91. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko apirilaren 17an hartua, Santakara herrian (Nafarroa) dagoen Santakarako gurutzea izeneko higiezinaren babes eremuaren mugaketa onesten duena.

Santakara herrian dagoen Santakarako gurutzea izeneko monumentua martxoaren 14ko 571/1963 Dekretuak babestuta dago, eta interes kulturaleko ondasuna da Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren arabera, bai eta Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen lehen xedapen gehigarriaren 1. atalaren arabera ere.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes eremua finkatzea eta zehatz-mehatz mugatzea.

Aipatutako foru lege horren arabera, espedienteak beharrezkoak ditu ondasuna behin-behinekoz mugatzea, jendaurreko fasea ezartzea eta behin betiko onestea Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren uztailaren 31ko 177/2023 Ebazpenak behin-behinekoz mugatu zuen Santakara herrian (Nafarroa) dagoen Santakarako gurutzea izeneko monumentuaren babes eremua, interes kulturaleko ondasun gisa babesteko, eta espedientea jendaurrean egoteko epe bat ireki zuen.

Ebazpena 2023ko 166. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 11koan. Ez da espedientearen aurkako alegaziorik jaso.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak, 2023ko irailaren 6an, mugaketaren aldeko txostena eman du.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Santakara herrian (Nafarroa) dagoen Santakarako gurutzea izeneko higiezinaren babes eremuaren mugaketa onestea.

2. Santakarako gurutzearen babes-eremua kokatuta dagoen Las Balsas kaleko parterre triangeluarraren eremuak eta bi bide perimetraletako espaloien zerrendek definitzen dute, horiek guztiak Santakarako udalerrikoak. Erantsitako planoan jasotzen da ingurunearen mugaketa grafikoa.

Eremu horretarako babes neurriak honako hauek dira:

–Gurutzeari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen da kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako.

–Eremuari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen dela kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako, eta ezartzen da babes eremuan ez dela eraikin berririk jarriko.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko apirilaren 17an.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F2406360