91. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

12E/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 26koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Irunberriko Udal Planaren aldaketa egituratzaile bat, altxonbideen zortasun eremua babesteko araubidearen aldaketari eta eguneratzeari buruzkoa. Aldaketaren sustatzailea Joluga Energy SLU da.

Irunberriko Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Kohesiorako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Espedientearen xedea da altxonbideen zortasun eremua babesteko araubidea aldatzea eta eguneratzea, zeina Irunberriko Udal Planaren hirigintza araudi partikularraren 51.1.2 artikuluan arautua baitago.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 28ko 1132E/2023 Ebazpenaren bidez, aldaketaren aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egin zen, ingurumenean eragin nabarmenik sortzen ez zuela iritzita.

Ebazpen hori 2024ko 24. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 1ekoan.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Azaldutakoarekin bat, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea Irunberriko Udal Planaren aldaketa egituratzaile bat, altxonbideen zortasun eremua babesteko araubidearen aldaketari eta eguneratzeari buruzkoa. Aldaketaren sustatzailea Joluga Energy SLU da.

2. Foru agindu hau espedientearen sustatzaileari eta Ingurumen Ebaluaziorako Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Irunberriko Udalera igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintza araudia argitara dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta, hala, onetsitako hirigintza tresnak indarra har dezan.

4. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrolerako onespen egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Onetsitako hirigintzako araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 26an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

Iragarkiaren kodea: F2405465