa arautzen duen udal-araudira.

5. Eskaerak urte osoan aurkezten ahalko dira.

6. Hilabeteko epean ez bada berariazko ebazpenik, eskakizuna ezetsi dela ulertuko da.

11.–Baimena lortzeko baldintzak.

1. Eskaera aurkezturik, udal-agintaritza eskudunak, bidezkoak diren txosten tekniko eta juridikoak ikusi ondotik, ebazpena emanen du hilabeteko epean.

2. Baimentzen den erabileraren baldintza zehatzak (kokalekua, okupatzearen azalera eta bestelakoak) grafikoki biltzen dituen agiri edo fitxa batera bilduko da txosten teknikoa.

3. Baimenetan jaso beharko dira eskatutako gainerako elementu guztiak eta administrazio-unitate eskudunaren iritziz baimendu daitezkeenak eta, halaber, eskatu ez diren arren, nahitaez instalatu beharrekoak.

4. Honako alderdi hauek jasoko dira gutxienez:

a) Espazio publikoaren erabilera arautzen duen araubidea.

b) Baimenari lotzen zaion ekonomia-araubidea.

c) Eman beharreko bermea, halakorik bada.

d) Kontserbatze- eta mantentze-gastuen, zergen, tasen eta gainerako tributuen onarpena eta ondasuna haren izaeraren arabera erabiltzearen eta jasotzen den egoera berean itzultzeko konpromisoa.

e) Ondasuna erabiltzeko edo haren gaineko ekintzak gauzatzeko behar diren lizentzia eta baimenak norbere kontura eskuratzeko eta ordaintzeko konpromisoa.

f) Okupaziotik eratorritako erantzukizuna norbere gain hartzearen konpromisoa; hala badagokio, dagokion aseguru-poliza, banku-abala, diru-gordailua edo bestelako berme egoki bat formalizatzeko betebeharra adierazi beharko da.

g) Aldebakarreko errebokatzea onartzea, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe, ordenantza honetan adierazitako interes publiko arrazoiak direla eta.

h) Jarduera, instalazioa edo okupatzea ikuskatzeko ahalmenaren udal-erreserba, baimeneko baldintzak betetzen diren egiaztatzeko.

i) Baimendutako jardueraren, instalazioaren edo okupatzearen iraupen-epea eta ordutegia.

5. Baimenak pertsonalak eta besterenezinak dira, eta jabetza-eskubidea mugatu gabe eta hirugarrenen kalterik gabe emantzat joko dira. Titularrak ez du saltzen, eskualdatzen edo alokatzen ahalko, ezta haren lagapena dakarren bestelako negozio juridikorik egin ere.

6. Zehazten den jarduerarako bakarrik erabiltzen ahalko dira baimendutako okupatzeak, berariaz adierazitako toki eta kokapenetan; ezartzen den datetan eta denboran baino ez da erabiltzen ahalko horretarako eskubidea.

7. Baimendutako pertsona fisiko edo juridikoak bere gain hartuko du bere jardueraren erantzukizun osoa. Bera izanen da baimena baliatu artean eragindako kalte-galeren eta istripuen erantzule bakarra Udalaren eta hirugarrenen aurrean. Horrenbestez, hirugarrenendako aseguruaren poliza izan beharko du, behar adinako zenbatekoan.

8. Fidantza bat ezartzen ahalko da, eta haren zenbatekoa kasuaren arabera zehaztuko da. Harekin erantzunen da ordenantza honetan ezarritako baldintzak ez badira egokiro betetzen, bai eta legeztatu gabeko gehiegizko okupatzeak egiten badira eta balizko kalteak badaude. Autolikidazioarekin batera ordainduko da. Baimenaren epea amaitutakoan itzuliko da, udal-ikuskaritzak txostena eginda.

9. Beintza-Labaiengo Udalak, indarreko xedapenek ematen dioten ahalmenaren arabera, jarduera ikuskatzeko eta kontrolatzeko eskubidea du. Udal-ikuskaritzak eskatzen dien dokumentazioa aurkeztu beharko dute baimendutako pertsonek.

10. Okupazioa amaitzen denean, eremu publikoak lehen zituen baldintza beretan gelditu beharko du, eta ezin alegatuko da kalteak bazirela baimena eskatzean ez baziren berariaz aipatu.

11. Lizentziaren titularrak egoera onean utzi beharko du erabilitako espazio publikoa, garbitasunari, segurtasunari eta apaingarriei dagokienez. Hasieran zeuden moduan utzi beharko ditu jarduera edo erabilera amaitzean.

Gune oso zikinak detektatzen badira, jarduera jakin bati lotuak, Udalak garbitzen ahalko ditu, eta kostua gune horiek eragin dituenari zordundu.

12. Aurreko apartatuan xedatutakoa ez bada betetzen, Udalak berehala moldatzen ahalko du bide publikoa, zirkulazio-segurtasunari eta interes orokorrari dagozkien inguruabarrak direla-eta hala komeni bada, eta lan horren kostua interesdunak ordaindu beharko du.

13. Udalak udal-webgunean, iragarki-taulan edo hedadura handiena eta herritarren irispide errazena ahalbidetzen duten baliabideen bidez argitaratuko ditu jabari eta erabilera publikoko espazioak okupatzeko eta erabiltzeko emandako baimenak.

12.–Baimenak ukatzea.

1. Baimenak modu arrazoituan ukatuko dira, jarraian aipatzen diren kasuetakoren batean oinarrituta. Hemen jasotako arrazoiak adibide batzuk dira, baina izan daitezke gehiago ere, ez baita zerrenda exhaustiboa edo numerus clausus:

a) Ordenantza honetan aurreikusitako baldintza eta irizpideak ez betetzea.

b) Zerga-betebeharrak eta/edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekiko betebeharrak egunean ez izatea.

c) Dagokion jardueran aritzeko legezko eskakizunak ez betetzea.

d) Pertsonen eta ibilgailuen ohiko zirkulazioari edo jarduera publikoei eragiten bazaie.

e) Bide publikoaren zati handiegia okupatzeagatik.

f) Baimendu daitekeen eremuan toki gutxiegi izateagatik.

g) Higigarri eta ekipamendu publikoen erabilerari eragin badiezaioke.

h) Udal-ordenantzak ez betetzeagatiko arau-hauste astunen edo oso astunen ondoriozko zehapen irmoak badaude.

i) Aurrez emandako baimenetako preskripzioak ez badira bete.

j) Pertsonei, higiezinei, zoladurari, zuhaitzei, instalazioei, kable-sareari, farolei eta hiri-altzarietako beste elementu batzuei kalteak eragin bazaizkie, ez badira behar bezala konpondu eta ez bada kalte gehiago sor dadin saihesteko neurri egokirik hartu. Behar bezala egiaztatuta egon behar du kalte horiek eragin izanak.

k) Segurtasun- eta osasun-arrazoiengatik eta jarduerak pertsonen osotasun fisikoari eragin badiezaioke.

l) Jarduera ez egitea aholkatzen duten txosten tekniko eta polizialak eta irisgarritasun-txostenak badaude.

m) Baimena ukatzea aholkatzen duten egoerak daudenean, jabari publikoaren, haren erabilera orokorraren eta interes publikoaren osotasuna eta segurtasuna zaintze aldera.

3. ATALA.–BAIMENEN INDARRALDIA

13.–Okupazio-baimenen indarraldia eta iraungitzea.

1. Baimenak urtebeterako emanen dira gehienez ere, haien edukiaren barruko preskripzioei jarraikiz.

2. Baimenean jarduera hasteko xedatzen den epea igarotakoan, edo, bestela, baimenaren berri eman eta sei hilabete igarotakoan, baimena iraungi eginen da, horretarako ezarritako epean ez okupatzeagatik.

3. Lehenago adierazitako epeak igarotze hutsagatik iraungiko da baimena. Baimena iraungiko da, halaber, onuradunak ez badu ordaintzen ondorio horietarako adierazitako epean Udalak baimena emateko garaian likidatutako tasa.

4. Iraungitze-aitorpenak ondorio guztietarako iraungiko du baimena, eta aitorpen horren ondotik egiten diren jarduketak baimendu gabetzat joko dira; ondorioz, dagozkion erantzukizunak izanen dituzte.

5. Udal honekin prozedura exekutiboaren edo premiamenduzkoaren bidez exijitzen ahal diren zorrak dituzten partikular eta enpresek eskatutako baimenak baliogabe bihurtuko dira.

6. Lizentziak aldi baterako eteten ahal dira, baldin Udalak edo beste administrazio publiko batzuek sustatutako edo baimendutako festa-, kultura-, gizarte- edo kirol-jarduerak egiten badira. Orobat, eten eginen dira herri-lanak egiten direlarik, edo zerbitzuen hornitzaile diren enpresek nahiz partikularrek egiten dituzten obra pribatuak egiten direlarik, gauzatzeko baimendu den denboran, horietarako nahitaezkoa baldin bada espazio publiko bera erabiltzea.

14.–Baimenak errebokatzea.

1. Interes publikoaren arrazoiak direla eta, Udalak egoki deritzonean bere kabuz kentzen ahal ditu baimenak, baimena ematea eragin zuten inguruabarrak desagertzen badira, geroago onetsitako baldintza orokorrekin bateraezinak direnean, jabari publikoari kalte egiten diotenean, interes publikoko jarduerak galarazten direnean edo erabilera orokorra trabatzen denean.

2. Baimenak errebokatzen ahalko dira, halaber, ordenantzan eta aplikatu beharreko gainerako araudian zehaztutakoa ez bada betetzen, baita udal-baimenean ezarritako baldintza bereziak betetzen ez badira ere.

3. Baimena espediente bidez errebokatuko da. Espediente horretan, hura eragin duten interes publikoko arrazoiak egiaztatuko dira, entzunaldi-izapidearen ondotik; titular-kopuruak hala eskatzen duenean, komunikazio bidez egiten ahalko da.

4. Errebokatzea erabakiz gero, titularrari egintza berean eskatuko zaio okupazioa altxatzeko edo tokia husteko zehaztutako epean. Titularrari zordunduko zaio, eta ohartaraziko zaio ezen, berak egiten ez badu eta udal-zerbitzuek egin behar badute, berak ordaindu beharko duela.

5. Arau-hausteen edo ez-betetzeen ondorioz izaten ahal diren zigorrez gainera, baimena errebokatzeak ez du eraginen inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik.

4. ATALA.–INTERESDUNEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK.

15.–Interesdunen eskubideak.

Beste arau batzuetan oro har ezarritakoez gainera, titulartasun eta erabilera publikoko espazioak baimentzeko prozeduretako interesdunek eskubide hauek izanen dituzte:

a) Prozedura atzerapen bidegaberik gabe izapidetzeko eskubidea; Udalaren berariazko erabaki bat izanen da, eskatutako baimena ematen edo ukatzen duena, prozedura ebazteko gehieneko epearen barruan.

b) Interesdunek egin nahi dituzten jarduketak edo eskaerak egiteko araudiak eskatzen dituen eskakizun juridiko eta teknikoei buruzko informazioa eta orientazioa eskuratzeko eskubidea.

c) Baimenak ukatzen dituzten ebazpenetan arrazoi egokiak jasotzeko eskubidea.

d) Administrazio-prozedura erkideak eta araudi espezifikoak interesdun izateagatik ematen dizkien eskubide guztiak erabiltzeko eskubidea.

16.–Interesdunen betebeharrak.

Interesdunek betebehar izanen dituzte:

a) Dokumentazio osoa ordenantza honetan ezarritako baldintzen arabera eta behar adinako aurrerapenarekin aurkezteko betebeharra.

b) Hutsuneak eta eragozpenak (materialak nahiz titulartasun eta/edo erabilera publikoko espazioak okupatzeko baimenaren eskaeratik eratorriak) konpontzeko Udalak egiten dituen errekerimenduei erantzuteko betebeharra.

c) Izapideak ezarritako epeetan betetzeko betebeharra; bestela, dagokien izapiderako eskubidea galdu dutela joko da.

d) Titulartasun eta/edo erabilera publikoko espazioak okupatzeko udal-baimena eta bere identitatearen ziurtagiriak izateko betebeharra, baita udal-ikuskaritzak eta agintaritza-langileek eskatzen dizkietenean erakusteko betebeharra ere.

e) Zehazki baimendutakoa baino gehiago ez okupatzeko betebeharra.

f) Okupazioa eta haren ingurua okupatze-orduetan eta haietatik kanpo baldintza egokietan (segurtasunari, garbitasunari, apaingarriei, osasungarritasunari eta higieneari dagokienez) izateko betebeharra.

g) Aplikatu beharreko araudi guztia eta udal-baimenean ezarritako baldintza bereziak betetzeko betebeharra.

h) Udal-ikuskaritzari ezarritako kanalen bidez okupatzearen hasieraren eta amaieraren berri emateko betebeharra eta, halaber, azaleraren, hari dagozkion gorabehera esanguratsuen eta okupatzearen indarraldian hirugarrenekin gertatzen diren gorabehera esanguratsuen berri emateko betebeharra.

i) Okupatzeak aparkatzeko tokia erreserbatzeko beharra badakar berekin edo mugikortasunari eragiten badio, Udalari horren berri gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago jakinarazteko eta modu egokian seinaleztatzeko betebeharra. Horren berri jakinarazten ez bada edo seinaleztatzen ez bada, langileek ez dituzte kenduko baimendutako jarduera egitea eragozten duten ibilgailuak eta bestelako oztopoak, eta horrek ez du ekarriko kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik.

j) Oinezkoentzako ibilbide irisgarri bat bermatzeko betebeharra. Beharrezkoa bada, ordezko ibilbide bat jarri beharko da, behar bezala seinaleztatua eta babestua.

IV. KAPITULUA–ZENBAIT JARDUERA-MOTAREN ONDORIOZKO OKUPATZEAK

17.–Obrak egiteko okupatzea.

1. Bide publikoa obretako materialekin, hondakinak jasotzeko edukiontziekin, hesiekin, etxolekin, makineriarekin, ekipoekin, zurkaitzekin, aldamioekin, tresnekin edo antzeko materialekin okupatzea baimentzen ahalko da, baita obretako ibilgailuentzako sarbideak jartzea ere, lurzati pribatuetan dauden eraikin, eraikuntza eta instalazioetara heltzeko. Bide publikoa okupatzeko baimena emanen da ezinezkoa bada elementu horiek obrak eginen diren lurzatian bertan jartzea. Eremua garbituko dela eta une oro irisgarritasun-baldintzak beteko direla bermatu beharko da.

2. Obrak hasi aurretik eskatu beharko da okupatzeko baimena. Eskaeran adierazi beharko dira okupatzearen neurriak, itxitura zer materialekin eginen den, gutxi gorabehera zenbat denbora iraunen duen eta indarrean dagoen araudiaren arabera hartu beharreko segurtasun-neurriak.

18.–Okupatzea, terrazak, mahai hankabakarrak eta ostalaritzako bestelako elementu batzuk jartzeagatik.

1. Halako instalazioak ezarri baino lehen udal-lizentzia eskuratu beharko da, ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz.

Gainera, ikuskizun publiko eta jolas-jarduerei, ingurumenaren babesari, irisgarritasunari eta sektoreko araudiaren arabera aplikatu beharreko bestelako edozein foru-araudi bete beharko dute. Zehazki, ostalaritzako establezimendu guztietako eta kafea, ardoa eta antzeko produktuak hartzeko establezimenduetako terraza guztiek irisgarriak izan beharko dute, eta haien diseinuak eta elementuen kokapenak pertsona guztiek erabiltzeko modukoak izan beharko dute.

2. Lizentzien, komunikazioen eta indarrean dagoen araudiak eskatutako beste edozein titulu gaitzaileren titularrek bakarrik jartzen ahalko dituzte ostalaritzako eta antzeko jardueretarako terrazak.

3. Terrazetan, zein establezimenduren mende dauden, haren jarduera bera izanen dute eta haren produktu berak salduko dituzte.

4. Terraza jartzeko lizentziek urtebeteko indarraldia dute, baina automatikoki berrituko dira hurrengo ekitaldirako eta denboraldi bererako, baldin eta titularrak ez badu aurkakoa adierazten emandako lizentzian ezarritako epea amaitu baino hilabete lehenago.

5. Debekatuta dago, halaber, terrazak jartzea garrantzi bereziko ondare-elementuak (bereziki, interes kulturaleko ondasun gisa katalogatuak) ikustea nabarmen eragozten duten tokietan.

6. Ostalaritza-jarduerez bestelako jarduerak egitea (ostalaritza-jarduera edariak eta janariak zerbitzatzea dela jotzen da), hala nola mota guztietako ekitaldi ludiko eta komertzialak egitea, debekatuta dago oro har. Baimen berezia beharko da horretarako, eta 15 eguneko aurrerapenarekin eskatu beharko da, gutxienez.

7. Musika-ekipoak instalatzeko eta musika-jarduerak egiteko, baimena eskatu beharko da aldez aurretik, eta berariazko baimena lortu beharko da. Baimen horretan ezarriko dira ordutegiari eta igor daitekeen gehieneko soinu-mailari buruzko baldintzak eta egokitzat jotzen diren gainerako baldintzak.

8. Inola ere ez da terrazak jartzeko baimenik emanen sektoreko araudiak eragozten badu. Baimenen bat emana badago, zuzenbide osoz deusezak izanen da.

9. Oro har ez da baimentzen terrazak jartzerik lekuaren ezaugarri fisiko partikularrengatik eta oinezkoen zirkulazio-mailagatik pertsonen segurtasuna, mugikortasuna eta irisgarritasuna oztopa dezaketen tokietan.

10. Terrazaren jarduera-ordutegia eta husteko aldia amaitutakoan, finkoak ez diren elementu guztiak erretiratu beharko dira bide publikotik, eta horretarako adierazitako espazioetan pilatu beharko dira modu egokian. Elementuak erretiratzeko lanetan ez da eman beharko 30 minutu baino gehiago, eta zaratarik eta trabarik eragin gabe egin beharko da.

19.–Lehiaketak, ginkanak, jokoak eta antzekoak.

1. Titulartasun eta/edo erabilera publikoko espazioetan merkataritza- eta irabazi-asmorik gabe lehiaketak, ginkanak, jokoak eta antzeko jarduerak egiteko, ez da beharrezkoa izanen espazio publiko horiek okupatzeko lizentziarik, betiere jarduerek iraun bitartean espazio publikoa ez bada altzari eta elementuekin okupatzen (nahiz eta desmuntagarriak izan); halakoak izan daitezke mahaiak, seinaleztapena, soinu-aparatuak, etab. Kasu horretan, ordenantza honetan jasotako xedapen orokorrek edo aplikatu beharreko bestelako arauzko xedapenek arautuko dute okupatzea.

2. Bide publikoa okupatzen bada, okupatze hori hauei bakarrik baimentzen ahalko zaie: GKEak, irabazi-asmorik gabeko erakunde eta instituzioak eta udal-erakunde autonomoek, sindikatuek, alderdi politikoek eta herrirako interes orokorreko elkarteek sustatzen dituztenak. Kasu guztietan, eginen den jarduerak ez du irabazi-xederik izaten ahalko.

20.–Jaiak.

Herriko bestetarako eta interes orokorreko ekintzetarako bakarrik baimentzen ahalko dira, baldin eta noizbehinkakoak badira, irabazi-asmorik gabeak, herrirako interes orokorreko GKEek, alderdi politiko eta elkarteek sustatuak, dirua ateratzeko asmorik gabe. Indarrean diren higiene- eta osasun-betekizunak eta udal-organo eskudunak zehazten dituen baldintzak bete beharko dira.

21.–Pilotalekuen erabilerak.

Pilotalekua jarduera antolatuetarako erabiltzeko lizentzia lortzen denean, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Errespetatu beharreko ordutegia: 9:00etatik 22:00etara.

b) Pilotalekua erabiltzeko eskaerak gutxienez 48 ordu lehenago egin beharko dira.

c) Herritarren edo Udalaren erabilera publikoak lehentasuna izanen du edozein erabilera pribatu baimenduren eta irabazi-asmoa duten erabilera baimenduen aldean.

d) Baimena eman zaion pertsona izanen da pilotalekua erabilera-denbora horretan ongi zaintzearen eta garbitzearen erantzulea.

e) Musika-ekipoek oinarrizko bizikidetza-arauak bete beharko dituzte, eta ez dira erabiltzen ahalko 9:00ak baino lehen eta 20:00etatik aurrera.

22.–Bestelako jarduerak.

Ordenantza honetan aurreikusten ez diren eta debekatuta ez dauden jardueretarako okupatzeak eskatzen direnean, aurreikusita dauden antzeko jarduerak kontuan hartuz eta diskrezionalitatez ebatziko dira. Horretarako, kontuan hartuko dira irizpide orokorrak, baita jardueraren inguruabar bereziak, eginen den tokia, ingurumenean duen eragina eta aplikatu beharreko araudia ere.

V. KAPITULUA.–ZERGA-ARAUBIDEA

23.–Zerga-egitatea.

1. Zerga-egitatea da jabari eta erabilera publikoko espazioen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia eta ezohiko erabilera.

2. Ordaindu beharra Udalak lizentzia ematen duenetik sortzen da, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasten bada.

3. Ordaintzeko beharra sortzearekin batera hasiko da tasa sorrarazten.

4. Udal-lizentziarik izan gabe hasten bada aprobetxamendua, ordenantza honen arabera sortutako eskubide edo tasen ordainketak ez ditu legeztatuko egin diren aprobetxamenduak, eta instalazioak kentzeko agintzen ahalko da, kalte-ordainik gabe.

24.–Ordaintzera behartutako subjektuak.

Ondoko hauek daude beharturik ordenantza honetan ezarritako prezio publikoak ordaintzera:

a) Udal-lizentzien edo -emakiden titularrak eta aprobetxamenduaren mozkinak jasotzen dituzten pertsona natural edo juridikoak.

b) Lizentziarik edo emakidarik gabe, ordenantza honen xede diren aprobetxamenduak egiten dituztenak.

c) Aprobetxamendua utzirik, toki-erakundeari haren baja aurkezten ez diotenak.

25.–Bide publikoa okupatzeko tasa.

1. Tasa, terrazako: 5 euro hileko.

2. Ez da tasarik kobratuko:

a) Herriko bestak.

b) Pilotalekua erabiltzea.

c) Bestelako erabilerak.

IV. KAPITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA

26.–Zehapen-araubidea eta -prozedura.

Espazioa baimendu gabe okupatzen bada, debekatutako elementuren bat badago edo neurriz kanpo okupatzen bada, dagokion zehapen-espedientea hasiko da, eta okupazioa erretiratzeko aginduko da.

Dagokionean erantzukizun penalak eta zibilak ekartzeaz gainera, ordenantza honetako aginduak ez betetzeak zigorrak ekar ditzake estatuko eta autonomiako araudian gaiari buruz ezartzen diren xedapenen arabera.

Ordenantza honetan tipifikatutako zehapen-prozedura administratiboen izapideak egiteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura erkidearen 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitakoari jarraituko zaio.

27.–Organo eskuduna.

Zehatzeko ahala izanen du, legeen arabera eta halakorik bada eskuordetze-akordio edo -dekretuen arabera, eskumen hori esleitu zaion udal-organoak.

28.–Erantzukizuna.

Ordenantza honetan ezarritakoa hausten dutenak behartuta egonen dira, zehapena izanez gero hura irmoa denean ordaintzera ez ezik, arau-haustearen aurretik zeuden jabari publikoko ondasunak lehengoratzera eta konpontzera, arau-haustearen aurretik zeuden bezala uzteko. Jardueraren titularrarena izanen da erantzukizuna edo, hala badagokio, jarduera egiten ari zen pertsonarena.

29.–Konpontzeko eta lehengoratzeko betebeharra.

Ordenantza honetan ezarritakoa hausten dutenek ezarritako zehapena ordaindu beharko dute hura irmotzat aitortzen denean, eta, hala badagokio, guztia berrezarri eta konpondu beharko dute, arau-haustearen aurreko egoeran uzteko.

Elementuak leheneratzeko eta konpontzeko neurriak hartzea beharrezkoa bada, zehapen-prozedura administratiboan bertan ezartzen ahalko da, edo, dagokionean, beste prozedura osagarri batean.

30.–Betearazte subsidiarioa.

1. Zehatzeko ahalaren kalterik gabe, zoladura, zerbitzu, altzari eta ondasun publikoetan kalteak eragiten badira, Udalak interesdunari errekerimendua eginen dio betearazteko agindu bidez, titulartasun eta erabilera publikoko espazioetan eragindako kalteak konpondu eta guztia hasierako egoerara leheneratu dezan.

2. Interesdunak ez badu errekerimendua aintzat hartzen, betearazteko agindua ez duela bete joko da. Hala, betearazte subsidiarioko espedientea irekiko da. Udalak konponduko ditu eragindako kalteak, beharrezko lanak kontratatuta; erantzuleak ordaindu beharko ditu lan horien kostuak.

3. Erretiratze-agindua ez betetzeak berekin ekarriko du Udalak subsidiarioki egitea, obligaziodunaren kontura. Xede berdinarekin okupatzean berreroriz gero, agintaritza-langileek eskumena izanen dute automatikoki konfiskatzeko. Akta eginen da, eta ondasuna udal-biltegian utziko da. Jabeak, ondasuna erretiratzeko, zerga-ordainarazpenak, zehapenak eta Udalak ondasuna erretiratzeko subsidiarioki egindako lanen kostuak ordaindu beharko ditu.

31.–Arau-hausteen sailkapena.

1. Arau-haustetzat jotzen dira ordenantza honetan jasotakoa urratzen duten ekintza eta ez-egiteak, baita ordenantzaren babesean emandako lizentzietako baldintzak ez betetzea ere.

2. Titulu honetako arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

1.–Arau-hauste arinak dira:

a) Ez ematea instalazioa egiten eta postuak erretiratzen hasteko dataren berri, instalazioa emandako epean ez egitea eta lizentzian zehaztutako ordutegia ez betetzea.

b) Baimendutako azaleraren %20rainoko gehiegizko okupatzea, betiere gehiegizko azalera hori 3 eguneko epean legeztatzen bada ikuskaritzak interesdunaren helbide elektronikora (interesdunak emandako helbide elektronikoa) ohartarazpena bidaltzen duenetik zenbatuta.

c) Baimenak ez erakustea udal-langileek eskatuz gero.

d) Ez ematea okupatzearen amaieraren, aldaketa geometrikoen edo kokapen-aldaketen berri.

e) Okupazioaren perimetroko lekuren batean hesirik ez egotea.

f) Hesitik kanpo materialak, erremintak edo antzeko zerbait egotea, oinezkoak edo ibilgailuak handik igarotzea eragotzi gabe.

g) Okupazioa desegoki seinaleztatzea, arrisku-egoerarik sortu gabe.

h) Ibilgailuek obran dituzten sarbideen lekua aldatzea Udalari jakinarazi gabe, edo beste sarbide batzuk irekitzea, baimendutakoez landa.

i) Ordenantza honen arauak ez betetzea dakarren eta arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat jotzen ez den beste edozein ekintza edo ez-egite.

2.–Arau-hauste astunak dira:

a) Arau-hauste arin batean berrerortzea.

b) Oinezkoen pasabideak ez atxikitzea segurtasun-baldintza egokietan.

c) Hesitik kanpo materialak, erremintak edo antzeko zerbait egotea, oinezkoak edo ibilgailuak handik igarotzea eragotziz.

d) Okupazioa desegoki seinaleztatzea, arrisku-egoerak sortzen direla.

e) Udal-langile edo -agintariek ordenantzari egokitzearen gainean egindako errekerimenduak aintzat ez hartzea.

f) Okupatutako espazio publikoa edo haren ingurua ez garbitzea.

g) Baimendutako azaleraren %20 eta %50 bitarteko gehiegizko okupatzea, aldez aurretik Udalari jakinarazi gabe; edo Udalak ezarritako kokapena tokialdatzea, horretarako baimenik gabe.

h) Publikoarekin tratu oso desegokia izatea, ordena publikoa asaldatzeko moduan.

i) Udal-administrazioak eskatutako datuak emateari uko egitea eta ikuskaritza-lanak oztopatzea.

j) Baimena eskuratzeko aurkeztutako datuak edo dokumentazioa ezkutatzea, manipulatzea edo faltsutzea.

k) Okupatzearen edo dakartzan ekintzen ondorioz arboladi publikoari kalte egitea.

l) Dagokion tasa ez ordaintzea horretarako adierazitako epean.

m) Ordenantza honetan eskatzen diren erantzukizun zibileko asegururik eta sute-asegururik ez izatea.

3.–Arau-hauste oso astunak dira:

a) Arau-hauste astun batean berrerortzea.

b) Dagokion titulua izan gabe edo hura iraungita dagoela postua jartzea edo jardueran aritzea.

c) Okupatzearen kanpoaldean oinezkoak eta ibilgailuak ohi bezala igarotzea eragoztea eta oztopatzea, eta irisgarritasun-arauak ez betetzea, oinezkoak ohi bezala igarotzea eragozteko moduan.

d) Baimendutako azaleraren %50etik gorako gehiegizko okupazioa, aldez aurretik Udalari jakinarazi gabe.

e) Argindarra hornitzeko sistemak instalatzea, ordenantza honetan ezarritakoa bete gabe.

f) Udal-langileek edo -agintariek eskatzen dutenean, ez erretiratzea edo aldatzea bide publikoko okupazioa, pertsonen eta ondasunen segurtasunari eragiten badio.

g) Funtzionario eta agintari publikoen ikuskapen-lanak oztopatzea eta udal-agintariei, funtzionarioei eta agintaritza-langileei aurka egitea, hertsatzea eta mehatxu egitea.

h) Jabari publikoa okupatzeko baimenetik eratorritako ordena publikoaren asaldurak eragitea.

32.–Zarata ateratzeagatiko arau-hausteak.

Herritarren kexak edo erreklamazioak jasotzen badira Udalak baimendutako pilotalekuaren erabilerei dagokienez edo terraza jartzeko lizentzia duen establezimendu baten inguruko biztanleek Udalean edo beste agintaritza baten aurrean salaketak, kexak edo erreklamazioak egiten badituzte zaratak eragindako eragozpenen ondorioz eta gaueko atsedena modu larrian asaldatzen badute edo eragozpen larriak eragiten badituzte (eragozpen horiek behar bezala ziurtatu eta egiaztatu beharko ditu Udalak edo beste agintaritzaren batek), Udalak jarduera etetea agintzen ahalko du eragozpen horiek egiaztatzen diren unean bertan. Horrez gainera, neurri zuzentzaileak ezartzen ahalko ditu herritarrek atseden hartzeko duten eskubidea bermatze aldera: terraza jartzeko edo jarduerarako baimendutako ordutegia ordubetez murrizten ahalko du behin betiko eta modu jarraituan; titularrak aginduan aurreikusitakoa baino ordubete lehenago erretiratu beharko ditu altzariak, ordenantzako 11.4.i) eta 18.8 edo 21. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

Salatutako eragozpenak kasu guztietan egiaztatutzat joko dira baldin eta 21:00ak eta 8:00ak bitartean 30 dezibel baino gehiago daudela egiaztatzen bada edozein baliabide fidagarriren bidez.

Ondorio horretarako, inguruko biztanleriatzat joko dira terrazaren aurrez aurreko etxebizitzetan edo lokaletan bizi direnak, kalearen edozein aldetan daudela ere, baita aurreko horien eraikin mugakideetakoak ere.

Ordutegi-murrizketa aplikatu eta urtebetera ez bada izan zarataren ondoriozko kexa edo erreklamazio gehiago, lizentziaren titularrak eskatzen ahalko du instalaziorako ordutegi baimendua hasieran baimendu zena izatea berriro, aurreko ez-betetzearen ondorioz zehapen gisa ezarritako murrizketarik gabe.

33.–Zehapenak.

1. Ordenantza honen arau-hausteek zehapen hauek ezartzea ekarriko dute, dagokion zehapen-espediente administratiboa izapidetu ondotik:

a) Arau-hauste arinengatik, 750 eurorainoko isuna.

b) Arau-hauste astunengatik, 751 eta 1.500 euro bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso astunengatik, 1.501 eurotik 3.000 eurora bitarteko isunak.

2. Bide publikoko arboladiari eragindako kalteak arau-hauste astuntzat joko dira, eta Granada 2020 Arauan ezarritakoaren arabera zenbatetsiko da zehapena; zuhaitzak, palmerak eta apaingarritarako zuhaixkak baloratzeko metodoa da arau hori.

34.–Mailakatzea eta berrerortzea.

1. Kasu bakoitzeko inguruabarren arabera mailakatuko dira zehapenak. Horretarako, kontuan hartuko dira arau-haustearen izaera, berrerortzea eta erantzukizuna aldatzen duten egoera hauek:

a) Egindako kaltearen edo ez-betetzearen nahitasuna.

b) Arau-hausteak behin eta berriz egitea.

c) Segurtasuna babesteari edo betetze-maila akastunari buruz Administrazioak emandako aginduei aurka egitea.

d) Arauak hautsiz ateratako legez kontrako onura.

e) Eragindako kaltea borondatez eta eskatu gabe konpontzea, edo zehapen-prozeduraren aurretik egindako ez-betetzea lehengoratzea.

f) Eragina jasan duten ondasun eta zerbitzu publiko edo pribatuei asaldura edo kaltea eragiteko asmorik ez izatea.

g) Funtzionarioei eta agintari publikoei laguntzea edo ez laguntzea titulartasun eta erabilera publikoko espazioen okupatzea kontrolatzeko lanetan.

h) Dena dela, zehapena ezartzean kontuan hartuko da arau-haustea egitea ez dadila hautsitako arauak betetzea baino onuragarriagoa izan arau-hauslearentzat.

2. Berrerortzetzat jotzen da urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

3. Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, arau-hauste bat oso astuna dela jotzeko, arau-hauste astunak berriro egitea bakarrik hartuko da kontuan; aldiz, arau-hauste arinetan berrerortzeak eraginen du mota horretako arau-hauste bat larritzat sailkatzea.

4. Ordenantza honetako preskripzioak behin eta berriro ez betetzeak emandako lizentzia errebokatuko du, kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik gabe.

35.–Preskripzioa.

1. Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteei dagokienez, hiru urte igarota preskribatuko dira arau-hauste oso astunak, bi urte igarota astunak eta sei hilabete igarota arinak.

2. Arau-hauste oso astunetan ezartzen diren zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, arau-hauste astunetan ezartzen direnek bi urteren buruan, eta arau-hauste arinetan ezartzen direnek urtebeteren buruan.

VII. KAPITULUA–EMAKIDAK

36.–Emakiden xedea.

1. Jabari publikoaren erabilera pribatiboa obrekin edo instalazio finkoekin eta ohiko erabilera berezia instalazio desmuntagarriekin eta ondasun higigarriekin, eta jabari publikoaren ezohiko erabilera, administrazio-emakidari atxikita daudenean.

2. Emakida lortzearen helburua da erabilera pribatiboa eta berezia eta ezohikoa jabari publikoaren erabilera orokorrarekin bateragarriak direla kontrolatzea, bai lurpean, bai lurzoruan, bai lurgainean.

37.–Irisgarritasunaren arloko emakidak.

Irisgarritasunari eta Oztopo Fisikoak Ezabatzeari eta Komunikazioari buruzko apirilaren 6ko 8/1995 Legea indarrean sartu aurreko eraikinetan, bai lege-aginduz, bai titularrek eskatuta, sarbide egokitu bat izatea beharrezkoa denean, igogailuak, arrapalak eta bestelako elementuak jartzeko ezinbestekoak diren espazio libreetako edo jabari publikoko espazioetako azalerak okupatzen ahalko dira. Elementu horiek lurpean, lurzoruan eta lurgainean jartzen ahalko dira, teknikoki edo ekonomikoki ez bada bideragarria irisgarritasun unibertsala bermatzeko beste modurik, betiere espazio libreen, zuzkidura publikoen eta jabari publikoko beste edozein elementuren funtzionalitatea bermatzen bada.

Ondorio horietarako, interesdunek proposamen bat eginen diete Udalari, azter dezan. Udalak erabakiko du elementu hori instalatzea bideragarria den, eta, hala badagokio, baldintzak eta ezaugarriak ezarriko ditu.

38.–Emakiden edukia.

1. Jabari publikoko emakidak lehia bidez emanen dira; salbuespenez, zuzenean ematen ahalko dira, ordenamendu juridikoan aurreikusitako baldintzak betetzen badira.

2. Emakida, emandakoan, administrazio-dokumentu bidez formalizatu beharko da.

3. Haren edukian jasoko dira, besteak beste, ondasunaren erabilerari eta dagokion izaera ekonomikoaren araubidea, eman beharreko bermea, kontserbatze- eta mantentze-gastuen eta erantzukizunaren onarpena, betebeharrak betetzeko konpromisoa, epea eta azkentzeko arrazoia.

4. Emakidak jabetza-eskubidea mugatu gabe eta hirugarrenen kalterik gabe emantzat joko dira.

39.-–Eskualdagarritasuna.

Dagokionean, emakidak eskualdatzen ahalko dira. Horretarako, udal-baimena lortu beharko da lehenengo, aplikatu beharreko arauetan ezarritako preskripzioak betetzen direla kontrolatzeko, betiere Nafarroako ondareari buruzko 14/2007 Foru Legearekin bat etorriz eta, modu osagarrian, Administrazio Publikoen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearekin.

40.–Indarraldia.

1. Jabari publikoa okupatzeko emakidak denbora mugaturako emanen dira.

2. Gehieneko iraupen-epea, luzapenak barne hartuta, emakidaren administrazio-agirian edo akordioan zehaztuko da, eta ez du gainditzen ahalko aplikatu beharreko legezko xedapenetan aurreikusitako muga.

41.–Emakidak errebokatzea.

Interes publikoaren arrazoiak direla-eta, Administrazioak bere kabuz eta kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik sortu gabe kentzen ahal ditu emakidak, titularrak ez baditu betetzen agirian ezarritako baldintzak, geroago onetsitako baldintza orokorrekin bateraezinak direnean, jabari publikoari kalte egiten diotenean, interes publiko handiagoko jarduerak galarazten direnean edo guztien erabilera trabatzen denean.

42.—Emakidak azkentzea.

Emakidak honako arrazoi hauetako batengatik azkenduko dira:

a) Emakida-hartzailearen heriotza edo haren nortasun juridikoaren azkentzea.

b) Aurretiazko baimenik ez izatea erabiltzailearen edo emakidadunaren nortasun juridikoaren aldaketak edo eskualdaketak egiten direnean, bat egiteagatik, xurgatzeagatik edo bereizteagatik.

c) Epea bukatzea.

d) Emakida berrerostea, kalte-ordainak ordaindu ondotik eta alde bakarrak errebokatzea.

e) Alderdien adostasunez.

f) Emakidaren titularrak kanona ez ordaintzea edo beste arau-hauste astun bat egitea; emakida eman zuen organoak aitortu behar ditu.

g) Ondasuna desagertzea edo aprobetxamendua agortzea.

h) Ondasunaren desafektazioa. Kasu horretan, zorra kitatuko da, Nafarroako ondareari buruzko 14/2007 Foru Legearen 93. artikuluarekin bat etorriz eta, modu osagarrian, Administrazio Publikoen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 102. artikuluan jasotakoarekin bat etorriz.

i) Baldintza-agirietan aurreikusitako edozein arrazoi.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2406448