1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
318E/2024 EBAZPENA, apirilaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena formulatzen baita Accionaplug SLk sustatutako "Valle H2V Navarra" hidrogeno berdea ekoizteko instalazioaren proiektua gauzatzeko Zangozan.
Deskribatu den proiektuaren ezaugarriak direla eta, proiektua sartzen da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean, 5, a) 2. i taldean. Beraz, xedapen horretan ezarritakoarekin bat, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta bete behar du proiektuak.
Proiektua, halaber, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 4.2.a) kategorian sartzen direnetakoa da, eta, beraz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen mende dago.
Ingurumen ebaluazioaren prozeduraren laburpena.
2023ko martxoaren 6an, titularrak ingurumen-baimen integratuaren eskaera aurkeztu zuen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, eta, horrekin batera, ingurumen-inpaktuaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa aurkeztu zituen.
2023ko apirilaren 13an (75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara zen), Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen ingurumen-inpaktuaren azterketa eta ingurumen-baimen bateraturako aurkeztutako gainerako dokumentazioa 30 egunez, eta kontsulta tramitea ireki zuen proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoentzat eta interesdunentzat, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan ezarritakoarekin. Ez da alegaziorik jaso.
Ukitutako administrazio publiko direnez gero, kontsulta egin zieten Ingurumen Ebaluazioaren Atalari, Kutsaduraren Prebentzio Atalari, Klima Aldaketaren Atalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Zangozako Udalari eta Zangozerriko Zerbitzuen Mankomunitateari.
Zangozerriko Zerbitzuen Mankomunitatearen erantzunean nabarmendu zuten komenigarria zela, proiektuaren ur-eskaria ase ahal izateko. Rocaforte industrialdeko hornidura tanga handitzea. Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak bere eskumenen alorrarekin lotutako agiriak eskatu ditu, eta ordezko aukerak proposatu ditu zenbait arrisku saiheste aldera, proiektuaren zati bat kokatuta baitago 500 urteko errepikatze-denborako uholde arriskua duen inguru batean. Erantzunak prozeduraren organo substantiboak jaso ditu.
Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak eman duen txostenean adierazi du proiektua baimendu daitekeela baina ondare arkeologikoa babesteko zenbait neurri hartu behar direla, ebazpen honetan bildu direnak.
2023ko abuztuaren 30ean, Ekonomia Zirkularreko eta Klima Aldaketako Zerbitzuak jakinarazpena igorri zion titularrari, eta espedienteari erantsi zizkion kontsulten izapidearen ondoriozko erantzunak, eta adierazi zion proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskatzen ahal zuela, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.
2023ko irailaren 14an, titularrak espediente osoa aurkeztu zuen Ekonomia Zirkularreko eta Klima Aldaketako zerbitzuan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren adierazpen arrunta eman zezan.
2023ko irailaren 20an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari.
Proiektuaren laburpena eta analisia.
Proiektuaren xedea da ur elektrolisiaren bidez hidrogeno berdea sortzeko instalazio bat eraikitzea. Instalazio horrek erabiliko du, alde batetik, energia berriztagarria, proiektuak barne hartzen duen autokontsumoko instalazio fotovoltaiko batetik lortuko dena, eta, bestetik, tokiko sareko energia berriztagarria. Instalazioaren lurzatia Zangozako hirigunearen iparraldean dago, Rocaforte industrialdean (1. poligonoa, 785. lurzatia), eta 48.500 m² inguruko azalera dauka (36.007 m² hidrogeno-plantarako eta 12.493 m² planta fotovoltaikorako).
Proiektuak 25 MW-ko gehieneko elektrolisi-gaitasuna dauka, aukera emanen duena gehienez 442,7 kg/h hidrogeno berde ekoizteko (urtean gehienez 3.880 tona), %99tik gorako purutasunaz. Horren %90 industriako kontsumora bideratuko da eta gainerako %10 baino gutxiago, garraioaren sektorera, hidrogenera bat instalatzearen bidez. Hala, proiektuak barne hartzen du H2 konprimitzea 40tik 300 barg-era tube trailer-etara hornitzeko eta hidrogeneran 900 barg arte konprimitzea, ibilgailu arin zein astunetan baliatzeko. Proiektu horrekin, halaber, %91ko purutasuneko oxigenoa ekoitziko da, atmosferan askatuko dena.
Hidrogenoa ekoizteko prozesuaren elementu nagusiak dira ura hartzea eta biltegiratzea, elektrolizatzailea, hidrogenorako konpresio- eta biltegiratze-sistema eta hidrogenoa ibilgailu astunetarako eta arinetarako tuber trailer-etara eta hidrogenerara hornitzeko sistemak. Gainera, barne hartzen ditu isuriak eta efluenteak kudeatzeko sistema, askotariko sistema osagarriak (H2 arazgailua, hoztea...), azpiestazio elektrikoa, linea elektrikoa, administrazio eta kontrol eraikinak, tailerra, mantentze-lanak eta biltegia.
Behar den ur gordina, nola elektrolizatzailea hornitzeko hala suteen aurkako sistemarako, Rocaforte industrialdeko saretik bertatik hartuko da, plantara arteko kanalizazio bidez.
Energia jatorri berriztagarrikoa izanen da, alde batetik, plantan bertan instalatutako 0,99 MW-ko autokontsumoko planta fotovoltaikoak berariaz hornitutakoa; bestetik, kanpotik ekarritako berriztagarria. Planta sarera konektatuta egonen da barneko TAE baten bidez, Accionaplug-en jabetzakoa, era berean konektatuta egonen dena Zangozako TAEra lurperatutako tentsio ertaineko linea elektriko baten bidez (66 kV), 900 m ingurukoa.
Proiektuaren efluenteei dagokienez, euri ur garbia Pastorizako erretenera isuriko da, muga egiten baitu plantaren lurzatiarekin hegoaldetik. Beste efluenteak, prozesuko urak, ur beltzak eta euri ur oliotsuak saneamendu-sarera isuriko dira Zangozako HUAn tratatzeko, zenbait kutxatilatatatik eta kontrol puntutatik igaro eta gero. Horrenbestez, ez dago Aragoi ibairako zuzeneko isurketa punturik.
Proiektua badagoen industrialde bateko lurzati batean kokatuko da, landaredirik zein elementu natural interesgarririk gabea. Ur hornidura eta saneamendua industrialde horretan dauden eroapen azpiegituren bitartez eginen dira; beraz, ez zaio lurzoru naturalari eraginen. Proiektua Natura 2000 Sarearen barneko "Aragoi ibaiaren erdiko tarteak" kontserbazio bereziko eremutik oso gertu dago. Hala ere, instalazioa sortzeko aurreikusitako obra guztiak eremu horretatik kanpo gauzatuko dira, eta ez diote zuzenean eraginen. Proiektuko eremuko euri ur garbiak Pastorizako erretenera isuriko dira hegoaldetik, eta gainerako efluenteak, Zangozako HUAra bideratuko dira egun dauden kolektoreen bidez. Hala, kontserbazio bereziko eremuari ez zaio kalterik eginen isuriak kanalizatzeko.
Espero daitezkeen inpaktu nagusiak dira emisioen, isurketen, hondakinen eta beste gai batzuen deribatuak, kutsadurarekin lotuak. Alderdi horiek proiektuak bete beharko duen ingurumen baimen integratuaren prozeduran aztertuko dira. Ingurumen inpaktuaren adierazpen hau proiektuaren aldekoa da, ingurumen baimen integratuaren prozedura horretan ezartzen diren baldintzak betetzen badira betiere.
Inpaktu positibo gisa, nabarmendu behar da proiektuak lagunduko duela berotegi efektuko gasen emisioak gutxitzen, energia berriztagarria sustatzen eta garraio eta energia sektorea deskarbonizatzen baititu, erregai fosilekiko mendekotasuna gutxitzen baitu eta klima aldaketaren efektuak arintzen baititu.
Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Ingurumen Eraginaren Atalak ondorioztatu du ingurumen inpaktuaren ebaluazio-prozedura behar bezala egin dela, eta proiektuak ez duela inpaktu esanguratsurik izanen ingurumenean, azterketan jasotako neurri zuzentzaileak eta, osagarri gisa, ingurumen inpaktuaren adierazpenekoak aplikatu ondoren.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena formulatzea Accionaplug SLk sustatutako "Valle H2V Navarra" hidrogeno berdea ekoizteko instalazioaren proiektua gauzatzeko Zangozan.
2. Ezartzea jarduera egin beharko dela goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoan jasotzen diren baldintzei jarraikiz, baita ebazpen honetan aipatzen diren hauek betez ere:
–Proiektuak ingurumen baimen integratuko prozeduran eta aplikatzekoak diren gainerako baimenetan proposatzen diren baldintzak bete beharko ditu.
–Ondare arkeologikoa babesteko, Fuente Penosa aztarnategi arkeologikoan mugitzen diren lurrak kontrol arkeologikoaren mende gauzatu behar dira, Nafarroako Foru Komunitatean indusketa eta prospekzio arkeologikoak egiteko lizentzien emakida arautzen duen 218/1986 Foru Dekretuaren arabera.
–Kanpoko argiei eta kutsadura luminikoari dagokienez, adierazi behar da planta industrialde batean dagoenez, argi-kutsaduraren aurkako E3 babesgune batean dagoela. Hala ere, "Aragoi ibaiaren erdiko tarteak" kontserbazio bereziko eremuaren mugakide denez (Natura 2000 Sarea) argi kutsaduraren aurkako E1 babesgune gisa sailkatuko da. Planta eraikitzeko proiektuak kanpoko argiteriarekin lotutako irizpideak izan beharko ditu naturagune horren aurkako afekzioak saihesten direla bermatzeko (argi kutsadura, argi arrotza eta faunarekiko afekzioa).
–Proiektua ingurumenean hobeki integratzeko, balioztatuko da Iratiren Bide Berdean ibilbidearen inguruan zuhaitz autoktonoak landatzea, proiektuaren mugakidea baita hegoaldetik.
–Euri ur garbiak Pastorizako erretenera drainatzeari dagokionez, plantaren eraikuntza proiektuan drainatze jasangarriko sistemak jasoko dira, jariatze uren bolumena gutxitzeko eta horren kalitatea hobetzeko neurri moduan.
–Hidrogeno planta eta horri lotutako planta fotovoltaikoa eraikitzeko jarduketak, sarrerak eta lur, material eta makinen mugimenduak proiektuan jasotako okupazioetara mugatuko dira. Ez dute inolaz ere landaredi naturala eta, bereziki, "Aragoi ibaiaren erdiko tarteak" kontserbazio bereziko eremua kaltetzen ahalko.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
4. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, Basozainei (Tafalla-Zangoza mugapea) eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko apirilaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2406589