1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
42/2024 EBAZPENA, apirilaren 22koa, Energia, Enpresa I+G+B eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ukatzen baitzaio aurretiazko administrazio baimena energia elektrikoa ekoizteko "Serena Solar 1" izeneko eguzki instalazio fotovoltaikoa jartzeko.
1. 2020ko urriaren 9ko eskaera.
2020ko urriaren 9an, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluak eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen dutena aplikatuz, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico, SLk aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen 50 MWp-eko "Serena Solar 1" energia elektrikoa ekoizteko instalazioa eta horren ebakuazio azpiegiturak jartzeko, Adiosko, Enerizko, Ukarko, Biurrun-Olkozko eta Tebas-Muru Artederretako udal-mugarteetan.
2. Aurreproiektua eta ingurumen eraginaren azterketa jendaurrean jartzea, eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egitea.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk egindako eskaera, iragarki bat argitara emanez 241. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2021eko urriaren 18koan, eta Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren webgunean.
Era berean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien Administrazio Publikoei eta interesdunei.
Separatak bidali ziren, halaber, erakunde publikoetara eta zerbitzu publikoak edo interes orokorreko zerbitzuak ematen dituzten enpresetara, instalazioak haien kargupeko ondasun eta eskubideak ukitzen dituen zatiari dagokionez.
3. Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLri jendaurreko informazioaren eta kontsulten tramiteetan jasotako txostenak eta alegazioak bidali zizkion.
Jasotako txostenei eta alegazioei erantzuteko, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico, SLk beste agiri batzuk aurkeztu zituen lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena eta ingurumen inpaktuaren adierazpena eskatzeko. Horrenbestez, zerbitzuak ulertu du jendaurreko informazioaren eta kontsulten beste izapide bat abiarazi behar dela.
4. Jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko bigarren izapidea.
Eskaera berria jendaurrean jarri zen bigarrenez, iragarkia argitaratuz 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2023ko apirilaren 13koan, prentsan eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia webgunean. Gainera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien administrazio publikoei eta interesdunei.
Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurreko informazioaren eta kontsulten bigarren izapidean jasotako txostenak eta alegazioak igorri zizkion Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLri.
5. Lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak baimentzea.
Espedientearen azterketa teknikoa egin eta gero, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txostena egin zuen, eta honako hau ondorioztatu zuen:
–Ebakuazio linearen gurutzaketa lurzoru urbanizaezinarekin, abiadura handiko trenaren aurreikusitako azpiegiturekin –hala sailkatu da Tebas-Muru Artederretako Udal Planean–, bateraezina da Plan horren Hirigintza Arautegiko 57. artikuluko 6. apartatuan ezarritako babes erregimenarekin, zeinak eraikuntza jarduera baimengarritzat jotzen baititu "espazio horretan aurreikusitako azpiegitura edo instalazioa jartzeko lanak, baita gauzatzeko, mantentzeko eta funtzionatzeko beharrezkoak diren eraikuntzak eta instalazioak ere" eta gainerakoak debekatzen baititu.
–ADIFek 2023ko maiatzaren 25ean emandako txostenaren arabera, etorkizuneko abiadura handiko trenbideak Tebas-Muru Artederreta udal-mugartean izanen duen inpaktuari buruzkoaren arabera, ebakuazio linearen proiektuak ez du indarreko araudia betetzen, zehazki, ebakuazio linearen eta etorkizuneko trenbidearen arteko gurutzaketetan.
–Azken proposamena 123 hektarearaino txikitu den arren, ez da nahikoa ingurumenaren gaineko paisaia afekzioa onargarritzat jotzeko. Izan ere, zerbitzu honen dibertsitate eta jardueren osagarritasun irizpidearen aurka egiten du, Adios udalerriaren lurzoru goldagarriaren %10 gainditzen baitu. Beraz, kokatzen den udalerrietako balizko garapena mugatzen du eta, azkenik, nekazaritza erabilerak gutxitzen ditu ekoizpen-erregionalizatze indize altuko lurzoruetan (4,1 Tn/ha).
–Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalaren 2023ko ekainaren 26ko txostenaren arabera, "Serena Solar 1" proiektu fotovoltaikoaren neurria desproportzionatua da haranaren harrera gaitasunerako, eta Adios eta Muruzabal udalerrietatik hurbilegi dago. Horrek errefus sozial nabarmena eragiten du.
–Aurkeztu den ordezko aukeren azterlana ez da onargarria: ordezko aukera bakarra ezin da halakotzat hartu ez duelako gutxieneko bideragarritasunik Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren otsailaren 24ko 64/2006 Foru Aginduari dagokionez, zeinak ezartzen baititu lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko irizpideak eta ingurumen eta hirigintza arloetako baldintzak.
–Adiosko transformazio azpiestazio elektrikoaren kokapena bereizita proposatu da, inguratzaile fotovoltaikoarekin taldekatuta jarri beharrean, 620 metro ingurura eta Mendi eta labore mosaiko 7. Ingurumen Unitateari eragiten dio. Hala, desegokitzat jo da, paisaiari gutxieneko afekzioa eragiteko irizpideari jarraikiz.
Aurrekoa ikusita, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak uztailaren 6an emandako 282E/2023 Ebazpenaren bidez, ukatu egin zen Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk sustatutako Amaya Solar 1 eguzki instalazio fotovoltaikoaren proiekturako lurzoru urbanizaezineko jardueren eta erabileren baimena.
6. Aurretiazko administrazio baimena ukatzeko proposamena.
Lurzoru urbanizaezineko jardueren eta erabileren baimena ukatu dela ikusirik, eta espedientearen azterketa teknikoa egin eta gero, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura era egokian egin dela, eta espedientea ebaztea proposatu du, eskatutako aurretiazko administrazio baimena ukatuz.
Bestalde, 2024ko martxoaren 7an, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk eskatu du instalazioaren sarbide- eta konexio-baimenari lotutako bermea itzultzeko.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Ukatzea aurretiazko administrazio baimena, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk eskatutakoa, energia elektrikoa ekoizteko "Serena Solar 1" izeneko eguzki instalazio fotovoltaikoa jartzeko, 50 MWp-koa, Adiosko, Enerizko, Ukarko, Biurrun-Olkozko eta Tebas-Muru Artederretako udal-mugarteetan.
2. Agindua ematea Diruzaintza Atalari sarbide eta konexio prozedurari lotutako 2.000.000 euroko bermea itzul dezan; Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk jarri zuen berme hori 2021eko martxoaren 8an (erregistro zenbakia: 5020000082 CFNA 2021 - Av-NAV-0274–C).
3. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura; Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura; Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura; Lurralde eta Paisaia Zerbitzura; Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura; Ondare Historikoaren Zerbitzura eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ekonomia eta Finantza Zerbitzuko Diruzaintza Atalera.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
5. Ebazpen hau jakinaraztea Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLri; Ebroko Konfederazio Hidrografikoari; Compañía Logística de Hidrocarburosi (CLH); Endesa Energía, Endesa SAri; Administrador de Infraestructuras Ferroviarias - ADIFi; AUDENASAri; Enagasi; I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri; Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioari eta Red Eléctrica de España SAUko Sarbide Departamentuari; eta horiek guztiak ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, espediente zenbakia adierazita.
6. Ebazpen hau Adiosko, Enerizko, Ukarko, Biurrun-Olkozko, Muruzabalgo eta Tebas-Muru Artederretako Udalei jakinaraztea, eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen jurisdikzioari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2024ko apirilaren 22an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.
Iragarkiaren kodea: F2406505