90. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

257E/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 22koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita 2024. urtean larrialdi humanitarioko egoeretan berehala esku hartzeko dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 751383.

Krisi egoerei aurre egiteko gaitasun txikia duten populazio ahuletan naturak edo gizakiak eragindako hondamendien kopuruak gora egin izanak nazioartearen erantzun humanitario azkar eta espezializatua eskatzen du. Nafarroako erakundeek, gure Foru Komunitatearen gizarte kontzientziari adi, funtsak bideratzen dituzte giza tragedia horien ondorioak gutxitzeko eta herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrean laguntzeko ekarpen solidario gisa. Funts horiek garapenerako laguntza ofizial gisa ematen dira, eta, zehazki, larrialdietarako laguntza humanitarioa emateko bideratzen dira.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko ekintza solidarioaren arloko printzipioak, helburuak eta bitartekoak ezartzen ditu, besteak beste. 14. artikuluan adierazten da, garapenaren aldeko lankidetzako ekintzak sustatzeko, besteak beste, diru publikoa erabiliko dela, eta, zehazki, 13. artikuluan adierazten da lankidetzaren modalitateetako bat laguntza humanitarioa dela, larrialdi egoeran edo berehalako arriskuan dauden populazioei laguntzeko eta horiek berregokitzeko laguntza ekonomiko gisa.

Isthanbulen 2016an egin zen Laguntza Humanitarioaren Munduko Gailurra gertatu eta gero, Nafarroako Lankidetzaren III. Plan Zuzentzaileak bere gain hartzen ditu "Grand Bargain" delakoaren konpromisoak, besteak beste ukitutako tokiko herritarren parte-hartzea, haien gaitasunen indartzea, haien eskubideen babesa eta erantzunen koordinazioa, hori guztia laguntza humanitarioaren oihartzuna eta eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin. Horrez gain, larrialdi egoerei berehalako erantzuna emateko modua aurreikusten da, eta, hori da, hain zuzen, deialdi honen azken xedea.

Horrenbestez, urtez urte gertatzen diren nazioarteko larrialdiei berehalakoan eta arin erantzun ahal izateko, beharrezkoa da ekitaldi osoan zehar erabilgarri eta zabalik egonen den bitarteko bat edukitzea. Bitarteko hori, hain zuzen, banakako ebaluazioaren araubideko deialdi ireki bat da, helburu izanen duena 2024. urtean zehar gerta daitezkeen larrialdiei aurre egitea. Horrez gain, deialdi honek bermatzen du betetzen direla, batetik, publikotasun, gardentasun, lehia, objektibotasun, berdintasun, kontrol eta diskriminazio ezaren printzipioak, eta, bestetik, dirulaguntzak ematen dituen administrazioak finkaturiko helburuak betetzeari begirako eraginkortasun printzipioak, bai eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia eta ekitate printzipioak ere.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira haien printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.

Nafarroako Gobernuak, 2024ko martxoaren 6an egindako bilkuran, baimena eman dio Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari deialdi bat tramitatzeko, banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz, 2024. urtean larrialdi humanitarioko egoeretan berehala esku hartzeko dirulaguntzak emateko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu zaizkidan ahalmenak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea 2024. urtean larrialdi humanitarioko egoeretan berehala esku hartzeko dirulaguntzak emateko deialdia, zeina banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz ebatziko baita.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Guztira 270.000 euroko gastua baimentzea, 2024ra luzatutako 2023ko gastuen aurrekontuko "Nazioarteko larrialdiei berehalako erantzuna" izeneko 901001 91100 4819 143103 partidaren kargura.

Garapenerako laguntza ofizialei esleitutako partidetan gerakinik badago, baimendutako gastua 270.000 eurora arte handitzen ahalko da gehienez, dagozkion aurrekontu-gehikuntzak eginez. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren egoeraren bat gertatzen delako. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2024ko martxoaren 22an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA.–DEIALDIA, BANAKAKO EBALUAZIOAREN ARAUBIDEARI JARRAIKIZ, LARRIALDI HUMANITARIOKO EGOERETAN BEREHALA ESKU HARTZEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO 2024. URTEAN. OINARRIAK

Lehena.–Xedea eta helburuak.

1. Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak dirulaguntzen deialdi bat egin du 2024. urterako garapenaren aldeko gobernuz kanpoko erakundeek (aurrerantzean GGKEak) larrialdi humanitarioko egoerei berehala erantzuteko egiten dituzten esku-hartzeak finantzatzeko. Dirulaguntzak nazioarteko lankidetzako modalitate horretan espezializatutako GGKEei daude zuzenduta, ekintza humanitarioko proiektuak garatzeko berariazko lerro izendunik ez dutenei.

2. Garapen bidean edo trantsizioan dauden herrialde edo lurraldetzat hartuko dira Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) mendeko Garapenerako Laguntza Batzordearen onuradunen egungo zerrendan daudenak.

3. Larrialdiko egoeratzat hartuko da hondamendi naturalek edo gizakiek sortutako gatazkek eragindakoa, zeinetan beharrezkoa baita esku hartzea, eta funtsezko helburutzat duena ukitutako pertsonen eta komunitateen oinarrizko eta berehalako beharrei erantzutea, bizirautea bermatzeko eta sufrimendua arintzeko ezinbesteko ondasun eta zerbitzuen presako hornidura eginez.

4. Jarduketa horien bidez, ondasun eta zerbitzu hauen hornidura eginen da zuzenean, presaz eta berehala:

a) Osasun zerbitzuak: osasun laguntza herritarrentzat, laguntza psikosoziala barne, hondamendi naturalak, gatazka armatuak eta endemien, pandemien eta epidemien gorakadak daudenean.

b) Elikagaien banaketa eta nutrizioa, elikadura arloko segurtasuna bermatzeko, gaizki elikatutako populazioan bereziki.

c) Ura eta saneamendua, herritarrek edateko ura izan dezaten, behar adina eta behar den kalitatekoa.

d) Elikagaiez bestelako elementuen banaketa, higieneko kit-ak eta herritarrek bizirik irauteko oinarrizko babes egiturak.

e) Hezkuntza zerbitzuak: jomugan jarriz larrialdietan kalitateko hezkuntza ematea, haurrak izanik onuradun nagusiak.

f) Diruzko laguntza ("poltsa ekonomikoak"), oinarrizko beharrei aurre egiteko zuzenean.

Esku-hartze guztiak diseinatu eta gauzatzean genero-ikuspegia txertatuko da, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin bat.

Bigarrena.–Aurrekontu-baliabideak.

Helburu horietarako, guztira, 270.000 euro bideratuko dira, 2024ra luzatutako 2023ko gastuen aurrekontuko "Nazioarteko larrialdiei berehalako erantzuna" izeneko 901001 91100 4819 143103 partidaren kargura.

Garapenerako laguntza ofizialei esleitutako partidetan gerakinik badago edo 2024an gertatutako larrialdi bati erantzuteko beharra baldin badago, baimendutako gastua 270.000 eurora arte handitzen ahalko da gehienez, dagozkion aurrekontu-gehikuntzak eginez.

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honen xedeko dirulaguntzen onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE):

a) Pertsona juridikoak izatea, beren izaera juridikoarekin bat legez osatuak.

b) Eskaera egiten duen GGKEak (edo zein elkarteren kide den, horrexek) AECIDek emandako garapenerako gobernuz kanpoko erakundearen kalifikazioa izatea (2013ko irailaren 17ko ebazpena) eta/edo DG ECHOrekin elkartzeko esparru akordioa (Framework Partnership Agreement) izatea.

b) Sozietatearen egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean edukitzea.

c) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

d) Ez egotea dirulaguntzak eskuratzeko aukeraz gabeturik ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko legeetan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean edo zergei buruzko lege orokorretan ezarritakoaren arabera.

e) Dirulaguntzen onuraduna izateko gainerako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jaso baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan.

f) Ekintza humanitariorako plan estrategiko bat edo antzeko dokumenturen bat edukitzea, eta nazioarteko ekintza humanitarioa izatea entitatearen helburua, estatutuetan berariaz jasoa.

h) Esku-hartzea non eginen den, tokiko bazkide edo partaide bat izatea eskualde horretan, gauzatzeaz arduratuko dena. Tokiko bazkideak pertsona juridikoa izan beharko du, herrialde onuraduneko legediaren arabera.

Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntzen onuradun izateko, larrialdietan laguntzeko entitateek aurkezten dituzten esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honen lehen oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetako printzipioei lotzea.

b) Dirulaguntza eskatu aurreko hiru hilabeteetan gertatutako krisi, gatazka edo hondamendiei erantzutea.

c) Larrialdi egoera ofizialki deklaratua egotea.

d) Zeharkako kostu diruz lagungarriak ezin izanen dira dirulaguntzaren %10 baino gehiago izan.

e) Jarduerak 2024. urtean abiatzea. Ondorio horretarako, ebazpena ematen den eguna hartuko da jardueren hasiera eguntzat, salbu eta entitate onuradunak lehenagoko bat adierazten badu berariaz. Jarduerak 6 hilabeteko epean gauzatu beharko dira gehienez ere, betiere b) atalean adierazitakoarekin bat.

d) 100.000 euro eska daitezke gehienez.

Bosgarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

Eskaeraren eguna baino lehenago emandako beste ekarpen batzuk baloratuko dira, betiere, egiaztatuta badaude ebazpen irmo baten bidez edo ekarpen pribatua edo, kasua bada, balioespenak bermatzen dituen agiri baten bidez.

2. Ematen diren dirulaguntza guztiek ez dute sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batuta, diruz lagundutako esku-hartzearen kostua.

Seigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak partida hauetan sartzeko modukoak izanen dira:

A) Zuzeneko gastuak: dirulaguntza jasotzen duen jardueraren izaerarekin eta jarduketa-modalitatearekin zalantzarik gabe bat datozenak, baldin eta deialdian ezarritako epean egiten badira. Hauek sartzen dira:

a.1) Azpiegiturak konpontzea larrialdi fasean.

a.2) Larrialdiko laguntza humanitarioarekin lotutako ekipamenduak, materialak eta hornidurak.

a.3) Langileria gastuak.

a.4) Bidaiak, ostatatzeak eta dietak. Esku-hartzea gauzatzeko behar diren langileen joan-etorriekin eta esku-hartzearen onura hartzen duen populazioaren joan-etorriekin lotutako gastuak dira.

B) Zeharkako gastuak: %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio dirulaguntzari. Proiektuaren zeharkako kostuak dira entitate onuradunaren gastu administratiboak (langileen gastuak, egoitzetakoak, bulegoko materialenak eta bestelako gastu arruntak) eta esku-hartzeari jarraipena egitearen ondoriozkoak, helburu hori duten bidaiak barne. Zeharkako gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

Gastuak justifikatzeko, hamabosgarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, salbu frogatzeko zailak diren gastuak. Izan ere, horrelakoetan, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekin duen lotura eta zergatik den ezinezkoa arau orokorren arabera justifikatzea. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki egin dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo dirulaguntzaren %3 gaindituko.

2. Diruz lagundutako gastuak berrerabil daitezkeen ekipamendu eta materialen hornidura egiteko baldin badira, horien erosketa finantzatuko da, bakar-bakarrik, baldin eta proiektua bukatutakoan onuradunen esku gelditzen badira. Bestela, ekipamendua edo materiala erabili behar den denborari dagokion amortizazioa baizik ez da diruz lagunduko.

3. Diruz lagundutako gastuak erabiltzen direnean ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko, 12.000 eurotik gorakoak izanez gero eta Europar Batasunaren barnean kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

4. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

–Zuzeneko gastuen multzoan: egoitzan aritzen diren langileen gastuak.

–Protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrera ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.); hegazkin edo tren gastuen kasuan, turista-klasean edo antzekoan egiten direnek soilik izanen dute dirulaguntza.

–Zeharkako zergak, errekuperatu edo konpentsatu daitezkeenean.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaera erakunde interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 2024ko abenduaren 1era bitarteko epean. Ez da onartuko informazioa partekatzea eta aldatzea ahalbidetzen duten plataformen bidez bidalitako dokumentaziorik (DRIVE, DROPBOX, datuak biltegiratzeko plataformak edo antzekoak), ezta WEBeko estekarik ere.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira. Horretarako, entitateak gaitutako helbide elektronikoa (GHE) izan beharko du, deialdi honekin loturiko jakinarazpenak jaso ahal izateko. Ahal bada, Nafarroako zerbitzuen atarian argitaratutako fitxatik sartuko da, zeina eskuragarri baitago Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren web-orrian. Eskaerak Garapenerako Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Atalari zuzenduko zaizkio.

Erregistroaren funtzionamendu okerrak aurkezpen telematikoa egitea eragozten duen kasuetan bakarrik onartuko dira aurkezpen ez telematikoak Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren erregistroetan (González Tablas 7, 31005 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan, behin eragozpen hori gertatu dela frogatuta.

Gainera, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko zaio unitate kudeatzaileari, mezu elektroniko bat bidaliz servcoopdes@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egunean berean.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaeren kasuan, Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Entitate eskatzaileek servcoopdes@navarra.es helbidera egun berean mezu elektroniko bat bidaliz iragarriko dute eskaera bidali dela.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Entitate eskatzaileek inprimaki ofizial batean eginen dute eskaera, eta dokumentazio hau gehituko diote:

A) Entitate eskatzailearen dokumentazioa:

a) Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada):

a.1) AECIDek emandako kalifikazioa eta/edo DG ECHOrekin elkartzeko esparru akordioa (Framework Partnership Agreement) egiaztatzen duen agiria.

a.2) Entitateak Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza duela egiaztatzen duen agiria; Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria izan daiteke, berariaz aipatzen bada ordezkaritza bat zabalik dutela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean. Aipamen horren ordez, beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela ziurtatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Bata zein bestea aurkeztu, ziurtagiriak urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du, deialdi hau argitaratzen den egunean.

a.3) Hirugarren oinarriaren c), d) eta e) atalen arabera onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

a.4) Plan estrategikoa edo antzeko dokumentua, ekintza humanitarioari buruzkoa.

a.5) Entitatearen estatutuak.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek ekintza humanitarioan parte hartuz gero, langile horien izenen zerrenda eta programan egin beharreko eginkizunak eta eman beharreko denbora aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, beren lana proposatutako jarduerarekin bateragarria dela dioena.

c) Entitate eskatzaileek, nahi izanez gero, dirulaguntza eskaerarekin batera aurkezten ahal dute deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, dirulaguntzaren onuradun diren entitateek oinarri hartan ezarritakoa bete beharko dute, eta hilabeteko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

B) Tokiko bazkidearen dokumentazioa:

a) Hirugarren oinarriko h) atalean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko:

a.1) Estatutuak.

a.2) Legezko eraketaren egiaztagiria, proiektua egin behar den herrialdeko legeen araberakoa.

a.3) Legezko ordezkariaren egiaztagiria.

Tokiko bazkidea administrazio publiko bat bada, dokumentazio horren guztiaren ordez, agiri bat aurkeztuko dute, zeinak frogatuko baitu administrazio horren legezko ordezkaria nor den eta administrazio horrek esku-hartzean parte hartzen duela.

Tokiko bazkidearen dokumentazioa Administrazioak baldin badu, adierazi beharko da dokumentazio hori erantsita daukan espedientearen zenbakia.

b) GGKEak eta tokiko bazkideak proiektua elkarlanean gauzatzeko hartzen duten konpromisoaren egiaztagiria, proiektuak finantzaketa lortzen badu.

C) Esku-hartzearen gaineko dokumentazioa:

a) Agintaritza nazionalaren deklarazioaren dokumentazio ofiziala, egiaztatzen duena esku-hartzearen eremuko larrialdi egoera eta zer egunetan gertatu zen larrialdia.

b) Balorazioa egiteko dokumentazioa:

b.1) Esku-hartzearen memoria teknikoa eta aurrekontua, dagokion urtekoa, inprimaki ofizialetan. Memoria teknikoak 40 orrialde izanen ditu gehienez ere, 11 tamainako Arial letra motaz idatzirik, 1eko lerroarteaz. Orrialdeak zenbatuko dira II. ataletik (Esku-hartzearen memoria) IV. atalera (Nafarroako lankidetzaren zeharkako ikuspegiekiko egokitasuna), biak barne harturik. Orrialde kopurua baloratuko da soilik adierazitako mugara ailegatu arte.

Adierazitako bi dokumentuetako bat aurkezten ez bada (memoria teknikoa edo aurrekontua, inprimaki ofizialetan), ez da eskaera onartuko.

b.2) Azken hiru urteetako urteko kontuak (2021, 2022 eta 2023), adierazita kontu horiek ikuskatuak diren, entitateko zuzendaritza organoek onetsiak, behin-behinekoak edo bestelakoak. Baldin entitateak aurreko urtean aurkeztu baditu kontuak, nahikoa izanen da azken urtekoak aurkeztea, aurkeztu zireneko espedientearen zenbakia zein den adierazita.

b.3) Eskaeraren memoria teknikoan eskatutako eranskinak, behar bezala identifikatuta. Balorazioa egiteko orduan ez dira kontuan hartuko behar bezala identifikaturik ez dauden eranskinak edo eskatu ez diren arren aurkeztu egin direnak. Eranskina behar bezala identifikaturik dagoela joko da, batetik, adierazten denean memoriaren zein atali buruzkoa den eta, bestetik, zehazten denean aztertu beharreko edukia eranskinaren zer tokitan dagoen.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura eta prozeduraren instrukzioa.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura banakako ebaluaziokoaa izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluak zehazten dituen baldintzekin bat.

2. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta instrukzio organo gisa ariko da Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua. Horrexek egiaztatuko du ea betetzen diren dirulaguntzak hartzeko betebeharrak, eta eskaerak banan-banan baloratuko ditu, aurkezten diren ordenari jarraikiz. Hori guztia deialdi honen oinarriekin eta II. eranskinean adierazitako lehentasunekin eta balorazio-irizpideekin bat eginen da.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, erakunde onuradunari eskatzen ahalko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu ditzala edo aginduzko agiriak aurkeztu ditzala, eta ohartaraziko zaio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela; hori guztia espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren. Kasu hauetan gertatuko da hori:

a) Eskaeran identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela erakunde eskatzaileari buruzkoak.

b) Atal hauetan zehaztutako dokumentazioak akatsak izatea: zortzigarren oinarriko A; B eta C atalak.

c) Akats materialak daudenean esku-hartzeek bete beharreko baldintzetan.

d) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak daudenean (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

e) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetako edozeinetan.

Bestelako kasuetan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagokionez, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1. Eskaerak 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera baloratuko dira, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2. Dirulaguntzaren eskaera aintzat hartua izateko, esku-hartzeak gutxienez ere 60 puntu lortu beharko ditu.

3. Dirulaguntza eskatutako diru kopurua adinakoa izanen da, aurrekontuko partida agortu arte.

Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, entitate onuradunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

2. Dirulaguntzaren proposamenaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, instrukzio organoak, laguntza ematea bidezkoa bada, eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den dirulaguntzaren arabera, betiere hasierako xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Berregindako eskaeraren aurrekontua ez da txikiagoa izanen bi hauen arteko batura baino: proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eta, halakorik badago, hasieran aurreikusitako kofinantzaketaren zenbatekoa, modu homogeneoan (eskaeran ageri den kofinantzaketaren ehuneko bera mantenduko da).

Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio aurkeztutako eskaeren gainean ebaztea, horretarako ahalmena ematen baitiote Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak.

2. Dirulaguntza emateko ebazpenean adieraziko da zer entitate eskatzaileri onartzen zaion dirulaguntza, zer helburutarako, zer zenbateko, nola eta zein epetan ordainduko zaion eta dirulaguntza justifikatzeko epea; halaber, eskaera ezetsi zaien entitate eskatzaileak ere adieraziko dira, halakorik bada, azaroaren 9ko Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 6 hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Eskaeren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate onuradunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamalaugarrena.–Dirulaguntzen aurrerakinak.

1. Ordainketa onuradunaren kontuan eginen da, Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan agertzen den horretan. Kontu hori kontsultatu eta, hala badagokio, alda daiteke esteka honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta, ziurtagiri digitalaren edo Cl@ve-ren bidez.

2. Dirulaguntzaren aurrerakina ordaintzen ahalko da gardentasun betebeharra aurrez betetzen bada, eta, betiere, baldin eta ez bazaio kontra egiten Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoari. Betebehar hori zehaztuta dago deialdi honen hemezortzigarren oinarri arautzailean eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan, zeinak arautzen baititu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak.

Hamabosgarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Esku-hartzea bukatu eta hiru hilabeteko epean gehienez, entitate onuradunek esku-hartzearen gauzatzeari buruzko azken txostena aurkeztuko dute, Nafarroako Atarian eskura dagoen eredu ofizialaren arabera prestatua (www.navarra.es/eu/eskubide-sozialak). Txostena aurkeztea zailtzen duen inguruabarren bat gertatuz gero, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak aukera izanen du epe horren luzapena baimentzeko, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan xedatutakoarekin.

2. Azken txostenak justifikazio kontuaren forma izanen du, eta gastuen frogagiriekin edo kontu auditore baten txostenarekin batera aurkeztuko da. Elementu hauek jasoko ditu:

a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua, esaten duena aurkeztutako azken txosteneko dokumentazioan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla.

b) Funtsak igorri direla eta zer truke-tasa aplikatu den frogatzeko dokumentazioa, igorpena bankuko transferentzia bidez egiten bada; bestelako kasuetan, erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzaren onuraduna den GGKEaren legezko ordezkariak sinatua.

c) Funtsak jaso izana frogatzen duen dokumentazioa, eta, igorpena bankuko transferentzia bidez egiten bada, aplikatutako truke-tasak erakusten dituzten banku-agiriak.

d) Tokiko monetan ordaindu baldin bada, truke-tasa egiaztatzeko banku-agiriak.

e) Esku-hartzearen gauzatzeari buruzko txosten teknikoa, Nafarroako Atarian eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa (www.navarra.es/eu/eskubide-sozialak), non zehaztuko baitira, gutxienez, lorturiko helburuak eta emaitzak eta egindako jarduerak; horri guztiari egiaztatze-iturriak erantsiko zaizkio.

f) Txosten ekonomikoa, erantsita esku-hartzearen aurrekontuaren exekuzioari buruzko azalpen txostena, Excel formatuan, Nafarroako Atarian eskura dagoen eredu ofizialaren arabera prestatua (https://www.navarra.es/eu/eskubide-sozialak). Txosten horretan honako hauek jasoko dira:

–Esku-hartzearen gastuen balantzea.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrerak, dirulaguntzak edo laguntzak, publikoak zein pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere.

–Funtsen igorpenen xehetasuna eta aplikatutako truke-tasak.

–Gastu guztien zerrenda, jardueraren eta gastu motaren arabera bereizita, barnean dela Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza ez diren beste ekarpen batzuekin finantzatutako gastuen zerrenda. Gastu bakoitzean honako hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia eta data, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan. Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko.

h) Kontu auditore baten txostena emanez aurkezten den justifikazio kontua hautatuz gero, agertu beharko da auditorea jardunean dagoela Kontabilitatearen eta Kontu Auditoriaren Institutuaren mendeko Kontu auditoreen Erregistro Ofizialean; kontu auditorearen justifikazio kontuari buruzko txostena atzerrian egiten bada, proiektua gauzatzen deneko herrialdean jardunean dauden auditoreek egiten ahalko dute, baldin eta herrialde horretan kontu auditoretzan aritzeko gaikuntza araubiderik bada; halakorik ezean, txostena herrialde horretan finkatutako auditore batek ematen ahalko du, baldin haren izendapena Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak berresten badu, dirulaguntza jasotzen duen entitateak proposaturik, behar den kalitatea bermatzen duten irizpide teknikoekin bat.

Kontu auditoreak maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduan ezarritakoari jarraikiz eginen du justifikazio kontuaren gaineko txostena. Agindu horren bidez onetsi zen kontu auditoreek dirulaguntzen justifikazio kontuak berrikusteko jarraitu beharreko jarduketa-araua (125. Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2007ko maiatzaren 25ekoa). Txostenean zehaztapen hauek bete beharko dira:

–Oinarri honen 2. puntuan aurreikusitako egiaztagiriak: justifikazioa osatzen duten dokumentu guztien zerrenda osoa jasoko da, zein dauden egiaztatuta eta ezarritakoari lotzen ote zaizkion adierazita.

–Hamaseigarren oinarriko "Azpikontratazioa" atala: azpikontrataziorik ote den adieraziko da, eta, halakorik bada, oinarri honetan ezarritakoa betetzen ote den.

–Hamazazpigarren oinarriko "Betebeharrak" atala: oinarri horretako betebehar bakoitza betetzen ote den adieraziko da, eta "ez da bidezko" zehaztuko du hala dagokion kasuetan.

–Nafarroako Gobernuak finantzatutako gastuen zerrenda aztertu eta berrikusiko da nagusiki, eta laginketa teknikak erabiltzen ahalko dira kontu auditoretzetan onartu ohi diren praktiken arabera. Lehen aipatutako EHA/1434 Aginduan ezarritako egiaztapenez gainera, ikuskatze prozesuan honako hauek egiaztatuko dira: zerrendan jasotako gastu-ohar bakoitza benetan ordaindu dela; eta gastua diruz lagungarria dela, oinarri arautzaileetan ezarritakoaren arabera.

–Diruz lagundutako jarduera (guztia edo zati bat) tokiko bazkide batek edo atzerriko partaideak gauzatu badu, ez da beharrezkoa izanen dirulaguntzaren gastuaren frogagiriak jasotzea onuradunaren kontabilitate erregistroetan; halakoetan, auditoreak tokiko bazkidearen edo partaidearen kontuak berrikusiko ditu.

–Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaz aparte bestelako finantzaketarik bada, egiaztatuko da beste ekarpen batzuen bidez finantzatutako gastuen zerrendako datuak osorik daudela eta zerrenda hori oinarri honen 3. puntuan ezarritako ziurtapenarekin bat heldu dela.

i) Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe dirulaguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera hori entitate onuradunak kudeaketa organoari eskatu beharko dion ordainketa-gutun bidez eginen da, eta horren bidez ulertuko da entitateak uko egiten diola itzultzen duen diru zenbatekoari.

j) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo bilakaera onaren berri emateko.

3. Tokiko bazkidea nazioarteko erakunde bat bada, Espainiak izenpetutako nazioarteko akordio edo itunetan legez ezarritako moduan eman beharko ditu kontuak.

4. Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak, diruz lagundutako jarduera behar bezala justifikatu dela egiaztatu ondoren, dirulaguntzari buruz dagokion administrazio espedientea itxiko du, eta horren berri emanen zaio entitate onuradunari.

Hamaseigarrena.–Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak edo tokiko bazkideak esku-hartzearen zati bat gauzatzeko azpikontratazioa egiten ahal du hirugarrenekin, diruz lagundutako aurrekontuaren %15era arte gehienez, eta betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena.–Betebeharrak.

Esku-hartze jakin baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea esku-hartzea. Gauzatzeko epea aldatzen duten edo hura betetzea nabarmen zailtzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.

b) Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari baimena eskatzea eta hura eskuratzea esku-hartzean aldaketak egin ahal izateko, diruz lagundutako esku-hartzea gauzatu bitartean haren garapena nabarmen aldatzen edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen direnean entitate onuradunaren egoitzan edo lurralde hartan, baita baliabideak efizientziaz erabiltzeagatik gerakinak daudenean ere, barnean direla aplikatutako truke-tasen ondoriozko finantza errendimenduak edo soberakinak; kasu horietan, eskaera egin beharko dute diruz lagundutako esku-hartzeari dagozkion jarduerak edo antzekoak handitzeko. Funtsezko aldaketatzat hartuko dira, bakar-bakarrik, helburuak, emaitzak, xedeko populazioa, lurralde kokapena edo tokiko bazkidea aldatzen direnean, baita diruz lagundutako aurrekontuko partiden artean egiten diren aldaketak ere, baldin aldaketa horiekin emandako dirulaguntzaren %20 gainditzen bada guztira, edo, betiere, aldaketak 20.000 eurotik gorakoak direnean; edo guztirako kostua %10 edo gehiago murrizten denean, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaz kanpoko ekarpena txikiagoa izan delako.

Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabeherak eta aldaketak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean, barnean dela guztirako kostua handitzea, Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik.

c) Komunikatzea zer dirulaguntza eskatu dituzten eta onartu zaizkien, eta zer zenbatekorekin, edozein erakunde publiko edo pribaturen aldetik, helburu bererako, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu ondoren. Jakinarazpen hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.

d) Organo emaileari justifikatzea, deialdi honen hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken txostenaren bidez, betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako jarduera egin dela eta dirulaguntza zertarako eman eta helburu hori lortu dela. Justifikatutako zenbatekoa dirulaguntzaren zenbateko aurreratua baino txikiagoa izatera, erabili ez diren funtsak itzuliko dira, organo kudeatzaileak emandako ordainketa-gutunaren bidez.

Betiere, pertsonei buruzko datuak, esku-hartzeen azken onuradunenak izan edo esku hartzen duten langileenak izan, sexuaren arabera bananduta egonen dira, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

e) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

f) Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 25., 27. eta 28. artikuluetan lankidetzako langileei eta boluntarioei buruz jasotako betebeharrak betetzea.

g) Nafarroako Gobernuari proiektuaren zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako iritzi publikoa garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatze aldera.

h) Proiektuaren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan dirulaguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan. Dirulaguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du, eta berdin ikusteko moduan.

i) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapenak nahiz kontrol finantzarioak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabosgarren oinarriko 2. atalean aipatzen diren gastuen egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezean, ulertuko da arau-hauste bat izan dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) letraren kontrakoa, hain zuzen.

j) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea azken txostena aurkeztu eta lau urtez, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

k) Hartutako funtsak itzultzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hamazazpigarren eta hemezortzigarren oinarrietan jasotako kasuetan, eta Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak baimendutako esku-hartzeetarako aurreratutako funtsak agortzen ez diren kasuetan.

l) Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetuz gero, "Transferentziaren edo loturaren akta" aurkeztuko da, non agertuko baita beharturik daudela ondasunak dirulaguntzaren helburu zehatzetan erabiltzera gutxienez ere hamabost urtez, erregistro publikoan inskribatu beharreko ondasunak izanez gero, edo hiru urtez, bestelako ondasunak izanez gero.

m) Ezinezkoa bada dirulaguntzaren aurrerakinak lehenbailehen igortzea xede-herrialdera, diru horiek ezin dira jarri entitate adjudikaziodunak kontrolatu ezin dituen kanpo-eragileen menpe, eta nonbait inbertitzea onartuko da, bakar-bakarrik, funtsak ez igortzeko kausa jakin bat baldin badago eta, baldin eta inbertsioa bermatua badago eta arriskurik ez badu.

Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.

Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, Nafarroako Atarian argitaratutako deialdiaren fitxako "TRAMITATU" aukera erabiliz.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, entitate onuradunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren entitateek hartutako dirua itzuli beharko dute, bertan ezartzen diren baldintzetan.

2. Dirulaguntza emateko aintzat hartutako inguruabar, betebehar eta baldintzak hamazazpigarren oinarrian aipatzen den baimen administratiboa izan gabe aldatuz gero, ez-betetzetzat joko da.

3. Hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken justifikazio txostena epe barrenean aurkezten ez bada, ez-betetzea izanen da.

4. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Zenbat aldaketa ez-funtsezko egin diren, eta nolakoak, bidezko arrazoirik izan gabe.

–Azken justifikazio txostena epetik kanpo aurkezten denean, zenbat egun iragan diren. Kasu horretan, atzeratutako hilabete bakoitzeko edo, hilabete osoak ez badira, horren zatiki bakoitzeko, %0,2 gutxituko da emandako dirulaguntza.

5. Aurreko atalean xedatutakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian aintzat hartuko dira azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikulua eta hurrengoak eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapitulua.

Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

2. Aplikazio egintzen aurka eta ebazpenaren aurka (berariazkoa edo presuntziozkoa) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, aplikatzekoak izanen dira Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen xedapenak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearenak.

II. ERANSKINA.–BALORAZIO IRIZPIDEAK

A) Esku-hartzearen kalitate teknikoa (67 puntu gehienez).

A.1. Diagnostikoaren eta parte-hartzearen analisia (15 puntu gehienez):

a) Testuingurua azaltzea; premiak identifikatzea: (5 puntu gehienez).

b) Herritar onuradunak: egoera zaurgarrietan dauden kolektiboak; herritar onuradunak hautatzeko irizpideak. Zer nolako eragina lortuko den, herritar onuradunen kopuruaren arabera: (5 puntu gehienez).

c) Herritarren parte-hartzea eta tokiko ahalmena indartzeko mekanismoak: (5 puntu gehienez).

A.2. Helburuen, emaitzen eta jardueren analisia (10 puntu gehienez).

A.3. Adierazleen eta egiaztatze-iturrien egokitasuna (5 puntu gehienez).

A.4. Giza baliabideak eta baliabide tekniko eta ekonomikoak (10 puntu gehienez).

A.5. Baterako finantzaketa eta bestelako ekarpenak (5 puntu gehienez).

A.6. Babesa, segurtasuna eta arriskuak (12 puntu gehienez):

a) Arriskuen edo kanpo faktoreen analisia eta aurreikusitako erantzunak. (6 puntu gehienez).

b) Langileen segurtasuna eta babes-neurriak. (6 puntu gehienez).

A.7. Jarraipen eta ebaluazio prozesuaren analisia: (10 puntu gehienez).

B) Esku hartzen den eremuan egiten diren larrialdiko beste ekintza batzuekiko koordinazioa eta osagarritasuna (25 puntu gehienez).

B.1. Bertako agintari edo erakunde publikoekin: (10 puntu gehienez).

B.2. Koordinazioa kluster edo sareetan (10 puntu gehienez).

B.3. Koordinazioa tokiko beste gizarte erakunde batzuekin (5 puntu gehienez).

C) Egokitasuna, Nafarroako lankidetzaren zeharkako ikuspegien arabera (8 puntu gehienez).

–Generoaren ikuspegia (2 puntu gehienez).

–Giza eskubideetan oinarrituriko ikuspegia (2 puntu gehienez).

–Aniztasun kulturala (2 puntu gehienez).

–Ingurumen arloko jasangarritasuna (2 puntu gehienez).

Zeharkako lehentasunak.

1. Genero-ikuspegia: konpromisoa emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin eta generoan oinarritutako diskriminazioaren aurkako borrokarekin. Diagnostikoan genero-desberdintasunak identifikatzea. Horiek zuzentzeko lana planifikatzea (helburuak, emaitzak, jarduerak, adierazleak), hala gizarte arloan (genero-rolei buruzko kontzientziazioa, prestakuntza, elkarrizketa eta negoziazioa) nola arlo ekonomikoan, eta eskubide zibil eta politikoei dagokienez. Horrela, bada, sustatuko da emakumeek parte har dezaten erabakiak hartzeko eta elkarrizketa politikoko prozesuetan. Baloratzea zer ondorio dituzten planifikatutako ekintzek gizonezkoengan eta emakumezkoengan eta genero-berdintasunaren ardura duten erakundeekiko koordinazioa. Era berean, genero ikuspegia txertatzea proiektuetan eta GGKEaren estrategia instituzionalean berean.

2. Giza eskubideetan oinarrituriko ikuspegia. Giza eskubide guztien unibertsaltasunetik, zatiezintasunetik eta interdependentziatik abiatzen da –eskubide zibilak, politikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta ingurumenekoak, indibidualak eta kolektiboak–, eta nazioarteko itunetan aitortutako eskubideen bermean du oinarri. Pertsonen konpetentziak indartzea, beren eskubideak zein diren jakin dezaten eta eskubideak exijitzeko gaitasuna izan dezaten; eta, halaber, erakundeen konpetentziak indartzea, giza eskubideak bermatu, sustatu eta babes ditzaten. Era berean, baztertutako eta zokoratutako gizataldeen eskubideak lortzea du ardatz, bat etorriz Agenda 2030 ekintza planaren goiburu nagusiarekin: "Inor atzean ez utzi". Ikuspuntu honek bere-berea du pertsonen, gizarte zibileko erakundeen eta erakunde publikoen gaitasunak indartzea, gobernantza demokratikoko esparru batean (gobernu ona), eta maila guztietan.

3. Aniztasun kulturala: aniztasun kulturala errespetatzea giza eskubideak kontuan harturik zaindu beharreko aberastasuna da, eta garrantzi berezia ematen zaio herrien ondare materiala eta immateriala babesteari. Plangintza bideratzeko (diagnostikoa, helburuak, emaitzak, jarduerak), faktore sozialak, ekonomikoak eta politikoak aztertu behar dira, herrien eta kulturen artean desberdintasunak edota gatazkak sortzen dituztenak. Horrez gain, pertsonak partaide eginen dira, eta sustatuko da bai kulturen arteko elkarrizketa bai sareak sortzea gizarte zibilean. Herri indigenei eta afrikarren ondorengoei dagokienez, ekitatea lotzen da, batetik, giza eskubideekin, pertsona horien parte-hartze politiko osoa eta eraginkorra lortzera bideratutako prozesuetan, eta, bestetik, jabetza intelektualeko eskubideen, ondarearen eta kultura aniztasunaren defentsarekin. Haien baldintzak bereziak direnez, protagonismo handia dute biodibertsitate kulturalaren defentsan eta ingurumenaren babesean. Era berean, desberdintasun arrakalen eraginez, taldeok ahulezia sozial eta ekonomikoan daude.

4. Ingurumen arloko jasangarritasuna: horrek esan nahi du esku-hartzeek baliabide naturalak errespetatuko dituztela, eta saihestuko dutela aurrerapenak eta garapenak ingurumena degrada dezaten; horrela, oraingo beharrak aseko dira, baina kinka larrian jarri gabe etorkizuneko belaunaldiek beren beharrei aurre egiteko ahalmena. Bereziki garrantzitsua izanen da, batetik, ingurumen inpaktuari buruzko azterketa bat sartzea –identifikatutako ingurumen inpaktu negatiboak saihesteko edo minimizatzeko– eta, bestetik, neurri zuzentzaile egokiak aplikatzea, bai eta klima-aldaketak esku-hartzeen jasangarritasunean izan ditzakeen eraginak arintzeko mekanismoak txertatzea ere (basoberritzea, baso-soiltzea saihestea, uraren zikloaren kudeaketa jasangarria, eraikuntza bioklimatikoa, konpostatzea, etab) eta, halaber, ingurumen arloko jasangarritasunari buruzko prebentzio eta prestakuntza jarduerak sartzea (gutxitzea, birziklatzea edo berrerabiltzea, hondakin gutxiago sor daitezen).

Iragarkiaren kodea: F2405347